130. ALDIZKARIA - 2006ko urriaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

278/2006 EBAZPENA, irailaren 29koa, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak emana, Eguesibarko udal mugapeko 14. poligonoko 277.etik 283.era bitarteko lurzatietan, biak barne, "Eguesibarren nekazaritzako finkak hobetzea" izeneko proiektuaren arabera margak botatzeko ingurumeneko ukipenetarako baimena ematen duena. Proiektua "Agrupación San Pedro-Olaz Txipi" izeneko elkarteak sustatu du.

2006ko maiatzaren 3an Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumeneko ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Proiektua Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legearen 2.C eranskineko O) letran sartuta dago. Beraz, ingurumeneko ukipenetarako baimena behar du.

Foru lege horren 28. artikuluak ezartzen du eskaria aurkeztu eta lau hilabeteko epean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak ingurumeneko ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpen arrazoitua emango duela.

4/2005 Foru Lege horren 25.2 artikuluak ezartzen du ingurumeneko ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumeneko ukipenetarako baimena ematea Eguesibarko udal mugapeko 14. poligonoko 277.etik 283.era bitarteko lurzatietan, biak barne, "Eguesibarren nekazaritzako finkak hobetzea" izeneko proiektuaren arabera margak botatzeko. Proiektua "Agrupación San Pedro-Olaz Txipi" izeneko elkarteak sustatu du, eta ondoko baldintza hauek bete beharko dira:

_Isurketa eremu horretarako aurreikusitako erabilera ez galarazteko moduan eginen da, izan ere, aukeratu den kokalekua eskualdeko hirigintza arauetan egoitza-eremu gisa sailkatutako alde batean baitago.

_Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak ondoko zehaztapen hauek ezarri ditu.

a) Egin beharreko lur betetzea NA-231 (Aranguren ibarra) errepidearen jabari publikoaren eremutik kanpo kokatu behar da, alegia, zelaitzearen kanpoko ertzetik 3 metrora gutxienez.

b) Bide segurtasuna dela bide, ezin izanen da egun dagoen fabrika-obraren luzapen gisa ur ibilgua hodiz bideratu. Ibilgailu bat finken alde batetik bestera pasatzeko hodi bat egiteko baimena baizik ez da ematen.

c) Betetze lanek ez dute errepidetik edo egun dagoen fabrika-obratik heldu diren euri uren jarioa oztopatuko.

d) Segurtasun arrazoiak direla eta, finketarako sarbide bakar bat egiteko baimena ematen da; sarbide horrek 175 metroko ikuspena beharko du, gutxienez, bi aldeetara. Sarbidearen luzerak bide emanen du hortik sartu eta atera behar duten ibilgailuak kontrako erreian sar ez daitezen. Galtzadara urik edo lokatzik batere ez ateratzeko eta lehenbiziko 10 metroetan %4ko malda ez gainditzeko behar diren lanak eginen dira, baita hormigoi edo aglomeratu bidezko zolaketa ere.

_Ingurumeneko ukipenen azterlanean aurreikusitako neurriak hartuko dira kontuan, bereziki lurbeltzaren geruza kentzea, materialen ekarpena (margak baizik ez baitira izanen), gehienez 3H:2V malda duten ezpondak ateratzea lurzati multzoko hegoaldeko eta ekialdeko mugetan, 50 cm-ko lurbeltz geruza batez estaltzea eta ezponda berrietan bertako espezieak erein eta landatzea.

_Lurzatiaren hegoaldeko mugan, hor dagoen ur-bide txiki batetik gutxienez 1,5 metroko aldea utziko da, ur-bidean eta hari lotutako landaredian pilaketarik izan ez dadin. Babes-zerrenda horren jarraipen gisa aurreikusitako ezponda berrian sahatsak eta bertako zume jatorrak landatuko dira.

_Sustatzaileak txosten arkeologiko bat eskatu beharko dio Kultura eta Turismo Departamentuko Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalari. Obrak hasi atzin, txosten hori Eragina Aztertu eta Lehengoratzeko Atalean aurkeztu beharko da.

Bete beharreko 278. lurzatian dauden bi zutabe elektrikoei dagokienez, hariteriaren ardura duen enpresak agindutakoari jarraikiko zaio.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Eguesibarko Udalari eta interesatuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko irailaren 29an._Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0615869