90. ALDIZKARIA - 2006ko uztailaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

213/2006 FORU AGINDUA, ekainaren 14koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, abeltzaintza ustiategietako abereen gorpuak bildu, garraiatu eta suntsitzeko baldintza teknikoak arautzen dituena.

Abereen gorpuek abereen osasunerako, eta horren ondorioz, osasun publikorako ekar dezaketen arriskuak eta azken urteetan abereen azpiproduktuen erabileraren eremuan gertatu diren gertaerek osasun arau zorrotzak onartzea eragin dute; arau horiek materiala jasotzen denetik, hori eraldatu eta suntsitu arte dauden lan guztien multzoa arautzen dute.

2003ko maiatzean, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2002ko urriaren 3an emandako 1774/2002 Erregelamenduak (EE) hartu zuen indarra, giza kontsumorako ez diren abereen azpiproduktuei zein osasun arau aplikatu behar zaien ezartzen duenak. Erregelamendu zabal eta konplexu horrek abereen azpiproduktuak bildu, garraiatu, biltegiratu, erabili, eraldatu eta suntsitzea arautzen duten osasun arauen multzoa barne hartzen du. Aurreko arauak funtsean aldatzea ekarri zuen, azpiproduktuak hiru kategoriatan sailkatu zituela: salbuespenik egon ezean, azpiproduktuak berandutu gabe eta bere II. eranskinaren betekizun higienikoen arabera bildu, garraiatu eta identifikatu beharko dira, oro har guztiak suntsitzen direla _aurretik eraldatu ondoren ala ez_.

Otsailaren 20ko 13/2006 Foru Dekretuak giza kontsumorako ez diren abereen azpiproduktuak arautzen ditu Nafarroako Foru Komunitatean, eta Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2002ko urriaren 3ko 1774/2002 Erregelamenduak (EE) aipatu 1., 2. eta 3. kategorietako materialen operadoreen kontrol egokirako arauak ezarri ditu.

Otsailaren 20ko 13/2006 Foru Dekretuaren lehenengo azken xedapenak ahalmena ematen dio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari Foru Dekretua aplikatu eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan. Gaikuntza horren babespean eta Nafarroan abeltzaintza espezie guztien gorpuak biltzeko sistema _trazabilitate berme guztiak dituena eta abeltzaintza ustiategietako biosegurtasuna kontuan hartzen duena_ ezartzeko asmoz, honako foru agindu hau eman da.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea Nafarroako Foru Komunitateko abeltzaintza ustiategietako abereen gorpuak bildu, garraiatu eta suntsitzeko jarraitu beharreko baldintza teknikoak eta osasun arlokoak ezartzea da.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru Agindu honetan bildu arauak Nafarroako Foru Komunitatean dauden abeltzaintza ustiategiei eta horietatik datozen abereen gorpuak bildu, garraiatu, erabili eta suntsitzen dituzten operadore guztiei aplikatuko zaizkie.

3. artikulua. Abereen heriotzaren jakinarazpena.

1._Abeltzainak beren titulartasuneko abereen heriotzaz konturatu bezain laster, baimendutako biltzeko operadoreari jakinarazi beharko diote, aberea hil denetik ahalik eta lasterren biltzeko asmoz.

2._Jakinarazpena AGROSEGUROSko Abisuen Zentralera telefonoz deituz _asegurua daukan ustiategia izatekotan_ edo operadorearen abisuetarako telefonogunera deituz _asegururik ez daukan ustiategia izatekotan_ gauzatuko da.

3._Aberearen heriotza jakinaraztean, abeltzainak hurrengo datuak eman beharko ditu, gutxienez:

a) Abeltzaintzako ustiategiaren zenbakia:

b) Gorpua dagoen tokia.

c) Bildu beharreko gorpuen kopurua eta espeziea.

d) Aberearen adina eta pisua, behien kasuan.

e) Hala denean, behien banakako identifikazio-zenbakia.

f) Abereen gorpuak bildu eta suntsitzetik sortutako gastuak estaltzeko aseguru-poliza duen ala ez, eta baldin badu, polizaren zenbakia eta mugaeguna.

4._Osasun krisi larriak edo aparteko beste egoera batzuk izanez gero, operadoreek jakinarazpenak jasotzeko sistemaren hornidura egokitu beharko dute gertaerei behar bezala erantzuteko, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak ondore horretarako ezartzen dituen jarraibideak bete behar dituztela.

4. artikulua. Ustiategietan gorpuak biltegiratzeko guneen betekizun teknikoak eta osasun arlokoak.

Gorpuak eraman arte, ustiategieetan gordeko dira ahalik eta higiene eta osasun arloko baldintza onenetan, kutsadurak, eragozpenak eta kiratsak saihesteko asmoz. Gorpuak aldi baterako gordetzen dituzten lekuek hurrengo baldintzak bildu beharko dituzte:

a) Abeltzaintza ustiategiaren perimetroaren barnean egonen dira, abeltzaintza jarduerako gunetik ahalik eta urrunen, eta ahal den guztietan, horretatik baliabide fisikoen (hesiak edo trenkadak) bidez banandurik, ustiategiko abereak gune horretan sar ez daitezen.

b) Guneak ustiategiaren perimetroko mugan kokatuko dira, biltzeko kamioiaren garabiaren bidez egin beharreko bilketa lanak errazteko moduan. Bestela, ibilgailuak sartzeko atetik ahalik eta hurbilen kokatu beharko dira.

c) Lekua laua izanen da, eta ez du izanen objekturik, ezta sasitzarik ere. Ahal dela, zementatuta edo asfaltatuta egonen da, gunea behar bezala garbitu eta desinfektatzen ahal izateko.

d) Ahal den guztietan, husteko sistema prestatuko da, garbitu eta desinfektatzeko prozesuetan sortzen diren likidoak husteko.

5. artikulua. Abeltzaintza ustiategian gorpuak gordetzea.

1._Behien eta zaldien gorpuak honela gordeko dira, biltzeko operadoreari eman arte:

a) Abereen pisu eta tamainara egokitutako leku bat egonen da haiek edukitzeko.

b) Gorpu guztiak kanpoaldearekin kontaktuan egotea saihesten duen olana edo plastiko batez estaliko dira; horrela, eltxoak, txoriak edo bestelako animaliak sartzea eragotziko da. Funtzio hori bermatzen duten beste gailu batzuk onartuko dira.

2._Gainerako abeltzaintza espezieak honela gordeko dira:

a) Zaindu eta garbitzeko baldintza egokietan egonen diren edukiontzi espezifikoetan.

b) Gorpuak guztiz sartu beharko dira edukiontzian, hortik kanpo uztea debekatuta egonik.

c) Gorpuek ez dute 48 ordu baino gehiago emanen edukiontziaren barnean.

d) Edukiontzia hermetikoa izan beharko da, likidoak gal ez daitezen. Estalkia itxita egon beharko da beti.

3._Edukiontziaz gain, abeltzaintza ustiategiek hoztu edo izozteko andela edo ganbera izaten ahalko dute, gorpuak eta beste azpiproduktu batzuk biltegiratzeko. Abeltzaintza Zerbitzuak hoztu/izozteko sistema izan beharra ezartzen ahalko die ustiategietako titularrei, bildu beharreko gorpuen kopurua kontuan hartuta bilketa zerbitzua behar bezalako maiztasunaz ematen ez denean edo baldintza epidemiologikoek edo biosegurtasunekoek horrela gomendatzen dutenean.

6. artikulua. Edukiontzien ezaugarri teknikoak.

1._Edukiontziak korrosioaren aurkako material batez fabrikatuko dira. Material hori malgua izanen da, kolpeekiko erresistentea eta aldaezina agente kaltegarrien aurrean (azidoak, izpi ultramoreak, izotza, eguzkia).

2._Haien edukiera 400 eta 1.000 litroren artekoa izanen da, eta ustiategiaren tamainara egokituko da.

3._UNE-EN 1179/96 eta UNE-EN ISO 1461/99 arauen arabera, altzairu galbanizatu beroko tutu egitura izanen du, garabiaz edo antzeko sistema batez zamalanak egiteko aukera emanen duena. Gutxieneko diametroa 60 mm-koa izanen da; gutxieneko lodiera, berriz, 2 mm-koa.

4._Edukiontziak ustiategi bakoitzeko datuak kontrolatzeko eta identifikatzeko txip elektronikoa izan beharko du. Txip horrek ezaugarri tekniko batzuk izanen ditu, informazioa grabatu eta irakurtzeko. Gainera, biltzeko kamioetako irakurketa-gailuekin bateragarria izanen da.

5._Edukiontzietako ontzia hurrengo materialez eginda egon daiteke:

a) Lehenengo galdaketako dentsitate handiko polietilenoa. Hormetako lodiera 4,5 eta 5,5 milimetroren artekoa izanen da, erraz garbitu eta desinfektatuko da, bandadun estalki hermetikoa eta hermetikotasun mekanismoa izanen ditu, eta substantzia likidoak eta solidoak gorde eta garraiatzeko egokia izanen da. Ontziak altzairu galbanizatuzko bi indargarri izanen ditu: bata oinarrian eta bestea goialdean. Indargarri horiek 2 mm-ko gutxieneko lodiera izanen dute.

b) AISI 304 arauen araberako altzairu herdoilgaitza. Hondoan gutxieneko lodiera 1,5 mm-koa izanen da; alboetan, aldiz, 2 mm-koa. Halaber, altzairu herdoilgaitzezko bandadun estalki hermetikoa izanen du. Hondoa biribila izanen da, hustu ondoren ondo garbitzen ahal izateko.

Nolanahi ere, burutzean segurtasun handiagoa izateko, edukiontziak altxatzeko uztaia izanen du oinarrian pixkanaka-pixkanaka eta kontrolpean iraultzeko, biraketa-ardatza goialdean egonik.

7. artikulua. Edukiontzi kolektiboak.

1._Salbuespen gisa eta arrazoiak baldin badaude, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak biltzeko edukiontziak modu partekatuan erabiltzea baimentzen ahal izanen du bidezko eskabidea aurkeztu ondoren, betiere edukiontziok abeltzaintza ustiategien esparrutik kanpo kokatzen badira.

2._Baimena eskatzen duen pertsona fisiko edo juridikoa komunitatearen edukiontzia zaindu, mantendu eta garbitzeaz arduratuko da.

8. artikulua. Kutxa hozkailu edota izozkailuen erabilera.

1._Kutxa hozkailu edota izozkailuek hurrengo betekizunak bete beharko dituzte:

a) Gorpuak gordetzeko tenperatura 8 gradu zentigradotik beherakoa izan beharko da.

b) 6. artikuluaren 1. eta 2. ataletan adierazi ezaugarriak bildu beharko dituzte.

c) Abeltzaintza ustiategietan hil diren abereen gorpuak biltegiratzeko baino ez dira erabiliko.

d) Abeltzaintza Zerbitzuak eman segurtasun etiketa baten bidez identifikatuko dira.

2._Gorpuak kutxa hozkailu edota izozkailuetan gorde aurretik, hermetikoki itxita egonen den plastikozko poltsa batean sartuko dira.

3._Gorpuak edukiontzira eraman beharko dira biltzeko operadoreak bilduko dituen egunean bertan.

9. artikulua. Abereen bilketa.

1._Astelehenetik ostegunera egindako jakinarazpen guztiei dagokienez, jakinarazpena jaso denetik 48 orduko epearen barnean bilduko dira abereak. Ostiraletan egindako jakinarazpenei dagokienez, abereak egun berean bilduko dira, eta hori ezinezkoa bada, hurrengo astelehenean. Jaiegun baten bezperan egindako jakinarazpenei dagokienez, abereak hurrengo lehenengo lanegunean bilduko dira.

2._Asko hil badira batera edo osasun krisi larriak edo aparteko gertaerak direnean, Abeltzaintza Zerbitzuak egoera berri horretara egokitzen diren arauak ezartzen ahalko ditu, aldi berean salbuespen egoera ahalik eta laburrena izateko beharrezko neurriak harturik.

10. artikulua. Beharrezko dokumentazioa.

1._Bilketa zerbitzua eman izana operadoreak eginen duen merkataritza agiri batean islatuko da. Agirian hurrengo datuak agertuko dira, gutxienez:

a) Zerbitzua eman den eguna.

b) Bildu eta garraiatu beharreko aberearen kategoria.

c) Animaliaren espeziea.

d) Jatorrizko ustiategia eta bere kokapena.

e) Materialaren pisua.

f) Garraiolaria: Izena eta helbidea/egoitza soziala.

g) Hartzailea: Izena eta helbidea/egoitza soziala eta baimen zenbakia.

h) Bestelako gorabeherak.

2._Gorpua bildu ahal izateko, behien banakako identifikazio agiria eman beharko da. Biltzeko operadorea Abeltzaintza Zerbitzuari jakinarazteaz arduratuko da, horrek abereak SIMOGAN datu-basean baja hartzea bidera dezan.

11. artikulua. Garraiatzeko ibilgaiulen baldintzak.

Gorpuak garraiatzen dituzten ibilgailuek honako ezaugarri hauek bilduko dituzte:

a) Goialdean ateak dituen kutxa hermetikoa izanen dute bidaian edozein isuri saihesteko asmoz; gorpuak goialdetik sartuko dira. Etengabe garbitu eta desinfektatzea errazten duen korrosioaren aurkako material batez fabrikatuta egonen da. Kutxa hermetiko horiek intsektuak hil eta desinfektatzeko gailuak izanen dituzte, zamalanetarako ateak zabaltzen diren bakoitzean aktibatuko direnak. Gorpuak kutxaren atzealdetik aterako dira, bertan ate bakarra egonen dela.

b) Garabia edo antzeko beste mekanismo bat izanen dute, gorpuak sartzeko aukera ematen duena. Era berean, garraiatzen duen materiala pisatzeko baskula egokia izanen dute.

c) Edukiontzien mikrotxipak irakurtzeko ekipoak dituzten eta uneoro gorpuen bilketaren trazabilitatea bermatzen duten sistema informatikoak izanen dituzte.

d) Ibilgailuen kutxan etiketa bat jarriko da, garraiatzen duen materiala identifikatzeko asmoz. Etiketan "suntsitzeko bakarrik", "desegokia animali kontsumorako" edo "desegokia giza kontsumorako" adieraziko da, garraiatu materiala Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 1774/2002 Erregelamenduan (EE) xedatutakoaren arabera 1., 2. edo 3. kategoriakoa den kontuan hartuta.

12. artikulua. Entzefalopatia espongiforme kutsagarriei buruzko laginak hartzea.

1._Bildu eta eraldatu beharreko gorpuak behi, ardi eta ahuntzenak direnean, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak gorpuen laginak hartzea zainduko du entzefalopatia espongiforme zehatz batzuk saihestu, kontrolatu eta desagerrarazteko xedapenak ezartzen dituen Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2001eko maiatzaren 22ko 999/2001 Erregelamenduan (EE) eta hori garatzen duen Estatu edo Foru Araudian ezarri kasuetan eta moduan, entzefalopatia espongiforme kutsagarria atzemateko proba azkarrak egiteko asmoz.

2._Eraldatzeko plantak laginak bildu eta gordetzeko gune egokitua izanen du, eta horiek egin behar dituzten langileei lan guztiak erraztuko dizkie.

13. artikulua. Gorpuak jaso eta ibilgailutik ateratzeko prozesua.

Gorpuak jasotzean eta eraldatzeko plantetan ateratzeko prozesuan, hurrengo arauak zainduko dira:

a) Ibilgailua plantaren sarreran pisatuko da, kargatu pisua merkataritza agirietan agertzen denarekin bat datorrela egiaztaturik.

b) Gorpuak harrera-lekuko kalapatxan utziko dira ondoren.

c) Aurreko atalean xedatutakoa gorabehera, gorpuen laginak hartu behar direnean, gorpu horiek horretarako berariaz prestatu lekuan utziko dira, laginak hartu ondoren harrera-lekuko kalapatxan utzirik.

d) Kamioia garbitu eta desinfektatu ondoren, eraldatzeko plantaren irteeran pisatuko da.

14. artikulua. Ibilgailuak garbitu eta desinfektatzea.

1._Ibilgailuak zuzen garbitu eta desinfektatuko dira eraldatzeko plantek ondore horretarako dituzten instalazioetan edo Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak ondore horretarako baimendu dituenetako edozeinetan. Instalazio horiek gorpuak garraiatzen dituzten ibilgailuetarako baino ez dira erabiliko.

2._Gainera, Foru Agindu honen 4. artikuluaren a) eta b) atalen betekizunak aplikatzen ezin izan direnean, ustiategietatik irteterakoan ibilgailua desinfektatu beharko da. Neurri hori ibilgailuak hegazti nekrofagoen elikadura osagarriko puntuetatik irteten direnean ere aplikatuko da.

3._Biltzeko operadoreak garbiketa_ eta desinfekzio-erregistro bat izan beharko du ibilgailu bakoitzeko, bertan garbiketa eta desinfekzio bakoitza zein egunetan, ordutan eta tokitan egin den adieraziko dela.

4._Ibilgailuak garbiketa eta desinfekzioaren egiaztagiria edo taloia eramanen du, baita horren ondoren jarri den desinfekzio zigilua ere.

15. artikulua. Biltzeko operadorearen gaineko kontrola.

1._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak eskatzen duen guztietan eta hiru hilez behin gutxienez, biltzeko operadoreak 1. eta 2. kategorietako abereen azpiproduktuak biltzeari, eta horiek eraldatzean sortu haragizko irin eta koipeen kopuruari eta erabilerari buruzko informazio osoa eman beharko du euskarri informatikoan.

2._Biltzeko operadoreak ustiategi bakoitzeko bilketa bolumenari buruzko eguneroko informazioa izanen du, horretarako beharrezko baliabide tekniko eta tekematikoak erabilirik.

16. artikulua. Ikuskapenak.

1._Ondorio horretarako gaitu langileen bidez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak biltzeko operadoreen eta eraldatzeko planten instalazioetan eta abeltzaintza ustiategietan egokiak diren ikuskapenak burutuko ditu, abereen gorpuak bildu, garraiatu eta suntsitzeko araudia betetzen dela egiaztatzeko asmoz. Jarduera horiek bidezko administrazio agirian islatuko dira.

2._Ikuskapenaren ondorioz eska daitekeen araudia betetzen ez dela egiaztatzen bada eta hori abereen osasunerako edo osasun publikorako arriskutsua bada, zuhurtasunezko neurri egokiak xedatzen ahal izanen dira, zerbitzua eten daitekeela.

17. artikulua. Urteko Memoriaren aurkezpena.

Urte bakoitzeko urtarrilean abereen gorpuak bildu, garraiatu eta eraldatzeko operadoreek aurreko urteko jarduerari buruzko memoria osoa aurkeztu beharko diote Abeltzaintza Zerbitzuari.

Lehen xedapen iragankorra._Bilketa eta garraio ibilgailuak.

1._Foru agindu honek indarra hartzen duen unean abereen gorpuak bildu eta garraiatzeko lanetarako baimenduta dauden ibilgailuak araudi horretara egokitu ezean, helburu horretarako erabiltzen jarraitzen ahal izanen dira sei hilabetez.

2._Aipatu epea amaituta, jarduera horretarako bakarrik erabiltzen ahalko dira, Foru agindu honen 11. artikuluan ezarri betekizunak betetzen badituzte.

Bigarren xedapen iragankorra._Ustiategi txikietarako betebeharrak eskatzea berandutzea.

1._Foru Agindu honetan ezarri betebeharrak ez dira eskatuko indarra hartzen duenetik bi urte igaro arte, jarraian adierazten diren mailak gainditzen ez dituzten ustiategietarako, betiere bruzelosi eta tuberkulosian gehieneko osasun kalifikazioa daukatenean, Aujezky gaixotasunari dagokionez A4 edo A3 gisa sailkatuta daudenean eta adierazi beharreko gaixotasunik diagnostikatzen ez denean.

Salbuespen hori aplikatu ahal izateko, abeltzaintza ustiategien erroldek ez dituzte hurrengo mailak gainditu behar:

a) Cunícola: 100 aurrerako.

b) Hegaztiak (oiloak eta beste hegazti batzuk): 500 plaza.

c) Ardiak eta ahuntzak: 100 buru.

d) Txerri azienda:

_20 aurrerako.

_50 plaza gizentzeko.

2._Salbuespen horri heltzen dioten ustiategiek gorpuak jarraian adierazten den lekuan eta moduan ehortzi ahal izanen dituzte:

a) Ehorzteko lekua:

_Ahal dela, ustiategiaren lurretan edo ondore horretarako baimendutako leku batean eginen da.

_Ez dira inola ere erabiliko abereen edo giza kontsumorako laboreak dauzkaten lurrak.

_Hautatzen den lurra isurketarik ez gertatzeko modukoa izan behar da, eta horrenbestez akuiferoetan eta erreketan, edo inguruko etxebizitza eta ustiategietan inolako arazorik ez sortzeko modukoa.

_Etxebizitzetatik 50 m-ra ehortziko dira, gutxienez.

b) Gorpua hobi batean ehortziko da, basabereek eta abereek lurpetik ateratzea saihesteko moduan. Gorpuaren gainetik 50 zentimetroko lurrezko geruza egonen da, gutxienez. Ehortzi aurretik gorpua kare biziz edo antzeko produktu batez estaliko da.

Azken xedapen bakarra._Indar hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2006ko ekainaren 14an._El Consejero de Agricultura, Ganadería y Alimentación, José Javier Echarte Echarte.

Iragarkiaren kodea: F0610493