58. ALDIZKARIA - 2004ko maiatzaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

140/2004 FORU AGINDUA, maiatzaren 6koa, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpen telematikoaren aurkezpena arautzen duena, 2003. urteko ekitaldirako.

Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren zazpigaren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio Ekonomia eta Ogasun kontseilariari foru agindu bidez erregula dezan zergadun eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliz aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Ildo berean, abenduaren 14ko 352/1998 Foru Dekretuak, Zerga Administrazioari informazioa emateko obligazio jakin batzuei aplikatu beharreko xedapenak garatzen dituenak, laugarren xedapen gehigarrian, baimena ematen dio Ekonomia eta Ogasun kontseilariari zerga-aitorpenak baliabide telematikoez aurkezteko kasuak eta baldintzak finkatzeko.

Izandako esperientziak erakutsi du komenigarria dela aurreko ekitaldietan aitorpen horien kudeaketan hasitako garapenari segimendua ematea, kontuan har daitezen komunikazio telematikoko teknologia berriak, alde batetik zergadunek betebeharrak errazago egin ditzaten eta, bestetik, aitorpenen kudeaketa arintzeko, emandako datuen tratamendu eta kontrol informatiko azkarra eginez.

Apirilaren 6an emandako 106/2004 Foru Aginduaren bidez, 2003. urteari buruzko Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen aitorpenak aurkezteko arauak eman zituen Ekonomia eta Ogasun kontseilariak.

2003. urteko zerga horiek sorrarazi direnez, haiei dagokien aurkezpen telematikoa egiteko beharrezkoak diren xedapenak eman behar dira.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga bide telematikoz aurkezteko sistemaren aplikazio-eremua.

1. Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emandako apirilaren 6ko 106/2004 Foru Aginduak, 2003. urteari dagozkion Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko zergen aitorpenak aurkezteko arauak ematen dituenak, 1. artikuluan aipatzen dituen subjektu pasiboek aurkez ditzakete bide telematikoz Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko eta Ondarearen gaineko zergen aitorpenak.

2. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenak bide telematikoz 2004ko maiatzaren 7tik ekainaren 25era bitartean aurkezten ahalko dira (biak barne). Egun horretatik aurrera inprimakiaren bidez aurkeztu beharko dira aitorpen horiek.

3. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren 2003. urteari dagozkion aitorpenak bide telematikoz aurkezten dituzten subjektu pasiboek posta ziurtatuz bidali beharko dituzte, Administrazioarentzako autolikidazioaren kopiarekin batera (aitortzaileak behar bezala sinatuta, edo, beharrezkoa denean, famili unitateko kideek sinatuta), apirilaren 6ko 106/2004 Foru Aginduaren 5. eta 6. artikuluek aipatzen dituzten agiri eta frogagiriak. Agiri eta frogagiri haiek Iruñeko Monjardin kaleko 3. zenbakian Ekonomia eta Ogasun Departamentuak prestatu duen bulegora eraman behar dira 2004ko uztailaren 3a baino lehenago.

Orobat, agiri eta frogagiri haiek norberak aurkezten ahalko ditu Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren edozein bulegotan edo zuzenbidean onarturik dagoen beste edozein bide edo prozeduraren bidez.

106/2004 Foru Aginduaren 5. eta 6. artikuluek aipatzen dituzten frogagiriak aurkeztu beharrik ez da izanen baldin eta haietan diren datuak aldez aurretik eman badira, hots, dagoeneko Administrazioak baldin baditu.

2. artikulua. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga bide telematikoz aurkezteko baldintza orokorrak.

1. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga bide telematikoz aurkezteko beharkizunak.

Aitorpenen aurkezpen telematikoa baldintza hauen pean egonen da:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki behar du (IFZ). Ezkontideek edo bikote egonkorreko kideek aitorpen bateratua egiten badute, bakoitzak bere identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) eduki behar du.

b) Aplikazio informatikoan beharrezkoa balitz Nafaroako Zerga Ogasunaren esku dauden datu fiskalak ekartzea, bai aitortzaileak bai, behar denean, ezkontideak edo bikote egonkorreko kideak, beren nortasuna frogatu beharko dute, nork bere identifikazio pertsonalerako kodearen bidez (PIN) edo 2CA motako erabiltzaile ziurtagiriaren bidez (Diru eta Tinbre Fabrika Nazionala-Diruaren Errege-Etxeak emana).

c) Aitorpenak bide telematikoz aurkezteko, aitortzaileak 2CA motako erabiltzaile-ziurtagiri bat izan behar du, Diru eta Tinbre Fabrika Nazionala-Diruaren Errege-Etxeak emana eta bere nabigatzailean instalatua.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan, bi ezkontideek aitorpen bateratua egiten badute, biek behar dute 2CA motako erabiltzaile ziurtagiria, Diru eta Tinbre Fabrika Nazionala-Diruaren Errege-Etxeak emana.

Aurkezpen mota hau hautatzen duten aitortzaileek kontuan hartuko dituzte aurkezpena egiteko behar diren arau teknikoak, foru agindu honetako 1. eranskinean ageri direnak.

2. Akats formalak dituzten aitorpenak aurkeztea.

Telematikoki igortzen diren aitorpenetan akats formalak agertzen direnean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari akatsak azaltzeko mezuen bitartez, behar den zuzenketa egin dezan.

3. artikulua. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenak bide telematikoz aurkezteko prozedura.

1. Aplikazioa behin irekita, nahi baldin bada programak datu fiskalak ematea, aitortzaileak eta, behar denean, ezkontideak edo bikote egonkorreko kideak aurreko 2. artikuluan esandako moduan frogatuko dute beren nortasuna. Datuak ematerik nahi ez bada, ez da beharrezkoa izanen, une horretan, nortasuna frogatzea.

2. Nortasuna frogatuta, eskatutako aitorpenari dagokion informazioa erakutsiko da, eta erabiltzaileak aldatu egin lezake egokia irudituz gero.

3. Aitorpena bukatutakoan, bidaltzeari ekingo zaio, programak horretarako eskatzen dituen datuak bete eta gero.

4. Aitorpena onartzen bada, Nafarroako Zerga Ogasunak inprimakia inprimatuko dio, elektronikoki egiaztatua, aurkeztu den eguna eta ordua adierazita. Inprimaki horrek ale bat du Administrazioarentzat eta beste bat interesatuarentzat. Administrazioarentzako alea aitortzaileak edo, bidezko denean, ezkontide edo bikote egonkorreko kideak behar bezala sinatuta aurkeztu behar da, foru agindu honen 1. artikuluan aipatutako modu eta epean.

5. Aitorpena onartzen ez bada, ikusitako akatsak azalduko dira pantailan. Kasu horretan, fitxategia sortzeko erabilitako laguntza-programaren bidez zuzendu beharko dira edo berriro aurkeztu beharko da, akatsa beste zerbaitek sortua bada.

6. Halaber, litekeena da aurkezpen telematikorik izan ez duen aitorpena inprimatzea, PDF formatoan hain zuzen. Dena dela, kasu honetan, balioa izan dezan, eragingarria izan dadin, beharrezkoa izanen da hura Nafarroako Zerga Ogasunaren bulegoetako edozeinetan aurkeztea, edo Zuzenbideak onartzen duen edozein bide erabiliz.

4. artikulua. Zatikako ordainketa.

Zergapekoek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenak bide telematikoz aurkezten dituztenean, zatikatu egiten ahal dute autolikidazioen zenbatekoa, betiere apirilaren 6ko 106/2004 Foru Aginduaren 7. artikuluan ezarrita dagoen bezala.

5. artikulua. Aitorpenak bide telematikoz eta ordezkari baten bidez aurkezteko prozedura.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenak bide telematikoz aurkezteko lana ordezkari batek egin lezake. Horretarako aitortzaileek behar bezalako baimena eman behar diote ordezkariari eta ordezkariak, gainera, Nafarroako Zerga Ogasunaren aitorpen mota hauek egiteko laguntzaileen erroldan egon behar du.

Kasu honetan aitorpena bide telematikoz aurkezteko sinadura digitalak ordezkariari dagokiona beharko du izan, eta da beharrezkoa izanen ordezkatuena.

6. artikulua. Aitorpenen aurkezpen telematikoa, www.navarra.es web-urrean dagoen "Cuánto me sale" izeneko aplikazioaz baliatuz.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenak bide telematikoz aurkezteko, www.navarra.es web-orrian dagoen "Cuánto me sale" izeneko aplikazioa erabil liteke, betiere hori aplikatzeko ezarritako zergapeko-profilaren baldintzak betetzen badira. Baldintza horiek foru agindu honen II. eranskinean ageri dira. Aurkezpenak arau indardunek ematen dizkioten eragin legalak izaten ditu.

Aitorpena "Cuánto me sale" aplikazioa erabiliz aurkezten bada, Administrazioarentzako alea, elektronikoki balioztatua, aitortzaileak edo, behar denean, ezkontideak edo bikote egonkorreko kideak behar bezala sinatua aurkeztu beharko da, foru agindu honetan 1. artikuluan aipatutako modu eta epean.

Kasu honetan ezin da bide telematikoz aurkeztu ordezkari bidezko aitorpena. Beti nork bere izenean egin beharko du.

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2004ko maiatzaren 6an._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

I. ERANSKINA

Tributu aitorpenak bide telematikoz aurkezteko arau teknikoak

Aitorpena aurkezteko modalitate hau aukeratzen duten aitortzaileek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

1. Softwareak bete beharrekoak, bidaltzeko:

Aurkezlearen ekipo informatikoak honako hau izan beharko du instalatua:

_Microsofteko sistema eragile hauetako bat: Windows 98, Windows Me, Windows NT 4.0, Windows 2000 edo Windows XP.

_Internet Explorer 5 nabigatzailea edo hobea.

_Agiriak ikusteko tresna bat, Adobe Acrobat Reader 4,0 edo hobea, Interneterako.

_CES 1.3 bezeroa (Posta elektronikoaren bidezko komunikazio segurua), jendeari saltzeko programaren bertsiorako.

2. Igorpen prozesuan honako prozesu hau abiaraziko da, urratsez urrats aurrera egiteko modukoa, baldin eta igorlearen ekipoak lehenago deskribatutako baldintzak betetzen baditu eta nabigatzailearen konfigurazioak javascript, javaren applet-ak eta cookie-ak exekutatzen uzten badu, eta, gainera, eskatzen ahal diren baimenak ematen badira:

"SSL-V3" protokoloaren estandarrei jarraituz konektatzen diren ekipoak kautotzea, aitorpenaren aurkezlearen eta hartzailearen (Nafarroako Zerga Ogasuna) ekipoak alegia, informazioa modu seguruan transmititu dadin.

II. ERANSKINA

"Cuánto me sale"

Aplikazio honek ez die zergapeko guztiei uzten aitorperna egiten eta bidaltzen. Errentak besterik lortu ez eta honako murrizketa eta kenketa hauek izateko eskubidea dutenei baizik ez zaie utziko aplikazio honen bidez aitorpena egiten eta bidaltzen:

a) Lan etekinak.

b) Higigarrien kapitalaren etekinak.

c) Nekazaritzako jardueren, abeltzaintzako jardueren eta oihangintzako jardueren etekinak, etekin garbia zenbatespen objektiboaren metodoaren bidez kalkulatzen denean.

d) Huts-hutsik higigarrien inbertsioko fondoen ondorioz sortutako ondare gehikuntza eta gutxitzeak.

e) Norbanakoaren gutxienekoagatik, familiako gutxienekoagatik eta pentsio-planei egindako aportazioengatik zerga-oinarrian izandako murrizketak.

f) Zergaren kuota osoaren edozein kenkari, salbu eta jartzeko laukitxorik ez dutenak.

Aitorpenaren azken kalkulua ez da zuzena izanen baldin eta, laguntza-programa honen sinpletasunagatik, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpen eredu ofizialean eskatzen den informazio gutxienekoa sartzerik ez badago.

Zergapekoak bide telematikoz bidali nahi badu aitorpena, aplikazioak eskatzen dizkion datu guzti-guztiak bete beharko ditu. Hala ez bada, hortaz, ezin izanen da aitorpena bidali prozedura honen bitartez.

Iragarkiaren kodea: F0407195