130. ALDIZKARIA - 2006ko urriaren 30a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

EGUESIBAR

Eguesibarko udal kiroldegiko barne araubidearen erregelamenduko aldaketa. Behin betiko onespena

Eguesibarko Udalak, 2006ko maiatzaren 23an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Eguesibarko udal kiroldegiko barne araubidearen erregelamenduko aldaketa. Jendaurreko epea, hogeita hamar egunekoa, 2006ko 82. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, uztailaren 10ean. Epe horretan erreklamazio edo oharrik aurkeztu ez denez, hasiera batean onesteko erabakia behi betiko bihurtzen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 325.1.c) artikuluko azken lerroaldeari jarraikiz, Nafarroako Toki Araubidea gaurkotzeari buruzko urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeko 13. artikuluak aldatu baitzuen.

Beraz, aipatu aginduari eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 70.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioetarako.

Eguesen (Eguesibar), 2006ko urriaren 13an._Alkatea, José A. Andía García de Olalla.

EGUESIBARKO UDAL KIROLDEGIKO BARNE ARAUBIDEAREN ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Erregelamendu honen xedea da Eguesibarko Udalaren kirol instalazioen erabilera arautzea, Olatzen baitaude, Eguesibarko udal kiroldegian.

2. artikulua. Instalazio horiek erabiltzen ahalko dituzte, bertan unean uneko jardueretan aritzeko, Udalak horretarako zehazten dituen baldintzak betetzen dituzten herritar guztiek.

3. artikulua. Instalazio bakoitza erabiltzen ahalko da harentzat aurreikusitako xede diren edo hari dagozkion kirolak praktikatu eta jarduerak egiteko.

4. artikulua. Kultur, Kirol eta Gazteriaren Batzordeak proposaturik, Udalak zehaztuko du instalazioak, taberna barne, noiz egonen diren itxita (jaiegunetan, mantentze lanak egiteko...), eta irekitzeko ordutegiak ezarriko ditu.

5. artikulua. Udalaren kirol instalazioetan kartela paratuko da, erabiltzaileak ongi ikusteko moduko tokian, ondokoak azaltzeko:

_Instalazioko zerbitzuak erabiltzeagatik ordaindu beharreko prezioa.

_Jardueraren ordutegia.

_Erabiltzaile kopurua, edukiera eta ezaugarri tekniko aipagarrienak.

_Egiten diren zerbitzuak edo programak.

_Instalazioaren arduradunaren izena.

_Kirol arduradun teknikoen izenak.

Kontsultatu ahal izateko eskura dagoen tokiren batean utziko da Erregelamendu honen ale bat.

II. KAPITULUA

Abonatuak

6. artikulua. Abonatua izateko, pertsona batek eskatu behar du bere sarrera, hura onartu behar diote, eduki behar du "Udalaren kirolguneko abonatu karneta", eta Udalak finkatzen dituen kuoten ordainketa eguneratua izan behar du.

Kirolguneko karneta duten abonatuak instalazioetan libreki sartzen ahalko dira, denboraldiaren arabera:

_Neguko denboraldia: igerileku estaliak.

Sauna eta turkiar bainua (helduak)

Kirol anitzetarako pista (jarduera antolaturik edo

alogerarik ez badago).

_Udako denboraldia: igerileku estaligabea.

Sauna eta turkiar bainua (helduak).

Lorategi eremua

Kirol anitzetarako pista (jarduera antolaturik edo alogerarik ez badago).

Kasua denean, deskontua ere eduki ahalko dute antolatzen diren jardueretan, eta halaber izena emateko lehentasuneko epeak, abonatu gabeen aldean.

7. artikulua. Abonatu motak:

7.1. Abonatuen artean sailkapen hau egin da:

A mota: 4 urtetik beheitiko haurrak

B mota: haurrak, 4 urtetik 13 urtera:

C mota: 14-17 urte bitarteko gazteak.

D mota: 14tik 64 urtera bitarteko helduak

E mota: 65 urtetik goitikoak, erretiratuak eta pentsiodunak

7.2. Udalak, Kultur, Kirol eta Gazteriaren Batzordeak proposatuta, unean uneko kuotak finkatuko ditu, abonatuek ordain ditzaten.

Aurrekoa ezertan galarazi gabe, orokorrean kuotei urtero gehituko zaie aurreko urteari dagokion KPIa, urtarrilean aplikatuko baita.

7.3. A motako abonatuak kuota ordaintzetik salbuetsirik daude.

7.4. Jubilatuak, pentsiodunak eta pentsiodunen onuradunak, adina edozein dela ere, beren egoera hori egiaztatzen duen ziurtagiri ofiziala (administrazio publiko batek egina) aurkezten baldin badute, E motaren barrenean sartuko dira.

E motako abonatutzak joko dira minusbaliotasuna %65ekoa edo handiagoa dutela egiaztatzen dutenak, ziurtagiri ofizialaren bidez.

7.5. Eguesibarko udal kiroldegiko abonua nahi duten pertsonek hasierako sarrera ordaindu beharko dute abonatu bilakatu ahal izateko.

Sarrerako diru-kopurua ordaindutakoan hasiko zaie ordainagiriak bidaltzen, kirol instalazioan aurkeztu beharreko dokumentazioa noiz aurkezten duten kontuan hartu gabe.

Baja hartzen duen abonatuak ezin izanen du sarrerako diru-kopuru hori itzultzeko eskatu. Berriz ere abonatua izan nahi badu, beste behin ordaindu beharko du goian aipatutako diru-kopurua.

8. artikulua. Hilaren 31 baino lehen edo 31n berean alta hartzen duten abonatuek hileko kuota osoa ordainduko dute. Hilaren 31tik aitzina alta hartzen dutenak hurrengo hilean hasiko dira kuota ordaintzen.

Ezarrita dauden ordainketa moduak (hiruhileko, seihileko edo urteko kuota) banku igorpenaren bidez eginen dira, abonatuak ematen duen kontu zenbakira zuzenean; kuota ordaintzeko bestelako modurik ez dagoenez, kontu zenbaki bat eman behar da, bertara egiteko banku igorpenak.

9. artikulua. Kuotak ordaintzen ez, edo ordainagiriak itzultzen badira, bi aldiz eginen da ordaintzeko errekerimendua, eta haietako bakoitzari dagokion hilabeteko epean abonatuaren erantzunik ez badago, baja emanen zaio eta abonatuen eskubideak galduko ditu. Baja ezertan ukatu gabe, legezko prozedura erabiliko dira ordaindu gabeko kuotak ordainarazteko, dagozkien errekarguekin, eta ordainagiriak itzuli direnean, lehenbiziko itzulketatik hasita.

Aurreko paragrafoa aplikaturik abonatuari baja eman ondotik, berriz ere alta hartu nahi badu kuoten ordainketa eguneratu beharko du eta beste behin ordaindu beharko du sarrerako diru-kopurua.

10. artikulua. Baja nahi duen abonatuak idatziz eman beharko die bere nahiaren berri instalazioetako administrariei.

Baja hori idatziz jakinarazi beharko da, Kiroldegiko harreralekuan emanen duten agirian. Interesatuak agiri hori beteko du, banakako aleetan, behar bezala sinatuak. Baja jakinarazten bada kobratzeko egun horren ondotik, ez da hura itzultzeko eskubiderik izanen.

Abonatu karneta galdu, lapurtu edo hondatuz gero, horren berri eman beharko zaio segituan instalazioak kudeatzen dituen entitateari.

Karnet berria egiteko, diru-kopuru bat, Udalak zehaztuko duena, ordaindu beharko da..

Abonatu orok eman beharko dio instalazioari aurkeztutako datuetan gertatzen den edozein aldaketaren berri: helbidea, kobratzeko kontu zenbakia, kontaktatzeko telefonoa, etab. Abonatuak hartuko ditu bere gain edozein daturen aldaketagatik sortzen diren ondorioak.

11. artikulua. Udalak, Hezkuntza, Kultur, Kirol eta Gazteriaren Batzordearen iritzia entzun ondoren, abonatuen kopurua mugatu ahalko du, instalazioen erabilera hobetzeko.

12. artikulua. Abonatu karneta pertsonala eta besterenduezina da. Beste inork behar ez bezala erabiltzen badu, zehapena ezarriko da, Hezkuntza, Kultur, Kirol eta Gazteriaren Batzordeak zehazten duena.

13. artikulua. Abonatuek honako eskubide hauek dituzte:

13.1. Instalazioetan libreki sartzea, abonatu karneta erakutsita, jendearentzat irekita dauden egun eta orduetan.

13.2. Instalazioak erabili ahal izatea, Udalak kirol eremu bakoitzerako onesten duen araudiari jarraituz.

13.3. Kirol ikastaroetan inskribatzea, Udalak haientzat onetsitako araudiari segituz, eta lehentasuna izanik abonatu gabeen aitzinetik.

13.4. Udalak kasu bakoitzean onesten dituen deskontuez baliatzea.

13.5. Egoki iruditzen zaizkien erreklamazioak eta iradokizunak egitea instalazioen funtzionamenduaren gainean.

14. artikulua. Abonatuak beharturik daude aurreraxeago erabiltzaileentzat, oro har, ezartzen diren obligazioak betetzera.

III. KAPITULUA

Abonatu gabeak

15. artikulua. Abonatu ez direnak honela sartzen ahalko dira kirol instalazioetara:

_Udako denboraldia:

Udako abonua erosita.

Eguneroko sarrera erosita.

Igeriketa edo kirol ikastaroren batean izena emanda.

Frontoi edo kirol pistako sarrera.

_Neguko denboraldia:

Kirol ikastaroren batean izena emanda.

Eguneroko sarrera erosita.

Goizeko abonua erosita (neguko denboraldia).

Frontoi edo kirol pistako sarrera.

Instalazioan sartzeko modalitateen zehaztapenak

_Udako abonua:

Udako abonua eskuratu ahalko dute hura eskatu eta kategoria bakoitzeko ezarri den zenbatekoa ordaintzen dutenek.

Udako abonua dirutan ordainduko da eta argazki bat, karnet neurrikoa, eman beharko da.

Udako abonatuak karneta erabili beharko du beti instalazioan sartzeko.

Udako abonuak balioko du Eguesibarko Udalak urte bakoitzean ezartzen duen udako denboraldirako, eta horretarako ezartzen den ordutegiaren barrenean.

Sarrera librea duten instalazioak:

Aldagelak:

Sauna, turkiar bainu eta erlaxazio aldea (18 urtetik goitikoak)

Igerileku handia, ertaina, palastakoa eta jacuzzia.

Berdegunea

Kirol pista (jarduera antolaturik edo erreserbarik ez badago eta abonatu gabeendako kuota ordainduta)

Haurrendako jolas parkea

Udako abonua dutenak ez dira instalazioetako abonatutzat joko.

_Eguneko sarrera:

Eguneko sarrera eskuratu ahalko dute hura eskatu eta aldi berean kategoria bakoitzeko ezarritako zenbatekoa ordaintzen dutenek. Eguneko sarrera dirutan ordainduko da.

Eguneko sarreraren bidez instalazioan sartzen ahal da egun baterako; sartu eta atera nahi denean behar den tiketa erakutsiko zaie harreraguneko langileei.

Eguneko sarreraren atzealdean erosi duenaren NAN zenbakia agertuko da; edozein unetan eskatu ahalko da hori jatorrizkoarekin egiaztatzeko.

Eguneko sarrera horri zilegi ez den edozein erabilera ematea (faltsukeria, hirugarrenei ematea, etab.).

_Kirol ikastaroetan izena ematea:

Instalazioan sartu ahalko dira abonatuak izan gabe ere intalazioan, hala neguko nola udako denboraldian, antolatzen diren kirol ikastaroetako batean plaza lortzen dutenak.

Pertsona horiek, ikastaroaren kuota ordaintzen dutenean, karnet neurriko argazki bat eman beharko dute, dagokien karneta egiteko.

Pertsona horiek, instalazioan sartzeko, karneta erakutsi beharko dute.

Karnetak indarra izanen du dagokion jarduera hasi baino 15 minutu lehenagotik.

Jarduera bukatu eta 30 minutu iragandakoan atera behar da instalaziotik.

Sarrerako karneta nola kirol ikastaro batean parte-hartzaile izatea behar ez bezala erabiltzeak ikastaroan baja ematea ekarriko du, eta ez da izanen ordaindutako kuotak itzultzeko eskubiderik.

Adin txikiko batek kirol jarduera batean parte hartzeko heldu batek edo tutore batek lagunduta egon beharko du, jarduera hasi baino 15 minutu lehenagotik bukatu eta 30 minutu iragan arte. Horretarako nortasun karneta harreragunean utzi beharko du eta ateratzen direnean jaso. Ezarritako denbora hori gaindituz gero, egunero sarreraren zenbatekoa kobratuko da.

Goizeko abonua:

Goizeko abonua eskuratu ahalko dute hura eskatu eta ezarritako zenbatekoa dirutan ordaintzen dutenek.

Goizeko abonua hartzen dutenak ez dira instalazioetako abonatutzat joko.

Instalazioetara sartu ahalko dira neguko denboraldian, Udalak zehaztuko baitu, eta denboraldi horretarako ezartzen den ordutegian.

Goizeko abonuak bi aukera ditu:

1. aukera: Goizeko abonua igerilekuetarako

2. aukera: Goizeko abonua igerilekuetarako eta muskulazio gelarako.

Igerilekuetarako goizeko abonuaren bidez erabiltzaileak ondoko guneak erabiltzen ahal ditu:

_Aldagelak

_Sauna

_Turkiar bainua

_Erlaxazio aldea

_Igerileku estaliak

_Jacuzzia

Muskulazio gelako eta goizeko abonuaren bidez erabiltzaileak, aurretik aipatu guneez gain, muskulazio gela erabiltzen ahal du.

Frontoiko edo kirol pistako sarrera:

Instalaziora sartu ahalko dira, instalazioetako abonatu izan gabe, frontoia edo kirol pista puntualki erabiltzeko abonuarekin agertzen direnak.

Pertsona horiek Udalak, modalitate bakoitzeko, ezartzen duen zenbatekoa ordainduko dute.

Instalaziora sartzeko unean NANa harreragunean utzi beharko dute, ateratzen direnean jasotzeko, eta orduan ordainduko da sarrerako kuota.

Erreserbatutako orduaren aurretik 15 minutu erabili ahalko dira, eta ondoren 30 minutu. Erreserbatutako ordua bukatu eta 30 minutu iragandakoan, NANa jaso ez duenari eguneko sarrera kobratuko zaio.

Kuotaren bidez instalaziora sartzen ahal da ordu 1 eta 45 minuturako, frontoia edo kirol pista erabiltzeko ordu 1 dagoela ulertuta.

Azken batez, erreserba egin duen abonatua izanen da, alderdi guztietan, berarekin doazen pertsonen erantzule.

Abonatu gabeek, frontoia edo kirol pista alokatu nahi badute, eguneko sarrera ordaindu beharko dute, baina aldez aurretik erreserba egiteko eskubiderik gabe.

15.1. Eguneko sarrerak edo udako abonuak igerilekuak erabiltzeko eskubidea ematen die abonatu ez direnei. Eguneko sarrerak eta udako denboraldiko modalitateen bidez ondoko instalazioak erabiltzen ahal dira:

_Igerileku estaliak neguan eta igerileku estaligabeak udan.

_Berdegunea

_Sauna, turkiar bainua eta erlaxazio aldea

_Pilotalekua*

_Kiroldegiko pista*

(*) Betiere jarduera antolaturik ez badago; erreserba eginen da erabiltzeko unean berean eta abonatuen aukerak errespetatuta.

Eguneko sarrerako eta udako abonuko modalitateak ez dira instalazioko abonatutzat jotzen; beraz, ezin da muskulazio gela erabili. Goizeko abonuak beste aukera bat ematen du: plus bat ordaintzea muskulazio gela erabiltzeagatik.

Eguneko sarreraren bidez erabiltzailea nahi duen bakoitzean atera eta sar daiteke instalaziora egunean zehar.

15.2. Kirol jardueraren batean inskribaturik dauden abonatu gabeak bakar-bakarrik sartzen ahalko dira jarduera horrek dirauen bitartean, eta hari dagokion tasa ordaindu beharko dute.

Jarduera hori bukatutakoan (ordu erdi geroago), pertsona horiek ezin izanen dute segitu kirol instalazioko kirol zerbitzuez baliatzen (bai, ordea, ostatu-kafetegiaren aldeaz).

Aurreko lerroaldean zehazturiko araudia betetzen ez bada, pertsona horiei kargu hartuko zaie, eta arau-hauste bera aldi gehiagotan eginez gero, baja emanen zaie dagokien jardueran, eta hartan jarraitzeko eta kuota itzultzeko eskubideak galduko dituzte.

Udalak abonatu gabeek instalazioak erabiltzeagatik ordaindu behar dituzten prezio publikoak finkatuko ditu.

IV. KAPITULUA

Zehapenen araubidea

16. artikulua. Eguesibarko Udaleko alkatetzari dagokio abonatu edo erabiltzaileentzako behar diren zehapen neurriak hartzea, betiere erabilera erregelamendua betetzen dela eta instalazioaren barreneko udal ondasunak zaintzen direla begiratzeko.

17. artikulua. Kiroldegiko enplegatuek ahalmena dute erabiltzaileei ahozko ohartarazpena egin edo instalaziotik egozteko, edo abonatuei abonua kentzeko, ahozko ohartarazpenei kasua egiten ez dietenean, arau-haustearen egileari geroago ezar dakiokeen zehapena kendu gabe.

18. artikulua. Zehapenera iristeko prozedura:

Erregelamendu honetako edozein arau ez betetzeak berarekin ekar dezake karneta kendu eta, badaezpadako neurri gisa, instalaziotik egoztea; hori kiroldegiko edozein enplegatuk edo horretarako ahalmena duenak egin dezake.

Karneta Udalari igorriko zaio, erabiltzaile edo abonatu arau-hausleari dagokion zehapena ezar dakion.

Karneta Udalean atxikiko da, ezarritako zehapena betetzeko egunek dirauten bitartean, baldin eta zehapenak instalazioa erabiltzeko eskubidea aldi baterako kentzen badu.

Behin egun horiek iraganez gero, abonatuak bulego horietatik karneta hartu eta berriz ere erabiltzen ahalko du instalazioa.

19. artikulua. Hutsegiteen sailkapena:

_Hutsegite arinak

_Hutsegite larriak

_Hutsegite oso larriak

a) Hauek dira hutsegite arinak:

_Kirol eremu bakoitzaren araudi berariazkoa ez errespetatzea.

_Kirol instalazioak erabiltzea erreserbako egun eta/edo orduetatik kanpo.

_Kirol instalazioak erabiltzea abonatu izan gabe, eguneko sarrerarik edo baimen espresu puntualik gabe, kirol ikastaro batean izena emanda egon gabe edo instalazioak erabiltzen dituzten kirol klubetako batekoa izan gabe.

_Espresuki debekatutako aldeetan jan-edatekoak edo beirazko ontziak sartzea.

_Takillak modu desegokian erabiltzea.

_Instalazioen ardura duten langileen esanei kasurik ez egitea.

_Erregelamendu honetan ezarritako arauetako edozein ez betetzea, hutsegite larri edo oso larritzat hartzen direnak izan ezik.

b) Hauek dira hutsegite larriak:

_Liskar edo eraso fisikoak piztea edo haietan parte hartzea.

_Kirol instalazioetan animaliak sartzea

_Instalazioak hondatzen dituzten animalia edo gaiak sartzea.

_Soropila eta/edo kanpo aldeak nahita zikintzea edo hondatzea.

_Igerilekuetako eta/edo jacuzziko uraren kalitatea hondatzea.

_Kirol instalazio, ekipamendu eta/edo materialetan listu edo pixa egitea edo zikintzea.

_Abonatu karneta behar ez bezala erabiltzea.

_Hiru hutsegite arin egitea.

_Abonatu karneta beste edonori uztea instalazioan sartzeko.

_Beste erabiltzaileen edo arau-hauslearen beraren segurtasunari eragin diezaiokeen beste edoezin arau-hauste.

_Instalazioko edozein higigarri edo higiezin hondatzea.

_Instalazioaren barrenean ordena larriki nahastea dakarren edozer egitea edo ez egitea.

c) Hutsegite oso larriak:

_Hiru hutsegite larri egitea.

_Kirol materiala ebastea.

_Instalazioen arduradunei gorputzez edo hitzez eraso egitea.

_Erabiltzaileen gauzak ebastea.

_Urtebetean hiru arau-hauste larri egitea.

_Instalazioen barrenean bizikidetzari, ordenari eta segurtasunari bereziki eragiten dieten jarduketak.

_Instalazioen erabilera eragoztea erabiltzeko eskubidea dutenei.

_Instalazioen funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.

_Hornidura, azpiegiturak, elementuak edo instalazioak modu larrian hondatzea.

20. artikulua. Hutsegite arinek instalazioa denbora batean (3tik 5 egunera bitarte) erabili ezina ekarriko dute zehapen; orobat isuna (25etik 60 eurora bitarteko zenbatekoarekin) ekarriko dute eta egindako kalteak konpondu beharko dira.

21. artikulua. Hutsegite larriek instalazioa denbora batean (15 egunetik hilabete batera bitarte) erabili ezina ekarriko dute zehapen; orobat isuna (61etik 300 eurora bitarteko zenbatekoarekin) ekarriko dute eta egindako kalteak konpodu beharko dira.

22. artikulua. Hutsegite oso larriek instalazioa erabili ezina ekarriko dute zehapen (hilabete batetik betiko erabili ezinera bitarte), Udalak arau-hauslearen aurka abiarazten ahal dituen legezko egintzak ukatu gabe; orobat isuna (301etik 600 eurora bitarteko zenbatekoarekin) ekarriko dute eta egindako kalteak konpodu beharko dira.

23. artikulua. Hutsegite oso larriek hiru urteren buruan preskribatuko dute, larriek bi urteren buruan eta arinek sei hilabeteren buruan. Arau-hauste oso larrietan ezartzen diren zehapenek hiru urteren buruan preskribatuko dute, arau-hauste larrietan ezartzen direnek bi urteren buruan, eta arau-hauste arinetan ezartzen direnek urtebetean.

24. artikulua. Ematen diren ebazpenen kontra, indarra duen legerian kasu orokorretarako ezarritako errekurtsoak aurkezten ahal dira.

Errekurtso horiek ebazten diren arte, instalaziora sartzeko eskubidea aldi baterako edo behin betiko kendu zaion erabiltzailea ezin izanen da instalaziora sartu.

25. artikulua. Zehapen araubideari aplikatzen ahal zaion arautegia ondokoetan ezarritakoaren arabera arautuko da: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legeko IX. titulua, "Zehapen ahalmena", eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeko XI. titulua.

V. KAPITULUA

Instalazioen erabilerari buruzko araudia

26. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak:

Erabiltzaileek betebehar hauek bete behar dituzte:

26.1. Instalazioak eta zerbitzuak egoki eta zuzen erabiltzea.

26.2. Gainerako abonatu edo erabiltzaileengana behar den errespetua gordetzea, elkarrekiko harremanetarako behar den jokabidea izanez.

26.3. Garaiz ordaintzea ezarritako kuotak eta ordu erreserbak, aldez aurretik ematen direnak.

26.4. Onartu eta betetzea instalazioen erabilerari buruz ematen diren arau eta argibide guztiak.

26.5. Eguesibarko Udalak ezartzen dituen zehapenak betetzea.

26.6. Kirol instalazioen barrenean, pertsona helduek arduratu beharko dute beren ardurapean dituzten adingabeen segurtasunaz.

26.7. Erabiltzaile adindunek erantzun beharko dute, baldin eta beren kargura dituzten adingabeek erregelamenduko arauak betetzen ez badituzte edo bertan zehazturiko arau-hausterik egiten badute.

26.8. Erabiltzaileek onartu beharko dituzte instalazioetan gertatzen diren objektu pertsonalen galerak, baldin eta desagertu edo hondatzen badira.

26.9. Udalaren kirol instalazioen erabiltzaileek zehatz-mehatz bete beharko dute ezarritako ordutegia, aldez aurretik kalkulatuz zenbat denbora eman beharko duten dutxatzen eta aldageletan, ixteko ordua inola ere ez gainditzeko.

26.10. Erabiltzaileek erantzun beharko dute, baldin eta Udalaren kirol instalazioetan ematen duten denboran asmo txar, zabarkeriaz edo bestelako edozein arrazoi dela eta kalte edo galerarik eragiten badiete instalazioei edo hirugarrenei.

26.11. Karneta aurkeztea Udalaren kirol instalazioetara sartzean, eta instalazioko langileek eskatzen dietenean. Norbaitek kirol instalazioetara sartzean karneta aurkezten ez badu, administrazioko langileek sarrera debekatuko diote.

27. artikulua. Zerbitzugunea

27.1. Zerbitzugunea esaten zaion aldean sartzen dira kafetegia, aldagelak, takillak, dutxak, zerbitzuak eta botikina.

Higiene arrazoiak direla eta, debeku da erabat bizarra egitea, depilatzea, pedikura, manikura eta gisako tratamenduak egitea.

27.2. Erabiltzaileek lagunduko dute instalazioa garbi egon dadin, langileei kasu eginez, eta instalazioko txoko guztietan dauden paperontziak eta hautsontziak erabiliz.

27.3. Erabiltzaileek errespetatu eta zaindu beharko dituzte altzariak, bankuak, lorategiak, arbolak, etab.

27.4. Erabiltzaileek errespetatu beharko dituzte instalazioko ordutegiak, kasu eginez horretarako langileek egiten dizkieten oharrei.

27.5. Erabiltzaileek behar diren jokabidea eta egokitasuna agertu beharko dute, gainerako erabiltzaileak errespetatu behar baitituzte, hala jendetasunean nola kiroltasunean.

27.6. Jantzitegi zerbitzua takillen eremuan bakarrik izanen da. Aldagelen barnean diren takillak igerilekuak erabili behar dituzten abonatuendako izanen dira; pilotalekuko sarrerako pasilloan diren takillak, berriz, gimnasioa, muskulazio gela edo pilotalekua erabili behar duten abonatuendako izanen dira. Eguna bukatzean takilla guztiak irekiko dira.

27.7. Telefonoa publikoa izanen da, eta izanen du funtzionatzeko sistema bat, Udalari deien kostua eskuratzeko modua emanen diona.

27.8. Erabiltzaileek eskura izanen dute botikin zerbitzua, langile espezializatuen ardurapean (igerilekuetako bainu ordutegiaren barrenean).

27.9. Higienea dela-eta, txankletak erabili beharko dira aldageletan eta dutxen aldean.

27.10. Kabinak dituen aldagela, lehentasunez, erabiliko da igeriketa ikastaroei eta igerilekuei zerbitzu emateko, dagokion ordutegiaren bidez identifikatuko dena.

28. artikulua. Igerilekuak

Igerilekuak erabiliko dira bainatzeko, igeri egiteko nahiz, kasua bada, lehiaketak egiteko, betiere igerilekuan ongi zehazturik bakoitzari dagokion aldea.

Igerilekuetan, soroslea da (eta instalazioko gainerako langileak) haien funtzionamenduaren gaineko arduradun nagusia, eta betearazi beharko ditu Udalak ematen dituen arauak, instalazioak zentzuz erabiltzeko eta igerilari guztien segurtasuna zaintzeko bertze xederik gabe.

Sorosleek aginpidea dute instalazioak gaizki erabiltzen dituzten pertsonei kargu hartu eta, azken neurri gisa, igerilekutik bidaltzeko, baldin eta bazterrak nahasi, ekipamendua gaizki erabili eta erabiltzaileen osotasun fisikoarentzat arriskutsuak baldin badira.

Sorosleen eginkizuna eta beharkizuna da igerilekuko erabiltzaile guztien segurtasuna zaintzea; 18 urtetik beheitiko haurren gurasoak edo legezko tutoreak dira beren seme-alaben arduradun nagusiak (bereziki igeri egiten ez badakite).

Kirol instalazioetako langileek ahalmena dute portaera gaitzesgarria duten erabiltzaileei kargu hartzeko (edo instalaziotik bidaltzeko), baldin eta gainerako erabiltzaileenganako begirunerik ez badute.

28.1. Urgunea, sarbidea eta egonaldia.

Erabiltzailea ezin da igerilekura sartu kaleko arropa eta oinetakoekin.

Neguko denboraldian ez da egoten ahalko aldageletatik igerilekurako tunelean kaleko arropa eta oinetakoekin, "oin garbiak" motako eremua eta igerilekuaren erabiltzaileendako pasabidea delako.

Uretara sartu aitzin derrigorrezkoa da dutxatzea.

Derrigorrez erabili behar dira bainuko txanoa neguko denboraldian eta bainuko txankletak.

Debekaturik dago laster, jauzi edo bultza egitea, edo gainerako erabiltzaileentzat gogaikarria edo arriskutsua izaten ahal den beste zernahi, eta oro har gainerako erabiltzaileak ernegatzen ahal dituen edozein gauza. Orobat, ez da jaten ahal ez igerilekuaren eremuan ez hondartzan, ezta beirazko edo ezpaltzen ahal den bestelako zernahi erabiltzen ahal ere.

Debekaturik dago baloiak, koltxonetak edo gainerako erabiltzaileak molestatzen ahal dituzten bestelako gauzak (hegatsak, urperako betaurrekoak, etab.); onartzen dira, ordea, igeri egiteko betaurrekoak; salbu eta kirol instalazioan antolatzen diren aisialdiko jarduera edo ikastaro berezietarako egun jakinetan.

Udako denboraldian erabiltzaileek beraienak diren aulkiak eta eguzkitakoak sartu ahalko dituzte igerilekuetara. Instalazioak prestatuko dituen oinarrietan paratuko dituzte, belardian iltzatu gabe. Instalazioko berdegunean baizik ez dira erabiliko.

Debeku da arras listu egitea, pixa egitea eta, oro har, uraren kalitatea txartzen ahal duen edozein gauza.

28.2. Bainu aldea.

Erabiltzaileak erabiliko ditu beste xede batzuetarako mugaturik ez dauden parteak (ikastaroak, entrenamendua ...).

Bakar-bakarrik erabiltzen ahalko dute ikastaroetarako ematen den materiala (taulak, flotatzeko mahukak, ikasteko materiala ...), izena eman dutenek eta ikastaroetan soilik.

Debeku da igerilekuko kortxoetatik zintzilikatzea edo haiei lotzea.

Bainu librean ari direnek ezin izanen diete kargu hartu, bultza edo traba egin, inola ere, ikastaroren bat edo instalazioen kudeatzaileek antolatutako jardueraren bat egiten ari direnei.

28.3. Ikastaroak eta entrenamenduak

Instalazioak kudeatzen dituen entitateak programaturiko jardueraren batean izena eman dutenek kasu eginen diete monitoreek emandako aholku eta aginduei, jardueren gainean edo instalazioak erabiltzeko moduaz, eta errespetatuko dituzte erregelamendu hau eta indarra duen araudia.

29. artikulua. Pilotalekua-kirol pista

29.1. Kirol eremu hauetara sartzeko, betiere, tasa bat ordainduko da, alogera gisa (eta argia, hura eskatzen bada).

Pilotalekua eta kirol pista instalazioaren abonatuek erabili ahalko dituzte bakarrik; abonaturik ez daudenek, berriz, ez dituzte erabiliko. Inork eguneko sarrera ordaindu eta une horretan pilotalekua-kirol pista libre badago, erabili ahalko du ezarritako tasa ordaindu eta gero.

Abonatu batek pilotalekua edo kirol pista erreserbatzen badu eta hartara agertzen bada instalazioaren abonatu ez direnekin, horiek "Pilotaleku edo kirol pistako sarrera" delakoa erosi beharko dute, Udalak ezarritako zenbatekoa ordainduta; orobat, sartzerakoan NANa utzi beharko dute, III. kapituluko 15. artikuluan azaltzen den bezala.

Udalak, nahi erara, ematen ahalko dizkie sarrera bereziak abonatu ez diren taldeei, pilotalekuaz eta kirol pistez balia daitezen.

Pilotalekua-kirol pista erabiltzeko prezioak Udalak onetsiko ditu une bakoitzean.

29.2. Pilotalekua-kirol pistaren alokairua bi modutan egin daiteke:

Urte osorako ordu finko bat eskatzeko eskabidearen bidez. Kirol pistarako bakarrik, Udalak irekitako deialdiaren barnean.

Asteko erreserbaren bidez. Udalaren kirol instalazioetako bulegoetan egingo da.

29.3. Urte osorako ordu finko bat alokatu nahi duten kirol elkarte eta klubak, Udalak egindako deialdiaz baliatuko dira. Ordu horiek nahi bezala emanen dira, eta inoiz ere ez partikularrei.

Deialdi hori udako hilabeteetan eginen da, eta ikusgai paratuko da iragarki oholean. Kultur, Kirol eta Gazteriaren Batzordeak aztertuko ditu eskabideak eta interesatuei jakinaraziko zaie eman dieten ala ez. Eskatutako ordurako eskabideak ez du inoiz esan nahi hura emanen denik.

29.4. Pilotalekua-kirol pista alokatu nahi duten gainerako taldeek, ordu finkorik ez badute, alokatu ahalko dute.

Asteko koadroan libre gelditzen diren orduetan, nahi duten guztiek alokatu ahalko dute pilotalekua-kiroldegia.

29.5. Pilotalekurako "Erreserbarako eskaera" egin ahalko da instalazioko bulegoetan bertan edo telefono deiaren bidez.

29.6. Instalazioko abonatuek erreserbarako eskaera egin ahalko dute jokatu nahi duten egun eta ordua baino astebete lehenago, gehienez ere.

29.7. Orduen zozketa (beharrezkoa balitz) eginen da kontuan hartuta kiroldegiko sarrerako erlojuak orduak puntuan jotzen dituen uneak.

29.8. Erreserbarako eskaerak aurkeztu ahalko dira kiroldegiko bulegoan, pilotalekua alokatu nahi duten abonatuendako zozketa (abonatu bat baino gehiago badago) egin eta ordubete lehenago, gehienez ere. Ordubetetik gora ez da zozketarako erreserba eskaerarik hartuko.

29.9. Astebete baino denbora laburragoarekin, pilotalekua eskatzen duen abonatuari emanen zaio zuzenean, betiere eskatzen duen ordua libre badago.

29.10. Erreserba eskatzeak ez du esan nahi ordua eman zaionik, izan ere, eskabide guztiak onartuko dira ordua puntuan jo arte. Eskabide bat baino gehiago egonez gero zozketa eginen da.

29.11. Pilotalekua alokaturik eduki eta edozein arrazoirengatik erabili behar ez duten abonatuek, gutxienez ere 35 ordu lehenagotik eman beharko diete horren berri bulegoko langileei, edo bestela telefono bidez.

Halakorik egin ezean, alokairua kobratuko zaie eta zor hori ordaindu arte ez dute berriro pilotalekua alokatu ahalko.

29.12. Abonatuek erreserbatuta izan eta deuseztatzen dituzten orduak, horiek eskatu diren ordena hestuari jarraikiz esleituko dira.

29.13. Alokairuak bulegoetan ordainduko dira, instalazioaren erabilera amaitu eta berehala, instalazioko zuzendaritzarekin ordaintzeko bestelako biderik adosten ez bada.

29.14. Gomazko edo larruzko pilotan aritzeko pilota zuriak erabili beharko dira. Debeku da pilota beltzak erabiltzea, pilotalekuko pintura ahalik eta baldintza hoberenetan mantentzeko.

29.15. Udalak, ezinbestekoetan, ordutegiak aldatzen ahalko ditu hala behar duenean (kirol edo kultur jaialdien antolaketa, lehiaketen antolaketa, berritzeak, etab.). Horrela gertatuz gero, lehenbailehen gaztigatuko zaie ukituei.

29.16. Pilotalekua-kirol pistak erabiltzeko ordutegia Udalak erabakiko du.

Pilotalekua eta kirol pista erabilera askeko gunea dira, erabiltzaile batek edo antolatutako jarduera batek erreserbatu ez dituen bitartean. Erabiltzaile orok erabiltzen ahal ditu, baina argiak pizteko edo daudenez gain beste joku elementurik paratzeko eskatu gabe. Kasu horietako edozeinetan erreserbatzat joko da eta dagokion tasa ordaindu beharko da.

29.17. Pilotalekua edo kirol-pista erabiltzeko erabiltzaileak kirolerako arropa eta oinetakoak jantzi beharko ditu, kaletik ekartzen dituenak erantzita. Arau hori betetzen ez duten erabiltzaileei kirol eremu horretara sartzea ukatzen ahalko zaie.

30. artikulua. Muskulazio gela.

30.1. Abonatuak baizik ez dira sartzen ahalko muskulazio gelara; beraz, instalaziora abonaturik ez daudenek ez dute kirol eremu hori erabiltzen ahalko.

30.2. Muskulazio gelara sartu ahal izateko ikastaro bat egin behar da, monitore bat egonda, gutxienez ere 4 saio izanen dituena (ordu erdi bat saioko, gutxienez ere).

30.3. Gelara sartzeko harreralekuan tasa bat ordaindu beharko da, dirutan. Udalak onetsiko du aipatu tasa. Tasa horrek bidea ematen du gela osoa libreki erabiktzeko. Monitore bat egonen da, entrenamendurako plan bereziak prestatuko dituena.

30.4. Ikastaroa bukatuta "Muskulazio karnet berezia" emanen da; horren bidez erabiltzaileek gela erabili ahalko dute instalazioa irekita dagoen ordutegi osoan. Behin muskulazio gelako kuota ordainduta karneta aktibatuko da; era horretan erabiltzailea gelara sartu ahalko da karneta atearen ondoko irakurgailutik pasatuz.

30.5. Orokorrean, 18 urtetik beheitikoek ez dute erabiltzen ahalko muskulazio gela. Arau hori ez betetzeak zehapena ekarriko du eta han egotearen ondorioak haien guraso edo legezko tutoreen gain izanen dira.

30.6. Salbuespenez eta monitoreak begiratutako kasuetan, muskulazio gela erabiltzen ahalko dute 18 urtetik beheitikoek, baina betiere monitorea bertan dagoenean, eta inoiz ez ordu horietatik kanpo, sartzeko debekua izanen baitute.

30.7. Muskulazio gelako monitoreak eta instalazioaren ardura duten langileek aginpidea dute instalazioak gaizki erabiltzen dituzten pertsonei kargu hartzeko eta, azken neurri gisa, handik bidaltzeko, baldin eta bazterrak nahasten badituzte, makineria gaizki erabiltzen badute eta erabiltzaileen osotasun fisikorako arriskutsuak baldin badira.

30.8. Muskulazio gelara sartzeko, nahitaezkoa izanen da kirolerako arropa eta oinetakoak janztea, karrikatik ekartzen direnak erantzita.

30.9. Garbitasunagatik eta gainerako erabiltzaileenganako errespetuagatik, eskuoihala eraman beharko da aparatuak erabiltzen direnerako.

30.10. Muskulazio gelaren erabiltzaileek, pisuak altxatzen aritu ondoan, pisuak beren lekuan utziko dituzte, gela txukun egon dadin.

30.11. Gomendioa egiten zaio erabiltzaileari aldez aurretik osasun azterketa egiteko.

30.12. Udala eta instalazioa kudeatzen duen enpresa ez dira izanen muskulazio gelan dauden aparatu eta materialekin erabiltzaileek egiten duten erabilera okerraren erantzule.

31. artikulua. Gimnasioa-erabilera anitzeko gela

31.1. Kirol instalazioak kudeatzen dituen entitateak antolatzen dituen ikastaroetarako baizik ez da erabiliko gimnasioa-erabilera anitzeko gela. Beraz, ikastaroetako parte hartzaileak baizik ez dira hartara sartuko.

31.2. Ikastaroetatik kanpo, kirol eremu hori itxita egonen da abonatuentzat.

31.3. Kirol eremu horretara sartzeko, nahitaezkoa izanen da kirolerako arropa eta oinetakoak janztea, karrikatik ekartzen direnak erantzita. Arau hori betetzen ez duten erabiltzaileei kirol eremu horretara sartzea ukatzen ahalko zaie.

32. artikulua. Gorputz tratamendurako eremuak (sauna lehorra eta sauna hezea).

32.1. Eremu horietara 18 urtetik goitiko abonatuak baizik ez dira sartuko.

32.2. Instalazioko zuzendaritzak osasun azterketa egitea gomendatzen die erabiltzaile guztiei, kirol eremu horiek erabiltzea osasunaren aldetik komeni zaien ala ez jakin dezaten.

32.3. Eremu horietan panel batzuk paratuko dira, erabilerari buruzko aholkuak emateko.

32.4. Kirol eremu horietara txankletak jantzita sartu behar da.

32.5. Debeku da etzaulkien aldea aldageletako eta norberaren garbiketarako erabiltzea. Dutxa bakarrik saunarako eta turkiar bainurako erabiltzen ahal da.

32.6. Debeku da edozein osagarri (zundak, erlojua, etab.) manipulatzea.

32.7. Debeku da saunan eta aldameneko eremuan bizarra egitea, jatea eta ondarrak sortzen dituen edozein egintza.

32.8. Debeku da saunara liburu, aldizkari edo paperak sartzea.

33. artikulua. Solairum artifiziala eta masajea

33.1. Bakar-bakarrik abonatuendako.

33.2. Solairum artifizialaren funtzionamendurako arauak harreralekuan eta solairumerako gelan daude. Erabiltzaileek jarraibideen arabera jokatuko dute, funtzionamendu egokia eta jende ororen aprobetxamendua lortzeko.

33.3. Ezarritako tasa ordaindu behar da.

33.4. Masajeak jarduerarako titulua duen profesionalak eginen ditu.

33.5. Masaje zerbitzua erabili nahi duen erabiltzaileak, eguna eta ordua eskatuko ditu harreralekuan, zerbitzurako ezarritako ordutegiaren barrenean.

V. KAPITULUA

Kirol ikastaroak

Kirol eta igeriketa ikastaroetan izen emateko modua

Kirol eta igeriketa ikastaroetan izen emateko modua Eguesibarko Udaleko Kultur, Kirol eta Gazteriaren Batzordeak ezarriko du.

34. artikulua. Kirol eta igeriketa ikastaroetan izena emateko, lehentasuna izanen dute abonatuek gainerako erabiltzaileen aurretik. Horregatik, lehenbiziko abonatuentzako zerrendak irekiko dira, eta gero, tokirik baldin badago, abonatuak ez direnei ere izena emateko aukera eskainiko zaie.

Kirol eta igeriketa ikastaroetan izen emateko lehentasuna:

1. Abonatuak, erroldatuak

2. Abonatuak, erroldatu gabeak

3. Erroldatuak, abonatu gabeak

4. Abonatu gabeak, erroldatu gabeak

Ikastaroetan izen emateko epea:

1. Abonatuak, erroldatuak nola erroldatu gabeak: 2 egun

2. Erroldatuak, abonatu gabeak: egun 1.

3. Abonatu gabeak, erroldatu gabeak: egun 1.

35. artikulua. Udalak finkatuko ditu kirol ikastaroetan parte hartzeko ordaindu beharreko prezioak.

36. artikulua. Kirol ikastaro guztietan, jarduera bakoitzeko gehieneko izen emate kopurua finkatuko da; beraz, kupo hori betez gero, ezin izanen da pertsona gehiago hartu.

Bajak sortzen badira, itxaron zerrendan daudenei deituko zaie.

37. artikulua. Halaber, ikastaro guztietan izen emate kopuru gutxienekoa ere finkatuko da (instalazioko zuzendaritzak baloratu beharko du), haren azpitik ikastaroak deuseztatuko baitira.

38. artikulua. Kirol ikastaro batean izena eman ondoan, ez da inola ere berreskuratzen ahalko ordaindutako diru-kopurua (ikastaroak hasiz gero), baldin eta jarduera aurreikusi bezala egiten bada.

Zenbatekoa itzuliko da jarduera hasi baino lehen izen emana duen pertsonak bere borondatez eskatzen badu baja ikastaroan.

39. artikulua. Jarduera guztietan begiratuko da erabiltzaileak joaten ote diren kirol ikastaroetara, eta bakarrik baja ematen ahalko zaio jarduera jakin batean hiruhileko osoan saio guztietara huts egiten duenari. Neurri hori hala dago jarria, jardueretan dagokeen itxaron zerrendari bide emateko aukera izateko.

40. artikulua. Ez da inola ere onartuko egunez eta ordutegiz aldatzea, nahiz eta kirol jarduera bera izan; beraz, erabiltzaileak ezin izanen dira taldez aldatu.

VI. KAPITULUA

Erregelamendu honetako xedapenak

41. artikulua. Eguesibarko Udalaren esku gelditzen dira erregelamendu honen interpretazioa eta aplikazioa. Zerbitzuaren kudeaketaz arduratzen den pertsona edo entitateak jardungo du Udalaren eskuordetza izanik, haren xedapenak interpretatu eta aplikatzen, eta konponbiderik zuzenena bilatuko du instalazioen eguneroko erabileran sortzen diren arazoetan.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L0616460