78. ALDIZKARIA - 2004ko ekainaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

176/2004 FORU AGINDUA, maiatzaren 25ekoa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren erregistro liburuak eraman eta eginbidetzeko modua ezartzen duena.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamendua maiatzaren 24ko 174/1999 Dekretuaren bidez onetsi zen. Erregelamendu horren 61. artikuluan enpresa edo lanbide jarduerak betetzen dituzten zergaren subjektu pasiboen betebehar formalak, kontabilitatekoak eta erregistrokoak arautzen ditu, eta artikulu horren 8. atalean, baimena ematen zaio Ekonomia eta Ogasun kontseilariari, subjektu pasibo horiek jardueren etekina zehazteko erabiltzen duten zenbatespen-araubidearen arabera eraman behar dituzten erregistro liburuak eraman eta eginbidetzeko modua zehaz dezan.

Baimen hori erabiltzeko, foru agindu honetan zehazten dira, haien jarduerak direla-eta, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren subjektu pasiboek eramaten dituzten erregistro liburuetan idatzi beharreko datuak, baita datu horiek eginbidetzeko modua ere.

Foru agindu honen bidez indarrik gabe geratzen den abenduaren 12ko 1224/1995 Foru Legean bezala, hemen ere aukera ematen zaio subjektu pasiboari eginbidetzeko betebeharra liburuak Ekonomia eta Ogasun Departamentuan aurkeztu gabe betetzeko, "Nahitaezko liburuen adierazpenak" izeneko 04 ereduaren araberako adierazpen baten bidez.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Erregistro liburuak eramatea, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari begira.

Bat._Merkataritza arloaz kanpoko beste enpresa-jarduerak dituzten subjektu pasiboek eta errenta-egozpeneko araubideko entitateek, baldin eta haien etekina zenbatespen objektiboko araubidean finkatzen bada, eta etekina zenbatespen objektiboko araubidearen modalitate erraztuan finkatzen den lanbide jarduerak dituztenek ondoko erregistro liburu hauek eraman behar dituzte:

a) Salmenta eta dirusarreren erregistro liburua; bertan jardueren ondoriozkoak jasoko dira eta gutxienez ondoko datu hauek azalduko ditu:

_Idatzoharraren zenbakia.

_Salmenta edo sarrera bakoitza sorrarazi zeneko eguna, aldi-egozketarako hartzen den irizpideari jarraikiz.

_Salmenta edo sarrera jasotzen duen fakturaren edo ordezko agiriaren zenbakia.

_Sortzen dituen kontzeptua, behar bezala zehaztua.

_Salmenta edo sarreren zenbatekoa, hala badagokio, sortutako Balio Erantsiaren gaineko Zerga aparte azalduta.

b) Salmenta eta dirusarreren erregistro liburua; bertan jardueren ondoriozkoak jasoko dira eta gutxienez ondoko datu hauek azalduko ditu:

_Idatzoharraren zenbakia.

_Salmenta edo sarrera bakoitza egin zeneko eguna, aldi-egozketarako hartzen den irizpideari jarraikiz.

_Salmenta edo sarrera jasotzen duen fakturaren edo ordezko agiriaren zenbakia.

_Sortzen dituen kontzeptua, behar bezala zehaztua.

_Salmenta edo sarreren zenbatekoa, hala badagokio, jasandako Balio Erantsiaren gaineko Zerga aparte azalduta.

c) Inbertsio ondasunen erregistro liburua, subjektu pasiboaren enpresa jarduerei loturiko ibilgetu material eta inmaterialeko elementuen berri emanen duena, eta gutxienez ondoko datu hauek azalduko dituena:

a') Ibilgetu materialari dagokionez, ondoko datu hauek azalduko dira ondasun bakoitzean:

_Idatzoharraren zenbakia.

_Ondasunaren deskripzioa, ongi identifikatzeko datu guztiak azalduta

_Eskurapenaren balioa.

_Erabiltzen hasi zen eguna.

_Dagokion amortizazio kuota, hala nola metatua, eta, behar izanez gero, itzultze fondorako dotazioa.

b') Ibilgetu inmaterialari dagokionez, ondoko datu hauek azalduko dira elementu bakoitzean:

_Idatzoharraren zenbakia.

_Elementuaren deskripzioa, ongi identifikatzeko datu guztiak azalduta.

_Eskurapenaren balioa.

_Eman edo eskuratu zen eguna.

_Behar izanez gero, dagokion amortizazio kuota, baita metatua ere.

Aurreko a') eta b') letretan aurreikusitako kasuetan, ondasun edo elementuaren baja ere jasoko da, haren eguna eta arrazoia azalduta.

Bi._Lanbide-jarduerak dituzten subjektu pasiboek eta errenta-egozpeneko araubideko entitateek, baldin eta haien etekina zuzeneko zenbatespen araubidearen edozein modalitatetan finkatzen bada, Bat atalean ezarritako arauei jarraikiz, ondoko erregistro liburu hauek eraman behar dituzte:

a) Dirusarreren erregistro liburua.

b) Gastuen erregistro liburua.

c) Inbertsio ondasunen erregistro liburua.

d) Fondo eta ordejarrien horniduren erregistro liburua, gutxienez ondoko datu hauek azaltzen dituena:

_Idatzoharraren zenbakia.

_Zein eragiketa den (fondo edo ordejarrien hornidura).

_Fondo edo ordejarrien hornidurak egin edo ordaindu ziren eguna.

_Fondo eta ordejarrien horniduren zenbatekoa.

_Fondoaren hornidura ordaintzen duenaren edo ordejarria jasotzen duenaren izen-deiturak edo sozietate izena.

_Eragiketa azaltzen duen fakturaren edo ordezko agiriaren zenbakia.

Hiru._Enpresa edo lanbide jarduerak dituzten subjektu pasiboek eta errenta-egozpeneko araubideko entitateek, baldin eta haien etekina zenbatespen objektiboko araubidean finkatzen bada, Bat atalean ezarritako arauei jarraikiz, salmenta eta dirusarreren erregistro liburu bat eraman behar dute.

Lau._Erregistro liburuak eramatea, baliabide elektroniko eta informatikoen bidez.

Zergei begira eskatzen ahal diren liburuak, fakturazioa edo erregistroak baliabide elektroniko eta informatikoen bidez kudeatzen badira, gainera, ondoko fitxategi magnetiko hauek eraman behar dira:

a) Datuen fitxategiak, bai historikoak bai maisuak, beren aplikazio informatikoek sortuak eta diligentziatu beharreko liburuen sorburu direnak.

b) Programen fitxategiak, datuen fitxategiak prozesatzeko erabiltzen direnak

Bost._Erregistro liburuetako idatzoharrak.

1. Zilegi izanen da idatzoharrak edozein prozedura egokiz egitea, gero hurrenkeran azaleztatuko diren orrietan, haiekin nahitaezko erregistro liburuak osatzeko.

2. Foru agindu honetan aipatzen diren erregistro liburuetan egindako idatzoharrak daten arabera ordenaturik agertuko dira, zuriune, tarte, urradura eta tatxadurarik gabe, eta, hala badagokio, hiruhileko eta urte naturalen arabera osatuko dira. Egindako idatzoharretan ikusten diren akats edo faltak berehala zuzendu beharko dira.

3. Nolanahi ere, zilegi izanen da txikizkako merkataritzako jarduerak edo Ekonomia eta Ogasun Departamentuak ezartzen dituen bestelakoak dituzten subjektu pasiboek egun bakoitzean egin dituzten erosketa eta salmenta guztien idatzohar bateratua egitea, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 54.4 eta 55.5 artikuluetan finkatutako baldintzei jarraikiz.

4. Erregistro liburuek hurrenkeran zenbakituak izanen dituzte orriak; zergaldi bakoitzeko azken idatzoharraren ondoko lehenbiziko orria zuriz utziko da, foru agindu honen hurrengo artikuluan ezarritakoa bete ahal izateko. Gainerako zuriuneak deuseztatu egin beharko dira.

Sei._Erregistroko idatzoharretarako epea.

Erregistroan idatzi beharreko eragiketak erregistro liburuetan idatzirik egonen dira aitorpena egin eta zatikako ordainketak egiteko maiatzaren 24ko 177/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelemenduaren 93. artikuluan aipatzen den epea bukatu baino lehen.

Zazpi._Bateragarritasuna bestelako erregistro liburuekin.

Foru agindu honetan ezarritakoak ez du ezertan ukatzen martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 53.3 artikuluan finkatutakoa.

2. artikulua. Erregistro liburuak eginbidetzeko modua.

Bat._Araubide orokorra.

1. Araubide orokorra idatzoharrak edo idazpenak edozein prozedura egokiz orrietan egiten direnean aplikatuko da, gero orri horiek azaleztatuko baitira erregistro liburuak osatzeko.

Aurreko lerroaldean aipatutako kasuetan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren subjektu pasiboek eta errenta-egozpenaren araubideko entitateek erregistro liburuak ekitaldiari dagozkion datuekin bete eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuan aurkeztu beharko dituzte, bertan eginbidetzeko; horretarako epea zergaldia bukatzen den egunean hasi eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenak aurkezteko azken egunean bukatuko da.

2. Araubide orokorra aplikagarria duten erregistro liburuen eginbidetzean ondoko datu hauek aipatuko dira espresuki:

a) Erregistro liburuen titularraren izen-deiturak edo sozietate izena eta identifikazio fiskalerako zenbakia.

b) Titularraren izenean erregistro liburuak aurkeztu dituenaren izen-deiturak eta identifikazio fiskalerako zenbakia edo nortasun agiri nazionala.

c) Erregistro liburuak aurkezten diren eguna.

d) Enpresa edo lanbide jarduera, behar izanez gero, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren edo Lizentzia Fiskalaren epigrafearekin.

e) Aurkezten den erregistro liburuaren mota eta ale kopurua, zergaldi berean bat baino gehiago izanez gero.

f) Erregistro liburuko idatzoharrak zein zergalditakoak diren, zergaldi horretako lehenbiziko eta azken egunak azalduta.

g) Eginbidetzen ari den erregistro liburuaren orri kopurua, zergaldian erabilitakoak, baita zergaldian egindako idazpen kopurua eta horietako azkenaren eguna ere.

h) Eginbidea burutzen den eguna eta funtzionario eskudunaren sinadura.

Halaber, zuriune, urradura edo tatxadurarik baldin badago, halaxe jasoaraziko da eginbidean.

3. Aurrekoa gorabehera, 1. zenbakiari jarraikiz eginbidetzeko erregistro liburuak aurkeztu behar dituzten zergadunek, eginbehar hori betetzeko, zilegi izanen dute 1224/1995 Foru Legean onetsitako "Nahitaezko liburuen adierazpenak" izeneko 04 ereduaren araberako adierazpen bat aurkeztea, eta hala eginez gero, ez dute erregistro liburuak Ekonomia eta Ogasun Departamentuan aurkeztu beharrik izanen.

Bi._Araubide berezia.

Artikulu honetako Bat zenbakian aurreikusi ez diren kasuetan, erregistro liburuak Ekonomia eta Ogasun Departamentuan aurkeztu beharko dira, erabili baino lehen eginbidetzeko.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indarrik gabe utzi da 1224/1995 FORU AGINDUA, abenduaren 12koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren erregistro liburuak eraman eta eginbidetzeko modua ezartzen duena.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2004ko maiatzaren 25ean._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: F0408945