78. ALDIZKARIA - 2003ko ekainaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

374/2003 EBAZPENA, ekainaren 4koa, Herri Lan zuzendari nagusiak emana, "Iruña-Logroño autobia, Zizur Nagusia-Gares tartea" proiektuan, Erreniegako tuneleko ipar-ahoaren inguruan, egin beharreko egokitzapenek ukitutako ondasun eta eskubideen jendaurreko epea ebatzi eta okupatu aurreko aktak egiteko deitzen duena.

Herri Lan zuzendari nagusiak, martxoaren 21eko 204/2003 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zuen "Iruña-Logroño autobia, Zizur Nagusia-Gares tartea" proiektuan, Erreniegako tuneleko ipar-ahoaren inguruan, egin beharreko egokitzapenek ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak jakinarazi du alegazioetarako epean Félix Jesús Ciriza Ederra jaunaren idazki bat jaso dela. Bertan adierazten du berea den 11. poligonoko 248. lurzatiaren parte bat okupatu dutela, eta bere ustez, Herri Lan zuzendari nagusiak martxoaren 21eko 204/2003 Ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu izana arrazoi nahikoa ez dela lurzati hori okupatzeko.

Erantzuna:

Alegaturikoa onartu da. Indarra duten legeei jarraikiz, finka okupatu behar da okupatu aurreko akta egin eta aurreko gordailuari dagokion zenbatekoa zehaztu ondoren.

Nafarroako Gobernuak, abuztuaren 5eko 182/2002 Foru Dekretuaren bidez, proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa zela adierazi zuen.

Horiek horrela, Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak adierazi eta proposaturikoarekin bat, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak urriaren 7an emandako 3912/1999 Foru Aginduaren bidez emandako ahalmenak erabiliz, eta Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan adierazitakoari jarraikiz, Zuzendaritza Nagusi honek

EBATZI DU:

1. "Iruña-Logroño autobia, Zizur Nagusia-Gares tartea" proiektuan, Erreniegako tuneleko ipar-ahoaren inguruan, egin beharreko egokitzapenek ukitutako ondasun eta eskubideen jendaurreko epea ebaztea.

2. ""Iruña-Logroño autobia, Zizur Nagusia-Gares tartea" proiektuan, Erreniegako tuneleko ipar-ahoaren inguruan, egin beharreko egokitzapenek ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei dei egitea ekainaren 30ean Zizur Zendeako udaletxean ager daitezen, okupatu aurreko aktak egiteko eta, kasua bada, ukituriko ondasun eta eskubideak behin betikoz okupatzekoak egiteko.

3. Egintza horretara norberak joan beharko du, edo bere izenean aritzeko behar bezala ahalordetutako pertsona batek; titularra dela frogatzen duten agiriak eraman beharko ditu (eskritura publikoa, jabetza erregistroko ziurtagiria, etab.); egoki baderitzo, perituak edo/eta notarioa eraman ditzake, baina, betiere, norberak ordaindu beharko die.

4. Ebazpen hau argitara ematea Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Komunitateko bi egunkaritan eta Zizur Zendeako Udaleko iragarki oholean. Halaber, ohartarazten da honako hau argitaratu dela Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 59.5 artikuluan xedatzen diren ondorioetarako.

5. Ukituriko titularrei jakinaraztea banakako zitazio zedula baten bidez.

6. Ebazpen hau Zizur Zendeako Udalera eta Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuko Desjabetzapen Atalera igortzea.

Iruñean, bi mila eta hiruko ekainaren lauan._Herri Lan zuzendari nagusia, Alvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: C3181413