130. ALDIZKARIA - 2006ko urriaren 30a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

IRUÑA

Behin betiko onestea Iruñeko Azpilagañako Haur Eskola berriaren zerbitzu publikoa arautzen duen ordenantza

Azpilagañako Haur Eskola berriaren zerbitzu publikoa arautzen duen ordenantza hasiera batean onetsirik jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, ordenantza hori behin betiko onetsitzat jotzen da, betiere ondoko behin betiko testuarekin bat:

AZPILAGAÑAKO HAUR ESKOLA BERRIAREN ZERBITZU PUBLIKOA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Iruñeko Udala Azpilagañako auzoan -Azpilagañako ingurubidearen eta Altzania errekaren kalearen artean- kokaturik dagoen Azpilagaña izeneko haur eskolaren titularra da, eta haur eskola hori zerbitzu publikoa emateari atxikitzen da. Ordenantza honen xedea Azpilagaña haur eskolaren (0-3 urte, eskolaurreko hezkuntza) udal zerbitzua arautzea da. Izan ere, hori gizarte eta hezkuntza-zerbitzua da, non titularra Iruñeko Udala izaki eta zerbitzua zeharkako kudeaketako erregimenean emana eta kontzesio bidez gauzatua delarik haurrei haur hezkuntza eskaintzen baitzaie, betiere haien beharrekin bat eta teknika pedagogiko egokienak baliatuta.

Aurrekoa gorabehera, Haur Eskolen Erakunde Autonomoak eginen du haur eskola honen segimendu pedagogikoa.

Zerbitzu komunitarioa den aldetik, haur eskola Iruñeko haur guztiendako dago zabalik, eta komunitate osoaren betebeharrak ase behar ditu, betiere muga bakarra plazen kopurua duela.

Behin udalerriko eskaera beteta, ikastetxeak Iruñetik kanpoko eskabideak onartu ahalko ditu.

Iruñeko Udalak hitzartu ahalko du Nafarroako Gobernuarekin hezkuntzako behar bereziak dituzten haurrak artatzea, eta horretarako, dagokion araudiari eginen zaio men.

Hona haur eskolak zeri begiratuko dion:

a) Hezkuntzaz den bezainbatean, metodo pedagogiko komenigarrienak hartuko dira aintzat.

b) Eskola irekita egonen da beste haur eskolen esperientzietara eta alor honetako aurkikuntzetara.

c) Behar fisiko eta asistentziazkoak asetzea, hala nola elikadura egokia, aldizkako azterketa eta arta medikoak, ariketa fisikoak, higienea eta abar, baita gaitasun afektiboak, intelektualak, psikikoak eta sozialak garatzea, familiarekiko harremana eta sormena garatzea eta abar.

Haur eskolak ondokoak izanen ditu ezaugarri:

a) Eskolaren funtzionamendu demokratikoa eta plurala izanen da, eta gurasoen eta tutoreen parte-hartzea sustatuko du, hezkuntza helburuak lortze aldera funtsezko protagonistak diren heinean.

b) Eskolak gaztelania zein ingelesa erabiliko ditu ikasteko hizkuntza gisara, eta metodologia egokia erabiliz haur guztiek ingelesa ikasten hastea bermatuko du.

c) Eskola laikoa eta pluralista izanen da, eta gurasoen zein hezitzaileen ikuskera filosofiko, politiko edo erlijioso ezberdinak errespetatuko ditu, eta bertan ezin da izanen inongo doktrinamendurako jarrerarik.

d) Eskola koordinaturik arituko da Iruñeko gainerako eskolekin eta Udalaren Haur Eskolen Erakunde Autonomoarekin, esperientziak elkar trukatu, elkarri informazioa transmititu eta elkarlanean aritze aldera, betiere bakoitzak bere autonomia gordeta.

2. artikulua.Hala egonaldi osorako nola egonaldi murritzerako plazak eskatu nahi dituzten pertsonek Iruñeko Udalak urtero ezarriko dituen baldintzak bete beharko dituzte, eta horiek Iruñeko Haur Eskolen Erakunde Autonomoak ezarritako berdinak izanen dira.

Erabiltzaileek ordaindu beharreko prezio publikoak Iruñeko Udalak prezio publikoen gainean urtero onesten dituen arauek xedatzen dituztenak dira.

Haur Eskolen Erakunde Autonomoa arduratuko da haur eskola honetako prezio publikoen kobrantzaz, Iruñeko Udalaren gainerako eskoletako prezioen kobrantzaz arduratzen den gisan.

3. artikulua. Ikasturtearen iraupena, hala egonaldi osoan nola murritzean, Haur Eskolen Erakunde Autonomoko haur eskoletarako ezarriko den bera izanen da; halaber, berberak izanen dira ordutegia eta ikasturtearen hasiera eta bukaerako egunak.

Matrikula eskatzeko epeak eta matrikulak gauzatzekoak Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren Gobernu Batzordeak onetsitako berberak izanen dira.

4. artikulua. Hautapen baremoa Erakunde Autonomoaren Gobernu Batzordeak Iruñeko gainerako haur eskoletarako xedatzen duena izanen da.

5. artikulua. Iruña osoko haurrak onartu ahalko dira, eta, salbuespenez, Iruñetik kanpokoak ere bai, betiere lau hilabete eta hiru urte bitartekoak badira; Erakunde Autonomoaren Gobernu Batzordeak ezarritako baremoa aplikatuta hautatuko dira erabiltzaileak, puntuazio handiena zeinek lortu eta horien arabera.

6. artikulua. Hona zerbitzuaren ordutegia:

.Egonaldi osoaren kasuan, goizeko 7:30etik arratsaldeko 16:30era.

.Egonaldi murritzaren kasuan, goizeko 8:30etik arratsaldeko 13:00etara.

Betiere, gehienez, ondoko egonaldiak aholkatzen dira:

.Zazpi ordu, egonaldi osoan.

.Lau ordu, egonaldi murritzean.

7. artikulua. Egonaldi osoak jantoki eta sukalde zerbitzua hartuko ditu barne. Egonaldi murritzean ez dago horrelako zerbitzurik.

8. artikulua. Hona hezitzaileei dagokienez izanen diren gutxieneko ratioak:

.Egonaldi osoa:

_2 hezitzaile, 4 eta 10 hilabete bitarteko haurren bi unitatek osatutako talde bakoitzeko (14)

_2 hezitzaile, 11 eta 16 hilabete bitarteko haurren bi unitatek osatutako talde bakoitzeko (16)

_2 hezitzaile, 17 eta 24 hilabete bitarteko haurren bi unitatek osatutako talde bakoitzeko (20)

_2 hezitzaile, 24 hilabetetik gorako haurren bi unitatek osatutako talde bakoitzeko (32)

.Egonaldi murritza:

_1 hezitzaile, 8 eta 11 hilabete bitarteko haurren unitate batek osatutako talde bakoitzeko (7)

_1 hezitzaile, 12 eta 16 hilabete bitarteko haurren unitate batek osatutako talde bakoitzeko (8)

_1 hezitzaile, 17 eta 24 hilabete bitarteko haurren unitate batek osatutako talde bakoitzeko (10)

_1 hezitzaile, 24 hilabetetik gorako haurren unitate batek osatutako talde bakoitzeko (16)

Egonaldi murritzean ez da onartuko 8 hilabetetik beherako haurrik.

Behar adina langile izanen dira, elikadura, jantoki eta abarreko zerbitzuak emateko; zerbitzu horiek alor horretan indarra duten arauekin bat beteko dira, eta zerbitzu osagarri hauetan eskudun diren agintariek zein jarraibide eman eta horien arabera.

9. artikulua. Gurasoak baitira haurraren heziketarekin harreman estuena dutenak, behar diren organo eta bideak sustatuko dira, haur eskolaren funtzionamendu egokia lortze aldera beharrezko jotzen den kudeaketan gurasoek parte hartzeko, betiere hezkuntzako zereginetan zerbitzuko profesionalek duten ardurari uko egin gabe.

10. artikulua. Eskola Kontseilua eratuko da, eta bertan ordezkaritza izanen dute eskolako zuzendaritza eginkizunak betetzen dituen pertsonak, gurasoek edo tutoreek eta Udalak.

Hona Eskola Kontseiluaren eginkizunak:

a) Eskolako hezkuntza-proiektuaren ardatzak ezarri, onetsi eta ebaluatzea, betiere antolamenduan eta planifikazioan hezitzaileek dituzten eskumenei uko egin gabe.

b) Udalari hobekuntzak proposatzea, hala erakinaren nola garatu beharreko proiektu pedagogikoaren baldintzetan.

11. artikulua. Haur talde guztien hezitzaileek osatuko dute hezitzaile taldea, eta, beharrezkotzat jotzen badute, pertsona espezializatuen laguntza izanen dute. Laguntza berezia jasoko dute Haur Eskolen Erakunde Autonomoko langileengandik, bereziki laguntza medikoari, laguntza teknikoari, lantegiei eta abarri dagokienez. Hezitzaile taldea, bestalde, hezkuntzarekin harremana duen guztiaz eta hezkuntzan eragiten ahal duten alderdiez arduratuko da.

12. artikulua. Funtzionamendu arauak:

A._Orokorrak:

a) Indarra duten ordutegi, zerbitzu eta tarifen berri haurra eskolan onartu izana jakinarazten zaien unean emanen zaie gurasoei edo haurraren zaintza dutenei. Halaber, zirkular bat emanen zaie Haur Eskolako funtzionamendu arauen berri emateko.

b) Aurreikusitako helburu, programa eta zerbitzuak urtean behin berraztertuko dira, gutxienez, inguruabarrak direla medio gomendagarri denean.

c) Haurra eskolara ez badoa, horren berri eman behar zaio eskolari, izan ere justifikatzen ez bada, ikaspostua galtzen ahal da.

B._Osasunekoak eta medikoak:

a) Erakunde Autonomoko osasun profesionalak ikuskatuko ditu eskolako osasun baldintzak; horrek emanen du atzemandako hutsegite edo arazoen berri, halakoak konpondu edo kontrolatzeko beharrezko neurriak ezartze aldera.

b) Sarreran txosten mediko pediatriko bat aurkeztu beharko dute, haurren osasun fisikoaren eta psikikoaren egoerari buruz. Erakunde Autonomoko langileek arazo edo anomalia fisikoak edota psikikoak baloratuko dituzte, ahal delarik, eskolan integratze aldera.

13. artikulua. Udalak Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteak plaza galtzearekin zigortu ahalko ditu, betiere espedientea ireki eta gero eta Eskola Kontseiluak proposatuta.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Lehena._Bete beharreko eskakizunak, prezioak, egutegia, ordutegia, matrikulatzeko epeak eta hautapen baremoa Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren Gobernu Batzordeak Iruñeko Udalaren gainerako Haur Eskoletarako ezarritako berberak izanen dira.

Bigarrena._Azpilagañako Haur Eskolak, Iruñeko gainerako Haur Eskolek bezala, men eginen dio Nafarroako Gobernuak arlo honetan ezartzen duen araudiari.

AZKEN XEDAPENA

Uztailaren 2ko Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326 artikuluarekin bat, Ordenantza honek ez du ondoriorik izanen harik eta bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta Estatuko nahiz Foru Komunitateko Administrazioak toki entitateei beren egintza nahiz erabakiak ezeztatzeko errekerimendua egiteko epea iragaten den arte.

Hori dena argitara ematen da, jende orok jakin dezan.

Iruñean, 2006ko urriaren 4an._Alkate udalburua, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: L0616352