99. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

96E/2023 EBAZPENA, apirilaren 11koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita dirulaguntzen deialdi bat, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta dauden turismoko enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko. DDBN identifikazioa: 687242.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak uste du behar beharrezkoa dela turismo sektorean egindako inbertsioak bultzatzen jarraitzea, turismo arloko azpiegituren eskaintza modernizatzeko, Nafarroaren irudiarekin bat datorren kalitate maila gorena eduki dezan; eta gainera, sektorearen eraldaketa digitala lortzeko prozesua bultzatu nahi du.

Jarduketa horiek aurreikusita daude Nafarroako Turismoaren Plan Estrategikoan (2018-2025), honako izena daraman helburu estrategikoaren barruan: "enpresa sarea indartzea eta turismoaren kalitatea, jasangarritasuna eta irisgarritasuna hobetzea". Helburu estrategiko horrek turismoko instalazio eta azpiegiturak modernizatu eta egungo bezeroaren beharrizan eta gustuetara egokitzea planteatzen du, sektorearen, eta, beraz, Nafarroak helmuga turistiko gisa duen lehiakortasuna hobetzen lagunduko duelakoan, ezinbestean.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, eta, hortaz, kasuan kasuko baremoaren aplikazioak zehaztuko du dirulaguntzak emateko hurrenkera.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabilita,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdi bat onestea, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta dauden turismoko enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 680.000 euroko gastua baimentzea dirulaguntzen deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko. Kopuru hori 2023ko gastuen Nafarroako aurrekontu orokorretako "Dirulaguntzak turismoko enpresa txiki eta ertainei. Lehiakortasuna hobetzea" izeneko 830001-83100-7709-432100 partidaren kontura finantzatuko da.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko apirilaren 11n.–Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

Dirulaguntzen deialdia Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta dauden turismoko enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko. Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea da Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta dauden turismoko enpresa txiki eta ertainentzako dirulaguntzak nola eman arautzea. Aipatutako dirulaguntzak dira ETE horiek inbertsioak egiteko, establezimendu turistikoak modernizatu eta berritzeko, Nafarroako bidaia agentzien, turismo aktibo edo kulturaleko enpresen ekipamendua hobetzeko, baita sektorearen eraldaketa digitalaren prozesuan beharrezkoak diren ekipamenduak eta garapen teknologikoak inplementatu eta bultzatzeko ere.

Deialdi honen xedea da turismoko azpiegituren kalitatea mantendu, sendotu eta hobetzea, turismoaren sektorea indartzearren eta lehiakorragoa izatearren; horrela, Nafarroak helmuga turistiko gisa duen irudi orokorra hobetzen laguntzeko.

2. oinarria. Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen gastu konpromisoak betetzeko baimendu den kreditua 680.000 eurokoa da.

3. oinarria. Inbertsioak gauzatzeko epea.

Inbertsioak 2022ko urriaren 15etik 2023ko urriaren 13ra bitartean gauzatu beharko dira, egun horiek barne. Ondorio horietarako, gauzatu direla ulertuko da baldin epe horretan egin, fakturatu eta ordaindu badira.

4. oinarria. Enpresa onuradunak.

1.–Betebehar orokor hauek betetzen dituzten enpresa txiki eta ertainek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

1.1. Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskaeran interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

1.2. Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

1.3. ETE eskatzaileek eratzen dutenean pertsona fisikoen edo juridikoen elkarte bat, edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean, ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar dute, behar adinako ahalmena duena onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko.

Kasu horietan, berariaz adieraziko dira dirulaguntzaren eskaera-orrian zer konpromiso hartzen dituen bere gain unitateko kide bakoitzak. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kide horiek ere onuraduntzat joko dira.

Ondorio horietarako, kontuan hartuko dira eskatzaileak Nafarroako Foru Ogasuneko entitateen erroldan duen inskripzio agirian ageri diren partaidetza portzentajeak, salbu eskatzaileak bestelako adierazpenik egiten badu.

1.4. ETEa izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritakoaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

1.5. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ezin izanen dira onuradun izan abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak betetzen ez dituzten enpresak (lege horrek merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen ditu).

Ordainketa epeak bete direla honela frogatuko da:

a) Kontabilitate arauekin bat galdu-irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen sozietateen kasuan, dirulaguntzaren eskaerarekin batera aurkeztu beharreko erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez.

b) Kontabilitate arauekin bat kontu hori aurkeztu ezin duten sozietateen kasuan, ziurtagiri baten bitartez, zeina Kontu Ikuskatzaileen Erregistro Ofizialean izena emandako auditore batek eman beharko baitu, enpresa bezeroaren ordainketen epe eraginkorra aztertu ondotik, enpresa hornitzailearen aurretiazko kobrantzarako edozein finantzaketa egonik ere.

Debeku hori modu automatikoan nabarmenduko da eta bere horretan jarraituko du hura zehazten duten inguruabarrak segitzen duten bitartean.

1.6. Baldintza orokorrak betetzen direla frogatzeko, eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da.

2.–Enpresa txiki eta ertain eskatzaileek berariazko baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta agertzea establezimendu turistikoaren, bidaia agentziaren edo turismo aktibo edo kulturaleko enpresaren titular gisa, 2022ko urriaren 1a baino lehenagotik.

Enpresa eskatzailea egun horretan titular gisa agertzen ez bada, baina Nafarroako Turismo Erregistroan titulartasunaren aldaketa tramitatzeko behar den dokumentazioa aurkeztu badu dirulaguntzaren eskaera aurkezten den egunerako beranduenez, betetzat joko da betekizun hori.

Frankizia araubidean dauden enpresen kasuan, baldintza hori bete dela ulertuko da laguntza eskatzen duen enpresa frankiziaduna Nafarroan dagoen establezimendu frankiziadunaren kudeatzaile gisa agertzen denean Nafarroako Turismo Erregistroan.

2.2. Web-orria izatea, eguneraturik eta jardunean, eta posta elektronikoa ere jardunean. Enpresa baldin bada enpresa-talde bateko kide, baldintza horiek betetzat joko dira enpresa eskatzaileari dagokion enpresa-taldeak web-orri korporatiboa eta posta elektronikoa baditu.

2.3. Norainoko heldutasun digitala duen zehazteko autoebaluazio galdetegia egin izana, https://turismo.labtdnavarra.com/ online plataformaren bidez, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak sustatutako turismoko enpresen eraldaketa digitalerako laborategi proiektuaren barruan. Galdetegiak eskaera aurkezteko muga-egunean egina behar du, beranduenez, bestela eskatutako laguntza ukatuko baita.

3.–Establezimendu turistikoek eta bidaia agentziek, gainera, baldintza hauek bete behar dituzte eskaera aurkezten duten egunerako:

3.1. Ostatuen establezimenduak.

Ekonomia-jardueren gaineko zergaren (aurrerakoan EJZ) epigraferen batean alta emanda egon behar dute, 681.etik 687.era arteko taldeetan, biak barne, ondoko modalitateren batean:

–Hotel establezimenduak (hotelak, hostalak eta pentsioak).

–Landetxeak.

Onartuko dira, baita ere, EJZn 861. edo 862. taldeetan alta emanda daudenak ("Hiri-lurreko ondasun higiezinen alokairua" eta "Landa-lurreko ondasun higiezinen alokairua", hurrenez hurren).

–Apartamentu turistikoak.

Onartuko dira, baita ere, EJZn 861. edo 862. taldeetan alta emanda daudenak ("Hiri-lurreko ondasun higiezinen alokairua" eta "Landa-lurreko higiezinen alokairua", hurrenez hurren).

–Kanpaleku turistikoak.

–Aterpetxe turistikoak.

3.2. Jatetxeak.

EJZn alta emanda egon behar dute, 671. taldean. "Jatetxe zerbitzuak".

Karta gutxienez hiru hizkuntzatan eduki behar dute.

3.3. Bidaia agentziak.

EJZn alta emanda egon behar dute, 755. taldean, "Bidaia agentziak".

3.4. Establezimendu turistikoek ez dute eduki behar konpondu gabeko okerrik beren instalazioetan. Hau aplikatuko da Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalak horren harira errekerimendurik jakinarazten badu eta horretarako epea amaitu denean enpresak ez badu egin zaion errekerimendua bete.

3.5. Ez dira diruz lagunduko industrialdeetan, merkataritza guneetan edo zerbitzu guneetan kokatutako jatetxeak.

4.–Organo kudeatzaileak egiaztatuko du 2.1 eta 3.4 apartatuen baldintza espezifikoak betetzen direla, Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalaren bidez; eta organo kudeatzaileak egiaztatuko du gainerako baldintzak betetzen diren. Zehatz esateko, EJZ egiaztatzeko, Nafarroako Jarduera Ekonomikoen Erregistroko informazioa hartuko da kontuan, web lotura honetan: https://hacienda.navarra.es/RegistroIAE.web/Registro.aspx.

5.–Eskaeren tratamendua kasu zehatz batzuetan.

Etxebizitza partikularrak ukitzen dituzten proiektuen kasuan, eskaerak argi bereiziko ditu establezimendu turistikoari dagokion zatia, eta, betiere, diruz lagunduko da, bakar-bakarrik, jarduera turistikorako erabiltzen diren inbertsioen zati proportzionala, establezimendu turistikoarekin zuzeneko eta zalantzarik gabeko lotura duena.

5. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak.

1.–Honako inbertsio proiektu hauek izanen dira diruz lagungarriak:

1.1. Energia-efizientziako proiektuak.

Hemen onartuko dira Nafarroan kokaturik dauden ostatu establezimendu turistikoetarako eraikinetan edo eraikin multzoetan egindako jarduketak, hautagai ez direnak turismo-enpresetako energia-efizientziako eta ekonomia zirkularreko proiektuetarako laguntzen deialdian (Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren abenduaren 30eko 265E/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen deialdi hori).

Horrez gain, jarduketa diruz lagungarriak honako kasu hauetakoren batean egonen dira:

ERAIKINA ERAIKI ZEN URTEA

ENERGIA-KALIFIKAZIOA
(LETRA) GAUR EGUN

NAHITAEZ LORTU NAHI DEN HELBURUA, AURREIKUSITAKO
JARDUKETEN BIDEZ

A) 2007/01/01 baino lehenago

A, B

Energia primario berriztaezinaren kontsumoa murriztea

B) 2007/01/01 ondoren

A

Letra mantentzea eta energia primario berriztaezinaren kontsumoa murriztea

B

Letra hobetzea, maila batean, edo mantentzea, eta energia primario berriztaezinaren kontsumoa murriztea

C, D, E, F, G

Letra hobetzea, maila batean gutxienez, eta energia primario berriztaezinaren kontsumoa murriztea

Horrez gain, jatetxe, bidaia agentzia eta turismo aktibo edo kulturaleko enpresetan egindako jarduketak onartuko dira, edozein dela ere eraikina eraiki zen urtea, baldin eta aurreko taulan adierazitako kasuren batean badaude eta hartan ezarritako helburuak betetzen badituzte.

Honelako jarduketak diruz lagunduko dira:

a) Energia-efizientzia hobetzea eta energia berriztagarriak erabiltzea berokuntza, klimatizazio, hozte, aireztatze eta etxeko ur beroaren instalazio termiko indibidualetan, zenbait eraikinetako konplexu turistikoetarako energia-iturri berriztagarriek edo hondar-beroak elikatutako bero eta hotz sareen instalazioa barne.

b) Argiztapen instalazioen energia-efizientzia hobetzea.

2. balorazio irizpideko puntuazioa aplikatze aldera, proiektu mota horretan eskaera bat egin dela joko da, baldin eta aurreikusitako jarduketen zenbatekoa, energia-efizientziako proiektuei zuzenean egotz dakiekeena, handiagoa bada dirulaguntzaren xede den proiektu globalaren zenbatekoaren %80 baino.

–Aurretik adierazitako inguruabarrak nahitaez enpresa edo profesional eskudun batek egiaztatu beharko ditu, bai eskaera aurkezteko unean bai eginiko jarduketen justifikazioa aurkezteko unean.

–Proiektuarekin batera, eskaera aurkeztean, ez bada aurreko paragrafoan eskatutako egiaztagiria aurkezten, proiektuak ez du jasoko proiektu mota horretarako baremoaren 2. balorazio irizpidean ezarritako puntuazioa.

1.2. Establezimendu turistikoan, mugikortasun urria dutenen edo bestelako muga fisiko, psikiko edo zentzumeneko bat dutenen irisgarritasuna hobetzeko instalazioak eraberritzeko, egokitzeko edo hobetzeko obrak eta jarduketak, baita oztopo arkitektonikoak eta zentzumenetakoak kentzekoak ere.

Eskaera bat proiektu klase horretakotzat joko da, jarraian zerrendatzen diren baldintzak betetzen baditu. Hala bada, baremoaren 2. balorazio irizpideari dagokion puntuazioa lortuko du:

–Irisgarritasunaren arloan egin gogo diren jarduketen zenbatekoak gainditu behar du dirulaguntzaren xede den proiektu orokorraren zenbatekoaren %80.

–Jarduketek Irisgarritasun Unibertsalari buruzko ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legea bete beharko dute, eragiten dien heinean.

–Aurretik adierazitako inguruabarrak nahitaez enpresa edo profesional eskudun batek egiaztatu beharko ditu, bai eskaera aurkezteko unean bai eginiko jarduketen justifikazioa aurkezteko unean.

–Proiektuarekin batera, eskaera aurkeztean, ez bada aurreko paragrafoan eskatutako egiaztagiria aurkezten, proiektuak ez du jasoko proiektu mota horretarako baremoaren 2. balorazio irizpidean ezarritako puntuazioa.

1.3. Establezimendu turistikoaren kategoriari eusteko edo handiagotzeko eraberritze, berritze, hobetze eta egokitze obrak.

Bereziki, bidaia agentzien kasuan, inbertsio mota hauek beren instalazio edo establezimendu fisikoetan onartzen ahalko dira, baldin eta horiek kalearen maila berean badaude, publikoari aurrez aurre arreta ematen zaion puntua badira eta jarduerari dagokion zerbitzua ematen bada. Sekula ez da onartuko lokal edo instalazio hauen eraberritzea baldin eta, soilik edo nagusiki, enpresaren langileen erabilerarako bulegoetarako erabiltzen badira, publikoa, bisitariak edo turistak hartu gabe.

Turismo aktibo edo kulturaleko enpresen kasuan, enpresak izan ditzakeen instalazio edo azpiegituretan gauzatutako inbertsioak onartuko dira baldin eta instalazio edo azpiegitura horiek nagusiki bideratzen badira Nafarroako Turismo Erregistroan turismo aktibo edo kulturaleko enpresa gisa inskribatzeko oinarri izan ziren jardueretara. Inbertsioak ez dira onartuko gauzatzen badira enpresak egin ditzakeen gainerako jardueretara bideraturik –ostalaritza-, kirol-, prestakuntza-jarduerak eta abar, EJZren zein epigrafetan alta emanda dagoen, horren arabera–.

1.4. Zikloturistentzako instalazioak edo zerbitzuak hobetzea.

Zikloturistari hainbat zerbitzu emateko aukera ematen duten instalazioak eta azpiegiturak –esaterako, bizikletak gordetzeko espazioak, tailerretarako espazioak, garbitzeko guneak eta abar– egokitzea xede duten inbertsioak onartuko dira, bai eta aktibo finkoak, bizikletak eta zerbitzu horiek emateko beharrezko ekipamendua eskuratzekoak ere.

Eskaera bat proiektu klase horretakotzat joko da, jarraian zerrendatzen diren baldintzak betetzen baditu. Hala bada, baremoaren 2. balorazio irizpideari dagokion puntuazioa lortuko du:

–Zikloturistentzako instalazioak edo zerbitzuak hobetzeko inbertsioetan egin gogo diren jarduketen zenbatekoak gainditu behar du dirulaguntzaren xede den proiektu orokorraren zenbatekoaren %80.

–Enpresak parte hartu behar izan du produktu zikloturista bat sortzeko 2021ean edo 2022an egin ziren ikastaroetako baten tutoretza programan (Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak sustatutakoa).

1.5. Establezimendu turistikoko, turismo aktibo edo kulturaleko enpresen edo bidaia agentziaren altzariak eta ekipamendua eskuratzea.

Turismo aktibo edo kulturaleko enpresen kasuan, onartuko dira Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzea justifikatu zuen jardueraren berezko eta beharrezko ekipamenduan egindako inbertsioak.

1.6. Garapen teknologikoko inbertsioak.

Diruz lagungarritzat jotzen dira enpresaren jarduera kudeatzeko garapen teknologikoetan, digitalizazioan eta merkaturatze-sistemetan hobekuntzak egiteko inbertsioak, honako hauek esaterako: kontabilitate sistemak eta soluzioak; CRM (bezeroen kudeaketa); enpresa kudeaketako soluzioak (ERP), hotel kudeaketako soluzioak;ostalaritzarako saltokiko terminala, zaintzako eta adimen lehiakorreko sistemak (Big data eta adimen artifiziala); seinaletika digitala, establezimenduetarako kontrol, monitorizazio eta kudeaketarako soluzioak, enpresa-efizientziara bideratutakoak; salmenta-puntuak eta hari lotutako marketina kontrolatzeko loT soluzioak (gauzen Internet-a); erreserbarako softwareak, eta antzekoak.

Halaber, diruz lagungarriak izan daitezke jada dituzten web-orriak egokitzeko inbertsioak, eskaintzen dituzten zerbitzuak online kontratatzeko edo erreserbatzeko sistemak web-orrietan txertatzekoak, bai eta web-orriak desgaitasunen bat duten pertsonentzako moldatzekoak ere.

Inbertsioek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Tresna informatikoen ezarpena sistema estandarretan edo neurrira egindako garapenen bidez garatu beharko da, eta gailu mugikorretara egokitua egon beharko da.

–B2C merkataritza elektronikoaren plataformek aukera eman beharko dute enpresa eskatzaileak merkatuan jartzen dituen produktu edo zerbitzuak kontratatzeko, eta online ordainketen transakzioak denbora errealean egiteko.

Eskaera bat mota horretako proiektutzat hartzeko, garapen teknologikoaren arloan egin beharreko jarduketetarako aurreikusitako zenbatekoak dirulaguntzaren xede den proiektu osoaren zenbatekoaren %80 gainditu behar du.

2. oinarria.–Dirulaguntza jaso dezaketen inbertsioak.

2.1. Obra hauek: barne-isolamendua, saneamendua, elektrizitatea, segurtasun-sistemen instalazioa, berokuntza-sistemak, klimatizazioa, igeltserotza, iturgintza, zurgintza, instalazioak, etab.

2.2. Zerbitzu tekniko profesionalengatiko ordainsariak, ezinbestekoak eta proiektu diruz lagungarriak gauzatzearekin zuzenean lotutakoak; soil-soilik, proiektua idazteko, obra zuzentzeko, ingeniaritzako eta dekorazio edo instalazio proiektuen gastuak. Kontzeptu horiengatik, diruz lagungarritzat onartuko da aurreikusitako inbertsio diruz lagungarrien aurrekontuaren %10, gehienez ere, baina gastu horiek ez dira kontuan hartuko 6. oinarrian eskatutako inbertsioen gutxieneko zenbatekoak lortzeko.

Dirulaguntza ordaintzeko unean, kontzeptu horiekin justifikatutako gastutzat joko da justifikatutako gauzatze materialaren zenbatekoaren %10era arte, gehienez. Ondorioz, gastu mota hori bakarrik justifikatzen bada, ezin izanen da emandako dirulaguntzaren inolako ordainketarik egin.

2.3. Eskaintzen diren jarduerak egiteko beharrezkoak diren ekipamenduak eta aktibo finkoak erostea, baita instalazio eta lokaletako altzariak erostea ere, inbertsioak badira, eta ez birjarpen, mantentze-lan edo kontserbazioa, eta jarduera turistikoarekin zuzenean lotutako erabilera baldin badute.

3.–Honako kontzeptu hauek ez dira diruz lagungarriak:

–Sarbideetako obra edo konponketak salbu turismorako erabiltzen den jabetzaren zatirako badira.

–Erremintak, tresnak eta ekipamendua erostea, eta establezimenduaren, bidaia agentziaren edo turismo aktibo edo kulturaleko enpresaren zerbitzuekin zuzenki lotuta ez dauden instalazioetako eta azpiegituretako inbertsioak. Ondorio hauetarako, kontuan hartuko da Nafarroako Turismo Erregistroko informazioa, enpresaren inskripzioari edo jarduerari buruzkoa.

–Etxeko gauzak, arropa zuria eta etxetresna elektriko txikiak eta birjartze balioa duten ekipamenduak, salbu eraberritze integraleko proiektu baten parte badira.

–Garraiobideak, lotura esturik ez badute enpresaren jarduera nagusiarekin eta ezinbestekoak ez badira horren jarduera turistikorako. Halakoetan, aurkeztutako aurrekontuaren %50 baizik ez da izanen diruz lagungarria, soilik Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak beren potentzial kutsakorraren arabera honela katalogatutako ibilgailuetan (http://www.dgt.es/es/seguridad-vial/distintivo-ambiental/): "zero isurikoak" motan (itsasgarri urdina), "eko" motan (itsasgarri urdina eta berdea), eta "berde" motan (itsasgarri berdea).

–Leasing bidez finantzatutako jarduketetako inbertsioak.

–Ekipamendu informatikoak, ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, tabletak, inprimagailuak eta telefono mugikorrak.

–Web-orrien mantentze-lanak, domeinua edo hosting-a berritzea, etab.

–Edozein programa edo aplikazio informatiko mantentzeko lanak, sare sozialen kudeaketa, etab.

–Zikloturistentzako arropa, oinetakoak, kaskoak eta ekipamendua, baita bizikletak konpontzeko tresnak eta osagarriak ere.

–Establezimendu turistikoaren perimetrotik kanpo egindako inbertsioak.

–Higiezinak eta lurrak erostea.

–Aktibo finko erabiliak.

–Margotzeko eta papereztatzeko lanak, osorik eraberritzeko proiektu baten parte ez badira.

–Enpresak bere ibilgeturako egindako lanak.

–Edozein eratako zergak, lizentziak, baimenak edo antzeko gastuak.

–Igerileku berriak eraiki edo instalatzeko lanak, bai eta urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretua betetzen ez duten igerilekuetan egindako inbertsioak ere.

–Establezimendu turistikoaren mantentze-lanak. Horrelakotzat joko dira aldizka egiten direnak eraikina eta haren instalazioak erabiltzeko egoera ezin hobean mantentzeko (zorrotenak garbitzea, margotzea, zurgintzako konponketak, berokuntza sistemak doitzea, ur bero sanitarioa, klimatizazioa eta abar).

6. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Dirulaguntzaren zenbatekoa diruz lagun daitezkeen inbertsioaren zenbatekoaren gainean %35eko ehunekoa aplikatuta eskuratzen dena da (BEZa kanpo).

2. Gehieneko dirulaguntza 35.000 eurokoa izanen da enpresa onuradun bakoitzeko.

3. Honako hau da eskaera bakoitzeko eskatzen den gutxieneko inbertsioa (BEZa kanpo):

ESTABLEZIMENDU EDO ENPRESA MOTA

GUTXIENEKO INBERTSIOA

Mikroenpresa

Enpresa txikia

Enpresa ertaina

Establezimendu turistiko orokorrak

6.000

9.000

15.000

Landetxeak, apartamentu turistikoak eta bidaia agentziak

3.000

5.000

9.000

Turismo aktibo edo kulturaleko enpresak

2.000

3.000

5.000

7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1.–Eskaerak aurkezteko epea 21 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.–Eskaerak aurkezteko modua.

a) Pertsona juridikoen kasuan eta pertsona fisikoen edo juridikoen elkarteen kasuan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean.

Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Empleo+y+Economia/Sector+turistico/Subvenciones.htm (hemendik aitzina, laguntzaren fitxa). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erregistro orokor elektronikoan sartzeko.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko eta baliabide telematikoen bidez aurkezteko. Ondorio horietarako, zuzenketa zer egunetan egin den, eskaera egun horretan aurkeztu dela joko da.

b) Pertsona fisikoen kasuan.

Ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, a) letran ezarritako moduan, edo bestela aurrez aurre, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako erregistroetako edozein erabiliz.

3.–Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den inprimakia erabiliz eginen dira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

4.–Turismo enpresa bakoitzak eskaera bat aurkeztuko du, ez bada eraikin edo instalazio ezberdinetan, bereizietan, erabat banatuetan eta Nafarroako Turismo Erregistroan inskripzio-kode ezberdinak dituztenetan egin beharreko proiektuak. Kasu horretan establezimendu turistiko bakoitzeko eskaera bana aurkeztuko da.

Baldin eta erakin, instalazio, konplexu, espazio edo azpiegitura batean badaude enpresa bereko hainbat establezimendu turistiko, enpresak eskaera bakarra aurkeztuko du multzoan eginbehar dituen inbertsio guztiengatik.

5.–Laguntzak eskatzeko behar diren agiriak.

Honako agiri hauek aurkeztu behar dira (eskaera telematikoa bada, dokumentu bereizietan eskaneatuak eta behar bezala identifikatuak):

5.1. Enpresa eskatzailearen gaineko dokumentazioa.

Eskaera-orriak honako adierazpen hauek ditu:

a) Erantzukizunpeko adierazpen bat, frogatzeko betetzen direla 4.1 oinarrian eskatutako betebehar orokorrak.

b) Erantzukizunpeko adierazpen bat, jasotako beste dirulaguntza batzuei eta de minimis laguntzei buruzkoa (13. oinarrian aipatzen dira).

c) Erantzukizunpeko adierazpen bat, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean dauden eskatzaileek adierazi ahal izateko, hala badagokie, onartzen dutela beste portzentaje batzuk aplikatzea dirulaguntzaren ondoriozko konpromisoetan parte hartzeko, baldin eta portzentaje horiek badira Nafarroako Zerga Ogasuneko entitateen erroldan inskribatzeko egiaztagirian jasota daudenak ez bezalakoak.

d) 2. eta 10. balorazio irizpideetan ezarritako puntuazio aplikatzeko, prestakuntza-ikastaro jakin batzuetara joateagatik, prestakuntza hori egiteko konpromisoa hartzeko erantzukizunpeko adierazpena.

e) Transferentzia bidez kobratzeko eskaera, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari zuzendua (Diruzaintza Atala), baldin enpresa eskatzaileak lehenbizikoz kobratzen baditu laguntzak, edo abonatzeko kontua aldatu nahi izanez gero.

5.2. Jarduketa diruz lagungarriei buruzko dokumentazioa.

a) Dirulaguntza zer proiektutarako eskatzen den, horren deskripzio-memoria, gutxienez ere informazio hau jasoko duena:

–Inbertsioak egitera bultzatzen duten arrazoiak eta proiektua gauzatuz lortu nahi diren helburuak.

–Diruz lagunduko den aldiaren barruan egin diren edo egiteko diren jarduketen deskribapena.

–Proiektua gauzatzeko faseak, zenbat gauzatu den dirulaguntza-eskaera aurkezten denean, eta burutzeko aurreikusten diren epeak.

–Diruz lagungarria den epean egin diren edo egiteko diren inbertsioen zenbateko xehatua.

b) Aurrekontuak, kontzeptuka zehaztuta, edo proformako fakturak, edo fakturak jarduketak eginda badaude; ez dira inoiz onartuko eskatzailearen uste edo balioespenetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak. Ez dira onartuko 100 eurotik beherako aurrekonturik, ez proformako fakturarik ere (BEZa kanpo).

c) Hala badagokio, obra proiektu bisatua.

d) Obra proiektuen kasuan (5. oinarriko 1.2 eta 1.3 zenbakiak), laguntzaren eskaera-orriarekin batera aurkeztu beharko da honako agiri hauetako bat:

–Obra-lizentzia (obra handiak).

–Toki erakundeari egindako komunikazioa, obra txikiak direla-eta.

–Toki erakundearen ziurtagiria edo txostena, lizentzia edo baimen beharrik ezarena.

Aipatutako lehen edo hirugarren agiriaren ordez, toki erakundeari eskaera egin izanaren frogagiria aurkeztea onartuko da, laguntzaren eskaera-orriarekin batera betiere. Frogagiri horren data eskaerak aurkezteko muga-egunaren ostekoa bada, eskaera ez da onartuko.

Halakoetan, eskatzaileak konpromisoa hartuko du dirulaguntzaren justifikazioa aurkezteko azken egunean aurkezteko, beranduenez, obra-lizentzia edo lizentzia edo baimen beharrik ezaren ziurtagiria. Dokumentazio hori epean aurkezten ez bada, deklaratuko da emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela.

Obra txikiak egiteko komunikazio-agiria dirulaguntzaren eskaera-orriarekin batera aurkeztuko da, eta haren data ezin izanen da izan eskaerak aurkezteko muga-egunaren ostekoa.

e) Energia-efizientziako proiektuen kasuan:

–Enpresa edo profesional eskudun baten akreditazioa, inbertsio proiektua "energia-efizientziakoa" dela adierazten duena.

–Eraikinaren egungo energia-efizientziaren ziurtagiria.

–Letra-saltoa eskatzen zaien eraikinen kasuan, lortu gogo den energia-efizientziaren ziurtagiria, laguntzaren xede diren jarduketak ekainaren 1eko 390/2021 Errege Dekretuaren arabera egin ondoren; horrela frogatu beharko da laguntza eskatzen duen proiektuak bidea emanen duela gutxienez letra bateko saltoa egitea, karbono dioxidoaren isurien eskalaren arabera neurtua (kg CO2/m² urtea).

–Jarduketen xede izanen den higiezinaren katastro datuen kontsulta, frogatzeko eraikina eraiki zeneko urtea 2007ko urtarrilaren 1 baino lehenagokoa edo ondorengoa den.

f) Hala badagokio, enpresa edo profesional eskudun baten ziurtagiria edo akreditazioa, inbertsio proiektua "irisgarritasuna hobetzekoa" dela adierazten duena.

g) Jatetxeek web esteka bat jarri behar dute eskaera-orrian, baieztatu ahal izateko karta hiru hizkuntzatan dagoela.

h) Gastu diruz lagungarria 30.000 eurotik gorakoa bada, erreforma, berritze eta egokitzeko obrak gauzatzeko kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipo ondasunak hornitzeko kasuetan (altzariak eta ekipamenduak erostea), eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuz eta hautatutakoa aukeratzeko arrazoiak emanez eskaeraren inprimakiko "Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa" apartatuan.

Eskatzaileak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada gastua. Edonola ere, alderdi horiek aipatu eskaera-orrian frogatu beharko dira.

Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa baizik ez da diruz lagunduko.

5.3. Dirulaguntzaren xede den jarduketa baloratzeko dokumentazioa.

1., 2., 3., 4. eta 5. balorazio irizpideak aplikatzeko, ez da inongo dokumentaziorik aurkeztu behar.

Gainerako balorazio irizpideak aplikatzeko, 8. oinarrian ezarritako dokumentazioa aurkeztu behar da laguntza eskaerarekin batera. Dokumentazio hori eskaera aurkezteko epetik kanpo aurkezten bada, aipatu irizpide horiei dagokien puntuazioa ez da aplikatuko.

6.–Eskaerak betebehar horiek betetzen ez baditu edo osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria. Dirulaguntzak emateko irizpideak.

1. Laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 6. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea aplikatuko zaie, aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

Baimendutako kreditua aski bada dirulaguntza lortzeko ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzuteko, ez da beharrezkoa izanen eskaeren lehentasun zerrenda prestatzea.

Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Eskatzaileren bati ezin bazaio eman legokiokeen laguntza osoa, laguntzak emateko ebazpena baino lehen 3 egun balioduneko epea emanen zaio adierazteko ea ados dagoen berarentzat aurreikusitako dirulaguntzaren zenbatekoarekin.

Proposatutako dirulaguntzarekin ados agertzen diren onuradunek dirulaguntza osagarria jasotzen ahalko dute, halako batean aurrekontu-baliabide gehiago sortuz gero (onartutako dirulaguntzak baino dirulaguntza txikiagoak ordaindu direlako edo onartutako dirulaguntzei uko egin zaielako), bakar-bakarrik baldin eta onartutako laguntza kreditu nahikorik egon balitz legokiekeena baino %75 txikiagoa bada.

Emakida osagarri hori zer egunetan egiten den, epe berri bat ezartzen ahalko dira diruz lagundutako jarduketa egin eta justifikatzeko, deialdiaren zerbitzu kudeatzaileak laguntzaren espedientea amaitu ahal izan dezan 2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorrak ixteko eta likidatzeko arauak onesten dituen Foru Aginduak ezartzen dituen epeetan.

3. Hauek dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

1. irizpidea.–Aurreko urteetan emandako dirulaguntzak.

Kontuan izanik zer laguntza eman zaion enpresa eskatzaileari Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak tramitatu dituen ETE turistikoen lehiakortasuna hobetzeko deialdietan (2020., 2021. eta 2022. urteetan), honako puntuazio hau emanen da:

2020. ETA 2022. URTEEN ARTEAN EMANDAKO DIRULAGUNTZEN ZENBATEKOA

PUNTUAK

Dirulaguntzarik ez

20

2.000 euro bitarte

15

2.001 eurotik 5.000 eurora

10

5.001 eurotik 10.000 eurora

5

10.001 eurotik 15.000 eurora

2

15.000 eurotik gora

0

Dirulaguntzei uko egin bazitzaien kasuan kasuko deialdietan ezarritako epeen barnean, ez dira emandako dirulaguntzatzat hartuko, eta alderantziz.

2. irizpidea.–Inbertsio proiektuaren mota.

PROIEKTU MOTA

OINARRIZKO PUNTUAZIOA

PUNTUAZIO OSAGARRIA, PRESTAKUNTZAGATIK ETA BERARIAZKO TUTORETZAGATIK

Efizientzia energetikoa

25

5 (1)

Irisgarritasuna hobetzea eta oztopo arkitektonikoak ezabatzea

25

5 (2)

Garapen teknologikoa

15

5 (2)

Zikloturistentzako instalazioak edo zerbitzuak hobetzea

15

0

Gainerako proiektuak

0

5 (3)

Proiektu mota bakoitzaren araberako puntuazioa esleituko da, eta horrez gain, honako puntuazio osagarri hauek esleitzen ahalko dira jarraian ezarritakoa betetzen bada, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak sektore turistikoari zuzenduta ematen duen prestakuntza jakin batzuetara bertaratzeari edo bertaratzeko konpromisoari dagokienez:

(1) 2 ikastarotara bertaratzea: "Jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra enpresa turistikoetan" (2023an bertaratzeko konpromisoa) eta "Ostatu establezimendu turistikoaren kudeaketa jasangarria" (2022an emana).

(2) 2 ikastarotara bertaratzea: "Nola komunikatu eta merkaturatu turismo inklusiboan, genero ikuspegia txertatuta" (2023an bertaratzeko konpromisoa) eta "Irisgarritasun digitala turismoan" (2022an emana).

(3) Ikastaro hauetako tutoretzaren ondorioz sortutako proiektuak: "Barne-diseinuaren eta dekorazioaren garrantzia landaguneko ostatu establezimendu turistikoetan (2022an emana) eta "Barne-diseinuaren eta dekorazioaren garrantzia hiriguneko ostatu establezimendu turistikoetan" (2022an emana).

Puntuazio osagarria lortzeko, aipatu ikastaroetara bertaratu diren ofizioz egiaztatuko du Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalak.

2023ko ikastaroetara bertaratzea baloratuko da baldin eta eskaera-orriarekin batera erantzukizunpeko adierazpen bat aurkezten bada, prestakuntza horretara joateko konpromisoa hartuz. Konpromiso hori bete den justifikazio fasean egiaztatuko da, eta konpromisoa ez bada bete, eskaeraren puntuazioa berriro kalkulatuko da, irizpide horretan eskuratu zituen kalifikazio puntuak kenduta.

3. irizpidea.–Enpresaren tamaina.

Ondorio horretarako aurkeztu den erantzukizunpeko adierazpenaren arabera, puntuazio hau emanen da:

ENPRESAREN TAMAINA

PUNTUAK

Mikroenpresa

6

Enpresa txikia

4

Enpresa ertaina

2

4. irizpidea.–Enpresa eskatzailearen EJZko epigrafearen arabera:

EJZko EPIGRAFEA

PUNTUAK

681. taldetik 687. taldera. Ostatu arloko zerbitzuak

4

Turismo aktibo eta kulturaleko enpresak, eta beste atal batzuetan aintzat hartzen ez diren baina turismo erregistroan inskribatuta dauden gainerako turismo enpresak

4

671 taldea. Jatetxe zerbitzuak

2

755 taldea. Bidaia agentziak

2

861 taldea. "Hiri-lurreko ondasun higiezinak" eta 862. taldea "Landa-lurreko ondasun higiezinen alokairua"

0

Enpresa alta emanda badago lehen esandako multzoetako batzuetan, eskaerari emanen zaizkio puntuazio handieneko EJZri dagozkion puntuak.

Irizpide honetako puntuazioa 4 izanen da gehienez ere.

5. Irizpidea.–Web-orriaren itzulpena.

Enpresaren web-orria zenbat hizkuntzetara itzulita dagoen, puntuazio hau esleituko da:

HIZKUNTZAK

PUNTUAK

Gaztelania + hizkuntza bat

1

Gaztelania + 2 hizkuntza

3

Gaztelania + 3 hizkuntza edo gehiago

4

6. irizpidea.–Enpresaren titularrek edo bere zerbitzuko langileek ikastaro edo jardunaldietan parte hartzea, turismoaren jardunarekin edo establezimendu turistikoaren kudeaketarekin lotura badute.

2020ko urtarrilaren 1etik eskaerak aurkezteko muga-egunera arte jasotako prestakuntza hartuko da kontuan, eta, ondorio horietarako, frogagiriak aurkeztu beharko dira, eta honako puntuazio hau aplikatuko da:

PRESTAKUNTZA ORDUAK

PUNTUAK

75 ordutik gora

5

51 ordutik 75 ordura bitarteko prestakuntza

4

26 ordutik 50 ordura bitarteko prestakuntza

3

10 ordutik 25 ordura bitarteko prestakuntza

2

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak emandako prestakuntza ofizioz egiaztatuko du Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalak; beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako ikastaro edo jardunaldietan parte hartu izana egiaztatzeko agiriak, aldiz, nahitaez entregatzekoak izanen dira.

7. irizpidea.–Turismo enpresen eraldaketa digitalerako laborategiaren prestakuntza-ibilbidea.

8 punturekin baloratuko da turismo enpresen eraldaketa digitalerako laborategian gomendatutako prestakuntza amaitu izana, balorazio positiboarekin amaitu ere, eskaera aurkezteko muga-eguna baino lehenagoko edizioren batean, edo, bestela, inskripzioa egin izana turismoko laborategi digitaleko 2023ko ediziorako, eta balorazio positiboarekin amaitzea.

Puntuazio hori aplikatzeko, zerbitzu kudeatzaileak ofizioz egiaztatuko du, aipatu laborategiko bulego teknikoaren laguntzaz, zer enpresak parte hartu duten laborategi digitaleko aurreko edizioren batean, edo zer enpresa onartu diren azkenean 2023ko edizioan.

8. irizpidea.–Turismo Erregistro Ofizialean inskribatutako elkarte turistiko batekoa izatea.

Eskatzaileak frogatzen badu Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta dagoen turismo elkarte bateko partaide dela deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik, 3 puntu emanen zaizkio.

Turismo elkarteak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, eta hartan, besteak beste, eskatzailea elkartekide egin zen data agertuko da. Datu hori agertzen ez bada, ez zaio aipatu puntuazioa esleituko.

9. irizpidea.–Atxikipena Kontsumoko Arbitraje Sistemari.

Eskatzailea atxikita badago Kontsumoko Arbitraje Sistemari deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik, 2 puntu emanen zaizkio.

Organo kudeatzaileak egiaztatuko du irizpide hori, Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuarekin batera, bakar-bakarrik eskatzaileak eskaera-orrian horretarako ezarritako erantzukizunpeko adierazpena bete badu.

10. irizpidea.–Genero berdintasunaren arloko prestakuntza berariazkoa eta berdintasun-planak.

Indarreko arauekin bat enpresa ez badago beharturik berdintasun-plan bat prestatzera baina frogatzen badu 2020ko urtarrilaren 1az geroztik berdintasun-plan bat ezarri duela, berdintasunaren arloan neurriak hartu dituela edo berariazko prestakuntza jaso duela, 3 puntu emanen zaizkio gehienez, honela:

–Enpresak frogatzen badu berdintasun-plan bat duela onetsita eskaera aurkezteko egunean: 3 puntu.

–Enpresak berdintasun arloko neurriak hartu baditu: puntu bat horietako bakoitzeko.

–Enpresak berariazko prestakuntza jaso badu berdintasunaren arloan: puntu bat langileei emandako 8 prestakuntza-orduko.

Berdintasun-plana aurkeztu beharko da, halakorik badago, bai eta berdintasunaren arloan neurriak hartu izana edo prestakuntza jaso izana frogatzeko agiriak ere.

Deialdia kudeatzen duen organoak aholku eskatzen ahal dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, laguntza eskatzen duten enpresek aurkeztutako agiriak baloratzen lagundu dezan.

Nolanahi ere, enpresak laguntzaren eskaera-orrian adierazi beharko du konpromisoa hartzen duela "Nola komunikatu eta merkaturatu turismo inklusiboan, genero ikuspegia txertatuta" ikastaroa (Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak antolatua) egiteko, hori baldin eta deialdi hau argitaratzen bada ikastaroa egiteko data baino lehen. Konpromisoa bete den justifikazio fasean egiaztatuko da, eta betetzen ez bada, eskaeraren puntuazioa berriro kalkulatuko da, irizpide honetan lortu zituen kalifikazio puntuak kenduta.

11. irizpidea.–35 urtetik beherakoak kontratu mugagabearekin kontratatzea.

Deialdia argitaratzen den egunean indarrean den 35 urtetik beherako pertsona baten lanaldi osoko kontratu mugagabearen kopia aurkezten bada, 2 puntu esleituko dira.

Kontratuak sinatua egon beharko du 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, eta indarrean beharko du eskaera aurkezteko egunera arte.

12. irizpidea.–Aitortzak eta ziurtagiriak.

Puntuazio hau emanen da, eskaera aurkezten den egunean enpresak indarrean dituen ziurtagirien arabera:

AITORTZA EDO ZIURTAGIRI MOTA

PUNTUAK

Kalitate turistikoaren Q ziurtagiria

5

EMAS (EB 1221/2009 Erregelamendua)

5

ISO14001 Ingurumenaren kudeaketa

5

ISO 50001 Efizientzia energetikoaren kudeaketa

5

ISO 21401. Jasangarritasuna kudeatzeko sistema ostatuetan.

5

UNE170001 Irisgarritasun unibertsalaren kudeaketa

5

Ecolabel etiketa

5

"Kalkulatzen dut-murrizten dut" zigilua

5

Eskumena duen entitate egiaztatzailearen ziurtagiria edo aitortza baduela adierazten duen ziurtagiria aurkeztuko da.

Kontzeptu honengatik 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

13. irizpidea.–Nazioartean ospea duten aitortzak.

Eskaera aurkezten den egunean enpresak indarrean badauka nazioartean ospea duen aitortzaren bat bere jardunarengatik, 5 puntu emanen dira, eta ondorio hauetarako, horixe frogatzen duen ziurtagiria edo dokumentazioa aurkeztuko da.

4. Puntu berdinketa izanez gero, irizpide hauek aplikatuko dira bata bestearen atzetik:

a) Dirulaguntza aurkezteko unean inbertsio guztiak gauzatuak dituzten eskaerak, eta lehentasuna emanen zaie diruz lagungarria den inbertsiorik handiena dutenei.

b) Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatu ziren data; lehentasuna emanen zaie antzinatasun handiena dutenei.

c) 1. balorazio irizpidearen arabera dirulaguntza txikiena jaso duten eskaerak.

9. oinarria. Laguntzak emateko prozedura.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak (Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua) aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiari dagokio.

Ebazpenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Onuradunen zerrenda, 8. oinarriaren arabera lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta laguntzaren zenbatekoa.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, berariazkoak izan edo presuntziozkoak, enpresa eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

10. oinarria. Inbertsioen justifikazioa.

1. Justifikazioa aurkezteko epea.

Noiznahi aurkezten ahalko dira egindako jarduketen frogagiriak, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi ondoren, eta, beranduenez, 2023ko urriaren 13an, egun hori barne.

2. Justifikazioa aurkezteko modua.

Justifikazioa 7.2 oinarrian aurreikusitako moduan aurkeztuko da, horretarako erabiliz laguntzaren fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko inprimakia, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaio.

Modu telematikoan aurkeztuz gero, laguntzaren fitxa erabiliko da; fitxa horretan esteka bat izanen da, horren bidez joateko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzen justifikaziorako erregistrora.

3. Egindako inbertsioak justifikatzeko dokumentazioa.

Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, eta, bide telematikoak erabiliz gero, eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira:

a) Azken txostena, eginiko inbertsio guztiak xehetasunez deskribatzen dituena, bai eta hasieran aurreikusitako proiektuan izandako desbideratzeak ere, halakorik bada.

b) Aurkezten diren fakturen zerrenda zehatza eta sailkatua, haiek diruz lagundutako kontzeptuen arabera elkartuta eta dataren arabera ordenatu eta zenbakituta, hornitzailea identifikatuta eta IFK zenbakia, fakturaren zenbakia, igorpen eguna, BEZik gabeko zenbatekoa, guztira ordaindutakoa eta noiz eta nola ordaindu den adierazita, laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen excel formatuko ereduarekin bat.

c) Egindako inbertsioei dagozkien fakturen kopia; Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira fakturak, eta, betiere, dirulaguntzaren onuradunaren izenean jaulki beharko dira. Ez da beharrezkoa eskaerari erantsitako fakturak aurkeztea.

100 eurotik beherako fakturarik ez da onartuko (BEZa kenduta).

d) Bankuko egiaztagiriak, fakturak ordaindu direla frogatzen dutenak.

Ordainketa onuradunak eginen du, banku transferentzia bidez, erreziboen zordunketa bidez edo enpresaren kreditu edo zordunketa txartela erabiliz. Ordainketaren egiaztagiritzat hartuko da adierazten duena ordainketa finantza entitate baten bidez egin dela eta enpresaren kontuan kargatu dela. Eskudirutan egindako ordainketak edo hartze-agiriak ez dira onartuko.

Ordainketaren egiaztagiri bakoitza dagokion fakturari lotuko zaio.

e) Dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruzko adierazpena: adierazi behar dira, dirulaguntza honetaz gain, dirulaguntzaren xedeko jarduketak finantzatu dituzten beste funts batzuen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts berekiak, bestelako baliabideak edo bestelako dirulaguntzak). Adierazpen hori justifikazio inprimakian berean eginen da.

f) Jarduketak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso duela iragartzeko betebeharra bete dela frogatzen duten argazkiak, frogagiriak edo web estekak, 12. oinarrian eskatutakoarekin bat.

g) Egindako jarduketen argazkiak:

–Establezimendu turistikoen birgaitze, berrikuntza, egokitzapen eta hobekuntzako edozein lan egiten bada, establezimendu turistikoaren kanpoko eta barneko argazkiak, ikusi ahal izateko egoera nolakoa den jarduketak egin baino lehen eta jarduketak egin eta gero.

–Altzariak edo ekipamendua erosten badira, diruz lagundu diren aktibo finkoen argazkiak.

h) Hala badagokio, enpresa edo profesional eskudun baten ziurtapena edo akreditazioa, erakusten duena hasierako "irisgarritasuna hobetzeko" proiektuak oraindik ere betetzen dituela 5.1.2 oinarrian ezarritako baldintzak, sailkapen horri eusteko.

i) Hala badagokio, enpresa edo profesional eskudun baten ziurtapena edo akreditazioa, erakusten duena hasierako "efizientzia energetikoko" proiektuak oraindik ere betetzen dituela 5.1.1 oinarrian ezarritako baldintzak, sailkapen horri eusteko.

Horrez gain, jarduketak egin ostean lortutako energia-efizientziaren ziurtagiria aurkeztuko da, egiaztatzeko amaierako energia kalifikazioaren letra zein den, eta erakusteko zer nolako hobekuntza lortu den, abiapuntuko egoeraren aldean.

j) Kasua bada, eta 7.5.2.d) oinarrian eskatutako dokumentazioa ez bazen dirulaguntzaren eskaerarekin aurkeztu, dagokion agiria: obra-lizentzia (obra handietarako) edo toki erakundearen ziurtagiria, lizentzia edo baimen beharrik ezaren gainekoa.

11. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa.

Justifikazio agiriak aztertuta, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari, eta txosten bat gehituko zaio, frogatzen duena entitate onuradunak betetzen dituela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebehar guztiak.

Laguntza ordaintzeko ebazpena 2023ko abenduaren 31 baino lehenago emanen da.

12. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntzak hartzen dituzten enpresek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Pertsona juridikoek, dirulaguntza emanen zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikaren bidez, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).

b) Diruz laguntzen diren inbertsioak oinarri hauetan ezarritako epeetan egin eta justifikatzea.

c) Laguntzen organo kudeatzaileari jakinaraztea, laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta biharamunean hasita hamar egun balioduneko epean, edo 2023ko irailaren 1ean beranduenez, uko egiten zaiola emandako dirulaguntzari, baldin jarduketa diruz lagungarriren bat edo guztiak ez badira ezarritako exekuzio aldian egin behar.

Komunikazio hori kontuan hartuko da oinarri honen 2. zenbakian ezarritako murrizketak aplikatzeko orduan.

d) Baimena eskatzea diruz lagundutako inbertsioan funtsezko aldaketak egiteko. Eskaera behar bezala justifikaturik egonen da, eta aldaketak egin baino lehen aurkeztu beharko da.

e) Dirulaguntzaren xedeko inbertsioak martxan jartzea edo, hala badagokio, establezimendu turistikoa jendearentzat irekitzea 2023ko abenduaren 31rako (egun hori barne), eta Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari irekiera-egunaren berri ematea. Epe horrek ez du esan nahi epe luzeagoa dagoenik dirulaguntzaren xede diren inbertsioak gauzatzeko; izan ere hura ezartzen da onuradunak baimena, lizentziak, erregistroko inskripzioa eta abar tramitatzeko.

f) Kasua bada, obra-lizentzia edo obrak egiteko lizentzia edo baimen beharrik ez dagoela ziurtatzeko agiria aurkeztea egindako inbertsioak justifikatzeko epearen barrenean.

g) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea, jakin bezain laster, deialdi honetan diruz lagundutako jarduketa bererako lortu den beste edozein diru-sarrera, dirulaguntza, babesletza eta abar.

h) Diruz lagundutako inbertsioen azken gauzatze maila %75etik beherakoa izatea aurreikusten bada, horren berri eman beharko zaio organo kudeatzaileari 2023ko irailaren 1erako, egun hori barne.

i) Diruz lagundutako ondasunak turismo jarduerari atxikirik edukitzea gutxienez 10 urtez, ondasun higiezinen kasuan, eta gutxienez 5 urtez, ondasun higigarrien kasuan, jarraian.

Garapen teknologikoko inbertsioetatik etorritako dirulaguntzaren bat jaso bada, gutxienez 3 urtez eduki behar dira jardunean diruz lagundutako merkaturatze turistikoko plataformak.

Dirulaguntza ordaintzen denetik hasiko da kontatzen epe hori.

Ondorio horietarako, ondasunak jarduera turistikoari atxikitzat joko dira, honako hiru baldintza hauek aldi berean betetzen direnean:

–Jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda etengabe azaltzea jarduera turistikoari dagokion epigrafean, adierazitako aldietan.

–Web-orri bat izatea, jardunean eta eguneraturik, aldi horietan.

–Enpresak Nafarroako Ogasunari diruz lagundu beharreko establezimendu turistikoaren negozioaren ustiapenaren diru sarreren aitorpenak aurkeztea, fakturazio positiboarekin.

j) Gerora sortutako arrazoi bat dela kausa, dirulaguntza jasotzen duen enpresak dirulaguntzaren xedeko establezimenduko jarduera turistikoa utzi behar baldin badu, xedearen gaineko betebeharra beteta dagoela ulertuko da, eta, beraz, ez da laguntza itzuli beharko, baldin eta bermatzen bada establezimendu horretan beste jarduera turistiko batek jarraituko duela (deialdian diruz lagungarriak izateko modukoak hartzen direnetako bat) eta han kokaturik jarraitzen badu dagokion epea bukatu arte.

Kasu honetan, establezimendu horretan jarduera turistikoa egiten jarraitzen duen enpresa subrogatu eginen da dirulaguntza jaso duen enpresa onuradunaren betebehar guztietan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.5 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Enpresa onuradunak nahitaez eta aurrerapen nahikoarekin jakinarazi beharko dizkio inguruabar horiek Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari. Bertan, gainera, jaso beharko da jarduera turistikoarekin jarraitzen duen enpresari jakinarazi zaiola, jakinaren gainean dagoela, eta bere gain hartzen dituela dirulaguntzaren enpresa onuradunak jasotako dirulaguntzatik eratorritako betebehar guztiak.

k) Dirulaguntzaren publizitate egokia ematea, ondotik zehazten den moduan eta 3 urtez, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik aurrera edo, hala badagokio, inbertsioak abian jartzen direnetik aurrera:

–Kartel bat jarriko da turismo establezimenduan, argi ikusteko moduko toki batean, laguntzaren fitxan eskura dagoen ereduaren arabera.

–Garapen teknologikoko inbertsioen kasuan, turismo aktibo edo kulturaleko enpresentzat eta bidaia agentzientzat ondoko testu hau enpresaren web-orrian txertatzea bakarrik izanen da nahitaezkoa. "Enpresa honek dirulaguntza jaso du turismoko enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko 2023ko deialdian".

–Sustapenerako materialean, halakorik badago, eta webgunean, Nafarroako Foru Komunitatearen marka turistikoa azaldu beharko da. Laguntza fitxan horretarako azalduko den loturaren bidez eskatu beharko da hori.

l) Ez da erabiliko emakumeak diskriminatzen duen irudirik jarduketetan, publizitate euskarrietan eta diruz lagundutako jarduerak zabaltzeko materialetan; emakumeen eta gizonen berdintasuna eta rolen pluraltasuna sustatuko da, eta hizkera inklusiboa erabiliko da. Halaber, ez da hizkera sexistarik erabiliko diruz lagundutako jardueraren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

m) Enpresen deslokalizazio kasuetan ere ez erortzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

n) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

ñ) Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak egin edo finantzatzen ahal dituen kanpaina guztietan aktiboki parte hartzea, sektorearen parte-hartzea behar denean.

o) Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalak emandako ikuskapen txostenean jasotako establezimendu turistikoaren gabeziak zuzentzea, horretarako ezarritako epean. Justifikaziorako aldia bukatutakoan zuzenketak egiteko epea bukatu baldin bada zuzenketa egin gabe, deklaratuko da onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu egin dela.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Zehazki:

a) Gardentasun betebeharra duten onuradunek eskatutako informazioa aurkezteko betebeharrari buruz (12.1.a) oinarrian ezarritakoa):

–Informazioa epez kanpo aurkezten bada, baina 2023ko urriaren 13ra arte (egun hori barne), ordaindu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da, eta, data horren ondoren aurkezten bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

–Onuradunak informazioa emateko betebehar hori betetzen ez badu, ez zaio onartutako dirulaguntza ordainduko, eta dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.

b) Justifikazio agiriak aurkezten badira 2023ko urriaren 14tik 2023ko urriaren 31ra bitarte (bi egun horiek barne), %5 murriztuko da ordaindu beharreko dirulaguntza. Egun horren ondotik aurkezten badira, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

c) Diruz lagundutako jarduketak prezio merkeagoan egiten badira (ezarritako epean gauzatu, fakturatu eta ordainduta), murrizketa hauek aplikatuko dira:

–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik %75era bitarteko prezioan egiten bada, azken dirulaguntzaren ordainketa murriztuko da: justifikatutako inbertsioaren ondoriozko dirulaguntzaren %50.

–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik beherako prezioan egiten bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

Murrizketa horiek ez dira aplikatuko onuradunak ezarritako epean aurkezten badu oinarri honetako 1.h) apartatuan aurreikusitako jakinarazpena.

Gauzatze maila zehazteko, diruz lagundutako inbertsioaren zenbatekoa eta 2023ko urriaren 31ra arte justifikatzen den inbertsio onartuaren zenbatekoa alderatuko dira.

Era berean, justifikatzen den inbertsio diruz lagungarria ezin da baxuagoa izan 6. oinarrian adierazitako gutxieneko inbertsioa baino. Izan ere, baxuagoa bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

d) Oinarri honen 1.i) edo 1.k) apartatuetan ezarritako epeak betetzen ez badira, zenbat denbora falta den betetzeko, horren araberako zuzeneko proportzioan zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa.

e) Turismoko laborategi digitaleko 2023ko deialdiaren prestakuntza ibilbidea balorazio positiboarekin amaitzeko hartutako konpromisoa betetzen ez bada, eskaeraren puntuazioa berriro kalkulatuko da, 7. balorazio irizpidean esleitutako puntuak kenduta.

Puntuazioa birkalkulatu osteko emaitzarekin ezin badu laguntzen onuradun izan, laguntza kobratzeko eskubidea galduko du.

f) Betetzen ez bada 8. oinarriko 2. irizpidean adierazitako prestakuntza egiteko konpromisoa (puntuazio osagarrikoa) edo 10. oinarrian adierazitako prestakuntza egitekoa, eskaeraren puntuazioa berriro kalkulatuko da, kasuan kasuko irizpidean esleitutako puntuak kenduta.

Puntuazioa birkalkulatu osteko emaitzarekin ezin badu laguntzen onuradun izan, laguntza kobratzeko eskubidea galduko du.

g) 10. oinarriko 3.h) puntuko justifikazio agiriak aurkezten ez badira, "irisgarritasuna hobetzeko" proiektuan egindako inbertsioek kalifikazio hori izaten jarraitzen dutela egiaztatzeko, kasuan kasuko irizpidean lortutako kalifikazio puntuak kenduko dira.

Puntuak kendu osteko emaitzarekin ezin badu laguntzen onuradun izan, laguntza kobratzeko eskubidea galduko du.

h) 10. oinarriko 3.i) puntuko justifikazio agiriak aurkezten ez badira, "irisgarritasuna hobetzeko" proiektuan egindako inbertsioek kalifikazio hori izaten jarraitzen dutela egiaztatzeko, aurreko apartatuan ezarritakoa aplikatuko da.

i) Oinarri honetako 1.e) apartatuan inbertsioak abian jartzeko edo jendearentzat irekitzeko ezarri den data betetzen ez bada (2023ko abenduaren 31), jasotako diru kopuru guztiak itzuli beharko dira, behar diren berandutze-interesekin batera.

13. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta "de minimis" laguntzen izaera.

1. Dirulaguntza hauek bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, jarduketa beretarako emandako beste laguntza batzuekin.

2. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua zehaztea (L 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa). Erregelamendu horren aplikazio aldia 2023ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

14. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ikusgai paratuko ditu, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean ( http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index ), honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak, halaber, laguntzen fitxan argitaratuko dira.

15. oinarria. Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatuta.

Iragarkiaren kodea: F2305753