125. ALDIZKARIA - 2003ko irailaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

979/2003 FORU AGINDUA, irailaren 8koa, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak emana, "Nafarroako Ubidea: 4, 5 eta 18. tarteak" izeneko proiektuak ukituriko ondasun eta eskubideak jendaurrean paratzeko epea bukatutzat ematen duena.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak, maiatzaren 22ko 563/2003 Foru Aginduaren bidez, "Nafarroako Ubidea: 4, 5 eta 18. tarteak" izeneko proiektuak ukituriko ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzapenaren prozedura ireki zuen. Proiektua jendaurrean egon zen, hilabetez, bidezkotzat jotzen ziren ohar eta alegazioak aurkeztu ahal zitezen. Ebazpen hori 2003ko 76. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, ekainaren 18an.

Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak jakinarazi duenez, jendaurrean egoteko epean alegazio bat aurkeztu da. Hona hemen haren laburpena eta haren ihardespena.

Alegazioa:

Jesús Erro Gonzalo jaunak, Iruñean bizi denak, Bernardo Elio Lopetedi jaunaren (Elio Lopetedi senideen) izenean, haien ordezkaritzaz, hauxe alegatu du:

1) Elio-Lopetedi senideak direla Tiebasko 2. poligonoko 76. lurzatiaren jabeak. Lurzati hori TI-16 gisa ezagutu zen jendaurrean egoteko epean.

2) Nafarroako Ubideak zeharkatuko duela lurzatia eta beraz bitan banatuko dela. Kalte hau kontuan hartu beharko da dagokion ordaina zehaztean.

3) Ubidea lur azpitik doala lurzati horretaraino, non lur azalera igoko baita eta, gero, metro batzuetara, berriro lur azpitik sartuko. Eskatu du bere lurzatian ere lur azpitik joan dadila.

Hala eginen ez balitz, lurzatiaren triangelu bat bereizirik geldituko litzateke gainerakotik, Ubidearen, erretenaren eta beste jabe batzuk dituen ekialdeko mugaren artean, eta ez legoke sartzerik lurra lantzeko. Eskatu dute triangelu honi sarbide bat eman dakiola, Ubidearen gainetik iraganbide bat edo finkaz mendebaldean dagoen berrantolamenduko bidetik eginez. Eskatu du sarbiderako oztopo guztiak kontuan hartu daitezela baloratzerakoan.

4) Finkaren iparraldeko mugan egitekoa den erretena bideratu dadila, bertan uholdeak saihesteko.

Erantzuna:

1) Alegazioa aintzakotzat hartzen da, baina aitzineko aktak egitean titulartasuna frogatu beharko du.

2) eta 3) Egin asmo den ubideak finka zeharkatuko du, alde batetik bestera, lur azpiko sifoi baten bidez. Beraz ez da zailtasunik izanen finkaren zati batetik bestera iragateko hura egin ondoren. Hala ere, finkaren zatiketak egin dezakeen kaltea edo bertan sartzeko aldi baterako izan litezkeen zailtasunak kontuan hartuko dira desjabetze prozesuko kasuan kasuko fasean.

4) Erretena lehengoratuko da sifoia bukatu eta gero.

Horrenbestez, Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak jakinarazi eta proposatu duenarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36. artikuluko 2. idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoko 57.b) artikuluaren arabera,

AGINDU DUT:

1. "Nafarroako Ubidea: 4, 5 eta 18. tarteak" izeneko proiektuak ukituriko ondasun eta eskubideak jendaurrean paratzeko epea bukatutzat ematea, foru agindu honen xedapen zatian adierazi moduan, aurkeztutako alegazioei erantzuna emanez.

2. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko bi egunkaritan argitaratzea.

3. Foru agindu hau Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari, Desjabetzapen Atalari, Departamentuko Idazkaritza Teknikoari, Ingurumen Ministerioko Obra Hidraulikoen eta Uraren Kalitatearen Zuzendaritzari, Tiebas-Muru-Artederretako, Biurrun-Olkozko, Ukarko, Tirapuko, Añorbeko, Artaxoako eta Obanosko Udalei, Canal de Navarra, S.A. sozietateari eta alegatzaileari, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, bi mila eta hiruko irailaren zortzian._Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

Iragarkiaren kodea: C3285115