130. ALDIZKARIA - 2006ko urriaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

72/2006 FORU DEKRETUA, urriaren 16koa, Farmaziako laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legea, farmaziei buruzkoa, garatzeko arauak ematen dituen 197/2001 Foru Dekretua aldatzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 20ko 13/1982 Lege Organikoko 53.1 artikuluak dioenez, Nafarroako Foru Komunitateari dagozkio barne osasun eta higiene arloan dituen eskumenak, bai eta Estatukoak diren legeak betearaztea eta garatzea ere. Kasu honetan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorra, Medikamentuari buruzko abenduaren 20ko 25/1990 Legea, eta Farmazien zerbitzuak arautzen dituen apirilaren 25eko 16/1997 Legea.

Eskumen horiek erabiliz, farmaziako laguntza arautu du farmaziei buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legearen bidez, eta lege horretaz baliatuz, uztailaren 16ko 197/2001 Foru Dekretua eman zuen, Farmaziei buruzko aipatu Foru Legea garatzeko arauak ematen dituena.

Foru dekretuak honakoak zehazten ditu: farmaziak irekitzeko, lekualdatzeko, eskualdatzeko eta ixteko prozedura, farmazietako lokalek bete beharreko baldintzak, farmazien kalitate-plana, langileen betekizunak, eta farmaziei loturiko landa-botikinak.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 35.f artikulua eta araua, edo 15/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzkoa, sistematikoki interpretatuz irtenbide berera iristen bada ere, segurtasun juridiko handiagoa izate aldera, foru dekretu honek bidea ematen du Farmazian lizentziadun titulua aurkeztu beharra ordezkatu ahal izateko Osasun Departamentuaren erregistroan titulua dagoelako adierazpenarekin.

Araua 2005eko azaroaren 16ko Auzitegi Gorenaren epaira egokitzeko xedez, araua zorrotzegia delakoan baitago, farmazia jarri eta aritzeko aretoaren prestasuna eta erabiltzeko eskubide erreala bermatzen duen titulu akademikoaren ziurtagiria erantsi beharreko eskakizuna ezabatu da.

5. artikuluko idazkera hobetu da, farmazia berria ireki bitartean, farmazia zaharra ixteko obligazioa atzeratu baita.

Farmazietan jardun dezaketen langileei buruzko zehaztapena egin da, farmazietarako indarrean den hitzarmenera egokitzeko xedez.

Azkenik, Farmazia Laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legea indarrean sartu aurretik baimenduriko farmazia aretoek bete beharreko eskakizunei dagokienez, aldi baterako araubide ezberdina aurreikusten da.

Nafarroako Farmaziako Laguntzarako Batzordeak, azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legeko 28.2.b) artikuluarekin bat etorriz, 2006ko ekainaren 26an egindako bilkuran, aurkezturiko proiektuaren aldeko txostena eman zuen.

Horrenbestez, Osasun kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin ados, eta Nafarroako Gobernuak 2006ko urriaren hamaseiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra._Farmaziako laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legea, farmaziei buruzkoa, garatzeko arauak ematen dituen 197/2001 Foru Dekretua aldatzea.

1. Azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legea, farmaziei buruzkoa, garatzeko arauak ematen dituen uztailaren 16ko 197/2001 Foru Dekretuko 4. artikuluko 2. idatz-zatiko a) eta b) letrak aldatzen dira. Honela idatzita gelditzen da:

"a) Eskatzailearen Farmazian lizentziadun titulua edo Osasun Departamentuaren erregistroan titulua dagoelako adierazpena.

b) Farmazia jarri nahi den aretoa izendatzea, honako agiriekin batera:

_Teknikari eskudun baten ziurtagiria, honakoak zehaztuz: eraikinaren egoera, azalera erabilgarria, aretoaren ezaugarriak, solairu kopurua eta beren altuerak barne, kalera iristeko bideen ezaugarriak eta irekitako edota baimendutako beste farmazietara dagoen distantzia.

_Eskalan egindako kokapen-planoak, distantzien neurketa eta aretoaren planoak, egungo banaketa eta aurreikusten den banaketa zehaztuz".

2. Azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legea, farmaziei buruzkoa, garatzeko arauak ematen dituen uztailaren 16ko 197/2001 Foru Dekretuko 5. artikuluko 1. eta 3. idatz-zatiak aldatzen dira. Honela idatzita gelditzen da:

"1. Jendearentzat irekita dauden farmaziak kokaturik dauden udalerrian bertan lekuz aldatzen ahalko dira. Aipatu lekualdaketa nahita ala nahitaezkoa izaten ahalko da eta Osasun Depatamentuaren administrazio baimena izan beharko du aldez aurretik.

3. Baimenduriko beste aretoan jendearentzako farmazia irekitzeak aurretik zegoen farmazia itxi beharra berarekin dakar."

3. Azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legea, farmaziei buruzkoa, garatzeko arauak ematen dituen uztailaren 16ko 197/2001 Foru Dekretuko 22. artikuluko 1. idatz-zatia aldatzen da. Honela idatzita gelditzen da:

"1. Osasun Departamentuak farmazietan aritzen diren farmazialari titularren, nagusien eta ordezkoen erregistro etengabea egin beharko du, baita Nafarroako Foru Komunitateko gainerako farmazietan aritzen diren farmazialariena ere."

4. Azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legea, farmaziei buruzkoa, garatzeko arauak ematen dituen uztailaren 16ko 197/2001 Foru Dekretuko 22. artikuluko 1. idatz-zatia aldatzen da. Honela idatzita gelditzen da:

"Hirugarren xedapen iragankorra._Gutxieneko azaleraren betekizuna.

Farmazia izateko aretoentzat ezarritako gutxieneko azaleraren betekizuna beste farmazia bat irekitzeko eta farmazia lekualdatzeko eskaeren kasuetan eskatzen ahalko da soilik."

Xedapen indargabetzailea.

Foru dekretu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak indargabetzen dira, eta zehazki uztailaren 16ko 197/2001 Foru Dekretuko agindu hauek:

a) 4. artikuluko 9. idatz-zatia.

b) 8. artikuluko 1. idatz-zatiko bigarren lerroaldea.

c) 14. artikuluko 3. idatz-zatia.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa._Garatu eta betetzeko egokitzapena.

Ahalmena ematen zaio Osasun kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena._Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2006ko urriaren 16an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Osasun kontseilaria, María Kutz Peironcely.

Iragarkiaren kodea: F0616569