94. ALDIZKARIA - 2006ko abuztuaren 7a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ARAITZ-ARESO-BETELU-LARRAUN-LEKUNBERRI KIROL MANKOMUNITATEA

Araitz-Areso-Betelu-Larraun-Lekunberri Kirol Mankomunitatearen Estatutuak

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 50. artikuluko 6. puntuan xedatutakoa betetzeko eta udal bakoitzak bere osoko bilkuran erregelamenduaren arabera hartutako erabakiarekin bat, osorik ematen da argitara Kirol Mankomunitatearen Estatutuen edukia, udalerri hauek osatzen baitute: Araitz (2006ko apirilaren 6ko erabakia), Areso (2006ko ekainaren 29ko erabakia), Betelu (2006ko apirilaren 7ko erabakia), Larraun (2006ko martxoaren 23ko erabakia) eta Lekunberri (2006ko martxoaren 30eko erabakia).

Larraunen, 2006ko uztailaren 12an._Alkatea, Maite Astiz Eguzkiza.

ARAITZ-ARESO-BETELU-LARRAUN-LEKUNBERRI KIROL MANKOMUNITATEAREN ESTATUTUAK

I. KAPITULUA

Eraketa, nortasun juridikoa, izena eta helbidea

1. artikulua. Araizko, Aresoko, Beteluko, Larraungo eta Lekunberriko Udalek Kirol Mankomunitatea eratu dute beren borondatez, beren eskumeneko kirol zerbitzuak, Estatutu hauen II. kapituluan adierazten direnak, elkarrekin antolatzeko eta egiteko, hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 47, 48, 49, 50, 51 eta 52. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

Mankomunitatean kide berrien edo haien irteeraren onespena Estatutuetako arauei jarraikiz eginen da.

Kirol Mankomunitate honen antolaketa eta funtzionamendua Estatutu hauetan xedatutakoari lotuko zaizkio, eta modu osagarrian Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Nafarroako Toki Entitateei aplikatzen ahal zaien gainerako araudia erabiliko dira.

2. artikulua. Nortasun juridikoa. Kirol Mankomunitate honek gaitasun juridiko osoa izanen du bere xede, helburu, eginkizun eta ahalmenak betetzeko, izaera publikoko entitate administratiboa den aldetik, eta une bakoitzean bera osatzen duten toki entitateen udal mugapeak hartuko ditu.

3. artikulua. Izena eta helbidea. Delako entitateak Areso-Araitz-Betelu-Larraun-Lekunberri Kirol Mankomunitatea izanen du izena (hemendik aurrera, Kirol Mankomunitatea).

Toki erakundeen legegintzaldiaren arabera Mankomunitateko burua zein Udaletakoa den, hantxe egonen da Kirol Mankomunitatearen administrazio egoitza ofiziala eta, beraz, dagokion Udalarena izanen du helbide ofiziala.

Administrazio egoitza ofizialaz gainera, Kirol Mankomunitateak bulego bat edo gehiago izanen du, bere betekizunak hobeki betetzearren, Batzar Orokorrari komenigarri iruditzen zaion tokian.

II. KAPITULUA

Eskumenak, xedeak, betekizunak eta ahalmenak

4. artikulua. Lege orokorrek egozten dizkieten autonomia eta ahalmenen barrenean, eta Nafarroako toki erakundeei buruzko foru legeek agintzen dutenarekin bat, eta Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen ariora, hona hemen Nafarroako udal eta kontzejuen eskumenak kirol arloan:

Kirolaren arlorako beren administrazio egitura ezartzea.

Kirol jarduerak sustatzea.

Bertako kirol elkarteak sortzera bultzatzea.

Foru Komunitateko Administrazioarekin lankidetzan aritzea eskola adineko umeen kirol jarduera eta guztientzako kirola bultzatzen.

Kirol instalazioak eraiki eta gizartearen ekimena halakoak eraikitzera bultzatzea.

Toki entitateen mailako kirol lehiaketak kalifikatu eta antolatzea.

Ordenamendu juridikoarekin bat esleitu edo delegatzen zaizkion beste guztiak.

5. artikulua. Eskumen horietan oinarriturik eratu da Kirol Mankomunitatea, xede hauek dituela:

Udalen elkargunea izatea, Udalek haren baitan aztertu eta eztabaida ditzaten kudeaketari dagozkion alderdiak oro, bai guztien interesekoak direnak, bai Udalen arteko lankidetzan oinarrituriko konponbideak behar dituztenak.

Kirol zerbitzuen plangintza, betearazpena eta kontrola eskualde ikuspegi batetik koordinatzea, Kirol Mankomunitateak bere kideekin sinatzen ahal dituen hitzarmenetan ezartzen den moduan eta halabereko ahalmen eta mugekin.

Urtero gorputz eta kirol jardueretarako programa bateratuak sustatu, plangintzatu, bulkatu, eman, garatu eta koordinatzea Kirol Mankomunitateko kide diren toki entitateetako bizilagunendako, bai zuzenean bai Udalekin batera elkarlanean, betiere herri bakoitzeko jarduerak errespetatuz.

6. artikulua. Kirol Mankomunitateak eginkizun hauek ditu:

Kirol Mankomunitatea osatzen duten udal eta kontzejuetan kirolaren jarduera egituratzea, eta kirolaren garapena bulkatzea.

Aipatu programak gauzatzeko beharrezkoak diren baliabide tekniko, ekonomiko eta ekipamenduzkoak jartzea.

Kirola gizakiaren garapen osoa erdiesteko bitarteko bat dela aitorturik, kirola, oro har, sustatu, bulkatu eta zabaltzea.

Teknikariak prestatzeko ikastaroak sustatzea.

Eskualdeko eta herrietako kirola garatzeko beharrezkoak diren azterlan, proiektu eta txosten guztiak egitea.

Bizilagunei Kirol Mankomunitatearen kirol eskaintzaren berri ematea.

Kirol Mankomunitateak bere dituen instalazioak bulkatu, zaindu, konpondu eta administratzea, kasuan kasuko udalekin behar diren hitzarmenak eginez.

Udalen ekimenez kirol instalazioak eraikitzea bulkatzea.

Bere eginkizunetan aritzean tokietako kirol zerbitzuekin lankidetzan aritzea.

Kirol emanaldi, gertakizun edo ikuskizunak antolatzea, bai zuzenean bai lankidetzan kasuan kasuko udalekin edo kirol elkarteekin.

Kirol arloko elkartegintzari laguntzak emateko arauak ezartzea.

7. artikulua. Zehaztu berri diren eskumenen barnean, Mankomunitateak ahalmena du zernahi jarduera egiteko, aurreko artikuluan aipatutako xedeak eta, zehazki, honako hauek, betetzearren:

7.1. Estatuari, Nafarroako Gobernuari eta beste korporazio publiko nahiz pribatuei dirulaguntzak, sorospenak eta bestelako laguntzak eskatzea.

7.2. Mota guztietako hitzarmen edo kontratuak gauzatzea.

7.3. Kirol Mankomunitatearen beraren zerbitzu guztiak antolatzea.

7.4. Mota guztietako material, tresna, lanabes eta ondasunak eskuratzea.

III. KAPITULUA

Kudeaketarako zuzendaritza organoak

8. artikulua. Kirol Mankomunitateak zuzendaritza organo hauek ditu:

_Batzar Orokorra.

_Batzordeburua.

Batzar Orokorra da Mankomunitateko organo gorena. Estatutu hauetan zehazten diren eskumen eta eskurantzak izanen ditu, baita ordenamendu juridikoak aitortzen dizkion gainerako guztiak ere.

9. artikulua. Udalek, bakoitzak bere osoko bilkuran, ordezkari bana hautatuko dute beren hautetsien artean eta horiek osatuko dute Batzar Orokorra.

_Udalbatza bakoitzak toki erakundearen legegintzaldi bakoitzerako hautatu eta berrituko du bere ordezkaria.

_Ordezkari batek bere kargua uzten badu, bai bere borondatez bai beste arrazoi bategatik, hilabeteko epean izendatuko da ordezkoa, aurrekoak kargua uzten duen egunetik aurrera.

_Ordezkari bakoitzak zenbat biztanle ordezkatu, harexeren araberakoa izanen du boto kopurua, hau da, 999 biztanle bitarte boto bat izanen du, 1.000tik 1.999 biztanle bitarte, bi boto, 2.000tik 999 biztanle bitarte, hiru boto, eta horrela gainerakoak.

10. artikulua. Batzar Orokorrak eginkizun hauek ditu:

10.1. Buruordea hautatu eta kargugabetzea.

10.2. Bera eratzeko, eta karguak eta enplegatuak berritzeko erabakiak hartzea, estatutuekin eta aplikatzekoak diren legezko edo erregelamenduzko arauekin bat.

10.3. Zerbitzuei atxikitako langileak zehaztea, eta orobat erabili beharreko kontratazio zerbitzuak nahiz hautapenerako irizpide eta oinarri orokorrak finkatzea.

10.4. Mankomunitatearen xedetako aurreikusi diren zerbitzuak ezartzeko beharrezkoak diren plan nahiz proiektu oinarrizkoak onestea.

10.5. Urte bat baino gehiagoko obra eta inbertsio planak onestea, urtero hurren-hurrengo urtekoa bereziki zehaztuz.

10.6. Udalerri kideek egin behar dituzten ekarpenen zenbatekoak finkatzea eta Kirol Mankomunitatearen kirol zerbitzuez baliatzen diren talde eta norbanakoek ordaindu behar dituzten kuotak onestea.

10.7. Kirol Mankomunitatearen urteko aurrekontuak eta kontuak onestea eta batzarraren eskumeneko kreditu eragiketak erabakitzea.

10.8. Beharrezkotzat jotzen dituen batzorde edo lan taldeak sortu ahal izanen ditu Batzar Orokorrak.

Legeek espresuki haren gain uzten dituen gainerakoak.

Batzar Orokorrak aipatu gaiei buruz hartzen dituen erabakiak lotesleak dira Mankomunitateko toki entitate guztiendako.

11. artikulua. Nafarroako toki entitateen erabakien gaineko araubideaz indarra duen araudiaren ariora hartuko dira erabakiak. Arau orokorra izanen da erabakiak bertan direnen gehiengo soilaz hartzea, 11. artikuluan xedatzen dena salbu. Gehiengo kualifikatuaren aldeko botoa beharko da legeak hala xedatzen duenean.

12. artikulua. Erabaki hauek hartzeko erabateko gehiengoa beharko da:

12.1. Mankomunitateko buruordea hautatzeko eta ordezkatzeko.

12.2. Ordenantzak, erregelamenduak eta tarifa orokorrak onesteko, zerbitzuen erabiltzeari edo Kirol Mankomunitatearen funtzionamendu araubideari eragiten badiote eta haren eskumenekoak badira.

12.3. Elkarte kudeatzailearen estatutuak onesteko.

12.4. Kirol Mankomunitateko kide berriak onartzeko.

12.5. Estatutu hauek aldatzeko.

13. artikulua. Udaletako osoko bilkuren egintzek duten araubide juridiko berbera izanen dute Batzar Orokorraren egintza administratiboek.

14. artikulua. Toki erakundeen legegintzaldi bakoitzean, Udal kide baten ordezkaria izanen da Kirol Mankomunitateko burua, ordena finko honi jarraikiz: Larraun, Araitz, Areso, Betelu, Lekunberri.

15. artikulua. Hona Mankomunitateko buruaren eginkizunak:

15.1. Batzar Orokorraren bilkuretarako deia egitea eta haietan buru egitea, baita gai zerrendak finkatzea ere. Deia hamar egun lehenago eginen da, ordezkari guztiek denbora aski izan dezaten erabiliko diren gaiak aztertzeko. Batzar Orokorra gutxienez ere urtean bitan bilduko da. Halaber, komenigarri iruditzen zaizkion bilkurak egin ahal izanen dira, Mankomunitateko buruak edo batzarreko kideen herenek proposatuta.

15.2. Kirol Mankomunitatearen ordezkaria eta legezko eleduna izatea kanpoko harremanetan.

15.3. Mankomunitatearen aferetarako beharrezkoak diren presako neurriak hartzea, bere kasa, bere erantzukizunpean eta betiere Batzar Orokorraren jarraibideekin bat. Batzar Orokorrari hurrengo bilkuran emanen dio horren berri, eta bilkura berezirako deia egitea erabakiko du aferaren garrantziak hala eskatzen badu.

15.4. Mankomunitateak egin beharreko ordainketak agintzea, aurrekontuko diru ahalmenen barnean.

15.5. Mankomunitatearen diru eta ondasunak administratzea eta urte naturaleko lehen seihilekoaren barnean aurreko ekitaldiaren gaineko kontuak ematea.

15.6. Entitatearen egintza eta agirien egiaztagiriak sinatzea, ikus-onesteko.

15.7. Kirol Mankomunitatearen aurrekontuak prestatzea, idazkariarekin batera, aurrekontu onetsien garapen egokia xedatzea eta urteko kontuak aurkeztea, hori guztia erregelamenduaren arabera aplikatzekoak diren legezko xedapenei jarraikiz.

15.8. Zerbitzuek behar bezala funtzionatzeko eta Kirol Mankomunitatearen xedeak ongi betetzeko beharrezkoak diren gainerako eginkizunak, betiere Batzar Orokorrak edo Batzorde Delegatuak berendako ez badute.

16. artikulua. Buruordeari buruaren eginkizunak dagozkio hura kanpoan denean.

17. artikulua. Hona idazkariari dagokiona: Bilkura bakoitzaren aktak egitea. Horiez gain, Mankomunitateko buruak manatzen dizkionak izanen ditu eginkizun.

Toki erakundeen legegintzaldi bakoitzean Kirol Mankomunitateko burutza dagokion Udaleko idazkaria izanen da Mankomunitateko idazkaria ere.

IV. KAPITULUA

Araubide ekonomikoa

18. artikulua. Xedeak, eginkizunak eta ahalmenak betetzeko eta gastuak finantzatzeko, Mankomunitateak bere diru baliabideak erabiliko ditu, honako hauek alegia:

18.1. Udalen, Nafarroako Gobernuaren edo beste edozein entitate publiko nahiz pribaturen aldetik bere jardueretarako hartzen dituen dirulaguntzak.

18.2. Bere jarduerek ekar ditzaketen dirusarrera arrunt nahiz bereziak.

18.3. Bere aldeko dohaintzak, legatuak eta usufruktuak.

18.4. Bere ondasun eta eskubideen errenta edo korrituak.

18.5. Jaso dezakeen beste edozein baliabide.

19. artikulua. Gastu guztiak ordaindutakoan dirua soberan gelditzen bada, hurrengo ekitaldiko aurrekontuan sartuko da gerakin hori.

20. artikulua. Udal kide guztiak izanen dira Kirol Mankomunitateak hartzen dituen zor eta obligazio guztien erantzule, modu honetara:

_Gastu finkoa, hau da, kirol teknikariaren lanpostuari dagozkion gastuak (soldata eta Gizarte Segurantza) dituena: herri bakoitzeko biztanle kopuruaren hein berean izanen dira erantzule.

_Gastu aldakorra, hau da, kirol programak betetzeak ekartzen dituen gastuak dituena: gastu osoaren %60ren erantzule izanen dira herri bakoitzeko 0tik 19 urte bitarteko biztanle kopuruaren heinean, eta gastu osoaren %40ren erantzule, berriz, 20 urte baino gehiagoko biztanle kopuruaren heinean.

V. KAPITULUA

Langileak

21. artikulua. Kirol Mankomunitateak behar dituen langileak izanen ditu. Batzar Orokorrak prestatuko duen plantillan zehaztuko dira langile kopurua, kategoria eta eginkizunak.

Kirol Mankomunitateak kontrataturiko langileek osatuko dute plantilla; aukera izanen da Mankomunitateko entitateetatik etorritako langileak plantilla organikoan sartzeko, ezartzen diren baldintzetan.

22. artikulua. Kirol Mankomunitateak bere zerbitzuetarako behar dituen langileak zuzenean kontratatuko ditu. Plantillaren arabera beteko ditu lanpostuak eta Batzar Orokorrak kasu bakoitzean zehaztuko dituen baliabideak aplikatuz. Nafarroako toki entitateen kontratuak arautzen dituen araudiaren arabera eginen dira kontratazio horiek.

Mankomunitateko enteetako langileak Kirol Mankomunitateari atxikitzeko aukera izanen da.

VI. KAPITULUA

Indarraldia

23. artikulua. Kirol Mankomunitate honen iraupena edo indarraldia mugagabea izanen da eta Estatutuak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen direnean hasiko da haren jardunbidea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz.

VII. KAPITULUA

Kide berrien onarpena

24. artikulua. Kirol Mankomunitatean udal gehiago onartzeko, kide eskubidedunen legezko gehiengo osoaren aldeko botoa beharko da. Onarpen erabaki hori hamabost egunean edukiko da jendaurrean, behar diren alegazioak aurkeztu ahal izateko. Epe horren bitartean entzutea emanen zaio Nafarroako Gobernuari, proposatutako onarpenen gainean bere iritzia eman dezan, komenigarria iruditzen bazaio. Aipatu epea erreklamaziorik aurkeztu gabe bukatzen bada, behin betikoz onetsiko da.

VIII. KAPITULUA

Kideak Kirol Mankomunitatetik ateratzea

25. artikulua. Kirol Mankomunitateko kide izateari honako arrazoi hauengatik utziko zaio:

25.1. Udal interesatuak bere borondatez eskatuta.

25.2. Udalak hitz emandako diru ekarpenak ez ordaintzeagatik.

25.3. Batzar Orokorrak erabakita, arrazoi larrietan oinarriturik eta udal interesatuari aldez aurretik entzutea emanda. Batzar Orokorrak egiten duen lehen bilkuran berretsi beharko da erabakia.

25.4. Kirol Mankomunitatea uzten duen kideak Kirol Mankomunitateko kide gisa anarteraino zegozkion eskubide, ondasun eta jabetzak galduko ditu eta Kirol Mankomunitatea utzi arte zituen betebehar ekonomikoak edo bestelakoak bere gain hartu beharko ditu.

IX. KAPITULUA

Desegitea

26. artikulua. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 50 artikuluan ezarritakoa bete beharko da Kirol Mankomunitatea desegiteko.

Deseginez gero, Batzar Orokorrak likidazio batzorde bat izendatuko du, likidatu gabeko kontuak kitatzeko eta soberakinak Mankomunitateko kide diren Udalen artean banatzeko.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa._Estatutu hauek behin betiko onetsi ondoko hilabetean, Mankomunitateko udalbatzek dagozkien ordezkariak izendatuko dituzte eta haien izenak, helbideak eta telefonoak jakinaraziko.

Bigarrena._Batzar Orokorrak epe bera izanen du ordezkari guztiak eratze bilkurara deitzeko. Bilkura horretan kargu pertsonal guztiak hautatuko dira eta aukera izanen da bestelako gaiak jorratzeko, egungo Batzar Orokorraren ustez presakoak badira eta betiere aipatu izendapenak egindakoan. Deialdia egin beharko da Estatutu hauetako III. kapituluan bilkuren araubideari buruz xedatutakoarekin bat.

AZKEN XEDAPENA

Estatutu hauei kontra egiten ez dien orotan, Nafarroako mankomunitateen eta udalen antolaketa eta funtzionamendua arautzen duen toki araubideko araudia aplikatuko zaio Kirol Mankomunitateari.

Iragarkiaren kodea: L0612005