36. ALDIZKARIA - 2001eko martxoaren 21a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

G A L A R

Publizitatearen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Galar Zendeako Udalak, 2001eko otsailaren 1eko bilkuran, publizitatearen udal ordenantza behin betikoz onesteko erabakia hartu zuen. Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, osorik ematen da argitara Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

Ordenantza hori 2000ko urriaren 5ean onetsi zen hasiera batean eta 30 egunez jendaurrean jarri, 2000ko azaroaren 8an, 135. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuz. Ez zen inolako erreklamaziorik aurkeztu.

PUBLIZITATEAREN UDAL ORDENANTZA

1. artikulua. Publizitatean aritzerakoan izanen diren baldintza, prozedura eta zehapenak arautzea du xede ordenantza honek, hura titulartasun edo jabetza publikoko edo jabetza pribatuko ondasunen gainean egin eta udal jabaritik ikusten bada.

2. art. Ordenantza honi dagokionez, publizitatea edozein ekintza da, jendeari gizarte, politika, sindikatu, kultura, lanbide, kirol eta ekonomi arloko jarduerak nahiz kontsumorako eskaintzen diren produktu eta zerbitzuak daudela ezagutarazteko egina.

3. art. Publizitatea ondoko baliabide hauetakoren bat erabiliz egiten ahalko da:

Hesiak: edozein instalazio geometriko izan daiteke, publizitatearen mezuak adierazteko erabiltzen ahal baldin bada.

Errotuluak: publizitaterako edozein euskarri da, dagoen tokiko lokal edo instalazioaren izena, jarduera eta funtzionamendua ezagutarazteko dena.

Kartelak eta pankartak.

Publizitatea hiri altzarietan paratzea: eremu publikoan dauden gauzak publizitatea egiteko erabiltzea izanen da.

Bertzelako baliabideak: bertze edozein baliabide, publizitatea egiteko erabiltzen ahal dena, konparaziorako, idatzita, ahoz edo megafonoz propaganda norberak banatzea.

4. art. Ez da baimenik emanen publizitateko hesiak paratzeko ondoko toki eta baldintza hauetan:

1. Debeku da eraikin katalogatuetan publizitateko hesiak paratzea, baita haien ondo-ondoan ere, babespeko eraikina ongi ikusteko traba badira.

2. Hiriko plaza, lorategi eta berdegune guztietan.

3. Eraikin baten jabeei argi edo ikuspegi eskubidea murrizten zaien tokietan, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumako 403. Legeak horren gainean dioenari jarraikiz.

4. Ibilgailuendako galtzadetan eta espaloietan, ez eta ibilgailuen edo oinezkoen segurtasuna arriskuan jar dezakeen bertze edozein tokitan ere. Espaloiak ez dauden tokietan ere ez da baimenik emanen publizitate hesiak paratzeko galtzadaren bi aldeetan hiru metro baino hurbilago. Hori guztia, Nafarroako Errepideen Foru Legeak udalerrian barnako errepideentzat ezartzen dituen mugak deusetan galarazi gabe.

5. Inoiz ere hesiek ezin izanen dute eraikin hurbilenaren beheko solairuaren altuera gainditu. Eraikinik ez bada, ez dira bortz metro baino altuago izanen lurretik neurtuta.

Eraikinik ez dagoen tokietako hesietan, hesien behekaldeko ertza lurretik bi metrotara egonen da bederen.

Publizitateko zera bereziek, hala nola ikurrinak, totemak, etab., hesiendako ezarri baldintza berberak beteko dituzte gehieneko altuerei dagokienez.

6. Obren itxituretan baimena emanen da publizitate hesiak paratzeko, horiei datxekiela paratzen baldin badira.

7. Hutsik utzitako merkataritzako lokaletako edo behe solairuetako itxituretan paratu behar diren hesiak lokalaren hutsuneen mugen barnean beharko dira kokatu, eraikuntza proiektuan zehazten diren horien barnean, alegia.

8. Kanpo aldean erabilera publikoaren menpekotza duten jabetza pribatuko ondasunetan, ez da baimenik emanen publizitateko hesiak paratzeko, baldin eta horiek menpekotza ezartzeko zioa, erabilera publikoa alegia, oztopatzen badute.

5. art. Jabetza pribatuko ondasunetan hesiak paratzeko, Udalaren baimena beharko da aldez aurretik.

Udalaren titulartasuna duten ondasunen gainean publizitate hesiak paratzeko baimena, bai eta haiek erabiltzekoa ere, Udalak emanen ditu lehiaketa publikoaren bidez.

6. art. Udalerri honetan, eremu publikotik ikusten diren errotulu eta iragarki argidunak paratu aitzin, lizentzia eskuratu beharko da, eta hura ordenantza honetan ezartzen diren zehaztapenen ariora emanen.

7. artikulua. Hurrengo tokiotan paratzen ahalko dira errotuluak:

1. Behe solairuetan, errotuluek Eraikuntzaren ordenantza orokorretan ezarritako baldintzak beteko dituzte.

2. Lehenengo solairuetan, argi zuloetan (leiho eta antzekoetan) paratu ahalko dira errotuluak.

3. Ez da baimenik emanen arestian aipatu baldintzak betetzen ez dituzten errotuluak paratzeko, ezta honako irizpide hauek kontuan hartzen ez dituztenak ere:

a) Letra bananduak:

Baimenduriko gehieneko altuera: 3 metro, eta fatxadako goiko lerroaren eta errotuloaren artean gehienez ere 0,5 metro ateratzen ahal da.

Errotuluaren azalerararen eta fatxadaren azaleraren arteko proportzioa: ehuneko 12.

Errotuluaren luzeraren eta fatxadaren luzeraren arteko proportzioa: ehuneko 33 (1/3).

Errotuluaren altueraren eta fatxadaren altueraren arteko proportzioa: ehuneko 35.

b) Kartelak:

Baimenduriko gehieneko altuera: 3 metro, eta fatxadako goiko lerroaren eta errotuloaren artean gehienez ere 0,5 metro ateratzen ahal da.

Kartelaren azalerararen eta fatxadaren azaleraren arteko proportzioa: ehuneko 5.

Kartelaren luzeraren eta fatxadaren luzeraren arteko proportzioa: ehuneko 15.

Kartelaren altueraren eta fatxadaren altueraren arteko proportzioa: ehuneko 35.

Letrak edo kartela eraikinaren erpinen batean badaude, errotuluen azalerak eta luzera ukituriko bi fatxadei batu ahalko zaizkie, eta fatxadarik baxuenari dagokiona izanen da altuera.

8. art. Ez da baimenik emanen errotulu, kartel edo plakak paratzeko, haien itxura, kolore, marrazki edo idazkiengatik trafiko seinaleekin nahasi, horiek ikustea galarazi edo ibilgailuetako gidariak itsutu baditzakete. Halaber, iragarki islatzaileak edo gai erregarriz eginak direnak oihan edo landaretza handiko eremuetan.

9. art.Hiri altzarietan paratutako publizitatea.

Zerbitzu publikoren bat emateko muntaduretan, publizitatea elementu hauetan bakarrik agertuko da:

a) Paperontzietan, faroletan eta publizitaterako zutoinetan.

b) Erlojuetan, termometroetan eta jendeari informazioa emateko gainerako aparatuetan.

Eremu publikoan muntadura horiek paratzeko baimena ematen duten pleguetan, neurriez gain, zehaztu behar da zein lekutan paratu behar diren, kasuan kasuko gainerako baldintzak eta zenbateko tokia utzi behar duten Udalaren esku, honek egoki ikusten dituen ohar edo iragarkiak paratzeko.

c) Kartelak aterpe, markesina eta autobusak gelditzeko zutabeetan eta telefono kabinetan ere paratzen ahal dira, aurreko lerroaldean aipatu diren baldintzak bete eta lizentzia eskuratu ondotik.

10. art. Lehen aipatutakoez gain, bertzelako baliabideren bat erabiliz publizitatea egin nahi dutenek, egin gogo dituzten jarduerei buruzko txostena beharko dute aurkeztu. Udalak baimena emanen du baldin eta ordenantza honetan zehazten diren baldintza orokorretara egokitzen badira eta behar bezala bermatzen badira segurantza eta txukuntasuna, eta publizitate jarduerek ez badiete bizilagunei eragozpen edo kalterik ekartzen.

Espresuki debekatzen da eremu publikoan propaganda idatzia botatzea.

11. art. Kartelak eta pankartak.

Publizitateko Kartelak paratzeko baimena emanen da karteldegi, bitrina, erakusleiho edo bertze edozein lekutarako, baldin eta haiek jarri, kendu edo aldatzean ez bada hirigunearen itxura zakartzen.

Espresuki debekaturik gelditzen da kartelak eta pankartak paratzea merkataritzako lokalen erakusleihoen kanpoaldean, etxeen fatxadetan, beheko solairuetan, okupatuak izan ala ez, aldamio, obren itxituretan eta hiri altzarietan. Hala ere, salbuespen gisa, Udalak baimena ematen ahalko du kartelak eta pankartak paratzeko, eskatzaileak bere gain hartuz gero haiek kentzeko lana udal administrazioak adierazten dion epean, eta euskarria lehengoratuko dela behar bezala bermatuz gero. Horrelakoetan, nahitaezkoa izanen da Udalak kasu bakoitzean erabakitzen duen fidantza gordailuan uztea, baimenak markatzen dituen baldintzak behar bezala bete daitezen bermatzeko.

12. art. Kasu bereziak.

Ordenantza honetako aginduak ondoko gertaerek sorturiko baldintza berezietara egokitu edo moldatuko dira:

a) Hauteskunde kanpainak.

b) Herriko bestak eta Eguberrietakoak.

c) Kirol eta kultur ikuskizunak, ohiko ez direnak (txirrindula itzulia, kultur topaketak, etab.)

d) Garrantzi berdintsuko bertze gertakizun batzuk.

Udalaren baimena betiere beharko da, eta beharrezko segurtasun baldintzak, ibilgailu eta oinezkoen zirkulazio egokia, eta osasungarritasun zein txukuntasun publikoa bermatzera mugatuko da.

13. art. Baldintza tekniko-administratiboak.

1. Eraikuntzen babesik gabe kokaturiko publizitate euskarriek ehun eta hogei km/orduko haizea jasan beharko dute, eta hori aditu eskudunen batek sinaturiko txosten teknikoaren bidez frogatu beharko da.

2. Elementu argidun edo mugikorrak dituzten publizitate hesi eta errotuluak paratu ahal izateko, aurretik Industria Ministerioko Herrialdeko Ordezkaritzak edo eskumena hartzen duen Foru Komunitateko Erakundearen baimena beharko da.

3. Publizitateko elementu bakar batek ere ez du bere itxuragatik nahasketarik sortuko trafiko seinaleekin edo bide seinaleen elementuekin, zutikako nahiz etzandakoekin.

4. Hots bidezko publizitatea, goizeko bederatzietatik gaueko hamarrak bitarte bakarrik egiten ahalko da, eta jarduera horren gaineko espedientean ezarritako hots mailak betez egin beharko da beti.

5. Publizitateko proiekzio finko nahiz mugimenduzkoak debekatuko dira, haiek ikustera bildutako jendeak ibilgailu edo oinezkoen zirkulazio egokia trabatzen duela uste bada edo horrela dela ikusiz gero.

6. Argiak erabiltzen dituzten publizitate jarduerek ez dute inor itsutu behar, ezta begietan nekea edo ongieza eragin ere. Arrazoi horiek direla eta ezetza ematen bada, hura frogatzen duten udal teknikarien txostenetan beharko da oinarritu.

7. Argi bidezko publizitateak ezin izanen ditu muga hauek gainditu:

Lurretik goiti 5 metrotan, gehienez ere 4.000 kandela metro karratu bakoitzeko. Tarte horretan ezin izanen dira itzal-piztuka dabiltzan argiak ezarri.

Modu berean neurturiko altuera 5 metrotik goitikoa bada, baina 10 metro iragan gabe, gehienez ere 5.000 kandela metro karratu bakoitzeko onartuko da itzal-piztukako argientzat.

Altuera, modu berean neurtuta, 10 metrotik goitikoa denean, argitasunak muga horiek gainditzen ahalko ditu.

8. Edozein sistema mugikorrez egindako publizitatea goizeko bederatzietatik arratseko hamarrak bitartera mugatuko da. Ibilgailuek edo publizitatea eraman behar duen bertze edozein elementuk Industria Ministerioko Herrialdeko Ordezkaritzaren baimena beharko du izan. Publizitate mugikorra hots bidezkoa bada, zerbitzu teknikoek erabakiko dute hura baimendu ala ez, horien zeregina bizilagunei trabarik egin ez dakien bermatzea baita.

9. Ez da inoiz baimenik emanen publizitatea egiteko, ez badira behar adina bermatzen muntaduraren segurantza eta funtzionamendua, ibilgailu eta oinezkoen segurantza, kokatzen den tokiaren txukuntasuna, bizilagunen lasaitasuna eta segurantza, ezta partikularrek izan ditzaketen ikuspegi eta argi eskubideak betetzen ez direnean.

14. art. Lizentzien izapidaketa.

Lizentziak emateko, xedapen orokorrei eta ondotik adierazten direnei jarraituko zaie:

1. Pertsona natural zein juridikoek beharko dute eskatu beren jabetzako ondasunetan egin behar dituzten jardueren publizitaterako edo, bertzenaz, erregistro orokorrean inskribaturiko publizitate etxeek.

2. Baimenaren eskaerari agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Publizitate jardueraren ekintza, baliabide, ordu, etabarrak azaltzen dituen txostena, ordenantza honek eta aplikagarri izan daitezkeen arauek ezarritako zehaztapenak beteko direla frogatuko duena.

b) Elementu finkoak jartzekotan, haien azalpena ematen duen txostena erantsi beharko da, neurriak, muntaiaren sistema eta zehazki zein tokitan paratu behar den adierazteko, haizearen indarra jasateko behar den egituraren justifikazio teknikoarekin batera.

c) Oinplanoa eta altxaeraren planoa, instalazio osoaren proiekzioak, hala lur gainekoak nola parametro bertikalen gainekoak, adierazteko modukoa, edo haren kokaera zehatzaren eta ingurunearen argazkia.

d) Erantzukizun zibilaren aseguru poliza, publizitate jarduerak inori sortu ahal dizkion kalteak ordaintzeko.

3. Eskaerei buruz, Udalaren zerbitzu teknikoek, zeinek zein behar duen, haren txostena eginen dute, zernolakoa den baimena behar duen jarduera, hari begiratuz.

4. Jabetza eskubideak salbu utziz eta hirugarrenei kalterik egin gabe emanen dira baimen edo lizentziak.

5. Publizitate kanpaina zehatz batean aritzeko lizentziak, halako epe baterako emanen dira.

6. Publizitate hesi eta errotuluak paratzeko lizentziak mugaegunik gabekoak izan daitezke, eta ohiko iraungitze bideez gain, hiru hilabete iraganez gero erabili gabe, bere indarra galduko dute eskatzailearen erruz bada. Gainera, lizentzia emateko garaian tokia inguruabarren ariora baimendu baldin bazen, inguruabar haiexek desagertuz gero ere bertan behera geldituko dira direlako lizentziak.

15. art. Zehapenak.

Ordenantza honetan xedatutakoaren aurkako arau-hausteek honako neurriok ekarriko dituzte:

1. 25.000 pezetarainoko isuna, arau-haustea nolakoa den. Hirigintzako arauen aurkako arau-haustea baldin bada Lurzoruari buruzko Legean eta Hirigintza Diziplinaren Erregelamenduan xedatutakoari jarraituko zaio.

2. Gordailuan utzitako fidantza galtzea, horrelakorik egin bada.

3. Iragarkia kendu beharra, hutsegilearen kontura zortzi egun baino lehen.

4. Lizentziaren titularrak du erantzukizuna, baimendutako publizitate jarduerak ekar ditzakeen kalteetan. Udalak partikularrari egozten ahalko dizkio gauzak lehengoratzeko lanek sortzen dituzten gastuak.

5. Ordenantza honen aurkako hutsegiteen erantzule izanen dira:

a) Lehenbizi, publizitate enpresa edo pertsona fisikoa zein juridikoa, lizentziarik eskuratu gabe iragarkia paratu edo lizentzian ezarritako baldintzak edo ordenantza honetako aginduak bete ez dituena.

b) Haien ordez, iragarkiak zer eraikinetan edo muntaduretan paratu diren, hurrenez hurren, harexen jabea edo horrexen kontzesioa duena.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehendabizikoa.-Ordenantza onetsi aurretik jarritako publizitate hesiak legeztatu eta bertan xedatutakoari egokitu egin beharko zaizkio; horretarako, ordenantzak agindutako eskabide eta agiriak aurkeztu beharko ditu publizitate enpresak, eta hori egin ezean desmuntatu eta kendu beharko ditu. Edonola ere, ordenantza honek indarra hartu ondoko hiru hilabeteko epean jardun beharko du.

Bigarrena.-Epe hori agortuz gero, aurreko lerrokadan xedatutakoa urratuz ezarrita dirauten kartel zein publizitate hesiak desmuntatu eta kenduko dituzte udal zerbitzuek, arduradunaren kontura.

Hirugarrena.-Ordenantza honekin bat ez datozen gainontzeko publizitate instalazioak, hemen xedatzen denari lotu beharko zaizkio, baldin eta berritze zein egokitze obrak egiten badira edo titulartasunean aldaketarik gertatzen bada.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Galarren, bi mila eta bateko otsailaren bederatzian. Alkatea, Pedro José Erice Rípodas.

Iragarkiaren kodea: A0101448