130. ALDIZKARIA - 2006ko urriaren 30a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BARAÑAIN

Behin betikoz onetsirik Barañaingo udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantzako aldaketa

Barañaingo Udalak, 2006ko uztailaren 27an egin osoko bilkura arruntean, erabaki zuen, legeak eskatzen duen quoruma zuela, hasiera batean onestea Barañaingo udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantzako aldaketa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, erabaki hori 2006ko 102. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, abuztuaren 25ean, baita Barañaingo Udalaren iragarki oholean ere.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduen ondorioz, ordenantza behin betikoz onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Argitara ematen da aipatu agindua betez, ohartaraziz ezen honako ordenantza honen aurka _xedapen administratiboa baita_ ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107.3 artikuluari jarraikiz); hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratuz Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz.

b) Hilabeteko epean, gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegian aurkeztuta, erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita.

Barañainen, 2006ko urriaren 10ean._Alkate udalburua, Iosu Senosiain Ibáñez.

ERANSKINA

Barañaingo udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza

ZIOEN AZALPENA

Barañaingo Udalarentzat, euskara udalerriko bi hizkuntzetako bat da. Bere egiten du, gainera, ordenantza honetan, biztanleriaren aldeko jarrera euskara sustatu eta normalizatzeari dagokionez, bai Nafarroako Gobernuak bai Euskara Batzordeak gaur arte egindako azterlan sozio-linguistikoek erakusten dutenez.

Gainera, urtero gora doa 3 urteko haurren matrikulazioa euskaraz.

Horrek guztiak, gizarteak euskararen alde duen borondatearen adierazgarri, Barañainen, urteak iragan ahalean, gero eta herritar gehiago elebidun izanen direla erran nahi du, hau da, gero eta euskaldun gehiago. Biztanleriaren zati horrek ziur aski, legez dituen hizkuntz eskubideak erabiliz, gero eta zerbitzu gehiago euskaraz emateko eskatuko dio Udalari, eta Udalak, zerbitzu publikoa denez gero, ezinbertzean euskaraz eman beharko ditu.

Beraz, Barañaingo bizilagunek udal zerbitzuak euskaraz izan ditzaten bermatzea da ordenantza honen helburu orokorra.

Udalaren eta herritarren gogo garbi horretaz gain, aipatu behar da Espainiako Konstituzioak botere publikoen esku uzten duela Espainiako hizkuntzen kultur ondarea errespetatu eta babesteko zeregina; Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak helburutzat duela herritarren eskubidea babestea euskaraz ikasteko eta mintzatzeko eta hura berreskuratu eta garatzea; lege horrek berak administrazio publikoetan euskaraz aritzeko eskubidea bermatzen diela herritarrei eta aukera ematen duela zenbait lanpostutarako euskaraz jakin beharra nahitaezkoa izateko, eta gainerakoetan baloratua; eta, azkenik, Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duen uztailaren 4ko 135/1994 Foru Dekretuak, Eremu Mistorako, neurri egokiak hartzea aurreikusten du herritarrek bermatua izan dezaten administrazioarekin euskaraz aritzeko eskubidea, baita euskara erabiltzeko joera barreneko inprimakietan, administrazioen arteko harremanetan euskaraz aritzeko aukera, eta euskaraz jakin beharra eskatzea zenbait lanpostutarako eta merezimendu gisa baloratzea bertze zenbaitetarako.

Beraz, helburu hauek ditu ordenantza honek:

1._Herritarrei bermatzea erabili nahi duten hizkuntzan izatea harremana.

2._Euskararen erabilera idatziaren gaineko araudia zehaztea.

3._Zehaztea zein lanpostutan aritzeko jakin beharko den euskaraz, ikusita zein administrazio prozedura ohikoenetan izaten ahal den laneko hizkuntza.

4._Euskara baloratzeko portzentajea zehaztea, hizkuntza hori jakitera behartzen ez den lanpostuetarako.

5._Euskara sustatzeko neurriak jorratzea.

Aipatu den araudiarekin bat eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz, ordenantza hau onestea erabaki da:

I. KAPITULUA

Ordenantzaren aplikazio esparrua

1. artikulua. Ordenantza hau Barañaingo Udalean aplikatuko da, erran nahi baita, hartan berean zentzurik hertsienean eta haren menpeko erakunde autonomoetan.

2. artikulua. Udalaren eskumeneko zerbitzuetan, hirugarrenen ardura bada ere edozein kudeaketa bidez, ordenantza honetako IV. kapitulua aplikatuko da.

II. KAPITULUA

Administrazioen arteko harremanak

3. artikulua. Barañaingo Udalak eremu euskalduneko edo euskara ere hizkuntza ofiziala aitortuta duten beste erkidegoetako administrazio publikoei zuzendutako agiri, jakinarazpen eta harreman administratiboak orokorrean elebidun idatziko dira.

4. artikulua. Barañaingo Udalak, bertze edozein aldetako administrazioekin ari denean ere, bi hizkuntzetan eginen du, pixkanaka; eta beti, bertze administrazioak harremana elebitan hasi badu.

III. KAPITULUA

Herritarren eskubideak

5. artikulua. Herritarrek Barañaingo Udalarekin gaztelaniaz nahiz euskaraz aritzeko eskubidea dute.

6. artikulua. Idatziz Udalari euskaraz egiten dioten herritarrei hizkuntza horretan berean emanen zaie erantzuna. Horretarako, itzulpen zerbitzua erabiliko da _langile gaiturik ez dagoenean, betiere-. Herritarrak eskatzen duenaren bertsio ofiziala emanen du gaztelaniaz, eta Udalak jakinarazi behar dion erabakia edo erantzuna, euskaraz.

7. artikulua. Ahoz, Udalari euskaraz egitea hautatzen duten herritarrei halaberean erantzunen zaie.

8. artikulua. 6. eta 7. artikuluen ondorioetarako, Udalak jarduketa plana diseinatu eta gauzatuko du, jendeari harrera egiteko tokietan udal langile euskaldunak egotea bermatzeko, ordenantza honetako V. kapituluan aipatzen den ildotik.

IV. KAPITULUA

Udalaren kanpo irudia

9. artikulua. Barañaingo Udalak eta bere mendeko erakunde autonomoek gaztelania eta euskara erabiliko dituzte herritarrentzat, oro har, ari direnean.

Hartaz, elebitan izanen dira:

a) Bandoak, ediktuak, afixak eta argibideak emateko plakak.

b) Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta antzeko elementuak.

c) Eraikin, kale eta eremu publikoetako errotuluak.

d) Udalaren egoitza eta bulegoetako errotuluak, Udalaren ibilgailuetakoak, eta langileen arropa eta uniformeetakoak.

e) Interes turistikoko, zerbitzuen kontroleko eta trafikoko seinaleak, etzanak izan ala zutikakoak.

f) Udalak administrazio prozedura guztien gaineko argibideak eman beharrez herritarren eskura jartzen dituen agiri eta ereduak.

g) Bertze edozein baliabide edo formatu, Udalaren irudia adierazteko erabiltzen dena.

10. artikulua. 1. Kartelen elementu guztiak elebitan egonen dira.

2. Udal jardueren informazio eta propagandako eskuorriak bi hizkuntzetan egonen dira herritar ororentzat direnean.

3. Eskuorrien helburua kultura, kirola eta abarreko jardueraren bat iragartzea bada, honela erabiliko dira hizkuntzak:

a) Informazio orokorreko elementuak (tokia, data, ordua ...) bi hizkuntzetan agertuko dira.

b) Jarduera berze lengoaia batzuen bidez garatzen bada: ikusizkoa, musikala, plastikoa etab., argibideak bi hizkuntzetan emanen dira.

c) Delako jarduera hizkuntza baten ahozko erabileran batez ere oinarritzen bada (hitzaldiak, antzerkia, poesia, ikus-entzunezkoak, etab.) hura azaltzeko elementuetan, hala nola esku programetan eta katalogoetan, jarduera zein hizkuntzatan egin, hura erabiltzen ahal da eta laburpen txiki bat egin bertze hizkuntzan.

11. artikulua. Publizitatea hedabideetan.

1. Udalaren prentsako iragakiak bi hizkuntzetan agertuko dira.

2. Ikus-entzunezkoetako publizitatea _irratian eta telebistan_ bi hizkuntzetan eginen da, hizkuntza bateko eta bertzeko herritar kopuruaren araberako proportzioan.

12. artikulua. Argitalpenak.

Barañaingo Udalaren eta bere mendeko erakundeen argitalpenak elebitan eginen dira interes orokorrekoak direnean eta herritar ororentzat direnean, interes turistikoa badute edo Barañainentzat enblematikoak edo sinbolikoak badira.

13. artikulua. Hedabide berekiak (adibidea.: UIA) eta Udalaren dirulaguntza hartzen dutenak.

1. Elebitan, euskaraz zein gaztelaniaz, eta erdi bana izanen dira bai titular finkoak bai ale batetik berzera aldatzen direnak eta erreportajeen goiburu direnak etab.

2. Gaztelaniaz egindako artikulu, elkarrizketa etabarrak euskaraz laburtuko dira. Leihoa, goiburua edo bertze bitarteko egokiren bar baliatuko da; betiere, aise identifikatzeko maneran nabarmenduko da eta gaztelaniazko testuaren %25-30eko hedadura izanen du.

3. Orobat eta baldintza beretan laburtuko dira, gaztelaniaz, euskaraz egindako artikuluak, elkarrizketak etab., euskarazko testuaren %25-30eko hedadura dutela.

4. Iragarkiak paratzen dituztenei aditzera emanen zaie beren iragarkiak elebitan egiteko aukera dutela, erabat edo hein batean. Horretarako, Udalaren itzulpen zerbitzua eskainiko zaie.

V. KAPITULUA

Udal langileak eta Udalaren barne funtzionamendua

14. artikulua. Udalaren urteroko plantilla organikoan zehaztuko da zer lanpostutan izan behar duten euskaldun haietan aritzen diren funtzionarioek, jendearekin harreman gehiago izateagatik edo administrazio prozedura normaliatuen katearen barrenean duten lekuagatik.

15. artikulua. Aurreko artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, batzorde bat eratuko da, teknikoki kualifikatua, zehazteko zein udal esparrutan dagoen, ahoz nahiz idatziz, harreman gehiago herritarrekin; orobat, administrazio prozedura ohikoenak, aipatu esparru edo prozedurei lotutako lanpostuen hizkuntz eskakizunak, herritarrak zerbitzua euskaraz izanen duela bermatzeko zirkuitu elebidunen azterlana eta jarduketa plan bat, non hizkuntz eskakizunak eskuratzeko bitarteko eta baliabideak finkatuko baitira. Azterlan horretarako, sei hilabetetik urtebete arteko epea izanen du.

16. artikulua. Barañaingo Udalak lanpostuak betetzeko egiten dituen deialdietan, ordenantza honen 14. artikuluaren arabera euskaraz jakitea derrigorrez eskatzen dutenetan salbu, euskaraz jakitea merezimendutzat baloratu daiteke. Horretarako, Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilerari buruzko uztailaren 4ko 135/1994 Foru Dekretuaren 23. artikuluak eta une bakoitzean indarrean dauden arautegiek ezarritakoari jarraituko zaio.

17. artikulua. Komenigarri juzgatzen den lanpostuetan, euskara baloratuko da, hain juxtu ere, herritarrekin harreman zuzena ez duten lanpostuetan deialdiaren (oposizioa gehi lehiaketa) puntu guztien %5 baloratuko da, eta deialdiaren (oposizioa gehi lehiaketa) puntu guztien %10 herritarrekin harreman zuzena duten lanpostuetan. Eta betiere Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilerari buruzko uztailaren 4ko 135/1994 Foru Dekretuaren 23. artikuluak ezarritakoari jarraituko zaio.

18. artikulua. Aurreko artikuluak ezarritakoari dagokionez, euskararen ezagutza egiaztatzeko 135/1994 Foru Dekretuak ezarritakoari jarraituko zaio, eta eginen den profil linguistikoen proposamenean behar bezala zehaztua geratuko da.

Nolanahi den ere, euskara maila egiaztatu behar bada proba baten bidez, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikorako Zuzendaritza Nagusiari aholkularitza teknikoa eskatuko zaio.

19. artikulua. 1. Euskaraz ikasten lagunduko zaie nahi duten udal langileei, ordenantza honetan ezarritako helburuak bete daitezen.

2. Udalak hizkuntz prestakuntzarako planak antolatuko ditu, helburu horiek lortzearren. Haietan lanaldiaren murrizketak aurreikusiko dira, laguntza ekonomikoak eta ordezkapenak, Nafarroako Gobernuak ezarritako esparruaren barrenean.

3. Udal langileak hizkuntz prestakuntzako plan horietan sartuta badaude edo, Udalean sartzeko nahiz haien lanbideko edozein fasetan, dakiten euskara baloratu bazaie, haien ezagutza erabiltzeko eskatzen ahalko zaie Barañaingo udal administrazioan egiten duten lanean.

VI. KAPITULUA

Euskararen sustapena

20. artikulua. 1. Udaleko Euskara Kontseiluak urteko programak prestatuko ditu euskarari buruzko gaien gaineko informazio maila handitzeko eta hizkuntza horren ezagutza eta erabilera sustatzeko gizartearen esparru guztietan.

2. Kontseiluak Udalari aurkeztuko dizkio proposamenak Euskararen Informazio Batzordearen bitartez.

3. Aipatzearren, Barañaingo Udalak Nafarroako Gobernuaren ekimen eta kanpainetan hartuko du parte eta, bertze udal entitate batzuekin koordinatuz, eskolatze kanpainan, helduen irakaskuntzako matrikulazio kanpainan, euskara familian irakasteko kanpainan, euskara Udalean erabiltzeko kanpainan eta euskarazko aldizkarietan edo hura sustatzekoetan, eta udako kanpaldietan.

21. artikulua. Luis Morondo Udalaren Musika Ikastetxean Musika Hizkuntza eta edozein instrumentu euskaraz irakasteko eskaintza ahalbidetzeko behar diren urratsak eginen dira. Horretarako, aitzinetik aztertuko dira, bertzeak bertze, irakasleen prestasuna, irakasle/ikasle ratioa eta kostua/eraginkortasuna erlazioa.

22. artikulua. Barañaingo Udalak diru kopuru bat ezarriko du urteko aurrekontuetan euskarazko ikastaroetan parte hartu nahi duten herritar helduentzat, urtero argitaratuko den deialdiari jarraituz.

23. artikulua. Udaleko Kultura eta Kirol Alorrek euskaraz eskainiko dizkiete jarduerak 3 eta 18 urte arteko gazteei, hizkuntza horretan eskolatuta daudenen proportzio berean. Orobat, kultur eta kirol jarduerak eskainiko zaizkie helduei.

24. artikulua. Kultur jarduerak eta euskara sustatzekoak bultzatuko dira, eta dirulaguntza izanen dute gizartearen ekimenaz eragiten direnek.

25. artikulua. Fakturak, ordainagiriak, inprimakiak, seinalizazioko errotuluak eta Berriobeitiko bezeroendako informazioa bi hizkuntzetan izatea eskatuko die Berriobeitiko Udalak berarekin lan egiten duten zerbitzuetako enpresa publiko eta pribatuei edo herritarrendako jarduketetan parte hartzen dutenei haiekin harremana dutenean.

26. artikulua. Udal Haurtzaindegian, 0 eta 3 urte artekoentzako LOGSE Barañaingo udal mugapean aplikatu ahalean, kontuan hartuko dira euskarazko haur irakaskuntzarako eskaerak, eta gurasoek ziurtatuta dute seme-alabendako hizkuntz eredua hautatzeko eskubidea. Modu berean jokatuko da irakaskuntza publikoan. Udal ludotekan, erabilera anitzeko eraikinean, udal liburutegian eta kultur etxean jarduera eta jarduketa elebidunak bultzatuko dira, udal ordenantza honetan ezarritakoaren ildotik.

27. artikulua. Kapitulu honetan aipatutako jarduera eta ekimenak urteroko programetan jasotzen dira, "Euskararen erabilera udaletan normalizatzeko Nafarroako Gobernuaren eta zenbait toki entitateren arteko lankidetza hitzarmena" garatzen dutenetan, alegia.

28. artikulua. 1. Barañaingo Udalak, aldian behin, azterlana eginen du biztanle euskaldunen portzentajea jakiteko, udalerriaren egoera soziolinguistikoa hobeki ezagutu eta horiendako kanpaina berariazkoak hobeki egin beharrez. Orobat, borondatezko izen emateen bidez, Barañaingo euskaldunen zentsua eginen du, berme guztiekin egin ahal izateko kanpaina berariazkoak.

2. Abenduaren 13ko 15/1999 Legearen 20.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz, euskaldunen zentsuak ezaugarri hauek izanen ditu:

A) Aurreikusitako xede eta erabilerak: soziolingustikaren esparruan lanabesa eskura izatea, hizkuntz programa berariazkoak prestatzeko hiztunaren hizkuntz ezaugarriei begiratuta.

B) Ukitutako norbanakoak edo taldeak: Barañaingo herritarrak.

C) Datuak biltzeko prozedura: datuak interesatuak emanen ditu, edo haren legezko ordezkariak, inprimaki bat betez.

D) Fitxategiaren oinarrizko egitura eta bertan sartuko diren datu pertsonalak:

a) Identifikazio datuak:

I. Izen-deiturak.

II. Zuzendaritza.

b) Ezaugarri pertsonalen gaineko datuak:

I. Adina.

II. Sexua.

III. Ama hizkuntza.

c) Ikasketen eta lanbideen gaineko datuak:

I. Prestakuntza.

E) Datu pertsonalen lagapena: fitxategiko datuak ez dira inori ez inolako entitateri lagako edo jakinaraziko, interesatua ez bada, eta ez da haiekin nazioarteko transferentziarik eginen.

F) Fitxategiaren ardura duen unitate organikoa: Barañaingo Udala.

G) Datuak eskuratu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideaz baliatzeko nora jo: Barañaingo Udala, Udaletxe plaza, zk.g., Barañain, P.K. 31010 (Nafarroa). Telefonoa: 948286310. Faxa: 948181308. Helbide elektronikoa: info@baranain.com.

H) Segurtasun neurriak: oinarrizko segurtasun plana ezarriko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Ordenantza honek indarra hartuko du behin-behineko onespenaren erabakia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hamabost egun iragan ondoren.

Bigarrena._Barañaingo Udaleko Euskararen Informazio Batzordeak, berak edo Udaleko Euskara Kontseiluak proposatuta, gaitasuna izanen du segimendu egiteko ordenantza hau betetzen ote den, baita edozein gairen gainean proposamenak egiteko hori bermatu beharrez.

Iragarkiaren kodea: L0616405