81. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BAZTAN

Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatu euskaldunen bi lanpostu oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko

Joseba Otondo Bikondoa Baztango alkateak, Alkatetzaren 2023ko martxoaren 30eko 87/2023 Ebazpenaren bidez, prozeduraren hasiera eta oinarriak onetsi zituen, deialdia arautuko dutenak, Baztango Udalaren zerbitzura zerbitzu anitzetako enplegatu euskaldunen bi lanpostu oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Baztanen, 2023ko martxoaren 30ean.–Alkatea, Joseba Otondo Bikondoa.

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Baztango Udalaren zerbitzu anitzetako enplegatuen bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzea. Euskara jakitearen betebeharra dute: C1 maila (ahozkoaren ulermena eta adierazpena) eta B2 maila (idatziaren ulermena eta adierazpena). Lanpostu bat txanda irekikoa izanen da, eta bestea igoera txandakoa. Igoera txandako lanpostua bete gabe geldituz gero, txanda irekikoari gehituko zaio.

1.2. Izendatutakoak funtzionarioak izanen dira, lanpostuaren jabetza hartzen duten egunetik aurrera.

1.3. Lanpostua Baztango Udalaren plantilla organikoan ezarrita dauden mailetako D mailari dagozkion lansariez hornituko da, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen lansarien behin-behineko erregelamendua onesten duen uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuak eta horrekin bat heldu diren xedapenek aurreikusitakoen parekoak baitira.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da beti, eta hura noiznahi aldatzen ahalko dute administrazioko organo eskudunek.

1.5. Bete beharreko eginkizunak bere mailari eta kategoriari dagozkionak izanen dira, udal-eraikinen eta udal-ondasunen adar elektriko eta mekanikoan mantentze-lanak egitea eta askotariko zerbitzuak ematea barne; eta antzeko beste batzuk, espezializazio zehatzik behar izan gabe, ofizioaren nolabaiteko ezagutza edo trebetasuna eskatzen dutenak. Orobat, eginkizunak aldatzen ahalko dira zerbitzuaren beharren arabera. Hori guztia eskumenaren esparruan eta maila eta kategoriaren barruan.

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Txanda irekia.

a) Adinez nagusia izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko adina ez gainditzea; halaber, nazionalitate espainiarra edo beste edozein Estatutakoa izatea, abenduaren 29ko 27/1994 Foru Legeak bere 1. artikuluan ezartzen duenari lotuz eta bertan ezartzen diren baldintzetan.

b) Erdi Mailako Heziketa Zikloko titulua, Lehen Mailako Lanbide Heziketakoa, Eskola Graduatuarena edo titulu baliokideren bat izatea.

c) Euskararen ezagutza frogatzea Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidea den titulua aurkeztuta; bestela, proba bat gainditu beharko da, izangaiaren hizkuntza maila behar adinakoa dela egiaztatzeko.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 303/2019 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, maila horiek frogatzeko izangaiek proba bat egiten ahalko dute oposizioaren ariketak hasi aurretik.

Hizkuntza Eskolaren gaitasun agiria, EGA edo horien baliokidea duten izangaiak salbuetsirik daude proba hori egitetik; horretarako tituluaren jatorrizkoa aurkeztu beharko dute edo, bestela, kopia konpultsatua, deialdian parte hartzeko eskabidea aurkezten den unean.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua, eta ez egotea inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua.

f) Gidatzeko baimena edukitzea, gutxienez B motakoa.

2.2. Igoera txanda.

Txanda irekiko izangaiei eskatutako betebeharrez gain, igoera txandako izangaiek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) Langile finkoa izatea Nafarroako edozein administrazio publikotan, frogatzea horietan bost urtez zerbitzuak egin izana, eta ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

2.3. Aipatu betebeharrok deialdi honen zortzigarren oinarrian ezartzen diren epean eta eran frogatu beharko dituzte izangaiek, eta eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dituzte.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Baztango Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira eskabideak, 30 egun naturalean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, edo, bestela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako beste edozein bide erabiliz (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea). Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu aurretik, eta interesdunak horren berri emanen dio Baztango Udalari, helbide elektronikoa erabiliz (baztan@baztan.eus), betiere ezarritako epearen barnean.

Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduaren arabera bete beharko dira eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako.

3.2. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Erdi Mailako Heziketa Zikloko tituluaren, Lehen Mailako Lanbide Heziketakoaren, Eskola Graduatuaren tituluaren edo titulu baliokidearen fotokopia konpultsatua.

c) Euskarazko tituluaren fotokopia konpultsatua.

d) Gidabaimenaren fotokopia konpultsatua; gutxienez B motakoa behar du.

e) Izangaiak lehiaketaldian baliarazi nahi dituen merezimenduen jatorrizko egiaztagiriak. Modu horretan egiaztatu ezin diren alderdiak badira, tituluen, frogagirien eta baloratu beharreko gainerakoen kopia kautotua edo fotokopia (konpultsatzeko, jatorrizkoarekin batera ekarriko dena).

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian argitaratzeko aginduko du. Horretarako, bi zerrenda eginen dira, txanda hauetako izangaien arabera:

–1. Txanda irekiko izangaiak.

–2. Igoera txandako izangaiak.

Ebazpen horretan, eta behar izanez gero soilik, hizkuntza gaitasuneko proba egiteko eguna, ordua eta lekua zehazten ahalko dira. Proba hori idatzizkoa eta ahozkoa izanen da, eta bertan zehaztuko da izangaiak deialdi honetan eskatutako jakite mailari dagokionez duen gaitasuna edo gaitasunik eza. Proba hori bukatutakoan, gai kalifikazioa lortu dutenak oposizioko probak egiten ahalko dituzte.

4.2. Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, alkateak onetsiko du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda eta aginduko du argitaratzeko Baztango Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

4.3. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Aurkeztutako dokumentazioa edo Udalak bere esku daukana azterturik, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ikusiz gero, interesdunek galduko dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

4.4. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin egintzat joko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena, jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.b) artikuluari (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

–Epaimahaiburua: Baztango Udaleko alkatea.

  • Ordezkoa: Baztango Udaleko lehen alkateordea.

–Epaimahaikidea: Peio Etxebeste Zayas, Elizondo Lanbide Eskola IIP ikastetxeak izendatutako irakaslea.

  • Ordezkoa: Mikel Iturralde Elizetxe, Elizondo Lanbide Eskola IIP ikastetxeak izendatutako irakaslea.

–Epaimahaikidea: Iñigo Gorrotxategi Paskal, Elizondo Lanbide Eskola IIP ikastetxeak izendatutako irakaslea.

  • Ordezkoa: Mikel Iriarte Antxorena, Elizondo Lanbide Eskola IIP ikastetxeak izendatutako irakaslea.

–Epaimahaikidea: Ana Larruy Alaña, Baztango Udaleko langileen ordezkari.

  • Ordezkoa: Elena Urtasun Lasa, Baztango Udaleko langileen ordezkari.

–Idazkaria: Iulen Urbiola Loyarte, Baztango Udaleko idazkaria.

  • Ordezkoa: Nagore Madariaga Iriarte, Igantziko eta Arantzako udaletako idazkaria.

Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.4. Epaimahaiak laguntzaileen eta aholkulari espezialisten laguntza izan dezake, laguntzeko proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari haietan bakarrik emanen diote laguntza.

6. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

6.1. Oposizio-lehiaketak bi aldi izanen ditu, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehaztu bezala.

6.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehazten ahalko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

6.3. Lehiaketaldia.

6.3.1. Lehiaketaldian 20 puntu eskuratuko dira, gehienez ere.

6.3.2. Alegatutako merezimenduak baremo honen arabera puntuatuko dira.

a) Administrazio Publikoan, antzeko lanpostuetan egindako zerbitzuengatik, puntu bat urte bakoitzeko, 6 puntura arte gehienez ere.

b) Enpresa pribatuan, antzeko lanpostuetan egindako zerbitzuengatik, puntu bat urte bakoitzeko, 4 puntura arte gehienez ere.

Aurreko bi apartatuetako merezimenduak zenbatzeko, honako zerbitzuak hartuko dira kontuan, betiere agiri bidez frogaturik: lan araubidean, behin-behineko langile edo langile finko gisa, edo administrazio araubidean, bitarteko gisa edo lanpostuaren jabe izanik egindako zerbitzuak. Baina apartatu batean baino gehiagotan sartutako zerbitzuak denbora berean eginak badira, puntuaziorik handiena dutenak bakarrik baloratuko dira.

Frogatutako esperientzia denborak (enpresa publiko edo pribatuko ziurtagiriak, lanpostua, eginkizunak eta lan denbora zehaztuko dituztenak) ez baditu urte osoak betetzen, hilabeteen araberako proportzioa aterako da. Egun solteak ez dira zenbatuko.

c) Erdiko eta goi mailako lanbide heziketako ikasketa tituluengatik, lanpostuarekin ikustekoa badute, 6 puntu gehienez ere, honela banatuta:

–Erdi mailako gradua: energia eta ura lanbide-arloa; instalazioa eta mantentze-lanak lanbide-arloa; elektrizitatea eta elektronika lanbide-arloa; igeltserotza eta eraikuntza lanbide-arloa; arotzeria lanbide-arloa: 3 puntu.

–Goi mailako gradua: energia eta ura lanbide-arloa; instalazioa eta mantentze-lanak lanbide-arloa; elektrizitatea eta elektronika lanbide-arloa, igeltserotza eta eraikuntza lanbide-arloa; arotzeria lanbide-arloa: 3 puntu.

Lanbide arlo bereko erdiko eta goi mailako gradua dituztenei maila horietako bakarra baloratuko zaie.

d) Prestakuntza-ikastaroak: 4 puntu gehienez. Egin beharreko lanpostuarekin lotura duten ikastaroak, behar bezala frogaturik badaude, irizpide honi jarraikiz baloratuko dira:

–20 ordu edo gehiagoko ikastaroak: 0,5 puntu, ikastaro bakoitzeko.

–100 ordutik gorako ikastaroak: 1 puntu, ikastaro bakoitzeko.

e) C1 gida-baimena edo handik gorakoa: 0,5 puntu.

f) Elikagaien manipulatzaile txartela: 0,5 puntu.

g) Legionellaren prebentzio eta kontrolerako ikastaroa, gainditu bada: 0,5 puntu.

h) Eraikinetako instalazio termikoen arloko gaitasun ziurtagiria: 0,5 puntu.

i) Pertsonen plataforma jasotzailearen operadorea: 0,5 puntu.

6.3.3. Lehiatzaileek alegatutako merezimenduei buruzko azalpen eta datu osagarriak noiznahi eskatzen ahalko ditu epaimahaiak.

Epaimahaiak, bere iritzia arrazoituz, baloratuko ditu kasuan-kasuan bidezkotzat jotzen dituen merezimenduak, aurreko apartatuei dagozkienak, eta behin ere ez da onartuko alegatu ez den edo agiri bidez frogatu ez den merezimendurik.

6.3.4. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen du izangai bakoitzak lortutako puntuazioa, Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

6.4. Oposizioaldia.

Oposizioaldian honako proba hauek izanen dira.

6.4.1. Lehen ariketa:

Erantzun laburreko eta/edo test motako galdera batzuei idatziz erantzun beharko zaie II. eranskineko gaiei buruz. Proba hau egiteko 90 minutu izanen dira, gehienez ere.

6.4.2. Bigarren ariketa:

Proba praktikoa honako gai hauetako bati edo batzuei buruzkoa izanen da: elektrizitatea, mekanika, iturgintza, igeltserotza, soldadura eta/edo informatika.

Epaimahaiak zehaztuko du ariketa honetako probak eginen diren egun bakarrean edo gehiagotan, bai eta zenbat denbora iraunen duten ere, edukiaren arabera.

6.4.3. Hirugarren ariketa:

Buruz buruko elkarrizketa eginen da lehiaketaldian eta oposizioaldiko lehenengo bi ariketetan lortutako puntuak batu ondoren puntuaziorik handiena lortu duten bost izangaiekin.

Epaimahaiak erabakiko du proba hauetako bakoitza egiteko zer denbora izanen den.

6.4.4. Proben balorazioa.

Lehenengo ariketa 0 eta 40 puntu artean baloratuko da; baztertu eginen dira 20 puntu baino gutxiago lortzen dituzten izangaiak.

Bigarren ariketa 0 eta 70 puntu artean baloratuko da; baztertu eginen dira probetan lortutako puntuak batu ondoren 35 puntu baino gutxiago dituzten izangaiak. Orobat baztertu eginen dira bi probatan edo gehiagotan 0 puntu lortzen dituzten izangaiak.

Ariketa horretan, edo elkarrizketan, 10 puntu lortzen ahal dira gehienez, eta ez da baztergarria izanen.

6.4.5. Ariketak eta kasu praktikoak zer ordenatan egiten diren, ordena horri berari jarraikiz zuzenduko ditu epaimahaiak ariketak. Ariketa bat gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira eta epaimahaiak ez du kalifikatuko probaren gainerakoa.

6.4.6. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

6.4.7. Oposizio-lehiaketaren azkeneko kalifikazioa bi aldietan izangaiak lortutako puntuazioak batuta lortuko da.

7. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa amaitutakoan, epaimahaiak bi zerrenda argitaratuko ditu Baztango Udaleko iragarki-taulan eta web-orrian, puntuazio handienetik txikienera ordenatuta: bata, igoera txandako izangaiekin, eta, bestea, izangai guztiekin, lortutako puntuazioaren arabera. Izangai bakoitzak ariketetan lortutako kalifikazioak batuko dira, eta puntuazio handiena duten izangaien aldeko izendapen-proposamena erantsiko da. Izendapen-proposamena argitaratuko da Baztango Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

8. oinarria.–Agirien aurkezpena.

8.1. Proposatutako izangaiek, proposamena jakinarazi eta hamabost egunean, udal bulegoetan aurkeztu beharko dituzte honako agiri hauek:

a) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela baztertua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

b) Osasun etxe publikoan eginiko txosten-egiaztagiria, izangaiaren gaitasun fisiko zein psikikoaren gainekoa.

8.2. Interesdunak agiri horiek ezarritako epean aurkezten ez baditu, behar bezala frogatutako ezinbesteko kasuetan salbu, ezin izanen da izendatu eta bere jarduera guztiak baliogabetuta geratuko dira, legokiokeen erantzukizuna galarazi gabe.

8.3. Azken apartatuan azaldutakoa gertatzen bada, Udalak 7. oinarrian azaltzen den izangai zerrendan ondo-ondotik heldu diren izangaiak hartu eta haiekin betetzen ahalko du lanpostua.

8.4. Hautatutako izangaiak gehienez ere hamabost eguneko epean hasi beharko du lanean; epe hori Baztango Udalaren kontratazio proposamenaren datatik aitzina hasiko da. Ez bada hasten, behar adina justifikatutako kasuak salbu, edo lanean hasi eta berriz lanpostua hutsik gelditzen bada, organo eskudunak kontratazioarekin ados dauden izangaiei egiten ahalko die kontratua, hautapen prozesuan ateratako puntuazio onenaren ordenari jarraituz. Hori gertatzen bada, 8.3 oinarrian ezarritakoari segituko zaio.

9. oinarria.–Behin betiko zerrenda.

Proba teorikoa gainditzen duten izangai guztien puntuazioaren behin betiko zerrenda erabiltzen ahalko da behin-behineko kontratazioak egiteko, lan pilaketak, bajak, oporrak edo gerora sortzen diren arrazoiak direla-eta edo udal zerbitzuak indartzeko behar puntualak izaten direnean, eta kasu horretan lanpostuaren kontratazioa kasuan kasuko lanpostuari egokituko zaio. Zerrenda kudeatuko da III. eranskinean ezarritakoaren arabera.

Proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketen gaineko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, Baztango Udalaren web-orrian argitaratuko da, www.baztan.eus.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtsoetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenduko zaiona Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Deialdia, Baztango Udalaren zerbitzu anitzetako enplegatu euskaldunen 2 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Deiturak eta izena:

NANa edo agiri baliokidea

Jaioteguna

Nazionalitatea

Helbidea (kalea, zenbakia, solairua)

Posta kodea

Herria

Telefonoa

Helbide elektronikoa

AZALTZEN DUT:

–Zerbitzu anitzetako enplegatu euskaldunen bi lanpostu oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko deialdian eskaturiko baldintza guztiak behar den epean eta moduan betetzen ditudala. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen data: ............. eta zenbakia: ...........

–Eskabide honi eransten dizkiodala deialdiaren oinarrietan eskatzen diren agiriak:

Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

Erdi mailako heziketa zikloko tituluaren, lehen mailako lanbide heziketako tituluaren, eskola graduatuaren tituluaren edo titulu baliokidearen fotokopia konpultsatua.

Gidabaimenaren fotokopia konpultsatua (B kategoria edo goragokoa).

Lehiaketaldian izangaiak aurkeztu dituen merezimenduen jatorrizko agiriak edo kopia kautotuak/konpultsatuak.

–Deialdian eskatutako euskararen ezagutza frogatzeari dagokionez (markatu bidezkoa dena):

Erantsi dudala eskatzen den euskara-maila (C1 maila ahozko ulermenean eta adierazpenean, eta B2 maila idatzizko ulermenean eta idazmenean) duela egiaztatzen duen dokumentazioaren kopia konpultsatua.

Euskararen ezagutza frogatzeko proba egitea eskatzen dudala.

ESKATZEN DUT:

–Onartua izan nadila deialdian, adierazten den txandan:

Txanda irekia.

Igoera txanda.

……………………………...n, 2023.....(e)ko ……………...aren ….(e)(a)n

Sinadura

II. ERANSKINA

1.–Baztango udalerria: Kokapen geografikoa, tokiak, auzoak.

2.–Udala. Osaera. Kideak hautatzea. Osoko Bilkura, alkatea eta Tokiko Gobernu Batzarra (Gobernu Batzordea). Bilkuren araubidea.

3.–Baztango ordenantza, koto eta paramentu berriak.

4.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua. Ideia orokorrak. Eskubideak eta betebeharrak.

5.–Herriko argien instalazioak. Aginte zentroak, babesak eta kontrol tresnak. Argien euskarrien banaketa. Kanpoan jartzen diren argiak: motak eta ezaugarriak.

6.–Lanpara motak, erabilerak, ezaugarriak eta horiek funtzionatzeko behar diren ekipo osagarriak. Loturen eskemak. Elektrizitate lanetako arriskuak prebenitzea.

7.–Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak eta diferentzialak.

8.–Ohiko argien zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

9.–Iturgintza eta berokuntza instalazioen gaineko mantentze-lanak: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, erradiadoreak betetzea eta purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai nagusiak.

10.–Eskema elektrikoak eta iturgintzakoak ulertzea.

11.–Uren instalazioak. Biltegien eta sareen kontrola eta mantentze-lanak. Honako hauek ezagutzea: uren ponpaketa, iragazkiak eta gai zuzentzaileen dosifikatzaileak.

12.–Soldaduraren ezagutza eta doitze makineriaren oinarrizko maneiuarena.

13.–Zurgintzako oinarrizko lanak: ate-leihoak doitzea, sarrailak, bonbinak eta pertsianak.

14.–Igeltserotza: obrak zaintzea eta mantentze-lanak.

15.–Oinarrizko ofimatika. Word, Excel eta posta elektronikoa erabiltzea.

16.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. I. titulua (1., 2., 3., 4. artikuluak), II. titulua (12. artikulua), III. titulua (20., 21., 24. artikuluak).

17.–8/2017 Foru Legea, ekainaren 19koa, LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzkoa. Atariko titulua.

18.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egitekoa. I. titulua (1., 3., 5. eta 6. artikuluak).

III. ERANSKINA

Poltsa arautzen duen araudia

–Lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrenda.

Zerrenda hauetan sartuko dira lanposturik gabeko izangai gaindituak.

Lanpostua lortzen ez duten izangaien zerrenda hauetan lehentasuna finkatzeko, jarraituko zaio sartzeko hautapen prozesuan lortutako puntuazioari, handienetik txikienera. Puntuazioan berdinketa gertatuz gero, administrazio publikoei zerbitzuak ematen antzinatasun handiena dutenen aldeko erabakia hartuko da. Berdinketak hautsi gabe jarraitzen badu, lehiatzaile zaharrenaren alde eginen da.

–Aldi baterako kontratatzeko prozesuaren kudeaketa.

Deiak egiteko arau orokorrak.

1. Errazago lokalizatzeko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), baita helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.

2. Izangaiak honela lokalizatuko dira:

–Kontratazioa presakoa ez bada, lokalizatzeko bi saio eginen dira, eta bi saioen artean 12 orduko tartea izanen da gutxienez.

–Lanpostuan beranduenez bi egunetan hasi behar bada, lokalizatzeko bi saio eginen dira egun berean, tartean gutxienez 2 ordu utzita.

–Lanpostuan gehienez 24 orduren buruan hasi behar bada, izangai guztiei segidan deituko zaie, une horretan kontratazio zerrendan duten hurrenkeraren arabera, harik eta proposatutako kontratua onartzen duen izangaia aurkitu arte.

3. Lokalizatzeko lehen saioa telefonoz deituta eginen da, eta bigarrena, beharrezkoa balitz, mezu elektronikoa bidalita.

4. Betiere, dei bakoitza artxibo batean jasoko da, adierazita hura zer egoeratan, zer egunetan eta zer ordutan egin den. Langileen ordezkariek sarbide zuzena izanen dute artxibo horretara.

5. Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa/k denari/direnei deituko zaio/e, harik eta eskaintzen den/diren lanpostua/lanpostuak bete arte. Izangai batekin harremanetan jartzerik izan ez bada, zerrendan zuen postuari eutsiko dio.

6. Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da.

7. Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste lanpostu batean aritzeko kontraturik eskainiko, non eta ez den gutxienez 6 hilabeteko kontratuetarako edo lanpostu hutsak betetzeko, edo lanaldia luzatzeko.

Deietarako orokorrean ezarritakoa deusetan ukatu gabe, izangaia lanpostuan aritu bada aldi baterako kontratu baten bidez eta, kontratu hori bukatu eta hurrengo 15 egunean, baimentzen bada antzeko lanpostu bat aldi baterako betetzea, Administrazioak izangai berari eskainiko dio kontratua, dei egiten zaion mementoan baldintza hauek betetzen badira:

a) Dei egiten den unean indarrean dagoen zerrenda batean egotea izangaia.

b) Aurreko kontratuaren bukaeraren arrazoia ez izatea hari uko egin izana.

Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendatik at geldituko da, honako egoera hauetako batean dagoela frogatu ezean:

a) Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.

b) Aldi baterako ezintasun egoeran egotea edo lizentzia izatea ama izateagatik edo adoptatzeagatik.

c) Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, berezkoa nahiz adoptatua. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz eskuragarri egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete bat iragan arte, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.

d) Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere burua ezin gobernatu duena, adina, istripua edo eritasuna dela kausa. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz eskuragarri egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete bat iragan arte, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.

e) Izangaia ezkondu berria izatea edo, uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Legea), parekatutako egoeran sartu berria izatea, baldin eskainitako kontratuaren hasiera eguna badago bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturalen barnean.

f) Desgaitasunen bat behar bezala aitortua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren berariazko ezaugarriekin.

Kasu guztietan agiri bidez frogatu behar da badela arrazoi bat, 15 egun naturaleko epean, uko egin zaion lanpostua eskaintzen den egunaren biharamunetik hasita.

–Zerrendetatik baztertzea.

Honako hauek izanen dira izangaiak deiari dagokion zerrendatik kanpo gelditzeko arrazoiak:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egotzi beharreko arrazoiengatik.

c) Probaldia ez gainditzea, baldin aurretik zerbitzuaren arduradunak txosten arrazoitua egiten badu, eta langileen ordezkariekin adosten bada.

d) Sinatutako kontratuari uko egitea.

e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, nahiz eta behin eta berriz egin kontratatzeko deiak, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez.

f) Lanpostua uztea.

g) Kontratua azkentzea diziplina espediente baten tramitazioaren ondorioz, baldin bukatzen bada azkentzea onesten duen ebazpen irmo batekin.

h) Kontratua akitzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa; hain zuzen, kontratatzen den langileak ez izatea lanpostuan aritzeko gaitasunik edo ez egokitzea, baldin horrek berekin badakar errendimendu eskasa, galarazten duena lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea. Betiere, behar dira zerbitzuaren arduradunaren txosten arrazoitua eta adostasuna langileen ordezkariekin.

Iragarkiaren kodea: L2305407