12. ALDIZKARIA - 2006ko urtarrilaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, 2006ko urtarrilaren 9koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Ebroko Ardatza NA-134 errepidean, Mendabiako, Lodosako, Andosillako, Azagrako, Milagroko, Valtierrako eta Arguedasko saihesbideei buruzko Azterlan informatiboa, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu, jendaurrean jarri eta ukiturik gertatzen diren udalentzako entzunaldia irekitzen duena, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioak eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioarenak izan ditzan.

2005eko ekainaren 7an, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan "Ebroko Ardatza NA-134 errepidean, Mendabiako, Lodosako, Andosillako, Azagrako, Milagroko, Valtierrako eta Arguedasko saihesbideei buruzko Azterlan informatiboa aurkeztu zen, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioak eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioarenak izan zitzan.

I._Agiriak.

Azterlan informatiboak hiru agiri ditu: txostena, planoak eta ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana.

Txostenak hamar kapitulu ditu, non ingurunearen alderdi naturalak, sozioekonomikoak eta ondareari buruzkoak aztertzen diren saihesbidez saihesbide eta, orobat, alternatiba bakoitzaren alderdi ekonomikoak, errentagarritasunari buruzkoak eta trafikoari eta funtzionaltasunari buruzkoak. Era berean, saihesbide bakoitzerako aintzat hartutako alternatibak zehazten dira eta, metodologia jakin bat aplikatuz, alternatiba guztiak azaldu, baloratu eta konparatzen dira, gero kasuan-kasuan egokiena dena proposatzeko.

Planoetan ondoko hauek adierazi dira: proposaturiko saihesbide bakoitzaren alternatiba guztien plantako trazadurak 1/5.000 eskalan emanak, luzetarako profilak eta saihesbide bakoitzaren sekzio-eredua. Horrez gain, alternatiba bakoitzak ingurune naturalarekin (geologia, edafologia, hidrologia, paisaia, fauna, biotopoak) eta sozioekonomikoarekin (lurzoruaren erabilera eta hirigintza planeamendua) duen harremana aztertzen da eta, kasu batzuetan, inguruko ondarearekikoa ere (abelbideak).

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanean inguruneari eragiten zaion kaltea aztertu eta adierazten da, alternatiba guztiak konparatzeko aukera dagoela.

II._Proiektaturiko saihesbideen azalpena.

Mendabia

Mendabiarako bost trazadura aztertu dira, den-denak herrigunetik iparraldetik doazenak. Hegoaldeko trazadurek Ebroren ibarreko ureztaketa lurrak ukituko lituzkete. Denetan proposatzen da Elizagorriko NA-6310 errepidearekin eta A-12arekin lotzea. Trazaduren ezberdintasunak funtsean herriko mendebaldean agertzen dira. Gainera, bi alternatibaren trazadura beste birena bezalaxekoa da, erabiliko diren zubibideen luzera izan ezik.

Bost aukera horietatik azterlanean 1.b alternatiba hautatzea proposatzen da, 5,6 km-koa, baloratuena baita. Alternatiba hori mendebaldetik herrigunetik gehien aldentzen dena da _aurreikusitako industrialdeak eta egun dagoen lantegi bat hartzen ditu_, eta zubibide laburragoak ditu, 1a alternatibarekin alderatuz gero. 2a eta 2b herrigunetik mendebaldera aurreikusita dagoen industri garapena baldintzatzen dute, aipatutako lantegia saihesbidetik kanpo uzten baitu. Azkenik, 3 alternatiba, hirigintzako aurreikuspenekin bat etorri eta herrigunetik hurbilena izan arren, herrigunearen eta aurreikusitako industrialdearen artean joanen litzateke, baina NA-6310 errepidearekin lotura egiteko tokirik ez da gelditzen.

Lodosa

Lodosako saihesbiderako hiru alternatiba proposatu dira, denak herriaren iparraldetik doazenak. Denetan aurreikusten da Sesmako NA-129 errepidearekin eta Sartagudako NA-129 errepidearekin lotzeko bideak egitea. Ipar-ekialdeko tartea berdina da hiru alternatibetan. Ezberdintasunak herriaren ipar-mendebaldean agertzen dira, saihesbideak eremu malkartsua igaro behar duen tokian.

Hiru aukera horietatik azterlanean 1 alternatiba hautatzea proposatzen da, 4,94 km-koa, baloratuena baita. Alternatiba hori, ipar-mendeldeko tartean, 2. alternatibaren (1.a bezalatsukoa) eta 3. alternatibaren artetik doa, izan ere 3.a herritik gehien aldentzen dena da.

Sartagudako errepidea oso-osorik hobetuko da (7,1 km) NA-123 errepidearekin lotu arte, A-68 autopistarekiko lotura berrian sartzeko ohiko bidea izan dadin.

Andosilla

Andosillari dagokionez, saihesbiderako bi alternatiba proposatu dira, biak herriaren mendebalde eta hegoaldetik Antzeko trazadura proposatzen dute. Ezberdintasunik nabarmenena "Estellerriko igeltsuak" izeneko BILarekiko distantzia da. Bi aukera horietatik azterlanean 2 alternatiba hautatzea proposatzen da, 4,4 km-koa, baloratuena baita. Alternatiba honen trazadura ia osoa zuzena da eta aipatutako BIL horretatik aldenduena da.

Orobat, saihesbidea Lizarra/San Adrian NA-122 errepidearekin lotzea planteatzen da, egun Carcar barna doan errepidea hobetuz NA-122arekin bat egin arte. Horixe da Andosillako saihesbideetarako proiektuan agertzen dena, bai NA-134 errepiderako, bai NA-122 errepiderako.

Azagra

Azagrako saihesbiderako bi alternatiba proposatu dira, geografiari begira elkarren artetik oso desberdinak diren guneetatik lihoazkeenak. Beraz, bi alternatiba ezberdin dira bene-benetan. 1 alternatiba herrigunearen hego-mendebaldetik joanen litzateke, hau da, Ebroren ibarretik, denbora guztian ezponda baten gainetik. 2 alternatiba, berriz, herrigunearen ipar-ekialdetik joanen litzateke, hots, herrigunearen gainean dauden terrazetatik eta lur malkartsuagoetatik, batez ere bi muturretan. Puntu horietan gutxieneko erradioa ezarri beharko da (310 metro) eta hirugarren erreia jarri, trazadura malda handikoa baita (% 8).

Kasu honetan, oro har hobekien baloratu den alternatiba 1 zenbakiduna baldin bada ere, alternatiba horrek alde txar bat du, hots, hidrologia, izan ere, trazadura hori aukeratuz gero, Ebroren ibarrean ibaiaren uholdeetarako ordokia nabarmen aldatuko luke eta horregatik ez da komeni alternatiba hori hautatzea. Hortaz, azterlanaren arabera 2 alternatiba da egokiena. Trazadura hori 5,485 km luze da.

Milagro

Milagroko saihesbiderako, lau aukera aztertu dira, denak herrigunearen hegoaldetik. Denek Milagro-Aezkoa errege-altxonbidea ukitzen dute eta denetan da beharrezkoa Aragoi ibaia gainditzeko zubi berri bat egitea.

Herriaren mendebalde partean, 1, 2 eta 4 alternatiben trazadura berdina da. 3 alternatiba, berriz, gehiago hurbiltzen da herrira _geroko hirigintza garapena baldintza lezake _, nahiz eta erditik aurrera 2 alternatibaren trazadurarekin bat datorren. Trazaduraren erdiko aldean eta ekialdean, Aragoi ibaia gainditu ondoren, alternatiben arteko aldaketak ez dira oso nabarmenak. 1 alternatibari dagokionez _inguru honetan herritik hurbilena da_, trazadura Milagrori eusten dion "plataforma" mugatzen duen Ebroren ibarraren gaineko malkarretik hurbilago eramatea proposatzen da; 2 alternatibaren trazadura hobea da kalitatez, baina aurrekoak baino ukipen gehiago sortzen ditu; 4 alternatiba denetan luzeena da eta trazadurak mugatzen duen eremua nekazaritzarako edo abeltzaintzarako ustiatzea proposatzen du.

Lau aukera horietatik azterlanean 4 alternatiba hautatzea proposatzen da, 6,7 km-koa, baloratuena baita.

Valtierra - Arguedas

Bi herri hauetarako, ingurabide bat proposatzen da. Bi alternatiba aztertu dira, herri horien hego-mendebaldetik. Valtierrako mugapean, bi alternatibek trazadura bera dute. Aurrerago bereizten dira, nahiz eta paralelo doazen, Arguedasko zuzenarekin lotu arte, herri horren hegoaldean. Alternatiben erdiko puntu batean, lotura bat egitea proiektatu da, bi herrietara eta bien artean dagoen baterako industrialdera sartzeko.

Bi aukera horietatik azterlanean 1 alternatiba hautatzea proposatzen da, 7,125 km-koa, baloratuena baita. Alternatiba hau Arguedasko herrigunera gehien hurbiltzen dena da. Egun dauden bideak egokitzea proiektatu da, landalurrak eta lurzatien berrantolamenduaren ondorioz ezarri den ureztaketa sarea ahalik eta gutxien ukitzeko.

Hautatzea proposatu den alternatiba bakoitzaren eraikuntza kostua eta saihesbide guztien ondoriozkoa hauxe da:

Mendabia: 6.836.664 euro.

Lodosa: 11.126.776 euro.

Andosilla: 5.699.107 euro.

Azagra: 6.230.432 euro.

Milagro: 8.929.997 euro.

Valtierra - Arguedas: 6.818.597 euro.

Guztira: 45.641.573 euro.

Andosilla eta Valtierra - Arguedas saihesbideen kasuetan, proposatuariko alternatibak merkeenak dira. Lodosako eta Azagrako kasuetan, proposaturiko alternatibak garestienak dira, merkeena baino 285.800 euro eta 458.122 euro garestiagoak, hurrenez hurren. Mendabiarako proposaturiko alternatiba merkeenetan bigarrena da, merkeena baino 516.568 euro garestiagoa baita. Milagroko kasuan, proposatu den alternatiba hirugarren dago. Merkeena baino 793.038 euro garestiagoa da. Alternatibarik merkeenak proposatu izan balira, denen kostu osoa 43.588.045 eurokoa izanen zen, hau da, proposatu dena baino 2.053.528 euro gutxiago (% 4,5).

III._Espedientearen izapidaketari buruzko hasierako gogoeta.

Aurkeztu den azterlan informatiboak, saihesbide bakoitzaren trazadurarako alternatibak biltzen dituenak, alternatibak garatu eta zehaztapenak finkatzeko orduan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 44. artikuluan Udalez gaindiko Proiektu Sektorialentzat eskatzen den gutxieneko edukia jaso da. Hau da, saihesbide bakoitzerako proposaturiko aukerabide guztiak Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklara litezke.

Bestalde, lehen adierazi den bezala, azterlanean aukerabiderik egokienak gomendatzen dira. Dena dela, horrek ez du esan nahi aukerabide horiek direla nahitaez azkenean aukeratuko direnak, besteak beste, espedientea jendaurrean egoteko aldian eta interesaturik dauden departamentuen txostenetan adierazten dena ere kontuan hartu beharko baita.

Horregatik, aipatutako foru legearen 45. artikuluan ezarritakoaren arabera, UPS bat onesteko lehenengo administrazio egintza kasuan kasuko proiektua Udalez gaindiko Proiektu Sektorial gisa deklaratzea dela eta kontuan harturik proiektuak legearen 44. artikuluan ezarritako edukia jaso behar duela eta, kasu honetan, azterturiko alternatiba guztiek baldintza hori betetzen dutela, logikoa da deklarazioak espediente osoa hartzea eta jendaurrean jarri ere espediente osoa jartzea, bai ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioaren ondorioetarako, bai espedientea jendaurrean egon ondoren azkenean hautatzen diren alternatibak UPS gisa onestearen ondorioetarako.

IV._Lurraldearen eta hirigintzaren gaineko gogoeta.

Planteatzen diren saihesbideak eta, bereziki, proposatu diren alternatibak lurraldearen eta hirigintzaren ikuspegitik azterturik, ondorioa da, oro har, zuzenak eta helburuen araberakoak direla: trazadurek ahal den neurrian natur balioa duten edo oso emankorrak diren lurrei kalte egitea saihesten dute; horrez gainera, saihesten dituzten herriguneekiko kokaerari dagokionez, horien balizko hirigintza garapena aski ahalbidetzen dute. Azkenik, inguruko bide-sistemarekin ahalik hobekien konektatzeko behar diren lotuneak ezartzen dira.

a) Lotuneak.

Mendabiako saihesbidean, herrira sartzea NA-6310 errepidearekiko lotunetik egitea aurreikusi da. Saihesbidea mendebaldean abiatzen den tokian, komenigarria litzateke mugimendu guztiak egiteko moduko bidegurutze bat egitea, ekialdean proiektatu denaren antzekoa.

b) Hirigintzako ukipenak.

Mendabiako kasuan 1.a) eta 1.b) alternatibek ez dituzte hirigintzako zehaztapenak ukitzen eta, horrexegatik, garbi baino garbiago dago horietako alternatiba bat aukeratu beharko litzatekeela besteen aldean, batez ere 2.a) eta 2.b) alternatiben aurretik, horiek industrialdea baldintzatuko bailukete. (3 alternatibak askoz ere gutxiago ukituko luke hirigintza planeamendua).

Lodosan, saihesbidea mendebaldean abiatzen den tokitik NA-129 errepidea bitarteko tartean, hautatzea proposatzen den 1 alternatibaren ezpondek eta 2 alternatibakoek ere (1 alternatiba bezalatsukoa baita) lurzati urbanizagarri bat ukituko lukete neurri batean. Badirudi teknikoki posible dela saihesbidearen tarte hori tokiko hirigintzako garapenekin bateragarria egiteko moduko irtenbidea jasotzea eraikuntza priektuan.

Azagran, berriz, 1 alternatibak lurzoru urbanizagarri bat zertxobait uki lezake, mendebaldetik abiatzen den aldean. Dena dela, 2 alternatiba hautatzea proposatu da.

Milagron 1, 2 eta 3 alternatibek dotazioetarako 4. jarduketa unitatea ukituko lukete (U.A.D.-4) hegoaldeko muturrean. Baita 4 alternatibak ere, hots, hautatzea proposatu denak, baina kasu honetan eragina oso txikia da. 3 alternatiba, azkenik, okerren baloratu dena da eta oso onarpen sozial txikia du. Gainera, Udalak aurreikusirik dituen industria garapena baldintza lezake.

c) Abelbideak.

Azterlanean azaltzen da Milagroko eta Arguedasko abelbideak baino ez direla ukituko, baina beste datu batzuek diote Mendabiakoak, Andosillakoak eta Azagrakoak ere ukituko direla. Nolanahi ere, abelbide horiek ukituz gero, Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko19/1997 Foru Legean ezarritakoaren arabera jokatuko da.

d) Ukituko diren zerbitzuen artean, gas sarea sartu beharko litzateke, Valtierra-Arguedasko saihesbidearen kasuan. Horrez gainera, saihesbide horri berari dagokionez, saihesbideak Nafarroako Ubidearen bigarren faseko trazadura nola gainditu aztertu beharko litzateke, bi herrien artean dagoen sarbidearekiko paralelo baitoa.

Era berean, badirudi Lodosako, Azagrako eta Milagroko saihesbideek Miranda de Ebro - Iruña - Zaragoza oliobidea ukituko dutela, Mendabiako saihesbidetik oso hurbil egonen delako.

V._Ondare arkeologikoaren gaineko ukipenei buruzko txostena.

Kultura eta Turismo Departamentua-Vianako Printzea Erakundeko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak 2005eko abuztuaren 16an egindako txostenak zera dio:

_Mendabiako saihesbidea: proposatu diren alternatibetatik bakar batek ere ez du ukitzen herri horretan inbentariatu diren aztarnategi arkeologikoak, nahiz eta ezin daitekeen erabat baztertu 3 alternatibak "Bellavista" izeneko aztarnategia ukitzea, trazaduratik hurbil dagoelako. Nolanahi ere, saihesbidearen exekuzio proiektua erredaktatzeko orduan ahalegin berezia eginen da "Majaelpozo" eta "Beraza" izeneko aztarnategiek okupatzen dituzten lurrak ez sartzeko, proposatu diren alternatibak haien mugetatik oso hurbil baitaude.

_Lodosako, Andosillako, Azagrako eta Milagroko saihesbideak: Saihesbide horietarako proposatu diren alternatibetatik bakar batek ere ez ditu herri horietan inbentariatutako aztarnategi arkeologikoak ukitzen. Hortaz, denek aldeko txostena dute.

_Valtierra-Arguedasko saihesbidea: 2 alternatibaren trazadurak ez du katalogaturik dagoen inolako elementurik ukitzen eta, hortaz, aldeko txostena du. 1 alternatibak, berriz, "Peralaza" izeneko aztarnategi arkeologikoa ukitzen du zuzenean eta "La Alberca" izenekoa zeharka. Biak erromatarren garaikoak dira eta Nafarroako Inbentario Arkeologikoan katalogaturik daude, 09-31-032-0043 eta 09-31-032-0001 kodeak dituztela, hurrenez hurren. Hortaz, 1 alternatiba horrek "Peralaza" aztarnategiari eragin diezaiokeen kaltea kritikoa izan daitekeenez eta "La Alberca" aztarnategikoa larria, exekuzio proiektuan aztarnategi horretako lurrak okupatzea saihestea agintzen da edo, bestela, haren aurretik Ondare arkeologikoaren gaineko Eraginaren Azterlana egitea, non ondareari eragiten zaizkion kalteak zuzentzeko neurriak jasoko diren.

Azkenik, txostenean bi neurri orokor jaso dira:

_Aztertu diren saihesbide guztien ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanetan, oro har, obra fasean segimendu arkeologikoa egin beharra planteatu beharko da, hain zuzen ere, lur beltza ateraz oinarrizko maila geologikoetara iritsi arte. Hori dela eta, arkeologiako teknikariek lur-mugimendua dakartzaten lan guztien gaineko kontrola egin beharko dute. Neurri hori obrak egiteko proiektu teknikoetan bilduko da, eta horretarako behar den dirua utziko da.

_Obra horiei loturiko edozein lur-mailegu edo pilaketa egiteko, proiektuan jasotzen den kasuetan, Ondare Arkeologikoaren Bulgoaren adostasun txostena beharko da, eta horrelakoetan ere aurreko lerroaldean azaldutako prebentzio-neurria beteko da.

VI._Ingurumen arloko zehaztapenak.

Aurkezturiko azterlan informatiboak zazpi saihesbideren proiektuari eta haien eraikuntzari buruzkoa da; jarduketa hori ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legearen 3C eranskineko 4C) atalean sartuta dago eta, hortaz, ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedura bete behar du.

Horrenbestez, dokumentazioa osorik aurkeztu denez, ondare arkeologikoari dagokiona izan ezik, ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana eta aurkeztu den azterlan informatiboa osatzen duten gainerako agiriak jendaurrean jarri behar dira hilabete batez, zehaztapen hau eginda: ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioa egin aurretik, Kultura eta Turismo Departamentua-Vianako Printzea Erakundeko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak 2005eko abuztuaren 16an egindako txostenean ezarritako jarduketa eta neurriak jaso beharko dira espedientean.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Ebroko Ardatza NA-134 errepidean, Mendabiako, Lodosako, Andosillako, Azagrako, Milagroko, Valtierrako eta Arguedasko saihesbideei buruzko Azterlan informatiboa, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedatutakoaren ondorioetarako.

2. Sustatzaileari adieraztea, ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioa egin aurretik, Kultura eta Turismo Departamentua-Vianako Printzea Erakundeko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak 2005eko abuztuaren 16an egindako txostenean ezarritako jarduketa eta neurriak jaso beharko dituela espedientean.

3. Azkenean hautatzen diren alternatiben eraikuntza proiektuan erabaki honen azalpen zatiko lurraldearen eta hirigintzaren gaineko gogoeta izeneko atalean bildutako guztia kontuan hartu beharko da. Bestalde, abelbideen gaineko ukipenei dagokienez, Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko19/1997 Foru Legean ezarritakoaren arabera jokatuko da.

4. Espedientean jendaurrean jartzea eta proiektuaren eraginpeko udalei entzunaldia ematea, hilabete batez, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2000 Foru Legearen ondorioetarako eta Ingurumenaren gaineko Eragina Ebaluatzeko prozeduraren ondorioetarako. Bi tramite horiek batera eginen dira.

Hartarako, espedientea interesatuen eskura egonen da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan (Armadaren etorbidea, 2 - 2. oina, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

5. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta, behar diren ondorioak izan ditzan, honakooi jakinaraztea: Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari eta Mendabiako, Lodosako, Andosillako, Milagroko, Valtierrako eta Arguedasko udalei.

Iruñean, 2006ko urtarrilaren 9an.__Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0600623