130. ALDIZKARIA - 2006ko urriaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

71/2006 FORU DEKRETUA, urriaren 16koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa aldatzen duena, Foruzaingoko Aurrea Hartzeko Brigadako langileen lanpostuaren osagarria berrikusteko.

Urriaren 14ko 213/2002 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bategina onetsi zen. 47. artikuluko 2. idatz-zatian xedatzen denaren arabera, lanpostuaren osagarria unitate bakoitzari atxikitako eginkizunek eskatzen duten zailtasun, dedikazio, erantzukizun edo prestakuntza tekniko bereziaren mailaren arabera aplikatuko da. Berdintsu dio Nafarroako Foruzaingoko kideen lanaldien, ordutegien eta ordainsarien Erregelamenduko 19. artikuluko 1. idatz-zatiak. Erregelamendu hori urtarrilaren 10eko 1/2005 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Foruzaingoko Herritarrak Babesteko Dibisioko Aurrea Hartzeko Brigadako taldeak abian jartzean eta polizia-etxeak lurralde osoan zabaltzean, unitate horien eginkizunak nabarmenki hobetu dira eta haiei atxikiriko polizia funtzionarioek herritarren segurtasunaren arloan aurrea hartzeko eta esku hartzeko jarduerak gero eta nahasiagoak dira eta gero eta lan gehiago egin behar izaten dituzte.

Horregatik beharrezkoa da Herritarrak Babesteko Dibisioko Aurrea Hartzeko Brigadako langileen lanpostuaren osagarria berrikustea, esleiturik dauzkan eginkizunetarako egokitzeko, Foruzaingoko beste unitateetako langileen osagarriaren aldean.

Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2006ko urriaren 16an eginiko bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra._Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa aldatzea, Foruzaingoko Herritarrak Babesteko Dibisioko Aurrea Hartzeko Brigadako langileei ondoren, kasuan kasuko enpleguaren arabera, zehazten den lanpostuaren osagarria emateko. Osagarri horrek 2006ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak:

Enplegua: sarjentua. Lanpostuaren osagarria: 14,28.

Enplegua: kaboa. Lanpostuaren osagarria: 20,34.

Enplegua: foruzaina. Lanpostuaren osagarria: 7,56.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Foru dekretu hau garatu eta betearazteko ahalmena.

Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari ahalmena eman zaio foru dekretu hau garatu eta betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena._Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2006ko urriaren 16an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0616570