3. ALDIZKARIA - 2005eko urtarrilaren 7a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ESTERIBAR

Udalaren kiroldegiaren eta igerilekuen erabilpena arautzen duen ordenantza

Udalak 2004ko irailaren 3ko osoko bilkuran hartutako erabakiarekin bat eta jendaurrean egoteko epea iraganik (2004ko 118. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, urriaren 1ekoa) inork alegaziorik aurkeztu gabe, Esteribarko Udalak, 2004ko azaroaren 8an egin osoko bilkuran, aho batez onetsi zuen ondotik ematen den ordenantzaren testua, eta agintzen da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko.

Esteribarren, 2004ko azaroaren 11n._Alkatea, Francisco Javier Borda Garde.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Udalaren kirodegia eta igerilekuak jabari publikoko ondasunak dira eta, beraz, zerbitzu publiko, batez ere kirol, kultura eta gizarte mailako helburuak dituena.

2. artikulua. Ordenantza honen xedea da arau multzo bat ematea, kirol, kultur, gizarte eta aisia jardueren plangintza egiteko helburu, onura hauek lortzearren:

1. Instalazioak era egokian eta antolatuan erabiltzea, herritar guztiek haiek erabiltzeko aukera berak izan ditzaten.

2. Eskura diren baliabide material eta giza-baliabide guztien aprobetxamendu osoa.

3. Ahaleginak eta jarduerak koordinatzea.

4. Jarduerak erraz kontrolatzea.

3. artikulua. Jarduera edonolakoa dela ere, Esteribarko Udalak betiere esku-hartze administratiboa, kontrola eta zainketa eginen ditu, baita agintaritzari dagozkion eginkizun guztiak ere, baldin eta bere eskumenekoak badira.

4. artikulua. Udalaren osoko bilkurari dagokio:

a) Ordenantza hau onetsi, aldatu edo baliogabetzea.

b) Udalerrian kirol jarduerak sustatzea, egiten diren ahalegin eta ekimen guztiak ikuspegi zabal batekin koordinatuz, bertze erakunde batzuei dagozkien eskumenak deusetan ukatu gabe.

c) Kirolak bideratu eta sustatzea.

d) Inbertsio planetatik sortutako betebeharrei eta instalazioen gastu arruntei aurre egiteko, urtero behar diren kredituak zehaztea.

e) Erabiltzeko tasak finkatzea. Horiek Esteribarko Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean zehazten dira.

f) Instalazioetako ordutegia finkatzea. Horiek Erabilera eta Funtzionamenduari buruzko Erregelamenduan zehaztuko dira.

g) Nafarroako Gobernuari, erakunde publikoei, enpresa pribatuei eta partikularrei dirulaguntzak eta bertzelako laguntzak eskatzea eta haiek emandakoak onartzea.

h) Ordenantza hau interpretatzea eta sortzen diren zalantzak argitzea.

5. artikulua. Alkateari edo honek eskuordeturiko pertsonari hauek dagozkio:

a) Instalazioak zuzendu eta zaintzea, eta zerbitzuak antolatzea.

b) Instalazioen erabilera, eta kirol eta kultur jardueren programak koordinatzea. Horretarako, bertzeak bertze, instalazioak erabiltzeko baimenak emanen dizkie kirol, kultur, eskola eta gizarte alorretako entitateei.

c) Instalazioak erabiltzeko ordutegia eta oporrak edo konponketak direla-eta egiten diren itxialdiak finkatzea, arrazoiturik. Bandoen bidez jakinaraziko da hori guztia, deusetan ukatu gabe ohiko erabiltzaileei banan banako jakinarazpena egitea.

d) Gastuak xedatzea, bere eskumenaren mugak eta aurrekontuko kredituak gainditu gabe.

e) Legez ezarririko tasak eskuratzea baimentzea.

f) Jarduerak ikuskatzea eta ordenantza honen aurkako arau-hausteak zehatzea.

g) Legeek ematen dizkioten gainerako ahalmenak, bai eta Udalari eman eta espresuki osoko bilkuraren esku uzten ez diren gainerakoak ere.

Ikusleen eskubideak eta eginbeharrak

6. artikulua. Instalazioetan antolatzen diren kirol, kultur eta gizarte egintzetako sarrera dohainekoa izanen da.

Sarrera ordaindu beharra dakarren edozein jarduera antolatzeko, Alkatetzak emandako baimen idatzia beharko da.

7. artikulua. Instalazioetan ez da animaliarik sartuko.

Itsu-zakurrak sartzen ahal dira, baldin eta identifikatuta badaude, beren lana egiten badihardute, eta higiene eta osasungarritasun baldintzak betetzen badituzte, Ikusmen urriko pertsonak itsuaurreko zakurrekin tokietan sartzeari buruzko urriaren 8ko 10/1993 Legearen arabera.

Instalazioen erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak

8. artikulua. Erabiltzaileek instalazioak erabiltzen ahal dituzte, haien izaera, baimendutako jarduerak, federazio arauak eta ordenantza honek erabilera horri buruz ezarritako arauak kontuan izanik.

9. artikulua. Edozein erabiltzailek dauka eskubidea bidezko juzgatzen dituen erreklamazioak eta iradokizunak aurkezteko arduradunari edo, idatziz, Alkatetzari.

10. artikulua. Instalazioak kirola eta, inoiz, bertze jardueraren bat egiteko erabiltzen dituzten entitateak, elkarteak eta partikularrak, honela sailkatzen dira:

1. Ohikoak: beren jarduna programatua dutenez, instalazioak aldizka edo sarri erabiltzen dituztenak.

2. Noizean behinekoak.

11. artikulua.

1. Debekaturik dago berdeguneetan burua orraztea. Erabiltzaileek komunetara edo horretarako instalazio egokietara jo beharko dute. Gauza bera niniei xatarrak aldatzeari eta gisakoei dagokienez.

2. Arropa aldatzeko tokia aldagelak dira.

3. Debekaturik dago berdeguneetan eta hondartzetan futbolean edo bertze kiroletan aritzea, traba egiten ahal bazaie bertze erabiltzaileei.

4. Uretan sartu aitzin, denek dutxatu behar dute (plisti-plasta aritzeko igerilekura sartu ezik), baita bainatzeko txanoa jantzi ere.

5. Espresuki debekaturik dago igerilekuetara sartzeko dutxetan burua nahiz soina txanpu edo xaboiak erabiliz garbitzea. Horretarako bereziki dauden zerbitzu eta dutxak erabili behar dira.

6. Uretan egonda, debeku da pilotekin aritzea, zakarki jostatzea, jauzika murgiltzea edo horrelatsuko zakarkeriak egitea, traba egiten ahal bazaie bertze erabiltzaileei.

7. Plisti-plasta aritzeko igerilekua haur tikiendako da bakarrik. Handiendako jostetarako igerilekua dago.

8. Debekatua dago idortu gabe edo oinutsik ibiltzea instalazioen barnean.

9. Aldagelez edo dutxez baliatzeko, partikularrek txankletak edo gisako oinetakoak erabili beharko dituzte, debekatua baitago oinutsik dutxatzea.

10. Instalazio guztiak eta haien elementu guztiak zaindu behar dira.

11. Instalazioei, berdeguneei eta arboladiari egiten zaizkien kalteak, egileek edo beren legezko erantzuleek ordaindu beharko dituzte. Udalak beretako gordeko du epaitegietara jotzeko aukera, kalteengatik erreklamatzeko eta litezkeen kalteordainak eskatzeko.

12. Udalak ez du erantzukizunik izanen udal igerilekuen instalazioak beren guraso, tutore edo legezko ordezkariak gabe erabiltzen dituzten adin tikikoen gainean.

13. Debekaturik dago animaliak instalazioetan sartzea.

14. Debekaturik dago igerilekuan bertze erabiltzaileei traba egiten ahal dien edozer erabiltzea (hegatsak, urpeko betaurrekoak, koltxoi puzgarriak, baloiak, pilotak, etab.).

15. Ekaitzik bada uretatik atera beharko da.

16. Erabiltzaile orok badu eskubidea igerilekuetako enplegatuei eta arduradunei eskatzeko arau hauek bete daitezela.

17. Debekatuko zaie sarrera eritasun infekto-kutsakorren zantzurik duten pertsonei.

18. Udal igerilekuetako mantenimendu arduradunek erabakitzen dituzten jarraibide eta arauei men egin beharko zaie beti, izan ere, Udalak haiek eskuordetu baititu zaindu eta ikuskatzeko ahalmenerako.

19. Debeku da kiroletakoak ez diren oinetakoekin pistan sartzea.

12. artikulua. Instalazioetako ondasun higigarri eta higiezin guztiak errespetatzeko konpromisoa hartzen dute erabiltzaileek. Ondasun horietan egin kalteak egileak berak edo haren ordezkari legalak ordainduko ditu. Udalak auzibidera jo dezake kalteak eta kalte-ordainak erreklamatzeko.

Erabiliko duten materiala erabiltzaileek paratu eta kendu beharko dute, arduradunari horren berri emanda.

13. artikulua. Ordenantza honetako arauen aurkako jokabidea duten erabiltzaileei zein ikusleei, edo une horretan instalazioan dauden pertsona edo gauzak errespetatzen ez dituztenei instalaziotik ateratzeko aginduko zaie.

Jardueretarako baimenak eta jardueren koordinazioa

14. artikulua. Noizean behineko erreserbak instalazioetan eginen dira edo 948 304007 telefonora deituta; arduradunekin hitz egin beharko da, eta eguna, ordua eta erabiltzailearen izena adieraziko zaizkie.

Kirol, kultur eta hezkuntza elkarteek idatziz adierazi beharko diote Udalari eta horrek esleipen hartzaileari aditzera eman denboraldi hasieran (ikasturtea), betiere hilabete lehenagotik, zein diren beren jardueren egutegia, entrenamendu saio edota gimnasia klaseak, eta zehaztu zein egun, ordu eta zein jarduera nahiz kirol mota egin gogo duten, eta horretarako behar den baimena eskatu.

15. artikulua. Eskola orduetan, Xabier Zubiri ikastetxe publikoak izanen du lehentasuna:

Eskola orduetatik kanpo, Udalerriko kirol eta kultur entitate eta elkarteek izanen dute lehentasuna.

16. artikulua. Jarduera baterako zehaztutako eta baimendutako denbora igarotzen denean, protagonistek pistatik alde egin beharko dute, bereziki ondoren bertze jarduera bat badago.

17. artikulua. Jarduera egin duten taldeek erabiliko dituzte aldagelak, ez bertze inork, eta gehienez ere ordu erdi egonen dira, jarduera bukatu ondoren.

18. artikulua. Aldageletako giltzak arduradunak emanen ditu, eta hari zaizkio itzuliko, bukatutakoan.

19. artikulua. Kasu berezietan, alkateak badu eskubidea ordu tarte batean edo gehiagotan erabilera baimena baliorik gabe uzteko, baldin eta eskaera berezi bati erantzun beharra suertatu edo Udalak antolatu egintzak gauzatu nahi badira. Betiere, ukituek horren berri izanen dute, gutienez 10 egun lehenagotik eta, posible bada, erabiltzeko baimena bertze egun edo ordu batera aldatuko da.

20. artikulua. Instalazioak erabiltzeko baimena eskuratzeko baldintza tasa ordaintzea da.

Behin baimena lortutakoan, instalazioak ez erabilita ere, tasa ordaindu egin beharko da, deusetan ukatu gabe baimena kentzea, erreserbatutako orduetan behin eta berriz ez erabiltzeagatik.

Instalazioak mantendu eta zaintzea

21. artikulua. Instalazioen segurtasuna, osasungarritasuna eta apaintasun publikoa zainduko dira.

22. artikulua. Instalazioen arduradunek ematen dituzten jarraipideak eta aginduak beteko dira, betiere.

Instalazioen arduradunari jakinaraziko zaio baldin eta okerren bat ikusten bada edo jardueretan era normalean arituta kalteren bat egiten bada.

23. artikulua. Udalak ez du inoiz ere erantzukizunik izanen aldageletan eta armairuen barnean utzitako gauzen gainean.

24. artikulua. Instalazioetan publizitate finkoa ezartzeko, mezua gauzatzeko edozein euskarri erabiltzen dela ere, aldez aurretik baimena lortu eta dagokion tasa edo prezio publikoa ordaindu beharko da.

Ezin izanen da publizitaterik ezarri baldin eta euskarriak duen forma, kolore, marrazki edo hitzengatik bertako seinaleekin nahas badaiteke, ikustea eragotz badezake edo ikusleen nahiz erabiltzaileen segurtasunari kalte egin badiezaioke.

Arau-hausteak eta zehapenak

25. artikulua. Ordenantza honen aurkako arau-haustea da bertan ezarritako betebeharrak edo debekuak osotara nahiz partez ez betetzea.

26. artikulua. Hauek dira arau-hauste arinak:

_Aldageletan eta barneko dutxetan behar ez bezalako oinetakoekin ibiltzea.

_Igerilekuaren eremuan erretzea.

_Bainua baino lehen es dutxatzea, eta txankletarik edo bainatzeko txanorik ez erabiltzea.

_Esparruan edozein animalia sartzea.

_Instalazioko funtzionamendu orduak ez errespetatzea.

_Behar den jokabidea eta errespetua ez agertzea gainerako abonatuekin.

_Igerilekuaren instalazioak zikintzea.

_Igerilekuetako eremuan (berdegunea) edo hondartzan jatea edo berinazko elementuak edo ezpaletan zatitu daitezkeen bertze materialetakoak erabiltzea.

_Berdeguneetan burua orraztea, baita ninien xatarrak edo gisakoak aldatzea ere.

_Instalazioen funtzionamendu egokia lardaskatzea, gainerako erabiltzaileei traba egiten ahal dieten oihuak eginez, baita lasterka, jauzi edo bulka egitea, edo gainerako erabiltzaileei traba egin edo beroriek arriskutan jar ditzakeen edozein ekintza, eta oro har gainerako erabiltzaileak gogaitzen ahal dituen edozein gauza egitea.

_Aulkiak, etzaulkiak, etab. sartzea, horrexetarako ezartzen den aldean izan ezik.

_Muskulazio aretoan karrikatik ekartzen den arropa berarekin sartzea.

_Bihotz-makinak sobera denboraz erabiltzea (20 minututik goiti), bertze erabiltzaile batzuk esperoan daudenean.

_16 urte baino gutiago dituztenak, negua bitartean, instalazioan sartzea haiekin abonatu erantzule bat ez bada, eta udan gauza bera 8 urtetik behetikoentzat.

_Erregelamendu honetan ezarritakoari kontra egiten ahal dion bertze edozein jarduketa, larritzat edo oso larritzat hartzen ez bada.

Arau-hauste horiek zehapen hauetariko bat izanen dute:

1. Aldi baterako bidaltzea, gehienez ere zazpi egunetarako, eta aldi horretan abonu eskubide guztiak galtzea.

2. Kargu hartzea.

3. Gainera, berdeguneetan paperak, botilak edo bertze edozer botatzeak 12 euroko isuna ekarriko du beti.

Arau-hauste eta zehapen arinak hamabortz egunen ondotik preskribituko dira.

27. artikulua. Hauek dira arau-hauste larriak:

_Instalazioen ardura duten langileen erranei kasurik ez egitea, baita langile arduradunak iraintzea edo errespetu galtzea.

_Instalazioak edo materialak hondatzea, funtzionamenduari kalte larririk egin gabe.

_Instalazioetan begibistan mozkor edo drogak jota sartzea.

_16 urtetik behetikoak muskulazio aretoan sartzea, baita 18 urtetik behetikoak ere saunan.

_Instalazioan sartzea abonatua izan gabe.

_Jostetan eta kirolean aritzea horretarako prestaturik ez diren tokietan.

_Komunak eta aldagelak behar diren kasuetan ez erabiltzea.

_Bertze sexuarendako soilik diren eremuetan sartzea.

_Hutsegite arinetan berrerortzea.

Horrelako arau-hausteek honako zehapen hauek izanen dituzte:

1. Aldi baterako bidaltzea, gehienez ere hamabortz egunerako, eta aldi horretan abonu eskubide guztiak galtzea.

Arau-hauste eta zehapen larriak sei hilabetetan preskribatuko dira.

28. artikulua. Hauek dira arau-hauste oso larriak:

_Instalazioetan sartzeko txartelak edo bertako giltzak faltsutzea.

_Bertze erabiltzaile batzuen, ikusleen edo instalazioen arduradunen kontra gatazka, zalaparta, eraso fisiko edo hitzezkotan ariz instalazioen funtzionamendu egokia urratzea.

_Instalazioak edo materiala ebastea, lapurtzea edo hondatzea, funtzionamenduari kalte larria eginez, eta berdin erabiltzaileen gauzak.

_Instalazioen barnean drogak saldu edo kontsumitzea.

_Inor edozein arma mota aldean daramala instalazioetan sartzea.

_Instalazioetan ezarritako ordutegitik kanpo sartzea.

_Arau hauste larrietan berrerortzea.

_Arau-hauste oso larriek honako zehapen hauek izanen dituzte:

1. Instalazioetan sartzeko debekua denboraldiaren gainerakoan.

Arau-hauste eta zehapen oso larriak lau urtetan preskribituko dira.

29. artikulua. Arestian adierazi zehapenez gain, 120 euroko isuna ezartzen ahalko da, berdeguneetan paperak, botilak eta bertze edozer botatzeagatik izan ezik, horrek 12 euroko isuna ekarriko baitu.

30. artikulua. Zehapenak aplikatzeko, irizpide hauei jarraituko zaie horiek zehazterakoan:

1._Nahita egitea.

2._Egitatea ezkutateko asmoa.

3._Zerbitzuari nahasmendua ekartzea.

4._Instalazioei eta kirol materialari egindako kalteak, baita erabiltzaileen gauzei ere.

5._Berrerortzea.

6._Partaidetza maila.

7._Arau-haustea egiteak egileari ekarri dizkion onurak.

8._Arau-hausleak bere kabuz arau-haustea zuzentzeari ekin izana.

31. artikulua. Zehapen bidea ofizioz edo alderdi baten eskariz hasiko da, behar den salaketa egin eta gero.

Zehapen espedientea probidentzia baten bidez abiaraziko da. Hartan instruktore bat eta idazkari bat izendatuko dira, eta hori guztia espedientepekoari jakinaraziko zaio.

Instruktoreak egitateak argitzeko balio duten froga eta jarduketa guztiak egiteko aginduko du, eta kargu plegu bat aurkeztuko du. Hartan, egotzitako egitateak adieraziko dira. Plegua interesatuei jakinaraziko zaie, hamabortz egunean erantzuna eman ahal izan dakion.

Kargu pleguari erantzuna eman edo horretarako epea iragan ondoan, instruktoreak ebazpen proposamena aurkeztuko du, eta hura interesatuei jakinaraziko zaie, egoki juzgatzen dutena hamabortz egunetan alega dezaten.

Proposamena eta alegazioak espedientea abiarazi zuen organoari igorriko zaizkio, ebazpena eman dezan.

Zehatzeko eskumena alkateari dagokio.

II. KAPITULUA

Abonatuak

32. artikulua. Abonatuak dira izena emateko eskatu ondoren onartuak izan direnak eta, hortaz, abonatuaren kirolguneko udal txartelaren jabe direnak, betiere Esteribarko Udalak ezarritako kuoten ordainketak eguneraturik badituzte. Abonatu mota ezberdinak daude, udako ala neguko denboraldia izan:

.Udako denboraldiko abonuak (Hiru hilabete irauten dute):

_65 urtetik goiti

_Heldua (16tik 65 urte arte), igerilekua soilik

_Heldua (16tik 65 urte arte), igerilekua + gimnasioa

_Gazteak (10etik 16 urte arte)

_Haurrak (4tik 10 urte arte)

_Familiendako abonuak:

* Senar-emazteak eta 16 urtetik beheitiko seme-alaba:

Igerilekua soilik

Igerilekua + gimnasioa

* Senar-emazteak eta 16 urtetik beheitiko bi seme-alaba edo gehiago:

Igerilekua soilik

Igerilekua + gimnasioa

Esteribarko Udalak zehaztuko du urtero udako denboraldia, instalazioko zuzendaritzak proposatuta.

.Neguko denboraldiko abonua:

_Neguko abonua (10/1etik al 06/30era)

16tik 65 urte arte

Gazteak eta 65 urtetik goitikoak

_Hiruhileko abonua

_Hilabeteko abonua

Kirolguneko txartela duten abonatuak instalazioetan libreki sartzen ahalko dira (kontratatutako abonua erabilpen mugatukoa izan ezik) eta antolatzen diren jardueretan finkatzen diren deskontuez baliatzeko eskubidea izanen dute.

32.1. Abonatuek ordaindu beharko dituzte Esteribarko Udalak finkatzen dituen kuotak; horiek aldatzen ahalko dira hark proposaturik.

32.2. Esteribarko Udalaren kiroldegian abonatu nahi duten guztiek ez dute sarrerarik ordaindu beharko abonatu bilakatzeko; abonuak egiteko agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

_Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

_Aurrezki libretaren fotokopia, kontu zenbaki eta guzti.

Abonatuari ordainagiriak igorpenduko zaizkio inskripzioa egiten duen unetik aitzinera.

33. artikulua. Ezarrita dauden ordainketa moduak banku igorpenaren bidez eginen dira, abonatuak ematen duen kontu zenbakira zuzenean; kuota ordaintzeko bertzelako modurik ez dagoenez, kontu zenbaki bat eman behar da nahitaez, bertara egiteko banku igorpenak.

34. artikulua. Kuotak ordaintzen ez badira, bi aldiz eginen da ordaintzeko errekerimendua, eta haietako bakoitzari dagokion hilabeteko epean abonatuaren erantzunik ez badago, baja emanen zaio eta abonatuen eskubideak galduko ditu.

Aurreko lerroaldean ezarritakoa aplikatzearen ondorioz baja emanez gero, abonatuak berriz ere alta nahi badu, kuoten ordainketa eguneratu beharko du.

Ordainagiria itzultzeak zenbateko jakin bat ordaintzea ekarriko du, ehuneko 10 izanen baita.

35. artikulua. Baja nahi duen abonatuak idatziz eman beharko die bere nahiaren berri instalazioetako administrariei.

Baja jakinarazi beharko da ordainagiria pagatzeko egunaren aurreko hilabeteko 20a baino lehen. Baja gertatzen bada tasa kobratzeko egunaren ondotik, ez da tasa itzultzeko eskubiderik izanen.

Abonatu karneta galdu, ebatsi edo hondatuz gero, horren berri eman beharko zaio segidan instalazioak kudeatzen dituen entitateari.

Karnet berria egin behar izanez gero, instalazioko zuzendaritzak zehaztuko duen diru kopurua ordaindu beharko da.

36. artikulua. Esteribarko Udalak mugatzen ahalko du abonatuen kopurua, instalazioen erabilera ahalik eta egokiena izan dadin.

37. artikulua. Abonatu karneta pertsonala eta besterenduezina da. Bertze pertsonaren batek bidegabeki erabiltzen badu, zehapena etorriko da, Esteribarko Udalak zehaztuko duena.

38. artikulua. Abonatuek honako eskubide hauek dituzte:

38.1. Instalazioetan libreki sartzea, abonatu karneta erakutsita, jendearentzat irekita dauden egun eta orduetan (salbuetsita daude puntu honetatik udako abonuak, zerbitzu murriztuak kontratatu badituzte).

38.2. Instalazioak erabiltzea Esteribarko Udalak kirol eremu bakoitzarentzat onetsitako araudiaren arabera.

38.3. Kirol ikastaroetan inskribatzea, Esteribarko Udalak haientzat onetsitako araudiari segituz, eta lehentasuna izanik abonatu gabeen aitzinetik.

38.4. Esteribarko Udalak kasu bakoitzean onesten dituen deskontuez baliatzea.

38.5. Instalazioen funtzionamenduari buruzko erreklamazio eta iradokizunak egitea, hala instalazioko zuzendaritzari nola Esteribarko Udalari.

III. KAPITULUA

Abonatu gabeak

39. artikulua. Abonatu ez direnak honela baizik ez dira sartzen ahalko dira kirol instalazioetara:

_Eguneko sarrera: kiroldegira gisa honetara sartzen direnek kirol instalazio guztiak erabiltzeko eskubidea izanen dute.

_Kirol ikastaroetako batera inskribatuz edo bertzenaz kantxa orduka alokatuz aldez aurretik behar den kuota ordaindu ondotik.

39.1. Udako denboraldian, eguneko sarrerak igerilekuak eta gainerako kirol instalazioak erabiltzeko eskubidea ematen die abonatu ez direnei. Zer egunetarako erosiko diren, horrenbertze iraunen dute.

39.2. Urtearen gainerakoan, instalazioatera abonatuak baizik ez dira sartzen ahalko, salbu eta kirol ikastaroetan izena emandakoak edo kantxaren bat denbora tarte mugatu batez erabiltzeko alokatzen dutenak, horiek ere sartzen ahalko baitira.

39.3. Kirol jardueraren batean inskribaturik dauden abonatu gabeak bakar-bakarrik sartzen ahalko dira jarduera horrek dirauen bitartean, eta hari dagokion tasa ordaindu beharko dute. Jarduera hori bukatutakoan (ordu erdi geroago), pertsona horiek ezin izanen dute segitu kirol instalazioko kirol zerbitzuez baliatzen (bai, ordea, ostatu-kafetegiaren aldeaz).

Aurreko lerroaldean zehazturiko araudia betetzen ez bada, pertsona horiei kargu hartuko zaie, eta arau-hauste bera aldi gehiagotan eginez gero, baja emanen zaie dagokien jardueran, eta hartan jarraitzeko eta kuota itzultzeko eskubideak galduko dituzte.

IV. KAPITULUA

Prezioak

Tasa hauek ezarri dira:

.Udako denboraldiko abonuak (Hiru hilabete irauten dute):

_65 urtetik goiti: 25 euro.

_Heldua (16tik 65 urte arte), igerilekua soilik: 30 euro.

_Heldua (16tik 65 urte arte), igerilekua + gimnasioa: 45 euro.

_Gazteak (10etik 16 urte arte): 25 euro.

_Haurrak (4tik 9 urte arte): 25 euro.

_Familiendako abonuak:

* Senar-emazteak eta 16 urtetik beheitiko seme-alaba:

Igerilekua soilik: 75 euro.

Igerilekua + gimnasioa: 105 euro.

* Senar-emazteak eta 16 urtetik beheitiko bi seme-alaba edo gehiago:

Igerilekua soilik: 90 euro.

Igerilekua + gimnasioa: 120 euro.

Esteribarko Udalak zehaztuko du urtero udako denboraldia, instalazioko zuzendaritzak proposatuta.

.Neguko denboraldiko abonua:

_Neguko abonua (10/1etik 06/30era)

14tik 65 urte arte: 110 euro.

Gazteak eta 65 urtetik goitikoak: 70 euro.

_Hiruhileko abonua, arrunta: 40 euro.

_Hiruhileko abonua, gazteendako: 30 euro.

_65 urtetik goitikoen hiruhileko abonua: 30 euro.

_Hilabeteko abonua: 15 euro.

.Eguneko sarrera, udako denboraldian:

_65 urtetik goitikoak, erroldan sartuak: 2 euro.

_65 urtetik goitikoak, erroldan sartu gabeak: 3 euro.

_16tik 65 urte arteko helduak, erroldan sartuak: 4,5 euro.

_16tik 65 urte arteko helduak, erroldan sartu gabeak: 6 euro.

_Gazteak (10etik 16 urte arte) erroldan sartuak: 3,5 euro.

_Gazteak (10etik 16 urte arte) erroldan sartu gabeak: 4 euro.

_Haurrak (4tik 10 urte arte) erroldan sartuak: 2 euro.

_Haurrak (4tik 10 urte arte) erroldan sartu gabeak: 3 euro.

_Donejakue bideko erromesak: 3 euro.

.Eguneko sarrera, neguko denboraldian:

_Denendako bera: 5 euro.

.Ikastaroak

_Aerobica:

Abonatuak: 40 euro/hiruhilekoa.

Abonatu gabeak: 45 euro/hiruhilekoa.

_Yoga:

Abonatuak: 50 euro/hiruhilekoa.

Abonatu gabeak: 55 euro/hiruhilekoa.

_Mantenimenduko soinketa:

Abonatuak: 36 euro/hiruhilekoa.

Abonatu gabeak: 40 euro/hiruhilekoa.

_Soinketa samurra:

Denendako bera: 30 euro/hiruhilekoa.

_Fitness-a:

Abonatuak: dohainik.

Abonatu gabeak: 50 euro/ikastaroa.

_Dantza latinoak:

Abonatuak: 30 euro/ikastaroa.

Abonatu gabeak: 40 euro/ikastaroa.

_Ludoteka zerbitzua:

Astean 3 egunetan, 2 ordu/eguna: 10 euro/ikastaroa.

.Alokairuak:

_Frontoia:

Argiarekin, bizilaguna izanda: 10 euro.

Argiarekin, bizilaguna izan gabe: 15 euro.

Argirik gabe, bizilaguna izanda: 5 euro.

Argirik gabe, bizilaguna izan gabe: 10 euro.

_Kirol anitzetarako pista:

Argiarekin, bizilaguna izanda: 18 euro.

Argiarekin, bizilaguna izan gabe: 35 euro.

Argirik gabe, bizilaguna izanda: 12 euro.

Argirik gabe, bizilaguna izan gabe: 30 euro.

_Squash-a:

Bizilaguna: 4 euro.

Bizilaguna izan gabe: 8 euro.

_Frontoi tikia:

Argiarekin, bizilaguna izanda: 8 euro.

Argiarekin, bizilaguna izan gabe: 13 euro.

Argirik gabe, bizilaguna izanda: 4 euro.

Argirik gabe, bizilaguna izan gabe: 9 euro.

Goragoko zerrendako instalazioen alokairua dohainekoa izanen da Esteribarko Udalaren kiroldegian abonaturiko guztiendako.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, ondorio juridiko osoak sorrararaziko dituela.

Iragarkiaren kodea: L0417298