16. ALDIZKARIA - 2003ko otsailaren 5a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

2766/2002 EBAZPENA, abenduaren 4koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, "Tuterako Ekialdeko Saihesbidearen Alternatibetarako Azterlan Irizpide-anitzaren" Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egiten duena.

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuak eta haren Erregelamenduak (irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuak onetsiak) ezartzen dutenaren arabera, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egin behar da, xedapen horietako eranskinetan ageri diren obra, instalazio edo jarduerak egin edo baimentzeko administrazio ebazpena eman aurretik.

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazio prozedurari hasiera ematearren, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak 2002ko otsailaren 27an espedientea aurkeztu zuen eta hartan biltzen zen "Tuterako Ekialdeko Saihesbidearen Alternatibetarako Azterlan Irizpide-anitzaren" Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana.

Nafarroako Gobernuak 2002ko apirilaren 22an hartutako Erabakiaren bitartez espedientea jendaurrean jarri zen, hilabetez. Erabaki hura 2002ko 92. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, uztailaren 31n. Erabakiaren azalpen zatian adierazten zenaren arabera, ingurumen irizpideez eta irizpide ekonomiko eta funtzionalez baliatuta egindako azterlanaren ondorioekin bat, soluziorik egokienak 1. alternatiba eta 1-a alternatiba zirela atera zen, baina alternatiben oinarri diren ikuspegi eta premisak kontuan harturik, ez da lehentasunak ezartzea komeni, harik eta jendaurreko aldiaren emaitzak eta inguruko toki entitateen sentsibilitate soziala ezagutu arte.

1131/1988 Errege Dekretuaren 16. artikuluarekin bat, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak 2002ko urriaren 10ean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari igorri zizkion "Tuterako Ekialdeko Saihesbidearen Alternatibetarako Azterlan Irizpide-anitzaren" dokumentu teknikoa, Ingurumenaren gaineko Azterlana eta Kontseilaritza hark zenbait alegaziori erantzuteko egin zuen txostena. Aipatu alegazioak aurkeztu zituzten Tuterako Udalak, Fontellasko Udalak eta José María Fraile Sánchez jaunak Cecilia Eugenia Garayoa Fernández andrearekin batera; alegazioek ez zuten zuzenean aipatzen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa. Espedientean sustatzailearen proposamena ere ageri da, uste baitu soluziorik egokiena 1-a alternatiba dela.

Ingurumen zuzendari nagusiak adierazi du, tramitean agertu dokumentazioa aztertu eta gero, proiektua bideragarria dela ingurumenaren aldetik; hortaz, 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuari eta 1131/1988 Errege Dekretuko 4.1, 16.1 eta 18. artikuluei jarraikiz, bidezkoa da Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egitea eta, horrekin batera, proiektua gauzatu daitekeela adieraztea, ingurumenari dagokionez.

Aipatu espedientea azterturik, aipatu xedapenetan ageri diren tramiteak beterik, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak uztailaren 29ko 1028/1999 Foru Aginduaren bidez emandako eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Tuterako Ekialdeko Saihesbidearen Alternatibetarako Azterlan Irizpide-anitzaren" Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazio hau egitea:

Uste da proposatu den soluzioa, 1-a alternatiba, ingurumenaren aldetik bideragarria dela, baldintza hau betetzen bada betiere:

_Eraikuntza proiektuak Ingurumenaren gaineko Azterlanean proposatutako aurreneurri, neurri zuzentzaile eta konpentsazio neurri guztiak bildu beharko ditu, eta gainerako obra unitateak bezain zehatz definitu; horretaz gainera, Taustetik Urbasa-Andiarako errege altxonbidearen 2. adarra berrezarriko dela ziurtatu beharko du proiektuak.

2. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa, orok jakin dezan, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua betetzeko Erregelamenduaren 22. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau jakinaraztea sustatzaileari, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiari eta Tutera eta Fontellasko udalei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko abenduaren lauan._Ingurumen zuzendari nagusia, José Ignacio Elorrieta Pérez de Diego.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Zirkulazio handia dagoenez eta ibilgailu asko astunak direnez, zenbait alternatiba zehaztu eta baloratu behar dira, Tuteratik kanpo NA-134 (Ebroko ipar ardatza) eta N-232 (Bilbo-Bartzelona) lotu beharraren problema konpontzeko.

Egin beharreko saihesbidearen helburua da ia Nafarroa osoko bide sareak (Ebrotik ipar aldera dauden herriak izan ezik) N-232 errepidearekin duen lotura osatzea, Nafarroak errepide hori baitu Zaragoza eta Mediterraneoarekiko lopide, Tuterako herrigunean barrena pasatu beharrik gabe.

Nafarroak on du lotura egokia izatea Ebro ibaiko ezker hegitik Logroño eta Tuteraren artean, horrela ez dadin N-232 horretara trafikorik desbideratu. Lotura bide hori NA-134 da, eta haren gainean hainbat ekintza egin dira eta aurrerantzean ere eginen trazadura hobetu eta haren gaitasuna handitzeko.

Errepide ardatz horrek Tutera inguruan baitu bukaera, horren ondorioa da trafiko guztia edo Los Abetos-en Castejonen barrena desbideratzen dela N-232ra _eta hortaz Tuteratik hurbil dagoen tartea gainkargatzen da_ edo Tuterako herrigunean barrena pasatu behar duela Zaragozara eta Mediterraneora joateko.

Pasabide hori galarazteko, pentsatu da errepide bat egitea NA-134 (Tutera-Ejea de los Caballeros errepidearekin gurutzatzen den tokian) N-232rekin lotzeko Tuterako hego-ekialdeko punturen batean; hain zuzen ere, N-232 horrek Fontellasen duen lotunetik hurbileko biribilgune batean.

Prospekziozko ikerketen bidez, kalkulatzen da proposatzen den bidean barrenako trafikoa eguneko 4.900 ibilgailukoa izanen dela, eta horietatik 1.000, ibilgailu astunak.

Aurreikusitako bideak beste baldintza tekniko batzuk ere bete beharko ditu, hala nola:

_Ekialdeko lotunearen ondoko biribilgunean hastea N-232 saihesbidearen bikoizketa, Tuteran.

_Tuterako Hirigintza Planeamendua ez oztopatzea.

_Zaragoza-Castejon trenbidea beste maila batean gurutzatzea.

_Eraikinak dituzten baratzeak eta nekazaritza nahiz abeltzaintzako instalazio garrantzizkoak ahalik eta gutxien ukitzea.

_Abiadura Handiko Trenaren trazadura aurreikustea (3. alternatiba).

_Cabanillas-Fustiñana NA-125 errepidearekin gurutzatzea.

_2 altxonbiderekin eta garrantzizkoak diren nekazaritza bideekin gurutzatzea.

_Ebro ibaiarekin gurutzatzea herriguneko eraikinen eta Tausteko ubidearen jatorrian den presa txikiaren artean.

_Ibaiaren ezaugarriak, gutxi erregulatuta baitago, babeserako bi lursailez mugatua eta urak hartzen ahal dituen behe terrazak dituela.

_NA-134 errepidearekin lotzea eta lotunea egiteko soluzioak.

Horri begira, hiru alternatiba aztertu dira hasiera batean. Horietako biren aurrekariak bi trazadura dira, EDER Partzuergoak _1. alternatiba_ eta Nafarroako Erribera Behereko Eskualdeko Hirigintza Arauen (EHA) Aurreproiektuak _3. alternatiba_ denbora batean proposatu zituztenak.

1. eta 2. alternatibak, funtzionalki ikusita diferentzia gutxi baitituzte ere elkarren artean, nahiz eta trazaduran batzuk izan, Tuteratik erabat kanpo pasatzen dira, eta saihesbide baten kontzeptu klasikoa islatzen dute. Biek, hegoaldetik hirigintza bokazio argia duten lur batzuen ertzetik doazela, hiriko gaurko bizileku eremuetatik urrutiko puntu batean trenbidea gurutzatzera egiten dute, eta handik, ibilbideko azken tartera jotzen dute: Tutera-Ejea errepidearekiko gurutzagunera, behin Ebro ibaia gurutzatu ondoren.

3. alternatibak aurreko bi horiek ez bezalako trazadura hartzen du, bereziki lehenbiziko tartean, zeinek, trenbidearen mendebalera doala hiri eremuen hurbilagoko puntu batean gurutzatzen baitu eta hortaz sarbide berriak faboratzen baititu Tuterako ekialdetik. Alternatiba honi, zeinean biribilgune itxurako lau lotune maila bereko aurreikusten diren, inplizituki "hiri-bide" esaten zaio azterlanean, eta Erribera Behereko EHAen Aurreproiektuko hasierako trazaduraren aldaera bat da, haren ordezgarria (4. alternatiba, balorazioan aintzat hartu ez dena).

Ondoren beste lau soluzio aurkeztu dira: 1-a, 3-a, 3-b eta 3-c alternatibak. 1-a alternatiba 1. alternatibarekin bat dator luzeraren hirutik bitan, azken tartean trazadurako aldaketa bat barne dela, Tutera-Tauste errepidea gurutzatu ondoren.

3-a eta 3-b alternatibak 3. alternatibaren aldaerak dira, alde gutxikoak: lehenbiziko tartean trenbidetik hurbilago doa bien trazadura.

Aipatu alternatiba horiei esleitzen zaien balorazioarekin bat, azterketa irizpide-anitza egin ondoren, soluziorik egokienak 1. alternatiba eta 1-a alternatiba direla uste da.

II. ERANSKINA

Ingurumenaren gaineko Azterlana

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanak deskribatu egiten ditu proiektua eta haren ekintzak eta ingurune hartzailearen inbentarioa egin ere bai. Zehatzago aztertzen ditu lurzoruaren eta aprobetxamenduen, abelbideen eta beste sarbide batzuen gaineko eragina, ondoko eraikinetan hotsak izanen duen eragina eta paisaiaren gaineko hesi efektua.

Ingurumen baldintzen artean aipagarriak dira Montes de Cierzotik Ejea-rako Errege Altxonbideak osatzen duen korridore ekologikoa eta batez ere Ebro ibaiak osatzen duena, BIL ES 2200040, hainbat erreserba eta lekune natural dituena. Hala ere alternatiben eraginpeko eremuan ez dago habitat interesgarririk edo lehenetsi beharrekorik, eta Ebro ibaiaren Plan Bereziak, uztailaren 27ko 1014/1999 Foru Aginduak onetsiak, aukera ematen du interes orokorreko azpiegiturak egiteko.

Beste alde batetik, azterlanak definitu, ezaugarriak eman eta konparatu egiten ditu aintzat hartu diren zazpi alternatibetako bakoitzaren eraikuntza aldian eta ustiapen aldian sortzen diren eraginak, eta kasuan kasuko ingurumenaren gaineko eraginak aipatu eta ebaluatzen ditu.

Zehazten ere du zein neurri zuzentzaile ezarri behar zaizkion exekuzio proiektuari. Hauek dira neurri zuzentzaileen eskakizun nagusiak:

_Faunarentzako pasabidea lortzea, bai ibaiaren ertzetan nola Montes de Cierzotik Ejearako Errege Altxonbidean.

_Proiektuko tartearen drainatzeak eta azaleko urak ureztatze saretik bereiz edukitzea.

_Lurzati guztiek sarbidea izanen dutela ziurtatzea.

_Zuzenketak aurreikustea, trafikoaren ondoriozko elementu kutsatzaileak ahalik eta gutxien irits daitezen laboreetara.

_Neurri eraginkorrak hartzea kalitate akustikoa defendatzeko ingurune minberetan.

_Ondare arkeologikoaren gaineko eraginak aurretik galaraztea.

_Ebro ibaiaren gaineko zubiaren itxura estetikoa zaintzea, erraz ikusten ahal baita ibaiko korridoreetatik eta Tuterako hiriguneko terraza ertzetatik.

_Obrak egin bitartean aldaketak izan dituzten azalera berriak eta ondokoak leheneratzea.

_Maileguen indusketak egokiak diren lekuetan egitea, eta lehendik zeuden ustiapenei lehentasuna ematea.

Ingurune hartzailearen gaineko eraginen balorazioa egin delarik, alternatiben analisi eta konparazio irizpide-anitza egiten da, irizpide ekonomiko eta funtzionalak ponderatuki sartuz. Horren guztiaren ondorioz, 1. alternatiba eta 1-a alternatiba dira egokienak.

Alternatiben oinarri diren ikuspegi eta premisak kontuan harturik, egokia izan da espedientea jendaurrean egon denean aurkeztu diren alegazioak aztertzea eta toki entitateei entzunaldia ematea, sustatzaileak 1-a alternatiba soluziorik egokiena dela adierazi eta proposatu dezan.

Iragarkiaren kodea: a0213819