99. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRURTZUN

Deialdia, idazkari-lanpostua aldi baterako eta administrazio-araubidean betetzeko

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1.–Deialdi honen xedea da Irurtzungo Udaleko idazkari lanpostua aldi baterako betetzea, lehiaketa-oposizio bidez.

Gainera, lanpostu horretan egon daitezkeen beharrak aldi baterako betetzeko, ordezkapen-poltsa bat sortuko da. Oposizio faseko ariketan gutxieneko puntuazioa lortu duten baina ordezkatu beharreko plaza lortu ez duten izangaiek osatuko dute poltsa hori, hautagaien puntuazio-ordenaren arabera zorrozki ordenatuta.

1.2.–Egingo diren hautaketa-probak 8. oinarrian ezarritakoak izango dira.

1.3.–Egingo den kontratua, hala badagokio, aldi baterako kontratua izanen da, araubide administratiboan, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 88. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat etorriz, eta edozein kasutan amaituko da ordezkapenaren kausa amaitzen denean eta, nolanahi ere, lanpostua behin betiko hornitzen denean erregelamenduzko prozeduraren bidez

Era berean, kontratua azkentzeko arrazoia izanen da Nafarroako Administrazio Publikoen administrazio-araubideko langileen kontratazioa arautzen duen irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuaren 8. artikuluan aipatzen den edozein arrazoi.

Bi hilabeteko probaldia ezartzen da, eta epe horretan alderdietako edozeinek bere kabuz deuseztatu ahal izango du kontratua.

1.4.–Deialdia egin duen administrazioak ezarriko du lan-ordutegia, eta zerbitzuaren beharren arabera egokituko da beti. Administrazioak aldatu ahal izango du ordutegia.

1.5.–Lanpostuak A mailari dagokion oinarrizko ordainsaria izango du, ordainsarien behin-behineko araudian xedatutakoaren arabera, bai eta plantilla organikoan jasotzen diren ordainsari osagarriak ere.

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1.–Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Hamasei urte beteta izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko gehieneko adina ez gainditzea eta Estatu Espainoleko nazionalitatea izatea.

b) Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean hauetako titulu bat izatea edo lortzeko moduan egotea, edo titulu horiek eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria izatea:

–Zuzenbideko gradua edo lizentziatura.

–Politika eta Administrazio Zientzietako Gradua.

–Soziologiako Lizentziatura.

–Zientzia Politikoetako eta Soziologiako Lizentziatura.

Arestian adierazitako titulazioen baliokideak diren ikasketak alegatzen dituzten izangaiek aipatu egin beharko dute baliokidetasun hori aitortzen duen lege- edo erregelamendu-xedapena, edo, bestela, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, homologazioa egiaztatzen duen egiaztagiria eduki beharko da.

c) Karguari dagozkion eginkizunak betetzeko behar den gaitasun fisikoak eta psikikoak izatea.

d) Funtzio publikoak betetzeko desgaikuntza- edo etete-egoeran ez egotea eta administrazio publiko baten zerbitzutik bananduta ez egotea.

e) Europako Esparru Bateratuko euskara-titulua izatea, C1 mailakoa (idatzia eta ahozkoa) edo EGA, ala euskararen ezagutza-proba egiteko eskatzea. Proba hau Euskarabideak edo Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak egingo du.

Euskara-maila proba honen emaitzak argitaratu arte egiaztatu ahal izango da; inola ere ez da onartuko probaren emaitzak argitaratu ondoren egiaztatzea.

Maila-proba gainditzen ez bada, edo euskararen ezagutza beste bide batzuetatik egiaztatzen ez bada, eta, beraz, ezin bada egiaztatu eskatzen den euskara-ezagutzaren baldintza betetzen dela, izangaia prozeduratik kanpo geratuko da eta ezingo du parte hartu ez lehiaketan ezta oposaketan ere.

3. oinarria.–Prozedura.

3.1.–Ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoen Sarrerari buruzko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatutakoaren arabera, aldi baterako langileak hautatzeko prozedurek ahalik eta azkarren kontratatzeko aukera eman behar dute.

Honakoa premiazko kasua dela kontuan hartuta, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 239. eta 239. bis artikuluetan aipatzen diren idazkaritza-postuaren eginkizunak organoen egintza eta erabaki guztien fede publikoa ematea eta toki entitateetako organoei lege aholkularitza ematea direlako, eta udal eskumenen bizitza eta kudeaketa arrunta ez geldiarazteko helburuarekin, interes orokorraren alde eta herritarrei zerbitzua ematearen alde, lege horren 42.2.c) artikuluan oinarrituta, izangaien zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako deialdi publiko bidez eratuko da, eta aipatu Erregelamenduan Administrazioko funtzionarioak sartzeko ezarritako epeak murriztuko dira.

4. oinarria.–Eskabideak aurkeztea.

4.1.–Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Irurtzungo Udaleko Erregistro Orokorrean (Foruen Plaza z/g, Irurtzun; jendaurreko ordutegia: 9:00etatik 14:00etara), udal Egoitza Elektronikoan (www.irurtzun.eus) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako edozeinetan aurkeztu beharko dira.

Eskabidea Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean aurreikusitako bitartekoren bat erabiliz aurkeztea erabakitzen bada, posta elektroniko bat bidali beharko da eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehenago irurtzun@irurtzun.eus helbide elektronikora, horren berri emateko. Eskaera posta-bulego batean aurkezten bada, gainera, gutun-azal irekian egingo da, posta-zerbitzuko langileek data eta zigilua jar diezaioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

4.2.–Eskabideak aurkezteko epea hamabosgarren egun naturaleko 23:59an amaituko da, deialdi honen iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren hurrengotik zenbatzen hasita. Epe hau luzaezina da.

4.3.–Eskabideak deialdiaren I. eranskin gisa argitaratutako ereduaren araberakoak izango dira, eta behar bezala beteta aurkeztu beharko dira. Bertan, hautagaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela, aurkezteko ezarritako epea amaitzen den egunari dagokionez. Eranskinarekin bat ez datozen eskabideak edota beteta ez daudenak ez aurkeztutzat joko dira, honakoa zuzendu ezinezko akatsa izanik.

Behar bezala beteta aurkeztu beharko den eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) NANaren edo nortasuna egiaztatzeko agiriaren fotokopia.

b) Gidabaimenaren fotokopia (B1 mota) edo norberaren bitartekoekin mugitzeko konpromisoa.

c) Deialdian eskatutako titulazio akademikoaren fotokopia.

d) Eskatutako euskara-maila egiaztatzen duen ziurtagiria edo, hala badagokio, euskara-maila egiaztatzeko proban parte hartzeko konpromisoa (I. eranskinean dagoen laukitxoa markatuta, agiri bidez egiaztatzen ez bada).

e) Desgaitasun aitortua duten izangaiek denbora- eta baliabide-egokitzapenak eskatu ahal izango dituzte ariketa egiteko beharrezkoak badira, I. eranskineko dagokion laukitxoa markatuz. Bertan, gainera, zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten adierazi beharko dute.

Halaber, egokitzapenak eskatu ahal izango dituzte ikasteko zailtasun espezifikoak dituzten pertsonek, hala nola dislexia, disgrafia, diskalkulia, AGHA eta antzekoak dituztenek, betiere egoera hori medio ofizialen bidez egiaztatzen badute.

Egokitzapenen bat eskatuz gero, gaixotasuna edo akats fisiko edo psikikoa egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da, organo eskudunak emana, eta, gainera, egiaztatu beharko da horrek ez duela eragozten lanpostuan normaltasunez jardutea.

f) Espedientea formalizatzeagatiko eta hautaketa-prozesuetan parte hartzeko eskubideak ematen dituen tasa ordaindu izanaren egiaztagiria.

g) Lehiaketa-fasean baloratu beharreko merezimenduak justifikatzeko agiriak.

4.4.–Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Irurtzungo Udaleko alkateak ebazpena emango du, onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onartuz, eta zerrenda hori udal-oholean eta deialdiaren web fitxan, www.irurtzun.eus estekaren bidez.

Onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtu ahal izango da berehala, izangaien bazterketarik gertatzen ez bada.

Bestela, baztertutako izangaiek erreklamazioak egin eta, hala badagokio, akatsak zuzendu ahal izango dituzte, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo bost egun baliodunen barruan.

4.5.–Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta erreklamazioak ebatzi ondoren, Irurtzungo Udaleko alkateak onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onartzeko ebazpena emango du, eta zerrenda udal-oholean eta deialdiaren web fitxan, www.irurtzun.eus estekaren bidez.

Ebazpen horretan, oposizio ariketaren eguna, tokia eta ordua adieraziko dira.

Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak argitaratzearekin, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 40. artikuluan aurreikusitako jakinarazpena egindakotzat joko da.

4.6.–Hautatutako izangaiek aurreko betekizun horiek egiaztatu beharko dituzte, jatorrizko dokumentuak aurkeztuz, kontratua formalizatu aurretik. Jatorrizko dokumentuak, behin erkatuta, interesdunari itzuliko zaizkio.

Dokumentu horiek aurkezten ez dituzten pertsonak ezin izango dira kontratatu, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eta haien jarduketa guztiak baliogabetuko dira, parte hartzeko eskabidean faltsukeriak egiteagatik izan dezaketen erantzukizunari kalterik egin gabe.

Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi interesdunei deialdian eskatutako betekizun guztiak betetzen dituztenik aitortzen zaienik. Izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa edo Administrazioaren esku dauden agiriak aztertu ondoren eskatutako baldintzaren bat betetzen ez dutela ondorioztatzen bada, interesdunek deialdian parte hartzetik erator daitezkeen eskubide guztiak galdu egingo dituzte.

5. oinarria.–Tasa ordaintzea.

Espedientea formalizatzeagatiko tasak eta hautaketa-prozesuetan parte hartzeko eskubideak arautzen dituen zerga-ordenantzaren arabera, ordaindu beharreko tasa 25 eurokoa da.

Tasa ordaintzeko, transferentzia egingo da kontu-zenbaki honetara: ES76 3035 0120 95 1200900000. Kontzeptu gisa «Idazkaritza» eta izangaiaren izen-abizenak agertu beharko dira (adibidez: Idazkaritza-Ainhoa Etxeberria Etxeberria).

Tasa ez ordaintzeak izangaia baztertzea ekarriko du. Baldintza hori betetzen ez bada, zuzendu ahal izango da.

Tasa ordaintzeak ez du inola ere ekarriko eskabidea garaiz eta behar bezala aurkezteko izapidea ordeztea.

6. oinarria.–Epaimahaia.

6.1.–Kasuaren urgentzia dela-eta, eta oinarri hauek onartzen diren egunean epaimahai kalifikatzailea finkatzea ezinezkoa denez, Irurtzungo Udaleko alkateak izendatuko du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onartzen duen ebazpenean. Gutxienez hiru pertsonak osatuko dute, eta ordezkoak ere izendatuko dira.

6.2.–Epaimahaiko kide bat izango da epaimahaiko idazkaria, eta dagozkion aktak egingo ditu. Akta horiek epaimahaikide guztiek sinatuko dituzte.

6.3.–Epaimahaia ezingo da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertaratu gabe. Kide anitzeko organoa balio osoz eratzeko eta jarduteko, lehendakaria eta bokal-idazkaria bertan egotea, edo, bestela, haien ordezkoak bertan egotea beharrezkoa izango da.

6.4.–Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeari eta aplikatzeari buruz sor daitezkeen auzi guztiak. Berdinketa gertatuz gero, lehendakariak bere kalitatezko botoa erabili ahal izango du.

6.5.–Epaimahai kalifikatzailea eratu ondoren, batzordeburua edo idazkaria gaixorik badago edo aldi baterako absente badago, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru Sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 23.2 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.

7. oinarria.–Euskararen ezagutza.

Derrigorrezkoa den euskararen C1 maila agiri bidez egiaztatzen ez duten izangaiek euskara-proba egiteko eskatu beharko dute, eskabidea den I. eranskinean horretarako ezarri den laukitxoa markatuz.

Proba egiteko, epaimahaiak Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuaren laguntza eskatuko du. Erakunde horrek hizkuntza-mailako ariketa espezifikoa egingo die hala eskatzen dutenei, eta emaitzak akta bidez jakinaraziko dizkio unitate eskatzaileari.

Proba 2023ko ekainaren 6an egingo da, goizeko 9:00etan, Sakanako Mankomunitatearen egoitzan.

Proba hori gainditu behar duten izangaiak, eta, beraz, euskarako C1 maila dutela egiaztatzen ez dutenak, hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira, eta haien jarduera guztiak baliogabetuko dira.

8. oinarria.–Proba.

8.1.–Proba teoriko-praktikoa. Ariketa bakarra izango da, eta 40 galdera teoriko-praktiko izango ditu, test motakoak. Galdera horiek hurrengo gai-zerrendako gaiei buruzkoak izango dira:

1978ko Espainiako Konstituzioa.

13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa.

6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena.

280/1190 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamendua onartzen duena.

2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki Erakundeen Antolaketa, Funtzionamendu eta Araubide Juridikoaren Erregelamendua onartzen duena.

39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.

2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.

1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena.

251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina eta hura garatzeko araudia onesten dituena.

2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunak arautzen dituena, eta hura garatzeko araudia.

17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituena.

Epaimahaiak erabakiko du zenbat denbora iraungo duen proba horrek, eta gehienez ere 80 puntu lortzen ahalko dira. Gutxienez 25 puntu lortzen ez dutenak kanpoan geratuko dira.

8.2.–Oposizio-probaren deialdia deialdi bakarraren bidez egingo da, eta izangaiek nortasuna egiaztatzeko agiri ofiziala eraman eta aurkeztu beharko dute. Oposiziotik kanpo geratuko dira iragarritako data, ordu eta lekuetan agertzen ez diren izangaiak, edota aipatutako dokumenturen baten bidez identifikatzen ez direnak.

8.3.–Proba plika itxien sistemaren bidez egingo da.

8.4.–Hautaproba egiteko, desgaitasuna edota 4.3.e) oinarrian deskribatutako gainerako zailtasuna duela probatu duten pertsonentzako proba egiteko denbora- eta baliabide-egokitzapenak ezarriko dira, adierazitakoaren arabera.

9. oinarria.–Lehiaketa fasearen balorazioa.

9.1.–Oinarrietan ezarritakoaren arabera merezimenduak dituztela uste duten deialdi honetako izangai guztiek agiri bidez eskabidea aurkezten dutenean egiaztatu beharko dituzte merezimendu horiek.

9.2.–Epaimahaiak, aurreko oinarrian aurreikusitako probak egitean, proba gainditu duten izangaiek egiaztatutako merezimenduak baloratuko ditu, baremo honen arabera. Baremoaren guztizko puntuazioak ezin izango du gainditu 20 puntuko gehieneko puntuazioa. Hau da:

–Nafarroako toki entitate batean idazkari gisa emandako zerbitzu-urte bakoitzeko: 2 puntu, 10 puntu gehienez.

–Nafarroan kokatuta ez dagoen toki entitate batean idazkari gisa egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: 1,5 puntu, 10 puntu gehienez.

–Zuzenbideko Gradua, Politika eta Administrazio Zientzietako Gradua, Soziologiako Lizentziatura edo Politika Zientzietako eta Soziologiako Lizentziatura eskatu den edozein Herri Administraziotako lanpostuetan lan egindako urte bakoitzeko: puntu 1, eta gehienez ere 10 puntu.

–Idazkaritzako lanpostuaren berezko gaietan espezializatzeko edo hobetzeko ikastaroengatik: 5 puntu gehienez.

• 5 eta 25 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko: 0,5 puntu ikastaro bakoitzeko.

• 25 eta 50 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko: Puntu 1 ikastaro bakoitzeko.

• 50 ordutik gorako ikastaro bakoitzeko: 2 puntu ikastaro bakoitzeko.

5 ordutik beherako iraupena duten ikastaroak ez dira puntuatuko.

Aipatutako balorazio-irizpideak aplikatzeko, honako arau hauek hartuko dira kontuan:

–Baloratu beharreko urte-kopurua osoa ez bada, dagokion proportzionaltasuna lortuko da.

–Ez dira bi aletan ebaluatuko baremo-talde berean sartutako zerbitzuak, aldi berean egin badira.

10. oinarria.–Azken kalifikazioa eta epaimahaiaren proposamena.

10.1.–Azken kalifikazioa oposizio-fasean eta lehiaketa-fasean lortutako puntuen batura izango da.

Izangaien artean berdinketarik gertatuz gero, epaimahai kalifikatzaileak ebatziko du, zozketa publiko bidez.

10.2.–Epaimahaiak probak egiten diren lekuan, Irurtzungo Udaleko iragarki-oholean eta deialdiaren web-orrian (www.irurtzun.eus) argitaratuko ditu emaitzak.

Proba amaitutakoan, epaimahaiak deialdia egin duen administrazioari aurkeztuko dio puntuaziorik handiena lortu duen izangaia kontratatzeko proposamena, bai eta izangaien zerrenda onartzearena ere.

10.3.–Proposamena loteslea izango da deialdia egin duen administrazioarentzat.

10.4.–Hautatutako pertsonak gehienez ere bi asteko epea izango du lanpostuan hasteko, deialdia egin duen administrazioak kontratazio-proposamena onartzen duen egunetik zenbatzen hasita. Lanpostu berrian hasten ez bada, behar bezala justifikatutako kasuetan izan ezik, edo lanpostu hori hutsik geratzen denean, erakunde horretako organo eskudunak kontratatu ahal izango ditu hautaketa-prozesuan lortutako puntuazio onenaren hurrenkeran eskainitako kontratazioarekin ados daudela adierazten duten izangaiak.

11. oinarria.–Ordezkapen Poltsaren funtzionamendua.

11.1.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan sartuko dira, gutxienez, 8. oinarriko 1. atalean eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortzen duten pertsona guztiak.

11.2.–Zerrenda oinarri hauetan xedatutakoaren arabera kudeatuko da, eta, aurreikusi gabeko gaietan, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onartzen dituen abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera.

11.3.–Hautagaiek, lokalizazioa errazte aldera, harremanetarako telefono bat eta posta elektronikoko helbide bat gutxienez komunikatu beharko dituzte, eta informazio hori etengabe eguneratuta eduki beharko dute; Nahi izanez gero, beste telefono batzuk ere jakinarazi ahal izango dituzte.

11.4.–Deialdia honela egingo da:

a) Lanpostu bat aldi baterako kontratatu behar denean, une horretan eratutako zerrendako lehen postuan dagoen izangaiaren deia egingo da. Bi lokalizazio-saiakera egingo dira telefono bidezko komunikazio bidez, ondoz ondoko bi lanegunetan, eta deialdi bakoitzaren data, ordua eta berezitasunak jasoko dira. Lehen lokalizazio-saiakerarekin batera, mezu elektroniko bat bidaliko da izangaiak emandako helbidera.

b) Bidalketa elektroniko hori egin eta egun bateko epean erantzunik jasotzen ez bada, eta telefonoz harremanetan jarri ezin bada, zerrendako hurrengo pertsonari deituko zaio.

c) Udala izangairen batekin harremanetan jarri eta kontratazio-eskaintza eginda hark erantzuten ez badu, edo eskaintzari uko egin badio, zerrendako azken posturaino pasatuko da, salbu eta justifikatutako arrazoiren batengatik uko egiten diola egiaztatzen badu, 11.5 atalean xedatutakoaren arabera.

d) Pertsona bat ezin bada aurkitu, zerrendan bere lehentasuna mantenduko da eta Udala zerrendako hurrengoarekin edo hurrengoekin harremanetan jarriko da eskainitako lanpostua bete arte.

11.5.–Eskainitako lanpostuaren kontratazioari uko egiteko arrazoi justifikatutzat hartuko dira eta, beraz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetako lehentasun-ordena aldatzea ez dute ekarriko ondoko arrazoi hauek:

a) Aldi baterako ezintasuna.

b) Amatasun- edo aitatasun-baimena.

c) Harrera iraunkorrean edo adopzioan hartutako hiru urtetik beherako seme-alaba bat edo hiru urtetik beherako bat zaintzea.

d) Bigarren mailarainoko odol-ahaidetasuna edo ezkontza-ahaidetasuna duen senideren bat bere zaintzapean izatea, adinagatik, istripuagatik edo gaixotasunagatik ezin bada bere kabuz moldatu.

e) Norberaren ezkontza edo bikote egonkorren berdintasun juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen araberako antzeko egoera, baldin eta eskainitako administrazio-kontratazioaren hasiera-data eratu aurreko edo ondorengo hamabost egun naturalen barruan badago.

f) Kontratazio bat indarrean izatea, administrazio- edo lan-araubidekoa.

g) Ikasketak aurrez aurre egiten egotea, eskaintzen den kontratuaren ordutegi berean.

h) Desgaitasuna behar bezala aitortua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak direla eta, kontratua eskaintzen den lanpostuaren berariazko baldintzekin bateraezina izatea.

Zerrendatutako egoeraren batean dauden izangaiek agiri bidez eta modu frogagarrian egiaztatu beharko dute ematen den egoera hori, uko egiten dioten lanpostuaren kontratazioa eskaini zaienetik 7 egun naturaleko epean; kasu horretan, zerrendan duten leku berean jarraituko dute.

Kontratazio-eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua egiaztatzen duen dokumentazioa epe barruan aurkezten ez bada, hautagai hori zerrendako azken postura pasako da.

Justifikatutako uko-egiteen kasuan, idatziz jakinarazi beharko dute uko egitea justifikatu zuen egoera amaitzen den egunetik aurrera zerbitzuak emateko prest daudela. Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

11.6.–Zerrendatik kanpo geratuko dira honako kasu hauetan dauden pertsonak:

a) Kontratazio-eskaintza onartu ondoren, dagokion kontratua ez sinatzea, izangaiari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik.

b) Sinatutako kontratuari uko egiteagatik, baldin eta beste erakunde publiko edo pribatu batekin beste kontratu bat sinatzeagatik ez bada; kasu horretan, agiri bidez eta modu frogagarrian egiaztatu beharko da, ukoa formalizatzen denetik 7 egun naturaleko epean. Kasu horretan, izangaia zerrendako azken postuan geratuko da.

c) Lanpostua uztea.

d) Probaldia ez gainditzea, baldin eta aukera hau dagokion kontratuan aurreikusi bada.

e) Kontrataziorako deiak direla eta, urtebetean behin eta berriro hautagaiarekin harremanetan jarri ezin bada, hark emandako telefono-zenbakietan edo helbide elektronikoetan.

12. oinarria.–Datuen babesa.

(EB) 2016/679 Erregelamenduaren (DBEO) 13. artikuluan ezarritakoaren arabera, hautagaiei honako hau jakinarazten zaie:

Parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Irurtzungo Udala da.

Tratamenduaren helburua deialdi honen xede diren langileak hautatzea eta lanpostua betetzea da.

Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua, interesduna alderdi den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunak eskatuta kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa den tratamendua, eta DBEOren 6.1.c) artikulua, tratamenduaren arduradunari aplika dakiokeen legezko betebehar bat betetzeko beharrezkoa den tratamendua.

Datuak behar den denboran gordeko dira, haien xedea betetzeko eta deialdiaren eta datuen tratamenduaren ondorioz sor daitezkeen erantzukizunak zehazteko. Artxiboei eta dokumentazioari buruzko araudian xedatutakoa aplikatuko da (Nafarroako toki entitateetako dokumentuak ebaluatzeko eta ezabatzeko jarraibideak).

Datuak legez aurreikusitako kasuetan jakinaraziko dira (5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa), 5/2018 Foru Legearen 19.2. f. akordioaren argitaratzea barne.

Titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, aurka egiteko eta transferitzeko eskubideak erabil ditzakete udal-bulegoetan.

Era berean, eskubidea dute erreklamazio bat aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Agentzian (DBEB), baldin eta uste badute tratamendua ez datorrela bat indarrean dagoen araudiarekin, edo, bestela, aurretiaz, datuak babesteko ordezkariaren aurrean. Azken kasu honetan, gehienez ere bi hilabeteko epean emango zaio erabakiaren berri.

13. oinarria.–Helegiteak.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkeztu ahal izango da, hautaz:

a) Berraztertzeko errekurtsoa Irurtzungo Udaleko alkateari, hilabeteko epean, jakinarazpena edo argitalpena egin eta hurrengo egunetik aurrera.

b) Gora jotzeko helegitea Nafarroako Administrazio Auzitegian, argitaratu edo jakinarazi eta hilabeteko epean.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko ordena bereko salan, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

d) Auzitegiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio organo eskudunari, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo hilabetearen barruan.

Irurtzunen, 2023ko apirilaren 28an.–Alkatea, Aitor Larraza Carrera.

I. eranskina.–Eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2306886