32. ALDIZKARIA - 1997ko martxoaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

24/1997 FORU DEKRETUA, otsailaren 10ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden Haur Hezkuntzako eskola publikoen, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen Erregelamendu Organikoa onesten duena.

Urriaren 10eko 185/1994 Foru Dekretuaren bidez onetsi egin zen Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako eskola publikoen, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen Erregelamendu Organikoa, hezkuntza sistemaren antolamendu berria zuzen aplikatzeko jarraibideak taxutzeko asmoz, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Legearen onespenaren ondoren.

Geroago, Irakaskuntzako zentroetako partehartze, ebaluazio eta gobernuari buruzko azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoak, kalitatezko irakaskuntza bermatzeko eta zentroen antolamendu eta gobernuan hezkuntza-komunitateko sektore desberdinen partehartzea bultzatzeko xedez, funtsezko aldaketak sartu zituen eskola kontseiluen berrikuntzei zegokienez, bai eta zuzendaritzako eginkizunari, zentroen kudeaketaren autonomiari eta hezkuntza sistemaren osotasunaren ebaluazioari zegokienez ere, besteak beste.

Arau esparruaren aldaketa hori ikusita, beharrezkoa da onestea Erregelamendu Organiko berri bat, aurrekoaren oinarrizko alderdi batzuk mantenduz eta Irakaskuntzako zentroetako partehartze, ebaluazio eta gobernuari buruzko azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoan ezarritako printzipioak kontuan harturik, urriaren 10eko 185/1994 Foru Dekretuak onetsi zuen haren ordez jarriko dena.

Hezkuntzarako eskubidea arautzeko uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoak, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak, Irakaskuntzako zentroetako partehartze, ebaluazio eta gobernuari buruzko azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobeagotzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoko 47. artikuluak eta Irakaskuntza ez-unibertsitarioetako eginkizun eta zerbitzuak Estatutik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzea onesten duen 1070/1990 Errege Dekretuak, abuztuaren 31koak, agintzen dutenez, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak hala proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko otsailaren hamarreko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden Haur Hezkuntzako eskola publikoen, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen Erregelamendu Organikoa onesten da, ondotik zehazten den moduan.

HAUR HEZKUNTZAKO ESKOLA PUBLIKOEN, LEHEN HEZKUNTZAKO IKASTETXE PUBLIKOEN ETA HAUR ETA LEHEN HEZKUNTZAKO IKASTETXE PUBLIKOEN ERREGELAMENDU ORGANIKOA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Haur Hezkuntzako eskola publikoen, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen definizioa.

Haur Hezkuntzako eskola publikoak, Haur Hezkuntza ematen duten irakaskuntzako zentro publikoak dira.

Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak, Lehen Hezkuntza ematen duten irakaskuntzako zentro publikoak dira.

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza ematen dituzten irakaskuntzako zentro publikoak dira.

2. artikulua. Zentroak sortu eta kentzea.

1. Nafarroako Gobernuak sortuko ditu, Foru Dekretuz, Erregelamendu honek aipatu zentroak, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak aurrez hala proposaturik.

2. Nafarroako Gobernuak erabakirik batere hartzen badu hurrengo artikuluak aipatzen dituen zentroak sortu, kendu, integratu edo zatibitzeko, aurrez Hezkuntzako Batzorde Nagusiaren edo Nafarroako Eskola Kontseiluaren txosten ezinbestekoa izanen du, eta horren berri emanen zaie irakasleen ordezkari sindikalei.

3. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak baimena eman dezake herriarteko ikastetxe baterabilduak sortzeko, sakabanaturik dauden zenbait eskola bakar batean bilduz.

4. Toki entitateek ere zilegi izanen dute Haur Hezkuntzako eskolak, Lehen Hezkuntzako ikastetxeak edo Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak sor daitezen proposatzea, honako arauen arabera:

a) Sortu baino lehen, toki entitateak eta Hezkuntza eta Kultura Departamentuak hitzarmen bat sinatuko dute ikastetxearen araubide ekonomikoa eta funtzionamendua finkatzeko.

b) Zentroek uztailaren 14ko 1004/1991 Errege Dekretuan (1991-06-26ko "E.A.O.") ezarritako baldintzak beteko dituzte, bai eta ikastetxeen baldintza gutxienekoei buruzko kontuetan aplikagarriak diren gainerako arauak ere.

c) Nafarroako Gobernuak Foru Dekretuz sortuko eta kenduko ditu zentroak.

5. Aurreko idazatian xedatzen denaren arabera sortzen diren zentroak, ondorio guztietarako zentro publikoak izanen dira, Hezkuntzarako eskubidea arautzeko uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoko bigarren Xedapen Gehigarrian (1985-07-4ko "E.A.O.") aurreikusten denaren arabera.

6. Nafarroako Gobernuak Foru Dekretuz kenduko ditu Erregelamendu honetan aipatu zentroak, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak proposatuta.

3. artikulua. Zentroetako aldaketak.

1. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak baimena ematen ahal du, irakaskuntza plangintzaren arabera, unitateak sortu edo kentzeko, Foru Dekretu honek aipatzen dituen zentroetan, dauden baliabideen erabileraren egokitasuna eta irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko.

2. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak Foru Agindu bat argitaratuko du, aldizka, Foru Dekretu honetako 1. artikuluak aipatzen dituen zentroen osaketa pedagogiko-administratiboa zehazteko.

4. artikulua. Zentroen izen berariazkoak.

1. Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren menpeko zentroei, 1. artikuluak aipatzen duen izen generikoaz gain, berariazko izen bat ere ezarriko zaie, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak onetsia, Eskola Kontseiluak hala proposaturik eta zentroa dagoen eraikinaren titularra den toki entitatearen aldeko txostena dagoela.

2. Herriarteko ikastetxe baterabilduek Hezkuntza eta Kultura Departamentuak onesten duen izen berariazkoa izanen dute, ikastetxeko Eskola Kontseiluak hala proposaturik, haren eraginpeko toki entitateei aurrez kontsulta eginik.

3. Izen berariazko bereko eskolarik nahiz ikastetxerik ezin egonen da udalerri bakar batean.

4. Zentroaren izena eraikinaren fatxadan egonen da, ongi agerian.

II. TITULUA

Haur Hezkuntzako Eskola Publikoen, Haur Hezkuntzako Ikastetxe Publikoen eta Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoen gobernu organoak

I. KAPITULUA

Gobernu organoak

5. artikulua. Zentroen gobernu egitura.

Haur Hezkuntzako eskola publikoek, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoek eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoek, honako gobernu organoak izanen dituzte:

a) Kide anitzekoak: zentroko Eskola Kontseilua, irakasleen klaustroa eta, halakorik behar bada, ezaugarri bereziko zentroetarako Foru Agindu batek xedatzen dituen besteak.

b) Kide bakarrekoak: zuzendaria, ikasketaburua, idazkaria eta, halakorik behar bada, ezaugarri bereziko zentroetarako Foru Agindu batek xedatzen dituen besteak.

Ikastetxe elebidunetan, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak zilegi izanen du alboko ikasketaburuak ezartzea, hizkuntz ereduetako baten ardura hartzeko, baldin eta ikasle kopuru handiak edo bestelako inguruabar bereziren batek hala eskatzen badu.

6. artikulua. Hezkuntza komunitatearen partehartzea.

Ikasleen gurasoek, irakasleek, administrazio eta zerbitzuetako langileek eta udalek zentroa kudeatzen parte hartzeko, Eskola Kontseilua izanen da bidea.

7. artikulua. Jarduketa printzipioak.

1. Gobernu organoek arreta paratuko dute ikastetxeen jarduna Konstituzioko printzipioen eta baloreen araberakoa izan dadin, hezkuntzaren helburuak zinetan gauzatu eta irakaskuntzaren kalitatea hobetu dadin.

2. Era berean, beren eskumenen barrenean, bermatu eginen dute ikasleei, irakasleei, ikasleen gurasoei eta administrazio eta zerbitzuetako langileei aitortutako eskubideen erabilera, eta begiratuko dute dagozkien beharrak bete ditzaten. Era berean, saiatuko dira hezkuntza komunitateko kide guztiek zentroko jardunean, haren kudeaketan eta ebaluazioan zuzenean parte har dezaten.

II. KAPITULUA

Kide anitzeko gobernu organoak

A.-Eskola kontseilua

8. artikulua. Eskola Kontseiluaren izaera eta eskumenak.

1. Zentroko Eskola Kontseilua da hezkuntza komunitateko kide guztiek zentroaren funtzionamenduan parte hartzeko organoa.

2. Zentroko Eskola Kontseiluak honako eskumenak izanen ditu:

a) Hezkuntza proiektua prestatzeko jarraibideak finkatzea, eta hura onetsi eta ebaluatzea, deusetan ukatu gabe irakasleen klaustroak irakaskuntzako jarduna planifikatu eta antolatzeko dauzkan eskumenak. Hezkuntza proiektua berrikusi eta ebaluatzeko behar diren prozedurak zehaztea.

b) Barne-araudia onestea.

c) Zentroko urteko programazio orokorra prestatzeko irizpideak hartzea, eta hura onetsi eta ebaluatzea, beti ere errespetatuz klaustroari dagozkion irakaste eginkizunak.

d) Jarduera osagarri eta eskolaz kanpokoak eta, halakorik badago, eskola-jantokiak eta garraioa programatu eta burutzeko jarraibideak prestatzea, onestea eta ebaluatzea.

e) Zentroko aurrekontu proiektua eta hura gauzatzeko jarraibideak onestea.

f) Eskola egutegia prestatzea, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak onetsitako arauak oinarri harturik.

g) Zuzendaria hautatzea.

h) Zuzendariaren izendapena atzera botatzeko proposamena egitea, Erregelamendu honetako 31. artikuluan ezarri bezala.

i) Ikasleak onartze kontuetan erabakitzea, indarra duten arauei men eginik.

j) Gatazkei irtenbidea bilatzea eta behar diren zuzenketa-neurriak hartzea, helburu pedagogikoarekin, zentroko elkarbizitza larriki kaltetzen duten ikasleen portaeren aurrean, beti ere ikasleen eskubide eta betebeharren gaineko arauen arabera.

k) Beste zentro, entitate eta organismoekin lankidetza harremanak sortzeko irizpideak finkatzea, helburu kultural nahiz hezkuntzazkoekin.

l) Eskolako instalazioak eta ekipamenduak berritu daitezen bultzatzea eta ongi zain daitezen begiratzea.

m) Aztertu eta baloratzea baliabideak egoki kudeatzen ote diren, bai eta elkarbizitzako arauen aplikazioa ere.

n) Zentroko urteko jardunari eta egoera orokorrari buruzko memoriarako txostena prestatzea.

ñ) Zentroko eskola-emaitzak orokorrean zer bilakaera izan duen aztertu eta baloratzea.

o) Aztertu eta baloratzea zentroaren funtzionamendu orokorra, bai eta hezkuntza administrazioak zentroaz egiten duen ebaluazioaren emaitzak ere, edo zentroaren funtzionamenduari buruzko beste edozein txosten.

9. artikulua. Eskola Kontseiluko kideak.

1. Bederatzi unitate edo gehiagoko zentroen Eskola Kontseiluak honako kideak izanen ditu:

a) Zentroko zuzendaria, buru arituko baita.

b) Ikasketaburua.

c) Klaustroak hautatutako bost irakasle.

d) Ikasleen gurasoen bost ordezkari.

e) Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

f) Zentroa dagoen herriko udaleko zinegotzi edo ordezkari bat.

g) Zentroko idazkaria, Kontseiluaren idazkari arituko baita, hizpidea bai baina botorik ez duela.

2. Sei unitate edo gehiago baina bederatzi baino gutxiagoko zentroetan, Eskola Kontseiluak honako kideak izanen ditu:

a) Zentroko zuzendaria, buru arituko baita.

b) Klaustroak hautatutako hiru irakasle.

c) Ikasleen gurasoen hiru ordezkari.

d) Zentroa dagoen herriko udaleko zinegotzi edo ordezkari bat.

e) Zentroko idazkaria, Kontseiluaren idazkari arituko baita, hizpidea bai baina botorik ez duela.

3. Bi unitate baino gehiago baina sei baino gutxiagoko zentroetan Eskola Kontseiluak honako kideak izanen ditu:

a) Zentroko zuzendaria, buru arituko baita.

b) Klaustroak hautatutako bi irakasle. Haietako bat, zuzendariak izendatuta, idazkari arituko da, Kontseiluan hizpidea eta botoa dituela.

c) Gurasoen bi ordezkari.

d) Zentroa dagoen herriko udaleko zinegotzi edo ordezkari bat.

4. Unitate bat edo biko zentroetan, Eskola Kontseiluak honako kideak izanen ditu:

a) Zentroko zuzendaria, buru izanen baita eta Eskola Kontseiluko idazkari arituko.

b) Gurasoen ordezkari bat.

c) Zentroa dagoen herriko udaleko zinegotzi edo ordezkari bat.

5. Legez eratuta dagoen eta zentroan kiderik gehien daukan Ikasleen Gurasoen Elkarteak izendatuko du, bere kideen artean, Eskola Kontseilua osatzen duten ikasleen gurasoen ordezkarietako bat.

Aipatu elkarte horrek izendapen proposamenik egin ez edo zentroak horrelako elkarterik ez badu, hari dagokion leku hutsa beteko duena izanen da ordezkapenetarako zerrendan lehenbiziko tokian dagoen hautagai ez-hautatua.

6. Ikasleek ere ordezkariak izan ditzakete Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan, hizpidea bai baina botorik ez dutela, ikastetxeko Hezkuntza Proiektuak finkatzen dituen baldintzetan.

10. artikulua. Eskola Kontseiluko kideak hautatu eta berritzea.

1. Eskola Kontseiluko kideak hautatzeko prozedura ikasturteko lehen hiruhilekoan eginen da.

2. Behin eratuz gero, Eskola Kontseiluaren erdi bat berrituko da lehenbizi eta beste erdia gero, bi urtetik behin berritze bakoitza. Alde batera utzirik zentroan kiderik gehien daukan guraso-elkartearen ordezkaria edo haren ordezkoa, hura ez baita bi erdi horietako bakar batean ere sartzen eta haren tokia bi urtetik behin berrituko baita, Eskola Kontseiluko kide hautetsien bi erdietako bakoitza, berritze partzialetarako, honela osatuko da:

a) Lehenbiziko erdia:

a.1. Bederatzi unitate edo gehiago dituzten zentroak: bi irakasle eta ikasleen gurasoen bi ordezkari.

a.2. Sei unitate edo gehiago baina bederatzi baino gutxiagoko zentroak: irakasle bat eta ikasleen gurasoen ordezkari bat.

a.3. Bi unitate baino gehiago baina sei baino gutxiagoko zentroak: irakasle bat eta ikasleen gurasoen ordezkari bat. Zentro hauetako ikasleen gurasoen ordezkari hautetsia lau urtetik behin berrituko da, lehenbiziko berritze partzialetik hasita.

b) Bigarren erdia:

b.1. Bederatzi unitate edo gehiago dituzten zentroak: hiru irakasle, ikasleen gurasoen bi ordezkari eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

b.2. Sei unitate edo gehiago baina bederatzi baino gutxiagoko zentroak: bi irakasle eta ikasleen gurasoen ordezkari bat.

b.3. Bi unitate baino gehiago baina sei baino gutxiagoko zentroak: irakasle bat.

Lehenbiziko bi berritze partzialak egin ondotik (lehenbiziko eta bigarren erdiarenak, hurrenez hurren), Erregelamendu honen hirugarren xedapen iragankorrean aipatu bezala, lehenbiziko erdia eta bigarren erdia txandaka berrituko dira bi urtetik behin, beti ere haietako bakoitzarentzat idazati honetan finkatutako osaketaren arabera.

3. Zentroan kiderik gehien daukan Elkarteak izendatutako gurasoen ordezkaria, unitate bakar edo biko zentroetako gurasoena eta udaleko zinegotzi edo ordezkaria bi urtetik behin berrituko da, edo lehenago bestela, haiek izendatu dituen organoak hala erabakitzen badu.

4. Zentro sortu berriak izan eta Eskola Kontseilua lehenbiziko aldiz eratzen bada, sektore bakoitzeko kide guztiak batera hautatuko dira. Lehenbiziko hautapenetik aurrera, Eskola Kontseiluaren erdi bat berrituko da lehenbizi eta beste erdia gero, bi urtetik behin berritze bakoitza, Erregelamendu honetan xedatutakoaren arabera."

5. Hautesle bakoitzak bere paperean gehienez ere hiru izen paratuko ditu, bete beharreko postuak bost edo lau direnean, bi izen bete behar badira hiru, eta izen bakar bat ordezkari bi edo bat bakarrik hautatzen denean.

6. Eskola komunitateko kideak zein sektoretakoak diren, hari dagozkiola bakarrik hautatzen ahalko dira. Bi sektoretakoa den kideren bat izanez gero, bietarako hautagai izaten ahal da, baina bietarako hautatzen badute bakar-bakarrik baten ordezkaritza har dezake.

7. Eskola Kontseiluko idazkaria ezin izanen da sektoreko ordezkari izan eta, beraz, hizpidea izanen du baina botorik ez, Erregelamendu honetako 9. artikuluko 3. b) eta 4. a) idazatietan aurreikusitako kasuetan izan ezik.

11. artikulua. Postu hutsak betetzeko prozedura.

1. Ordezkariren batek dagokion berritzea ailegatu baino lehen galtzen baditu kasuan kasuko organoko kide izateko behar diren baldintzak, hutsik utziko du Kontseiluko bere postua. Postu huts hori beteko du botorik gehien lortu zuen hurrengo hautagaiak. Horretarako erabiliko dira azken berritze partzialeko aktetako zerrendak, bete beharreko postu hutsa lehenagoko berritze partzial batekoa bada ere. Postu hutsa betetzeko beste hautagairik ez badago, postua bete gabe geldituko da Eskola Kontseiluaren hurrengo berritzerarte.

2. Dagokien berritzean bete ezin izan diren postu hutsak hurrengo berritze partzialean beteko dira.

3. Aurreko berritze partzialean bete ezin izan diren postu hutsak, kasuan kasuko berritze partzialean bete beharreko gainerako postuak eskuratzen dituztenen hurrengo hautagaiek (botoen arabera, alegia) beteko dituzte, eta horrela hautatzen dituzten kontseilukideek hurrengo berritze partzialerarte segitzen ahal dute.

4. Eskola Kontseiluko postu huts bat hautapenaren (ordezkoen zerrenda) nahiz izendapen askearen bitartez betetzen duen edozein kontseilukideri agintaldia amaituko zaio berak ordezkatzen duen kide haren agintaldiaren amaiera gertatzen denean.

12. artikulua. Hauteskunde Batzordearen osaketa eta eskumenak.

1. Hautatzeko prozedura antolatzeko, zentro bakoitzean batzorde bat eratuko da jendaurreko ekitaldian, honako kideokin: zentroko zuzendaria, burua izanen baita; irakasle bat unitate bat baino gehiagoko zentroetan, eta guraso bat, azken biak zozketaz hautatuak dagozkien hauteskunde erroldetan inskribitutakoen artetik.

2. Batzorde horren eskumenak honakoak dira:

a) Hezkuntza Komunitateko sektore guztien hauteskunde erroldak onetsi eta argitaratzea. Hautesleen izen- deiturak eta nortasun agiri nazionala izanen ditu, alfabetoz ordenaturik.

b) Zentroko hauteskunde egutegia zehaztea, Erregelamendu honetako 10. artikuluak finkatzen duenaren arabera, eta kasurako Hezkuntza eta Kultura Departamentuak xedatzen duenaren arabera.

c) Hauteskunde prozesua antolatzea.

d) Hautagai zerrendak onartu eta aldarrikatzea.

e) Hauteskunde mahaiak eratzera bultzatzea.

f) Posta bidez igorritako botoak jasotzea.

g) Hauteskunde mahaien erabakien kontra aurkezten diren erreklamazioak ebaztea.

h) Hautatutako hautagaiak aldarrikatu eta behar diren aktak bidaltzea Hezkuntza eta Kultura Departamentuari.

13. artikulua. Eskola Kontseiluko ordezkariak hautatzea.

1. Hauteskunde Batzordeak zentroak kokaleku duen herriko udalari eskatuko dio izenda dezan udalaren ordezkari bat Eskola Kontseiluko kide izateko.

2. Herriarteko ikastetxe baterabilduen kasuan, baterabiltzeak bere aplikazio esparruan hartzen duen eremuko udalen artean adostasunik ez badago, aipatu udalek ikasturte bakoitzerako udal ordezkaria izendatuko dute, biztanle kopuru haundienekotik hasi eta txikieneraino bitartean, gainerako udalen ordezkariek ere parte hartzen ahalko dutelarik Eskola Kontseiluan, hizpidea izanik baina botorik gabe.

3. Era berean, zentroan kiderik gehien duen ikasleen gurasoen Elkarteari bere ordezkaria izenda dezan eskatuko zaio, Eskola Kontseiluko kide izateko.

14. artikulua. Irakasleen ordezkariak Eskola Kontseiluan.

1. Irakasleek Eskola Kontseiluan dituzten ordezkariak Klaustroak hautatuko ditu bere baitatik. Botoa zuzena, sekretua eta delegaezina izanen da.

2. Hautesleak izanen dira Klaustroko kide guztiak. Artikulu honek agindu bezala hautagaitzat aurkezten diren klaustrokide guztiak hautatu ahal izanen dira.

3. Kide bakarreko gobernu organo batean aritzea bateraezina da zentroko Eskola Kontseilurako irakasleen ordezkari hautatua izatearekin. Bi izendapen horiek batera suertatzen badira, irakasleak bi postuetako bat hautatu beharko du, eta hutsik uzten duena beteko da Erregelamendu honetan aurreikusitako prozedurak erabilita.

4. Ordutegia osatzeko zentro bat baino gehiagotan aritzen diren maisu-maistrek zilegi dute aritzen direneko zentro guztietan hautesle izateko, baina hautagai, berriz, destinoa duten zentroan bakarrik, edo destinorik ez badute, aurrez berek seinalatzen duten hartan, artikulu honetako bigarren idazatian ezarritakoaren arabera.

5. Eskualde batean destinatutako irakasleek, zentro bat baino gehiagotan aritzen badira, haietako ezeinetan destinoa ez dutela, ez dute zilegi izanen ez hautesle ez hautagai izatea, non eta ez diren gutxiengo kulturalekin diharduten irakasleak.

6. Lekuz aldarazitako irakasleak hautesle eta hautagai izanen dira zerbitzu ematen ari diren zentroetan.

7. Ikasturtea baino denbora laburragoko ordezkapena delarik kasua, ordezko irakasleak ezin dira ez hautesle ez hautagai izan, eta ordezkatuak, berriz, hautesle zein hautagai izaten ahal dira, hartarako baldintzak kunplitzen badituzte. Ikasturte bateko edo denbora luzeagoko ordezkapenetan, ordezkoak zilegi izanen du hautesle izatea; ordezkatuak, berriz, ez hautesle ez hautagai.

15. artikulua. Klaustro berezia eta hauteskundeetarako prozedura.

1. Zuzendariak klaustro berezirako dei eginen du, eta hartan, eguneko gai bakarra izanen da hautaketa eta hautatutako irakasleen aldarrikapena.

2. Klaustro bereziko bilkuran hauteskunde mahai bat eratuko da, honakoez osatua: zentroko zuzendaria, buru arituko baita, zentroan antzinatasun handiena duen maisua edo maistra, eta antzinatasun txikiena duena, mahaiko idazkari arituko baita. Antzinatasun bereko maisu-maistra bat baino gehiago direlarik, antzinatasun handienekoen arteko zaharrena eta antzinatasun txikienekoen artean gazteena izanen dira mahaikide.

3. Quoruma izanen da klaustrokideen erdiak gehi bat. Quorumik ez badago, beste deialdi bat eginen da aurrenekoa egiten den ordutik hogeita lau ordutara. Kasu horretan ez da beharrezkoa izanen esan den quoruma.

4. Irakasle bakoitzak gehienez hiru izen paratuko ditu bere boto paperean, bete beharreko postuak bost edo lau direnean, bi izen postuak hiru badira eta izen bakar bat ordezkari bi edo bat bakarrik hautatzen denean. Aurreneko bozketan behar adina irakasle hautatzen ez badira, saio berean bigarren bozketa eginen da kopuru horretara ailegatzeko, Erregelamendu honetako 19. artikuluko 2. zenbakiak xedatzen duena galarazi gabe.

16. artikulua. Gurasoen ordezkaritza Eskola Kontseiluan.

1. Gurasoen Eskola Kontseiluko ordezkaritza, gurasoen beraien edo ikasleen ordezkari legezkoen esku egonen da, zenbanahi izanda ere zentroan eskolatutako seme-alabak. Hautesle edo hautagai izateko eskubidea aitari eta amari dagokie, edo, bestela, ordezkari legezkoei.

2. Hautesle eta hautagai izanen dira zentroan matrikulaturik dauden eta beraz erroldan dauden ikasleen guraso nahiz legezko ordezkari guztiak. Hauteskunde Batzordeak onartutako hautagaien artean eginen da hautapena. Guraso Elkarteek zilegi izanen dute bakoitzak bere zerrenda aurkeztea.

3. Gurasoen ordezkariak hautatzeko, aurrena mahai bat eratuko da, bozketa zuzendu, bozketaren garbitasuna bermatu eta boto kontaketa egiteko.

4. Hauteskunde mahaiak honako kideak izanen ditu: zentroko zuzendaria, buru arituko baita, eta lau guraso nahiz legezko ordezkari zozketaz izendatuak, gazteena idazkari arituko delarik. Hauteskunde Batzordeak ordezkoak izendatu beharra aurreikusi beharko du, horiek ere zozketaz.

5. Zentroan matrikulatutako ikasleen guraso nahiz legezko ordezkariek zilegi izanen dute bozketaren gainbegirale aritzea. Hartarako, zentroko guraso elkarte batek proposatuak behar dute, edo hamar hautesleren sinadurak abalatuak.

6. Bozketa izanen da zuzena, sekretua eta delegaezina. Hautesle bakoitzak gehienez ere hiru izen idatziko ditu bere boto paperean bete beharreko postuak bost edo lau direnean, bi izen postuak hiru badira eta izen bakar bat ordezkari bi edo bat hautatzeko denean. Hautesleek Nortasun Agiri Nazionalaren edo baliokide den bestelako baten bidez egiaztatu beharko dute beren nortasuna.

7. Ikasleen gurasoek zilegi izanen dute botoa posta bidez ematea. Horretarako, botoa eta Nortasun Agiri Nazionalaren edo egiaztagiri baliokidearen fotokopia barnean daramatzaten gutunak Hauteskunde Batzordera bidali beharko dira kontaketa egin baino lehen.

Hautesleek Hauteskunde Batzordeari eskatuko diote beren eskubidea erabiltzeko behar duten dokumentazio guztia.

8. Hauteskunde Batzordeak gordeko ditu bozketa ixteko seinalatutako ordua baino lehen posta bidez jasotako botoak, eta Hauteskunde Mahaiaren esku utziko ditu aipatu bozketa-itxiera baino pixka bat lehenago. Geroago heltzen diren botoak ez dira kontatuko.

17. artikulua. Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkaritza.

1. Talde honetan hautesle bat baino gehiago baldin badago, administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkaria hautatuko dute zentroan lan horretan aritzen diren langileek, baldin eta zentroarekin edo udalarekin lan harremanaren edota harreman juridiko- administratiboaren bidez loturik badaude. Zentroko administrazio eta zerbitzuetan ari eta aipatu baldintza horiek betetzen dituzten langile guztiak izanen dira hautesle eta hautagai.

2. Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkaria hautatzeko bozketa zuzena, sekretua eta delegaezina izanen da, eta irakasleen hauteskunde mahaiaren aurrean eginen da, aparteko hautestontzi batean. Boto-emaile bakoitzak botopaper batean idatziko du ordezkaritako nahi duen pertsonaren izena.

3. Hautesle bakar bat besterik ez badago, bera izanen da administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkaria Eskola Kontseiluan, beti ere horretarako hautagai gisa aurkezten bada.

18. artikulua. Aktak betetzea eta hautagaiak aldarrikatzea.

1. Hauteskunde egintza bakoitzean, bozketa bukatu eta gero, Mahaiak botoen kontaketa eginen du jendaurrean. Horren ondoren akta bat eginen da, Mahaiko kide guztiek sinatua, eta honakoak jarriko dira bertan: aurkeztu diren hautagaien zerrenda eta bakoitzak atera dituen botoen kopurua; Eskola Kontseiluko kide izateko hautatu diren ordezkarien zerrenda eta horien ordezko izanen direnen zerrenda, horiek lortu dituzten boto kopuruak ere idatzita, gehien lortu duenetik gutxien lortu duenera. Hauteskunde Mahai bakoitzak bere aktak zentroko Hauteskunde Batzordeari igorriko dizkio, hautetsien aldarrikapena egin dezan, eta horren kopia bat Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira bidaliko da.

2. Boto berdinketa gertatzen denean, hautapena zozketa bidez eginen da.

3. Hauteskunde Batzordeak eginen du hautatuak gertatu diren hautagaien aldarrikapena, Mahaiek kontaketa egin eta aktak jaso ondoren. Batzorde horrek hartzen dituen erabakien kontra zilegi izanen da hilabeteko epean helegite arrunta paratzea Nafarroako Gobernuan, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

19. artikulua. Eskola Kontseiluaren eraketa.

1. Aukeratutako hautagaien aldarrikapena egin eta hamar eguneko epean, zuzendariak Eskola Kontseilua eratzeko deia eginen du.

2. Eskola Kontseiluaren eraketa baliozkoa izanen da, zentroko eskola komunitateko sektoreren batek berari lepora dakizkiokeen arrazoiengatik kide anitzeko organo horretan izan behar dituen ordezkariak hautatzen ez baditu ere. Horretarako, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak behar diren neurriak hartuko ditu organo hori era dadin.

20. artikulua. Eskola Kontseiluaren funtzionamendua.

1. Zentroko Eskola Kontseilua gutxienez hiru hilabetetan behin bilduko da eta, beti ere, kontseiluburuak deitu edo gutxienez kideen herenak eskatzen duenean. Nolanahi ere, beharrezkoa izanen da bilkura bat egitea ikasturtearen hasieran eta beste bat bukaeran.

2. Zentroko Eskola Kontseiluaren bilkurak kide guztiak agertu ahal izateko moduko egun eta orduetan eginen dira. Zuzendariak Eskola Kontseiluko kideei deia egitean eguneko gai zerrenda eta eztabaidatu eta, hala badagokio, onetsi beharreko gaiaren gaineko dokumentazioa igorriko dizkie; hori guztia bilkura baino bost egun natural lehenago gutxienez. Horretaz gain, deialdi bereziak egin daitezke, gutxienez berrogeita zortzi orduko tartea utzita, jorratu gogo diren gaiek hala eskatzen badute.

3. Eskola Kontseiluak gehiengo soilez hartuko ditu erabakiak, honakootan izan ezik:

a) Zuzendariaren hautaketa eta aurrekontuaren eta hura gauzatzeko jarraibideen onespena, horrelakoetan kontseilukideen gehiengo absolutuaren aldeko botoa beharko baita.

b) Hezkuntza Proiektuaren eta Barne-araudiaren onespena, eta haien aldaketena, horrelakoetan kontseilukideen bi herenen aldeko botoa beharko baita.

c) Zuzendariaren izendapena atzera botatzeko erabakia, horrelakoetan kontseilukideen bi herenen aldeko botoa beharko baita.

21. artikulua. Eskola Kontseiluko Batzordeak.

1. Eskola Kontseiluan Elkarbizitza batzorde bat eratuko da, Barne-araudian zehazten den moduan. Batzorde horretan egonen dira, gutxienez, zuzendaria, ikasketaburua, irakasle bat eta guraso bat, sektoreetako bakoitzak bereiziko dituenak. Batzordearen eskumenak zehaztuko dira Barne-araudian.

2. Elkarbizitza Batzordeak txostena luzatuko dio Eskola Kontseiluari elkarbizitza arauen aplikazioei buruz. Era berean, Eskola Kontseiluari txostena luzatuko dio, baita ere, bere eskumenen barrenean Kontseiluak eskatzen dion guztiaren gainean.

3. Eskola Kontseiluan, hasiera batez eratzen denean edota berritzen denean, Ekonomi Batzordea eratuko da, bertako kide izanen direlarik zuzendaria, idazkaria, zinegotzia edo udalak Eskola Kontseiluan duen ordezkaria, irakasle bat eta ikasleen guraso bat, azken biak Eskola Kontseiluko kideek hautatuak, bakoitza bere sektorean.

4. Ekonomi Batzordeak Eskola Kontseiluarentzat jorratuko ditu ekonomiaren arloan hark eskatzen dizkion guztiak.

5. Horretaz gainera, Eskola Kontseiluak gai jakinetarako beste batzorde batzuk ere era ditzake, Barne-araudiak esaten duen moduan eta zehazten dituen eskumenekin.

B.-Irakasleen klaustroa.

22. artikulua. Irakasleen klaustroaren izaera eta osaketa.

1. Klaustroa zentroan irakasleek parte hartzeko duten organoa da, eta haren eginkizuna da zentroko irakaskuntza arloko alderdi guztiei buruz plangintza egin, koordinatu, erabakiak hartzea eta, hala behar denean, txosten egitea.

2. Klaustroaren buru zentroko zuzendaria izanen da eta bertan ari diren irakasle guztiek osatuko dute.

23. artikulua. Klaustroaren eskumenak.

Klaustroaren eskumenak hauek dira:

a) Zuzendaritza Taldeari proposamenak igortzea Zentroaren Hezkuntza Proiektua eta Urteko Programazio Orokorra prestatzeko.

b) Etapako Curriculum Proiektuak prestatzeko irizpideak finkatzea, bai eta horiek onestea, ebaluatzea eta etorkizunean egin daitezkeen aldaketak erabakitzea ere.

c) Zentroko Urteko Programazio Orokorraren irakaskuntza arloak onetsi eta ebaluatzea, hezkuntza proiektuaren arabera, eta hari buruzko txostena prestatzea Eskola Kontseiluan aurkeztu baino lehen, eta ikasturte bukaerako Memoriari buruzko txostena prestatzea.

d) Ikasleen ordutegia prestatzeko irizpide pedagogikoak onestea.

e) Ebaluazio saioen plangintza orokorra onestea.

f) Ikasleen orientazio, tutoretza, ebaluazio eta errekuperazioari dagozkien eginkizunak koordinatzea.

g) Irakasleen ordutegia prestatzeko irizpideak onestea.

h) Pedagogi saiakuntza eta ikerketaren arloko ekimenak bultzatzea.

i) Zentroko irakasleen prestakuntza plana egitea, Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak eginiko proposamenean oinarrituta, beti ere zentroaren beharren arabera.

j) Eskola Kontseilurako ordezkariak hautatzea.

k) Zuzendaritzarako hautagai-zerrenden eta hautagaiek aurkeztutako programen berri izatea.

l) Hiru hilabetean behin zentroaren jardun orokorra eta egoera ekonomikoa aztertu eta baloratzea.

m) Zentroko eskola-errendimendua aztertu eta baloratzea ebaluazioetan izandako emaitzen eta bestelako baliabideen bitartez.

n) Zentroak bere inguruneko erakundeekin dituen harremanak ezagutzea.

ñ) Hezkuntzako Administrazioak zentroaz egiten duen ebaluazioa edo haren jardunari buruzko beste edozein txosten aztertu eta baloratzea.

24. artikulua. Klaustroaren funtzionamendua.

1. Klaustroa hiru hilabetean behin bederen bilduko da, eta, beti ere, zuzendariak deitu edo gutxienez kideen herenak eskatzen duenean. Dena dela ere, Klaustroak bilkura bat egin beharko du ikasturtearen hasieran eta beste bat bukaeran.

2. Klaustroko kide guztiek nahitaez joan beharko dute bilkuretara.

III. KAPITULUA

Kide bakarreko gobernu organoak

25. artikulua. Zuzendaritza taldea.

1. Kide bakarreko gobernu organoek osatzen dute zentroko zuzendaritza taldea, eta koordinatuki lan eginen dute beren eginkizunetan.

2. Zuzendaritza taldeak, zentroko zuzendariak zuzendu eta koordinatzen duela, honako egitekoez arduratu beharko du:

a) Zentroak egoki jardun dezan begiratzea.

b) Aztertu eta Klaustroari nahiz Eskola Kontseiluari proposamenak aurkeztea, hezkuntza komunitate osoak koordinatuki aisago eta areago har dezan parte zentroko bizitzan.

c) Zentroko jarduerak eta proiektuak ebaluatzeko prozedurak proposatzea, eta laguntza ematea haren funtzionamenduari buruz kanpotik egiten diren ebaluazioetan.

d) Eskola komunitateari aurreneurriak hartzeko proposatzea, hura osatzen duten talde desberdinen arteko harremanak erraztu eta zentroko elkarbizitza hobetzeko.

e) Behar diren neurriak hartzea Eskola Kontseiluaren eta Klaustroaren erabakiak koordinatuki gauza daitezen, bietako bakoitza dagozkion eskumenen esparruan ari dela.

f) Aurrekontuaren proiektua prestatzeko irizpideak finkatzea.

g) Ikasturte bukaerako Memoria, Urteko Programazio Orokorra eta Zentroaren Hezkuntza Proiekturako proposamena prestatzea.

h) Eskola Kontseiluak dagozkion eskumenen esparruan delegatzen dizkionak.

3. Bederatzi unitate edo gehiago dituzten zentroetako zuzendaritza taldea, zuzendariak, idazkariak eta ikasketaburuak osatuko dute.

4. Sei unitate edo gehiago baina bederatzi baino gutxiago dituzten zentroek zuzendaria eta idazkaria izanen dituzte. Zuzendariak ikasketaburuaren eginkizunak bere gain hartuko ditu.

5. Sei unitate baino gutxiagoko zentroetan, zuzendariak bere gain hartuko ditu ikasketaburu eta idazkariaren eginkizunak.

26. artikulua. Zuzendaria hautatu eta izendatzea.

1. Eskola Kontseiluak hautatuko du zuzendaria eta Hezkuntza eta Kultura Departamentuak izendatuko ikasturtearen azken hiruhilekoan, lau urtetarako. Hautatzeko prozesua, hartarako Foru Aginduak finkatu epeetan eginen da.

2. Zuzendaria hautatzeko, boto zuzena eta sekretua erabiliko da, eta bozketa eginen da Eskola Kontseiluan hartarako deitzen den bilkura berezian.

3. Inor zuzendari hautatzeko, Eskola Kontseiluko kideen gehiengo absolutua beharko da. Lehenbiziko bozketan inork ez badu gehiengo absoluturik lortzen, berriz eginen da bozketa berrogeita zortzi orduko epean. Hautagai bat baino gehiago izan bada, lehenbiziko bozketan botorik gehien eskuratu duena izanen da bigarreneko hautagai bakarra. Dena dela, orduan ere Kontseiluko kideen gehiengo absolutuaren aldeko botoa beharko da.

4. Zentroko zuzendariak Hezkuntza eta Kultura Departamentuari aditzera emanen dio zein hautagaik lortu duen gehiengo absolutua, hark izenda dezan. Izendapena eta karguaz jabetzea, hauteskundeak izan eta hurrengo uztailaren batean sartuko dira indarrean. Zilegi izanen da izendapenaren kontra helegite arrunta jartzea Nafarroako Gobernuan hilabeteko epean.

27. artikulua. Zuzendari izateko hautagaien baldintzak.

1. Zuzendari izateko hautagaiek, irakasleak, karrerako funtzionario edo lan kontratudun finkoak izan beharko dute, jardunekoak, honako baldintzak betetzen dituztenak:

a) Zerbitzuak ematen bost urteko antzinatasun aitortua bederen izatea.

b) Irakasle jardun izatea, bost urtez gutxienez, maila eta araubide bereko irakaskuntzetakoren bat ematen den zentro batean.

c) Zentroan behin betiko destinoa izatea, ikasturte bat lehenagotik bederen.

d) Zuzendaritzan jarduteko kreditazioa izatea, hezkuntza arloko administrazio eskudunak emana.

2. Ezin izanen dira hautagai izan, hautagaitza aurkezten duten zentroan aurreko hiru kargualdietan jarraian zuzendari gisa jardun duten irakasleak, Irakaskuntzako zentroetako partehartze, ebaluazio eta gobernuari buruzko azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoak indarra hartu zuenetik kontatzen hasita.

3. Edozergatik dela irakasleren batek ez baldin badu zentro horretan gelditu behar lanean zuzendari sartu eta hurrengo ikasturtean, horrek ere ez du zilegi izanen hautagai izatea.

4. Haur Hezkuntzako ikastetxe berariazkoetan eta osatu gabe dauden Lehen Hezkuntzako eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan, eta bakarrik artikulu honetako 1. idazatian aipatu baldintzak betetzen dituen irakaslerik ez baldin badago, hautagai izan daitezke artikulu honetako bat zenbakiko a), b) eta c) idazatietan ezarritako baldintzak betetzen dituzten maisu-maistrak.

Artikulu honetako bat zenbakiko a), b) eta c) idazatietan ezarritako baldintzak betetzen dituen irakaslerik ere ez badago, hautagai gisa aurkez daitezke artikulu honetako bat zenbakiko b) eta c) idazatietan ezarritako baldintzak betetzen dituztenak. Era berean, aipatu b) eta c) idazatietan ezarritako baldintzak betetzen dituen irakaslerik ez badago, hautagaitako aurkez daitezke artikulu honetako 1. idazatiko c) baldintza betetzen dutenak. Aipatu baldintzetakoren bat betetzen duen irakaslerik ezbadago zentroan, hautagai gisa aurkez daitezke zentroan behin-betiko destinoa duten guztiak.

28. artikulua. Kandidaturen eta zuzendaritza programen aurkezpena.

1. Hautagaiek beren zuzendaritza programa eta beren lanbide-merezimenduak aurkeztu beharko dizkiote idatziz Eskola Kontseiluari, hautatze eguna baino hamabost egun lehenago gutxienez.

2. Zuzendaritza programak honakook izan beharko ditu:

a) Hautagai-zerrenda osatzen duten kide bakarreko gobernu-organoak betetzeko proposamena.

b) Zuzendaritza eginkizunetan jarduteko kreditatua izatearen egiaztagiria, kreditazioa emateko oinarri izan ziren baldintzak aipatuta.

c) Zentroaren funtzionamenduaren eta haren arazo eta behar garrantzitsuenen azterketa.

d) Agintaldian lortu nahi dituen helburuak.

3. Eskola Kontseiluak baloratuko ditu aurkezten diren zuzendaritza programak eta hautagaien lanbide- merezimenduak.

4. Irakasleen klaustroak informazioa jaso beharko du, aurkezten diren hautagai eta programei buruz.

29. artikulua. Administrazioak zuzendaria hautatzea.

1. Hautagairik ezean, edo daudenek ez badute gehiengo absoluturik lortzen, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak izendatuko du 27. artikuluko bat zenbakiko a), b) eta d) idazatietan ezarritako baldintzak gutxienez betetzen dituen zuzendari bat. Izendatua zentroko irakasle bat izanen da edo, destinoa edozein zentrotan duelarik ere, zuzendaritzan jarduteko aipatu baldintzak betetzen dituen irakasle bat, zerbitzu eginkizunetan. Zuzendariak berak izendatuko ditu zuzendaritza taldeko kide bakarreko kargudunak. Horrela izendatua gertatzen den zuzendariaren agintaldia lau urtekoa izanen da.

2. Haur Hezkuntzako ikastetxe berariazkoetan eta osatu gabe dauden Lehen Hezkuntzako eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan, aipatu baldintzak betetzen dituen irakaslerik izendatzea ezinezkoa bada, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak karrerako funtzionario edo lan-kontratudun finko den edozein irakasle izenda dezake zuzendari. Horrela izendatua gertatzen den zuzendariaren agintaldia lau urtekoa izanen da.

3. Osatu gabe dauden Haur eta Lehen Hezkuntzako zentroetan, karrerako funtzionario edo lan-kontratudun finkorik den irakaslerik ez baldin badago, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak zentroko arduradun bat izendatuko du, ikasturte baterako. Zentroko arduradunak zuzendariari dagokion osagarri ekonomikoa jasoko du eta hari dagozkion eginkizunetan arituko da. Kargu horretako jarduna kontuan hartzen ahalko da merezimendu lehiaketetan.

4. Zentro sortu berrietan eta 27.1 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituen irakaslerik ez daukatenetan, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak zuzendari izendatuko du, hiru urtetarako, 27. artikuluko bat zenbakiko a), b) eta d) idazatietan ezarritako baldintzak betetzen dituen irakasle bat.

30. artikulua. Zuzendariaren eskumenak.

Honako hauek dira zuzendariaren eskumenak:

a) Zentroko jarduera guztiak zuzentzea eta koordinatzea, indarrean diren xedapenekin bat, galarazi gabe zentroko Eskola Kontseiluari eta bere irakasle klaustroari emandako eskumenak.

b) Zentroaren ordezkaritza izan eta zentroan hezkuntza administrazioaren ordezkari ofiziala izatea, galarazi gabe hezkuntza arloko gainerako agintarien eskumenak.

c) Legeak eta indarrean diren beste xedapenak bete eta betearaztea.

d) Zentroari atxikitako langile guztien buru izatea, langilean lantokira joaten diren kontrolatzea, eta begiratzea zentroari atxikitako irakasleekin eta irakasle ez diren gainerako langileekin zerikusia duten barne arauak bete daitezen.

e) Dei egin ekitaldi akademikoetarako eta zentroko organo kolegiatuen bilera guztietarako, bai eta Koordinazio Pedagogikorako Batzordearenetarako ere, eta haietan buru izatea, eta organo kolegiatuen akordioak betetzea, bere eskumenen esparruan, berdinketa kasuetan kalitatezko botoaz baliatuz erabakiko duelarik.

f) Zentroko baliabide materialak kudeatzea.

g) Diru sarrerak administratu, gastuetarako baimena eman zentroko aurrekontuaren arabera, pagamenduak agindu, altzari nahiz ekipamendua erosi, indarrean diren arauek zentroei esleitzen dizkieten eskumenen barruan, dagokien agintariei horien berri emanez, eta ikus-onestea zentroko ziurtagiri eta dokumentu ofizialak.

h) Hautatzea ikasketaburua eta idazkaria, bai eta zuzendaritza taldean kide bakarreko gobernu-organo izan daitekeen beste edozein, eta haien izendapen nahiz kargu- uzteak proposatzea.

i) Hautatzea zikloko koordinatzaileak, tutoreak eta etapako koordinatzaileak, horrelakorik bada, eta kargutik kentzea zikloko eta/edo etapako koordinatzaileak, Erregelamendu honetan finkatzen den prozeduraren arabera.

j) Eskola-komunitateko sektore guztien partehartzea koordinatu eta sustatzea eta nork bere eskumenak egoki burutzeko bideak bilatzea.

k) Zuzendaritza taldeko gainerako kideekin batera, Zentroaren Hezkuntza Proiektuaren eta urteko programazio orokorraren proposamena prestatzea, Eskola Kontseiluak finkatutako jarraibide eta irizpideen arabera eta klaustroak eta ikasleen gurasoen elkarteek proposatutakoarekin bat, eta bai halaber behar bezala bete daitezen begiratzea ere.

l) Barrutiko gainerako hezkuntza zerbitzuekin behar den koordinazioa bideratzea.

m) Hezkuntza arloko agintari eskudunek eskatzen dioten informazioa ematea.

n) Eskola-komunitateko sektore guztiei informazioa ematea zentroko bizitzaz.

ñ) Zentroko jantokiaren kudeaketa gainbegiratzea, uztailaren 24ko 246/1991 Foru Dekretuak eta hura garatzeko jarraibideek agintzen duten moduan. Zerbitzu horrek gaizki funtzionatzen badu, zuzendariak eskua izanen du hori zuzentzeko jarraibideak emateko. Eskola garraioko aferak gainbegiratzea, eta zentroko instalazioak erabiltzeari buruzko erabakiak hartzea.

o) Zentroan elkarbizitza bideratzea, eta begiratzea behar diren zigorrak jartzeko prozedura aplikatzen ote den, indarra duten xedapenetan eta Barne-araudikoetan ezarritakoarekin bat, eta Eskola Kontseiluak finkatutako irizpideak betez.

p) Irakasleei dagozkien ordutegiak behin-behinekoz esleitzea, aurrez ikasketaburuak prestatu duenaren arabera, harik eta Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak behin betiko onetsi arte.

q) Zentroko langileei baimen eta lizentziak ematea, hartarako Hezkuntza eta Kultura Departamentuak finkatzen duen moduan.

r) Obra, zerbitzu eta erosketen kontratazioak egitea, indarra duten xedapenekin bat.

s) Zentroko proiektu eta jarduera guztien ebaluazioa egiten laguntzea eta hezkuntza arloko administrazioari laguntza ematea kanpotik aldizka egiten diren ebaluazioetan.

t) Bidaltzea Hezkuntza eta Kultura Departamentuari Urteko Memoria, zentroko jardueren eta egoera orokorrari buruzkoa.

u) Zentroaren eta haren ingurunearen arteko harremanak sustatu eta bultzatzea.

v) Irakasleen, ikasleen, ikasleen gurasoen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen bilera- eskubidea bermatzea.

31. artikulua. Zuzendariaren kargu-uztea eta ondorioak.

1. Ikastetxeko zuzendariak utzi eginen dio bere eginkizunetan aritzeari, bere agintaldia bukatzean edo kargua uzteko honako arrazoietako bat delarik:

a) Hezkuntza eta Kultura Departamentuak onartutako uko arrazoitua, Eskola Kontseiluaren iritzia entzun ondoren.

b) Hezkuntza eta Kultura Departamentuak erabakitako kargugabetzea edo izendapena atzera botatzea, artikulu honetako 2. eta 3. zenbakietan xedatu moduan.

c) Zentroan zerbitzuak emateari uztea, borondatezko edo nahitaezko lekualdatzeagatik, edo zerbitzu berezietako egoerara edo borondatezko nahiz derrigorrezko eszedentziakora pasatzeagatik, edo bestelako edozein arrazoirengatik.

2. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak administrazio espedientearen bidez zuzendaria kargutik kendu edo aldi baterako kargugabetuko du, haren agintaldia bukatu baino lehen, bere eginkizunetan ez-betetze larria egiten badu, aurrez zentroko Eskola Kontseiluak txosten arrazoitua eginik eta interesatuari entzutea emanik.

3. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak zuzendariaren izendapena atzera botako du, Eskola Kontseiluko kideen bi herenek halako erabakia hartzen badute. Erabaki hori hartzeko, Eskola Kontseiluaren bilkura berezirako presako deia egin beharko da, beti ere kideen heren batek bederen idatziz hala eskatzen badu.

4. Zuzendariak agintaldia bukatu baino lehen kargua uzten badu artikulu honetan aipatu diren arrazoietako edozeinengatik, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, Eskola Kontseilua entzun ondoren, eginkizunetako zuzendari bat bereiziko du, beste zuzendari bat hautatu arte, horretarako egiten den lehenbiziko deialdi arruntean.

5. Zuzendaria behin-behinekoz nahiz behin betiko beste zentro batera lekualdatuz gero, edo jubilatzeko adinerako urtebete baino gutxiago gelditzen bazaio, berriz eginen dira hauteskundeak, egiten den hurrengo lehenbiziko deialdi arruntean. Zuzendariaren kargu uzteak eta hurrengoaren kargu jabetzeak hurrengo uztailaren 1etik aurrera izanen dute indarra.

32. artikulua. Ikasketaburua eta idazkaria bereizi eta izendatzea.

1. Ikasketaburua eta idazkaria irakasleak izanen dira, karrerako funtzionarioak edo muga gabeko lan kontratua dutenak, jardunean direnak eta zentroan behin-betiko destinoa dutenak. Zuzendariak proposatuko ditu, Eskola Kontseiluari jakinarazi eta gero, eta Hezkuntza eta Kultura Departamentuak izendatuko.

2. Ez da zilegi izanen ikasketaburu nahiz idazkari izendatzea Erregelamendu honetako 27.3 artikuluan aurreikusten diren egoeretako batean diren irakasleak.

3. Sortu berriak izateagatik edo beste arrazoiren batengatik, artikulu honetako bat idazatian ezarritako baldintzak betetzen dituen irakaslerik ez duten zentroetan, zuzendariak, salbuespen gisa, zentroan zerbitzua ematen ari baina bertan behin betiko destinoa ez duten irakasleak proposatzen ahal ditu, eta Hezkuntza eta Kultura Departamentuak eginen du haien izendapena, Eskola Kontseiluari entzun ondoren, horrelakorik baldin badago.

4. Ikasketaburuaren eta idazkariaren kargualdiaren iraupena, haiek bereizi dituen zuzendariari dagokion hura bera izanen da, non eta ez dituzten agintaldi hori amaitu aurretik kargugabetzen, Erregelamendu honetako 36. artikuluan aipatutako arrazoiren bat dela medio.

5. Zentroko zuzendariak Hezkuntza eta Kultura Departamentuari igorriko dio ikasketaburu eta idazkari karguetan aritzeko hark bereizi dituen irakasleen aldeko izendapen proposamena. Izendapenak eta kargu jabetzeak indarra hartuko dute hauteskundeak egin eta hurrengo uztailaren 1ean.

33. artikulua. Ikasketaburuaren eskumenak.

Honako hauek dira ikasketaburuaren eskumenak:

a) Irakasleen buru izatea araubide akademikoari dagokion guztian, zuzendariaren eskuordetza erabiliz eta haren agintearen pean.

b) Zuzendaria eri egon edo falta denean, haren ordez aritzea.

c) Hezkuntza Proiektua, Curriculum Proiektua eta Urteko Programazio Orokorra prestatzeko eta berrikusteko lanetan parte hartzea, eta haiek bete daitezen begiratzea.

d) Hezkuntza Proiektuari, Etapako Curriculum Proiektuei eta Urteko Programazio Orokorrari dagozkien ekitaldi akademikoak, orientaziokoak eta osagarriak koordinatzea eta egin daitezen begiratzea.

e) Beste gobernu-organo kide bakarrekoekin batera, ikasle eta irakasleen eskola ordutegia prestatzea, Klaustroak onetsitako irizpideen arabera eta Urteko Programazio Orokorrean den ordutegi orokorrarekin bat, eta zuzendariari aurkeztea, hark behin-behinekoz onetsi ditzan, eta zuzen bete daitezen begiratzea.

f) Zikloko lantaldeen eginkizunak koordinatzea.

g) Tutoreen lana koordinatu eta zuzentzea, bai eta, halakorik bada, zentroko orientatzailearena ere, hezkuntza orientabideko planaren eta tutoretza planaren arabera.

h) Urteko Programazio Orokorrean biltzea zentroko irakasleak prestatzeko Plana, Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak proposatu eta klaustroak egina, eta zentroko jarduerak antolatzea, irakasleak prestatzeko Plana gauzatu ahal izateko moduan.

i) Ekitaldi akademikoak antolatzea.

j) Eskola Kontseiluaren jarraibideei kasu eginez jarduera osagarri eta eskolaz kanpokoen Urteko Programazioa prestatzea, hartan bilduko baitira irakasleen eta gurasoen proposamenak, eta jarduera osagarri eta eskolaz kanpoko horiek bultzatu eta koordinatzea klaustroarekin, guraso elkarteekin eta, hala behar denean, erakundeekin lankidetzan.

k) Eskola Kontseiluak jarduera osagarri eta eskolaz kanpokoetarako esleitzen dituen diru baliabideak nola banatu proposatzea, eta ikasturte bukaerako memoria bat prestatzea egindako jarduera osagarri eta eskolaz kanpokoak ebaluatzeko. Memoria hori, zuzendaritza taldeak Urteko Programazio Orokorra zenbateraino bete den adierazteko egin behar duen memorian sartuko da.

l) Jolasgaraietan eta eskola gabeko beste jardueretan ikasleei eskaini beharreko arreta eta zaintza antolatzea.

m) Ikasleen parte-hartzea zentroko gorabeheretan koordinatu eta bultzatzea.

n) Zuzendariak bere eskumenpeko eremuan esleitzen dion beste edozein eginkizun.

34. artikulua. Idazkariaren eskumenak.

Honako hauek dira idazkariaren eskumenak:

a) Zentroaren araubide administratiboa antolatzea, zuzendariaren jarraibideen arabera.

b) Zentroko gobernu-organo kolegiatuen idazkari aritzea, bilkuren akta egin eta erabakien fede ematea, zuzendariaren oniritziarekin.

c) Zentroko liburu eta artxiboak zaintzea.

d) Agintariek eta interesatuek eskatzen dituzten ziurtagiriak luzatzea.

e) Zentroko inbentario orokorra egin eta eguneratzea.

f) Baliabide ikusentzunezko eta informatikoak eta material didaktikoa zaintzea eta nola erabili antolatzea.

g) Zuzendariak delegaturik eta haren agintepean, zentroko administrazio eta zerbitzuetako langileen buru aritzea.

h) Zentroko aurrekontuaren aurreproiektua prestatzea.

i) Zentroko araubide ekonomikoa antolatzea, zuzendariaren jarraibideen arabera, eta kontabilitatea eramatea.

j) Zentroko mantenimendu materiala zaintzea, alde guztietatik, zuzendariaren jarraibideei kasu eginez.

k) Zuzendaria eri edo kanpoan dagoen bitartean haren ordez aritzea, ikasketabururik ez dagoen zentroetan.

l) Parte hartzea hezkuntza proiektua eta urteko programazio orokorra prestatu eta berrikusteko lanetan, zuzendaritza taldeko gainerako kideekin batera.

m) Zuzendariak bere eskumenpeko eremuan esleitzen dion beste edozein eginkizun.

35. artikulua. Alboko ikasketaburutzak.

Hezkuntza eta Kultura Departamentuak ezartzen dituen alboko ikasketaburutzak, Erregelamendu honetako 5. artikuluan agindutakoari jarraikiz, honako arauetan oinarrituko dira:

1. Alboko ikasketaburuen bereizketa, izendapen eta kargu uztea, Erregelamendu honetako 32. eta 36. artikuluetan ikasketaburuentzat ezarrita dagoen prozedura berberaren arabera eginen dira.

2. Alboko ikasketaburuaren eginkizunak, haren gain ikasketaburuak esleitzen dituenak izanen dira. Alboko ikasketaburuaren gain delega daitezke, haren esku uzten den arlo edo eraikinari dagozkiola, ikasketaburuak bere dituen guztiak.

3. Izendatu ondoren, alboko ikasketaburua zuzendaritza taldeko kide izanen da eta zentroko eskola kontseiluaren bileretara joanen da hizpidea duela baina botorik gabe.

36. artikulua. Ikasketaburuaren eta idazkariaren kargu uztea.

1. Ikasketaburuak eta Idazkariak utzi eginen diote beren eginkizunetan aritzeari, haiek bereizi zituen zuzendariaren agintaldia amaitzen denean, edo gorabehera hauetakoren bat tarte delarik:

a) Arrazoitutako uko egitea, zuzendariak onartua, Eskola Kontseiluari entzutea eman ondoren.

b) Zuzendaritzako kargudun horrek zentroan zerbitzuak emateari uztea, borondatezko edo nahitaezko lekualdatzeagatik, edo zerbitzu berezietako egoerara edo borondatezko nahiz derrigorrezko eszedentziakora pasatzeagatik edo beste edozein arrazoirengatik.

c) Zuzendariaren erabakiagatik, txosten arrazoituaren bidez, Eskola Kontseiluari aurrez jakinarazita.

d) Kide bakarreko gobernu-organo horiek izateko behar den unitate kopurua desagertzen denean.

f) Hezkuntza eta Kultura Departamentuak administrazio espedientearen bidez ikasketaburua eta idazkaria kargutik kendu edo aldi baterako kargugabetuko ditu, beren eginkizunetan ez-betetze larria egiten badute, aurrez zuzendariak txosten arrazoitua eginik, interesatuari entzutea emanik, eta Eskola Kontseiluari entzun ondoren.

2. Ikasketaburua edo idazkaria behin-behinekoz nahiz behin betiko beste zentro batera lekualdatuz gero, haien kargu uztea gertatuko da. Kargu uzteak hurrengo uztailaren 1etik aurrera izanen du indarra.

3. Ikasketaburuak edo idazkariak beren eginkizunetan aritzeari uzten badiote agintaldia amaitu baino lehen artikulu honetan aipatu arrazoiren bat dela medio, zuzendariak beste irakasle bat bereiziko du postu hutsa betetzeko, Erregelamendu honetako 32. artikuluan ezarritakoaren arabera eginen delarik.

37. artikulua. Ordezkapenak zuzendaritza taldean.

1. Zuzendaria eri egon edo falta denean, haren eginkizunez arduratuko da behin-behinekoz ikasketaburua eta, hura ere falta bada, idazkaria. Ez ikasketabururik ez idazkaririk ez bada, ordezkapena bere gain hartuko du zentroan antzinatasunik haundiena duen irakasleak eta, antzinatasun bereko bat baino gehiago badaude, kidegoan antzinakoena dena.

2. Ikasketaburua eta idazkaria eri egon edo falta badira, haien eginkizunez arduratuko da behin-behinekoz zuzendariak bereizten duen irakaslea. Zuzendariak erabaki horren berri eman beharko dio Eskola Kontseiluari.

III. TITULUA

Irakaskuntzako koordinazio organoak

I. KAPITULUA

Koordinazio organoak

38. artikulua. Koordinazio organoak.

1. Haur Hezkuntzako eskola publikoek, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoek eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoek, beti ere bederatzi unitate edo gehiagorekin, honako irakaskuntza organoak izanen dituzte:

a) Tutoreak.

b) Zikloko lantaldeak.

c) Koordinazio Pedagogikorako Batzordea.

2. Bederatzi unitate baino gutxiagoko zentroetan, klaustroak bere gain hartuko ditu Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen eginkizunak. Eginbehar horietarako, eta horietarako soilik, orientatzailea klaustroan integratuko da.

3. Aurreko idazatian ezarritakoa gora-behera, sei unitate baino gutxiagoko zentroek, aho batez hala erabakitzen badute, beraien zentroentzako Koordinazio Pedagogikorako Batzorde bat eratzen ahalko dute, beti ere kontuan hartuz Hezkuntza eta Kultura Departamentuak hurbiltasun geografikoari buruz finkatzen duen irizpidea. Honakook osatuko dute aipatu batzordea:

a) Zentroko zuzendari bat, batzordeburu ariko dena.

b) Ziklo bakoitzeko koordinatzaile bat.

c) Eskola-orientatzaile bat.

4. Zentro guztietan, unitate kopurua gora-behera, maisu edo maistra tutore bat izanen da ikasle talde bakoitzeko.

II. KAPITULUA

Tutoreak

39. artikulua. Tutoretza eta tutoreak izendatzea.

1. Tutoretza eta ikasleak orientatzea irakaskuntzaren egitekoaren atal bat dira.

2. Haur Hezkuntzako eskola publikoetan, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan ikasle taldeek maisu edo maistra tutore bana izanen dute. Tutore hori ikastetxeko zuzendariak izendatuko du, lehentasuna emanez taldeari irakastordu gehien ematen dioten maisu-maistrei. Izendapena ikasketaburuaren proposamenari jarraikiz eginen da, hura arduratuko baita tutoreen koordinazioaz eta horretarako haiekin behar diren bilera guztiak eginen baititu. Ikastetxean ikasketabururik ez egonez gero, zuzendaria izanen da tutoreak izendatuko dituena, aldez aurreko proposamen beharrik gabe.

40. artikulua.

Irakasle tutoreek eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Tutoretzako eta hezkuntza orientabideko plana garatzen laguntzea, ikasketaburua koordinazioan ariko delarik, eta orientatzailearekin elkarlanean aritzea plan horren garapenean.

b) Ikasleei eskolako beren bilakaeraz aholku eman eta orientatzea.

c) Ikasleek zer interes dituzten ezagutu eta haiek beren taldean eta eskolako bizitza osoan sar daitezen laguntzea, eta beraien baitan partaidetza jarrerak suspertzea.

d) Taldeko beste irakasleekin batera koordinatzea irakaskuntzako nahiz helburu osagarriko jardueren programazioa, bai eta ikasleen ikasketa-errendimenduaren eta hezkuntza prozesuaren garapenaren ebaluazioa ere.

e) Lehen Hezkuntzan, ikasleak hurrengo ziklora pasatzeaz erabakia hartzea, kontuan izanik ikasle taldearen irakasle guztien txostenak, eta gurasoei edo legezko ordezkariei entzutea eman ondoren, baldin eta zikloa ez pasatzea erabakitzen bada, beti ere kontuan hartuz Nafarroako Foru Komunitatean Lehen Hezkuntzako curriculuma finkatu zuen martxoaren 16ko 100/1992 Foru Dekretuaren 10. artikuluan eta Lehen Hezkuntzako ebaluazioari buruzko martxoaren 31ko 62/1993 Foru Aginduaren 13. puntuan ezarritakoa.

f) Ikasleek ikaskuntzan dituzten zailtasun usuenei kasu egin eta hezkuntzako behar berariazkoei ere aurrea hartzea, era horretan curriculumean beharrezkoa datekeen egokitzapen pertsonala egiteko.

g) Ikasleen arazo eta kezkak bideratzea.

h) Ikasleei kasu egin eta haiek zaintzea jolasgaraietan eta programazio didaktikoan (edo bestela gelako programazioan) ikastorduz kanpokotzat hartutako beste jardueretan, gainerako irakasleekin batera eta ikasketaburuaren edo, bestela, zuzendariaren oharrei jarraikiz.

i) Beren kargura dituzten ikasle guztien eskola agiriak betetzea.

j) Taldeko gainerako irakasleekin batera behar diren jarduketak koordinatzea, programazioa eta irakaslana Curriculum Proiektuarekin eta ikastetxeko Urteko Programazio Orokorrarekin bat etor daitezen bermatzeko.

k) Orientatzailearekin eta laguntzako irakasleekin batera koordinatzea, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzako curriculum egokitzapenak eta hezkuntza arloko esku hartzea.

l) Taldeko guraso, irakasle eta ikasleei irakaslanarekin eta ikasketa errendimenduekin zerikusia duen eta haiek jakin behar duten guztiaren berri ematea, eta familiei jakinaraztea ikasleek egiten dituzten asistentzia hutsegiteak, bai eta familiakoekin komeni diren bilerak egitea ere.

m) Maisu-maistren eta ikasleen gurasoen arteko hezkuntza-lankidetza erraztea.

III. KAPITULUA

Zikloko lantaldeak

41. artikulua. Osaketa eta eginkizunak.

1. Zikloko lantaldeak ziklo bakoitzean irakasten duten irakasle guztiek osatuko dituzte, hezkuntza zikloari dagozkion irakaspenak antolatu eta garatzeko, ikasketaburuak gainbegiratuta.

2. Zikloko lantaldeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Zuzendaritza Taldeari eta Klaustroari proposamenak egitea Hezkuntza Proiektua eta urteko programazio orokorra prestatzeko.

b) Koordinazio Pedagogikorako Batzordeari proposamenak egitea etapako Curriculum Proiektuak prestatu eta eguneratzeko, eta irakasleek egin behar dituzten ikasgelako Programazioen prestakuntzarako jarraibide nagusiak adieraztea.

c) Irakaskuntza jarduerak, jarduera osagarriak eta eskolaz kanpoko jarduerak batera antolatu eta garatzea, Curriculum Proiektuaren barruan.

d) Tutoreari laguntzea ikasleen ebaluazio eta promozioari buruzko erabakietan, Zikloaren amaieran.

e) Eguneratutako metodologia didaktikoen erabilera bultzatzea.

42. artikulua. Zikloko koordinatzailearen izendapena.

1. Zikloko lantalde bakoitza koordinatzaile baten zuzendaritzapean arituko da. Koordinatzaile hori zentroko zuzendariak izendatuko du ikasturte bakoitzerako, Zikloko lantaldeak proposatuta.

2. Zikloko koordinatzaileek irakasle beharko dute izan, dagokien zikloan irakaslanetan ari direnak eta, ahal bada, behin betiko destinoa zentroan izan eta ordutegi osoa bertan emanen dutenak.

3. Zikloko koordinatzaileek beren eginkizunak utzi eginen dituzte agintaldia amaitzean, edo zuzendariak Zikloko lantaldearen proposamen arrazoitua jaso eta kargutik kentzea erabakiz gero, interesatuari entzutea eman ondoren.

43. artikulua. Zikloko koordinatzailearen eginkizunak.

Honako hauek daude Zikloko koordinatzailearen esku:

a) Zikloko arduradun gisa parte hartzea etapako Curriculum Proiektua prestatzen eta eguneratzen, bai eta zuzendari taldearentzat eta klaustroarentzat proposamenak zehazten, hezkuntza proiektua eta urteko programazio orokorra prestatzeko.

b) Zikloko lantaldeak Koordinazio Pedagogikorako Batzordeari egin beharreko proposamenen prestaketa lanak zuzendu eta koordinatzea. Proposamen horien helburua izanen da Batzordeak Curriculum Proiektua prestatu edo eguneratzea.

c) Ziklo bakoitzeko irakaskuntza koordinatzea, zentroko Urteko Programazio Orokorrarekin eta Curriculum Proiektuarekin bat.

d) Ikasketaburuak bere eskumenen esparruan esleitzen dizkion gainerako eginkizunak, batez ere hezkuntza indartzeari, curriculumaren egokitzapenari eta jarduera osagarriei dagozkienak.

IV. KAPITULUA

Koordinazio pedagogikorako batzordea

44. artikulua. Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen osaketa eta eskumenak.

1. Haur Hezkuntzako eskola publikoek, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoek eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoek, beti ere bederatzi unitate edo gehiagorekin, Koordinazio Pedagogikorako Batzordea izanen dute, honela eratuko dena:

-Zuzendaria, batzordeburu izanen dena.

-Ikasketaburua eta alboko ikasketaburua, hala denean.

-Zikloko koordinatzaileak.

-Ikastetxeko orientatzailea.

-Hezkuntza Berezirako laguntzako irakasle bat.

Zuzendariak idazkari bat izendatuko du Koordinazio Pedagogikorako batzordekideen artean.

2. Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak honako eskumenok izanen ditu:

a) Klaustroak aurkeztutako irizpideetatik abiaturik, etapako curriculum proiektuak egiteko jarraibide nagusiak ezartzea.

b) Etapako Curriculum Proiektuaren prestaketa zuzendu eta koordinatzea, bai eta aldaketak ere, halakorik izanez gero.

c) Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua, etapako curriculum proiektuak eta Urteko Programazio Orokorra bat datozela ziurtatzea.

d) Klaustroari curriculum proiektuak edo lehendik ezarritakoen aldaketak proposatzea, ebaluatu eta onar ditzan.

e) Etapako curriculum proiektuak eta haien ebaluazioa zentroko irakaskuntza praktikan betetzen diren zaintzea.

f) Klaustroari proposatzea ebaluazio eta kalifikazio bilkuren plangintza orokorra, ikasketaburuaren edo, bestela, zuzendariaren jarraibideekin ados.

g) Tutoretza planerako eta hezkuntza-orientabidearen antolamendurako proposamena prestatzea, etapako Curriculum Proiektuan sartzeko.

h) Ikasleen hezkuntza orientabidea koordinatzea, bereziki ziklo edo etapa aldaketei dagokienez, eta tutoretza plana eta hezkuntza-orientabideko plana garatzen laguntzea, etapako curriculum proiektuetan ezarritakoarekin bat.

i) Curriculumetan hezkuntzako behar bereziak dituzten ikasleentzako egokitzapenak egin ahal izateko, aurreikusirik dauden irizpide eta prozeduren proposamena prestatzea, ondoren etapako curriculum proiektuetan sartzeko.

j) Ikastetxeko irakasleen Prestakuntzarako Plana egiteko proposamena Klaustroari igortzea.

k) Ikasturte amaieran, Eskola Kontseiluari Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen funtzionamenduari buruzko txosten bat igortzea, ikasturteko azken Memorian sartuko dena.

l) Zentroko jarduera eta proiektu guztien ebaluazioa sustatzea, gobernu organoen edo Administrazioaren ekimenez egiten diren ebaluazioetan laguntzea eta hobekuntza planak bultzatzea, ebaluazio horien ondorioz horrelakorik egitea beharrezkotzat jotzen bada.

3. Hezkuntza maila horietako zentroetako Koordinazio Pedagogikorako Batzordean, arreta berezia behar duten sektoreei kasu egiteko azpibatzorde batzuk eratzen ahal dira.

IV. TITULUA

Zentroen autonomia

I. KAPITULUA

Autonomia pedagogikoa

45. artikulua. Zentroen autonomia pedagogikoa.

Zentroek autonomia izanen dute antolamendu eta pedagogi kudeaketan, beren eredua taxutzeko. Eredu hori zehaztu eginen da, kasu bakoitzean, hezkuntza eta curriculum proiektuetan eta barne-araudietan.

46. artikulua. Hezkuntza proiektua.

1. Hezkuntza proiektua zentroaren plangintza instituzionala egiteko lanabesa da, hezkuntza- komunitateak adostutako hezkuntza-asmoak gauzatzen dituena, eta zentroko jarduerak, oro har, ildoan sartu eta orientatzeko balio du. Zuzendaritza taldea arduratzen da haren prestakuntzaz eta Eskola Kontseiluak ebaluatu eta onetsi behar du.

2. Zentroek prestatuko dute hezkuntza proiektua kontuan hartuz zentroaren testuinguru sozioekonomiko eta kulturala, ikasleen hezkuntza-premia berariazkoak, Eskola Kontseiluak ezarritako jarraibideak, Klaustroak egindako proposamenak eta gurasoen elkarteen ekarpenak. Honako alderdi hauek hartuko ditu:

a) Zentroaren ezaugarriak.

b) Eskola komunitateak ezarritako hezkuntza helburuak eta zentroak lehenesten dituen hezkuntza baloreak.

c) Zentroak dituen oinarrizko printzipio eta irizpideak, hezkuntzako eskuhartzeari, orientazioari eta ebaluazioari dagokienez.

d) Zentroaren antolaketaren egitura, oinarrituko dena eskola-komunitatearen sektore desberdinen parte-hartze eta lankidetza printzipioan, eta bideratuko dena helburuak lortu eta printzipioak betetzera, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoko 1. eta 2. artikuluetan, hurrenez hurren, ezarritakoaren arabera.

e) Barne-araudia.

f) Udalerriko gizarte eta hezkuntza zerbitzuekin eta bestelako erakundeekin izan behar den koordinazioari buruzko erabakiak, ezarritako helburuak hobeki betetzeko.

g) Ikasleak, hizpidea bai baina botorik ez dutela, zentroko Eskola Kontseiluan zein baldintzatan egon daitezkeen ordezkaturik.

3. Zentroek jendaurrera aterako dute beren hezkuntza proiektua, bai eta zentroari buruzko informazioa errazteko edota ikasleak nahiz gurasoak orientatzeko bestelako gainerakoak ere, era horretan lagunduko baitute hezkuntza komunitate osoak are gehiago esku har dezan.

47. artikulua. Etapako Curriculum Proiektua.

1. Etapako Curriculum Proiektua erabaki multzo bat balitz bezala hartzen da, curriculumaren elementu ezberdinen gainean. Haren helburua izanen da ikaslearen prestakuntza integralari erantzuna ematea, beti ere zentroaren errealitatea kontuan harturik, eta etapako irakasleen jarduketa guztien koherentzia ziurtatzea.

2. Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak koordinatuko du zentroan ematen diren hezkuntza etapetako bakoitzerako Curriculum Proiektuaren prestakuntza, kontuan hartuz curriculum ofiziala, Hezkuntza Proiektua, Klaustroak ezarritako irizpideak eta Zikloko lantaldeek eginiko proposamenak, eta haren erredakzioaz arduratuko da. Prestakuntza prozesu horretan, halaber, Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak etapako irakasleen parte hartzea bultzatuko du.

3. Etapako Curriculum Proiektuak eta urteko aldaketak irakasleen Klaustroak ebaluatu eta onetsiko ditu.

4. Etapako Curriculum Proiektuek, kontuan hartuz curriculumean eragina duten Hezkuntza Proiektuko jarraibideak, honako hauek bilduko dituzte:

4.1. Curriculum koordinazioari buruzko erabaki eta neurri hauek:

a) Haur eta Lehen Hezkuntzako helburu orokorrak ikasleen ezaugarriei eta zentroaren testuinguru sozioekonomiko eta kulturalari egokitzea, xede hori behar bezala erdiesteko hartu beharreko neurriak aipatuz.

b) Arlo ezberdinetako ebaluazio irizpide, helburu eta edukien banaketa.

c) Metodologia didaktikoaren gaineko erabaki orokorrak, bai eta ikasleak bateratzeko eta jarduerak espazioan eta denboran antolatzeko irizpideak.

d) Ikasleak ebaluatu eta mailaz pasatzeko prozesuari buruzko irizpideak.

e) Lehen Hezkuntzako curriculumari, arlo eta jarduera didaktikoen bitartez, zehar-gaiak eransteko orientabideak.

f) Aniztasunari kasu berezia egiteko neurriak eta, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei dagokienez, komeni diren curriculum egokitzapenak egiteko irizpideak ere bai.

g) Erabiliko diren curriculum-materialak eta baliabide didaktikoak.

h) Irakasleen irakaslana eta irakaskuntza prozesuak, bai eta Curriculum Proiektua bera ere, ebaluatzeko eta, hala behar denean, berrikusteko irizpideak.

2. Hezkuntza orientabideko plana eta tutoretza plana.

48. artikulua. Ikasgelaren programazioak.

Curriculum Proiektua itxuratzen duten erabakiak gelako programazioetan garatu behar dira, ikasle talde bakoitzari egokiturik. Lan hori egiteko gogoan hartu beharko dira ondoko alderdi hauek:

a) Gelako programazioek zikloan barrena banatutako helburu eta edukien sekuentziari erantzun beharko diote eta sekuentzia progresibo batean koordinaturiko unitate didaktiko multzo batean gauzatuko dira. Gelako programazio hauek Curriculum Proiektuaren zehaztasun maila haundiagoa eskatzen dute. Ikaskuntza adierazgarriak ziurtatu eta ziklo bakoitzeko irakasle taldearen jarduketen koherentziari eutsi behar diote. Gelako programazio horiek, nolanahi ere, curriculum egokitzapenak jaso behar dituzte.

b) Ikasle taldeaz arduratzen diren irakasleen esku dago gelako Programazioak egitea, gogoan hartuz Zikloko lantaldeek horretarako ematen dituzten ildo nagusiak eta, beti ere, Curriculum Proiektuaren esparruan hartutako erabakiekin bat etorriz.

c) Irakasleek gelako Programazioen garapena ebaluatu beharko dute ikasleei egokitzen zaiela ziurtatzeko, eta ondorio arrazoituak ikasturtearen amaierako Memorian jasoko dira.

d) Gelako Programazioak Zuzendaritza Taldearen eskura egonen dira.

49. artikulua. Urteko Programazio Orokorra.

1. Urteko Programazio Orokorra ikastetxearen plangintza eta antolamendurako oinarrizko lanabesa da. Urtero zentroak Hezkuntza Proiektuaren eta Curriculum Proiektuaren gauzatze bezala prestatzen duen antolamendu eta curriculumaren proposamena jaso behar du, horren bidez bermatzeko hezkuntza jarduera guztien garapen koordinatua, gobernu organo ezberdinek dituzten eskumenen erabilpen egokia eta eskola-komunitateko sektore guztien partaidetza.

2. Urteko Programazio Orokorrak alderdi hauek bilduko ditu:

a) Zentroko ordutegi orokorra eta hori prestatzeko erabili diren irizpide pedagogikoak, horretarako kontuan hartuko direlarik zentroko espazioen eta baliabide materialen optimizazioa eta probetxamendua.

b) Zentroaren Hezkuntza Proiektua edo lehendik zegoen hartan eginiko aldaketak.

c) Etapako Curriculum Proiektuak edo lehendik zeuden haietan eginiko aldaketak.

d) Zentroko irakasleeen Prestakuntza Plana.

e) Jarduera osagarrien, eskolaz kanpokoen eta zerbitzu osagarrien urteko programazioa.

f) Memoria administratiboa, besteren artean zentroaren antolaketa-agiria izanen duena.

3. Ikastetxeko Zuzendaritza Taldeari dagokio Urteko Programazio Orokorra prestatzea, eta kontuan hartuko ditu Klaustroaren eta Eskola Kontseiluaren eztabaidak eta erabakiak.

4. Irakasle Klaustroak Urteko Programazio Orokorraren gaineko txostena eginen du, bere eskumenaren eremuan, eta igorriko dio zentroko Eskola Kontseiluari, zeinek, dena dela ere, Klaustroari dagozkion irakaskuntza alderdiak errespetatuko baititu.

5. Behin onetsi ondoren, Programazioaren ale bat Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura igorriko da, eta horrek egiaztatuko du ea Urteko Programazio Orokorra indarra duen araudiari egokitzen zaion eta, hala behar izanez gero, zein aldaketa egin behar den adieraziko du. Beste ale bat zentroko Idazkaritzan geldituko da, irakasleen eta Eskola Kontseiluko kideen eta ikasleen gurasoen elkarte legez eratutakoen eskura. Urteko Programazio Orokorra nahitanahiez bete beharko dute zentroko kide guztiek.

Ikasturtea amaitzean, Eskola Kontseiluak eta Zuzendaritza Taldeak Urteko Programazio Orokorra nola bete den ebaluatuko dute. Ondorio adierazgarrienak ikasturtearen Amaierako Memorian bilduko dira, eta gero Memoria hori Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura igorriko da.

II. KAPITULUA

Zentroen kudeaketarako autonomia

50. artikulua. Zentroen kudeaketa ekonomikoa.

1. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasketak dohainik izanen dira zentro publikoetan. Ez dute, beraz, tasa akademikoak ordaindu beharrik izanen. Hala ere, zentroek zilegi izanen dute borondatezko diru ekarpenak jasotzea, indarra duten legeetan ezarritakoaren arabera.

2. Haur Hezkuntzako eskola publikoek, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoek eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoek autonomia izanen dute beren kudeaketa ekonomikoan, beti ere, Administrazio publikoek arlo horretan ezartzen dituzten aurrekontu- asignazioen barruan.

3. Zentroen kudeaketa ekonomikoak ondoko xedapenak izanen ditu araubide: uztailaren 6ko 250/1992 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko irakaskuntza ez- unibertsitarioko zentro publikoen jardunean sortu dirusarrera eta gastuen erregimena arautzen duena; urriaren 15eko 449/1992 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitateko irakaskuntza ez-unibertsitarioko zentro publikoen jardunean sortu dirusarrera eta gastuen erregimena arautzen duena, eta horiekin bat datozenak.

4. Gobernu organoek ondasunak eskuratzen ahal dituzte, bai eta obrak, zerbitzuak eta hornidurak kontratatu ere, publizitaterik gabe negoziatutako kontratazio txikiko prozeduren bitartez, kontratazio mota hauetarako indarra duen arautegian ezarritako mugen barrenean.

Obren kontratazioetarako eta altzari nahiz ekipo erosketetarako beharrezkoa izanen da aldez aurretik Hezkuntzako Zuzendaritza Nagusiak baimena ematea, uztailaren 6ko 250/1992 Foru Dekretuan eta harekin bat datozenetan xedatutakoaren arabera.

Zentroek igorri beharko dituzte kontratu proposamena eta egindako kontsultak kreditatzen dituen dokumentazioa Hezkuntza eta Kultura Departamentura. Dokumentazio hori aipatu Erregistroan jaso eta 10 egun igarotzen badira ebazpen espresurik eman gabe, kontratazioa baimendu dela ulertuko da.

Zentroek fondoak erabili ahal izateko hirugarrenen alde, tartean kontraturik izan gabe, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren aldez aurreko baimena beharko da.

V. TITULUA

Zentroen kalitatea eta ebaluazioa

51. artikulua. Zentroen ebaluazioaren zertarakoa.

1. Zentroen ebaluazioa, bertako irakaskuntzaren eta, oro har, hezkuntza sistemaren kalitatearen hobekuntza lortzeko era bat da.

2. Ebaluazioa ikuspegi formatibotik eginen da, barruko ikuspegia osatuko delarik zentroaz kanpoko ikuspegiarekin.

3. Zentroen ebaluaziorako kontuan hartuko dira testuinguru sozioekonomiko eta kulturala eta baliabide erabilgarriak.

52. artikulua. Zentroen barruko ebaluazioa.

1. Zentroek ebaluatuko dituzte hezkuntza proiektuak eta curriculumekoak, bai eta haiek nola gauzatzen diren ere, azpimarratuko direlarik etengabeko ebaluazioa izanen duten alderdiak eta aurreikusiz gerorako zenbait prozedura, ebaluazioaren emaitzak oinarri izanik ebaluatutako alderdietan hobekuntzak sartzeko aukera emanen dutenak.

2. Barruko ebaluazioaren plangintzan erantzukizunak eta eginkizunak ezarriko dira, honako irizpideon arabera:

a) Eskola Kontseiluak ebaluatuko ditu, ezartzen diren denbora-urratsen arabera, baina edozein kasutan nahitaez ikasturte bakoitzaren amaieran, Hezkuntza Proiektua, Urteko Programazio Orokorra, eskola-jarduera osagarriak eta, oro har, zentroko baliabideen kudeaketa eta funtzionamendua, beti ere errespetatuz irakaskuntza arloko alderdiak, irakasleen klaustroari dagozkionak.

Horretarako, gobernuko eta irakaslanaren koordinazioko organoen txostenak har ditzake.

b) Irakasleen klaustroak eta Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak ikasturtearen amaieran ebaluatuko dituzte zentroan ematen den etapa bakoitzeko Curriculum Proiektua, eta Hezkuntza Proiektuan nahiz Urteko Programazio Orokorrean sartutako irakaslanari dagozkionak.

c) Zentroek batzorde berariazkoak sortzen ahal dituzte organo hauen barrenean, beren jarduerako zenbait alderdi ebaluatzeko.

3. Egiteko hauetarako, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak bultzatuko du zuzendaritza taldeen eta oro har irakasleen formazioa, eta prestatuko ditu ereduak, adierazleak eta tresnak, barruko ebaluazioa eta zentroen kalitatearen hobekuntza errazteko.

53. artikulua. Zentroen kanpoko ebaluazioa.

1. Zentroetako hezkuntza eta haien baliabideen kudeaketa hobetu nahian, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak barreneko ebaluazioa osatzeko ebaluazio planak ezarriko ditu.

2. Zerbitzuen Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak eginen du zentroen kanpoko ebaluazioa, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak ezarritako plan eta irizpideekin bat.

3. Zentroen ebaluaziorako kontuan hartu beharko dira aurreko ebaluazioetatik ateratako ondorioak, barneko ebaluazioaren emaitzak eta testuinguru sozioekonomikoa eta dauzkan baliabideak. Ebaluazioa hezkuntza prozesuen eta lortutako emaitzen gainean eginen da, bai antolaketa, kudeaketa eta funtzionamenduari dagozkionetan, bai irakaskuntza eta ikaskuntza jarduerei buruzkoetan.

4. Kanpoko ebaluazioaren emaitza berariazkoak Eskola Kontseiluari eta zentro bakoitzeko irakasleen klaustroari jakinaraziko zaizkie. Zentroen ebaluazioaren emaitzetatik ateratzen diren ondorio orokorrak jendaurrera aterako dira.

5. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak hainbat plan prestatuko ditu, langile irakasleen egoera ebaluatzeko.

Ebaluazio horretan, zentroetako kide bakarreko gobernu-organoak zein kolegiatuak Zerbitzuen Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuarekin elkarlanean arituko dira berariaz zehazten diren egitekoetan. Era berean, hezkuntza komunitateko sektore guztiek ere lagun dezakete. Nolanahi dela ere, ebaluazio honetan irakasleen parte hartzea bermatuko da.

VI. TITULUA

Ikasleen gurasoen elkarteen partaidetza

54. artikulua. Ikasleen gurasoen elkarteak.

1. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, Irakaskuntzako zentroetako partehartze, ebaluazio eta gobernuari buruzko azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoak bere 19. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, bultzatu eginen du hezkuntza-komunitatearen sektore guztiek zentroetako jardunean parte hartzearen printzipioa.

2. Ikasleen gurasoek Eskola Kontseiluan dagokien ordezkaritzaren bidez hartuko dute parte, Erregelamendu honetako 9. artikuluan ezarri bezala, bai eta ikasleen Guraso Elkarteen bitartez ere.

3. Haur Hezkuntzako eskola publikoetan, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan ikasleen Guraso Elkarteak egon daitezke, Hezkuntzarako Eskubidea Arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 5. artikuluan eta uztailaren 11ko 1533/1986 Errege Dekretuan arautzen den bezala.

4. Ikasleen Guraso Elkarteei honako eskumen eta eginkizunak aitortzen zaizkie:

a) Eskola Kontseiluari Hezkuntza Proiektua, Urteko Programazio Orokorra eta Barne-araudia prestatu eta aldatzeko proposamenak aurkeztea, beti ere Klaustroari dagozkion irakaskuntza nahiz pedagogi arloko alderdiak errespetatuz.

b) Proposamenak egitea jarduera osagarri eta eskolaz kanpokoetarako, eta jarduera horiek, onarpena jaso eta gero, urteko programazio orokorrean sartu beharko dira.

c) Eskola Kontseiluari Zentroaren jardunaren berri ematea.

d) Txostenak prestatzea Eskola Kontseiluarentzat, bere ekimenez edo Kontseiluaren eskariz.

e) Ordezkaririk gehien atera duten ikasleen guraso elkarteen kasuan, Eskola Kontseiluko kide izateko ordezkariak bereiztea, Erregelamendu honetan ezarri moduan.

f) Zentroko instalazioak erabiltzea, indarra duen araudiak ezarritako baldintzetan.

g) Hezkuntza Proiektuaren eta izan daitezkeen aldaketen ale bat jasotzea.

h) Eskola Kontseiluaren informazioa jasotzea, Kontseiluan bertan jorratutako gaiei buruz, eta eguneko gaien zerrenda ere bai, bilkura egin baino lehen, proposamenak prestatzeko aukera izan dezaten.

i) Ikastetxeak hautaturiko testuliburu eta material didaktikoei buruzko informazioa jasotzea.

j) Ikasketen emaitzak eta horiei buruz Eskola Kontseiluak egiten duen balorazioa ezagutzea.

k) Gurasoei beren jardunaren berri ematea.

l) Gurasoen eta zentroko irakasleen arteko elkarlana suspertzea, zentroak ongi funtziona dezan.

VII. TITULUA

Irakaskuntzen erregimen berezia

55. artikulua. Irakaskuntzen erregimena.

1. Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Legearen 41. artikuluan xedatutakoaren arabera, zehazten diren Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan erregimen orokorreko irakaskuntzak batera daitezke erregimen bereziko irakaskuntza batzuekin, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak bere garaian ezartzen dituen baldintzetan.

2. Zehazten diren Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan zilegi izanen da curriculumaren zati bat aurrez hautatu den atzerriko hizkuntzan ematea, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak bere garaian ezartzen dituen baldintzetan.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.-Hezkuntza eta Kultura Departamentuak arautuko ditu ikasleentzako egoitzen eta Hezkuntza Bereziko ikastetxe berariazkoen antolamendu, funtzionamendu eta kudeaketa.

Bigarrena.-1. Martxoaren 13ko 150/1996 Foru Dekretuaren bidez (1996-4-8ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa) sortutako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuek batera funtzionatuko dute Haur Hezkuntzako edo Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoarekin, biak eskola-gune berean badaude. Beraz, gobernu-organo komunak izanen dituzte, bai kide bakarrekoak bai kide anitzekoak, Erregelamendu honetan seinalatzen direnak, beti ere denetara dituzten unitateen kopuruaren arabera.

2. Zentro horietan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen ordezkari batek parte hartuko du Eskola Kontseiluan, hizpidea eta botoa dituela, zentroko zuzendaria hautatu edo kargugabetzeko bozketa egiten denean izan ezik, baldin eta ikaslea Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Lehen Zikloko ikaslea bada.

Kasu horretan, gurasoen ordezkaritzak, Erregelamendu honetako 9. artikuluan zehazten den bezala, unitate bat galduko du, 9. artikulu horretako 4. puntuan aipatzen den kasuan izan ezik. Ikasleen ordezkaria hautatuko da zentroko hezkuntza proiektuan horretarako ezarri prozeduraren arabera.

Zentro hauetako Eskola Kontseiluan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen ordezkaria bi urtetik behin berrituko da.

Xedapen honek aipatzen dituen zentroetan, Eskola Kontseiluko gurasoen ordezkari hautetsiak berritzeko, Erregelamendu honetan ezarritakoari segituko zaio, unitate bat gutxiago izanen delarik Erregelamendu honetako 10. artikuluko 2. idazatiko lehenbiziko erdian ageri den gurasoen sektorean berritu beharreko postuen kopurua.

3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapari dagozkion antolaketa eta koordinazioa, Erregelamendu honetako Lehen Xedapen Iragankorrean ezarritakoari segituz eginen dira, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gaiak ematen dituzten irakasleek etapako taldea eratuko dute, zikloko lantaldea osatu ordez, haien koordinatzailea, zuzendariak bereiziko duena, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ari eta zentroan behin betiko destinoa duen irakasle bat izanen delarik.

4. Zentroaren antolamenduak hala eskatzen badu, arlo jakin bateko irakastorduen kopurua nahikoa ez bada, ikasleen hezkuntza-premiei erantzuteko asmoz, ezagupen- esparru beraren barrenean curriculum arlo bat baino gehiago hartzen dituzten lanpostuak zehaz daitezke (zientifiko-teknologikoa, linguistiko-soziala).

5. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ari diren ikasleen ebaluazioa, abenduaren 26ko 515/1994 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera eginen da, agindu hori Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ari diren ikasleen ebaluazioari eta kalifikazioari buruzkoa baita.

Hirugarrena.-Aurreko Xedapen Gehigarrian edo Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamenduko Hirugarren Xedapen Gehigarrian ezarritakoa galarazi gabe, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak erabakiko du, kasu bakoitzean, Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuei dagokienez, haietako bakoitzari kide bakarreko gobernu organoak berritzea tokatzen zaion ikasturtean, arautu behar ote diren Erregelamendu honetako Bigarren Xedapen Gehigarrian ezarritakoaren arabera edota Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamenduko Hirugarren Xedapen Gehigarrian xedatutakoari segituz.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa.-1. Behin-behinekoz eta iragankorki Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Lehen Zikloa ematen duten Lehen Hezkuntzako eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoek, Erregelamendu honetan xedatutakoaren arabera jardungo dute, Xedapen honetako 6. puntuak aipatzen dituen koordinazio didaktikoaren alderdietan izan ezik, eta Bigarren Hezkuntzako Institutu bati atxikirik egonen dira.

2. Hezkuntza ziklo honetako irakasleak, ikasleak eta ikasleen gurasoak Lehen Hezkuntzako edo Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoan integratuko dira eta horien gobernu organoen eta irakaskuntzaren koordinaziokoen partaide izanen dira, eta hezkuntza komunitate horren kide diren aldetik aplika dakizkiekeen eskubide eta betebehar guztiak bereganatuko dituzte.

3. Aipatu hezkuntza ziklo horretako ikasleen ordezkari bat Eskola Kontseiluko kide izanen da, hizpidea eta botoa dituela, zuzendaria hautatu edo kargugabetzeko bozketa egiten denean izan ezik.

Kasu horretan, gurasoen ordezkaritzak, Erregelamendu honetako 9. artikuluan ageri den bezala, unitate bat galduko du, 9. artikulu horretako 4. puntuan aipatu kasuan izan ezik.

Ikasleen ordezkaria hautatuko da zentroko hezkuntza proiektuan horretarako ezarri prozeduraren arabera. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko ikasleen ordezkaria bi urtetik behin berrituko da.

Xedapen honek aipatzen dituen ikastetxeetan, Eskola Kontseiluko gurasoen ordezkari hautetsiak berritzeko, Erregelamendu honetako 10. artikuluko 2. idazatian ezarritakoari segituko zaio, unitate bat gutxiago izanen delarik aipatu 10. artikuluko 2. idazatiko lehenbiziko erdian ageri den gurasoen sektorean berritu beharreko postuen kopurua.

4. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Lehen Zikloko irakaskuntzak ematen dituzten irakasleek Zikloko lantaldea osatuko dute.

Zikloko lantalde horrek eginkizun hauek izanen ditu:

a) Proposamenak aurkeztea Zuzendaritza Taldeari, Klaustroari eta Lehen Hezkuntzako edo Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoko Koordinazio Pedagogikorako Batzordeari, alegia, Hezkuntza Proiektuaren, Urteko Programazio Orokorraren eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapako Curriculum Proiektuaren prestaketari buruzkoak.

b) Irakaskuntzako jarduerak batera antolatu eta garatzea, beti ere esparrutzat hartuz Curriculum Proiektua eta departamentuek prestatzen dituzten programazio didaktikoak, alegia ikastetxe publikoak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zein Institututan dauden atxikiak, haietako departamentuenak.

c) Ikasketaburuarekin elkarlanean aritzea jarduera osagarri eta eskolaz kanpokoak egiten, jarduera horiek Zikloko lantaldeak berak proposatu eta ikastetxe publikoko Urteko Programazio Orokorrean biltzen direnak izanen direlarik.

5. Zikloko koordinazioak ezaugarri hauek izanen ditu:

a) Zikloko lantaldeko buru arituko da koordinatzaile bat, Zikloko lantaldeak proposatu eta zentroko zuzendariak ikasturte bakoitzerako izendatuko duena.

b) Zikloko lantaldeko koordinatzailea maisu edo maistra bat izanen da, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Lehen Zikloan aritu eta, ahal dela, zentroan behin betiko destinoa eta ordutegi osoa duena.

c) Koordinatzaileak karguko eginkizunetan aritzeari utziko dio, bere agintaldia amaitzen denean edo izendapena atzera botatzen badu zuzendariak, Zikloko lantaldeak txosten arrazoituaren bidez proposaturik eta interesatuari entzutea emanik.

6. Zikloko lantaldeko koordinatzaileak honako eskumen hauek izanen ditu:

a) Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoko Koordinazio Pedagogikorako Batzordeko kide izatea.

b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Lehen Zikloko irakaskuntzak koordinatzea, Curriculum Proiektuarekin eta dagozkion programazio didaktikoekin bat.

c) Koordinatzea, ikasketaburuaren pean, ikastetxe publikoetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Lehen Zikloko irakaskuntzak ematen dituzten irakasleen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuetan dagozkien departamentuen artean izan behar duen harremana.

d) Arduratzea Zikloko lantaldeak egin behar dituen koordinazio bilerez, bai eta bileren ondorioz egin behar diren aktak idazteaz ere.

7. Lehen Hezkuntzako edo Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak atxikitzen diren Bigarren Hezkuntzako Institutuetako departamentu didaktikoetan eginen da, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen ziklokoak izanik Lehen Hezkuntzako edo Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko horietan ematen diren irakaskuntzen programazio didaktiko komuna. Horren kariaz, hezkuntza ziklo horretako arlo guztien irakaskuntzaren ardura duten irakasleak Bigarren Hezkuntzako Institutuko Departamentuen bileretara joanen dira, ezartzen den maiztasunez.

Bigarrena.-1. Urriaren 10eko 185/1994 Errege Dekretuan xedatutakoaren babesean hautatutako Eskola Kontseiluek beren eginkizunak betetzen segituko dute hautapenak ezarri zuen epea ahitu arte.

2. Aurreko idazatian aipatu Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera hautatutako kide bakarreko gobernu organoek beren eginkizunetan segituko dute beren agintaldia ahitu arte, non ez den Erregelamendu honetan kargu-uzteetarako aurreikusitako kasuren bat gertatzen.

Hirugarrena.-1. Azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoa onesterako jardunean ziren zentroetan, aipatu Legeko arautegia aplikatuz egiten diren lehenbiziko hauteskundeetan, Eskola Kontseiluko sektore bakoitzeko kide guztiak batera hautatuko dira.

2. Azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoa onetsi ondotik Eskola Kontseiluaren berritze partziala lehenbiziko aldiz egiten denean, berrituko dira lehenbiziko erdia osatzen duten hezkuntza-komunitateko sektoreetako ordezkarien postuak, Erregelamendu honetako 10. artikuluko 2 a) idazatian zehazten den bezala, hain zuzen ere Xedapen honetako aurreko idazatian aipatzen diren hauteskundeetan boto gutxien ateratzen dituzten kideei dagozkienak.

3. Azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoa onetsi ondotik Eskola Kontseiluaren berritze partziala bigarren aldiz egiten denean, berrituko dira bigarren erdia osatzen duten hezkuntza-komunitateko sektoreetako ordezkarien postuak, Erregelamendu honetako 10. artikuluko 2 b) idazatian zehazten den bezala.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu dira ondoko arauak:

a) Haur Hezkuntzako eskola publikoen, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen Erregelamendu Organikoa onetsi zuen urriaren 10eko 185/1994 Foru Dekretua.

b) Hezkuntza eta Kultura kontseilariak maiatzaren 22an emandako 260/1995 Foru Agindua, zeinaren bidez garatzen baita bi foru dekreturen Lehen Xedapen Iragankorra, hain zuzen ere Haur Hezkuntzako eskola publikoen, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen Erregelamendu Organikoa onetsi zuen urriaren 10eko 185/1994 Foru Dekretuarena eta Nafarroako Foru Komunitatean Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa onetsi zuen urriaren 10eko 186/1994 Foru Dekretuarena.

c) Uztailaren 6ko 250/1992 Foru Dekretuaren 17. artikuluko 2. idazatia.

d) Erregelamendu honetan agintzen denari kontra egiten dioten maila bereko edo txikiagoko arau guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Baimena ematen zaio Hezkuntza eta Kultura kontseilariari Foru Dekretu honetan xedatutakoa betearazi eta garatzeko behar diren xedapen guztiak dikta ditzan.

Bigarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko otsailaren hamarrean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

Iragarkiaren kodea: A9701337