43. ALDIZKARIA - 2001eko apirilaren 6a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

B A Z T A N

Baztango mendiko pista eta bideen erabilera arautzen duen ordenantzaren behin betiko onespena

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Baztango mendiko bideen erabilera arautzen duen ordenantzaren testua argitaratzen da oso-osorik, behin betikoz onetsi baitzen Baztango Udalak 2001eko otsailaren 16an egin osoko bilkura arruntean.

Elizondon, Baztanen, bi mila eta bateko martxoaren bortzean. Alkatea, sinadura ulertezina.

BIDEEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Baztango mendiko bideen sarea baztandar guztien ondarearen atala da. Garrantzi handi-handia du, udal mugapeko mendi eta oihanetako aberastasuna zaintzeko eta hartan sarbide izateko. Nahitaezkoa da, herritarren arteko komunikaziorako eta bisitari nahiz iragaileei bide emateko. Ongi zaindurik egoteak herritar guztiei egiten die on.

Baztango hermendian, pista eta bide publikoak gero eta gehiago erabiltzen baitira, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedeak hiru dira: Baztango natur ondarearen baloreak begiratzea, erabiltzaile mota guztien eta bereziki herritarren beren erabilera orekatua erdiestea eta erabiltzeko ongi mantentzea.

Helburua horixe dela, Baztango Udalak ordenantza hau onetsi du:

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek, indarra duen araudiarekin bat, Baztango mugapeko mendiko bide publikoen sarearen erabilera arautuko du.

2. art. Mendiko bideen kategoriak.

Erabilera nagusia zein duten, Baztango mendiko bide publikoak kategoria hauetan sailkatuko dira:

1. 2 metro zabal edo gehiago duten bideak.

a) Auzoetako bideak, gehienbat herritar talde batek batera erabiltzen ditu, beren etxera edo nekazaritzako, abeltzaintzako eta/edo oihangintzako ustiapenetara joateko.

b) Baserrietako sarbideak, gehienetan aitzinekoen adarrak; herritar batek edo guti batzuek baserrietan eta haien inguruko ustiapenetan sartzeko erabiltzen dituzte.

c) Pista nagusiak, nagusiki hermendiaren gainean mugarrien lerrotik kanpora daudenak, mendi alde handietara ailegatzeko nahiz inguruko herrietara joan-etorriak egiteko erabiltzen dira. Haien erabilerak askotarikoak izan daitezke, dela oihana, dela azienda, dela turismoa, dela ehiza.

d) Bigarren mailako pistak, hermendian izaten dira eta sare nagusiaren osagarri dira, eta mendi, oihan berri, belai eta beste zenbait tokitara ailegatzeko aukera ematen dute.

e) Egurra ateratzeko adarrak eta bideak, sareko egitura mehena osatzen dute; gehienetan helburu bakarra dute, gehienetan zura ateratzea edo norbanakoen lurzatietan sartzea. Aunitzetan noizean behin baizik ez dira erabiltzen, eta denbora luzez ez dira ibilgailuak sartzekoak.

2. 2 metro zabal baino gutiagoko bide meharrak.

a) Bideak, organbide zaharrak eta hainbat erabilera eta eginkizunetako bidexkak, lasterbideak eta turismorako bideak barne.

3. art. Ibilgailu motordunetan ibiltzeko debeku orokorra.

Debeku da pistetatik kanpora mendian barna ibilgailu motordunetan ibiltzea, baita bi metro zabal baino gutiagoko pistetan barna ere, nekazaritzari, abeltzaintzari, oihangintzari lotutako ibilgailuak ez badira.

4. art. Auzoetako bideetan eta baserrietako sarbideetan ibiltzeko baimen orokorra.

Lehenbiziko bi pista motetan (2. artikuluko 1. puntua, a) eta b) idatz-zatiak) libre da motozikletak eta ibilgailu motordunak ibiltzea.

5. art. Gainerako pistetan ibiltzeko debekua.

Baztango gainerako pistetan debeku da ibilgailu motordunak baimenik gabe ibiltzea, nekazaritzari, abeltzaintzari, oihangintzari edo baimena duten bertzelako jarduerei lotutako ibilgailuak izan ezik.

6. art. Baimena emateko eskumena.

Alkateak emanen du Baztango pistetan barna ibiltzeko baimena.

Ez dute baimen beharrik izanen Baztango bizilagunek, ibilgailua udalerrian erregistratua badute.

Baimenak epe eta tarteune zehatzetarako izan daitezke.

7. art. Zur aprobetxamenduen garraioa.

Zur aprobetxamenduen kasuan, esleipen hartzaileak behar bertzeko fidantza ordaindu beharko du, horretan aritzerakoan pistetan eragiten ahal diren kalte-galeren ordaina bermatu beharrez.

8. art. Zerbitzu publikoak.

Erakunde eta ente publikoen ibilgailuek ez dute baimenik behar, beren egitekoetan ari direnean.

9. art. Ibiltzeko abiadura handiena.

2. artikuluko 1. puntuko a eta b idatz-zatietan aipatzen diren bideetan izan ezik, abiadura handiena, 30 kilometro/ordua izanen da.

10. art. Pisten egoerari eta inguruabarrei dagokien abiadura.

Istripu arriskuak gutitzeko eta oinezko, txirrindulari eta animaliei trabarik ez egiteko, gidariak beren abiadura egokitzera ahaleginduko dira, maldetan eta alde arriskutsuetan behar adina motelduz, baita aziendak hurbiltzean, oinezkoak agertzean, edo agorraldietan, pistetan hautsa metatzen baita.

11. art. Jarduera debekatuak.

Lehiaketak eta lasterketak espreski debekaturik gelditu dira, hala nola pasealariei, txirrindulariei, etxeko animaliei eta basa-faunari arriskua ekartzen ahal dieten gidatze molde arriskutsu guztiak. Salbuespenez, Udalak baimentzen ahal ditu motorrezko lehiaketa ofizialak eta jarduera turistiko taldekakoak, aitzinetik fidantza ordainduz gero.

12. art. Erabiltzaileen erantzukizuna.

Erabiltzaileak izanen dira pistetan eragiten dituzten kalteen erantzuleak.

13. art. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa urratzea arau-haustetzat joko da.

14. art. Zehapenak.

Ordenantza honetako arau-hausteek gehienez ere 50.000 pezetako zehapena izanen dute, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Isunen dirubilketan, borondatezko ordainketa izan ezean, premiamendu bideari lotuko zaio.

Iragarkiaren kodea: A0102418