130. ALDIZKARIA - 2006ko urriaren 30a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

IRUÑA

Eskolaz kanpoko jarduerak egiteko dirulaguntzak

Iruñeko andre alkate Udalburuak 2006ko irailaren 25ean onetsi zuen dirulaguntzak norgehiagokako araubidean emateko deialdia, 2006-2007ko ikasturteko lehen lauhilekoan eskolaz kanpoko jarduerak egiteko.

Deialdi honen helburua Iruñeko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeei dirulaguntzak norgehiagokako araubidean emateko prozedura garatzea da, 2006-2007ko ikasturteko lehen lauhilekorako jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak egin ditzaten, Iruñeko Udalaren Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak xedatutakoarekin bat, zeina Udalbatzak 2005eko azaroaren 3an egindako Osoko Bilkuran hasiera batez onetsi baitzuen. Hartutako erabakia behin betiko bihurtu da, ez baita erreklamazio, eragozpen edo oharrik aurkeztu, jendaurreko epean, betiere Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bigarren lerroaldean xedatutakoa betez.

Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorra Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara, 2006ko otsailaren 17ko 21. zenbakian.

Deialdi honetan aurreikusten ez den orotan, Iruñeko Udalaren Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorra aplikatuko da.

1._Aurrekontua.

Deialdi honi 54.797,29 euro esleituko zaio, gehienez ere, Udalaren Aurrekontuko 71/42220/455000 eta 71/42230/482090 kontusailen kontura esleitu ere.

Dirulaguntza hauetarako izendatu den gehieneko zenbatekoa deialdi honetan ezarritako baldintzak bete eta dirulaguntzen onuradun direnen artean hainbanatuko da.

2._Dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua, eta onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen xedea eta helburua Iruñeko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeei dirulaguntzak ematea da, 2006-2007 ikasturteko lehen lauhilekoan jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak egin ditzaten, bi helburu harturik: irakaskuntza-kalitatea hobetzera bideraturik dauden ekimenei euskarri ematea, jarduera osagarriak eginez, eta aisia-programak ikastetxeetan sustatzea.

Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 11. artikuluan ezarritakoarekin bat, honako hauek dira onuradunen betebeharrak:

a) Dirulaguntzaren xede den helburua, proiektua edo jarduera gauzatzea edo dirulaguntzaren oinarria den jokabidea hartzea.

b) Organo emailearen aurrean justifikatzea baldintzak eta betekizunak bete dituztela, bai eta jarduera egin dutela eta dirulaguntza zertarako den eta helburu hori bete dutela ere.

c) Organo emaileak egin beharreko egiaztapen eta finantza-kontrol guztiei men egitea, bai eta kontrol-organo eskudunek egiten ahal dituzten egiaztapen eta finantza-kontrol guztiei ere men egitea, betiere Udalaren agiritegietan jaso ez eta aurreko jarduketetan eskatzen dieten adina informazio eman beharko dutelarik.

d) Helburu berbera duten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, organo emaileari horren berri ematea. Bestelako laguntza horiek lortu direla jakin bezain laster egin behar da jakinarazpen hori, eta betiere, hartutako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.

e) Dirulaguntzetarako ebazpen-proposamena eman baino lehen egiaztatu beharra dute tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela. Iruñeko Udalak bere kabuz egiaztatuko du Udalarekiko betebeharrak egunean dituela.

f) Kontabilitate-liburuak, izapide-erregistroak eta gainerako agiriak izan behar dituzte, behar bezala ikuskatuak izan ere, onuradunari kasuan-kasuan aplikatzen ahal zaizkion merkataritzako eta sektoreko legeek ezarritakoekin bat, bai eta deialdiek edo ebazpenek egiaztapen eta kontrol-eskumenak modu egokian gauzatuko direla bermatzeko galdatzen ahal dituzten egoera-orriak eta berariazko erregistroak ere.

g) Jasotako funtsen aplikazioaren egiaztagiriak, agiri elektronikoak barne direla, gordetzea, egiaztapen eta kontrol jarduketen xedea izan daitezkeen neurrian.

h) Behar bezalako publizitatea egitea, dirulaguntza jaso duten programak, jarduerak, inbertsioak edo jarduketak Iruñeko Udalak finantzatu dituztela jakitera emate aldera.

i) Jasotako funtsak itzultzea, Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak horretarako zein kasu adierazi eta halakoetan.

3._Dirulaguntzak eskatzeko bete beharreko baldintzak eta horiek egiaztatzeko bideak.

Dirulaguntza helbidea Iruñean duten Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko eta itunduetako Eskola Kontseiluek eskatzen ahalko dute, baldin eta baldintza orokorrak bete eta Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak ezarritako debeku-zioren batek ere ukitzen ez baditu.

Ez da beharrezkoa izanen Udalaren agiritegietan jasota dauden alderdiak agiri bidez egiaztatzea.

4._Dirulaguntzak bideratzeko eta haien gainean ebazteko organo eskudunak.

Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko Alorreko Idazkaritza Teknikoa izanen da dirulaguntzen inguruko prozedura bideratzeko organo eskuduna, eta bere kabuz eginen ditu ebazpen-proposamena emateko behar diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezko jotzen dituen jarduketak oro.

Ebazpen proposamena instrukzio organoak emanen du, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena kontuan harturik, eta ebazteko eskumena duen organoari helaraziko dio.

Dirulaguntzak emateko prozedura Alkatetzak ebatzi behar du.

Hona, Balorazio Batzordea osatuko duten kideak:

Epaimahaiburua: Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko Alorreko zinegotzi delegatua, edo horrek eskuordetutako pertsona.

Epaimahaikideak:

_Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko Alorreko zuzendaria

_Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko Alorreko teknikari bat.

_Iruñeko Udaleko pedagogoa.

Idazkaria: Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko Alorrari atxikitako letradua edo zuzenbidean lizentziaduna

5._Eskabideak noiz arte eta non aurkeztu.

Interesatuen eskaerak deialdi honek ezarritako arauzko ereduarekin bat etorri eta eskatzaileak sinatu beharreko eskabide baten bitartez egin behar dira.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Eskabidearekin batera, deialdi honen zazpigarren oinarriak aipatzen dituen agiriak eta argibideak aurkeztuko dira.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesatuari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emanen delarik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71. artikuluak aurreikusitakoarekin bat.

Eskabideak Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorrean (Merkatuko k., 7-9) aurkezten ahal dira, edo, bestela, erregistro osagarrietan (Kulturako Alorra _Descalzos k., 72-2. solairua_; Ingurumen eta Osasuneko Alorra _San Saturnino k., 2-beheko solairua_, Hiritarren Babeseko Alorra _Iratxeko monasterioaren k., 2-beheko solairua_; Hirigintza eta Etxebizitzako Alorra _Armada etorbidea, 2-5. solairua_; eta Lehendakaritzako, Gizarte Zerbitzuetako eta Emakumearen eta Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko alorrak _Zapateria k., 40-beheko solairua_) zein Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak, haren 38. artikuluan, aurreikusten dituen beste edozeinetan.

6._Ebatzi eta jakinarazteko epea.

Ebatzi eta jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa izanen da. Epea iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hortik aitzina hasiko da kontatzen.

Behin epe hori berariazko ebazpenik eman gabe igaro eta gero, eskatzaileak eskaera ezetsitzat jotzen ahalko du, betiere Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 17. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

7._Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak eta argibideak.

Eskabideekin batera ondoko agiriak aurkeztu behar dira:

a) Eskaera-orria beterik, deialdi honi atxiki zaion ereduarekin bat.

b) Eskatzaileen eta, halakorik balitz, haien izenean ari diren ordezkarien nortasuna egiaztatzen duten agiriak.

c) Beste erakunde publiko eta pribatu batzuei helburu bera lortzeko eskatutako dirulaguntzen zerrenda, eskatutako kopurua, erakundeen izena eta emandako zenbatekoa zehaztuta, edo, bestela, ikastetxeko Eskola Kontseiluko presidentearen zinpeko aitorpena, deialdi honek diruz laguntzen dituen jarduerak egiteko beste dirulaguntzarik jaso ez izana egiaztateko.

d) Erantzukizunpeko aitorpena, eskatzaileek deialdi honetan galdatzen diren baldintzak betetzen dituztela frogatze aldera. (III. eranskina)

e) Erantzukizunpeko aitorpena, Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak aipatzen dituen debeku-zioetako batek ere ez duela eskatzailea ukitzen egiaztatzeko. (III. eranskina)

f) Programa-aurrekontua, non ikasturte honetako lehen lauhilekoan (urtarrila-ekaina) egin beharreko eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak jasoko baitituzte, atxiki doazen ereduekin bat. (I. eranskina)

Galdatutako agiriak Iruñeko Udalaren edo bere erakunde autonomoen eskuetan badaude, haien ordez erantzukizunpeko aitorpena aurkezten ahalko da, eta bertan adieraziko, noiz eta zein organotan edo bulegotan aurkeztu ziren edo, halakorik balitz, zeinek eman zituen edo zeinetan dauden jasota. Edozein kasutan, ezin izanen dira bost urte baino gehiago igaro, dagokien prozedura amaitu denetik.

Aurrekoan xedatutakoa alde batera utzita, Udalak edo haren mendeko erakunde autonomoek ezin badute agiriren bat eskuratu, eskatzaileei eskatzen ahalko diete hura aurkezteko edo, bestela, agiria zein betekizuni dagokien eta horiek beste bide batzuk erabiliz egiaztatzeko, betiere ebazpen-proposamena egin baino lehen.

8._Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak.

Ikastetxe bakoitzari dagokion dirulaguntza ondoko irizpideak eta proportzioak aplikatuta kalkulatuko da:

_Lehen lauhilekorako ezarri den zuzkidura ekonomikorik handienaren %50 eskolaz kanpoko jardueren eta jarduera osagarrien gaineko programa-aurrekontua aurkeztu duten ikastetxeen artean hainbanatuko da, betiere Hirugarren Oinarriarekin bat.

_Lehen lauhilekorako zuzkidura ekonomikoaren beste %50a ikastetxe bakoitzak zenbat ikasle izan eta horren araberako proportzioan banatuko da, betiere Hirugarren Oinarriarekin bat.

Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeek eta Hezkuntza Berezikoek ikastetxe bakoitzari dagokion kopurua jasoko dute.

9._Ebazpena jakinarazi edo argitaratzeko bidea.

Dirulaguntzak emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio-bideari, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1.992 Legearen 58 eta 59. artikuluek agindutakoarekin bat jakinaraziko zaie eskatzaileei.

Dirulaguntzak emateko ebazpena Iruñeko Udaletxeko iragarki oholean argitaratuko da, eta horren laburpen bat, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

10._Dirulaguntzen xede diren gastuak.

Dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira dirulaguntzaren xede den jarduerarekin bat datozenak. Dirulaguntza jaso dezaketen gastuetan, eskuratze-kostua inoiz ez da izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Diruz lagunduko dira ikastetxeko irakasleek zuzendu eta ikasleak protagonista dituzten jarduerak.

_Eskolako egunkaria edo aldizkaria ikastetxean emanen da argitara, bertan erabilgarri dauden baliabide teknikoez eta mekanikoez baliatuta.

_Ez dira, inongo kasutan, diruz lagunduko ezein inprimategitan argitaratutako egunkariak edo aldizkariak.

_Argitalpenean Iruñeko Udalak laguntza eman diola adierazi beharko da.

Ondoko jarduerek ez dute dirulaguntzarik jasoko:

_Udalaren edo Nafarroako Gobernuaren programetan edo deialdietan sartutako jarduerak.

_Material inbentariagarrien edo kirol-ekipoen erosketa.

_Jarduerak, baldin eta modu erregularrean ematen diren hizkuntzei, mekanografiari, informatikari eta abarri buruzko eskolak badira.

_Kanpaldiak, ikasketa-bidaiak, asteak eta, oro har, eskola-egun bat baino gehiago hartzen duten bidaiak oro.

Ezin izanen dira, inola ere, diruz lagundu ez material inbentariagarriaren erosketen gastuak, ez monitoreendako edo laguntzaileendako diru-sariak edo opariak, ezta joan-etorrietarako edozein dieta ere.

11._Azpikontratua.

Dirulaguntzaren xede diren jarduerak ezin izanen dira azpikontratatu.

12._Dirulaguntzen bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira beste administrazio, entitate edo pertsonengandik xede bererako dirulaguntzak eskuratzearekin.

Dirulaguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen dirulaguntzaren xedea den jardueraren kostua baino handiagoa.

13.__Ordainketa.

Dirulaguntza bi epetan ordainduko zaio ikastetxe bakoitzari:

_Hasierako dirulaguntzaren %50, aldez aurretiko ordainketa gisara, ikastetxearen aldeko xedapen-espedientea onesten denean.

_Dirulaguntzaren beste %50, behin aurkeztutako ziurtagiriak aztertu eta egiaztaturik horiek guztira gutxienez xedatutako dirulaguntzak adina jotzen dutela, betiere 14. klausulan ezarritako epeekin bat.

Dirulaguntzak ezin izanen zaizkie ordaindu onuradunei, horiek eguneraturik ez badituzte tributu-betebeharrak zein Gizarte Segurantzarekikoak, edo diru-itzulketa bidezkoa dela xedatu duen ebazpen batek zorduntzat jotzen baditu.

Ikastetxe batek aurkeztutako faktura-ziurtagiriek hasiera batez eman dioten zenbatekoak baino gutxiago jotzen badute, justifikatu duen zenbatekoa ordainduko zaio.

Ondokoak hartuko dira egindako gastutzat: trafiko juridikoan baliodun izan edo indar administratiboa eduki eta egindako gastuen gainean balio frogagarria duten agiriak. Halaber ez da egiaztatu behar ordainketa justifikazio-aldia amaitu baino lehen egin dela.

14._Justifikazioa.

Ezarritako baldintzak bete eta dirulaguntza ematerakoan aurreikusitako helburuak lortu direla justifikatzeko, egindako gastua frogatzeko kontu-ematea aurkeztu behar da.

Dirulaguntza justifikatu eta, horrenbestez, agiri frogagarriak aurkezteko epea 2006ko irailaren 15ean amaituko da, ondoko agiriak aurkeztu behar direlarik:

_Alkate andreari zuzendutako eskabidea

_Ebaluazio-memoria, dirulaguntzen xedea den jardueraren gainean, non xehetasunez aitortuko baitira dirulaguntzen bidez finantzatu diren jarduerak eta haien kostua. (II. eranskina)

_Programaren edo proiektuaren izena.

_Dirulaguntzaren xedea, aurkeztutako aurrekontua eta proiektuarekin bat.

_Egindako jarduketak eta proposatutako helburuen zein lortutako emaitzen deskribapena.

_Proiektua edo jarduera garatzean egindako aldaketak.

_Finantza bideak zerrendatuta. Norbere funtsekin edo beste dirulaguntzekin finantzatu diren jarduerak deskribatu, betiere kasu honetan ondokoak egiaztatu behar direlarik: funtsen zenbatekoa, jatorria eta haien aplikazioa dirulaguntzen xede diren jardueretan.

_Ondorioak

_Egindako gastuen eta lortutako diru-sarreren zerrenda izenpetua eta ordenan zenbakitua, kontzeptuen arabera ordenaturik eta zenbatekoak guztira emanik.

_Dirulaguntza bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan zein jardueratan erabili eta horien gastuen jatorrizko fakturak, ikastetxe bakoitzaren alde xedatu den zenbatekoak guztira zenbat egin eta horrenbestez edo gehiagoz, edo merkataritzako trafiko juridikoan baliodun izan edo indar administratiboa eduki eta balio frogagarria duten bestelako agiriak ere, betiere modu korrelatiboan ordenaturik eta zerrenda zenbakituan emandako ordena-zenbakiaren arabera.

_Justifikazio-agiriak jatorrizkoak izanen dira. Fotokopiak aurkeztekotan, Zerbitzu kudeatzaileak behar bezala konpultsaturik aurkeztu beharko dira.

_Egindako gastuak fakturen bitartez egiaztatuko dira, osagai guztiak barne, eta ez dira inongo kasutan ordainagiri hutsak edota kutxako ticketak onartuko.

_Fakturak indarra duten legeen arabera jaulkiko dira, haietan zehazturik faktura egin duen enpresaren edo sozietatearen izena eta IFK, fakturaren jaulkitze data, kontzeptua, zenbatekoa eta fakturatu diren objektuen edo kontzeptuen xehekapena, zigilua, aplikatutako Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) eta jaulkitzailearen sinadura. PFEZen atxikipena ere adieraziko da, autonomo diren pertsonen kasuan.

_Faktura jaulkitzen duen entitatea BEZatik salbuetsirik dagoenean, organo eskudunak emandako egiaztagiria aurkeztu beharko da, kasuan kasuko salbuespena egiaztatu eta horretaz fede emateko.

15._Jarduera funts publikoz finantzatu dela iragartzeko publizitatea.

Dirulaguntzak jasotzen dituztenak behartuta daude behar bezala iragartzera dirulaguntzaren xede diren programak, jarduerak, inbertsioak eta ekintzak Iruñeko Udalak finantzatu dituela.

16._Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri hauen eta horiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen aurka, ondoko errekurtsoak paratzen ahalko dira, aukeran:

_Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

_Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

_Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

ESKABIDE-EREDUA

Andre agurgarria:

Izen-deiturak: ......................., Bizitokia: ..............., Helbidea: ....................... IFZ: ...................., Hurrengo honen izenean: ............................, IFZ: .............., Bizitokia: ..................., kalea: ...................., telefonoa: ..............., faxa: .............. Aurreko datuen jabeak

Azaltzen du:

2006-2007ko ikasturtean, Haur eta Lehen Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko eta Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxeetan eskolaz kanpoko jardueren dirulaguntzetarako deialdia ikusirik,

Eskatzen du:

Eskaera kontuan har dezazula; xede hori harturik, eskatutako ondoko agiriak gehitzen ditu, eta haien kautotasunaren testigantza ematen du; horiek horrela,

Adierazten du:

_Ikastetxeak deialdi honetan galdatzen diren baldintza guztiak betetzen dituela.

_Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak aipatzen dituen debeku-zioetako batek ere ez duela eskatzailea ukitzen egiaztatzeko

_Ikastetxeak ez duela dirulaguntzarik jaso beste administrazio publikoetatik edo entitate pribatuetatik, justifikatutako jarduerak egiteko.

Iruñean, ...... (e)ko ...................ren ....(e)an.

(Sinadura)

IRUÑEKO ANDRE ALKATE UDALBURUA.

I. ERANSKINA

ESKOLAZ KANPOKO JARDUEREN ETA JARDUERA OSAGARRIEN GAINEKO PROGRAMA-AURREKONTUA, 2006-2007KO IKASTURTEKO BIGARREN ETA HIRUGARREN HIRUHILEKORAKO

IKASTETXEA:

ZUZENDARIA:

IKASLEAK, GUZTIRA, ZENBAT: ........................

EGIN NAHI DIREN JARDUEREN ZERRENDA:

II. ERANSKINA

1._ESKOLAKO EGUNKARIAREN JUSTIFIKAZIOA

Ikastetxearen izena:

II._FESTEN JUSTIFIKAZIOA

Ikastetxearen izena:

III._ESKU-JARDUEREN ETA JARDUERA ARTISTIKOEN JUSTIFIKAZIOA

Ikastetxearen izena:

IV._ESKOLA-BIDAIEN JUSTIFIKAZIOA

Ikastetxearen izena:

V._IKUSKIZUNEN JUSTIFIKAZIOA

Ikastetxearen izena:

6._BESTE HAINBAT JARDUERA

Ikastetxearen izena:

III. ERANSKINA

Zinpeko aitorpena

Izen-abizenak: ......................................, Nortasun-agiri nazionala: ..................., Helbidea: ......................., Telefonoa: ..............., Faxa: .............................. Aurreko datuen jabeak, ......................... ikastetxeko Eskola-kontseiluko presidentea den aldetik, Iruñeko Udalak 2005-2006ko ikasturteko bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak egiteagatik emandako dirulaguntzari dagokionez,

Adierazten du:

Dirulaguntzak zein jardueratarako izan eta horretan erabili direla egiaztatzen duten fakturak, aitorpen honi atxikiak, jatorrizkoak direla, fakturetan agertzen den zerbitzu-emaileak edo hornitzaileak jaulkiak, eta ikastetxean egindako jardueren gastuei dagozkiela.

Ikastetxeak ez duela dirulaguntzarik jaso beste administrazio publikoetatik edo entitate pribatuetatik, justifikatutako jarduerak egiteko.

Ikastetxeak deialdi honetan galdatzen diren baldintza guztiak betetzen dituela.

Iruñean, .....(e)ko ...................................ren .....(e)an.

(Sinadura)

Iruñean, 2006ko urriaren 25a._Alkatea, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: L0616409