94. ALDIZKARIA - 2006ko abuztuaren 7a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

UXUE

Hirigintzako tramitazioen tasak arautzen dituen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Uxueko Udalak, 2006ko apirilaren 20an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Hirigintzako tramitazioen tasak arautzen dituen udal ordenantza.

Onesteko erabakia 2006ko 63. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, maiatzaren 26an, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Uxuen, 2006ko ekainaren 30ean._Alkatea, María Jesús Zoroza Ugalde.

HIRIGINTZAKO TRAMITAZIOEN TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 12.1, 100 eta hurrengo artikuluetan xedatutakoaren babespean.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza da hirigintzako edozein jarduketa tramitatzeari dagozkion zerbitzu tekniko edo administratiboak ematea, hirigintzako jarduketa udal mugapearen edozein tokitan egiten denean, hala lur pribatuan nola publikoan.

3. artikulua. Tasa hauei loturiko udal ekintza hirigintzako jarduketa hauetan gauzatzen da:

a) Arau subsidiarioetan aldaketa puntualak izapidatzea.

b) Plan partzial edo bereziak eta haien aldaketak tramitatzea.

c) Lerrokaduren azterlan osagarriak edo xehetasun azterlanak tramitatzea.

d) Unitateen mugapenak eta erabilera aldaketak tramitatzea.

e) Lur-bereizketak tramitatzea.

f) Birzatiketak edo bertzelako kudeaketa-tresnak izapidatzea.

g) Urbanizazio proiektuak izapidatzea.

h) Hirigintza arloko galdeak.

i) Eta, oro har, aurrekoetan sartzen ez den edozein hirigintza-tramitazio, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 35/2002 Foru Legeak babestua baldin bada.

Ordaindu beharra

4. artikulua. Hirigintzako tramitazioa eskatzen den unean sortzen da tasa ordaindu beharra.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. Hirigintzako tramitazioa eskatzen duten pertsona fisiko edo juridikoek ordaindu behar dute.

Tarifak eta karga-tasa

6. artikulua. Aplikatu beharreko tarifa, tasa eta karga-oinarriak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.

Alkatetzak eginen du tasen behin betiko likidazioa, eta behar den osoko bilkuran emanen dio horren berri Udalbatzari.

Tramitazioa

7. artikulua. Hirigintza-tramitaziorako eskari orok berarekin beharko ditu Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak aipatzen dituen edukia eta xedapenak.

Kudeaketa arauak

8. artikulua. Planeamendurako espedienteak tramitatzeko arduradunek, udal teknikarien adostasun txostena hartu ondotik, likidazio-bulegoari igorriko dizkiote espedienteak. Bulego horrek likidazioa eginen du, eta bertan honako hauek aipatuko ditu: subjektu pasiboaren izena, tasa zer kontzepturen arabera likidatzen den, tasaren tarifa eta zenbatekoa.

9. artikulua. Tasen likidazioa onetsi eta gero, interesatuari jakinaraziko zaio, erregelamenduzko epean tasak ordain ditzan.

Salbuespenak eta hobariak

10. artikulua. Edozein hobari eskuratu ahal izateko, ezinbertzeko baldintza da hirigintza-tramitaziorako eskaria erregelamenduzko betebehar guztiekin egitea, eta dagozkion egiaztagiriak ere ematea. Zein hobaritarako eskubide izan, hartarako eskaria ere egin beharko da, noski.

11. artikulua. Eraikin, etxebizitza eta lokal katalogatuak zaharberritzeko tramitazioei dagokien tasak %50eko hobaria izanen du. Behar den egiaztagiria aurkeztu beharko da horretarako.

12. artikulua. Eskatzaileren bati hirigintzako tramitazioa ukatzen bazaio, %50eko hobaria izanen du, tramitazioari zegokion tasaren gainean.

13. artikulua. Tasak %25 murriztuko dira baldin eta hirigintza-tramitazioen eskatzaileek tramitazioari uko egiten badiote, txosten teknikoak luzatu baino lehen, uko berariazkoa Alkatetzari idatziz zuzenduta.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra._Behin betiko onespena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ordenantza honek.

ERANSKINA

I. epigrafea._Antolamendurako plan partzial edo berezien tramitazioa.

Espediente bakoitzaren tramitazioari eta ebazpenari dagozkien tasak plan bakoitzean sarturik dagoen lurzoruaren azaleraren ariora likidatuko dira, eskala honi jarraikiz: azalera/euro, m²/azalera.

_5.000 m² bitarte: 0,06.

_5.000tik 10.000 m²-ra bitarte: 0,05.

_10.000tik 25.000 m²-ra bitarte: 0,05.

_25.000tik 50.000 m²-ra bitarte: 0,05.

_50.000 metro karratutik goitikoak: 0,04.

II. epigrafea._Aldaketen tramitazioa, arau subsidiarioetan, plan partzialetan, plan berezietan, unitateen mugapenetan, erabilera aldaketetan eta xehetasun azterlanetan:

I. epigrafean aipatutakoen %75eko tarifak aplikatuko dira.

III. epigrafea._Birzatiketen tramitazioa.

III.A)._Birzatiketa espediente bakoitza tramitatu eta ebazteko tasak azaleraren arabera likidatuko dira, ondoko tarifei jarraituz:

Metro karratu eraikigarri bakoitzeko: 0,06 euro.

III.-B)._Birzatiketen aldaketak tramitatzeko, III-A epigrafean ezarritakoen %50eko tarifak aplikatuko dira.

IV. epigrafea._Eskatzaileek berek egindako hirigintzako proiektuen tramitazioa.

Tasak proiektuaren zenbatekoaren ariora likidatuko dira, eta karga-tasa %1,5 izanen da.

V. epigrafea._Lizentzien tramitazioa eta aurri egoeraren espedientea.

Obra lizentziak:

_0tik 3.000ra: 22 euro.

_3.000tik 15.000ra: 60 euro.

_15.000tik 30.000ra: 108 euro.

_30.000tik 60.000ra: 145 euro.

_60.000tik 150.000ra: 180 euro.

_150.000tik 300.000ra: 250 euro.

_300.000tik 600.000ra: 360 euro.

_600.000 eurotik goiti: 250 euro.

_Aurri egoerari buruzko txostena: 108 euro.

VI. epigrafea._Gutxienez ere ordaindu beharreko eskubideak.

Aurreko epigrafeengatik likidatu beharreko tasak iristen ez badira aipatzen diren gutxieneko kopuruetara, honako kopuru hauek ordaindu beharko dira:

_Arauen aldaketak edo plan partzial edo berezien erredakzioa tramitatzea: 360,61 euro.

_Plan partzial edo berezien aldaketen tramitazioa: 180,30 euro.

_Xehetasun azterlanak: 210,35 euro.

_Lerrokaduren azterlanak, unitateen mugapenak, erabilera aldaketak: 150,25 euro.

_Kudeatzeko bitartekoen tramitazioak: 300,51 euro.

_Hirigintza arloko kontsultak tramitatzea: 90,15 euro.

Iragarkiaren kodea: L0611684