58. ALDIZKARIA - 2004ko maiatzaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

72/2004 FORU AGINDUA, apirilaren 19koa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo kontseilariak emana.

Nafarroako toki entitateek, partzuergo turistikoek eta turismoa bultzatzeko helburua duten zenbait elkarte lan eskerga egiten ari dira turismo sektorea bultzatze aldera.

Laguntzen deialdi honen bitartez, sektore publikoak turismoaren inguruan dituen ekimenak bultzatu eta sustatu nahi dira, edo bisitariak erakartzeko aurreko urteetan hasitako jarduerak sendotu. Horretarako, 2003ko urriaren 1etik 2004ko irailaren 30era bitartean egiten diren jarduerak onartuko dira edo, multzo gisa aurkeztuagatik, beren jardueren gutxienez ehuneko 75 epe horretan egiten dituzten proiektuak.

Oro har, aurreko deialdiko proiektuen antzekoak bultzatuko dira aurrerantzean ere, eta lehentasuna emanen zaie ahal dela bi erakundek baino gehiagok planifikatutako jarduerei, horrela eskaintza tokietan eta denboran dibertsifikatu ahal izateko.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. Elkarte, toki entitate eta administrazio partzuergoei laguntza emateko deialdia onestea, bai eta deialdia arautuko duten oinarriak ere. Foru agindu honen eranskinean bildu dira.

2. Deialdi horretarako gastua baimentzea ondoko zenbatekoetan eta 2004ko gastuen aurrekontuko kontusail hauen kargura:

_Elkarteentzako laguntzak turismoa sustatzeko. Kontusaila: A10001 A1120 4810 751200. Diru kopurua: 500.506 euro.

_Ekimen publikorako laguntzak turismoa sustatzeko. Kontusaila: A10001 A1120 4600 751200. Diru kopurua: 722.108 euro.

3. Foru agindu hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Foru agindu hau honakooi jakinaraziko zaie behar diren ondorioak izan ditzan: Turismoaren Sektorea Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzua, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Kontabilitate Zentroa eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa.

Iruñean, 2004ko apirilaren 19an._Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

E R A N S K I N A

Elkarteek, toki entitateek eta administrazio partzuergoek 2004. urtean egindako sustapen jarduerei laguntzeko deialdiaren arauak

1. Xedea, laguntzaren zenbatekoa eta onuradunak.

Deialdi honen dirulaguntzen helburua hauxe da: 2003ko urriaren 1etik 2004ko irailaren 30era bitartean egiten diren jarduerak edo, multzo gisa aurkeztuagatik, beren jardueren gutxienez ehuneko 75 epe horretan egiten dituzten proiektuak.

1.1. Elkarteentzako laguntzak.

2004ko gastuen aurrekontuan xede horretarako kontusail bat dago, 500.506 eurokoa, "Elkarteentzako laguntzak turismoa sustatzeko" izenekoa (A10001 A1120 4810 751200 kontusaila).

1.1.1. Turismo elkarteentzako laguntzak.

1.1.1.1. Onuradunak.

Helbidea Nafarroan duten elkarteak, beren helburuen artean turismoa sustatzea baldin badago; elkarte horiez gainera, estatutuetan helburu turistikoa bildu ez arren, nazio mailako interes turistikodun gisa deklaratuta edo deklaratzeko prozesuan dagoen festaren bat programatu eta egiten duten elkarteak.

1.1.1.2. Xedea.

1. Garapen turistikorako lagungarri diren produktuen komertzializazio eta sustapen estrategiak abian jartzeko jarduketak:

_Erreserba bulegoak kontratatzea edo martxan jartzea.

_Turismo arloko ferietara eta merkaturatzeko jardunaldietara joatea. Atal honetan, ferietara joateko, gehienez ere bi lagunentzat emanen da laguntza, eta tokirako eta standerako Turismorako eta Turismoaren Sustapenerako Zuzendaritza Nagusia agertu ez eta tokirik eskaintzen ez duenean baizik ez.

_Ohitzeko bidaietara joatea edo haietako jendea hartzea.

_Publizitateko ekintzak, mailing-ak (helburu duten ekintza eta norentzat antolatzen den azalduta), web-guneak sortzea edo dagoen baten edukia handitzea (establezimendu edo zerbitzuen kopurua, itzulpenak, baliabide turistikoak...). Gehieneko aurrekontua 12.000 eurokoa da. Web-orriek, betiere, dirulaguntza jaso ahal izateko, gutxienez 5 urtez egonen dira indarrean, eta lotura bat izan beharko dute departamentuaren turismoari buruzko orri ofizialarekin, honekin alegia: www.cfnavarra.es/turismoNavarra.

_Sektorearen irudia indartzeko ekintza eta kanpainak.

_Herritarrak turismo jardueraren inguruan sentsibilizatzeko kanpainak.

2. Nazio mailako interes turistikodun gisa deklaratuta edo deklaratzeko prozesuan dauden jai eta ospakizun kulturalak antolatzea.

3. Kalitate turistikoaren kartak sortu eta ezartzeko jarduketak, eremu nazionalean homologatutako kalitate turistikoaren sistemak garatu eta ezartzeko, bai eta kalitate plan horiek eskatzen dituzten ingurumen arloko ekintzak ere. Ondoko hauek:

_Aholkularitza espezializatua kontratatzea, Administrazio Publikoak zerbitzu hori eskaintzen ez badu.

_Prestakuntzaren arloan ikastaroak eta gainerako jarduerak antolatzea.

_Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuaren eskualdeko ordezkaritzako eginkizunen garapena bere gain hartu duten elkarteek teknikariak kontratatzea, betiere kontratazio horrek deialdiko beste kontzepturengatik dirulaguntzarik jasotzen ez badu.

4. Beharren diagnostikoa eta prestakuntza jarduerak antolatzea turismoko kudeatzaileen gaitasun tekniko eta profesionala hobetzeko eta turismoaren sektorean energia berritzaileak ezagutu eta aplikatzeko. Prestakuntza-bidaiek ere jaso dezakete dirulaguntza, baldin eta prestakuntza ikastaro oso baten parte badira. Programa aurkeztu beharko da betiere. Nolanahi den, bidaiaren kontzeptu gisa, dirulaguntzarako gastu bezala, ikastaro osoaren aurrekontuaren % 50 onartuko da gehienez.

5. Turismoko produktua sortu edo sendotzeko jarduketak. Deialdi honi dagokionez, turismoko produktutzat joko da toki bateko baliabideei balioa ematea, betiere elkarren artean osagarriak diren elementu eta/edo zerbitzuen multzo bat baldin bada, erakarmen berezia badu eta turismoa erakartzeko ahalmena.

1.1.1.3. Laguntzaren zenbatekoa.

Fondo galdurako dirulaguntzak izanen dira, laguntza izan dezaketen jardueretarako bideratzen diren zenbatekoen % 70 bitartekoak.

Laguntzen muga: orokorrean, 42.000 euro elkarte bakoitzeko, 1.1.1. puntuko 1., 2., 4. eta 5. ataletan aipatzen diren jardueretarako, eta 33.000 euro 1.1.1. puntuko 3. atalekoetarako.

1.1.2. Beste elkarte batzuentzako laguntzak.

1.1.2.1. Onuradunak.

Helbidea Nafarroan duten elkarteak, estatutuetan helburu turistikoa bildu ez arren proiektu turistiko bat garatzen dutenak.

1.1.2.2. Xedea.

1. Jada utziak diren jarduera tradizionalekin loturiko jai eta ospakizun kulturalak eta Nafarroako elezahar eta tradizioei buruzko antzezpenak antolatzea, betiere jarduera horiek egiten diren tokira bisitari ugari erakartzeko ahalmena badute.

Turismo elkarteek ere eska dezakete laguntza hau, hurrengo atalean aipatzen den portzentaje eta muga kontuan izanda.

2. Turismoko produktua sortzeko jarduketak. Deialdi honi dagokionez, turismoko produktutzat joko da toki bateko baliabideei balioa ematea, betiere elkarren artean osagarriak diren elementu eta/edo zerbitzuen multzo bat baldin bada, erakarmen berezia badu eta turismoa erakartzeko ahalmena.

Bi kasuetan eskatzaileek eskaerarekin batera egiaztatu beharko dute jarduerak edo produktuak kanpoko bisitariak erakartzeko gai direla.

1.1.2.3. Zenbatekoa.

Laguntzak fondo galdurako dirulaguntzak izanen dira, laguntza izan dezaketen jardueretarako bideratzen diren zenbatekoen % 30 bitartekoak, gehienez ere 18.000 euro.

1.2. Laguntzak toki entitateentzat eta turismo partzuergoentzat.

2004ko gastuen aurrekontuan xede horretarako kontusail bat dago, 722.108 eurokoa, "Iniziatiba publikoarentzako dirulaguntzak turismoa sustatzeko" izenekoa (A10001 A1120 4600 751200 kontusaila).

1.2.1. Onuradunak.

Nafarroako toki entitateak eta helbidea Nafarroan duten turismo partzuergoak deialdi hauek jasotzen ahalko dituzte. Partzuergo horiek toki entitateek eta irabazi asmorik gabeko elkarteek osatuko dituzte eta beren jarduketa eremuan turismoa garatzea xede izanen.

1.2.2. Laguntzaren xedea.

Laguntza jasoko dute ondoko atalen inguruan garatzen diren proiektuek:

1. Ondoko ekintzetarako proiektuak:

a) Turismoko produktuak eta gai baten inguruko ibilbideak diseinatu eta zehaztea.

b) Herritarrak turismo jardueraren inguruan sentsibilizatzeko kanpainak.

c) Eremu nazionalean homologatutako kalitate planak bultzatu eta garatzea, bai turismo arloan bai ingurumenekoan.

2. Ondoko ekintzetarako proiektuak:

a) Gai baten inguruko festak, ikuskizun kulturalak eta kirolekoak, lehiaketak eta abar antolatzea, baldin eta xede turistikoa argi gelditzen bada eta eremu horretatik kanpoko bisitariak erakartzeko gaitasuna demostratzen bada.

b) Turismorako eta Turismoaren Sustapenerako Zuzendaritza Nagusiko Turismoaren Sustapenerako eta Irudi Turistikorako Zerbitzuari laguntzea Marketin Plan indardunaren arabera zerbitzu horrek antolatzen dituen Ohitzeko Bidaiak eta Merkaturatzeko Jardunaldiak antolatzen eta egiten.

3. Nazio mailako interes turistikodun gisa deklaratuta edo deklaratzeko prozesuan dauden jai eta ospakizun kulturalak antolatzeko proiektuak.

4. Ondoko ekintzetarako proiektuak:

a) Jardueren Orriak egitea, Sustapen Programa baten osagai badira.

b) Web-guneak sortzea edo dagoen baten edukia handitzea (establezimendu edo zerbitzuen kopurua, itzulpenak, baliabide turistikoak...). Gehieneko aurrekontua 12.000 eurokoa. Homogeneotasuneko jarraibideak: formatua Turismorako eta Turismoaren Sustapenerako Zuzendaritza Nagusiak ezarritako ildoaren araberakoa izanen da, Nafarroari buruzko irudi bakarra eman dadin. Gutxienez 5 urtez egonen da indarrean, eta lotura bat izan beharko du departamentuaren turismoari buruzko orri ofizialarekin, honekin alegia: www.cfnavarra.es/turismoNavarra.

Kontzeptu hauengatik gutxieneko parte-hartzea % 10ekoa duten 3 udalek edo gehiagok parte hartzen duten partzuergo edo proiektuei baizik ez zaie emanen dirulaguntzarik.

5. Ondoko ekintzetarako proiektuak:

a) Ferietara joatea. Atal honetan, ferietara joateko, gehienez ere bi lagunentzat emanen da laguntza, eta tokirako eta standerako Turismorako eta Turismoaren Sustapenerako Zuzendaritza Nagusia agertu ez eta tokirik eskaintzen ez duenean baizik ez.

b) Publizitate ekintzak eta mailing-ak, dirulaguntza jasotzen ahal duten jarduerei buruzkoak.

Bi kontzeptu horiengatik partzuergoi baizik ez zaie emanen dirulaguntzarik.

6. Dinamizazio turistikorako zerbitzua ezartzeko proiektuak. Horren funtsa izanen da turismoko produktu komuna duten herriak edo herri bat bultzatzeko programa diseinatu eta garatzea.

Azpiegitura egokia duten partzuergoek eta toki entitateek turismorako argibide zerbitzua ere gehi dezakete egoki iruditzen zaien denboraldian. Adierazi beharko dute urtean noiz egonen den irekita, zer ordutan irekiko den eta aurreko urteetan izandako kontsulta kopurua.

7. Turismoko partzuergoen kudeatzailetza kontratatzea.

1.2.3. Laguntzaren zenbatekoa.

1.2.3.1. Laguntzak 1. eta 2. ataletan azaltzen diren proiektuetarako.

Eskaera turismo partzuergo batek, edo partzuergo batek toki entitateren batekin, egiten badu, dirulaguntza jaso dezaketen gastuen % 70. Partzuergoan duten parte-hartzea, kasu hauetan, % 10etik goitikoa izanen da.

_Eskaera turismo partzuergo batean sartutako udal batek egiten badu, % 20.

_Eskaera partzuergoa eratuta dagoen eskualde bateko udalak egiten badu, nahiz eta turismo partzuergoan sartuta ez egon: dirulaguntza jaso dezaketen gastuen % 25.

_Eskaera partzuergorik ez dagoen eskualdeetako udalek egiten badute.

_Bakarrik aurkeztuz gero, dirulaguntza jaso dezaketen gastuen % 40.

_Hiru udalek edo gehiagok batera eginen dituzten proiektuak aurkezten direnean, dirulaguntza jaso dezaketen gastuen % 60.

1.2.3.2. 3. ataleko proiektuetarako laguntzaren zenbatekoa dirulaguntza jaso dezaketen gastuen % 70ekoa izanen da.

1.2.3.3. 4. ataleko proiektuetarako laguntzaren zenbatekoa dirulaguntza jaso dezaketen gastuen % 50ekoa izanen da.

1.2.3.4. 5. ataleko proiektuetarako laguntzaren zenbatekoa dirulaguntza jaso dezaketen gastuen % 25ekoa izanen da.

1.2.3.5. Laguntzak 6. ataleko proiektuetarako.

Jarduera honetarako, zerbitzua ezartzeko langileen kostua besterik ez da ordainduko, betiere gutxienez hiru hilabeteko kontratua egiten bazaie. Gehieneko dirulaguntza 3.700 euro izanen da dinamizatzaile bakoitzeko eta kontratu-urte bakoitzeko, eta iraupen txikiagoko kontratuen kasuan dagokion proportzioa.

Kontratua nahiz nominen ordainketa entitate eskatzaileak eginen ditu.

1.2.3.6. Laguntzak 7. ataleko ekintzetarako.

Laguntzaren zenbatekoa kostuaren % 80a izanen da; gehienez ere 25.000 euro partzuergo bakoitzeko.

1.2.3.7. Gehikuntza izanen da turismo destinoko kalitate programari atxikiz gero, PICTEk onartua izanen dena eta garapen fasean.

Dirulaguntzak handitu eginen dira eskatzailea edo parte-hartzaileetako hiru Turismo Lekuen Kalitate Planari atxikita badaude, edo, plan horretan parte hartzen duten partzuergoen kasuan, % 10 1., 2., 4. eta 5. proiektuetarako.

2. Eskaeren aurkezpena.

2.1. Entitate eskatzailea.

Proiektu bakoitzeko eskaera bat aurkeztuko du proiektua garatzeko asmoa duen entitateak.

Proiektua zenbait entitatek batera garatu behar dutenean aukera hauek izanen dira:

a) Proiektuaren exekuzioa bere gain hartzen duenak aurkeztea eskaera; halakoetan, sortzen diren gastuak exekuzioa bere gain hartzen duen entitateak ordainduko ditu. Halaber, aldeen lankidetza nola antolatuko den adieraziko da, eta entitateen legezko ordezkarien sinadura jarriko.

b) Proietua garatuko duten entitateek eskaera batera aurkeztea; bakoitzaren partaidetza zehaztuko da eta legezko ordezkarien sinadura jarriko. Halako kasuetan entitate parte-hartzaile bakoitzari emanen zaio dirua, bere partaidetzaren proportzioan; gastuen frogagirietan ordaintzaile gisa agertu beharko du entitateak.

2.2. Epea.

Laguntzetarako eskaerak aurkezteko hilabeteko epea dago, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

2.3. Agiriak.

Eskaera beteko da horretarako propio eratutako formularioa betez. Delako formularioa eskura dago Turismoaren Sektorea Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuan eta Interneteko helbide honetan: www.navarra.es /home_es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/

Eskaerari ondoko agiriak erantsiko zaizkio:

1. Entitateari edo entitateei dagokien dokumentazioa (aurreko urteetan dirulaguntzarik eskatu ez bada edo daturen bat aldatu bada).

Elkarteek:

_Dagokion Erregistroko inskripzioaren kopia eta elkartearen Estatutuena eta hurrengo aldaketena, halakorik bada.

_Entitatearen legezko ordezkarien identifikazioa eta haien ahalordetzea.

Partzuergoek eta toki entitateek:

_Entitatearen legezko ordezkarien identifikazioa eta haien ahalordetzea.

2. Proiektuari dagokion dokumentazioa:

A) Proiektuaren azalpen memoria, honakoak zehaztuz:

_Proiektua osatzen duten ekintzak eta horiek non eginen diren.

_Dirusarrera eta gastuen aurrekontu zehaztua. Proiektuan ekintza bat baino gehiago dagoenean, bakoitzaren kostua azalduko da.

_Gastu eta dirusarreren aurrekontu zehaztua entitate eskatzaile bakoitzerako; adieraziko dira entitate bakoitzak bere gain hartzen dituen ekintzak, bai eta gastu eta dirusarreretako zein parte-hartze duen ere, kostua eta mota zehaztuta.

B) Dinamizazio zerbitzua ezartzeko laguntzak.

Dinamizazio turistikoaren zerbitzua ezartzeko laguntzak eskatzen direnean, bultzatze eta dinamizazio programa aurkeztu beharko da, eta bertan zehaztuko dira dirulaguntza jasoko duten pertsonek burutu beharreko lan konkretuak, nolako iraupeneko kontratua egiteko asmoa dagoen (kontratuaren kopia bat aurkeztu beharko da, hura sinatutakoan), bai eta zenbatekoa izanen den lansaria. Horrezaz gainera, turismorako argibide zerbitzua ezarri nahi bada, adierazi beharko da lokala nolakoa den eta non kokatzen den, bulegoa noiz egonen den irekita eta hartarako zer baliabide material jartzen den (haien artean ordenagailu bat, posta elektronikoduna).

C) Proiektuak egokiro definitzeko behar diren beste agiri batzuk.

D) Beste entitate batzuek edo partikularrek proiektu bererako emandako laguntzen zenbatekoei buruzko aitorpena aurkeztu beharko du eskatzaileak; halako dirurik ez badago horren berri eman beharko du.

3. Tramitazioa.

Turismoaren Sektorea Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak eskaerak aztertuko ditu eta aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, interesatuari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala hamar egun naturaleko epean eskaera hori jakinarazten zaionetik hasita; adieraziko zaio horrela egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

Eskaerak aztertutakoan, behar bezala osatutakoei dagozkien zenbatekoak zehaztuko dira eta zenbateko horiek onuradunei idatziz jakinaraziko zaizkie, horiek, jaso beharreko laguntzekin proiektuak ezin direla bideratu uste badute, eskaerari uko egiten diotela jakinaraz dezaten 10 eguneko epean.

Epe hori iraganik, Turismoaren Sektorea Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak proposamen bat igorriko dio Turismorako eta Turismoaren Sustapenerako zuzendari nagusiari honek deialdiari buruzko ebazpena eman dezan.

Eman beharreko laguntzen zenbatekoa aurrekontuko kredituak baino handiago bada, laguntzen hainbanatze lineala eginen da.

Deialdia ebazteko hiru hilabeteko epea izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aitzina. Epe hori betetzen bada jakinarazpena egin gabe, eskaera ez da onartuko.

4. Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.

Dirulaguntza jaso dezakete proiektuaren garapenarekin lotura zuzena duten kanpoko gastuek, hots, hirugarrenek fakturatuek eta, beraz, ez dute dirulaguntza jasoko bertako langileei dagozkien gastuek (kudeaketa eta sustapena izan ezik) eta entitatearen ohiko funtzionamenduko gastuek, ibilgetua amortizatzeko dotazioak barne.

Hala ere, partzuergoen kasuan dirulaguntza jasotzeko gastuen artean onartuko da, barne kostuen gehikuntza gisa, proiektuan parte hartzeko aurrekontuaren eta, hala denean, egiaz gauzatutako aurrekontuaren % 15.

Balio Erantsiaren gaineko Zergaren zenbatekoa kenduko da, erasatekoa den kasuetan.

5. Egiaztapena eta ordainketa.

Laguntzen kontzesioarekin batera laguntzaren % 75eko aurrerakina emanen da.

Onuradunek egindako jardueren gastu eta dirusarreren frogagiriak eta ordainagiriak aurkeztu beharko dituzte 2004ko urriaren 31 baino lehen.

Baldin eta aurkeztutako dokumentazioak egiaztatzen badu proiektuaren % 75 edo gehiago burutu dela, dirulaguntza zehaztuko da egiazki egindako gastuari egokitzeko; gelditzen dena ordainduko da eta aurrerakina ordaindutzat joko da.

Baldin eta aurkeztutako dokumentazioak egiaztatzen badu proiektuaren % 75 baino gutxiago burutu dela horretarako arrazoirik izan gabe, proiektuak kontzesiorako arrazoia galdu duela ulertuko da eta ofizioz deuseztatuko da laguntza; ordaindutako aurrerakina itzultzeko eskaera tramitatuko da, salbu eta burututako portzentajeak proiektuaren helburua aldarazten ez badu.

6. Onuradunen betekizunak.

6.1. Izandako gastuak justifikatzea, fakturak eta ordainagiriak aurkeztuz. Horiek martxoaren 23ko 85/1993 Foru Dekretuaren arabera eginen dira. Frogagiri horietan elkarren segidako zenbakiak jarri beharko dira eta, horiekin batera, Turismo Zerbitzuak emandako formularioa aurkeztu. Bertan dirulaguntzen xede diren proiektuak zehatz-mehatz adieraziko dira.

6.2. Lortutako dirusarrerak deklaratzea. Beste entitate batzuei eskatutako dirulaguntzak eta azkenik eman direnak adierazi beharko dira.

6.3. Laguntzen xedeko jardueren memoria aurkeztea.

6.4. Dinamizazio turistikoaren zerbitzua ezartzen bada, kontratazioa 3 hilabetekoa izanen da gutxienez. Exekuzio memorian azaldu beharko dira egindako lanak eta denboraldian izandako emaitzen balorazioa. Gainera, argibide zerbitzua ere jartzen bada, baldintza hauek bete beharko dira:

6.4.1. Lokal bat izatea Argibide Bulegoa jartzeko. Bulego horrek Nafarroako Gobernuko Turismoko Argibideetarako Bulegoen sarearen itxura berdintsua izan behar du eta telefonoa, faxa eta ordenagailu posta elektrikoduna behintzat izan.

6.4.2. Turismoko Argibideetarako Bulegoa egoki seinalatzea, Turismo Zerbitzuak finkatutako irizpideei jarraikiz.

6.4.3. Egindako lanaren ebaluazio memoria aurkeztu beharko da: kontsulta kopurua, bezero mota eta egindako eskaeren baliabideak edo nolakotasuna. Turismoaren Sustapenerako eta Irudi Turistikorako Zerbitzuak informazioa biltzeko erabili beharreko galdesorta emanen du.

6.4.4. Turismo bulegoen, interneteko guneen edo egoki jotzen diren bestelako baliabideen bitartez egin diren edo egin gogo diren zabaltze ekintza guztien berri ematea Turismoaren Sustapenerako eta Irudi Turistikorako Zerbitzuari.

6.4.5. Turismoaren Sustapenerako eta Irudi Turistikorako Zerbitzuaren koordinazio irizpideei lotzea, informazio arloan, eskaera eta eskaintza turistikoaren datu biltzearen arloan eta Bulegoaren bidez egiten diren sustapen ekintzen arloan.

6.5. Laguntza jasotzen duen jardueraren inguruko informazio guztietan Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza duela azaldu beharko da.

6.6. Deialdi honen xede diren proiektuei buruzko argitalpenak _proiektuen parte direnak_ Nafarroari buruzko irudi bakarra zabaltzeko Turismorako eta Turismoaren Sustapenerako Zuzendaritza Nagusiak ezartzen dituen jarraibideen arabera egin beharko dira.

6.7. Dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean ezarritako gainerako betekizunak.

6.8. Laguntzen deialdi honekin zerikusia duten eta Turismoaren Sektorea Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzura igortzen diren jakinarazpen eta/edo agiri guztiak Zerbitzu horretara zuzendutako eskabide-orriaren bidez egin beharko dira eta Erregistro Publikoan aurkeztu.

7. Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira beste administrazio publikoek, xede eta helburu bererako, ematen ahal duten beste edozein laguntzarekin.

Onuradunak hartutako laguntzen zenbateko osoa jardueren kostua baino handiagoa bada, deialdi honetako laguntzak murriztu eginen dira jardueraren kostutik gorako zenbatekoan.

Dena den, deialdi honetan ezarritako laguntzak, programa europarrekin batera finantzatutakoak, ezin bateratzen ahal dira beste administrazio publikoek (horiek ere programa europarrekin batera finantzatutakoak direnean) xede eta helburu bererako ematen ahal dituztenekin.

8. Deialdi honen, bere oinarrien eta berau aplikatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F0406640