130. ALDIZKARIA - 2006ko urriaren 30a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BURGI

Behin betikoz onetsirik Burgiko Udal Planeko aldaketa xehekatua

Burgiko Udalak, 2006ko irailaren 25eko bilkuran, erabaki zuen behin betikoz onestea Burgiko Udal Planeko aldaketa xehekatua, Udalak sustatua Biniés ibaiaren ondoko baratzeetako eraikinen betebeharrak finkatzeko.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 81.1 artikuluan xedatutakoari jarrraikiz, argitara ematen dira behin betiko onespena eta haren hirigintza arauak.

Burgin, 2006ko urriaren 5ean._Alkatea, Manuel Sanz Zabalza.

ARAUDI BERRIA

Hirigintzako araudiaren 39. artikuluaren aldaketa, Biniés ibaiaren ondoan hirigunetik hurbil dagoen baratze eremuan aplikatzeko.

39. artikulua. Lurzoru urbanizaezineko eraikuntzak, orokorrean:

B._Eraikuntza berrien motak. Garapena.

4._Baratzezaintzari eta aisialdiko baratzezaintzari sostengu emateko eraikuntzak.

"Baratzezaintzari sostengu emateko eraikuntza da laborantzan erabiltzeko lanabes tikiak biltegiratzeko dena."

"Aisialdiko baratzezaintzako eraikuntza da lanabes tikiak biltegiratzeko dena, eta horrez gain aisiarako lokalen bat duena."

"Baimentzen dira baratzezaintzari sostengu emateko eraikuntzak, hirigunetik 100 m baino gehiago badira. Gehieneko azalera, 25 m², ataripeak barne."

C._Eraikuntzaren baldintza orokorrak.

Eraikinen tratamendua igeltserotzako obrarekin eskualdeko eraikuntzaren eta arkitekturaren ezaugarriekin bat etorriko da, konposizioaren eta bolumenaren elementuei, materialei, koloreei eta akaberei dagokienez.

Ez da eraikuntzarik baimenduko %25 baino malda handiagoa duten lurren gainean.

Eraikinaren garaiera gailurreraino, 5.5 m edo gutiago.

Lurzati bakoitzean eraikin bakarra zutitzea baimenduko da eta haren barnean gehieneko okupazioaren azalera %30 izanen da.

Gutieneko tartea eraikinetik lurzatiaren mugetaraino: 3 m.

Teilatu-hegalak, nahitaez, 50 cm-koak gutienez.

Estalkiak, bi edo lau isurialdekoak.

Bolumen xumeak, oinak errektangularrak dituztenak, hegalkinik eta sargunerik gabe.

Fatxadetan, material xumeak: harria, zarpiatuak, kolore apalez margotuak, hormigoizko blokeak, hormigoizko aurrefabrikatuak, kolore harekaran edo zurian, edo zurezko estaldurak. Eraikuntzan kalitatea lortu behar da.

Estalkietan, hauek baimenduko dira akaberako materialetako: zeramikazko teila, akabera tradizional zahartuan edo kolore gorriztan; debeku dira gainerako kolore eta tonuak baimendutako gamaren barnean ingurunean eragina sor badezakete.

Beharrezkoa dela justifikatuz gero, elementu bereziak ezartzeko baimena ematen ahalko da eraikin nagusitik kanpo, hala nola, siloak, biltontziak, transformadoreak, etab. Horiek azalera eraikia balira bezala kontatuko dira.

Eraikin guztiak arbolak landaturik kamuflatuko dira gutienez ere eraikuntzaren luze-zabal handienak dituzten alboetariko batean, eta fatxadako horma-ataletik 6 m baino gutiagora.

Debeku da azpiegituren sare orokorretara (ura, argia, telefonoa) aireko lotuneak egitea, zorupean barna joan behar baitute.

Baimentzen dira energia sorgailuak (eztanda-motorrez baldin badira, isolamendu akustikoa izanen dute) edo hondakin-urak arazteko bitarteko autonomoak, baita maila freatikotik ura hartzea, ere betiere behar diren baimenak baldin badira eta haren potabilizazio egokia bermatzen bada Instalazio hauetarako beharrezkoa izanen da arlo bakoitzean eskudunak diren erakundeek aldez aurretik onespena ematea.

Debeku da araztu gabeko urak ur ibilgu publikoetara isurtzea. Onartzen da saneamendua hobi septikoen bidez egitea, NTE-ISD arauaren ariora.

Aisiako baratzezaintzari sostengu emateko eraikuntzek zer obra mota dakarten kontuan harturik, obra lizentzia eskuratzeko txosten tekniko bat galdatuko da, teknikari eskudunek prestatua.

Iragarkiaren kodea: L0616371