46. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

62/2002 FORU AGINDUA, martxoaren 12koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Nafarroako Agiritegi Nagusiko kopiagintza zerbitzurako baimena arautuko duten jarraibideak onesten dituena.

NAFARROAKO AGIRITEGI NAGUSIKO KOPIAGINTZA ZERBITZURAKO BAIMENA IZATEKO JARRAIBIDEAK

ZERGATIEN AZALPENA

Nafarroako Agiritegi Nagusiaren eginkizunetako bat hiritarrei agirietara iristeko eta haiek kontsultatzeko bidea erreztea da. Eginkizun horrek agiriak kopiatzeko zerbitzua dakar berekin.

Nafarroako Agiritegi Nagusiak izan duen erabiltzaileen kopuruaren gorakada medio, kopien eskaerek ere gora egin dute. Bestetik, egungo aurrerapen teknologikoek kopiagintza sistema berriak ekarri dituzte. Hori dela eta, indarrean dagoen araudia (1948ko otsailaren 27ko Erabakia, Irakurketa eta ikasketa zerbitzurako arauak izenekoa, eta arau horiek berritu zituen 1977ko urtarrilaren 21eko Erabakia) zaharkitua dago.

XEDAPEN OROKORRAK

1.-Xedea.

Jarraibide hauek xedea dute Nafarroako Agiritegi Nagusiko agirien kopiak nola egin arautzea.

2.-Aplikazio eremua.

Nafarroako Agiritegi Nagusiaren egoitzetan gordetzen diren agiri guztiei aplikatuko zaie.

3.-Modua eta prozedura.

Agiritegiko langileak dira agirien kopiak egiten ahal dituzten bakarrak. Kasu berezietan bakarrik, Agiritegiko arduradunak idatzizko baimena egiten ahalko du kopiak kanpoko pertsonek egin ditzaten. Agiriak kopiatzeko kanpora atera behar baldin badira, Agiritegiak betiere kontrolatuko ditu, eta behar diren babes neurriak hartu eta aseguru polizak egiteko eskatuko du. Sortzen den gastua erabiltzaileak ordainduko du eta berak ere itzuli beharko dio makinako jatorrizkoa Agiritegiari.

Agiriak kopiatzeko baimena ikerketetarako soilik emanen dira, eta helburua bestelakoa baldin bada, hots, haien argitalpena edo erakusketa, horretarako baimen berariazkoa eskatu beharko da.

3.1.-Zerbitzuak.

Nafarroako Agiritegi Nagusiak, Jarraibide hauetan adierazten diren baldintzak eta mugak kontuan harturik, ondoko zerbitzuak eskaintzen ditu agirien kopiei dagokienez:

-Fotokopiak.

-Mikrofilmen fotokopiak.

-Euskarri digitaletik egindako kopia inprimatuak (euskarri horretan dauden materialetatik bakarrik).

3.2.-Eskabideen tramitazioa.

a) Agiriak kopiatzeko eskabideak Agiritegiak proposatutako ereduari lotuko zaizkio eta kontsulta aretoan, postaz, faxez eta posta elektronikoz egin daitezke, betiere eskatzen diren datu guztiak ematen baldin badira.

b) Eskabideak letra garbiaz beteko dira, ondoko datuak biltzen dituztela: eskatzailearen datuak, katalogo zenbaki osoa eta kopiatu beharreko orrialde kopurua. Behar bezala bete ez diren eskabideei ez zaie bidea emanen.

c) Agirien kopiak ez dira momentuan bertan eginen. Eskabide guztiek kopiagintza zerbitzuko arduradunaren on iritzia beharko dute eta hark zerbitzua mugatu edo determinatzen ahalko du 4. puntuan adierazitako jarraibideen babespean. Baimenak agiriak nongoak diren aipatzera behartzen du eta baimendunari ez dio inolako eskubide intelektual edo industrialik emanen.

d) Agirizainak, horretarako izendatuak, eskabide guztien aurrekontua eginen du. Eskatzaileari aurrekontuaren berri emanen dio eta onartu eta ordaindu arte ez zaio kopia lanik eginen. Aurretik zenbat kopia egin behar diren zehazterik ez badago, fiantza bat utziko da eskatutako fotokopia kopuruaren araberakoa. Diru kopuru hori osoko kontuari kenduko zaio.

e) Oro har, eskabideei bidea emanen zaie aurrekontua ordaindu deneko eguna kontuan harturik. Ordainketa zaharrenek lehentasuna izanen dute. Ez da presako eskabiderik onartuko, salbuespeneko kasuetan izan ezik.

f) Kopiak interesatuak berak edo behar bezala baimendutako hirugarrenek bakarrik jasotzen ahalko dituzte.

g) Agiritegiko zuzendaritzak paratzen ahalko du eskatzaile bakoitzak hilabetean egiten ahal duen kopia kopurua.

h) Instalazio unitateak (paper sortak, kutxak, liburuak) oso-osorik kopiatzea debekatua dago, salbuespeneko kasuetan izan ezik eta, betiere, zuzendaritzak aurretik emandako baimen idatziarekin. Kasu horietan kopiagintza digitala edo mikrofilma erabiliko da, Agiritegiak ezarritako irizpideen arabera eginez.

3.3.-Ordaintzeko modua.

Esku dirutan, ordainketa gutunaren bidez edo Agiritegiko zuzendaritzak aldi bakoitzean ezartzen duen beste edozein sistemaren bidez ordaintzen ahalko da.

Kopien prezioak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira eta erabiltzaileen eskura ere izanen dira.

4.-Zerbitzuaren mugak.

Indarrean dagoen legeriaren arabera (Administrazioen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Espainiako Ondare Historikoari buruzko azaroaren 11ko 16/1985 Legea, eta apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Jabego Intelektualari buruzko Legearen Testu Bategina), ondoko irizpideen babespean uko eginen zaie hainbat eskabideri:

a) Haien kontserbazio egoera dela medio, manipulatu behar ez diren agiriak.

b) Agiritegian zaindutako fondoetakoak ez diren agiriak.

c) Jabego intelektuala duten agiriak, eskuz idatziak zein inprimatuak, hala nola, deskribapen tresnetako inprimatu gabeko aleak.

d) Halaber, liburutegi osagarriko liburu inprimatuen kopia osoa. Bakar-bakarrik kopiatzen ahal dira osorik arrarotzat hartu eta beste inongo liburutegietan eskuragai ez daudenak, betiere Agiritegiak baimen idatzia eman ondotik. Gainerakoan, kopia puntualetarako baimena emanen da eta Jabego Intelektualaren gaineko legeriak dioenari men egiten bazaio.

e) Serie osoak kopiatzea.

5.-Arau-hausteak eta zehapenak.

Jarraibide hauetan ezarritakoa ez betetzeagatik, agiri ondarearen erabilera okerragatik, zabarkeriagatik edo kalteak egiteagatik egon daitekeen erantzukizuna, kasuan kasuan aplikatu beharreko legerian xedatutakoari jarraikiz ebatziko da.

AZKEN XEDAPENAK

1.-Agirien kopien erabilpena dela eta, Agiritegi Nagusiko arduradunak agiri fondoen titulartasunaren arta hartuko du.

2.-Ondare Historikoaren Zerbitzuak Jarraibide hauetako jarraibide berariazkoak aldian-aldian eguneratuko ditu.

3.-Jarraibide hauek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko dute indarra.

Iruñean, bi mila eta biko martxoaren hamabian.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

Iragarkiaren kodea: a0203098