130. ALDIZKARIA - 2006ko urriaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.3. Nahitaezko Desjabetzapenak

ERABAKIA, 2006ko urriaren 9koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Faltzesko hondakin urak Arga Behereko araztegia erabiliz kudeatzeko sistema integratua" izeneko proiektuak ukituriko ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaezko desjabetzapena egiteko.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak, ekainaren 21eko 593/2006 Ebazpenaren bidez, aipatutako proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jarri zituen hamabost egunez.

Jendaurreko aldiaren epea bete delarik, Toki Administrazioko kontseilariak, urriaren 4ko 1064/2006 Ebazpenaren bidez, behin betiko onespena eman zion aipatu proiektuari, eta erabaki zuen aurkeztutako alegazioen gainean ebazpen horren xedapen-zatian adierazitakoaren arabera.

Lan horiek garrantzi handikoak eta presakoak dira, Faltzesko udalerriari hondakin uren saneamendurako azpiegitura egokiak eman behar baitzaizkio.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Toki Azpiegiturak, S.A. (Nilsa) enpresak alegatutako arrazoiak ikusirik, bidezkotzat jo du desjabetzapenak ukituriko ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako eskumenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraituz, "Faltzesko hondakin urak Arga Behereko araztegia erabiliz kudeatzeko sistema integratua" izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.

2. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2006ko urriaren 9an._Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0616319