8. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

KASEDA

Deialdia, izangaien zerrenda bat eratzeko, oposizio-lehiaketa sistemako hautaproben bidez, administrari-ofizialaren lanpostua aldi baterako kontratuarekin betetzeko

Alkatetzaren abenduaren 13ko 43/2022 Ebazpenaren bidez, onetsi ziren deialdi bat eta haren oinarriak, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko Kasedako Udalaren zerbitzuko administrari-ofizial izateko lanpostu bat. Hala, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da.

Hona hemen deialdiaren oinarriak:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez osatzea administrari-ofizialen lan-poltsa bat, Kasedako Udalean izan daitezkeen premiei erantzuteko, bat etorriz xedatutakoarekin Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduan eta irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuan (foru dekretu horretan arauak ezartzen dira Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko).

Hautaketa horretatik sortzen den gaindituen zerrenda erabiliko da hurrengo kontratazio eta ordezkapenetarako, eta indarrean egonen da beste deialdi bat onetsi bitartean.

Zerrendaren indarraldia bitartean, lanpostu bererako beste zerrendaren bat eratzen bada Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako hautaproben deialdi publiko baten bidez, berrikiago onetsitako zerrendetako izangaiak lehenetsiko dira zerrenda zaharragokoen aurretik.

1.2. Lanpostuek C mailako ordainsariak izanen dituzte, bat etorririk Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan xedatuarekin eta Kasedako Udalari aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenekin.

1.3. Bete beharreko eginkizunak egokituko zaizkie deialdiaren kategoriari eta lanpostuaren mailari, eta, besteak beste, aipamen hutsez eta bestelakoak baztertu gabe, honako hauek izanen dira:

–Jendearentzako arreta, ordenagailuak erabiltzea, testu-tratamendua, kudeaketa-programak.

–Kontabilitate publikoa, katastroari lotutako eginkizunak eta idazkaritzari eta kontu-hartzailetzari laguntzea exekuzio lanetan.

–Administrari-ofizial bati dagozkion eginkizun guztiak, exekuzio lanak barne.

–Bere lanpostuarekin zerikusia duten bestelako eginkizunak, Kasedako Udalak agintzen dizkionak.

2.–Betekizunak.

2.1. Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, parte-hartzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu kide batekoa, edo langileen zirkulazio askearen aplikazio-eremukoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko hitzarmenen arabera.

Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urteak beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Batxilergo titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo horien baliokide bat izatea, edo izateko moduan egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina). Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Dagozkion eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik ez egotea eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek, aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazioa edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

2.3. Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoen kasuan, itunaren frogagiria aurkeztu beharko da.

2.4. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak, bai eta hautapen prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere. Gerora horietakoren bat ez betetzea nahikoa arrazoi izanen da deirik ez egiteko, harik eta arrazoi hori desagertu arte.

3.–Eskabideak.

3.1. Kasedako Udaleko Erregistro Orokorrean (Azoka plaza 2, 31490 Kaseda) edo egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.caseda.es/) aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, 15 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, edo, bestela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako beste edozein bide erabiliz (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezaioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

Eskabidea zuzenean Kasedako Udaleko Erregistroan aurkeztu ez den kasu guztietan, eta administrazio eraginkortasuna dela-eta, Kasedako Udalari horren berri eman beharko zaio ayuntamiento@caseda.es helbide elektronikoaren bidez, eskabideak aurkezteko ezarritako epearen barrenean.

3.2. Eskabideak II. eranskinean argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio. Horiek Udalaren bulego orokorretan eskura daitezke, bai eta Interneten ere, Udalaren web orrian: www.caseda.es.

Eskabideetan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela.

3.3. Izangaiek honako hau aurkeztu behar dute eskabidearekin batera:

–Nortasun Agiri Nazionalaren edo horren balio bereko beste agiri baten kopia.

–Eskatzen den titulazioaren kopia edo eskaerak aurkezteko epea burutzen denerako hura erdiesteko maneran izanen dela adierazten duen agiriarena.

–Baloratuko diren merezimenduak frogatzeko agirien kopia.

3.4. Desgaitasun aitortua duten izangaiek hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, aurkeztu beharko dute, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

3.5. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Kasedako Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta aginduko du Kasedako Udalaren iragarki-taulan eta Udalaren web orrian (www.caseda.es) argitara dadila. Izangai bazterturik ez bada, besterik gabe onetsiko da onartuen zerrenda behin betiko gisa.

Izangai baztertuek 5 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpen bat emanen du, onesten duena onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Udalaren iragarki-taulan eta Udalaren web orrian (www.caseda.es). Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

4.3. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Aurkeztutako dokumentazioa edo Udalak bere esku daukana azterturik, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ikusiz gero, interesdunek galduko dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

4.4. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin egintzat joko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena, jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.b) artikuluari (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

5.–Hautaproben bilakaera eta balorazioa.

5.1. Lehiaketaldia.

Lehiaketaldia oposizioa gainditu duten izangaiei baloratuko zaie, eta 30 puntu izanen ditu gehienez, baremo honen arabera:

5.1.1. Esperientzia.

–Nafarroako toki entitate batendako, administrari-ofizialaren lanetan zerbitzu egiten emandako urte bakoitzeko: 4 puntu urteko.

–Nafarroako toki entitate batendako, administrari laguntzailearen lanetan emandako urte bakoitzeko: 2 puntu urteko.

Zerbitzu urteak osoak ez badira, zerbitzuak zenbat egunetan egin diren hartuko da kontuan, eta horren arabera esleituko zaie puntuazioa izangaiei.

Aurreko bi atalen batura ez da izanen 20 puntu baino handiagoa.

5.1.2. Prestakuntza.

Izangaiak jarraian ageri diren puntuak eskuratuko ditu gai hauei buruzko ikastaroak egin izanagatik (10 puntu gehienez ere).

Ez da punturik emanen 5 ordutik beherako ikastaroengatik.

–Ofimatikako ikastaroak (Word, Excel, Access, Outlook):

  • 0,05 puntu, 5 eta 15 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko.
  • 0,10 puntu, 15 eta 30 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko.
  • 0,15 puntu, 30 ordutik gorako ikastaro bakoitzeko.

–Deialdiko lanpostuari dagozkion eginkizunei buruzko hobekuntza eta espezializaziorako ikastaro eta prestakuntza ekintzak, erakunde edo zentro ofizialek eta unibertsitate zentroek eginak baldin badira, eta, orobat, Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Hitzarmenen esparruan egindako etengabeko prestakuntzarako ekintzak:

  • 0,10 puntu, 5 eta 10 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko.
  • 0,15 puntu, 10 eta 20 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko.
  • 0,20 puntu, 20 ordutik gorako ikastaro bakoitzeko.

5.2. Oposizioaldia.

Oposizioaldian, proba teoriko-praktiko bat eginen da. Proba horretan, idatziz erantzun beharko dira test motako galdera batzuk, eta I. eranskinean zehaztutako gai-zerrendako gaiei buruzkoak izanen dira.

Galdera guztiendako hiru erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Galderak guztiek izanen dute balio bera, eta gaizki erantzundako galderengatik ez da punturik kenduko.

Ariketa hau egiteko izangaiek izanen duten gehieneko denbora epaimahaiak adieraziko du, azterketa hasi baino lehen.

Ariketaren balorazioak 70 puntu egin ditzake gehienez ere eta bazterturik geldituko dira 35 puntu eskuratzen ez duten izangaiak.

Proba hau egiteko ezin da inolako testurik kontsultatu, ez eta kalkulagailurik edo bestelako materialik erabili ere, ez bada bolaluma urdina edo beltza.

5.2.1. Ariketak plika sistemaren bidez eginen dira.

5.2.2. Probarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

5.2.3. Hautaproba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenendako bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

6.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Jesús Esparza Iriarte jauna, Kasedako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Almudena Iturri Herrera andrea, Kasedako Udaleko zinegotzia.

–Epaimahaikidea: Ana Cristina Laborda Cano andrea, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.

Ordezkoa: Eva Salinas Urra andrea, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.

–Epaimahaikidea: Zangozako Udalak izendatzekoa.

Ordezkoa: Zangozako Udalak izendatzekoa.

–Epaimahaikidea: Santiago Esparza Lanas jauna, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko idazkaria.

Ordezkoa: Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak izendatzekoa.

–Epaimahaikide idazkaria: María Ramírez de Arellano Alemán andrea, Kasedako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Raquel García Areso andrea, Ledeako Udaleko idazkaria.

6.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, baldin suertatzen badira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako ezarriak dauden arrazoiak. Halaber, izangaiek mahaikideak errekusatzen ahalko dituzte inguruabar horiek gertatzen direnean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan ezarritako moduan.

6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

6,5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

7.–Emaitzak.

7.1. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, kalifikazio epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik zein izan den oposizioaldiko puntuaziorik handiena. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak badirau, kalifikazio epaimahaiak ebatziko du, berariazko zozketa bakar baten bidez. Zozketaren emaitzak web orrian (deialdiaren aipuan) eta Kasedako Udaleko iragarki-taulan argitaratuko dira.

7.2. Behin proben kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian (www.caseda.es) jarriko du probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, lortu duten puntuazioaren ordenaren arabera.

8.–Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.

8.1. Gainditu duten izangaiei Kasedako Udalean gertatzen diren beharren arabera eginen zaie dei, deialdi honetan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraikiz.

8.2. Poltsakoei deitzeko, kontuan izanen da III. eranskinean ezarritako araudia.

8.3. Lokalizatzeko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), bai eta helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.

9.–Datu pertsonalen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra), izangaiei honako hau jakinarazten zaie:

–Kasedako Udala da parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Oinarri juridikoa honako hau da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.b) artikulua: kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren parte bat denean, edo berak eskatuta, beharrezkoa baita kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, eta Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua: behar den tratamendua, tratamenduaren arduradunak bete dezan aplikatzekoa zaion legezko betebehar bat.

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuak komunikatuko dira legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege-Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2. f artikuluarekin.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetan, egoitza elektronikoaren bidez (https://sedeelectronica.caseda.es/) edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez (dpo@caseda.es).

Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es), edo, bestela, aldez aurretik datuak babesteko ordezkariari (arestian adierazitako helbidean). Ordezkariak gehienez ere bi hilabeteko epean helaraziko die bere erabakia.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita, aurretiaz organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo, bestela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Kasedan, 2022ko abenduaren 13an.–Alkate udalburua, Jesús Esparza Iriarte.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea.

2.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Atariko titulua: xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua.

3.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, arautzen dituena Toki Araubidearen Oinarriak: II. titulua: Udalerria. V. titulua, I. kapitulua: Funtzionamenduaren araubidea.

4.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina. V. titulua, I. kapitulua: esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileran. V. titulua, II. kapitulua: Hirigintzako legezkotasunaren babesa eta hautsitako ordena lehengoratzea.

5.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

6.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta katastroei buruzkoa.

7.–Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea. I. titulua: Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. II. titulua. Udal zergak.

8.–270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, zeinaren bidez garatzen baita Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, aurrekontuen eta gastu publikoaren alorretan. II. kapitulua: 1. atala: Aurrekontua prestatzea eta onestea. III. kapitulua: Gastu-aurrekontuko kredituak. 3. atala. Aurrekontu-aldaketak. IV. kapitulua: Gastu-aurrekontua betearaztea. Arauak eta betearazteko faseak.

9.–272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Jarraibide Orokorra.

10.–234/2015 Foru Dekretua, irailaren 23koa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako toki-erakundeen aurrekontu egitura.

11.–1690/1986 Errege Dekretua, uztailaren 11koa, zeinaren bidez onesten baita Toki Erakundeetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamendua. II. titulua. Biztanleria eta errolda.

2020ko otsailaren 17ko Ebazpena, Estatistikako Institutu Nazionalaren Lehendakaritzarena eta Autonomia Erkidegoekiko eta Toki Erakundeekiko Lankidetzarako Zuzendaritza Nagusiarena, udalei udal-erroldaren kudeaketari buruzko jarraibide teknikoak ematen dizkiena.

13.–Informatikako oinarrizko tresnak: testu prozesadoreak.

Oinarrizko kontzeptuak, laneko areak, aukeren zinta, idatzi eta editatzea, testu formatua, orrialde-diseinua eta konposizioa, estiloak, txantiloiak, taulak, artxiboak administratzea, posta-konbinazioa, eremuekin lan egitea, inprimatzea.

14.–Informatikako oinarrizko tresnak: kalkulu orriak.

Oinarrizko kontzeptuak, laneko liburuak, orriak, gelatxoak, gelatxoak hautatzea eta komandoak, datuak sartzea, formulak eta loturak sortzea, funtzioak erabiltzea, orrialde-diseinua eta konposizioa, kalkulu-orri bat editatzea, formatuak, grafikoak, inprimatzea.

15.–Nabigatzaileak erabiltzea; Chrome, Firefox, Edge, posta elektronikoa erabiltzea, Drive, aplikazioak eta gailuak instalatzea/desinstalatzea.

Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legediaren arabera eskatuko dira.

II. ERANSKINA

Eskabidearen eredua (PDFa).

III. ERANSKINA

Kasedako Udaleko administrari-ofizialaren lan-poltsa kudeatzeko arauak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

Xedapen honen xedea da arauak ezartzea Kasedako Udalean administrari-ofizialaren lanpostuak (C maila) aldi baterako lan-kontratuen bidez betetzeko izangaien zerrendak kudeatzeko.

2. artikulua. Zerrenda eratzea.

1. Hautaketa-prozesuko proba guztiak gainditu dituzten izangai guztiak eta, bigarrenik, proba teorikoa soilik gainditu dutenak sartuko dira aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, puntuazio-hurrenkeraren arabera.

2. Izangaien zerrendan lehentasuna finkatzeko, probetan lortutako puntuazio handienari erreparatuko zaio.

3. Artikulu honen bidez osatzen diren zerrendek bortz urteko indarraldia izanen dute gehienez, onesten direnetik hasita.

Zerrenden indarraldia bitartean, halako lanpostuetarako bertze zerrendaren bat osatzen bada hautaproben deialdi publiko baten bidez, berrikiago onetsitako zerrendetako izangaiak lehenetsiko dira zerrenda zaharragokoen aurretik.

4. Kanpainarako kontratazioen edo dirulaguntzekin lotutakoen kasuan, eta betiere aparteko presa duten arrazoiak badaude, behar bezala justifikatuak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskatzen ahalko zaio izangaien zerrenda bat bidal dezan.

5. Udalak, efikazia- eta efizientzia-arrazoiak direla-eta, hala behar badu, lanaldi partzialeko kontratuak egiteko aukera sartu ahal izango da.

3. artikulua. Deiak egiteko arau orokorrak.

1. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute. Horrez gainera, harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat eman ditzakete. Informazio horrek etengabe eguneratua egon beharko du. Udalak hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskaera-orritik eskuratuko ditu datu horiek. Dena den, interesdunak berariaz eskatu ahal izanen du datu horiek aldatzeko edo eguneratzeko.

2. Izangaiei deitzeko orduan, aurretik ezarritako lehentasun irizpideak hartuko dira kontuan.

3. Oro har, telefonoz kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera eginen dira izangai bakoitzarekin, hark jakinarazitako bideak erabiliz, eta deiak bi eguneko epean banatuz.

Dei bakoitzaren oharra jasoko da, aipaturik gorabeherak, eguna eta ordua.

4. Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da eta 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaio.

5. Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostua edo lanpostuak bete arte.

Izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote, baldin haiekin harremanetan jartzerik izan ez bada.

6. Hasiera batean hilabetekoak edo laburragoak diren kontratazioak, behin baimendu ondoren, haiekin harremanetan jarrita lanean berehala hastea onartzen duen lehenengo izangaiari eskainiko zaizkio, artikulu honen 3. idatz-zatian ezarritakoa bete behar izan gabe.

7. Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste lanpostu bat betetzeko kontrataziorik eskainiko, lanaldi partzialeko aldi baterako kontratazioetan izan ezik, horietan ahaleginak egingo baitira udal berean bete beharreko beste premia batzuekin osatzeko lanaldia, betiere kontratu beraren barruan posible bada eta interesdunaren adostasuna badago.

8. Kasu bakoitzean ezarritako epean jakinarazi beharko du izangaiak kontratua onartzen duela, eta epe hori ez da 24 ordu baino gehiagokoa izango, deia jasotzen denetik hasita, udalak hala erabakitzen badu. Erantzuten ez badu, interesdunak kontratuari uko egiten diola ulertuko da.

4. artikulua. Deietarako lehentasun apartekoa.

1. Deietarako orokorrean ezarritakoa deusetan ukitu gabe, izangai bat aldi baterako kontratu baten bidez lanpostu batean aritu bada eta, kontratu hori bukatu eta hurrengo 6 eguneko epearen barruan, zerbitzu berean lanpostu berdina aldi baterako betetzea baimentzen bada, Administrazioak izangai berari eskainiko dio kontratua, betiere dei egiten zaion mementuan baldintza hauek betetzen badira:

–Dei egiten den unean indarrean dagoen zerrenda batean egotea izangaia.

–Aurreko kontratuaren bukaeraren arrazoia ez izatea hari uko egin izana.

5. artikulua. Presako deiak.

Behar bezala frogatutako presako kasuetan, kontratazioa, behin baimendu ondoren, harekin harremanetan jarrita lanean berehala hastea onartzen duen lehenengo izangaiari eskainiko zaio, 3.3 artikuluan ezarritakoa bete behar izan gabe.

6. artikulua. Deiak amatasunaren edo adopzioaren lizentzia kasuetan.

1. Amatasunaren edo adopzioaren lizentzia (ez, ordea, aitatasunarena) hartzeko ezarrita dagoen epearen barruan aldi baterako kontratu bat sinatzeko deia jaso eta kontratua onartzen duten izangaiei lanpostu hori erreserbatuko zaie lanean benetan hasten diren arte, orduan sinatuko baitute kontratua.

2. Kontratua onartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta, kontratuak ustez izanen duen iraupena ikusita, aukera badute lanpostuan benetan hasteko.

3. Lanpostuan sartuko dira amatasunaren edo adopzioaren lizentziarako ezarritako epea bukatzen den egunean, edo lehenago, interesdunak eskatzen badu, baina betiere erditu ondoren amarentzat ezarritako nahitaezko atsedenaldia bukatuta.

4. Horrelakoetan, amatasuna edo adopzioa gertatu izan ez balitz lanpostuan hasiko zatekeen egunetik lanpostuan benetan hasten den egunera bitarteko epea Administrazioan egindako zerbitzu gisa onartuko zaio. Aldi hori onartuko zaio kontratua sinatzen baldin badu, eta ondorioak izanen ditu lanpostuan hasten den unetik aurrera.

7. artikulua. Kontratatzeko eskaintzari uko egitea.

1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendatik at geldituko da, ondoko egoera batean dagoela frogatu ezean:

a) Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.

b) Lanaldi partzialeko kontratu bati uko egitea, parte hartzeko eskabidean aukera hori hautatu ez bazuen. Lanaldi partzialeko kontratu bat onartuz gero, 3.8 artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

c) Aldi baterako ezintasun egoeran egotea edo lizentzia izatea ama izateagatik edo adoptatzeagatik. Arrazoi honengatik kontratu bati uko egiten diotenak ez dira berriz eskura egotera itzuliko, ukorako arrazoia amaitu dela behar bezala frogatzen ez duten bitartean.

d) Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, berezkoa nahiz adoptatua. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz eskuragarri egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete bat iragan arte, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.

f) Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere burua ezin gobernatu duena, adina, istripua edo eritasuna dela kausa. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz eskuragarri egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete bat iragan arte, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.

g) Izangaia ezkondu berria izatea edo, uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Legea), parekatutako egoeran sartu berria izatea, baldin eskainitako kontratuaren hasiera eguna badago bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturalen barnean.

h) Desgaitasunen bat behar bezala aitortua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren berariazko ezaugarriekin.

2. Aurreko apartatuan jasotako kasuetan, h) letretakoetan izan ezik, izangaiek zerbitzu emateko moduan daudela jakinarazi beharko dute. Jakinarazpen hori egin bitarte, izangaiak ez dira deitzeko moduan izanen, eta ez zaie inolako lanposturik eskainiko sartuta dauden zerrendetatik. a), e) eta f) letretako kasuetan, arrazoi eragile bera bi aldiz baino ezin izanen da erabili ukoa justifikatzeko arrazoi gisa.

3. Artikulu honetako 1. apartatuan adierazitako egoeretako batean, h) letrakoan izan ezik, dauden izangaiek hilabeteko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala eginez gero, lanpostuari uko egin ziotenean zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

8. artikulua. Zerrendetatik baztertzea.

Deia eragiten duen zerrendatik baztertuko dira ondoko egoera hauetako batean dauden izangaiak:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egotzi beharreko arrazoiengatik.

c) Probaldia ez gainditzea.

d) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu eta ukoaren zergatia izangaia Kasedako Udalean eta haren erakunde autonomoetan funtzionario gisa edo lan kontratatu gisa sartu dela baldin bada, maila bereko edo baxuagoko beste lanpostu batean aritzeko, edo foru agindu honen 3.8 artikuluan ezarritakoaren ondorioz.

e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.

f) Kasedako Udalean eta haren erakunde autonomoetan funtzionario gisa edo lan kontratatu gisa sartzea lanpostu berean edo maila altuagoko beste batean jarduteko.

g) Lanpostua uztea.

h) Kontratua amaitzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, hain zuzen, kontratatzen den langilea lanpostuan aritzeko gaitasun edo egokitzapen faltagatik, horrek lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazten duen errendimendu eskasa badakar.

Iragarkiaren kodea: L2217451