7. ALDIZKARIA - 2003ko urtarrilaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

271/2002 FORU DEKRETUA, abenduaren 23koa, ondoko proiektuko lanek ukituriko ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena: "Pirinioen hegoaldeko autobia (N-240), Iruña-Jaca-Huesca: Noaingo lotune berria eta A-15 autobidearekin eta N-121 errepidearekin lotzea".

Herrilan zuzendari nagusiak uztailaren 5ean emandako 662/2002 Ebazpenaren bidez, onespen teknikoa eman zitzaion ondoko proiektu honi: "Pirinioen hegoaldeko autobia (N-240), Iruña-Jaca-Huesca: Noaingo lotune berria eta A-15 autobidearekin eta N-121 errepidearekin lotzea"; halaber, jendaurrean jarri zen, 2002ko abuztuaren 5eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean (94. zk.) argitaratu eta gero.

Pirinioen hegoaldeko Autobia (N-240) proiektatu, eta Iruñerriko E.H.A.etan sartu denez Iruñeko Ekialdean etorkizunean eginen den beste ingurabide bat, Super-ekialdekoa, behin-behineko trazadura eta guzti, loturagune berri bat proiektatu behar da A-15 autobidearen, N-240 autobiaren eta N-121 errepidearen arteko mugimendu guztiak ongi bideratzeko; aldi berean, Noainera sartzeko arazoa konpontzeko bi mailatako bidegurutze bat eta Noaingo Udalaren Planeamenduan aurreikusitako biribilgune bat egin behar dira.

Soluzioak Super-ekialdeko Ingurabidearen oinarrizko diseinua du abiapuntu, eta iparraldetik inguratzen ditu bertako ur-biltegiak. Horretarako, tunel faltsu bat egitea proposatzen du.

Proiektu bat prestatu da ahalmen handiko hiru bide horien, N-121 errepidearen eta nekazaritzako bigarren mailako bideen arteko lotunea konpontzeko; aztertu diren soluzio guztiekin bateragarria da eta lotune osoa fasez fase egiteko aukera emanen du. Lan horiek honako hauek izanen dira: A-15 autobidean errei berri bat egitea, Noaingo lotunetik hasita gaur egun A-15aren gainean dagoen egitura pasatu arte, N-240 errepidearekin lotzeko, eta beste errei bat, gaur egungo N-240etik hasita, A-15arekin lotzeko, aipatu den Noain-Taxoareko lotuneraino.

Halaber, A-15aren gaineko egitura handitzeko asmoa dago, Talluntxe industrialdetik, Noaindik beretik eta aireportutik autobiara sartzeko bidea izateko.

Proiektuan sartuta dago, halaber, behin-behineko biribilgune-erdi bat egitea N-240 errepidean, nekazaritako ibilgailuek autobiaren eta Taxoare mendiaren artean dauden finketarako sarbidea izan dezaten, eta itzultzeko aukera ere izan dadin. Biribilgune horrekin lotzen da A-15 autobidetik N-240 errepiderantz Eloko norabidean doan bide-adarra.

Gaur egungo bidearen eta tarte horretako zirkulazioaren ezaugarriek erakusten dute trafikoa zaildu egin dela. Horiek horrela, eta zirkulazioa hobea izan dadin, lanak ahalik eta lasterren egitea komeni da; beraz, beharrezkoak diren lurrak eskuratzeko tramiteak arindu ahal izateko, beharrezkoa da ondasun eta eskubide ukituen okupazioa presakotzat jotzea, hori guztia Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko abenduaren hogeita hiruko bilkuran hartu zuen erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Ondoko proiektuko lanek ukituriko ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea: "Pirinioen hegoaldeko autobia (N-240), Iruña-Jaca-Huesca: Noaingo lotune berria eta A-15 autobidearekin eta N-121 errepidearekin lotzea".

2. artikulua. Ondasun eta eskubide ukituak eskuratzeko kalkulatu den gastua (desjabetzapeneko laguntza teknikoa barne) 150.000,00 eurokoa izatea, honela banatuta: 27.000,00 euro 2003ko aurrekontuko "Azpiegituretarako lurren desjabetzapena" izeneko kontusailaren kargura eta, 123.000,00 euro, berriz, 2004an dagokion kontusailaren kargura.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko abenduaren hogeita hiruan._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

Iragarkiaren kodea: A0214074