8. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

769E/2022 EBAZPENA, azaroaren 22koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita gizarte-erantzukizuna sustatzeko 2023ko dirulaguntzen deialdia. DDBN identifikazioa: 661132.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategia (S4) onetsi du. S4 estrategia eskualdeko ekonomia eraldatzeko agenda bat da, Nafarroa hazkunde jasangarriaren erreferente izan dadin Europan. Hazkunde jasangarri horren alde egin ditzakeen ekintzetako bat da Nafarroako enpresetan gizarte-erantzukizuna ezartzea.

Nafarroako Gobernua 2008. urtetik garatzen ari den kudeaketa sisteman, besteak beste, Nafarroako enpresen kudeaketan gizarte-erantzukizuna ezartzeko metodologia bat aplikatzen da (InnovaRSE). Ondoren, metodologia berriak garatu dira: TAMIRSE (mikroETE-entzat edo langile autonomoentzat), GOBERNARSE (sektore publikorako) eta IMPLICARSE (metodologia berekia, sustatzen dituena elkarrekiko konfiantzan, gardentasunean eta parte-hartzean oinarritutako enpresa-eredu eta lan-harreman berriak). Aurreko deialdietan, diruz lagundu dira INNOVARSE eta TAMIRSE metodologien etapak, eta deialdi honetan IMPLICARSE metodologiaren lehen etapa ere sartu nahi izan da.

Era berean, Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planean identifikatu diren helburu estrategiko eta jarduketa-arlo nagusi askok lotura zuzena edo zeharkakoa dute InnovaRSE metodologiako enpresek eta entitate publikoek lortu beharreko helburu eta ekintzekin (suspertze ekonomikoa, trantsizio energetikoa, lurralde garapen jasangarria...). Hori horrela izanik, metodologia hori enpresetan aplikatzeak hain beharrezkoa den suspertzea ekartzen lagun dezake.

"INNOVARSE" metodologiak etapa hauek dauzka: diagnostikoaren eta jarduketa-planaren diseinua (aurrerantzean, GE plangintza), jarduketa-plana gauzatzea, jasangarritasun memoria, eta azkenik, Hobekuntza Zikloa. Aurten, dirulaguntzak helburu izanen du hiru metodologiekin egitea GE plangintzaren etapak eta hobekuntza zikloa.

Nafarroako Gobernuak gizarte-erantzukizuna sustatzen eta bultzatzen du, eta, horretarako, enpresentzako laguntzen deialdiak onesten ditu, beren enpresa-estrategietan gizarte-erantzukizuna sar dezaten errazteko.

Nafarroako Gobernuak, 2022ko azaroaren 16an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zuen laguntza hauek banakako ebaluazioko araubidean tramita zitezen, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedaturikoarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.

EBAZTEN DUT:

1. Gizarte-erantzukizuna sustatzeko dirulaguntzen 2023rako deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoak betetzeko, 120.000 euroko gastua baimentzea, 2023ko gastuen aurrekontuko "Gizarte-erantzukizuna sustatzeko programa" izeneko 810012 81500 4709 494112 partidaren kargura.

Honela banatuko da baimendutako gastu hori:

JARDUKETA

ETAPAREN
KOSTU OSOA

TXOSTEN
KOPURUA

1.1. INNOVARSE GE PLANGINTZA (5 langile edo gehiago kontratatuak dauzkaten enpresak)

75.600 euro

24

1.2. TAMIRSE GE PLANGINTZA (langile autonomoak eta 5 langile baino gutxiagoko mikroETE-ak)

7.920 euro

16

1.3. IMPLICARSE GE PLANGINTZA

25.200 euro

8

1.4. INNOVARSE HOBEKUNTZA ZIKLOA

8.100 euro

6

1.5. TAMIRSE HOBEKUNTZA ZIKLOA

3.000

10

Jarduketa baten eskaera guztiei erantzun ondoren, dirua soberan gelditzen bada, beste jarduketetako bat finantzatzeko erabiltzen ahalko da, horiek aurkeztu diren ordenan.

Horren guztiaren baldintza izanen da 2023ko gastuen partidan aurrekontu-kreditu egokia eta nahikoa egotea.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko azaroaren 22an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen xedea da Nafarroako enpresetan gizarte-erantzukizuna (GE) ezartzea sustatzea.

Enpresaren estrategiako kezka sozialak, lanekoak, ingurumenekoak eta giza eskubideekiko errespetuzkoak beren interes-taldeetan nahita txertatzeari esaten zaio gizarte-erantzukizuna; horrela, beren ekintzek sortzen dituzten ondorio eta eraginez arduratzen dira. Legeria aplikagarria eta hitzarmen kolektiboak errespetatzea aldez aurreko baldintza da erantzukizun hori betetzeko.

INNOVARSE kudeaketa sistemaren metodologiek (INNOVARSE, TAMIRSE eta IMPLICARSE) gizarte-erantzukizunaren oinarrizko printzipioak aurkezten dituzte, adierazpen edo esaldi gisa, gogoeta egiteko gai horretan kontuan hartu behar diren alderdi nagusiei buruz.

INNOVARSE metodologiak zenbait etapa ditu: GE plangintza bat diseinatzea, hau da, diagnostiko bat eta jarduketa-plan bat egitea, jarduketa-plana gauzatzea, hobekuntza ziklo bat eta jasangarritasunaren memoria bat, zeharkako etapa gisa, egindako jardueren berri emateko. Dirulaguntza GE plangintza eta hobekuntza zikloa finantzatzera bideratuko da.

Aurtengo deialdiak, aurreko urteetakoek egin bezala, berdintasun arloan egun dauden kezka sozialak enpresetan txertatzen dituzten jarduketak sustatuko ditu bereziki, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren VII. tituluarekin ("Berdintasuna enpresen gizarte-erantzukizunean") eta betetzeko 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Honako beharkizunak betetzen dituzten enpresak izaten ahalko dira dirulaguntzen onuradunak:

a) Lantoki bat izatea Nafarroan.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala behar bada, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatuarekin bat (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).

c) Deialdi hau argitaratu aurreko hiru urtean zehapenik jaso ez izana Langileen Estatutuak edo aplikatzen den hitzarmen kolektiboak ezarritako berdintasun planen arloko betebeharrak ez betetzeagatik edo enpresak hartutako erabakiengatik, sexuarengatik edo orientazio sexualarengatik edo sexu jazarpenagatik zuzeneko edo zeharkako bereizkeria egiteagatik.

d) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

Egoera horretan dauden entitate eta enpresak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra bete, eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian aurreikusitako baldintzekin, halakorik exijitzen ahal bazaie.

e) Ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso ez izana laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan arau-hauste oso astun bat edo bi arau-hauste astun baino gehiago egiteagatik, deialdia argitaratu aurreko bi urteetan.

f) Ingurumen arloan neurri zuzentzaileak eskatzen dituen zehapen irmorik jaso ez izana aurreko bi urteetan, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita, eta zehapen organoaren txosten batek ez agertzea neurri horiek gauzatu ez izana edo aplikatzeko egutegia bete ez izana.

g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko adierazitako debekuetako bat bakarra ere ez urratzea.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

2. a), b) eta g) letretako baldintzak betetzen direla frogatzeko, eskaeran datorren erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da. Gainerako beharkizunak ofizioz egiaztatuko dira.

3. Ezin izanen dira onuradun izan Espainiako Gobernuaren Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Erakunde Publikoen Inbentarioko zerrendako entitate publikoak (http://www.minhafp.gob.es/es-ES/CDI/Paginas/Inventario/Inventario.aspx), ezta 5. oinarriarekin bat akreditatutako pertsonak bere baitan dituzten aholkularitza enpresak ere.

Aurreko paragrafoan xedatutakotik kanpo uzten da TAMIRSE metodologiaren aplikazioa. Beren negozioetan TAMIRSE metodologia ezarri nahi duten aholkulariek dirulaguntza jasotzen ahalko dute, baldin eta metodologia aplikatzen duena akreditatutako beste pertsona bat bada eta pertsona horrek deialdi honetan ezarritako gainerako beharkizunak betetzen baditu.

3. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

1. Dirulaguntzaren xedea da ondotik zehazten diren jarduketak egitea aholkulari gisa akreditatutako pertsonekin, zeinak Nafarroako gizarte-erantzukizunaren webgunean zehaztuta baitaude (https://innovarsenavarra.es/):

1.1. Gizarte-erantzukizunaren plangintza: barnean hartzen du diagnostiko bat egitea eta jarduera-plan bat diseinatzea. Diagnostiko bat prestatzeak aukera ematen die enpresei identifikatzeko zein den beren gaur egungo egoera gizarte-erantzukizunari dagokionez, hiru dimentsioetako bakoitza aztertzen baita (ingurumena, ekonomia eta gizartea) "INNOVARSE" metodologian, TAMIRSE metodologian edo IMPLICARSE metodologian. Aurretiazko diagnostikoa oinarri harturik, jarduketa-planak aukera emanen du jarduketa-ildo batzuk planteatzeko, jarraitu beharreko ekintza zehatzekin, enpresaren politikan gizarte-erantzukizunaren printzipioak ezartzeko.

Emakumezkoen eta gizonezkoen artean lan arloko edozein diskriminazio galaraztera zuzendutako jarduketak baloratze aldera, SI-07 adierazpenean ("INNOVARSE" diagnostikoaren kasuan), diagnostikoaren berdintasunaren eta kontziliazioaren atalean (TAMIRSE metodologiaren kasuan), eta B0-5 adierazpenean (IMPLICARSE diagnostikoaren kasuan) aztertuko da genero berdintasunarekin eta kontziliazioarekin lotutako alderdietako bakoitza; gainera, enpresa aplikatzen ari den eta adierazpenean ageri ez den beste edozein gehitzen ahalko da. Gauzatu beharreko jarduerak planteatzean, gai horri buruzko diagnostikoan atzemandako beharrak aseko dituen ekintza bat gutxienez sartuko da. Gabeziarik atzematen ez bada, bikaintasuna lortzeko hobekuntzaren bat dakarren ekintzaren bat sartu beharko da.

1.2. Hobekuntza zikloak: beste diagnostiko bat egiten da, lortutakoa eta egiteko dauden zereginak berrikusten dituena, bai eta beste jarduketa-plan bat ere, non proposatzen baitira hobetu beharreko beste eremu batzuk, helburuak eta hartu beharreko neurriak.

Jarduketa-plan berriek 1.1 atalean zehaztutako jarduketaren bat, gutxienez ere, jaso beharko dute. Horiek denak dagoeneko sartuak baldin badaude enpresaren estrategian, berri batzuk gehitu beharko dira.

2. Gainera, diruz lagungarriak diren jarduketek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Gobernuaren "INNOVARSE", TAMIRSE edo IMPLICARSE metodologien araberakoak izan behar dute.

b) Laguntza eskatzen den egunaren eta 2023ko irailaren 22aren artean egin behar dira. Ondorio horietarako, egindako gastutzat jotzen da egun hori baino lehenago fakturatu eta ordaindu dena.

c) Enpresako, jarduketa bakarrerako emanen da dirulaguntza.

d) Aholkularitza enpresak gutxienez 70 orduko lan denbora egiaztatu beharko du INNOVARSE GE plangintza egiteko, gutxienez 11 ordukoa TAMIRSEkoa egiteko eta 70 ordukoa IMPLICARSEkoa egiteko; hobekuntza zikloaren kasuan, gutxienez 60 orduko lan denbora egiaztatu beharko du INNOVARSEren kasuan eta 9 ordukoa TAMIRSEren kasuan.

e) Diruz lagungarriak izanen dira, soilik, enpresa bakoitzaren gizarte-erantzukizunaren lehen plangintza eta lehenengo hobekuntza zikloa.

4. oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntzek honako zenbateko hauek izanen dituzte:

JARDUKETA

FASEAREN
KOSTUA

GUTXIENEKO
ORDU KOPURUA

DIRULAGUNTZAREN ZENBATEKOA

1.1. INNOVARSE GE PLANGINTZA

3.150 euro

70 ordu

3.150 euro

1.2. TAMIRSE GE PLANGINTZA

495 euro

11 ordu

495 euro

1.3. IMPLICARSE PLANGINTZA

3.150 euro

70 ordu

3.150 euro

1.4. INNOVARSE HOBEKUNTZA ZIKLOA

2.700 euro

60 ordu

1.350 euro

1.5. TAMIRSE HOBEKUNTZA ZIKLOA

405 euro

9 ordu

300 euro

5. oinarria.–Eskaerak aurkeztea.

1. 2023ko martxoaren 1ean hasiko da eskaerak aurkezteko epea, 08:00etan, eta martxoaren 10ean bukatuko.

2. Eskabideak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko, eta bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ez eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horietan ezin izanen da zuzenketarik egin.

3. Eskaerarekin batera, aurkeztu beharko da enpresako zuzendaritzaren konpromisoa, diruz lagungarriak diren jarduketak abian jartzekoa, laguntzaren fitxan eskura daitekeen ereduaren araberakoa.

4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

6. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Dirulaguntza hauek banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz emanen dira. Hori dela eta, eskaerak 3. eta 4. oinarrietan ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira, eta dirulaguntzaren intentsitatea ebaluazio horren emaitzaren arabera zehaztuko da.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Lan Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu eta ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari; horretan agerraraziko da onuradunek laguntzak jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, gehienez ere 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie ebazpena eskatzaileei, gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira.

7. oinarria.–Justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.

1. Diruz lagundutako jarduketa gauzaturik, 2023ko irailaren 22a arteko epea izanen dute onuradunek, egun hori barne, 5. oinarrian adierazitako moduan dokumentazio hau bide telematikoan aurkezteko:

a) Justifikazioko inprimakia, laguntzen fitxan eskuratzen ahal dena.

b) Diruz lagundutako GE plangintzaren edo hobekuntza zikloaren ale bana, euskarri digitalean. Dokumentu horiek hizkera inklusiboan edo ez-sexistan idatzi beharko dira.

c) GE plangintza egin duten enpresek aurkeztu beharko dute INNOVARSE zigilua erabili izanaren dokumentua, behar bezala beteta.

d) Enpresetara egindako bisiten sinadura orria, laguntzen fitxatik deskargatzen ahal den ereduaren araberakoa, non agertuko baita enpresaren sinadura digitala edo haren zigilua.

e) Aholkulariaren faktura eta ordainketa frogatzen duen dokumentua. Bi dokumentuak dirulaguntzaren eskatzailearen izenean egonen dira.

Onartutako dirulaguntzaren %100 kobratzeko, zenbateko hau izanen du, gutxienez, fakturak: 4 oinarrian adierazitako "Fasearen kostuaren" guztirako zenbatekoa gehi egoki den BEZa. Fakturaren zenbatekoa "Fasearen kostua" baino txikiagoa baldin bada, proportzioan murriztuko da dirulaguntzaren ordainketa.

f) Enpresaren webgunerako esteka edo enpresaren iragarki-taularen argazkia, non jasoko baita dirulaguntza hau lortzeari buruzko publizitatea.

2. Lan Zerbitzuak frogagiriak aztertuko ditu eta ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, eta txosten bat erantsiko dio, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituztela frogatzeko; besteak beste, gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu izatea.

3. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du hiru hilabeteko epean, frogagiriak aurkezten direnetik.

8. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen eredua erabiliz.

Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.

a) Diruz lagundutako jarduera egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

b) Behar izatera, Lan Zerbitzuari komunikatzea dirulaguntzari uko egiten diotela eta uko egitearen arrazoiak azaltzea.

c) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriz ere zehazten ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

9. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera-orria eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoaren helbide berari loturik.

10. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

11. oinarria.–"De minimis" laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2013ko L 352 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 24koa). Erregelamendu horren aplikazio-aldia 2023ko abenduaren 31 arte luzatu da, Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zergaldiko edozein alditan emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

12. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).

13. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete oinarri arautzaile hauen aurka, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2216340