3. ALDIZKARIA - 2005eko urtarrilaren 7a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

A Z K E T A

Azketako Kontzejuko hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantza

Azketako Kontzejuak, 2004ko martxoaren 26an egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Azketako Kontzejuko hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantza.

Erabaki hori 2004ko 95. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, abuztuaren 9an, eta jendaurrean egoteko epea iragan da inork alegaziorik aurkeztu gabe; hortaz, behin betikoz onetsi da ordenantza hori eta xedatu da haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Azketan, 2004ko azaroaren 15ean._Kontzejuko burua, María Montserrat Barbarin Ciordia.

AZKETAKO KONTZEJUKO HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO NAHIZ HANGO ZERBITZUAK HARTZEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legeko 4, 25 eta 26. artikuluetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 4 eta 29.etan, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legeko 12 eta 100.etan ezarritakoaren arabera, Kontzejuko hilerriaren administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak Azketako Kontzejuaren esku egon behar dute, batere ukatu gabe bertze administrazio batzuek alor berean dauzkaketen legezko eskumenak.

2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak ahalmen hauek dakarzkiote Azketako Kontzejuari:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin zerikusia duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Kontzejuburuaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen du eta bere eginbehar hau ahalik eta hobekien betetzeko, behar diren proposamenak aurkeztuko dizkio Kontzejuari.

4. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira Kontzejuko biztanleriaren zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur aski bederen bai.

5. artikulua. Hilerrian, ehorzteko ekartzen dituzten hilotz guztiak lurperatuko dira, legezko izapideak bete badira, eta zerbitzu horrengatik ordaindu beharko dira tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak.

6. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita bertze hilerri batera eramateko ere.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraituz atera behar dira, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

7. artikulua. Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ez da inolako gaztigurik eman behar izanen.

Eskatzaileak bere kontura eginen ditu hilotza ateratzeko lanak. Kontzejuari jakinaraziko dio aurretik, hark lanak ikuskatu beharko baititu.

8. artikulua. Bertze hilerri batetik ekartzen diren hilotzak ehorzteko ez da lur berria okupatuko. Gutienez ere hamar urteko antzinatasuna duen hilobian ezarriko dira edo, bertzenaz, hezurtegira eramanen dira.

9. artikulua. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutienez ere hamar urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.

b) Hilobi mota guztietan: ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, edozein momentutan atera eta lekualdatzen ahal da, betiere hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da ateratzerik bat ere eginen epaile batek manatu ezean.

10. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekualdatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko da ongi kontserbaturik ez badago.

11. artikulua. Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko bai berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da behar diren liburuetan.

12. artikulua. Ordenantza honetan arauturiko zerbitzuak egiteko Kontzejuaren tasak ordaindu eta gero, hilerriko lur guztiak erabiliko dira lurpeko lagun bakarreko hilobietarako, hamar urteko epean, gehiagorik ordaindu gabe. Dena den, leku guti izan eta gehiagoren beharrean egonez gero, legeak agintzen duen gutienekoa beteta ateratzen ahalko dira hilotzak. Bertzalde, ehorzteko kontzesio administratiboa tartean baldin bada, zerbitzuak dagokion kostua izanen du.

13. artikulua. Hilerriko lurra lurperatzeko eta hilobiak edo gisako eraikuntzak egiteko erabiliko da, ez bertze deusetarako.

Hilobietan gurutzeak edo zutikako hilarriak baizik ez dira ematen ahalko, eta lurra egonkortutakoan paratuko dira. Lerrokaturik egonen dira, eta ondoko ezaugarri hauek izanen dituzte:

_Diseinu mota: librea.

_Garaiera, gehienez: 45 cm.

_Lodiera: 8 cm.

Debeku da hilerriko lurzoruan edo paretetan edozein mota eta tamainatako lauzarik paratzea.

14. artikulua. Hobien kokaera, lurrerauzketa gastuak eta hobiak ireki nahiz ixteko kostuak Kontzejuaren kontura izanen dira.

15. artikulua. Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da.

16. artikulua. Kontzesioak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere amai daitezke:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Ehorzketa gehiago egiteko, hobiak behar direlako.

BIGARREN KAPITULUA

Tasak Azketako hilerrian zerbitzuak egiteagatik

17. artikulua. Zergapeko egintza ondoko zerbitzuak ematea da:

a) Ehorzketak.

b) Hilerrian egiteko bertze lan batzuk.

18. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisiko, juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak izan.

19. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

20. artikulua. Eman ahalko dira hobi berean bi hilotz edo gorpuzki nahiz gehiago batera lurperatzeko lizentziak, baldin eta ehorzketalekuak behar bezain zehazturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik gorako lanak partikularrak berak egin beharko ditu, bere kontura.

21. artikulua. Hilerri honetako bertze hilobi batzuetatik gorpuzkiak atera eta berriz ere ehortziz gero, hilotza ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak bertze hilerri batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

22. artikulua. 17. artikuluko 1 eta 2 zenbakietan aipatzen diren zerbitzuei dagozkien tasak zerbitzuak egin baino lehen ordaindu behar dira, premia larriko kasuetan edo udal bulegoek jaieguna dutenetan izan ezik. Horrelakoetan langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die udal bulegoei, behar den tarifa ordainarazteari ekin diezaioten.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatutakoari jarraituz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra._Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik.

E R A N S K I N A

1._Ehorzketak:

a) Azketako Kontzejuko erroldan daudenak: salbuetsia.

b) Azketako Kontzejuko erroldan ez daudenak: 300 euro.

b) kasuan salbuetsirik geldituko dira herritarrak, eritasunagatik edo zainketak behar izateagatik egon behar badute kanpoan, eta berdin erlijiosoak. Halakoetan a) kasukoekin parekatuko dira eta ez dute deus ordaindu beharko.

Iragarkiaren kodea: L0417791