95. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1349/2023 EBAZPENA, apirilaren 19koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita basozainen hogeita bederatzi lanpostu oposizio bidez betetzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan aritzeko.

Abenduaren 22ko 113/2021 Foru Dekretuaren bidez (2021eko 293. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 30ekoan), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako 2021eko lan publikoaren eskaintza partziala onetsi zen, Estatuko 2021eko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokiona. Foru dekretu horretan, besteak beste, basozainen lanpostu huts batzuk sartu ziren (funtzionario araubidekoak, C maila).

Abenduaren 14ko 114/2022 Foru Dekretuaren bidez (2022ko 261. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 29koan), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako 2022ko lan publikoaren eskaintza partziala onetsi zen, Estatuko 2022ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 22/2021 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokiona. Foru dekretu horietan, besteak beste, basozainen lanpostu huts batzuk sartu ziren (funtzionario araubidekoak, C maila).

Halaber, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren martxoaren 8ko 954/2023 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko basozainen lanpostu huts batzuk lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi zen. Lekualdatze-lehiaketa hori tramitazio fasean dagoenez, sartzeko deialdi honetan bete beharreko hogeita bederatzi lanpostuak lekualdatze-lehiaketa horren ondorioz hutsik gelditzen direnak izanen dira.

Aurrekoa kontuan harturik, bidezkoa da basozainen 29 lanpostu bete daitezela onestea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan aritzeko, baita deialdiaren oinarriak onestea ere. Lanpostuak sarrera-prozedura erabiliz eta oposizio bidez beteko dira.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabilita,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan aritzeko basozainen hogeita bederatzi lanpostu sarrera-prozedura erabiliz eta oposizio bidez betetzeko deialdia, eta dagozkion oinarriak.

2. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari, Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari eta Egituraren, Lanpostuen Antolaketaren eta Langileen Plantillaren Zerbitzuari, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, Jendearentzako Argibideen eta Erregistro Orokorraren Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei.

Iruñean, 2023ko apirilaren 19an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

DEIALDIA, BASOZAINEN HOGEITA BEDERATZI LANPOSTU OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO

Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da basozainen hogeita bederatzi lanpostu oposizio bidez betetzea. Lanpostuak funtzionarioen araubidekoak dira, C mailakoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan aritzekoak; zehazki, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren martxoaren 8ko 954/2023 Ebazpenaren bidez deitutako lekualdatze lehiaketaren ondorioz bete gabe gelditzen diren lanpostuak eskainiko dira. Haien plantilla-zenbakiak, betebeharrak eta destinoak lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldia egin baino lehen zehaztuko dira.

1.2. Hogeita bederatzi lanpostu huts horiek txanda hauetan banatuko dira:

–Hamahiru lanpostu, txanda irekian.

–Hamahiru lanpostu, igoera txandan.

–Bi lanpostu erreserba txandan, %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa duten pertsonentzat.

–Lanpostu bat genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandan.

1.3. Igoera txandako lanpostuak bete gabe geldituz gero, izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Era berean, desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako lanpostuak bete gabe geldituz gero izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa lortu ez dutelako, txanda irekikoei edo igoera txandakoei gehituko zaizkie, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarritako hurrenkeraren arabera.

Halaber, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba-txandan bete gabe gelditzen diren lanpostu hutsak txanda irekikoei edo igoera txandakoei gehituko zaizkie, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarritako hurrenkeraren arabera.

Bestetik, igoera txandan edota desgaitasuna dutenentzako edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba-txandetan, txanda horretan eskaintzen diren lanpostu hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badute prozesua, txanda horietan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horren izangaiekin lehian eta eskuratutako amaierako puntuazioaren arabera.

Era berean, igoera txandako izangaiek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko, aurreko paragrafoan adierazitako modu berean, baldin eta deialdiaren 2.1.2 oinarriko betebehar berariazkoak betetzen ez badituzte deialdiaren 8.1 oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean.

2.–Betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek bete beharko dituzte honako betebehar hauek:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Honako titulu hauetakoren baten jabe izatea: Basoaren eta Natur Ingurunearen Kudeaketako goi mailako teknikari titulua, Baso Ustiapeneko teknikari espezialistarena, Baso Aprobetxamenduetako eta Natur Ingurunearen Kontserbazioko teknikari espezialistarena edo Natur eta Paisaia Baliabideen Kudeaketa eta Antolaketako goi mailako teknikariarena.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) B motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea.

e) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.1.2. Igoera txandako izangaientzako berariazko betebeharrak:

Txanda honetako izangaiek, aurreko atalean adierazitako betebeharrez gain, hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa izatea, eta ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian, salbu eta borondatezko eszedentzian den pertsona zerbitzu egiten ari bada –langile finko gisa edo aldi baterako– deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu batean.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarri dena aplikatuz, igoera txanda honetan parte hartzeko gainerako betebeharrak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere txanda horretan parte hartzen ahalko dute.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute kidego horretan zortzi urteko benetako zerbitzualdia egin dutela.

2.1.3. Desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako izangaien berariazko betebeharrak:

Desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako izangaiek, 2.1.1 atalean aipatzen diren betebeharrak betetzeaz gainera, %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa eduki beharko dute, ofizialki aitortua.

2.1.4. Berariazko betebeharrak genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandan parte hartu nahi duten emakumeentzat:

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandan parte hartu nahi duten emakumeek, 2.1.1 atalean aipatzen diren betebeharrak betetzeaz gain, genero-indarkeriaren biktima izan behar dute.

2.1.5. C1 motako ibilgailuak gidatzeko gidabaimena izateko baldintza duen lanpostu batez jabetu nahi izanez gero, gidabaimen hori eduki beharko da.

2.1.6. Euskarazko B2 jakite-maila ezarrita duen lanpostu elebidun bat eskuratu nahi izanez gero, beharrezkoa izanen da aipatu maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagirietako bat izatea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (titulu edo ziurtagiri horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean zehaztu dira), edo ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa.

2.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta lanpostuaren jabetza hartu arte.

Aurrekoan salbuespena da C1 motako gidabaimenaren baldintza, 8.1 oinarrian ezarritako epean bete beharko baita.

2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek.

3.–Eskaerak, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bitartez, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, "Enplegu publikoko deialdiak" atalean, deialdi honen fitxan sartuta.

Desgaitasuna izateagatik eta hala behar izateagatik probak egiteko denboretan eta bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo denbora eta/edo bitartekoak nola doitu behar diren. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean, 3.4 atalean ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Tasak.

Funtzio publikoan sartzeko eta bertara igotzeko hautapen prozesuetan parte hartzeko eskubideengatik ordaindu beharreko tasa 26 eurokoa da.

Telematika bidez ordainduko da tasa, eskaera formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa aitortuta duten pertsonak.

b) Hautaproben deialdia argitaratu baino hilabete lehenagotik gutxienez langabe gisa inskribaturik dauden pertsonak.

Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak behar diren kontsultak eginen ditu aurreko paragrafoan adierazitako salbuespen egoera egiaztatzeko. Izangaiak baimenik ematen ez badu kontsulta hori egiteko, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, non agertuko baita zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

3.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta:

Bat.–Tasarik ez ordaintzeko aukera baliatu nahi badute eta langabezia egoera kontsultatzeko baimenik ematen ez badute, kasu horretan bakarrik, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, non agertuko baita zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.

Bi.–Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek, lehengoaz gainera, deialdi honen 2.1.2 atalean jasotzen diren betebeharrak betetzen dituztela frogatzen duen agiria gehitu beharko diote eskaerari, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak badira.

Hiru.–%33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Lau.–Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan edota bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

Bost.–Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandan parte hartzen duten emakume izangaiek izaera hori egiaztatu beharko dute, hauetakoren bat aurkeztuz: kondena-epai bat genero-indarkeriako delitu batengatik, babes-agindu bat edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial, edo, bestela, Fiskaltzaren txostena, izangaia genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela adierazten duena. Genero-indarkeriaren egoerak egiaztatzeko, halaber, gizarte zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako Administrazio Publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen ziurtagiria eta txostena aurkezten ahalko dira.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

Izangaien zerrenda horietan, bai eta hautapen prozeduraren barruko ondorengo jardueretan ere, genero-indarkeriaren biktimentzat erreserbatutako txandan parte hartu nahi duten emakumeak identifikatzeko, gezurrezko izen bat erabiliko da, bakoitzari modu pertsonalean esleituko zaiona, deusetan galarazi gabe publikotasun- eta gardentasun-printzipioak aplikatzea.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

4.4. Funtzio publikora sartzeko eta bertara igotzeko hautapen-prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindutakoa ez da itzuliko baldin eta izangaiak baztertzen badira haiei egozten ahal zaizkien kausengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiko burua: Gloria Giralda Carrera andrea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Ordezkoa: Ignacio Borda Pascal jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumena Zaintzeko Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Luis Jato Losfablos jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Biodibertsitatearen Zerbitzuko basogintzako ingeniari teknikoa.

–Ordezkoa: Amaya Casado Pérez andrea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Biodibertsitatearen Zerbitzuko Ingurumen Ebaluazioaren Bulegoko burua.

–Epaimahaikidea: Unai Gardoqui Alcorta jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumena Zaintzeko Ataleko Lizarra 1 barrutiko koordinatzailea.

–Ordezkoa: Carlos García Iñiguez jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Lizarra 1 Koordinazio Unitateko basozaina.

–Epaimahaikidea: Josu Alcuaz Andueza jauna, Langileen Batzordea ordezkatuz.

–Ordezkoa: Ismael García Muñoz jauna, Langileen Batzordea ordezkatuz.

–Epaimahaikide idazkaria: Tania Bernaldo de Quiros Miranda andrea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

–Ordezkoa: Luis Ángel García Nicolás jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Administrazio Publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2023ko urritik aurrera hasiko da.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Epaimahaiak gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin eta deialdi honen 11. oinarrian ezartzen den moduan emanen ditu argitara hurrengo probetako deialdiak; bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du, baita oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adierazi ere.

Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.

Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaiendako posible eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskaeran azaltzen dutenaren arabera.

6.3. Oposizioak proba hauek izanen ditu:

6.3.1. Lehenbiziko proba:

Teoriko-praktikoa izanen da; test motako 100 galderari –gehienez ere– erantzun beharko zaie idatziz, gai-zerrendan agertzen diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Gai-zerrenda hori ebazpen honen I. eranskinean agertzen da. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena.

Izangaiek 2 ordu izanen dituzte, gehienez, proba egiteko.

Lehenbiziko proba honetan, gehienez ere, 50 puntu lor daitezke.

Bazterturik geldituko dira proban gutxienez 25 puntu lortzen ez dituztenak.

Proba egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, ekiporik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza izan ezik.

6.3.2. Bigarren proba:

Praktikoa izanen da; idatziz garatu eta ebatzi beharko dira kasu praktiko batzuk, epaimahaiak deialdiaren I. eranskineko gai-zerrendaren 2. zatian ageri diren gaiei buruz planteatuko dituenak.

Izangaiek bi ordu izanen dituzte, gehienez, ariketa hori egiteko.

Bigarren proba honetan 50 puntu lortzen ahal dira gehienez ere.

Bazterturik geldituko dira proban gutxienez 25 puntu lortzen ez dituztenak.

Proba hau egiteko ez da inongo testurik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, ekiporik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdin edo beltza ez bada.

Proba hau plika sistemaren bidez eginen da.

6.3.3. Hirugarren proba:

Proba fisikoa, izangaiak froga dezan lanpostuaren eginkizunak betetzeko beharrezkoa den gaitasun fisikoa duela. Proba honelakoa izanen da: izangaiek 5 kilometroko korrikaldia eginen dute, pistan eta kale librean, geldi daudela hasita eta 8 kilogramoko (+/- 100gr) gainkarga duen motxila bat soinean dutela, ondoren esaten den denboran:

–Gizonezkoen kasuan, 32 minutu eta 0 segundoan gehienez ere.

–Emakumezkoen kasuan, 37 minutu eta 0 segundoan gehienez ere.

Proba hori egiteko, izangaiek arropa eta oinetako egokiak ekarriko dituzte, baita mendi-ibiliak egiteko motxila bat ere, aipatutako gainkarga garraiatzeko behar besteko edukiera duena.

Epaimahaiak emanen dio izangai bakoitzari korrikaldian garraiatu beharreko karga.

Korrikaldian, izangaiek ezin izanen dute inolako gailu elektronikorik baliatu, salbu edozein motatako erloju eta pultsometroak.

Antolaketa-kontuak direla eta, proba hau egiteko deia egun eta ordu ezberdinetan egiten ahalko da, aurreko probak gainditzen dituzten izangaien kopurua kontuan hartuta. Horretarako, epaimahaiak argitaratuko du, gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin, eta deialdi honen 11. oinarrian ezartzen den moduan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda, eta aditzera emanen da non, zein egunetan eta zer ordutan eginen den eta zein izanen den egin beharreko ibilbidea. Ibilbidea berbera izango da izangai guztientzat.

Proba hasi baino lehen, izangaiek erantzukizunpeko adierazpen bat sinatuko dute. Bertan berariaz adieraziko dute badutela proba egiteko nahikoa den sasoia eta osasun egoera. Adierazpen hori epaimahaiari emanen zaio deia egiten den unean. Adierazpena sinatzen ez dutenek edo adierazpena ezin sina dezaketenek proba egiteko eskubidea galduko dute, eta prozesutik kanpo geldituko dira, ondorio guztietarako.

Izangairen batek ezin badu proba hau egin arriskuko haurdunaldiagatik edo erditzeagatik, eta egoera hori behar den bezala justifikatzen bada, epaimahaiak proba izangai horrentzat geroratzearen gaineko balorazioa eginen du. Izangai horren egoera hautapen prozesuaren bukaerara iristeko baldintzapean geratuko da, eta geroratutako proba gainditzeko baldintzapean; gerorapena ezin izanen da luzatu beste izangaiek prozesua arrazoizko denboren barruan ebatz dadin daukaten eskubidea urratzeraino, eta epaimahaiak inguruabar hori baloratu beharko du. Edonola ere, proba hautapen prozesua gainditu duten izangaien zerrenda argitaratu baino lehen egin beharko da.

Proba honetako kalifikazioa gai/ez gai izanen da, eta gai kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak baztertuta geratuko dira.

6.4. Proba bakoitza bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu, Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan eta www.nafarroa.eus webgunean (deialdiaren fitxaren barnean), izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematika bidez.

7.–Gainditzen duten izangaien zerrenda.

7.1. Hautaprobak bukaturik, gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du kalifikazio epaimahaiak, oposizioan lortutako kalifikazioak adierazita, txanden arabera banatuta eta lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik. Zerrenda Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igorriko da, betebeharrak egiaztatzeko eta lanpostu hutsak hautatzeko tramiteak egin daitezen.

7.2. Berdinketarik gertatuz gero, bigarren proban puntu gehien lortu dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, lehen proban lortutako puntuazioa hartuko da kontuan.

7.3. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

8.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak 10 egun balioduneko epea irekiko du izangaiek betebehar hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten ezartzen den bidea erabiliz:

a) Deialdiko 2.1.1.c) atalean eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) B motako gidabaimenaren kopia.

c) C1 motako gidabaimena izatea nahitaezkoa duten lanpostuetarako, C1 gidabaimenaren kopia erantsi beharko da.

d) Euskarazko B2 jakite-maila ezarrita duen lanpostu elebidunen bat eskuratu nahi duten pertsonek eskatutako maila hori egiaztatzen duten titulu edo ziurtagirietako bat aurkeztu beharko dute. Tituluak edo ziurtagiriak bat etorri beharko du Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuarekin, eta agertu beharko du Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean jasotako tituluen zerrendan (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa), edo, bestela, ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa izan, deialdi honen 2.1.6 atalean xedatutakoaren arabera.

8.2. Tramite hori egin eta gero, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen du, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraituz antolatua, txandaren arabera eta puntuazio ordenaren arabera). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer betebehar frogatu dituzten eta zer epe dagoen lanpostu hutsak hautatzeko.

Informazio hori jendaurrean paratuko da deialdiaren fitxan.

Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, nahiago dituzten lanpostu hutsen hurrenkera jakinaraziko dute.

8.3. Lanpostu hutsak hautatzerakoan, %33ko desgaitasun aitortua edo hortik gorakoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.

Desgaitasun aitortua deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen egiaztagiria balorazio eta orientazio talde eskudunek eginen dute, ofizioz. Egiaztagiri hori espedienteari erantsiko zaio.

Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuen hautaketa hasi aurretik, desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.

Bestalde, hautaprobak igoera txandan gainditzen dituzten izangaiek deialdiko lanpostuak hautatzeko lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aldean, alde batera utzita desgaitasuna dutenen txandako izangaien salbuespena.

Hautaproba genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat erreserbatutako txandaren arabera gainditzen duten izangaiek gainerako izangaiekin batera aukeratuko dituzte lanpostu hutsak, puntuazio-ordenaren arabera eta aurreko paragrafoetan aipatutako pertsonen lehentasuna errespetatuz.

9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko tramitea bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena. Proposamen horretan, probak gainditu eta eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak egonen dira.

Izendapen proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita deialdiaren fitxan ere, 11. oinarrian ezarritakoarekin bat.

9.2. Proposatzen diren izangaiek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun naturaleko epean:

A.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaien kasuan:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela lanpostuan aritzea eragozten dion gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zinpeko aitorpena edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

B.–Administrazio dei-egileaz besteko Nafarroako Administrazio Publiko bateko langile finko diren izangaiek edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finko diren izangaiek, igoera txandan parte hartzen badute, aurreko ataleko dokumentazioaz gainera, jatorrizko administrazioan jardunean daudela frogatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

9.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintzetako bat betetzen dutela egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko egintza guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak gainditu duten izangaien zerrendan, 7. oinarrian aipatzen den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, bete beharreko baldintzak betetzen baditu, eta horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

9.5. Deialdi honen xede den lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak, bere eskudantziak erabiliz, besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatu beharko dio, eta horrek deialdi honen 9.2 atalean ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

10.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

10.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, lanpostuetan aritzeko. Ebazpen horren bidez, lanpostuen esleipena ere eginen da.

10.2. Izendapenaren eta lanpostuaren jabetza hartzearen bidez, izendatuak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, indarreko xedapenek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiekin. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua aplikatzearen ondorioz (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartzea.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuen jabetza, izendapena jakinarazten zaienetik hasita.

Aipatutako epean eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangairen bat lanpostuaren jabe egiten ez bada, Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Halakoetan, deialdiaren 9.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

10.4. Funtzionario bihurtzen diren izangaiei, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berek eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaie jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere deialdiaren 9.4 atalean xedatzen den moduan beteko da.

10.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua. Beraz, funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.

10.6. Euskaraz jakin beharra duten lanpostuetako batean sartzen direnek, aurrerantzean, hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten lanpostu hutsak betetzeko deialdietan baizik ez dute parte hartzerik izanen.

Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.

11.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio orokor guztia ere, Interneten argitaratuko da, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, "Enplegu publikoaren deialdiak" atalean, deialdi honi dagokion fitxan.

12.–Administrazio Erroaren esparruan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak.

12.1. Bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin eta aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan eta oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen prozesuan parte hartu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin:

1) Hautapen prozesua gainditu arren, lanpostua lortu ez duten izangaien zerrenda.

2) Hautapen prozesu osoa gainditu ez duten izangaien zerrenda, honako hauek osatua:

a) Hautapen prozesuko probaren bat gainditu duten izangaiak.

b) Hautapen prozesuko lehen probarako ezarritako gehieneko puntuazioaren gutxienez %30 lortu duten izangaiak.

12.2. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez onetsiko dira, bai hautapen prozesua gainditu arren lanpostua lortu ez duten izangaien zerrenda, bai hautapen prozesu osoa gainditu ez duten izangaien zerrenda.

Hautapen prozesu osoa gainditu arren lanpostua lortu ez duten izangaien zerrendan, hautapen prozesuan lortutako puntuazioaren arabera erabakiko da izangaien ordena, handienetik txikienera. Probak gainditu ez eta lanposturik lortu ez duten izangaien zerrendan, berriz, irizpide hauek erabiliko dira ordena finkatzeko: lehenbizi, prozesuan gainditutako proba kopurua (proba gehien gainditzen dutenak aurretik), eta bigarrenik, gainditutako probetan lortutako puntuazio guztien batura, salbu eta aurreko ataleko b) letran ezarritakoa; izan ere, kasu horretan lehenengo proban lortutako puntuazioa hartuko da aintzat.

Berdinketarik dagoenean nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan, 7.3 oinarrian proben puntuazioari eta zozketari buruz aipatzen direnak, hain zuzen.

12.3. Izangaiei lanerako deitu eta, bidezkoa denean, haiek kontratatzerakoan, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

12.4. Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten ziurtagiriak, kontratua formalizatzen denean ekarri ere, kopiak aurkeztuta.

Exijitutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.

Kontrataziorako izangaien zerrendak onartu baino lehen, kasua bada, epe bat irekitzen ahalko da euskara maila egiaztatzeko, eta betebehar hori eskatzen hasiko da horretarako emanen den epea bukatu eta gero.

12.5. Eskatzen diren agiriak aurkezten ez dituzten izangaiek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek sarrera-deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak galduko dituzte, parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituztela; izan ere, horiek oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.

13.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, oinarrien eta oinarriak aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurtsoa zer egintzaren kontra jarri nahi den, hura argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2023ko apirilaren 19an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. zatia.–Gai orokorrak.

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.

2. gaia.–Europar Batasuna: Europako Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europar Batasuneko Kontseilua: eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Justizia Auzitegia. Europako Erkidegoko ordenamendu juridikoaren iturriak: sorrerako zuzenbidea eta zuzenbide eratorria.

3. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.

4. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta eginkizunak. Nafarroako Kontuen Ganbera: eskumen esparrua, eginkizunak eta organoak. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa: eginkizunak, prozedura eta ebazpenak.

5. gaia.–Nafarroako Gobernua: eginkizunak. Osaera, izendapena, eraketa eta kargu-uztea. Eskudantziak eta eskumenak. Funtzionamendua. Sostengu eta laguntzarako organoak. Erantzukizun politikoa, Parlamentuaren kontrola eta Parlamentua desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta kontseilariak.

6. gaia.–Zuzenbidearen iturriak: iturrien hierarkia. Legea. Lege maila duten gobernuaren xedapenak. Legegintzako ekimena eta lege mailako arauak emateko ahala. Erregelamendua: kontzeptua, motak eta mugak. Gobernuaren erregelamendu-ahala.

7. gaia.–11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa. I. titulua: "Xedapen orokorrak". II. titulua: I. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoa". II. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoaren antolaketa". III. kapitulua, "Eskumenen erabileraren araubide juridikoa". IV. kapitulua, "Kide anitzeko organoak". III. titulua: I. kapitulua, "Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketa". VI. titulua: I. kapitulua, "Pertsonen eskubideak".

8. gaia.–Administrazio egintzak. Administrazio egintzen betekizunak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.

9. gaia.–Administrazio prozedurari buruzko xedapen orokorrak: prozedurako interesdunak. Administrazio publikoen jarduna: jarduteko arau orokorrak; baldintzak eta epeak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Zehapen prozeduraren berezitasunak: Administrazio Publikoetako Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 40/2015 Legean araututakoa.

10. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua: langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio karrera. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.

11. gaia.–13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa: aplikazio-eremua eta Nafarroako Ogasun Publikoa. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak: edukia eta onespena; exekuzioa eta likidazioa.

12. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa: xedapen orokorrak. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datu babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak. 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Gizonen eta Emakumeen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: berdintasun printzipioa eta bazterkeriaren kontrako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

2. zatia.–Berariazko gaiak.

1. gaia.–Ingurumena Espainiako Konstituzioan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan. Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko eskumen banaketa ingurumenaren arloan.

2. gaia.–Basozainak Nafarroan. 7/2019 Foru Dekretua, urtarrilaren 30ekoa, Basozainen araubide berariazkoa arautzen duena.

3. gaia.–Naturgune baten eta haren ekosistemen azterketa Eskualde ekologikoak. Formazio naturalen eta ekosistemen sailkapena eta motak. Formazio edo ekosistema nagusiak: garrantzia eta distribuzioa, ingurune fisikoa, landaretza eta flora, fauna, erabilerak eta aprobetxamenduak, zainketa.

4. gaia.–Nafarroako naturagune babestuak. 9/1996 Foru Legea, ekainaren 17koa, Nafarroako Naturaguneei buruzkoa.

5. gaia.–Natura 2000 sarea Nafarroan. 42/2007 Legea, abenduaren 13koa, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzkoa.

6. gaia.–2/1993 Foru Legea, martxoaren 5ekoa, Basa Fauna eta Haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzkoa.

7. gaia.–Katalogatutako flora eta fauna espezieak, eta Nafarroan berreskuratzeko planak.

8. gaia.–Nafarroako ibaietako eremu ekologikoak eta arrainen eremuak. Landaretza eta fauna. Ibaietako ekosistemen eta ingurukoen ezaugarriak. Zaintzeko dauden arazoak. Neurri zuzentzaileak. Ur-emari ekologikoak.

9. gaia.–Nafarroako arrainak eta karramarroak: biologia, banaketa, ekologia, zainketa.

10. gaia.–Nafarroako anfibioak eta narrastiak: biologia, banaketa, ekologia eta zainketa.

11. gaia.–Nafarroako hegaztiak: falkoniformeak, estrigiformeak, akzipitridoak, estepakoak, pizidoak, uretako habiagileak: biologia, banaketa, ekologia eta zainketa.

12. gaia.–Nafarroako ugaztunak. biologia, banaketa, ekologia eta zainketa.

13. gaia.–Mendiak Nafarroan. 13/1990 Foru Legea, abenduaren 31koa, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzkoa, eta hura garatzeko erregelamendua.

14. gaia.–Nafarroako pinudi autoktonoak. Ezaugarriak. Ekologia eta banaketa. Flora eta fauna adierazgarriena. Pinus sylvestris, Pinus uncinata eta Pinus halepensis espezieen basogintza eta ezaugarri kulturalak. Jotzen dituzten gaitzak eta izurriak.

15. gaia.–Nafarroako pagadiak. Ezaugarriak. Ekologia eta banaketa. Flora eta fauna adierazgarriena. Fagus sylvatica espeziearen basogintza eta ezaugarri kulturalak. Jotzen duten gaitzak eta izurriak.

16.gaia.–Nafarroako hariztiak, erkameztiak, karraskadiak eta artadiak. Ekologia eta banaketa. Flora eta fauna adierazgarriena. Quercus robur, Quercus petraea, Quercus humilis, Quercus faginea eta Quercus ilex espezieen basogintza eta ezaugarri kulturalak. Jotzen dituzten gaitzak eta izurriak.

17. gaia.–Espezie hauen eskakizun ekologikoak, basogintza eta ezaugarri kulturalak: Abies alba, Castanea sativa, Juglans regia, Fraxinus excelsior, Prunus avium eta Populus. Jotzen dituzten gaitzak eta izurriak.

18. gaia.–Espezie hauen eskakizun ekologikoak, basogintza eta ezaugarri kulturalak: Robinia pseudoacacia, Quercus rubra, Pinus nigra austriaca, Pinus nigra corsicana, Pseudotsuga menziesii, Pinus radiata eta Picea abies. Jotzen dituzten gaitzak eta izurriak.

19. gaia.–Basogintza Zuhaiztien forma nagusiak. Zuhaiztiaren egitura: definizioa eta motak. Zuhaizti nagusia eta osagarria. Mozketa-epearen, birsortzeko aldiaren, heldutasunaren eta mozteko diametroaren kontzeptuak. Adin naturalaren eta artifizialaren motak. Eremu basimetrikoaren kontzeptua.

20. gaia.–Mendien antolamendua. Kontzeptua eta helburuak. Mendiek ematen dituzten erabilerak. Antolaketa proiektuak: inbentarioaldia eta plangintzaldia. Mendiak antolatzeko metodoak.

21. gaia.–Dasometria. Zuhaitzaren neurketak zutik dagoela eta bota ondokoak. Zutik dauden zuhaitzen kubikazioa. Koefiziente morfikoa. Kubikazio taulak. Botatako zuhaitzen kubikazioa. Zuhaitz baten adina zehaztea. Eremu basimetrikoa. Batez besteko hazkundearen, hazkunde arruntaren eta Pressler-en hazkundearen kontzeptua.

22. gaia.–Basoa inbentariatzea: Zerrenda osoaren araberako inbentarioa. Lagin estatistikoaren araberako inbentarioa. Ereduko zuhaitza: hautaketa eta bildu beharreko datuak, kubikazio taulak eta produkzio taulak.

23. gaia.–Baso-berritzeak: Lurra prestatzea. Ereintza eta landaketa. Zuzenketa hidrologikoaren lanak eta eginbeharrak. Landare-ekaia. Erabiltzen diren espezieak. Erabiltzen diren makineria, tresnak eta baliabideak.

24. gaia.–Baso-suteak: Prebentzioa eta itzalketa. Natur ingurunea antolatzea sua zabaltzea zaila izan dadin. Sua ebakitzeko eremuak eta zerrendak. Kalteen balorazioa. 222/2016 Foru Agindua, ekainaren 16koa, sua lurzoru urbanizaezinean nola erabili arautzen duena, oihanetako suak prebenitzeko; haren aldaketak barne.

25. gaia.–Basoko gaien aprobetxamendua antolatu eta planifikatzea. Erabiltzen diren tresnak, makineria, ekipoak eta materialak. Basoko gaien aprobetxamendu lanetan gerta daitezkeen ingurumenaren gaineko eragina eta kalte ekologikoak.

26. gaia.–Ehiza Nafarroan: 17/2005 Foru Legea, abenduaren 22koa, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzkoa, eta hura garatzeko erregelamendua. 166E/2022 Foru Agindua, uztailaren 19koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, 2022-2023 denboraldirako ehiza debekualdiei buruzko xedapen orokorra onesten duena.

27. gaia.–Ehiza-espezieen populazioak, jarraipena eta kontrola. Ehiza antolatzeko planak. Kalteen prebentzioa eta kudeaketa. Habitata mantentzea eta zaintzea, hobekuntza teknikak. Gaitzak eta harrapakariak.

28. gaia.–Arrantza Nafarroan: 17/2005 Foru Legea, abenduaren 22koa, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzkoa, eta hura garatzeko erregelamendua. 34E/2023 Foru Agindua, otsailaren 14koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita 2023ko denboraldirako arrantza-debekuen xedapen orokorra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren martxoaren 8ko 58E/2023 Foru Aginduaren bidez onetsi zena.

29. gaia.–Arrantza espezieen populazioak Nafarroan, jarraipena eta kontrola. Gaitzak, harrapakariak eta lehiatzaileak. Birpopulatzeko eta ustiatzeko piszikultura. Salmonidoen piszifaktoriak. Arrain birpopulazioak.

30. gaia–Espezie exotiko inbaditzaileak Nafarroan. Kontrolatzeko metodoak eta araudia.

31. gaia.–Abelbideak. 19/1997 Foru Legea, abenduaren 15ekoa, Nafarroako Abelbideei buruzkoa.

32. gaia.–Hondakinak. 7/2022 Legea, apirilaren 8koa, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa, ekonomia zirkularrerako. 14/2018 Foru Legea, ekainaren 18koa, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzkoa. 23/2011 Foru Dekretua, martxoaren 28koa, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntza eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituena.

33. gaia.–Proiektuen ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren prozedura Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean. Haize-parkeen, linea elektrikoen, errepideen, eroanbideen eta lurzatiak biltzearen ingurumen inpaktu nagusiak. Neurri zuzentzaileak eta ingurumen zaintzako programak.

34. gaia.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 26koa, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituena.

35. gaia.–Ingurumen-hezkuntza eta ingurumen arloko boluntariotza. Ingurumen-hezkuntzaren oinarrizko printzipioak: Oinarrizko kontzeptuak eta definizioak. Ingurumen-hezkuntzaren xedeak eta helburuak. Natura ezagutzeko zentroak Nafarroan. Ingurumen arloko boluntariotza.

Iragarkiaren kodea: F2306272