82. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUNBERRI

Aldaketa, Irunberriko Udalaren eta Irunberriko lanbide enpresen mintegian kokatuta dauden ekintzaileen artean harremanak arautzeko barne araubidearen erregelamenduan. Behin betiko onespena

Irunberriko Udalak, 2023ko urtarrilaren 26an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Irunberriko Udalaren eta Irunberriko lanbide enpresen mintegian kokatuta dauden ekintzaileen artean harremanak arautzeko barne araubidearen erregelamenduan.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2023ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 14an, eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Aditzera ematen da, orok jakin dezan eta ondorioak izan ditzan.

Irunberrin, 2023ko martxoaren 29an.–Alkatea, Rocío Monclús Manjón.

BARNE ARAUBIDEAREN ERREGELAMENDUA, HARREMANAK ARAUTZEN DITUENA IRUNBERRIKO UDALAREN ETA IRUNBERRIKO LANBIDE ENPRESEN MINTEGIAN KOKATUTA DAUDEN EKINTZAILEEN ARTEAN

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

Lehenengo artikulua.

Irunberriko lanbide enpresen mintegiaren barne araubidearen erregelamendu honen xedea da esparru bat ezartzea, haren barnean gara daitezen harremanak honako bi hauen artean: batetik aipatutako mintegia, eta, bestetik, mintegi horretan proiektua onartua izanik, mintegiko lokaletan ezarritako ekintzaileak.

Irunberriko Udalak sustatu zuen Irunberriko lanbide enpresen mintegia, udal hiltegiaren antzinako eraikina birgaitu baitzuen.

Bigarren artikulua.

Nahitaezko baldintza izanen da ekintzaileak enpresa proiektua izatea, eta hori Irunberriko Udalari eta Cederna-Garalur Garapen Agentziari aurkeztea, balora dezaten. Proiektua onartu ondoren, ekintzailea enpresen mintegiaren instalazioetan sartuko da, eta Erregelamenduaren edukia osorik eta inolako erreparorik gabe onartu beharko du. Izan ere, Erregelamendua loteslea izanen da bi aldeendako, kalterik egin gabe Irunberriko Udalak proiektua onetsi ondoren sinatuko den Espazio Fisikoaren eta Instalazioen Erabilera Lagatzeko Kontratuan alde bakoitzarendako ezartzen diren eskubideei eta betebeharrei.

Hirugarren artikulua.

Irunberriko Udalak zentro honen bidez ekintzaileak sustatzeko ematen dituen zerbitzuak gorabehera, ondorio guztietarako, ekintzaileak izanen dira beren enpresaren eta enpresa proiektuaren arduradun bakarra.

Bestalde, ekintzaileek Irunberriko enpresen mintegiaren instalazioetan eginen dituzten gehieneko egonaldiak barne araubidearen erregelamenduaren II. kapituluan aipatzen dira, baina, horiek alde batera utzita, ekintzaileak askatasuna izanen du mintegia noiznahi uzteko. Hala ere, horretarako asmo hori komunikatu beharko du idatziz eta modu fede-emailean 30 egun lehenago, gutxienez, baina aurretik edozein kontzeptu dela-eta enpresen mintegiari zor dizkion zenbateko guztiak ordaindu beharko dizkio.

Komunikazio hori egin gabe instalazioak uzten badira edo ekintzaileek beren betebeharretako baten bat betetzen ez badute, Irunberriko Udalak ahalmena izanen du bai barne araubidearen erregelamendu honetan bai ekintzailearekin sinatutako Espazio Fisikoaren eta Instalazioen Erabilera Lagatzeko Kontratuan horri buruz adierazten diren ekintza guztiak baliatzeko.

II. KAPITULUA

Irunberriko enpresen mintegiaren zerbitzuak

Laugarren artikulua.

Irunberriko eskualdeko enpresen mintegiak azalera erabilgarriko 216,61 m² eta azalera eraikiko 288,7 m² ditu; udal hiltegiaren antzinako eraikinean kokatua dago, Irunberri herriko Arrabal kalean, eta honako espazio hauek dauzka:

Profesionalen lokalak:

Profesionalen sei lokal daude, modu honetan banatuta. Beheko solairuan, hiru: 1. lokalak 75,82 m², 2. lokalak 27,56 m², eta 3. lokalak 26,10 m² ditu. Lehenengo solairuan, berriz, beste hiru: 4. lokalak 8,82 m², 5. lokalak 21,45 m², eta 6. lokalak 29,52 m² ditu eta horien helburua da harrera ematea ekintzaileen proiektuei instalatzeko, jarduerari hasiera emateko unean edo enpresa sendotu behar denean.

Lokalak batera eta banaka alokatzeko aukera aztertzen ahalko da.

4. lokalean, gehienez, lagun bat aritu ahal izanen da; 2., 3., 5. eta 6. lokaletan, 3 lagun, gehienez eta 1. lokalean, berriz, 4 lagun, gehienez.

Lokaletan garatu beharreko jarduerak lanbidearen arlokoak izanen dira, eta ezin izanen diete kalterik edo trabarik eragin enpresen mintegian kokatutako gainerako jarduerei edo zerbitzuei. Horri dagokionez, Irunberriko Udalak kalte edo traba horiek saihesteko neurri egokiak ezartzen ahalko ditu, halakoak sorrarazten dituen enpresari kontratua deuseztu eta kanporatzea barne.

Bosgarren artikulua.

Mintegian hartutako ekintzaileek eskubidea dute esleitutako lokalak eta komunak erabiltzeko; betiere, onartu beharko dituzte eremu horren izaerak edo erabilera moduak eskatzen dituzten arauak eta baldintzak, bai erregelamendu honetan ezarritakoak bai Irunberriko Udalaren eta ekintzailearen artean sinatutako Espazio Fisikoaren eta Instalazioen Erabilera Lagatzeko Kontratuan ezarritakoak.

Gainera, erabiltzaileen artean sinatutako bizikidetzarako barne araudi bat egonen da.

Seigarren artikulua.

Erregelamendu honen laugarren artikuluan zein Irunberriko Udalaren eta ekintzailearen artean sinatutako Espazio Fisikoaren eta Instalazioen Erabilera Lagatzeko Kontratuan zehatz-mehatz deskribatu diren instalazioen eta azpiegituren helburu nagusia da ekintzaileei espazio fisikoa ematea, Irunberriko Udalak eta Garapen Agentziak haien proiektuak onartu badituzte eta espazio fisikoa behar badute. Enpresak babesteko formula horrek dituen abantailen artean, honako hauek daude:

–Ibilgetu materialean inbertitzeko beharrizan txikiagoa.

–Ustiapen kostuetan aurreztea.

–Proiektuaren hasierako beharrizanetara egokitzen den espazio fisikoa izatea.

–Jarduera abiarazteko azkar kokatzea eta ezartzea.

Lokalak lagako dira, errentamendu bidez, Irunberriko Udalak onesten duen enpresa proiektua garatzeko, horretarako bakar-bakarrik eta ez beste ezertarako. Onartuko dira bai ekintzaile berriak bai 4 urteko antzinatasuna gehienez ere duten enpresa sortu berriak. Maizterrek ezin izanen dute beren kabuz jarduera berean edo antzekoren batean aritu aurreko 10 urteetan. Hori egiaztatzeko, Gizarte Segurantzak emandako lan bizitzaren ziurtagiria erantsi beharko dute eskatzaileek. Sustatzaileak mintegian egoten ahalko dira 4 urte bete arte, enpresan hasi zirenetik. Aitzitik, eta itxaron zerrendan ez badago sustatzaile-eskatzaile gehiago, aipatutako epea luzatzen ahalko da, ekintzailetza eskaera berri bat sortu arte. Lokal eskaera bat egonez gero, udalak horren berri emanen dio errentariari, eta gutxienez bi hilabeteko epea emanen dio lokaletik alde egiteko.

Noiz edo noiz, baldin lokalak hutsik badaude, baietz esaten ahal zaie enpresen eskaerei, horiek finkatze fasean egonik eta lau urte baino gehiagoko antzinatasuna izanik, baina enpresen mintegian egoteko aldiak muga bat izanen du: ekintzaile berri batek bulegoa eskatzea, artikulu honen lehen paragrafoko irizpideak beteta.

Lau urte baino gehiagoko antzinatasuna duten eta finkatze fasean dauden enpresen kasuan, enpresa berrienek izanen dute enpresen mintegia okupatzeko lehentasuna (EJZn eta LAABen alta emandako daten arabera), eta bertan antzinatasun handiagoa duten enpresak bertatik aterarazi ahal izanen dituzte.

Halakoetan, Udalak komunikatu eta bi hilabeteko epean tokia hustu beharko da.

Era berean, eta, lehentasunari dagokionez hirugarren tokian, lokal hutsak uzten ahal zaizkie interes sozialeko entitateei, aurreko paragrafoan azaldutako muga berarekin.

Bai enpresa jarduera hasi zutenetik 4 urte igarota mintegian kokaturiko enpresen kasuan, bai duela 4 urte baino gehiago eratutako eta mintegian kokaturiko enpresen kasuan, errentamenduaren prezioa jarduera hasi zutenetik 4 urte baino gutxiago daramaten enpresendako ezarritako prezioaren %20 handiagoa izanen da.

Aurretik adierazitakoaren ondorioz, ekintzaileak bere enpresaren behin betiko kokapena bilatu beharko du errentamendua bukatu aurretik, behar bezalako aurrerapenaz. Horrela, hasieran aurreikusi den datan berak okupatu duen bulegoa utziko du, errentamenduan eman zitzaionean zeukan egoera berean, zentzuzkoa denez. Mintegian kokatutako enpresak aurretik adierazi dena egiten ez badu, Irunberriko Udalak eginen du haren kontura, lagatako bulegoan dauden ondasun guztiak biltegi batera eramanda, eta biltegiratze kanona sortuko da, ondasunek biltegiratuta ematen duten denboraren araberakoa izanen dena. Irunberriko Udalak ondasun horiek atxikitzeko eskubidea izanen du, ekintzaileak edozein kontzeptu dela eta zor dizkion zenbatekoak ordaindu arte.

Zazpigarren artikulua.

Irunberriko Udalak Irunberriko enpresa mintegiaren bidez ematen dituen zerbitzuen izaera kontuan hartuta, honela sailkatuko dira zerbitzuok:

–Zerbitzu komunak edo zentralizatuak (eskailerak, komunak eta trastelekua): argia barne, errentamenduaren prezioan. Garbiketa lagapen-hartzaileen kargura, eta horretarako dagozkion akordioak ezarriko dituzte.

–Irunberriko Udalaren eta ekintzailearen artean sinatutako Espazio Fisikoaren eta Instalazioen Erabilera Lagatzeko Kontratuan zehaztu bezalako instalazioekin hornituta dauden lokalen lagapena, errentamenduaren bidezkoa. Lokalaren errentamenduaren prezioa, halaber, aipatutako agirian ezarrita geldituko da.

–Zerbitzu komunak, horien artean daude Irunberriko enpresa mintegiko eskailerak, komunak eta trastelekua. Horien garbiketa eta mantentze lana, lehen puntuan deskribatu den bezala, lagapen-hartzaileen konturakoak izanen dira, eta horretarako, beharrezko akordioak ezarriko dira.

–Ekintzailearen eta Irunberriko Udalaren artean sinatu beharreko kontratuetan asmo horri helduta unean-unean ezartzen diren gainerako zerbitzu guztiak. Azken kasu horietan guztietan eskaintzen den zerbitzuaren prezioa zehaztuko da une horretan.

Zortzigarren artikulua.

Hilabetero, faktura bat igorriko zaie enpresen mintegian kokatu diren enpresei, alokairuaren kontzeptu gisa, eta honako zenbateko hauekin:

  • 60 euro/hilabetea (gehi BEZa) 2., 3., 5. eta 6. lokaletan (27,56 m², 26,10 m², 21,45 m² eta 29,52 m² dituzte, hurrenez hurren).
  • 40 euro/hilabetea (gehi BEZa), 4. lokalean (8,82 m² ditu).
  • 110 euro/hilabetea (gehi BEZa), 1. lokalean (75,82 m² ditu).

Alokairua urtero eguneratzen ahalko da, erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin bat.

Bi aldeei fakturen kobrantza kudeatzen laguntzeko asmoz, enpresen mintegian dagoen enpresak finantza-erakunde bateko kontuaren zenbakia jakinaraziko dio Irunberriko Udalari, eta kontu horretan bidezko ordainketak helbideratuko dira, hil bakoitzeko lehenbiziko zazpi egunean ageriko ordainagiria igorrita.

III. KAPITULUA

Irunberriko Udalaren betebeharrak

Bederatzigarren artikulua.

Oro har, Irunberriko Udala II. kapituluan deskribatu diren zentroko instalazioak zaintzeaz eta mantentzeaz arduratuko da. Hala ere, honako betebehar hauek nabarmenduko dira bereziki:

1.–Bulegoak argindar, berogailu eta telefonorako oinarrizko instalazioekin behar bezala horniturik eskaintzea, jarduera gauzatzeko. Aldez aurretik Irunberriko Udalak jarduera hori onetsi beharko du. Nahitaezko baldintza da lokalean dagoen enpresa bakoitzak jarduera abiarazteko bere lizentziak eta JEZeko altak tramitatzea Irunberriko Udalean, eta Gizarte Segurantzarekiko zein Foru Ogasunarekiko betebeharrak betetzea.

2.–Erabiltzeko eskaintzea enpresa mintegiko komunak behar bezala ekipaturik, ez, ordea, ohiko erabilerarako behar diren materialez, horiek, lagapen-hartzailearen kargurakoak izanen baitira, garbiketarekin batera. Horretarako beharrezkoak diren akordioak izenpetuko ditu gainerako lagapen-hartzaileekin.

3.–Eremu komunak argiz eta berogailuz hornitzea (komunak, trastelekua eta eskailerak). Garbiketa, aldiz, lagapen-hartzailearen kargurakoa izanen da.

Dena den, Irunberriko Udalak ez du inolako erantzukizunik izanen enpresen mintegian dagoen enpresaren jabetzan, ondasunetan edo eskubideetan izandako edozein galera edo kalteren gainean, zuzenean egozterik ez badago edo haren zuzeneko erantzukizunetik ondorioztatzerik ez badago.

IV. KAPITULUA

Enpresen betebeharrak

Hamargarren artikulua.

Nahiz eta mintegian dauden enpresek zorrotz bete beharko dituzten bai erregelamendu honetan ezarritako baldintza guzti-guztiak bai Irunberriko Udalaren eta ekintzailearen artean sinatutako Espazio Fisikoaren eta Instalazioen Erabilera Lagatzeko Kontratuan ezartzen diren guzti-guztiak ere, ekintzaileak honako beharrizan berezi hauek izanen ditu, honako alderdi hauei lotuta:

–Enpresa gisa eratzea, horrek merkataritza izaera badu; edo Gizarte Segurantzako langile autonomoen araubide berezian alta hartzea, banakako enpresaburua edo profesional librea bada, enpresen mintegian ezarri baino lehen.

–Bere enpresa proiektua garatzeko zein bere enpresak behar bezala funtzionatzeko derrigorrezkoak diren baimen eta lizentzia guztiak izatea.

–Zerga betebehar, ekarpen, zerga, Gizarte Segurantzako kuota eta enpresak behar bezala funtzionatzeko behar den beste edozein tasaren ordainketa egunean izatea une oro.

–Aseguru konpainia edo artekaritza batekin ituntzea bere ondasun eta gauza guztiak babesten dituen poliza, baita hirugarrenendako erantzukizun zibilaren estaldura ere, enpresa jardueraren arrisku mailaren araberakoa. Urteko sariaren ordainketa egunean izatea, eta hori eguneratuta dagoela zaintzea, ordaindu beharreko zenbatekoen arabera.

Enpresen mintegiko edozein okupatzaileri egotzi ahal zaion erruaren edo arduragabekeriaren erantzukizuna babestu den enpresaren konturakoa izanen da beti, galarazi gabe enpresaren titularrak egitatearen edo utzikeriaren egilearen aurka ekintzak gauzatzeko aukera.

–Enpresari lagatako instalazioak egoera onean mantentzea, horiek ohikotasunez garbituz; eta instalazioak zuzen erabiltzea, erabiltzearen ondorioz kaltetzen edo hondatzen diren elementuak konponduz eta/edo ordeztuz.

Mintegian hartutako enpresak kalteak konpondu ezean, Irunberriko Udalak baimena izanen du bere kabuz egiteko, baina sortzen diren gastuak enpresa eragilearen konturakoak izanen dira.

–Halaber, erabiltzen diren elementu eta azpiegitura komunak (komunak, trastelekua, eskailerak...) zuzen erabiltzea, eta ahalik eta lasterren jakinaraztea haien funtzionamendu arruntean aurkitzen diren arazoak edo kalteak.

–Ez kalterik ez trabarik eragitea enpresen mintegiko gainerako enpresei edo erabiltzaileei, eta baimendutakoaz bestelako jardueratan ez aritzea. Trabak behin eta berriz eragiten badira, Irunberriko Udalak kontratua bertan behera uzten ahalko du.

–Enpresen mintegiko erabiltzaileen artean izenpeturiko bizikidetzarako barne arautegia izenpetzea eta errespetatzea.

V. KAPITULUA

Azken xedapenak

Hamaikagarren artikulua.

Mugaeguneratu diren eta enpresen mintegiko enpresak hasieran ezarritako epean ordaindu ez dituen zenbatekoak badaude, Irunberriko Udalaren alde interesa sortuko da, zenbateko horiek guztiak ordaindu arte. Interes hori bat etorriko da Nafarroako Foru Ogasunak zerga zorrak luzatzeko ezartzen duenarekin. Interes horiek automatikoki sortuko dira, Irunberriko Udalak enpresa zordunari inolako errekerimendurik egin behar izan gabe.

Aurreko paragrafoan adierazitakoa eta erregelamendu honen seigarren artikuluan kasu horretarako ezarritako atxikitzeko eskubidea galarazi gabe, bai erregelamendu honetan bai Espazio Fisikoaren eta Instalazioen Erabilera Lagatzeko Kontratuan ekintzaileari ezartzen zaizkion betebeharretako edozein osorik edo zati batean betetzen ez bada, Irunberriko Udalak ahalmena izanen du egindako zerbitzuak amaitzeko eta bulegoaren errentamenduaren hileko luzapenak eteteko. Bestalde, horren berri emateko jakinarazpena jaso eta hilabeteko gehieneko epean, egindako zerbitzu guztiak eta enpresak kontsumitu dituen hornidura guztiak ordaindu beharko dizkio Irunberriko Udalari.

Hilabeteko epea iraganik, edozein kontzeptu dela-eta ekintzaileak ordaindu gabe dituen zenbatekoek errekargua izanen dute zigor klausula gisa, zenbateko osoaren ehuneko hogeikoa, galarazi gabe aurretik ezarri diren interesen sortzapena.

Hamabigarren artikulua.

Irunberriko Udalaren eta onuradunaren arteko harreman guztiak izaera zibilekoak izanen dira, eta, Erregelamendu honetan edo Irunberriko Udalaren eta babestutako enpresaren artean sinatutako Espazio Fisikoaren eta Instalazioen Erabilera Lagatzeko Kontratuan ezarri ez denari dagokionez, Nafarroako Foru Zuzenbide Pribatuaren Konpilazioan eta Kode Zibilean xedatuari jarraikiko zaio.

Enpresak konpromisoa hartuko du Irunberriko Udalarekin, kontratua interpretatzetik edo betetzetik haien artean sor daitezkeen desadostasunak elkarren adostasunez konpontzeko.

Erregelamendu honetatik kanpo egonen da bi aldeen artean negozio lokala alokatzeko sinatutako kontratua interpretatzetik edo betetzetik sortzen ahal den edozein auzi.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2305137