99. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

121/2023 EBAZPENA, apirilaren 19koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, 2023-2024 ikasturtean diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak egiteko Nafarroako berariazko sarrera-proben deialdia egiten duena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren I. tituluaren VI. kapituluan arte irakaskuntzak arautzen dira, besteak beste diseinuko goi mailako ikasketak. 57.2 artikuluan ezarrita dago diseinuko goi mailako ikasketak egiteko, beharrezkoa izanen dela sarrera-proba bat egitea. Proba horretan, ikasketa horiek probetxuz egiteko gaitasunak, jakintzak eta heldutasuna balioetsiko dira.

Urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuaren 12. artikuluan eta maiatzaren 14ko 633/2010 Errege Dekretuaren 5. artikuluan, araututa dago diseinuko goi mailako titulua lortzeko irakaskuntza ofizialetan berariazko proba bat gaindituz sartzeko bidea, betiere izangaiak Batxilergo titulua badu, 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba gainditu badu, goi mailako arte irakaskuntzetako titulu bat, unibertsitate-titulu bat edo goi mailako teknikari-titulu bat badu, edo goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko betebehar akademikoen ordezko heldutasun proba gainditu badu.

Halaber, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako diseinuko goi mailako arte irakaskuntzen oinarrizko edukia arautzen duen maiatzaren 14ko 633/2010 Errege Dekretuak, 5.4 artikuluan, zehazten du hezkuntza administrazioei dagokiela, beren eskumenen esparruan, ikasketa horietan sartzeko berariazko probarako deia egitea eta hura antolatu, garatu eta ebaluatzea.

Arte Ikasketen Atalak egindako aldeko txostena ikusirik, bidezkoa da 2023/2024 ikasturtean Nafarroako diseinuko goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko proben deialdia egitea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2023-2024 ikasturtean diseinuko goi mailako arte irakaskuntzak egiteko Nafarroako berariazko sarrera-proben deialdia egitea, ebazpen honen I. eranskinean jasotzen diren oinarri arautzaileekin bat.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Arte Ikasketen Atalera, Eskolatze Bulegora, Corellako Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolara, Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolara eta Iruñeko "Creanavarra" diseinuko goi mailako ikastetxe pribatu baimendunera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2023ko apirilaren 19an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1.–Xedea eta eremua.

Ebazpen honen xedea da diseinuko goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko berariazko proben deialdian onartu eta sartzeko prozesua arautzea 2023-2024 ikasturterako, bat etorriz Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 5eko 30/2013 Foru Aginduan ezarritakoarekin, horren bidez arauak eman baitira diseinuko goi mailako irakaskuntzen plana eta antolamendua ezartzeko Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan.

2.–Eragina eta balioa.

Sarrera proba gainditzeak ahalbidetzen du, bakar-bakarrik, 2023-2024 ikasturtean matrikula egiteko, eta aukera ematen du irakaskuntza horiek ematen dituen estatuko edozein ikastetxetara joateko; betiere, haietan ikasposturik izanez gero.

3.–Probak egiteko tokia eta egunak.

Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan edo Corellako Arte eta Goi mailako Diseinu Eskolan egiten ahalko dira probak. Nolanahi ere, beste leku bat erabili behar bada, Arte Ikasketen Atalari dagokio behar bezala eta aldez aurretik horren berri ematea Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus orriko zerbitzuen katalogoaren barrenean dagokion fitxan) eta Nafarroako diseinuko goi mailako ikastetxe publikoetako iragarki-tauletan.

Sarrera-probak deialdi bakarrean eginen dira, 2023ko ekainaren 22tik aurrera, eta behar den denborarekin iragarriko dira, aurreko paragrafoan adierazitako bideak erabiliz.

Arte Ikasketen Atalak argitaratuko du zein egun, ordu eta tokitan eginen den probaren zati bakoitza, baita emaitzak noiz argitaratuko diren ere, gutxienez 48 ordu lehenago, aipatutako bideak erabiliz.

4.–Betebeharrak.

4.1. Diseinuko goi mailako ikasketetan sartzeko, beharrezkoa izanen da betebehar hauek betetzea.

a) Unibertsitatean sartzeko 25 urtetik gorakoentzako proba gaindituta edo hauetako titulu bat izatea: batxilergoko titulua, goi mailako arte irakaskuntzetako titulu bat, unibertsitate-titulu bat edo goi mailako teknikari-titulu bat.

b) Berariazko sarrera-proba bat gainditzea, irakaskuntza horiek probetxuz egiteko behar diren ezaupide eta trebetasun profesionalak dituela erakusteko.

4.2. Arte plastikoetako eta diseinuko goi mailako teknikarien titulua dutenak zuzenean hasten ahal dira diseinuko goi mailako ikasketak egiten, berariazko sarrera proba egin gabe.

5.–Sartzeko betebehar akademikoen ordezko heldutasun proba.

18 urtetik gorako izangaiak edo proba egiten den urtean adin hori betetzen duten izangaiak, ez badituzte betetzen eranskin honetako 4.1.a) oinarrian adierazitako baldintzak, irakaskuntza hauetan sartzen ahalko dira hezkuntza administrazioek antolatuko duten heldutasun proba bat gainditu dutela egiaztatzen badute, hala ezarrita baitago maiatzaren 14ko 633/2010 Errege Dekretuaren 5.2 artikuluan, zeinaren bidez arautu baitzen Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako diseinuko goi mailako arte irakaskuntzen oinarrizko edukia.

Ikasturte honetan, Hezkuntza Departamentuak deialdi bat iragarri du goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko betebehar akademikoen ordezko heldutasun probarako, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 24ko 67/2023 Ebazpenaren bidez.

6.–Probetan izena ematea.

6.1. Berariazko sarrera-probak egin nahi dituzten izangaiek inskripzio orria aurkeztu beharko dute, ebazpen honen II. eranskinean adierazitako ereduaren arabera. Bertan, egin nahi dituzten espezialitatea edo espezialitateak (bi, gehienez ere) aipatu beharko dituzte. Bi espezialitate egin nahi izanez gero, lehentasunen arabera adieraziko dira. Eranskin honetako 7. puntuan xedatutakoarekin bat, eginen diren probako hiru ariketak ere adieraziko dira. Orobat, adieraziko da zer egoitzatan eginen diren probak (Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan edo Corellako Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan).

6.2. Honako hauek egokitzapenak eskatzen ahal dituzte goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko proba egiteko:

–Desgaitasunen bat duten pertsonek, horrek galarazten badie probak ohiko baliabideekin egitea. Eskabidearekin batera, minusbaliotasun mailaren ebazpena edo ziurtagiria, erakunde eskudunak emana, eta irizpen tekniko fakultatiboa aurkeztu beharko dute.

–Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituztela egiaztatzen duten pertsonak, ikasteko nahasmenduak eta arreta-defizitaren nahasmendua eta hiperaktibitatea izateagatik.

Egokitzapenak Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 18ko 65/2012 Foru Aginduaren 5.7 artikuluan ezarritakoari jarraikiz eginen dira.

Epaimahaiak neurri egokiak eta bidezkoak hartuko ditu denborak eta baliabideak egokitzeko, eta, betiere, errespetatuko du izangaiak frogatu ahal izatea badituela irakaskuntza horiek probetxuz egiteko behar diren ezaupide, gaitasun eta trebetasunak.

6.3. Dokumentazioa.

Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Nortasun agiri nazionalaren, atzerritarraren nortasun txartelaren (bi aldeetatik bi kasuetan), pasaportearen, nortasuna frogatzen duen bidaia agiriaren edo bisaren fotokopia.

b) Diseinuko goi mailako irakaskuntzetan sartzeko probetarako inskripzio gisa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren diru-bilketa kontuan dagokion kopurua sartu izanaren frogagiriaren gordekina. Kopuru hori ezarrita dago otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legean, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzkoan, eta hauxe da: 61,79 euro.

Honako zerga onura hauek aplikatuko dira:

–Kategoria orokorreko familia ugarietako kideak, guraso bakarreko familiak edo gurasobakartasun egoeran daudenak (kategoria orokorrekoak) eta %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak: %50eko hobaria.

–Kategoria bereziko familia ugarietako kideak; guraso bakarreko familiak edo gurasobakartasun egoeran daudenak (kategoria berezikoak); ekintza terroristen biktimak (baita haien ezkontideak eta seme-alabak ere); genero indarkeriako ekintzen biktimak (baita seme-alabak ere); eta gutxienez %65eko desgaitasun aitortua duten pertsonak: %100eko salbuespena.

c) Kasua bada, familia ugariaren tituluaren fotokopia, guraso bakarreko familiaren tituluarena edo Barne Ministerioak ekintza terroristen biktimentzat, haien ezkontideentzat edo seme-alabentzat emandako ziurtagiriarena, edo biktimaren aldeko babes ebazpen judizialarena, kondena-epaiarena edo biktimaren aldeko kautelazko neurriarena, edo desgaitasunaren ziurtagiriarena.

d) Batxilergoko tituluaren fotokopia edo hura eskatu izanaren gordekina, titulua lortu badu.

Probetarako inskripzioa egiteko orduan Batxilergoko azkeneko kurtsoa egiten ari diren izangaiek, ez dituztenez izanen artikulu honetan aipatutako agiriak, 2023ko uztailaren 1a baino lehen aurkeztuko dituzte, Arte Ikasketen Atalari zuzenduak, 6.4 oinarrian aurkezpenerako ezarritako tokietan.

e) 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba gainditu izanaren agiriaren fotokopia, halakorik badu.

f) Goi mailako arte irakaskuntzen titulua edukiz gero, haren fotokopia.

g) Unibertsitate-titulua edukiz gero, haren fotokopia.

h) Goi mailako teknikari titulua edukiz gero, haren fotokopia.

i) Diseinuko goi mailako irakaskuntzak egiteko ezarritako betebehar akademikoen ordezko heldutasun proba gainditu izanaren ziurtagiriaren fotokopia, halakorik badu.

Inskribatzeko orduan heldutasun proba gainditu zain dauden izangaiek eskabidean adierazi beharko dute proba hori egiteko inskribatu direla, eta, behin betiko emaitza izan bezain laster, eta, edozein kasutan, uztailaren 1erako, egun hori barne, hura gainditu izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute 6.4 oinarrian ezarritako tokietan.

j) Minusbaliotasun mailaren ebazpena edo ziurtagiria, erakunde eskudunak emana, hala badagokio, baita irizpen tekniko fakultatiboa eta denborak eta baliabideak egokitzeko eskaera ere.

Administrazioak edozein unetan eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei eskabidearekin batera aurkeztutako agirien jatorrizkoak edo horien fotokopia konpultsatuak.

6.4. Eskabideak non eta noiz aurkeztu.

Eskaera, aipatu dokumentazioarekin batera, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Arte Ikasketen Atalera zuzenduko da, eta honela aurkezten ahalko da:

a) Bertaratuta: Nafarroako diseinuko goi mailako ikastetxe publikoetako idazkaritzan, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean edo Nafarroako Gobernuko Erregistroko edozein bulegotan.

Nafarroako diseinuko goi mailako ikastetxe publikoetako idazkaritzan aurkezten diren eskaerak Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Arte Ikasketen Atalera igorriko dira, inskribatzeko epea bukatu eta biharamunean.

b) Telematika bidez, on-line, Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian (www.nafarroa.eus) eskura baitago.

c) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legeak ezarritako tokietan (16.4 artikulua). Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Azken kasu horretan, onuradunak iragarri beharko du dokumentazioa igorri duela, mezu elektroniko bat bidaliz ensearti@navarra.es helbidera, igorpenaren gordailu eguna egiaztatzen duen agiriaren kopiarekin batera, aurkezpenaren egun berean.

Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta handik zazpi egun baliodunen buruan bukatuko.

6.5. Eskaera onartuak eta baztertuak.

Inskripzioak formalizatzeko ezarritako epea bukatu ondoren, Arte Ikasketen Atalak onartu diren eskatzaileen izenen lehenbiziko zerrenda argitaratuko du, behar denean espezialitateen arabera bereizirik, baita baztertutako eskatzaileen izenen zerrenda ere, baztertzeko arrazoia azalduta, Nafarroako Gobernuko web-orrian (www.nafarroa.eus orriko zerbitzuen katalogoaren barrenean dagokion fitxan) eta Nafarroako diseinuko goi mailako ikastetxe publikoen iragarki-tauletan. Baztertutako eskatzaileek hiru egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik hasita, baztertzeko arrazoia zuzentzeko moduko dokumentazioa aurkezteko edo erreklamazio bat aurkezteko. Arte Ikasketen Atalera zuzenduko da dokumentazioa, eta ebazpen honen 6.4 oinarrian aurreikusitako edozein tokitan aurkeztuko da. Atal horrek balizko erreklamazioei erantzunen die, eta, ondoren, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko du, lehenago aipatutako bide berberak erabiliz. Baztertuen kasuan, baztertzeko arrazoia zehaztuko du.

7.–Berariazko sarrera-probaren egitura eta edukia.

Probak bost ariketa izanen ditu, eta horietatik hiru egin beharko dira. Inskripzio eskabidean (II. eranskina) eginen diren hiru ariketak adieraziko dira.

7.1. Lehenengo ariketa.

Irudien iruzkina: iruzkin bat egin beharko da, idatziz, proposatutako bi irudi konparatzeko, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

Deskribapen zatia: egileak, kokapena, estiloa, irudien deskribapena eta abar.

Zati analitikoa: materialak eta alderdi teknikoak, gaia, konposizioa, argia, kolorea, egituraren elementuak, etab.

Bi irudien testuinguru historikoa. Gehieneko iraupena: 45 minutu.

7.2. Bigarren ariketa.

Geometria metriko laua: ariketa batzuk ebaztea, non trazadura hauek izan daitezkeen: poligono erregularrak egitea, transformazio geometrikoak, irudi baliokideak, tangentziak eta proportzionaltasuna. Gehieneko iraupena: 45 minutu.

7.3. Hirugarren ariketa.

Geometria deskribatzailea: ematen den objektu baten krokis kotatua egitea, esku hutsez, eta objektu bera marraztea zehaztuko den eskalan, tresnak erabiliz. Bi marrazketa horiek arkatzez eginen dira. Gehieneko iraupena: 75 minutu.

7.4. Laugarren ariketa.

Marrazketa artistikoa:

Proposatutako testu batetik abiatuta, irudi, ilustrazio edo kartel bat egin beharko da, modu librean, eta teknika lehorra erabilita. Iradokitako alderdirik esanguratsuenak jaso beharko ditu. Azken proposamenarekin batera memoria txiki bat aurkeztuko da (200 hitz gehienez). Gehieneko iraupena: 90 minutu.

7.5. Bosgarren ariketa.

Diseinuaren oinarriakerrepik: errepikapen diseinu bat egitea, sare modularren erabileran oinarriturik. Gehieneko iraupena: 60 minutu.

Izangaiek beren nortasuna frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute probetan. Halaber, probara joan beharko da osasun agintaritzak egun horretarako ezarritako neurriak hartuta.

8.–Berariazko sarrera-proba nola kalifikatu eta gainditu.

Probaren kalifikazioa, bi dezimalekin adierazia, izangaiak egindako hiru ariketen batezbesteko aritmetikoa izanen da. Sarrera-proba gainditutzat joko da lortzen den kalifikazioa 5,00 puntukoa edo hortik gorakoa bada. Emaitzak, partzialak zein guztizkoak, kasuan kasuko aktetan jasoko dira, eta Arte Ikasketen Atalak argitara emanen ditu Nafarroako Gobernuaren web-orrian, zerbitzuen katalogoari dagokion fitxan (www.nafarroa.eus), eta Nafarroako diseinuko goi mailako ikastetxe publikoetako iragarki-tauletan.

Berariazko sarrera-proba gainditzen bada, kasuan kasuko gainditze ziurtagiriarekin egiaztatuko da. Hura Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak emanen du, kasuan kasuko probaren kalifikazio aktarekin bat. Besteak beste, ikasturtea eta lortutako kalifikazioa zehaztuko dira ziurtagiri horretan. Proba oso-osorik gainditzen ez duten izangaiei ez zaie ziurtagiririk emanen, eta ez da ziurtagiri partzialik eginen, ez eta ariketa bakoitzaren kalifikazioari buruzkorik ere.

9.–Nafarroako Gobernuaren eskumeneko ikastetxe publikoetan diseinuko goi mailako irakaskuntzak egiteko eskaintzen diren ikaspostuak.

Diseinuko goi mailako irakaskuntzen lehen ikasturtean 24 ikaspostu eskainiko dira, bai Corellako Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan (Diseinu Grafikoa espezialitatean), bai Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan (Barnealdeen Diseinua espezialitatean).

10.–Ikasleak onartzea.

Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 5eko 30/2013 Foru Aginduaren 4 bis artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

11.–Epaimahaiak.

Epaimahai bakarra eratuko da, mahaiburuak eta mahaikideek osatua. Epaimahaiko kideen kopurua bakoitia izanen da, baina ez hirutik beherakoa.

11.1. Epaimahaiaren osaera.

Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradun eta irakasleen kidegoko eta/edo marrazketa espezialitateko Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen kidegoko karrerako funtzionarioek osatuko dute epaimahaia, haietako bat mahaiburu dela. Mahaikide gazteena arituko da idazkari.

Arte Ikasketen Atalak izendatuko ditu mahaikideak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

12.–Erreklamazioak.

Proben kalifikazioen inguruko erreklamazioak, halakorik badago, 6.4 oinarrian adierazitako edozein tokitan aurkeztuko dira, Arte Ikasketen Atalari zuzenduak, gehienez ere bi egun balioduneko epean, emaitzak argitaratzen direnetik hasita. Erreklamazioaren arrazoiak argi adierazi behar dira. Erreklamazioak gehienez ere hamar egun balioduneko epean ebatziko dira, erreklamazio epea bukatzen denetik hasita, eta ebazpena interesdunari komunikatuko zaio, jaso duela frogatzeko moduan.

Ebazpen horien kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari zuzendua, komunikazioa jakinarazi eta hilabeteko epean.

13.–Dokumentazioa gordetzea.

Diseinuko goi mailako ikasketetan sartzeko probetan sortutako dokumentazio guztia Arte Ikasketen Atalean gordeko da bi hilabetez gutxienez, proba horiek bukatu ondoren, salbu eta aurkeztutako erreklamazioei dagokiena, kasu horretan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epea bukatu arte gorde beharko baita.

II. eranskina.–Inskripzio orria (DOC).

III. ERANSKINA

Izangaiak ekarri beharko dituen materialak, diseinuko goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko berariazko probak egiteko

2023-2024 ikasturtea

Lehen ariketa:

Irudiaren iruzkina:

  • Bolaluma beltza edo urdina.

Bigarren eta hirugarren ariketak:

Geometria metriko laua eta geometria deskribatzailea:

  • portamina, borragoma, eskuaira eta kartaboia, erregela milimetratua eta konpasa.

Aukeran, honako hauek erabiltzen ahalko dira:

  • HB arkatza edo portamina.

Laugarren ariketa:

Marrazketa artistikoa:

  • Teknika lehorrak (zuria, beltza, kolorea).

Bosgarren ariketa:

Diseinuaren oinarriak:

  • Marrazteko tresnak, hala nola, arkatza (2H) edo portamina, borragoma, erregela, eskuaira, kartaboia.
  • Errotuladore grisa: fina, irudia markatzeko, eta lodia, punta alakadunekoa, irudiaren barrena betetzeko.
  • Errotuladore beltza: fina, irudia markatzeko, eta lodia, punta alakadunekoa, irudiaren barrena betetzeko.
  • HB arkatza edo portamina.
  • A3 formatuko kartoi mehe zuria, beltza eta grisa.
  • Cutterra.
  • Ebakitzeko alfonbratxoa.
  • Bi aldeko zinta edo barra itsaskorra.

Iragarkiaren kodea: F2306300