58. ALDIZKARIA - 2004ko maiatzaren 14a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

A R T O Z K I

Ordenantza behin betiko onetsirik

Artozkiko Kontzejuak, 2004ko urtarrilaren hamarrean egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza hau:

_Etxebizitzak eraiki edo zaharberritzeko herritarrendako dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza.

Iragarkia 2004ko 21. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, otsailaren 18an, argitara eman eta aurkako inolako alegaziorik aurkeztu ez denez, aipatu ordenantza behin betiko onetsita gelditu da.

Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 326. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, osorik argitaratzen da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

Artozkin, 2004ko apirilaren 5ean._Kontzejuko burua, Angel Legasa Ducay.

ETXEBIZITZAK ERAIKI EDO ZAHARBERRITZEKO ARTOZKIKO HERRITARRENDAKO DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Artozkiko herria, Artzibarren baitago, Itoizko urtegiaren obrek kaltetu dute eta erabat urperatua geldituko da urtegia betetzen denean.

Herritarrek eremu horrekiko lotura mantendu nahi dute, familiak bertan errotuta daudelako. Nafarroako Gobernuak, ordea, ez du baimenik ematen Artozkiko udal mugapean herrigune berri bat sortzeko.

Beraz, kaltetutako familiak ondoko herrietara joaten ari dira, hain zuzen ere Nagorera eta Azparrenera, eta bertan etxebizitza berriak erosi edo eraikitzen dituzte. Hori dela-eta, Nafarroako Gobernuarekin akordio bat sinatu da.

Ukitutako familiak bertan gelditzea garrantzitsua da eremu hori despopula ez dadin. Kontzejuaren iritziz, gizartearen interesekoa da laguntzak banatzea herritarrei etxebizitzak eraiki eta zaharberritu ditzaten, eta horrela, Artzibarren gelditu.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Artozkiko herritarrei etxebizitzak eraiki eta zaharberritzeko laguntzak emateko araubide juridikoa eta baldintzak arautzea.

2. art. Onuradunak.

Ordenantza honen onuradunak izanen dira ondoko baldintza guztiak betetzen dituzten herritarrak:

1. Artozkiko herritartasuna frogatzea, azkeneko udal erroldaren datatik aurrera.

2. Agiri bidez frogatzea, zaharberrituko den etxebizitzaren jabea dela edo eraikiko den hiri lurzatiarena, betiere Artzibarko lurren barnean.

3. Etxebizitza eraiki edo zaharberritzeko obren proiektuaren prestaketa kontratatu dela frogatzea.

4. Edonola ere, dirulaguntza jasotzeko, baldintza horiek 2004ko uztailaren 30a baino lehen frogatu beharko dira.

3. art. Zenbatekoa.

Kontzeptu horretarako 130.000 euroko kontusaila dago, eskatzaileen artean zenbateko berdinetan banatuko dena, betiere aurreko artikuluan ezarritako baldintzak bete eta frogatzen badituzte.

Dirulaguntza emanen da eraiki edo zaharberritutako etxebizitzengatik soilik, eta nolanahi ere pertsona bakoitzeko dirulaguntza bakarra emanen da.

4. art. Dirulaguntza onartzeko prozedura.

Zenbateko horiek banatzeko eskaerak eginen dira dirulaguntzak jasotzeko eskabideak aurkeztuta. Eskabideekin batera, nahitaez, ondoko agiri hauek aurkeztuko dira:

_Ziurtagiri ofiziala, Artozkiko herritartasuna frogatzen duena, azkeneko udal erroldaren datatik aurrera.

_Zaharberrituko den etxebizitzaren edo eraikiko den hiri lurzatiaren titulartasuna frogatzen duen agiria.

_Etxebizitza eraiki edo zaharberritzeko obren proiektuaren prestaketa kontratatu dela frogatzen duen agiria.

5. art. Onuradunak ez badu etxebizitzarik eraiki edo zaharberritzen 2011ko abenduaren 31 baino lehen edo data hori baino lehen saltzen badu, laguntzak Kontzejuari itzuliko zaizkio osorik, legezko korrituekin batera.

6. art. Betebehar ekonomikoak.

Eskatzaileek betebehar ekonomiko guztiak eguneratuta izan beharko dituzte Artozkiko Kontzejuarekin.

7. art. Artozkiko Kontzejuak beretzat gordetzen du klausula hauek interpretatu eta horien inguruan sortzen den zalantza oro ebazteko eskubidea.

Iragarkiaren kodea: L0405832