64. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

239E/2023 EBAZPENA, martxoaren 9koa, Ingurumeneko Zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ematen baita Serena Solar 1, Serena Solar 3 eta Amaya Solar 4 eguzki-planta fotovoltaikoen eta energia kanporatzeko azpiegituraren ingurumen-inpaktuaren adierazpena, Adios, Muruzabal, Eneritz, Ukar, Biurrun-Olkotz eta Tebas-Muru Artederreta udal mugapeetan, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SL-k sustatuta.

Izapidean diren hiru proiektuek funtsezko izaeran berdinak dira eta lotura estua dute elkarren artean, izan ere, transformazio eta kanporatzeko jarduera, kokapena, obra zibila eta azpiegitura partekatzen dute. Horrenbestez, efizientzia-printzipioaren eta Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 57. artikuluan aurreikusten denarekin bat etorriz, guztiak espediente bakarrean metatzen dira ofizioz.

Proiektuen ezaugarriak kontuan izanik, hiru instalazioak, batera, Eguzki-energiatik abiatuz sarera saltzeko energia elektrikoa sortzeko instalazioak, aurretiaz dauden eraikinetako estalki edo tailatuetan kokatzen ez diren eta 100 hektarea baino gehiagoko azalera hartzen dutenak, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen Energia Industria izeneko 3 taldekoak, j) atalaren atalasean kokatzen dira, eta, beraz, ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren mende daude.

1.–Ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren prozedura izapidetzea.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikulua eta energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze-prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikulua aplikatuz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak, organo eskudun gisa, 30 egunez jendaurrean jarri zituen Serena Solar 1, Serena Solar 3 eta Amaya Solar 4 eguzki-parke fotovoltaikoen aurreproiektuak eta haien ingurumen-inpaktuaren azterlanak, 2021eko urriaren 18ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 241. zenbakian, hiru iragarki argitaratuta.

26 alegazio jaso ziren proiektu bakoitzerako, horietako batek 9 sinadura ditu. Alegazioak aurkeztu dituzten pertsona eta erakundeen zerrenda, eta ingurumen edukia dutenen laburpena, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren ebazpen honetako I. eranskinean gaineratzen dira.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikulua eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. artikulua aplikatuz, organo eskudunak, hiru proiektuei eta horietan jasotako kanporatzeko azpiegiturari buruz, proiektuek eragindako Herri Administrazioei eta pertsona interesdunei, kontsulta egiteko izapidea hasi zuen. 22 Herri Administrazio eta erakunderi egin zitzaien kontsulta.

2022ko urtarrilaren 18an, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak sustatzaileari igorri zizkion jasotako alegazioak eta txostenak, eta jakinarazi zion, legeria sektorialak eskatzen duen dokumentazioarekin batera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren eskaera aurkeztu behar zuela.

Sustatzaileak, jasotako alegazioak eta txostenak ikusita, zenbait aldaketa egin zituen proiektuetan. Nagusiki, planten poligonala eta kanporatzeko azpiegiturarekin lotutako alderdiak aldatu zituen.

2022ko uztailaren 11n, sustatzaileak dokumentazio berria igorri zion organo eskudunari, eta azken horrek berriro kontsulta egin zien eragindako hamabi Administrazio eta erakunderi.

Izapidean diren parke fotovoltaiko horietako bakoitzerako jasotako erantzunak ebazpen honetako II. eranskinean barneratzen dira:

Dokumentazioa osorik zegoela egiaztatu ondotik, 2022ko uztailaren 27an, organo eskudunak espedientea igorri zion Biodibertsitatearen Zerbitzuari, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaerarekin batera.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 40.3 artikulua oinarritzat hartuz, Ingurumen Eraginaren Atalak dokumentazioa hobetzeko eskaera igorri zuen, instalazio fotovoltaikoen espazioaren konfigurazioan sustatzaileak zenbait alderdi behar bezala kontuan ez zituela izan hauteman ondotik, besteak beste, hartzeko azaleren malda edo Erreniega mendiaren oineko lurraldearen zatiketa. Landarediko baso unaden artean nekazaritza azalerak hartzen dituzten barrutiak desagerraraztea proposatu zen. Gainera, korridore-sare bat sortzea eskatu zen, lekuan dauden fauna espezie ezberdinentzat funtzionalak izateko moduko zabalerarekin. Gainera, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumen kontseilariaren otsailaren 24ko 64/2006 Foru Aginduan ezartzen den esparrua gogorarazten da, lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko ingurumen eta hirigintza arloko irizpide eta baldintzak arautzekoa, bereziki 92/43/CEE Zuzentarauaren arabera begetazioaren barnean lehentasunezko eta intereseko habitat zonak ageri dituzten eremutan, edo erliebe nabarmen batean, moduluak kokatzeari dagokionez. Alderdi horiek, hein handi batean, jendaurreko eta kontsultarako izapideetan jasotako alegazioetatik hartuak dira.

2023ko otsailean sustatzaileak, eskatutako alderdiak kontuan izanik, beste proposamen bat aurkeztu zuen, nekazaritza-baso mosaikoaren barnean dauden barrutiak desagerraraziz eta korridoreak irekiz, horietako zenbait 40 metroko zabalerakoak. Okupazio-azalera berria 189,03 hektareakoa da, hasiera batean aurkeztutako hiru proiektuetan baino %33 gutxiago. Kanporatzeko azpiegiturak planta fotovoltaikoen inguruan du jatorria, tarteko bertze Azpiestazio batzuekin lotura eginez, eta Espainiako Sare Elektrikoak Muru Artederretan duen Azpiestazioan amaitzen da. Kanporatzeko linea elektrikoak 12 kilometroko luzera du, gutxi gorabehera eta lurpetik igarotzen da osorik, 900 metro inguru salbuetsita, Nafarroako Kanalarekiko bidegurutzearen inguruan.

2.–Espedientearen azterketa teknikoa.

a) Alternatiben azterketa.

"0" Alternatiba barne hartzen duen ingurumen-inpaktuaren azterlanean (IIA) jasotzen diren alternatiben azterketan, balizko bi kokapen ebaluatzen dira, bata Erreniegaren iparraldera kokatua (planta fotovoltaiko bakarra) eta bestea mendikate beraren hegoaldera (Serena Solar 1, Serena Solar 3 eta Amaya Solar 4) Parke Fotovoltaikoak. Gainera, energia kanporatzeko lineatarako hiru alternatiba aztertzen dira.

Azterketak, amaitzeko, "0" alternatiba ezesten du, proiektua eskualdean energia berriztagarriak garatzeko aukera bat dela uste duelako, eta, gainera, berotegi-efektua murrizten eta klima-aldaketa arintzen laguntzen duelako. Kasu honetan, gainera, ez litzateke beteko Nafarroako Energia Planaren (NEP 2030) helburua, energia berriztagarrien ekoizpena areagotzekoa.

Azterketa-prozesuaren ondotik, Erreniegaren iparraldeko mendi-mazelan lekutzen den alternatiba baztertu egin zen, izan ere, hartako azaleraren %53an batez besteko malda %10 eta %20 bitartekoa da, eta hartako azaleraren %20an, maldak %30etik gorakoak dira, gerta litezkeen higadura-prozesuen ondorioz adierazgarritzat jotako eta Larritzat ebaluatzen diren inpaktuekin, lurzoruaren egiazko galeraz eta lurrazaleko sare hidrografikoa aldatuz. Halaber, alternatiba honek ingurune biotikoan (landaredia, faunarako biotopoak eta habitaten zatiketa) dituen eraginak nabarmendu behar dira, Larri modura kalifikatzen direnak. Bestalde, lurzoruaren erabilera tradizionalen galera eta bideetan, Donejakue Bidean kasu, duen eragina, askoz ere adierazgarriagoa da alternatiba honetan azken hautatutako alternatiban baino.

b) Proiektuaren eragin nagusien tratamendua.

Planta fotovoltaikoen hiru proiektuak Erreniegako lautada eta glazisetan lekutzen dira, hego ekialdeko isurialdean. Lerrokadura menditsu hori Iruñerriaren eta Izarbeibarko eskualdearen arteko muga da, eta esparru eurosiberiarraren arteko muga egiten du, harizti ilaundunekin iparraldeko mazelan eta mediterraneoan, eta garriga eta abariztiekin hegoaldeko mazelan.

Hiru planta fotovoltaikoen proiektuaren bertsio berrian (2023ko otsaila) aldaketa zenbait egiten dira, okupazio-azalerak murriztuz eta okupazio horiek aipatutako lerrokadura menditsuaren oinetik urrundutako eremutan metatuz, ingurumen balio aipagarririk gabeko eremu batean eta halako instalazioak ezartzeko topografia egokiago batekin.

Hiru proiektuek eragindako azaleraren zati handi bat lur lauetan eta malda leunen gainean lekutzen da. Dena den, zona batzuetan, bereziki Serena Solar 1 plantaren kasuan, ekialdeko muturrean, lurraren malda %15 eta %40 bitartekoa da, aurreproiektu sendoetako luzetako profiletako planoekin bat etorriz. Horrela, lur mugimenduek lur-erauzketak sorraraziko dituztela edo 5 metroko altueratik gorako desnibeleko muinoen kaskoak desagerraraziko dituztela egiaztatzen da. Berez, 2022ko uztaileko dokumentazio teknikoak lur mugimendu adierazgarriak erakusten ditu hiru eguzki-plantetarako: 118.867 m³ lur-erauzketaren ondorioz eta 118.385 m³ lubetara bideratzeko.

Eguzki-planta fotovoltaikoak eta horietako kanporatzeko azpiegituren proiektuen ingurumen-inpaktuaren azterlanak eratzeko Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Gidan (2022) jasotzen den irizpideari jarraituz, mazelak edo zonaldeko malkartsuak edota higadura-arriskua duten eremuak okupatzeko alternatibak ekiditekoa (www.miteco.gob.es/es/calidad-y-evaluacion-ambiental/temas/guiaelaboracionesiaplantasfotovoltaicassgea–tcm30-538300.pdf), instalazio fotovoltaikoak %10etik beherako maldak dituzten lurrazaletan kokatu behar direla ulertzen da. Beraz, ezinbestekoa da Adiosko 2. industrialdeko 131. eta 145. partzeletako eta 3. industrialdeko 12. partzelako inguratzaile fotovoltaikoei dagokien azalera osorik edo zati batean baztertzea, horrela, egiteko lur mugimenduak modu adierazgarrian mugatuz.

Hiru proiektuak hartzen dituen eremuak ur ibilgu ez iraunkor ugarik zeharkatzen ditu. Oiankoa, Larrain eta Soto errekak dira, Erreniegako hegoaldeko mazelako urak ipar-ekialde eta hego-mendebalderantz bideratzen dituztenak. Hiru planta fotovoltaikoen konfigurazioa kontuan izanik, aldi baterako errekasto horien gainean ez da eragin zuzenik espero, horiek ikuspegi ekologikotik hobetzea desiragarri izanen litzatekeen arren. Lurzorua prestatzeko, zangak irekitzeko eta, euri garaian egiten badira, sarbide berriak hobetzeko eta egiteko baliteke eragiketek uhertasun gertakariak eragitea lehen aipatutako erreketan eta horietako urak husten dituen ibilgu nagusian, Robo ibaian izanik hurbilen dagoena.

Erliebea aldatzeak, halaber, azaleko drainatze sarea aldatzea ekartzen ahal du, aldaketa txikia izan arren, eta mugakide diren nekazaritza lursailei eraginen die. Beraz, behin betiko drainatzeek konpondu beharko dute afekzio hori. Era berean, planta fotovoltaikoen drainatzeen diseinuak kontuan hartu beharko du hurbil-hurbileko nekazaritza edo landa ingurunean jariatze uren ondoriozko kalteak areagotzeko aukera, prezipitazio handiko uneetan modulu fotovoltaikoak egoteagatik lurraren "iragazgaiztea" dela eta. Horri dagokionez, kontuan izan beharko da Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren 2022ko otsaileko txostenean adierazten dena, bereziki jabari publiko hidraulikoan, lehentasunezko fluxu-eremuan eta uholde-eremuan eragina duten jarduketei dagokienez.

Proiektuak landaredian dituen eraginei dagokienez, IIA azterlaneko "Landaredia" izeneko VII. eranskinean xehetasunezko ikerketa bat jasotzen da, hiru proiektu fotovoltaikoen eta energia kanporatzeko linea elektrikoaren eremuan dagoen landaredia naturaleko unada bakoitzaren ezaugarriak adierazita.

Proiektuen eragin-eremua ebaluatuz, jakinarazten da proposatzen den konfigurazio berriak landaredia naturala duten lurrazaletan eraginak izatea ekiditen dela, eta eragindako azalera ia osoa lehorreko zereal-laborantzako lurrak dira, Adiosko 3. industrialdeko 12. partzelan eta 2. industrialdeko 13. partzelan dauden bi azalera txiki salbuetsita, horietako lehendabizikoa %30etik gorako malda duen ezponda malkartsu batean, modulu fotovoltaikoak ezartzeko baztertzekoa.

Ingurumen-inpaktuaren azterlanean, "Faunari buruzko urteko azterketa" izeneko VI. Eranskinean, lekuan dagoen hegazti-faunari buruzko azterketa bat jasotzen da. Urteko inbentarioa egiten da bertan, 2020ko azarotik 2021eko urrira bitartean, 4 laginketa-ibilbide eta 7 laginketa-estaziorekin. Babes Bereziko Erregimen kategorietako batean jasotzen diren 69 espezie (zerrenda nazionala kontuan izanik) eta 7 espezie katalogatu (katalogo nazionala kontuan izanik) hautematen dira. Hautemandako espezie katalogatuen artean daude Naumann belatza (Falco naumanni), mirotz zuria (Circus cyaneus), zaurgarri modura katalogatutako saia (Neophron percnopterus) eta Galzorian dagoen espezie modura katalogatutako miru gorria (Milvus milvus).

Ondorio modura, faunari buruzko eranskinean adierazten denez, laginketa bakoitzean dentsitate gehien ageri duten espezieak landazabal eta estepa iberikoko espazio irekiekin lotuta daudenak dira. Dena den, eremua elikatzeko eta kanpatzeko erabiltzen duten espezie harrapari ugari hautematen direla (miruak, zapelatzak, etab.) nabarmentzen da.

Proiektuak faunaren gainean duen eragin nagusia habitataren galerarekin lotutakoa da, bereziki nekazaritza espazio irekiak behar dituzten espezieen kasuan. Planta fotovoltaikoak ezartzeko azalera, azken bertsioan, jatorrizko eragindako azalera %30 baino gehiagoan murrizten da. Azalera horretako habitata sinplifikatua da eta fauna egoteko habitat egoki modura kalitate okerragoa du, espezie harrapakinen dentsitate txikiagoz eta, horrenbestez, harrapari batzuendako ez da horren erakargarria, esate baterako, miru gorriarendako edo aipatutako bi mirotz espezieendako.

Bestalde, zenbait barruti hesituta daudenez, zereal-laborantzaren zatien arteko distantzia areagotu egiten da eta isolatuta geratzen dira, batetik bestera fauna ibiltzea zailduz. Faunarendako egokiak diren biotopoen galeraren eragina murrizteko, txosten honetan eragin horri begirako neurri zuzentzaile eta osabidezko neurri zenbait gaineratzen dira, IIA azterlanean dagoeneko jasotzen direnetara gehitzekoak.

Paisaiaren gaineko eraginari dagokionez, IIA azterlanean paisaiaren ebaluaziorako dokumentu espezifiko bat (III. eranskina) jasotzen da, Ingurumen Ministerioaren Espainiako Paisaiei buruzko dokumentuko unitateen kartografian oinarritua (Mata eta beste, 2004), instalazio gehienak "Erreniegako" Unitatean geratzen direlarik. Azterketaren ondoren jasotako emaitzetan oinarrituta, IIA azterlanean proiektuek eragindako lurraldearen paisaia-kalitatea baxu modura zehazten da, laborantzek hartutako espazio ireki zabalak baitaude, paisaia-unitate nagusia irudikatzen dutenak (Ebroko lautadak eta glazisak), kalitate hori, gainera, okertu egiten da bertatik hurbil elementu antropikoak daudelako. Bere hauskortasunari dagokionez, ikusizko kalitatea eta ikusgaitasuna aldi berean aztertuz balioetsia, ertain-baxu modura kalifikatzen da, nahiz eta paisaiari buruzko dokumentuan adierazten denez, planta fotovoltaikoak eta energia kanporatzeko horietako azpiegitura aztertutako ikusizko arroaren eremu osoaren %60tik ikusiko liratekeen. Balizko behatokiei dagokienez, paisaiari buruzko eranskinean adierazten denez, proiektua alboko errepide-tarte ugaritatik, Donejakue Bideko hainbat tartetatik eta hainbat herriguneren kanpoaldetik ikusiko litzateke. Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txosten-espedientean, 2022ko urtarrilaren 27koan, adierazten denez, proposatutako jarduketak, bere hedadura kontuan izanik, besteak beste, bi eragin garrantzitsu ditu lurralde mailan: lurzoruaren erabileraren okupazioa eta eragina eta ikusizko inpaktua.

Nafarroako arkitektura ondareari dagokionez, Ondare Historikoaren Zerbitzuko Arkitektura Ondare Atalak igorritako txostenean, 2022ko irailaren 26koa, adierazten denez, ez da eraginik espero ingurunearen balio horrekin lotuta. Energia kanporatzeko lurpeko linearen bertsio berriarekin Zerbitzu horrek Aragoi aldeko Donejakue Bidearen gainean hasiera batean hautemandako eraginak konpontzen dira, orain bertan bidegurutze bat dagoelarik aipatu bidearekin Tebas-Muru Artederreta udalerrian.

Ondare arkeologikoari dagokionez, IIA azterlanean proiektuak zuzenean eragin ditzakeen aurkikuntza arkeologikoak hautematen dira: Larrain I (Adios) aurkikuntza, 09-31-007-9002 kodea; eta Larrain II (Adios) aurkikuntza, 09-31-007-9003 kodea. Gainera, Muruzabaleko Udal Plan Orokorrarekin bat etorriz, balio kulturala duen lurzoru urbanizaezin kategoriako babes-lurzoruari (aztarnategiak), eragiten zaio. Beraz, proiektua onartu aitzinetik, ezinbestekoa da Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena izatea, ondare arkeologikoa mantentzearekin bateragarria dela erabakitzekoa.

Adiosko Azpiestazioari dagokionez, Adiosko 2. industrialdeko 138. partzelan, hegoaldera 4-5 metroko malkarra duen ibarbide batean, ikuseremuari dagokionez pantaila funtzioa egiten duen Adiosko herrigunearen eta nekazaritza-laborantza lurren artean kokatua, ez da ingurumen mailako eragin adierazgarririk gertatuko denik espero.

Energia kanporatzeko lineak Adiosko udalerrian aipatu linea lurperatzeko bide eta pistak aprobetxatzen ditu. Beraz, lehendabiziko kilometro horietan ez da ingurumen mailako eraginik espero inpaktuak prebenitu eta zuzentzeko dagozkion neurriak hartuta. Enerizko udalerrian, eroanbideak Orinoain erreka zeharkatzen du, eta kasu horretan bidegurutzean dagoen ubera erabil daiteke. Jadanik Ukarko udalerrian, lurpeko linea larre unada txikiekin eta lau ur ibilgurekin txandakatzen diren nekazal lurretan zehar igarotzen da. Horietan guztietan erreka bazterreko landaredi zerrendak urriak dira. Lehendabiziko errekak ez du izenik, bigarrena Ugarta da, hurrengoa Ibargoa eta azkenik Robo ibaia, azken hori, jadanik, airetik zeharkatzen du lineak. Linea elektrikoak airez jarraitzen du Olkozko udalerrian eta hor Nafarroako Kanala zeharkatzen du; handik metro gutxira Tiebas-Muru Artederretako udalerrian sartzen da, eta birpopulatutako pinudi baten gainetik igaro ondotik, lurpean sartzen da berriro, bideetan barna Intxaurretako errekaren bidegurutzera iritsi arte, ingurumen balio adierazgarririk gabekoa, baratzeen artean murgiltzen baita. Linea elektrikoaren ingurumen-inpaktua prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak aplikatzearekin bateragarria izanen litzatekeela uste da.

3.–Ondorioak eta ingurumen organoaren balorazioa.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak jakinarazi du ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura egoki gauzatu dela, eta paisaiaren eraldaketa, faunaren gaineko balizko eraginak eta ondare arkeologikoa aipatu ditu ebaluazio horretan kontuan izateko alderdi nagusi modura.

Inpaktu horiez gain, jarduera tradizionalen erabilera-aldaketarekin lotutako eragina eta udalerri batzuetan lurraren okupazio handia, Lurralde Antolamenduaren Zuzendaritza Nagusiaren Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2022ko urtarrilaren 27ko txostenean jasotzen dena, izanen lirateke proiektu honen azterketan aintzat hartzeko beste alderdi garrantzitsuak. Azken eragin horiek, paisaiarekin lotzen dena barne, nagusiki lurraldearekin lotzen direnez, lurraldearen antolamenduan eta paisaian eskuduna den Nafarroako Gobernuko organoa izanen da alderdi horien gaineko erabakia hartu duena lurzoru urbanizaezinean egiteko jarduerak baimentzeari dagokionez.

Aurrekoa ikusirik eta, kontuan izanik behin betiko proposameneko faunaren gaineko eraginak bateragarriak direla ingurumen-inpaktuaren azterlanean eta ebazpen honetan jasotzen diren neurriak aintzat hartuz, proiektuak ingurumenari begira bideragarriak direla usten da. Beraz, aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena ematea proposatzen da, ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak betetzearen baldintzapean.

Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskumenak erabiliz –zehazki, honako hauek ematen dizkidatenak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak–, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Serena Solar 1, Serena Solar 3 eta Amaya Solar 4 eguzki-planta fotovoltaikoen eta energia kanporatzeko azpiegituraren gainean ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena ematen da, Adios, Muruzabal, Eneritz, Ukar, Biurrun-Olkotz eta Tebas-Muru Artederreta udal mugapeetan, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SL-k sustatuak.

2. Jarduera espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz egin dadila ezartzea, baita honako baldintza hauek betez ere:

1.–Paisaia-eraginei dagokienez, lurraldearen antolamenduari eta paisaiari begira eskumena duen organoak proiektuetako lurzoru urbanizaezinean jarduerak baimentzeari buruz xedatzen duena beteko da.

2.–Proiektua baimendu aitzinetik, ezinbestekoa izanen da Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena izatea, proiektua Serena Solar 1 eta Serena Solar 3 eguzki-planta fotovoltaikoen (dagoeneko badago Amaya Solar 4 eguzki-planta fotovoltaikoaren aldeko txostena) obren eremuan egon daitekeen ondare arkeologikoa mantentzearekin bateragarria dela adieraztekoa. Proiektua egikaritzea txosten horren mende egonen da.

3.–Adiosko Udalaren alegazioari erreparatuz, plantarako sarbideak, hala eraikuntzara nola ustiapenera, herriguneen kanpoaldetik egitea lehenetsiko da.

4.–Baztertu eginen dira %10etik gorako maldak dituzten azalera guztiak. Horrela, baldintza hori betetzen ez duten inguratzaile fotovoltaikoetako azalera zenbait, edo guztiak, baztertu egin beharko dira, esate baterako, 2. industrialdeko 131 eta 145. partzeletako eta 3. industrialdeko 12. partzelako inguratzaileetan daudenak, guztiak Adiosen kokatuak.

5.–Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumen Departamentuko kontseilariaren otsailaren 24ko 64/2006 Foru Agindua, lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko ingurumen eta hirigintza arloko irizpide eta baldintzak arautzekoa, betez, planta fotovoltaikoak erliebe nabarmen edo lau batean edo kaskoan lekutzeari dagokionez, gutxienez 15 metroko distantzia errespetatuko da instalazioaren perimetroko itxituraren eta erliebearen ertzaren artean, lurra higatzeko arriskuak eta mazelan lur-isuriak ekidin eta paisaia-inpaktua murrizte aldera.

6.–Dagoeneko sortuta daudenez gain, beste korridore bat irekiko da, proiektuetako bertsio berriarekin (2023ko otsaila) bat etorriz, UTM ETRS89 603284/4727580 eta 603285/4727492 koordenatu-puntuen artean, faunari begira lurraldearen konektibitatea are gehiago hobetzeko helburuarekin.

7.–Zuinketa egiten den bitartean, zintaz eta ikusteko moduko markez balizatuko dira inguratzaileen barruko aldean dagoen edozein unada edo hesirekin muga egiten duten obrek eragindako azalera guztiak, eta horien inguruan babes-perimetro bat kokatuko da. Makinen joan-etorriak obrako eremuaren aldameneko landarediari eragin ahal badio, aurrez eta basozainak gainbegiratuta, hura inbaditzen ahal duten adarrak eskuz inausiko dira. Sarbide iraunkorren eta aldi baterakoen azalerak, makineria igarotzeko eremuak eta gainazal osagarriak sartuko dira. Baso unaden ingurunean ingurumen eraginaren azterketak adierazten duen bezala, tamaina handiko zuhaitz aleak daudenez, banakako babesa emanen zaie 2 cm-ko lodierako zurezko oholen bidez, 2 mm-ko alanbrearekin helduta.

8.–Lurra berdintzeko lanek ez dute sortuko 2-3 metro baino gehiagoko lur erauzketarik edo ezpondarik. Ezpondarik sortzen bada, etzanak izanen dira, 3H/2V baino gutxiagoko maldarekin, haien goialdeak biribilak izanen dira, eta lubeta ezponden gainean gutxienez lur begetalezko 30 cm-ko geruza jarriko da. Lurra kendu edo hondeatu aitzinetik, obrek eragindako azalera guztietatik landare lurra kenduko da, gutxienez 30 cm-ko sakonerako profil batean (okupazio iraunkorreko edo aldi baterako azalerak). Material hori horretarako hautatutako espazioetan metatuko da, 2 m-tik beherako altuera duten kabailoiak osatuz.

9.–Lur mugimenduetako soberakinak ahal bezainbeste aprobetxatzeko ahalegina eginen da, obran berean erabiliz. Lur soberakinak hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu, eta lehentasunezko helburua izanen da inguruko espazio narriatuak lehengoratzea. Lehengoratzeko lanetan erabiliko ez diren lurrak zabortegi baimendu batera lekutuko dira. IIA-n adierazten den moduan, ez da mailegu-eremurik sortuko, ezta zabortegi-eremurik ere. Nolanahi ere, lurren lekualdaketa eskatzen duten operazioek Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalaren aldeko txostena beharko dute.

10.–Obrak eragindako azalerak berrezarri eta neurri zuzentzaileak aplikatzeari dagokienez, jakinarazten da obrak hasi aitzinetik ingurumen-integrazioko proiektua aurkeztu beharko dela, Biodibertsitatearen Zerbitzuak gainbegiratu eta oniritzia eman dezan.

11.–Proiektuen ingurumen-integrazioko neurrien artean, obrek eragindako azalera guztietan eta, bereziki, jarraitzaileen artean, lur begetalezko geruza mantentzeaz gain, destrinkotzeko, lurra ereintzarako prestatzeko, ereiteko edo, malda neurrizkoen kasuan, ereite hidraulikoa egiteko lanak eginen dira, eremuan berezkoak diren espezieen landa-hazien nahasketa bat erabiliz. Adibide modura, espezieen nahasketa hau ematen da:

Belarkien hazien nahasketa: Lolium peremne (%15), Festuca rubra (%25), Agropyrum repens (%5), Poa pratensis (%10), Medicago sativa, (%10), Medicago lupulina (%10), Lotus corniculatus (%5), Trifolium fragiferum (%5), Onobrychis viciefolia (%7,5), Sanguisorba minor (%7,5) (dosia: 30 gr/m²).

Zuhaitz eta zuhaixka espezieen hazien nahasketa, lur erauzketetan botatzeko: Quercus rotundifolia, Buxus sempervirens, Dorycnium pentaphyllum, Genista hispanica, Thymus vulgaris (3 gr/m²).

12.–Hesiak –zinegetikoa izanen da– ingurumen eraginaren azterketan iragazkortasunari eta seinaleztapenari buruz jasotako jarraibideak beteko ditu (talken aurkako poliestirenozko plaka angeluzuzenak, 2 metrotik 2 metrora eta altuera desberdinetan), eta itxituraren azken harian elementu zorrotzak saihestuko ditu. Zuloak izanen ditu behealdean, fauna errazago igaro dadin.

13.–Gainera, landaketak proiektatuko dira hiru eguzki-parkeetako eta Adiosko Azpiestazioko barruti guztietan, bideetara eta terraza edo txankalen ertzetara begira geratzen diren mugetan. Zuhaixken landaketak izanen dira, eta horiekin batera, tamaina txikiko zuhaitzak landatuko dira. Gainera, inguratzaileen artean korridore guztietan konektibitatea ahalbidetzeko landaketak, landaketa heterogeneoak, proiektatuko dira, lehorreko laborantzari espazio ireki gisa eutsi ahal izateko espazioak eta luzetarako zuhaitz eta zuhaixka zerrendetako landaketak konbinatuz. Zuhaitz eta zuhaixka horiek trinkoagoak izanen dira bokaleetatik hurbilen dauden sektoreetan, eta hori guztia mantentze lan egokiekin.

14.–Landaketak, hesien kanpoaldera, zuhaitz eta zuhaixka errenkada bikoitzetan eginen dira, hiruzuloka kokatuta, 2x2koan. Korridore ekologikoen kasuan, 1-2 izerdiko aleak erabiliko dira edukiontzian. Bideetatik gertuko barrutietan landatzeko, gutxienez 50 cm-ko altuera duten aleak erabiltzea proposatzen da, eta tantakako ureztatze-sistema erabiliko da, ongi errotzea eta ezkutatze funtzioa azkar betetzen hastea lortzeko. Hauek izanen dira, besteak beste, landaketetan erabiltzeko espezieak: Quercus rotundifolia, Quercus faginea, Quercus cocifera, Sorbus torminalis, Crataegus monogyna, Acer mosnpessulanum, Prunus spinosa, Ligustrum vulgare, Viburnun lantana, Lonicera etrusca, Juniperus oxycedrus, Thymus vulgaris, Lavandula latifolia, Genista hispánica, eta abar.

15.–Aitzinetik adierazitako neurri-zuzentzaileez gain, korridore ekologikoen birsorkuntzen gainean neurri gehigarriak aplikatuko dira, konektibitatea hobetzeko xedez, instalazio fotovoltaikoak iparraldetik hegoaldera zeharkatzen dituzten hiru erreka nagusiak (Oiankoa eta Larrain errekak eta Soto errekastoa) berrezarriz. Berrezarpen horretan erreka horien ertzak gutxienez %60an berreskuratuko dira horien barneko luzeran eta proiektuko eremuko 500 metroko inguraldean (errekan behera eta gora), eta 3 metroko zabalerako zerrendatan ibilguaren alde bakoitzera. Landaketak diseinatuko dira, gutxienez espezie hauek gaineratuz: Besteak beste, Populus nigra, Fraxinus excelsior, Fraxinus angustifoilia, Salix purpurua y Salix atrocinerea, Sambucus nigra, Euonymus europaeus eta Ligustrum vulgare. 2 metrotik gorako tamaina naturala duten espezieak urertzeko tarteetan kokatuko dira, modulu fotovoltaikoetatik urrun, horien energiaren ekoizpena ez gutxitzeko.

16.–Landaketak azarotik otsailera bitartean eginen dira, obrak amaitu ondotik, eta mantentzeko ureztatzea (tantakako ureztatzearekin hornitzen ez diren landaketetarako) eta zainketak eginen dira, proiektuen bizitza osoan egoera egokian egonen direla bermatzeko. Gainera, babestu eginen dira, artzaintzak ez kaltetzeko (hodi babesleak eta tutorea jartzea).

17.–Plakak ezartzeko eremuan dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza estentsiboa erabiliko da, eta behar berezia izanez gero, sasi-garbitzea makineriaz egitea baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.

18.–Lur mugimenduak eurien garaian egiten badira, eta sedimentuak eramaten badituzte eremua zeharkatzen duten erreketara, drainatze osagarriak eginen dira, jariatze urei eusteko sistema sendoetara bideratuz; urak lurzoruaren drainatze sare naturalean isuri aitzinetik kokatutako puntuetan ezarriko dira sistema horiek.

19.–Proiektatu beharreko drainatzeei dagokienez, diseinuak bermatu beharko du dinamika hidrologikoa ez dela nabarmen aldatuko, eta eremuko jariatze ura isurbide naturaleko puntuetara bideratuko dela, jariatze uren ondorioz alboko nekazal partzeletan kalteak sorraraztea ekidinez.

20.–Energia kanporatzeko linearen trazadura, zatirik handienean lurpekoa izanen dena, ibilbidetik mugituko da zuhaitz bereziak dauden tarteetan giro arras sinplifikatu batean, esate baterako, Ukarretik jaisten den errekastoan dauden makalak (UTM ETRS89 605676/4725190 koordenatuak) edo malda naturalaren goialdeko erkametzak (UTM ETRS89 607290/4725541 koordenatuak) dauden tarteetan. Azken kasu horretan, linea elektrikoa hartuko duen zuloa nekazaritza-finkara sartzeko biderantz eramanen da.

21.–Baso masan eragina duen linea elektrikoko aireko tartean ahalik eta zuhaitz gutxien kenduko dira. Gainera, lanei ekin aitzinetik baimena eskatu beharko zaio Ingurumena Zaintzeko Atalari, hain zuzen ere Iruñeko koordinazio unitateari (gmapamplona@navarra.es), jakinarazi beharko zaio, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean (otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatu zuen) eta hura garatzen duen erregelamenduan xedatutakoaren arabera jarduteko.

22.–Goi tentsioko aireko tarteak abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuko zehaztapenak bete beharko ditu (dekretu horren bidez, hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren). Euste-isolagailuek metro bateko distantzia izanen dute gutxienez eta, euskarrietan, tentsioan diren elementuak behar bezala isolatuta geratuko dira. Ahal dela, linearen euskarriak nekazal lurren mugan kokatuko dira, landaredi naturaleko unadetan eragitea ekidinez.

23.–Hegaztiak babesteko balizak jarriko dira aireko linea osoko eroaleetan. Balizen arteko tartea 15 metrokoa izanen da asko jota fase bereko bi baliza elkarren segidakoren artean, halako moduan non seinaleen arteko ikusizko distantzia 5 metrokoa edo txikiagoa izanen baita.

24.–Lanak egin bitartean Espainiako Espezie Mehatxatuen Katalogoan (139/2011 ED) jasotzen den espezieren bat detektatzen bada, lanek kaltetuko luketena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.

25.–Adiosko Udalak proposatzen duen eran, erlezaintzako proiektuak edo energia agrovoltaikoko (planta fotovoltaikoak hartzen duen lurraren zati batean nekazaritza-erabilera eta eguzki energia fotovoltaikoa ekoizteko erabilera uztartzea) proiektuak sustatu ahalko dira.

26.–Azkenik neurri zuzentzaileak eta osabidezko neurriak aplikatzeko partzelen zerrenda bat aurkeztuko da eta Biodibertsitatearen Zerbitzuaren aurrean partzela horiek erabiltzeko eskubidea edo nekazariekin adostutako akordioak egiaztatuko dira, bereziki hiru proiektuk eragindako ibilguetako ibaiertzeko landaretza berrezarri beharreko partzelei dagokienez.

27.–Gainera, osabidezko neurri modura, IIA-n proposatzen denari gaineratzeko uraska bat eraikiko da. Askak idoi motakoak izanen dira; horiek eguzki-parkearen balio-bizitza osoan mantendu beharko dira. Idoiak txikiak izanen dira, eta panel fotovoltaikoetatik urrun kokatuko dira, udako lehorteetan funtzionalak izanen direla bermatzen duten toki estrategikoetan. Idoien ingurua soilduta egonen da, eta ez da hesitzen ahalko; halaber, ez da landatzen ahalko ez zuhaitzik, ez zuhaixkarik. Ezponda leunak izanen dituzte, eta ezpondetako zatiren batek, gutxienez, 2H/1V-ko gehieneko malda izanen du, eta sare zimurtsua izanen du, istripuz bertan erori ahal izan den faunak ihes egin dezan. Kokapena eta diseinua hautatzeko, aholkua eskatzen ahal zaio Biodibertsitatearen Zerbitzuari, zeinak behin betiko proposamena baliozkotu behar baitu gauzatu baino lehen.

28.–Sute arriskuaren kontrolari dagokionez, edozein neurri hartu aitzinetik, aldeko txostena eman behar du Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Oihanak Kudeatzeko Atalak. Nolanahi ere, obrak egiten ari diren urtean baso suteak prebenitzeko lurzoru urbanizaezinean sua nola erabili arautzen duen Foru Aginduan xedatutakoa bete beharko da.

29.–Proiektuaren kokapena espezieek (hala nola, mirotz zuriak) habiak egiteko habitat onuragarriekin bat datorrenez, makinak obra eremuan sartu aitzinetik habiak miatuko dira, betiere obrak martxoaren hasieratik uztailaren erdialdera bitartean egiten badira.

30.–Kable edo drainatze zangak estali aitzinetik, ikuskapena eginen da, ustekabean barrura erori den fauna alerik ez dagoela egiaztatzeko.

31.–Lagomorfoak, karraskariak eta bestelako animaliak kontrolatu behar badira, egokiak diren baimenak eskuratu ondotik, baliabide mekanikoak eta biologikoak erabiliko dira eta guztiz debekaturik egonen da pestizidak, intsektizidak, errodentizidak eta bestelako pozoiak erabiltzea.

32.–Erabilerari lotutako eraikinak (transformazio zentroak, azpiestazioa, etab.) ingurunearekiko harmonia errespetatuz diseinatuko dira, eremuko eraikin motekin bat eginez eta bat datozen eta paisaian integratzea errazten duten koloreak erabiliz.

33.–Panelak garbitzeko ezarriko den sistemak ez du erabiliko gai kimiko kutsagarri edo arriskugarririk.

34.–Dokumentazioarekin bat etorriz, kanpoko argiztapena proiektatzen da Adiosko Azpiestazioan. Argi kutsadura, argi arrotza eta faunaren gaineko eragina murrizteko, Kanpo argiteriako instalazioen efizientzia energetikoari buruzko Erregelamendua onesten duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan eta haren jarraibide tekniko osagarrietan (EA-01etik EA-07ra) aurreikusitakoa bete beharko da, eta, zehazki, honako hau:

Argi puntuek igorritako goiko hemisferioaren gehieneko fluxuak %5 edo gutxiago izanen dira kanpoko argiteriako argi puntu guztietarako (EA-03 jarraibide tekniko osagarria, 1.1 apartatua. Argi emisioen mugak).

Argi zuri-urdinxka duten lanparak saihestea gomendatzen da (LED argiak, esate baterako, LED-anbar argiak izan ezik). Beraz, sodio lurrunezko lanparak erabiltzea gomendatzen da, edo LED-anbar motakoak (argi zuri-horia) edo 440 nm-tik beherako uhinen erradiazioa iragaztea. Hori ezinezkoa denean (hau da, argi zuri-urdinxka igortzen duten lanparak saihestea), kanpoko argiztapena beharrezkoa den lanorduetan edo lanetan erabiliko da, eta gainerako denbora itzalita egon beharko da.

35.–Jarraipen, zaintza eta zaharberritzerako plana: obrak hasi aitzinetik, jarraipen eta zaintza plan bat entregatu beharko da obren eta funtzionamenduaren fasean. Plan horretan, egin beharreko jarduketen metodologia proposamena jaso beharko da, bai eta ebazpen honetan aipatutako gainerako informazioa ere. Bereziki, korridore ekologikoak egokitu eta ibaiertzak berrezartzeko neurriak zehaztea. Urtero, eta eguzki-parkeak funtzionamenduan dauden bitartean, aurreikusitako neurriak betetzen direla ziurtatu eta egiaztatzeko dokumentu bat gaineratu beharko da. Halaber, eguzki-parkearen balio-bizitzaren amaieran aurreikusitako berrezartzeko lanak (lehengoratzea) ere sartuko dira, urtebete baino gutxiagoan egin beharko direnak. Horri dagokionez, Ingurumen Eraginaren Atalaren aldeko txostena lortu beharko da, eta hori gabe eguzki-parkeak ez dira sarera konektatzen ahalko.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Erregistroaren Atalari, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, Basozainak-Ingurumena Babesteko Taldeari (Iruñeko Barrutia) eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko martxoaren 9an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Jendaurrean jarri izanaren emaitza

Serena Solar 1, Serena Solar 3 eta Amaya Solar 4 eguzki-parke fotovoltaikoetako aurreproiektuak eta ingurumen-inpaktuaren azterlana jendaurrean jarri ziren 30 egunez, 2021eko urriaren 18ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 241. zenbakian, hiru iragarki argitaratuta.

Guztira 26 alegazio jaso ziren, horietako batzuk sinadura-orriekin, eta 9k alegazio-eredu bera ageri dute. Elkarte ekologista gehienek, era berean, eduki bera partekatzen dute.

Alegazioen edukien zati garrantzitsu batek lurralde izaera du, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio honetatik harago doazen eragin ekonomiko eta sozialekin: Nafarroako Energia Plana (NEP 2030) urratzea eguzki-energiari dagokionez, energia-plangintzarik eza Nafarroako Foru Erkidegoan, hainbat udalerritan eguzki-instalazio fotovoltaiko edo termoelektrikoak zein haize-parkeak jartzearekin lotutako eraikuntzako baimenak bertan behera uzteko ohartarazpena, erabilera tradizionalen gaineko eragina, despopulatze arriskua lehen sektorea (nekazaritza) eta hirugarren sektorea (turismoa) arriskuan jartzearen ondorioz, ekoizpen handiko nekazal lurren gaineko eragina, herri lurren gaineko eragina, auzotarren arteko liskarrak areagotzea, lurraldearen nortasunaren galera, nekazal partzeletara sartzeko zailtasuna, sustatzailearen aldetiko baliabiderik eza, ingurumen arlokoak ez diren osabidezko neurrien eskera (askari-lekuak, begiratokiak, seinaleztapenak, natura behatu eta interpretatzeko eremuak...) eta biztanleak prestatzeko planak txertatzea, autokontsumoa bultzatzea edo biztanleak ahaldundu eta haiei balioa emateko energia-komunitateak sortzea.

Hau da alegazioen zerrenda osoa:

ANGEL PARDO GONZALEZ

VALLE IZARBE S.COOP

CARLOS YOLDI LOPEZ

ORVALAIZ NEKAZARITZAKO SOZIETATE KOOPERATIBOA

MARIA CARMEN GARCIA FERNANDEZ

IOSU MORACHO BAQUEDANO

SABELA GENDE CORDERO

MURUZABALGO UDALA (169 SINADURA)

ALFREDO RUEDA DIEZ

GULIAKO KONTZEJUA (9 SINADURA)

ADIOSKO SAN ANDRES NEKAZARITZA ELKARTE KOOPERATIBOA

FRANCISCO JAVIER ODÉRIZ NAVARLAZ

ADIOSKO UDALA

UKARKO UDALA

TEBAS-MURU ARTEDERRETAKO UDALA

EKOLOGISTAK MARTXAN IRUÑA - ECOLOGISTAS EN ACCIÓN - ANAT LANE

LUR ADISKIDEEN NAFAR ELKARTEA ERRENIAGA SALBA DEZAGUN 4.0. (3 alegazio)

SUSTRAIA ERAKUNTZA FUNDAZIOA

ONGAIZ-ZANGOZAKO EKOLOGISTAK MARTXAN

LANDAZURIA ELKARTEA-ERRIBERAKO EKOLOGISTAK MARTXAN

IDOYA ISABEL AZCONA MURUZABAL

M.ª AMELIA MURUZABAL SAN MARTIN

ERREALAIZ SOZIETATE KOOPERATIBOA

IZIBEORPA SOZIETATE KOOPERATIBOA

SUBIOLA SOZIETATE KOOPERATIBOA

MURUZABALGO UDALA

Jasotako alegazio askotan gauzatu den ingurumen izapidearen akatsa adierazten da. Horri dagokionez, jakinarazten da hiru proiektuak, batera edo modu bereizian, ez daudela erkidegoko ingurumen arloko araudira lotuta, horien azalera (10 hektareatik gorakoa) kontuan izanik eta Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzeko abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legeko ingurumenaren ebaluazioa eta ingurumen eraginen ebaluazioa izeneko 10. artikuluarekin bat etorriz. Ingurumenaren ebaluazioa, proiektu mota honi dagokionez, oinarrizko araudian (ingurumenaren ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea) xedatutako izapidearen eta printzipio orokorrak betez arautzen da.

Jarraian, esklusiboki ingurumen arloko edukia duten alegazioetan jasotzen diren alderdiak laburbiltzen dira, hiru espedienteen azterketa teknikoaren prozesuan aintzatetsi direnak eta, beste gauza batzuen artean, ingurumenean eragin gutxiagoa duen planta fotovoltaiko berri bat diseinatzeko oinarritzat hartu direnak.

1. Proiektuen zatiketa. Proiektatutako 3 plantak ez daude bata bestearengandik fisikoki bereizita. Beraz, bereizketa teorikoa baino ez da eta zeharo fikziozkoa, eta azpiestazio bakarra partekatzen dute, 3 parkeen aginte eta kontrolerako eraikin bakarra eta kanporatzeko linea bakarra partekatzeaz batera.

2. Kanporatzeko linea lurperatzeko eskaera ingurumen- eta paisaia-inpaktua murrizteko jarduketa bakar modura, trazadura egokia baldin bada.

3. Alternatiben azterketa serio bat falta da, 64/2006 Foru Agindua betetzeaz gain, 0 alternatiba serioski aztertuko duena, edo hiri edo industria lurzorutan edo ekoizpen urriko laborantza-lurretan edo abandonatutako lurretan eguzki-planta fotovoltaikoa ezartzekoa. Bestalde, alternatiben azterlanean ez da lurreko parte fotovoltaikoaren proiektuko ingurumen-inpaktuaren azterlanaren Irismen Protokoloa (Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioa, 2020/12/12) kontuan izan, adibidez, lurraldeko tokiko edo landa garapenerako estrategiak kaltetzen diren edo herritarren aldetiko ukapen handia ekarriko duten eremuak ez okupatzea.

4. Inpaktuen identifikazio okerra eta inpaktuen matrizean haren balioespen akastuna, non ingurune fisiko eta sozioekonomikoaren gaineko hainbat inpaktua gaineratzeke baitaude, edo modu okerrean daude identifikatuta. Adibidez, ingurumen balioko eremutan ez dira lur mugimenduak behar bezala ebaluatzen.

5. Proiektuek eragina dute IIA-n balioesten ez diren Europar Batasunaren intereseko habitat (BIH) naturaletan. Gainera, landaredi naturalez eragindako azaleren gainean kontraesanak ageri dira.

6. Halaber, akatsak hautematen dira instalazioen eta herriguneen arteko distantzietan.

7. Zaurgarri edo galzori modura katalogatutako fauna espezieak kaltetzen dira habiak egiteko egokiak diren eremuak suntsitzeagatik, linea elektrikoak jo eta elektrokutatzeagatik eta nekazal ustiapen-sistemetan aldaketak egiteagatik.

8. Hegazti-faunari gainean urteko zikloan egindako azterketa ez da nahikoa; eremua hilean egun batez bisitatu da azaroa eta abuztua bitartean, iragaite migratzaileko bi hilabete salbuetsita. Beraz, ezinezkoa da espezie jakin batzuei buruz, esate baterako, mirotz urdinari eta miru gorriari buruz, ondorio baliagarriak ateratzea.

9. Proiektu mota honek, lur asko okupatzea eta lurra desnaturalizatzea baitakar, nekazaritzarako edo eremuan dauden animalia edo landareentzat nekez aprobetxatzea eraginez, deklaratutako espazio babes eremu ezberdinen arteko konektibitateari zein espezie ezberdinen konektibitateari eta horien sakabanaketari begira eragiten duen hesi- eta zatiketa-efektua ez da behar bezala aztertzen. Horri, hesien ondoriozko lurraren zatiketa gaineratu behar zaio.

10. Aurkeztutako IIA-n ez da aintzat hartu lehendik badiren energia instalazioen eta izapidean diren beste batzuen efektu metagarria eta sinergikoa.

11. Instalazioek klima-aldaketaren gainean dituzten eraginei dagokienez, IIA-n ez da aintzat hartzen nekazaritza-azalera begetala galtzearen ondorioz CO2-a atxikitzeko ahalmenean gertatzen ahal den galera, karbono-hustuleku garrantzitsu modura klima-aldaketa kontuan izanik.

12. Ez da behar bezala aztertzen paisaiaren eraldaketak edo suntsiketak sorrarazitako paisaia-eragin adierazgarria, lur horiek espazio industrializatu eta uniforme berria izatea ekarriz, baliorik gabea, ikusizko irisgarritasun handiz Donejakue Bidetik, Erreniegako gaineko Begiratokitik, Erromesaren eta Memorialaren monumentutik, Erreniegako Hobietatik, Eunateko Andre Mariaren Ermitatik, Añorbeko San Martin menditik eta Obanosko San Gillermotik.

13. Ez da behar bezala ebaluatzen proiektuek antolatutako lur zinegetikoetan sorrarazitako eragina. Plantak Adiosko barrutiko azalera handi batean izanen luke eragina, eta baita Muruzabalgoan ere.

14. Jarduketaren balizko "suntsiketa" behin jarduera lurrak beren egoera naturalera lehengoratu gabe ezartzea baimendu ondotik, eta fase horretan sorrarazitako inpaktuen balioespen okerra, bereziki hondakinak sortu eta obra berriak egikaritzeari begira.

15. Ondasun kulturalak eta Ondare arkeologikoak kaltetzeko arriskua, 64/2006 Foru Aginduan aurreikusten den txosten arkeologikoa atxiki gabe.

II. ERANSKINA

Eragindako administrazio publikoentzat eta pertsona interesdunentzat irekitako kontsulta tramitearen emaitza

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan ezarritako eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten izapidean bi kontsulta-prozesuri dagozkion erantzunak jaso dira. Lehendabizikoa 2021eko urriaren 18an egin zen, eta bigarrena, proiektuak berriro konfiguratu ondotik, 2022ko uztailaren 18an. Erantzun hauek jaso dira:

KONTSULTA EGIN ZAIEN ERAKUNDEEN ZERRENDA

JASOTA DIREN EMAITZAK

Serena S. 1

Serena S. 3

Amaya S. 4

1. kontsulta

2. kontsulta

1. kontsulta

2. kontsulta

1. kontsulta

2. kontsulta

ONDARE HISTORIKOAREN ZERBITZUA

X

X

X

X

X

X

ERREGISTROAREN, ONDASUN HIGIGARRIEN ETA ARKEOLOGIAREN ATALA

X

TELEFÓNICA

X

ERAKUNDE PUBLIKOEN ZUZENDARITZA NAGUSIA

X

X

X

ADIF

X

X

X

X

X

X

ENAGAS

X

X

X

GARRAIO MINISTERIOA

X

TELEFÓNICA

X

X

NEKAZARITZAKO AZPIEGITURAK UREZTALURRAK

X

X

X

LURRALDEAREN ANTOLAMENDUAREN ATALA

X

X

X

INGURUMEN ERAGINAREN ATALA

CLH

ESE

ENDESA

EBROKO KONFEDERAZIO HIDROGRAFIKOA

X

TEBAS-MURU ARTEDERRETAKO UDALA

X

X

X

X

X

X

ADIOSKO UDALA

X

X

X

X

X

X

MURUZABALGO UDALA

X

X

X

X

X

ENERIZKO UDALA

X

X

X

BIURRUN-OLKOZKO UDALA

X

X

X

X

X

X

UKARKO UDALA

I-DE

X

X

X

X

Iragarkiaren kodea: F2304208