88. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

62E/2023 EBAZPENA, apirilaren 11koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baitira industriako ETEen inbertsioetarako laguntzen 2023ko deialdiaren oinarri arautzaileak. DDBN identifikazioa: 668740.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren abenduaren 30eko 1012E/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen industriako ETEen inbertsioetarako laguntzen 2023ko deialdia (2023ko 19. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 27koa).

Deialdia argitaratu ondoren, beharrezkotzat jo da laguntzen oinarri arautzaileetako batzuk aldatzea, laguntzak emateko eta ordaintzeko prozedura errazteko eta arintzeko. Zehazki, 6. oinarria aldatzen da, inbertsioen hasiera egiaztatzeko bisita aukerakoa izan dadin, eta 14. oinarria, epe baten barruan egin behar ez izateko 60.000 eurotik gorako laguntzen kasuan egin beharreko inbertsioen egiaztapen materiala, ordainketa egin aurretik egin behar dena.

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1.–Industriako ETEetan inbertsioak egiteko 2023ko laguntzen oinarri arautzaile hauek aldatzea:

1.1. Aldatu egiten da 6. oinarriaren ("Inbertsioak gauzatzeko epea") 2. atalaren lehen paragrafoa, aurrerantzean honela geldituko baita idatzita:

"2. Laguntzek duten izaera pizgarria bermatzearren, zeina jasota baitago 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan, ez dira diruz lagunduko laguntzen eskaera eguna baino lehen hasitako edo gauzatutako inbertsioak. Hori egiaztatzeko, laguntzak kudeatzen dituen organoak bisita bat egiten ahalko du enpresaren establezimendura."

1.2. Aldatu egiten da deialdiaren 14. oinarriaren ("Dirulaguntza ordaintzea") 2. atala, aurrerantzean honela geldituko baita idatzita:

"2. Dirulaguntzak 60.000 eurotik gorakoak baldin badira, laguntzen organo kudeatzaileak inbertsioaren egiaztapen materiala egin beharko du ordainketa egin aurretik. Horretarako, zerbitzu horretako langileek inbertsioak eginen diren enpresaren establezimendua bisitatuko dute, eta inbertsioak egiaztatzeko akta eginen dute. Une horretan enpresaren establezimenduan ez dauden inbertsio-elementuei dagokien dirulaguntza ez da ordainduko.

Dirulaguntzaren zenbatekoa 60.000 eurotik beherakoa bada, onuradunek argazki bidez egiaztatu beharko dute inbertsioak gauzatu dituztela."

2.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariaren aurrean argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete igaro baino lehen.

Iruñean, 2023ko apirilaren 11n.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia. Izaskun Goñi Razquin.

Iragarkiaren kodea: F2305750