94. ALDIZKARIA - 2006ko abuztuaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

DEIALDIA, Nafarroako Parlamentuan gelazainak aldi baterako kontratatzeko hautagaien zerrenda egitekoa

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, 2006ko ekainaren 12an egindako bileran, ondoko erabakia hartu zuen, besteak beste:

1. Nafarroako Parlamentuan gelazainak aldi baterako kontratatzeko hautagaien zerrenda egiteko deialdia onestea.

2. Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin agintzea.

Iruñean, 2006ko ekainaren 12an._Lehendakaria, Rafael Gurrea Induráin.

OINARRIAK

1._Helburua.

Deialdi honen xedea da hautapen proben bidez eratzea gelazain lanpostuan aritzeko hautagaien zerrenda bat, Nafarroako Parlamentuan sortzen diren beharrei aldi baterako erantzuna emateko, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko aldi baterako langileak kontratatzeari buruz Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.

2._Parte-hartzaileen betebeharrak.

Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean izangaiek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Nazionalitatez espainiarra eta adinez nagusia izatea.

b) Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eskola graduatuaren edo lehen graduko lanbide heziketaren titulua izatea edo ofizialki horien baliokidetzat jotzen direnen jabe izatea edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria edukitzea.

c) Kasuan kasuko eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

d) Eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik ez egotea eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea.

Baldintza guztiak agiri bidez egiaztatu beharko dituzte hautatzen diren eta aldi baterako kontratatzeko deia jasotzen duten izangaiek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik.

Aurreko baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean bete beharrekoak direla ulertuko da, bai eta hautatzeko prozeduran eta kontratatzeko unean ere.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Parlamentuko erregistro orokorrean, Iruñeko Navas de Tolosa kaleko 1ean, aurkeztu ahalko dira, edo Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetakoren batean.

Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduaren araberakoak izanen dira eta Nafarroako Parlamentuaren erregistro orokorrean Navas de Tolosa kalea, 1, Iruña, eskuratu ahal izanen dira edo, bestela, Nafarroako Parlamentuko webguneko (www.parlamento-navarra.es) "lanpostuetarako deialdiak" izeneko atalean; bertan, izangaiek adierazi beharko dute ezarritako baldintza guztiak betetzen dituztela, betiere eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna kontuan harturik.

3.2. Ezgaitasuna duten izangaiek, ariketa egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako ezgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

4._Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5._Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea iraganik, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda jarriko du jendaurrean Nafarroako Parlamentuko iragarki oholean eta www.parlamento-navarra.es web orrian.

Egun horretatik aurrera eta ondoko bost egun baliodunetan izangaiek erreklamazioak egin ahalko dituzte edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

Izangai bazterturik ez badago, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.

6._Behin betiko zerrendak.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendarekin batera jakitera emanen da hautapen proba egiteko eguna eta tokia; aurreikusirik dago irailean egitea.

7._Epaimahai kalifikatzailea.

7.1. Hauexek izanen dira epaimahai kalifikatzaileko kideak:

Kontratazio mahaiburua: Jesús Javier Marcotegui Ros jauna, Nafarroako Parlamentuko lehen idazkaria.

Ordezkoa: Félix Taberna Monzón jauna, Nafarroako Parlamentuko bigarren idazkaria.

Epaimahaiko kidea: Francisco del Cerro Paúl jauna, Nafarroako Parlamentuko Zerbitzu Orokorretako burua.

Ordezkoa: María Victoria Larrañeta Lizarrondo andrea, Nafarroako Parlamentuko teknikari diplomatua.

Epaimahaiko kidea: Antonio Ansorena Urriza jauna, Nafarroako Parlamentuko Gelazainen Unitateko burua.

Ordezkoa: Olga Urmeneta Marin andrea, Nafarroako Parlamentuko gelazaina.

Epaimahaiko kidea: Jesús María Torres Ibarrola jauna, Nafarroako Parlamentuko Langileen Batzordeak izendatua.

Ordezkoa: Isabel Fadrique Garde andrea, Nafarroako Parlamentuko Langileen Batzordeak izendatua.

Epaimahaiko idazkaria: Adolfo Morales Gordo jauna, Nafarroako Parlamentuko legelaria.

Ordezkoa: Nekane Iriarte Amigot, Nafarroako Parlamentuko legelaria.

7.2. Abstentziorako eta errefusatzeko legez ezarritako arrazoiak aplikatuz, epaimahaiaren osaketan aldaketarik izanez gero, argitara emanen litzateke izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendarekin batera.

7.3. Epaimahaia hautapen probak hasi aurretik eratu beharko da.

7.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa bildu gabe.

7.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen arazo guztiak.

7.6. Epaimahaiak aholkulari adituak erabili ahalko ditu probarako. Aholkulari horiek dagozkien espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

8._Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.

8.1. Hautaketa egiteko II. eranskineko gaiei buruzko 50 galderako galdetegi bat erabiliko da. Lau aukerako erantzunak eskainiko dira.

Probaren puntuazioa 50 puntu bitartekoa izanen da, eta bazterturik geldituko dira gutxienez 25 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Ariketaren kalifikazioa lortzeko, asmatutakoengatik lorturiko puntuei 0,33 puntu kenduko zaizkie erantzun oker bakoitzeko. Zuriz utzitako erantzunak ez dira zigortuko.

Epaimahaiak proba horren iraupena finkatuko du. Ezin izanen da ordubetekoa baino luzeagoa izan.

8.2. Hautapen proba egiteko, denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira hala eskatzen duten minusbaliatuentzat, eskabidean azaldutakoaren arabera.

9._Gainditu dutenen zerrenda eta deialdia.

9.1. Proba gainditu dutenen zerrenda Nafarroako Parlamentuko iragarki oholean eta www.parlamento-navarra.es webgunean argitaratuko da, guztira lorturiko puntuazioaren araberako hurrenkeran.

Berdinketak ebatziko dira akats gutxiago egin duen hautagaiaren alde, eta, halakorik izan ezean, hautagai zaharrenaren alde.

9.2. Gainditu duten izangaiei deitu ahalko zaie Nafarroako Parlamentuan sortzen diren beharren arabera, deialdian ezarritako oinarriekin eta aplikatzekoak diren gainerako arauekin bat, eta aldi baterako administrazio kontratua eginen zaie, gelazain gisa, D mailan; lanpostu horri dagozkion lansariak izanen dituzte, plantillako langile finkoek atxikiak dituztenak kenduta.

9.3. Izangaiei deitzeko kontuan hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian, 3. idatz-zatian, ezarritakoa (Foru Komunitatean ezgaitasuna duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legeak emandako testua).

9.4. Kontratatuei alta emanen zaie Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean eta bertan afiliatuko dira, beraz haiek ordaindu beharko dute kasuan kasuko kuota eta PFEZaren atxikipenaren zenbatekoa.

9.5. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak sei urteko indarraldia izanen du, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko aldi baterako langileak kontratatzeari buruzko Erregelamenduarekin bat.

10._Helegiteak.

10.1. Deialdi honen, deialdi honetako oinarrien eta Nafarroako Parlamentuko Mahaiak deialdi hau dela-eta hartzen dituen gainerako erabakien aurka ondoko helegiteetako bat aurkez daiteke:

a) Aukerako berraztertze-helegitea, Legebiltzarreko Mahaiari zuzendua, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitara eman eta biharamunetik kontatzen hasita hilabeteko epean.

b) Administrazioarekiko auzi-helegitea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia jakinarazi edo argitara eman eta biharamunetik kontatzen hasita bi hilabeteko epean.

10.2. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak edo epaimahai kalifikatzaileak deialdi hau aplikatzeko gauzatzen dituzten gainerako egintzen aurka, gora jotzeko helegitea jarri ahalko da, Nafarroako Parlamentuko Mahaiari zuzendua, egintza edo erabakia argitara eman edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izen-deiturak .............., NAN zenbakia ..........., Jaioteguna 19 ....(e)ko ...................aren ..............(e)an (adinez nagusia). Jaioterria .............. Helbidea (herria, kalea, zenbakia, solairua eta posta kodea) ....................................., Telefono zenbakia: finkoa ........, sakelakoa ....... Helbide elektronikoa: ...........................

AZALTZEN DUT:

Nafarroako Parlamentuan sortzen diren beharren arabera, gelazainak aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda bat hautapen proben bidez egiteko deialdia onetsi eta 2006ko ......................aren ..............(e)ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu da.

Deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditut, alegia:

a) Nazionalitatez espainiarra eta adinez nagusia izatea.

b) Eskola graduatuaren edo lehen graduko lanbide heziketaren titulua izatea edo ofizialki horien baliokidetzat jotzen direnen jabe izatea, edo eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean hura eskuratzeko baldintzak betetzea.

c) Kasuan kasuko eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

d) Eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik ez egotea eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea.

Minusbaliotasuna duela, eta beraz eskabideari eransten zaion egokitzapena eskatzen duela adierazten diren arrazoiengatik. (Beste orri batean zehaztuko dira minusbaliotasunaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak).

ESKATZEN DUT:

Onartua izatea deialdi horretan, kasuan kasuko hautapen proban parte hartzeko.

Iruñean, 200..(e)ko ...............aren .........................(e)an.

(Sinatuta)

II. ERANSKINA

Gaiak

1. gaia._Espainiako 1978ko Konstituzioa: egitura, edukia eta printzipioak. Oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak. Betebeharrak. Auzitegi Konstituzionala.

2. gaia._Koroa. Gorte Nagusiak: eraketa, antolakuntza eta eskurantzak. Arartekoa. Nazioko Gobernua: izendatzea eta karguak uztaraztea.

3. gaia._Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: egitura eta funtsezko edukia. Atariko Tituluaren edukia.

4. gaia._Nafarroako erakundeak: Nafarroako Gobernua eta lehendakaria. Comptos Ganbera. Arartekoa. Nafarroako Kontseilua.

5. gaia._Nafarroako Parlamentua: ezaugarri orokorrak, hautaketa eta eginkizunak.

6. gaia._Parlamentuaren antolaketa. Lehendakaria. Mahaia eta Eledunen Batzarra. Batzordeak. Osoko Bilkura. Batzorde Iraunkorra.

7. gaia._Nafarroako Parlamentuaren funtzionamendua: deialdiak, bilkurak, eztabaidak eta bozketak.

8. gaia._Parlamentuaren administrazioa. Zerbitzuen egitura eta eginkizunak.

9. gaia._Parlamentuaren administrazioa. Nafarroako Parlamentuko langileak: motak, hautatzeko sistemak eta sartzeko baldintzak. Lanpostuak betetzea. Egoera administratiboak.

10. gaia._Nafarroako Parlamentuko langileen eskubideak eta betebeharrak. Bateraezintasunen araubidea. Diziplinako araubidea. Langileen ordezkariak.

11. gaia._Herritarrek administrazio publikoetan dauzkaten eskubideak. Herritarrari arreta ematea: abegi egitea eta informazioa.

Iragarkiaren kodea: F0611417