93. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

122/2002 FORU DEKRETUA, ekainaren 10ekoa, zenbait Osasun Eskualde Oinarrizkotako Lehen Osasun Laguntzako mediku orokorra eta pediatra libreki hautatzeko eskubidea zabaldu eta Emakumeari Laguntzeko Zentroetan Obstetriziako eta Ginekologiako espezialista libreki hautatzeko eskubidea garatzen duena.

Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, besteak beste, medikua libreki hautatzeko eskubidea ezartzen du Osasun Barrutian. Nafarroan, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak mediku orokorra, pediatra, tokoginekologoa eta psikiatra hautatzeko eskubidea zabaldu zuen bizilekuaren Osasun Barrutian zerbitzu ematen duten guztien artean.

Irailaren 28ko 259/1997 Foru Dekretuak, Tokoginekologiako eta Famili Plangintzako osasun laguntzen antolamendua ezartzen duenak, 4.1 artikuluan, Obstetriziako eta Ginekologiako espezialista hautatzeko askatasuna normalizatzen du; eta azaroaren 28ko 244/1994 Foru Dekretuak Lehen Osasun Laguntzako mediku orokorra eta pediatra libreki hautatzeko eskubidea arautzen du eta osasun laguntzaren kalitatea bermatuko duten muga batzuk ezartzen ditu.

Oinarrizko Osasun Laguntzako Egiturak ezartzeko prozesua buruturik eta Adimen Osasunaren sarea sendoturik, zerbitzuak hobetzeko aukera dago, besteak beste, herritarrengana hurbiltzen laguntzea eta erien eta sendagileen arteko harreman pertsonalizatua bultzatzea; beraz, bidezko da mediku orokorra eta pediatra hautatzeko ahalmena zabaltzea eta Adimen Osasuneko zentroetako psikiatrengana pixkanaka hedatzea.

Horrenbestez, Osasun kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko ekainaren hamarrean egindako bilkuran hartu Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Mediku orokorra eta pediatra libreki hautatzeko eskubidea erabiltzen ahalko dute Atarrabia, Burlata, Berriozar, Sanduzelai, Arotxapea, Antsoain, Txantrea, Alde Zaharra-I. Zabalgunea, II. Zabalgunea, Milagrosa, Azpilagaña, Iturrama, Donibane, Ermitagaña, Mendillorri, Barañain-Etxabakoitz eta Zizurko Osasun Eskualde Oinarrizkoetan bizi diren herritarrek, azaroaren 28ko 244/1994 Foru Dekretuan ezarritako moduan, edo Foru Dekretu honek ezartzen dituen baldintzetan, bizilekuaren ondoko Osasun Eskualde Oinarrizko bati atxikita dagoen medikua hautatzen denean, aipatutakoen artean baldin bada.

2. artikulua. 1. Aurreko artikuluan aipatu Osasun Eskualde Oinarrizkoetako batean bizi diren herritarrek beren bizilekuaren ondoko eskualde bati atxikitako mediku orokorra edo pediatra hautatu nahi dutenean, ondoko prozedurari jarraituko diote:

a) Hautatu medikua zein Osasun Eskualde Oinarrizkori atxikita dagoen, hango zuzendariari egin beharko diote eskaera, atxikipena agindu dezan edo arrazoien gainean ezetza eman. Azken kasu horretan, herritarrak, nahi izanez gero, Iruñeko Osasun Barrutiko Lehen Osasun Laguntzako Zuzendariordetzara jotzen ahalko du, behin betikoz erabaki dezan.

b) Hautaketa onartzen bada, aukeratutako medikuak ezin izanen dio atxikipenari uko egin.

2. Hautatzen den medikuak eta dagokion lehen osasun laguntzako lantaldeak bere Osasun Eskualde Oinarrizkoan bizi diren herritarrei ematen zaien laguntza bera emanen diete, bai eskatuta bai programatua, eta jarduera berak eginen dituzte, laguntza mediko jarraitua eta erizaintzakoa izan ezik, eskatzailearen bizilekuko lantaldearen esku baitago.

3. artikulua. Bideko Ama Birjina ospitaleko eta Lizarrako eta Tuterako ospitaleetako Eriaren Arazoetarako Zerbitzuetan, zein bere barrutian, erabiliko da Emakumeari Laguntzeko Zentroetako Obstetriziako eta Ginekologiako espezialista hautatzeko askatasuna.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Osasun Departamentuak pixkanaka ezarriko du psikiatra libreki hautatzeko ahalmena, 2001-2005eko Nafarroako Osasun Planeko helburuak, Adimen Osasunaren Sareko antolamenduari buruzkoak, lortutakoan, zein den ere Oinarrizko Osasun Laguntzakoa, eta adimen osasuneko zentroen antolamendu organiko eta funtzional berria burututakoan.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira Foru Dekretu honetan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo gutxiagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehendabizikoa.-Ahalmena ematen zaio Osasun kontseilariari Foru Dekretu hau bete eta aurrera eramateko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko ekainaren hamarrean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.

Iragarkiaren kodea: A0207233