3. ALDIZKARIA - 2005eko urtarrilaren 7a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

G A R E S

Garesko herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza behin betikoz onetsirik

Udalak, 2004ko uztailaren 5ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea udalerri honetako herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Espedientea jendaurrean eduki da, hogeita hamar egunean, aldez aurretik iragarkia Udalbatzaren iragarki oholean eta, irailaren 10ean, 2004ko 109. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara emanda. Epe hori inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe bukatu da; hala ere, Udalbatzak komenigarritzat jo zuen 48 eta 49. artikuluei bertzelako idazketa ematea. Hori guztia behin betikoz onetsi du Udalbatzak, 2004ko urriaren 29an egin bilkuran. Hona behin betikoz onetsitako ordenantzaren testu osoa:

GARESKO UDALAREN HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Garesko Udalaren herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzeko arauak ezartzea.

2. artikulua. Herri ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez dute aldaketarik jasanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestela, Nafarroako Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Garesko Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan. Herri ondasunen inguruan Garesko Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati tikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Garesko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela bertze bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri ondasunak desafektatu ondoan bertze batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, karga horiek ezartzearen helburuak edo lagapenaren edo kargak ezartzearen baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako. Halakorik gertatuko balitz, kargatutako ondasuna Garesko Udalaren ondarera itzuliko litzateke herri ondasun gisa.

Segituko den prozedura Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuan ezarritakoa izanen da.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak zaindu eta berreskuratzea

7. artikulua. Garesko Udala herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen die horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bertzelako ekintzari.

8. artikulua. Garesko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesatuari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Garesko Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta.

10. artikulua. Garesko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Garesko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo bertze zernahiren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Garesko Udalak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko. Zerbait interpretatzeko hartzen diren erabakiak berehala betearaziko dira, hirugarrenek epaileengana joz bidezko deklarazioa lortzea ukatu gabe.

13. artikulua. Garesko Udalak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Garesko Udalak herritarrei itzuli beharko dizkie sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. 1. Ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak honako hauek dira:

_Laborantzako herrilurren aprobetxamendua.

_Herrilarreen aprobetxamendua.

_Bertzelako aprobetxamenduak.

2. Nolanahi ere, Garesko udal mugapeko administrazio espedienteek (lurzati berrantolamendukoek, konparaziorako) arestian aipatutako aprobetxamenduak uki ditzakete, eta hortaz, horiek soilik emanen dira errentan baldin eta herrilurrak benetan eskuragarriak badira.

15. artikulua. 1. Orokorrean, Garesko herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, famili unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.1. Adinez nagusi izatea edo adinez tiki burujabe edo judizialki gaitua.

1.2. Garesko Udalaren Biztanle Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutienez ere bi urteko antzinatasunez.

1.3. Garesen urtean 9 hilabetez gutienez egiazki eta jarraian bizitzea.

1.4. Garesko Udalarekin zerga betebeharrak egunerataurik izatea.

2. Famili unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira.

Nolanahi ere, famili unitate independientetzat hartuko da guraso jubilatuek edo pentsiodunek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien dirusarrerak lanbidearteko gutieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Garesko Udalaren osoko bilkurak argituko ditu, banan-banan.

16. artikulua. Herrilurrak itxi ahal izateko ezinbertzekoa izanen da aitzinretik Garesko Alkatetzak idatzizko baimena eman izana. Herrilurrak eta jabetza pribatukoak ezin izanen dira inolaz ere batera itxi.

17. artikulua. Aprobetxamenduak ezin izanen dira onuradunen artean trukatu interesatu nahiz ukituek aldez aurretik eskabide bateratua egin eta beren adostasuna erakutsi eta Udalaren baimena izan ezean.

18. artikulua. Udalak baliorik gabe utz dezake herrilurraren esleipena, osotara nahiz zati batekoa, zuhaitzak landatzea zein Nafarroako Gobernuak baimendutako bertzelako hobekuntzak sustatzen dituenetan, baldin eta onuradunaren herrilurretako aprobetxamenduei, behin-behinekoz zein behin betikoz, eragiten badiete. Hori egin baino hiru hilabete lehenago, bere asmoen berri eman beharko dio onuradunari.

Aprobetxamenduaren errentamendua bertan behera gelditzeak ez dio eskubiderik emanen onuradunari inolako kalte-ordainik jasotzeko.

19. artikulua. Aprobetxamenduaren errentamenduarengatik ordaindu beharreko lur-saria urtero eguneratuko da aprobetxamenduaren lehen urtetik aitzina. Hartara, aitzineko urtean (laborantzako lurzatietako aprobetxamenduan aplikatzeko) jaso duten prezioak izandako aldaketa gehitu eta metatuko zaie nekazariei urterik urtera, eta abeltzainei (larreetako aprobetxamenduan aplikatzeko) jaso duten prezioak izandakoa, edo bertzenaz, erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onetsitako portzentaje-indizea kontsumorako prezioen indizeari (KPI) aplikatzetik ateratzen den prezioak izandako aldaketa.

II. KAPITULUA

Laborantzako herrilurren aprobetxamendua

20. artikulua. Betiere 14.2 artikuluan aipatzen den benetako eskuragarritasunak baldintzaturik ere, Garesko laborantzako herrilurren aprobetxamenduak hiru modu ezberdinetan eginen dira:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoan esleitzea edo Garesko Udalak zuzenean ustiatzea.

Garesko Udalak laborantzako herrilurren aprobetxamendua esleitzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bertzearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

21. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, famili unitateen titular diren herritarrek 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta famili unitateko kide bakoitzarengatik, dirusarrerek lanbidearteko gutieneko soldataren % 30 baino tikiagoak izan beharko dute, edo famili unitatearen dirusarrera osoak soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Famili unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutieneko soldataren % 60ren pareko dirusarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak honako datu objektibo hauetan oinarrituz finkatuko dira: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz bertze edozein tituluren bidez edukitzea, landalur, abere eta industri kontribuzioen kapital zergagarria, hirilur kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai eta gisako izaera duen bertze edozein datu ere.

Lehentasunezko aprobetxamendua emateko erabilitako baldintza ekonomikoak esleipena indarrean dagoen bitartean mantendu beharko dira.

22. artikulua. 1. Ereduko loteek ondoko azalerak izanen dituzte esleipen mota horretan:

Lehorreko alorrak: 48 erregu.

Ureztaketakoak: 6 erregu.

2. 15. artikuluan ezarritakoa aplikatzearen ondorioz onuradun suertatzen direnei entregatuko zaizkien loteak, ereduko loteari ondoko koefizienteak aplikatuz aterako dira:

a) 3 kide bitarteko famili unitateak, 1 koefizientea, hots, lote 1.

b) Lau kidetik seira bitarteko famili unitateak, 2 koefizientea, hau da, 2 lote.

c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko famili unitateak, 3 koefizientea, hau da, 3 lote.

d) Bederatzi kide baino gehiagoko famili unitateak, 5 koefizientea, hau da, 5 lote.

23. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduetarako finkatu baldintzak betetzen dituzten famili unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Garesko Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena bilduta, Ordenantza honetako 21 eta 22. artikuluetan adierazitako faktoreak beheititzen ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo.

24. artikulua. Aprobetxamendua erabiltzeko epea zortzi (8) urtekoa izanen da. Garesko Udalak egoki ikusten badu fruta-arbolak edo mahastiak landatzea, epe hori hogeita lau urte arte luzatzen ahalko da gehienez, eta epe hori iraganik, hondar-balorea (mahastien eskubideak barne) Udalaren jabetzakoa bilakatuko da, inolako kalte ordainik gabe.

25. artikulua. Aprobetxamendu modu honetan, herrilurren onuradunek hurrengo lur-sariak ordainduko dituzte (2003ari dagozkion zenbatekoak, gero eguneratzeko oinarri):

_Lehorreko lurrak: 9,02 euro/erregu/urtea (honen baliokidea: 1.500 pezeta/erregu/urtea).

_Ureztatzeko lurrak: 18,36 euro/erregu/urtea (honen baliokidea: 3.056 pezeta/erregu/urtea).

Zenbateko horiek lehen urterako proposatutako lur-sariari dagozkio, eta ordenantza honetako 19. artikuluan zehaztutakoari jarraituz eguneratuko dira.

Esleitutako aprobetxamenduaren gainera etor daitezkeen gastu guztiak (konparaziorako, ureztatzeko saria) esleipen hartzaileari jasanarazita handituko da urteko lur-saria; nolanahi ere, lur-sariak toki entitateak dituen kostuak estaliko ditu gutienez.

26. artikulua. Herrilurretako lurzatiak onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo ustiatu lan pertsonala ez den bertze moduren baten bidez.

Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 15. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

27. artikulua. Ordenantza honi doakionean, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, esleipen-hartzaileak edo haren famili unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honetako 15. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen.

Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, Udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko bertze arrazoirengatik soldatapekorik hartzen denean. Horrelakoetan, 15 eguneko epearen barrenean jakinaraziko zaio Garesko Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo bertzeren bat, Udalaren iritzian, behin betikoa bada eta herrilurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiten ahal ez bada, ondoko artikuluan xedatzen dena aplikatuko da.

28. artikulua. Ezintasun fisikoa edo bertzeren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, esleitzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epearen barrenean, Garesko Udalak esleitu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko esleipen zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Garesko Udalak lurzatien onuradunei esleipenetik ateratako dirusarrerak ordainduko dizkie, lur-saria kendu ondotik.

Garesko Udalak ezintasun fisikorik edo bertzeren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egoki juzgatzen dituen agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantzaren partekaritza edo lagapena egiten duten onuradunei herrilurrak kenduko zaizkie esleipenaldia bukatu arte.

Lurzatiak galtzen dituzten onuradunek partekaritza edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte udal diruzaintzan.

29. artikulua. Garesko Udalak egoki juzgatzen dituen egiaztapenak egiten ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honelakoetan ulertuko da lurrak ez direla zuzenean eta pertsonalki lantzen:

_Nekazaritzako makineria izanik, berari esleitu herrilurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

_Udal zerbitzuen, herrilurren alorra atxikirik duen udal batzordearen edo Alkatetzaren txostenaren ariora, esleitutako lurzatiak lantzen ez dituztenean, ordenantza honetako 26, 27 eta 28. artikuluei jarraituz.

_Lurra landu, lehengaiak erosi eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Udalak baimendutako pertsonek egin izana frogatzeko agiriak aurkezteko eskatu ondoan, Garesko Udal honek agindu epean aurkezten ez dituztenean.

_Pertsona fisikoen gaineko errenta aitorpenean nekazaritzako etekinak aitortzen ez dituztenean.

_Esleitutako lotearen gutienez ere ehuneko 50 lantzen ez dutenean.

_Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak dituztenean.

_Esleituriko loteko lurzati guztien berri ematen ez bada B.N.P. aitorpenean.

2. ATALA

Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak

30. artikulua. Lurzatiak lehen atalean ezarritakoaren arabera banatu ondotik, soberan geratzen diren laborantzako herrilurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateko titularrak diren herritarren artean.

31. artikulua. Aprobetxamendu modu honetarako, lotearen azalera kalkulatuko da laborantzarako gelditzen den azalera eta eskatzaileen kopurua kontutan izanik, eta irizpide hauei jarraikiz: famili unitate bakoitzaren dirusarrera garbiak alderantzizko proportzioan edo ustiapenen zabalera, esleipen hartzaileak nekazariak baldin badira.

32. artikulua. Esleipenaldia 24. artikuluan adierazitako berbera izanen da.

33. artikulua. Aprobetxamendu modu honen bidez eta eskualde honetan gisako ezaugarriak dituzten bertze lurrekin alderatuz gutienez haien ehuneko laurogeita hamarreko prezioa duten herrilurrak hartzen dituzten onuradunek lur-sari hauek ordainduko dituzte (2003ari dagozkion zenbatekoak, gero eguneratzeko oinarri):

_Lehorreko lurrak: 16,23 euro/erregu/urtea (honen baliokidea: 2.700 pezeta/erregu/urtea).

_Ureztatzeko lurrak: 33,06 euro/erregu/urtea (honen baliokidea: 5.500 pezeta/erregu/urtea).

Zenbateko horiek lehen urterako proposatutako lur-sariari dagozkio, eta ordenantza honetako 19. artikuluan zehaztutakoari jarraituz eguneratuko dira.

34. artikulua. Esleipen hartzaileak berak eta zuzenean landu beharko ditu lurrak. Horretarako, 26, 27, 28 eta 29. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

35. artikulua. Garesko Udalak laborantzarako herrilurren azalera osoaren ehuneko 5 gainditzen ez duen eremu bat gordetzen ahal du onuradun berriei esleitzeko. Udalak herrilur horiek zuzenean edo enkante publikoaren bidez esleitzen ahalko ditu behin-behinekoz eta indarrik gabe utzi, lehentasuna duen onuradun berri bati laga beharrez, baina horrela bada esleipenaren baldintzetan espresuki adierazi beharko da hori.

36. artikulua. Mahastiendako lurzatia esleitua duten herritarrek segitzen ahal dute laborantza lanetan, hartzen duten herrilurretako aprobetxamendua edozein izanda, betiere ordenantza honetako baldintzak betetzen badituzte, eta horrelakoetan hartzen duten esleipenetik deskontatuko zaie mahastien lurzatiaren azalera. Ezin izanen diote ukorik egin zortzi (8) urteko esleipenaldiak iraun bitartean, eta Udala lehorreko lurzati mugakideren bat esleitzen saiatuko da.

37. artikulua. Horretarako lurzati egokirik egiazki izanez gero, Udalak mahastiak landatzeko lurrak gordetzen ahalko ditu, betiere mahastia errentagarri izateko behar adina eskaera baldin bada. Loteak hektarea batekoak izanen dira eta ustiapenaldia, berriz, 24 urtekoa. Hasieran ordaintzeko lur-saria hau izanen da: 18,03 euro/erregu/urtea (honen baliokidea: 3.000 pezeta/erregu/urtea).

38. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondotik, dirusarrera handiagoak dituzten famili unitateetako titularren eskaerak kenduko dira. Famili unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honetako 21. artikuluaren 3. puntuan ezarritako irizpide berberei jarraituko zaie.

39. artikulua. Bertzerik ez bada, eta Garesko Udalak bertze xederik erabakitzen ez duen bitartean, 11. poligonoan 30 zenbakia duen lurzatia gordeko da, horrela eskatzen duten famili unitateei esleitzeko, famili baratzak egiteko, baldintza hauetan:

a) Esleitu beharreko azalera erregu bat (1) izanen da.

b) Eskatzailea ez da ureztatzeko lurren jabe izanen, ezta bertzelako herrilurren lotearen onuradun ere.

c) Baratza zuzenean eta pertsonalki landuko da 26, 27, 28 eta 29. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

d) Esleipena zortzi (8) urterako izanen da.

d) Eskaerak gainerako lurzatien eskaerekin batera aurkeztuko dira (banaketa honetarako, irailaren 1aren eta 15aren artean, eta gainerako urteetan abuztuaren 31 baino lehen), eta urteko azken hiru hilabetetan emanen dira.

e) Ordaindu beharreko lur-saria 45 euro/erregu/urtea (honen baliokidea: 7.487 pezeta/erregu/urtea) (2003ari dagozkion zenbatekoak, gero eguneratzeko oinarri).

3. ATALA

Enkante publikoan esleitzea edo Udalak zuzenean ustiatzea

40. artikulua. Garesko Udalak, lehen, bigarren eta hirugarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoan, laborantzako lurra soberan baldin badago, jendaurreko enkantean eginen du esleipena, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanez.

Erregu bakoitzeko hasierako prezioa urte hartan herritarrendako esleipen zuzenerako ezarritako lur-sariarena izanen da, eta urteroko gorabehera berberak izanen ditu.

Herrilurretako aprobetxamenduen enkanteetan, eman gabe gelditzen badira, bigarren eta are hirugarren enkanteak ere egiten ahalko dira, hasierako prezioa hurrenez hurren ehuneko hamar eta hogei merkeago. Halaber, enkantea eman gabe gelditu bada, aprobetxamendua zuzenean esleitzen ahalko da, betiere prezioa egindako azken enkantearen hasierako prezioa baino merkeagoa ez bada.

Enkantea Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitatean argitaratzen diren egunkarietako batean edo gehiagotan iragarriko da, enkantearen eguna baino hamabortz egun natural lehenagotik gutienez ere.

Herrilurretako aprobetxamenduen bigarren eta hirugarren enkanteetarako, berriz, aski izanen da Garesko Udalaren iragarki oholean iragartzearekin, haietako bakoitza egin baino bortz egun lehenago gutienez ere.

Enkantea egin ondoan laborantzako lurra soberan gelditzen bada, Garesko Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Esleipen prozedura

41. artikulua. Garesko Udalak osoko bilkuran hala erabaki eta Udaleko iragarki oholean ediktua paratu ondotik, hamabortz (15) egun naturaleko epea irekiko da, beren burua eskubideduntzat jotzen dutenek herrilurretako lurzatien esleipena eska dezaten. Eskaria Udalak onesten duen ereduan gauzatu beharko da.

42. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, edo frogatzeko agiri baliogarria, honako hauen gainean:

a) Garesko bizilaguna dela, gutienez ere azkeneko bit urteetan, eta bertan urtean bederatzi hilabete ematen dituela, gutienez.

b) Garesko Udalarekin zerga betebeharrak eguneratuak dituela.

c) Famili unitatea zenbat kidek osatzen duten. Haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute eskatzaileek.

d) Jabetzan nahiz errentan zenbat lur azalera duen, laborantza motak zehaztuz.

e) Azken ekitaldiko errenta aitorpena eta, hala behar badu, ondare aitorpena ere bai.

43. artikulua. Herrilurren alorra atxikirik duen udal batzordeak edo Alkatetzak proposaturik, Udalak, osoko bilkuran, onartuen zerrenda onetsiko du esleitzeko era bakoitzean, lehentasuna dutenen artekoan edo herritarrendakoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

Ordenantza honetako 15, 21 eta 26. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituen eskatzailerik ez bada, Udalak, osoko bilkuran, erregelamenduko 20 b) eta c) artikuluan ezarritako esleipen moduen artean esleituko ditu herrilurren aprobetxamenduak.

44. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzeko behin-behineko zerrenda Udal honen iragarki oholean paratuko da 15 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bihurtuko da.

45. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, haiei buruzko ebazpena emanen du eta esleipen modu bakoitzean herrilurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko.

46. artikulua. Ahal dela, 31. artikuluan aipatutako irizpidearen ariora eginen da esleipena, hark izanen baitu lehentasuna, baina hori posible ez bada esleipena zozketaz eginen da, lehentasuneko aprobetxamenduetarako lehendabizi, eta, ondoren, herritarren arteko esleipen zuzenekoetarako, era honetan:

1. Modu batean zein bertzean onartutakoen behin betiko zerrendei zenbakiak emanen zaizkie.

2. Herrilurretako lurzatiei, bai lehorrekoei bai ureztalurrei, zenbakiak emanen zaizkie.

3. Ondoren, zakutik aterako da zenbaki bat, eskaera egin duten herritarrei dagokiena, eta bertze bat lurzatiei dagokiena, eta horrela segituko da bukatu arte.

4. Lurzatien zozketa amaitutakoan, Udalaren iragarki oholean argitara emanen da esleipen hartzaile berrien zerrenda eta zein lurzati duten herrilurretan.

47. artikulua. Behin betiko esleipen hartzaileek hogeita hamar eguneko epea izanen dute, esleipenaren berri ematen zaien egunetik, Garesko Udalaren aldeko fidantza eratzeko, onartzen diren bideetako edozein erabiliz; haren zenbatekoa izanen da esleitutako aprobetxamenduaren balio osoaren ehuneko hogeita bortz.

III. KAPITULUA

Herrilarreen aprobetxamendua

48. artikulua. Larreen aprobetxamenduak esleitzeko prozesuaren aitzinetik, Udalbatzaren erabakiaren bidez ezarriko dira bazkaleku bakoitzaren aprobetxamendua zehatz-mehatz eta osotara definitzen duten alderdiak, kontuan harturik horietako bakoitzak une horretan dituen ezaugarriak, eta oinarritako harturik alderdi hauek:

"Azienda karga": ardi aziendako buru bat sei (6) erreguko .

Azienda moten arteko baliokidetasunak:

_Behor aziendako buru bat behi aziendako buru bat eta erdi adina da.

_Behi aziendako buru bat ardi aziendako zortzi buru adina da.

_Ahuntz aziendako buru bat ardi aziendako buru bat eta erdi adina da.

"Prezioa erreguko", 2003koa oinarritako hartuta, eta hari aplikatuko zaizkio eguneratzeak, "Abeltzainek hartzen dituzten prezioen indizearen" ariora:

_Erregua, azalera gehienean laborantza duena: 0,36 euro/erregua.

_Erregua, larre iraunkorretarako: 1,04 euro/erregua.

_Erregua, oihan lurrena: 0,20 euro/erregua.

_Erregua, laborantzak dituzten bertze lurrena: 0,10 euro/erregua.

"Eraikin edo instalazioen balioa": errenta handituko da Udalaren eta esleipen hartzailearen artean hitzartzen den zenbatekoan, baina hura ez da inoiz izanen hobekuntzen zenbateko osoaren urteko ehuneko 4 baino gutiago; halaberean jokatuko da hobekuntza aprobetxamenduaren kalitatean gertatzen bada (konparaziorako, ureztalurrak ezartzearen ondoriozko aldaketak) edo, hura zehazten ez bada, katastroko balioan. Irizpide bera erabiliko da, baina, logikoki, kontrara, edozein arrazoi dela-eta baldintzak okertzen badira instalazioetan eta/edo larreen aprobetxamenduan.

Orobat, bidezko izanen da esleipenaren baldintzak berrikustea, baldin eta, esleipenak oraino indarra izanik ere, aprobetxamenduaren inguruabarren aldaketa (idoien edo eskorten eraikuntza, sarbideen hobekuntza, azaleraren murrizketa, laborantza motaren aldaketa, etab.) hainbertzerainokoa bada, modu objektiboan neurtuta.

49. artikulua. Aitzineko artikuluari jarraikiz, bazkalekuen aprobetxamenduen mugapen eta arautze zehatza, lehen esleipenerako, honela ezarri da:

49.1. Bazkalekuen mugapena, haien aprobetxamenduak bakoitza beren aldetik edo udalerri bereko edo bertze bateko bertze aprobetxamenduekin batean esleitzen diren kontuan hartu gabe:

1._"Santa Agueda bazkalekua", osotara 1.255,89 erreguko azalera duena; aprobetxamenduari dagokionez honela kontatzen dira: 248,19 erregu larre, 943,55 erregu alor, 5,54 erregu oihan eta 52,43 erregu bertzelako laborantzetarako. Eskortarik gabe.

Mugak: Iparraldean: Artazuko udal mugapea. Ekialdean: Artazuko errepidea eta lurzoru urbanizagarria (industriarakoa). Hegoaldean: Bideko autobiaren trazadura. Mendebaldean: Mañeruko udal mugapea.

2._"Nequeas bazkalekua", osotara 8.951,08 erreguko azalera duena; aprobetxamenduari dagokionez honela kontatzen dira: 2.078,45 erregu larre, 6.271,06 erregu alor, 213,45 erregu oihan eta 275,46 erregu bertzelako laborantzetarako. Eskorta du, egoera txarrean.

Mugak: Iparraldean: hirigunea eta Robo erreka (hiri aldeak kenduta). Ekialdean: Obanosko udal mugapea. Hegoaldean: Obanosko eta Mendigorrigo udal mugapeak. Mendebaldean: Mendigorrigo errepidea (lantegi bat Ererdian paratzeko proiektuak ukituriko lurzatiak kenduta).

3._"Larrandia bazkalekua", osotara 3.222,30 erreguko azalera duena; aprobetxamenduari dagokionez honela kontatzen dira: 387,95 erregu larre, 2.548,91 erregu alor, 39,35 erregu oihan eta 193,10 erregu bertzelako laborantzetarako. Eskortarik gabe.

Mugak: Iparraldean: El Monte bazkalekua. Ekialdean: Legardako eta Obanosko udal mugapeak. Hegoaldean: Bideko autobiaren trazadura. Mendebaldean: Sarriko jaurerriko finka.

4._"El Monte bazkalekua", osotara 4.992,13 erreguko azalera duena; aprobetxamenduari dagokionez honela kontatzen dira: 336,60 erregu larre, 452,53 erregu alor eta 4.200,95 erregu oihan. Eskortarik gabe (eroria).

Mugak: Iparraldean: Undioko mugapea. Ekialdean: Legardako eta Obanosko udal mugapeak. Hegoaldean: Larrandia bazkalekua. Mendebaldean: Sarriko jaurerriko finka.

49.2. Garesko Udalak ondotik ematen den azienda karga kalkulatu du bazkaleku bakoitzerako, ondotik ematen diren alderdietan oinarriturik, aitzineko artikuluan azienda mota ezberdinetarako aipatu diren baliokidetasunak aplikatuz, horrela behar badu:

_"Santa Agueda bazkalekua": ardi aziendako 200 buru.

_"Nequeas bazkalekua": ardi aziendako 900 buru.

_"Larrandia bazkalekua": ardi aziendako 350 buru.

_"El Monte bazkalekua": ardi aziendako 400 buru.

49.3. Zenbat azienda hartzeko bakoitzaren gaitasuna, larreen kalitatea eta eskorta den ala ez eta izatekotan zer egoeratan dagoen kontuan harturik, Garesko Udalak, bazkalekuak aprobetxatzeko, honelako sariak finkatu ditu (2003ari dagozkion zenbatekoak, gero eguneratzeko oinarri):

_"Santa Agueda bazkalekua": 605,44 euro.

_"Nequeas bazkalekua": 5.202,17 euro.

_"Larrandia bazkalekua": 1.343,13 euro.

_"El Monte bazkalekua": 1.353,25 euro.

Zenbateko horiek lehen urterako proposatutako lur-sariari dagozkio, eta ordenantza honetako 19. artikuluan zehaztutakoari jarraituz eguneratuko dira.

Bertzalde, instalazioetan hobekuntzak eginten badira, haien egungo egoera oinarritzat hartu denez urteko lur-saria ezartzeko, errenta handituko da Udalaren eta esleipen hartzailearen artean hitzartzen den zenbatekoan, baina hura ez da inoiz izanen hobekuntzen zenbateko osoaren urteko % 4 baino gutiago; halaberean jokatuko da hobekuntza aprobetxamenduaren kalitatean gertatzen bada (konparaziorako, ureztalurrak ezartzearen ondoriozko aldaketak). Irizpide bera erabiliko da, baina, logikoki, kontrara, edozein arrazoi dela-eta baldintzak okertzen badira instalazioetan eta/edo larreen aprobetxamenduan.

Urteko likidazioaren zenbatekoaren dirusarrera udal diruzaintzain eginen da, hura jakinarazi ondoko hogeita hamar egunean.

50. artikulua. Aprobetxamendua modu zuzenean eginen da, eta debeku dira azpierrentamendua, lagapena eta bertzeren aziendak sartzea. Hala ere, Udalak bertzeren aziendak sartzeko baimena eman dezake, Ondasunen Erregelamenduaren 194. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

51. artikulua. Esleipen hartzailearen bizkar izanen dira higiezinak mantentzeko eta zaintzeko gastu guztiak. Garbiketa gutienez ere urtean behin eginen da; higiezinak dituen zerbitzuen kostua ere haren kontura izanen da.

52. artikulua. Jabetza partikular nahiz herrilurretakoetan sartzeko, aziendek egungo sarbideak erabiliko dituzte beti.

53. artikulua. Herriko ohiturekin bat eta nekazari nahiz abeltzainendako kalteak eragozteko, Udalak ondoko baldintzak ezarri ditu:

1._Esleipen hartzaileen aziendak ez dira inola ere larreez baliatuko, olibondo, mahasti edo ureztalur finketan, horien jabeen edo errentarien baimen idatzirik ez badute. Baldintza hau betetzen ez badute, esleipen hartzaileek erantzun beharko dute.

2._Errentariek alor eta landaketa mota guztiak errespetatu behar ditu. Euria egunetan ez da herrilurretako eta finka partikularretako belarrez baliatzen ahalko, ezta ondokoetan ere, kalte nabariak sortzen ahal dituen heinean.

Esleipen hartzailearen ardura da, orobat, uzta bildua duten lurzatiak errespetatzea, hango ahotza erabiltzeko asmoa baldin bada, izan ere hondakin hori ere uztatzat hartzen da.

Halakoetan, interesa duten laborariek finkak behar bezala mugarrituko dituzte, eta esleipen hartzaileak errespetatu eginen ditu, erabiltzekoa den ahotza han den bitartean, urte bakoitzeko abuztuaren 31 arte.

3._Ez aziendak ez errentaria ez dira uztondoetara sartzen ahal jabearen baimen idatzirik ez badute, harik eta uzta oso-osorik biltzen den arte, salbu eta hamar hektarea edo gehiagoko soroetan, horietan larratzen ahalko baitira, dagokien zatian, uzta erdia bildua dagoenean.

Hala ere, halako finka partikular edo herrilurrakoetan, uztaren erdia baino gehiago bildu gabe badago, txingorra edo bertzelako ustekabeak direla bide, eta jabeak hurrengo urterako gorde nahi baldin badu, lursail horiek errespetatu beharko dira.

Horrelako kasuetan, uzta bildu eta berehala behar bezala eta ikusteko moduko zedarriekin mugarritu beharko da lurzatia, eta Alkatetzari nahiz horren esleipen-hartzaileari jakinarazi. Hala gertatzen bada, alkateak eta esleipen-hartzaileak peritu bana izendatuko dute, txosten baten bidez mugarritzea bidezkoa den ala ez erran dezaten. Perituen txostenak bat ez badatoz, hirugarren peritu batek ebatziko du auzia.

Mugarritutako finken jabeek edo errentariek uzta bildu aitzin lurra lantzea erabakitzen badute, zortzi egun lehenago eman beharko diote horren berri esleipen-hartzaileari.

4._Debeku da arras sua egitea, ez inoiz ez inola, erabilera publikoko mendietan eta zuhaitzak dituzten herrilurretan.

Uztondoak erretzeko, berriz, Nafarroako Gobernuak horretarako ezartzen duen araudia bete beharko da.

54. artikulua. Bazkalekuak esleitzeko segitu beharreko prozedura ordenantzaren 41.etik 47.era bitarteko artikuluetan ezarritakoa da. Aldaketa bakarra, aziendaren osasunaren ziurtagiria eta eskatutako bazkalekuen zerrenda eskabidean sartu beharra.

IV. KAPITULUA

Bertzelako aprobetxamenduak

55. artikulua. Ehiza barrutiak herrilurrak sartuz eratu badira, Nafarroako Foru Komunitatean arlo horri buruz indarra duen araudiari jarraikiz eginen da hango ehizaren aprobetxamendua.

56. artikulua. Ondareko uren kontzesioa, herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Garesko Udalak prestatzen dituen baldintza pleguek zuzenduko dituzte. Horrez gainera, beharrezkoa izanen da jendaurrean paratzea 15 egunez gutxienez eta Nafarroako Gobernuak onestea.

57. artikulua. Udal mugapeko hermendien ustiapena Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuak ematen dituen jarraibideen ariora eginen da beti, eta aldez aurretik baimena emanda.

58. artikulua. Usadioari jarraikiz, udalerriko herritarrei oihan aprobetxamendu bakarra emanen zaie, alegia, etxerako egurra. Aprobetxamendu hori egungo araudiari jarraikiz izapidatuko da.

59. artikulua. Baimentzen ahalko dira, bazkalekuak aprobetxatzeko ordenantza honetan ezartzen den prozeduraren bidez esleitzearren, halako kolakeku batzuk erlezaintzako ustiategiak paratzeko; haien determinazio zehatza azienden pasabide eta asketatik urrun eginen da, eta belarren esleipen hartzailearen txostena aldez aurretik eginda.

Ustiapen horiek otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretuan eta Nafarroako Foru Berriaren 369. Legean ezarritako determinazioak beteko dituzte (edo geroko xedapenak, haien ordez edo haien osagarri etorri badira); nolanahi ere, gorde beharreko distantziei dagokienez, Garesko udal mugaperako, hauek ezarri dira orokorrean:

1. Establezimendu kolektibo publiko eta hiriguneetara, jendeguneetara eta etxe bakarretara: 1.000 metro.

2. Aziendategietara: 200 metro.

3. 750 metro familiaz bertzeko erlategietara (4 erlauntz baino gehiago); eta 200 metro famili-erlategietara (4 erlauntz edo gutiago).

3. Errepide nazionalak: 300 metro.

4. Eskualdeko errepideak: 150 metro.

5. Herriko bideak eta mendi pistak: 100 metro.

V. KAPITULUA:

Hobekuntzak herrilurretan

60. artikulua. 1. Garesko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek xede hauek dituzten proiektuek ukiturik badaude:

a) Herrilurren gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrak laguntzeko.

2. Proiektu hauek Udalak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatzen ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute.

3. Hauxe da kasu horietan jarraitu beharreko prozedura:

a) Udalaren erabakia, kasuan kasuko proiektua eta herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, bai eta eginak dituzten hobekuntzak ere, ordainduko zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

61. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurra hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean jarri eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoan.

62. artikulua. Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimena beharko da herrilurrak laborantzarako goldatzeko.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

63. artikulua. Laborantzaren arloan, honako hauek dira arau-hauste administratiboak:

1. Esleituriko lurzatiak pertsonalki ez lantzea.

2. Esleituriko lurzatien ehuneko 80 bederen ez lantzea.

3. Herrilurrak udal esleipenik gabe lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak, larre utziak edo bertze norbaiti esleituak izan.

4. Lur-sarien edo erregelamendu bidez ezarritako bertzelako tasen zenbatekoak ezarritako epeetan ez ordaintzea.

5. Nekazaritzako lanak erregelamendu honek baimentzen ez dituen aroetan egitea, larreen ustiapenaren kaltetan.

6. Laborantza iraunkorrak (frutarbolak, zainzuriak, ...) udal baimenik gabe landatzea.

7. Lurzati bat goldatzean ildoa irekia uztea bide baten ertzean.

8. Lurzatien arteko hegiak goldatzea.

9. Bideak edo abelbideak goldatzea.

10. Bide nahiz altxonbideetan harriak, zaborrak edo barazkien hondarrak botatzea.

11. Azienden idoietatik ura hartzea eta tratamendu fitosanitarioetako makineria erabiltzea hartzeko.

12. Esleipenetan zehazturiko epeak ez errespetatzea.

13. Erregelamendu honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate guztiak.

14. Laborantzak partekaritzan eman edo lagatzen dituzten onuradunei herrilurretako lurzatiak kenduko zaizkie esleipena bukatu arteko eperako, eta horrez gain, abala galduko dute.

15. Azienda sobera sartzea edo bazkalekua aprobetxatzea, haren azalera osoan nahiz zati batean, esleipen hartzailea izan gabe.

Lurzatiak galtzen dituzten onuradunek partekaritza edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte udal diruzaintzan.

64. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

_1, 2, 3, 4, 5 eta 6. arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da.

_12 eta 15.arengatik, herrilurren edo herrilarreen esleipen hartzailea izateko eskubidea galduko da.

_Gainerako arau-hausteengatik, erran nahi baita, 3, 9 eta 10. zenbakiengatik, egindako kaltearen halako 5etik 10era bitarte ordainaraziz zehatuko dira. Balio hori zehazterik ez badago, 60tik 12.000 euro bitarteko zehapena ezarriko da (10.000 eta 2 milioi pezeta, hurrenez hurren). Gainerako arau-hausteengatik, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 225, 226, 227 eta 228. artikuluekin bat (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 178. artikuluari jarraikiz, egungo legeen araberako zehapena ezarriko da.

Zehapenak ezartzeaz gain, arau-hausleak berari egozten ahal zaizkion kalte-galerak ordainduko ditu, modu bidezkoan eskatzen ahalko direnak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra._Ordenantza honek indarra hartzen duenetik indarrik gabe geldituko dira, baliorik ez ondoriorik ez dutela, hari kontra egiten dioten ezarritako xedapen, erregelamendu edo ordenantza guztiak, maila berekoak edo beheragokoak badira.

Iragarkiaren kodea: L0417417