94. ALDIZKARIA - 2006ko abuztuaren 7a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

ZARRAKAZTELU ALDEKO GIZARTE ZERBITZU OINARRIZKOEN MANKOMUNITATEA

Deialdia, administrari-ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko

Zarrakaztelu Aldeko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitateko Batzarrak ondoko deialdi hau onetsi zuen 2006ko maiatzaren 31ko bilkuran:

1. oinarria._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da administrari-ofizial izateko lanpostu bat betetzea oposizio-lehiaketa murriztua eginez Zarrakaztelu Aldeko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitatearen plantillako langileen artean, deialdi honetan eskatutako baldintzak frogatzen badituzte; hori guztia, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko 15.6 artikuluan aurreikusi moduan.

1.2. Hautaprobak gainditu ondoren administrari-ofizial lanposturako izendatzen den izangaia C maila edo taldean sailkatuko da eta maila horretako ordainsariak jasoko ditu.

1.3. Maila igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du ezertan aldatuko langileak izendapenaren aurretik zuen funtzionarioen araubide juridikoa. Eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berari ere eutsiko dio.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatu ahalko dute.

2. oinarria._Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Zarrakaztelu Aldeko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitateko funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea, D mailakoa.

b) Administrari laguntzaile lanpostu baterako izendapena izatea edo lanpostu hori esleiturik izatea, Udalak hartu erabakiaren bidez.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Nafarroako Administrazio Publikoetan bortz urteko zerbitzuak benetan egin dituela egiaztatzea.

e) Goi Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo baliokideren bat izatea.

Titulazioaren baldintza betetzen ez denean, horren ordain izan daiteke Nafarroako Administrazio Publikoetan zortzi urteko zerbitzuak benetan egin dituela egiaztatzea.

Baldintza horiek betetzen direla eskabideak aurkeztean egiaztatu beharko da.

3. oinarria._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Zarrakaztelu Aldeko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitatearen erregistroan aurkeztuko dira deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita 30 egun naturaleko epean. Eskabideak deialdi honetan (I. eranskina) argitaratutako ereduaren arabera egin behar dira, eta haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean. Orobat, lehiaketaldian baloratu beharreko agiriak ere aurkeztuko dituzte.

3.2. Eskabideari erantsi beharko zaizkio deialdiaren 2.1. oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten egiaztagiriak.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4. oinarria._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, horiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondoren, Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5. oinarria._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Zarrakaztelu Aldeko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: Mankomunitateko Batzatzarreko kide bat.

1. mahaikidea: Zarrakazteluko Udaleko administrari-ofizial bat.

Ordezkoa: Santacarako administrari-ofizial bat.

2. mahaikidea: Zarrakaztelu Aldeko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoko gizarte langile bat.

Ordezkoa: aurrekoak eskuordetzen duena.

3. mahaikidea: Felisa Fernández Tanco.

Ordezkoa: aurrekoak eskuordetzen duena.

4. mahaikidea: Estefanía Urrutia.

Ordezkoa: aurrekoak eskuordetzen duena.

5. mahaikidea: Mankomunitateko langileen ordezkari bat.

Ordezkoa: Mankomunitateko langileen ordezkari bat.

Mahaikide idazkaria: Mankomunitatekoa.

Ordezkoa: Melidako Udaleko idazkaria.

5.2. Epaimahaia hautaprobak egin baino lehen eratuko da eta bere eraketak eta jarduketak balio izateko kideen erabateko gehiengoa beharko da elkartu.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen afera guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez baitira ariko, horietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

6. oinarria._Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adieraziko da non, noiz eta zein egunetan hasiko den oposizio-lehiaketa.

Gero epaimahaiak, behar den garaian, hurrenez hurren eta arauzko eran iragarriko ditu gainerako probak.

7. oinarria._Lehiaketaldia.

7.1. Epaimahaiak izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala egiaztatuak, baloratuko ditu, ondoko baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eskatu ahalko ditu izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko argibide zein datu osagarriak.

7.2. Merezimenduen baremoa.

a) Administrazio Publikoetan, administrari laguntzailearen lanpostuan egindako urte bakoitzeko 2 puntu. Gehienez ere, 20 puntu.

b) Prestakuntza eta sakontze ikastaroetako titulu-egiaztagiri bakoitzeko, lanpostuaren betekizunei loturiko gaiei buruz, gehienez ere 18 puntu.

_15 ordu baino gutiagoko ikastaro bakoitzagatik: 0,5 puntu.

_15 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitzagatik: 1 puntu.

_50 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitzagatik: 1,5 puntu bakoitzeko.

c) Titulo akademikoak, gehienez ere 2 puntu.

_Goi mailako titulazio akademikoak: 1 puntu, titulu bakoitzeko.

_Erdi mailako titulazio akademikoak: 0,5 puntu, titulu bakoitzeko.

Merezimendu gisa alegatu eta baremoaren barrenean balorazio zehatza duten titulu akademikoak lortzeko beharrezkoak diren maila apalagoko tituluak ez dira baloratuko. Orobat, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbertzeko baldintza den titulua.

7.3. Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen, eta gehienez ere 40 puntu lortu ahalko dira, honela banatuak:

a) Egindako zerbitzuak, gehienez ere 20 puntu.

b) Lanbideko curriculuma, gehienez ere 18 puntu.

c) Titulu akademikoak, gehienez ere 2 puntu.

7.4. Lehiaketaldia amaiturik, izangai bakoitzaren puntuazioa jakinaraziko da Zarrakaztelu Aldeko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitateko iragarki oholean.

8. oinarria._Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

Lehen ariketa. 3 gai teoriko-praktiko garatu beharko dira, II. eranskineko gai zerrenda orokorrarekin zerikusia izanen dutenak.

Ariketa hau egiteko 2 ordu emanen dira gehienez.

Ariketaren puntuazioa, gehienez ere: 60 puntu.

8.2. Oposizioaldian 60 puntu emanen dira gehienez.

8.3. Oposizioaldiko ariketa bakoitza amaitutakoan, jendaurrean jarriko da, Herriko Etxeko iragarki oholean, azterketa gainditu duten izangaien zerrenda eta atera duten kalifikazioa, baita hurrengo ariketa noiz non eginen den, gutienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

Probetarako dei bakar bat eginen da eta Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute izangaiek. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

9. oinarria._Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.

9.1. Azken ariketaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak ikusgai jarriko du, Zarrakaztelu Aldeko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitateko iragarki oholean, probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazioaren arabera ordenatua, eta horretarako, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian ateratzen dituen kalifikazioen batuketa eginen du.

9.2. Epaimahaiak Mankomunitateko buruari bidaliko dio ariketa bakoitzeko gutxieneko puntuazioa gainditurik puntu gehien lortu duen izangaia izendatzeko proposamena.

10. oinarria._Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Aurreko oinarrian aipatutako hautapen prozesua bukaturik, alkateak, ebazpen bidez, Zarrakaztelu Aldeko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitateko administrari-ofizial izendatuko du puntu gehien lortu duen izangaia.

Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

10.2. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza. Epe horretan, eta ezinbesteko kasuak salbu, jabetza hartzen ez badu, administrari-ofizialaren kategoria erdiesteko eskubide guztiak galduko ditu, eta horrela gertatuz gero, probak gainditu dituztenen zerrendan ondo-ondotik heldu denarekin beteko da hutsunea.

11. oinarria._Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko sailari zuzendua, erabaki hau argitaratu edo errekurritu nahi den ekintza jakinarazi eta biharamunetik, bi hilabeteko epean, aldez aurretik erabakia hartu duen organoari errekurritzeko asmoa jakinaraziz.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epearen barnean.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen erakundean berean, jakinarazpen egunaren biharamunetik aitzina.

Zarrakaztelun, 2006ko ekainaren 27an._Mankomunitateko burua, Paloma Alvarez López de Samaniego.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena ............................, adinez nagusi, NAN zenbakia ................., jaioteguna eta tokia (herria, probintzia) ............................................., helbidea (herria, probintzia, kalea, zenbakia) ......................, posta kodea .................., telefonoa ......................, zure aitzinera agertu eta

Honako hau azaltzen dut:

Zarrakaztelu Aldeko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitateko funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa naizela.

Deialdiko eta oinarrietako baldintza guztiak betetzen ditudala, tenorez eta moduz, administrari-ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bitartez betetzeko.

Horrenbestez:

Eskabide hau onar dezazun eskatzen dut eta, beraz, ni Zarrakaztelu Aldeko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitateko administrari-ofizial lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdian onar nazazula.

(Eguna eta sinadura)

ZARRAKAZTELU ALDEKO GIZARTE ZERBITZU OINARRIZKOEN MANKOMUNITATEKO BURUA.

II. ERANSKINA

1._Mankomunitatearen estatutuak.

2._Gizarte Zerbitzuak arautzen dituen Foru Dekretua.

3._Gizarte zerbitzu oinarrizkoetako programak.

4._Laguntza komunitarioko programa beren buruaz baliatzeko arazoak dituzten pertsonendako.

5._Enplegu sozial babestua (finantzaketa).

Iragarkiaren kodea: L0611746