64. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

480E/2023 EBAZPENA, otsailaren 22koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez baimentzen baita 2023ko gastua, langile autonomoek eta mikroenpresek beren ekoizpena ekonomia berde eta digitalerantz eraldatzea errazteko jarduketetarako dirulaguntzak emateko, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Dirulaguntza horiek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 31ko 5628E/2021 Ebazpenaren bidez arautu ziren. DDBN identifikazioa: 674111.

Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bidez, nabarmen hartzen dute parte "Lan-merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusibo baterako politika publiko berriak" izeneko 23. Osagaian. Osagai hori "Zaintzen eta enplegu politiken ekonomia berria" izeneko VIII. arlo politikoan dago kokatua. Osagai horren helburuetako bat da enplegu politika aktiboak erreformatzea eta bultzatzea, Enplegu Sistema Nazionalaren kohesioa hobetuz eta, pertsonak eta enpresak ardatz hartuta, beroriek emaitza ebaluagarrietara bideratuz, ekoizpenaren berrikuntzarekin, jasangarritasunarekin eta eraldaketekin koherenteak izanik, eta betiere enplegu zerbitzu publikoen eraldaketa digitalean eta gaitasunen hobekuntzan bermatuta.

Era berean, Espainiako 2020ko Erreformen Programa Nazionalari buruz Kontseilu Europarrak emandako Gomendioak enplegua babesteko beharra jasotzen du, baita ikaskuntza digitalerako sarbidearen hobekuntza ere, pandemiaren ondorio sozioekonomikoei aurre egiteko beharra kontuan hartuta. Halaber, egokia da Kontseiluak 2019ko Erreformen Plan Nazionalari buruz emandako Gomendioa ere, non Espainiari gomendatzen baitzitzaion enplegu zerbitzuak laguntza eraginkorra emateko gai izatea.

Ekonomia garatuen zirkunstantziek eta, bereziki, lan-merkatuen ezaugarriek, jasangarritasunaren eta lehiakortasunaren erronka globalei erantzutean, enplegu politika aktiboak indartzea eskatzen dute, eta enplegu zerbitzu publikoak ikuspegi berri bat hartzera behartzen dituzte, politika horiek sustatzeko garaian. Horrela laguntzen da Gizarte Eskubideen Europako Zutabea eraginkortasunez ezartzen, bereziki I. kapitulua, baita Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Garapen Jasangarriari buruzko 2030 Agenda ere, batez ere Garapen Jasangarriaren 8. Helburuaren bidez, hots: hazkunde ekonomiko inklusibo eta jasangarria, enplegua eta lan duina sustatzea guztiontzat.

"Lan merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusibo baterako politika publiko berriak" izeneko 23. osagaiak proposatzen dituen erreformen eta inbertsioen barruan 4. inbertsioa sartzen da, hots, "Berrorekatzeko eta ekitaterako proiektu berriak" izenekoa, zeinaren barruan baitago jarduketa hau: "Ekintzailetzarako eta mikroenpresentzako lurralde proiektuak". Jarduketa horren helburua da ekintzailetza eta enplegu kolektiboa erraztea, baita populazioa finkatzea ere, arreta berezia jarriz eraldaketa produktiboari eta ekonomia berde eta digitalerantz aurrerapausoak emateari.

Eraldaketa berdea eta eraldaketa digitala lortzeko erronka bikoitz hori, halaber, bat dator Nazio Batuen Erakundeko estatuek onetsitako 2030 Agendako garapen jasangarrirako 17 helburuekin. Agenda hori 2015eko irailean eginiko gailurrean onetsi zen, eta helburu nagusi hauek ditu: pobrezia amaitzea, desberdinkeriaren eta bidegabekeriaren kontra borrokatzea eta klima aldaketari aurre egitea.

Abuztuaren 19ko TES/897/2021 Aginduaren bidez, Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoarekin finantzatutako kredituak lurraldeka banatu dira, 2021eko ekitaldi ekonomikorako, lan arloko eskumenak bereganatuak dituzten autonomia erkidegoek kudea ditzaten. Kreditu horiek Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean jasota dauden inbertsio proiektu hauek gauzatzeko dira: "Konpetentzia Digitalen Plan Nazionala" eta "Politika publiko berriak lan merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusibo baterako". Nafarroak funtsak jaso ditu programa hori garatzeko.

Beste alde batetik, Nafarroako Enplegurako Plana (2021-2024) lerrokatuta dago Enplegua Aktibatzeko Espainiako Estrategia berriarekin, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin (S3), Nafarroa Suspertu Planarekin eta 2030 Agendarekin, eta horrela lortzen da politika publikoak koordinatzea, Suspertzerako Europako Funtsaren aukerak ahalik eta gehien baliatzea eta Nafarroako arlo estrategikoen erresilientzia eta lehiakortasuna indartzea. Nafarroako Enplegu Planaren helburu estrategikoen artean dago enpresen arteko lehiakortasuna handitzea eta Nafarroako enpresa-sarea indartzea; helburu hori, gainera, "Enpresen lehiakortasuna eta ekoizpen sarea mantentzeko laguntza" izeneko arlo estrategikoan garatu da, krisian dauden sektoreei arreta berezia jarriz. Bereziki aipatu beharra dago esku hartzeko 3. arloa, zeinak Nafarroako enpresen eraldaketa bikoitzaren alde egin baitu: eraldaketa digitalaren alde eta ekonomia zirkular eta berdearen alde. Ildo horretan, Enplegu Politika Aktiboen Planak, Nafarroako Enplegu Planean txertaturikoak, indar berezia egiten du kalitatezko enplegua sustatzearen eta langabezia murriztearen alde. Horretarako, ekintzailetza eta lan autonomoa sustatzeko ekintzak eta enpresentzako zerbitzuak indartuko ditu.

Testuinguru horretan, deialdi honen asmoa da ondare naturala babesteko politikekin, klima-aldaketaren aurkako borrokarekin eta erronka demografikoari eta despopulazioari aurre egiteko politikekin lerrokaturiko jarduketak sustatzea. Negozioen digitalizazioak deuseztatu egiten ditu komunikazio okerreneko lurralde-eremuetan negozioak garatzea zailtzen duten oztopoak eta distantziak, aldagai geodemografikoak eta enpresen lehiakortasunarekin loturiko aldagaiak.

"Berrorekatzeko eta ekitaterako lurralde proiektu berriak. Ekintzailetza eta mikroenpresak" proiekturako dirulaguntzetan bi ildo daude, langile autonomoen eta mikroenpresen enplegua mantentzeko xedea dutenak: langile autonomoen eta mikroenpresen aldeko dirulaguntza-ildoen bidez sustatu nahi da enplegua mantentzea beren ekoizpen-modua jasangarriago eta modernoago bihurtzen laguntzeko helburuarekin hura aztertzen duten enpresa-ekimenetan. Horretarako, langileen soldata-kostuen zati bat estaliko da, entitate onuradunak ingurumena gehiago errespetatzen duten ekoizpen prozesuetara edo ekoizpen digitalizatuagora eraldatzea errazteko jarduketei ekiten dien bitartean. Langile horien enpleguaren jarraitutasuna bultzatuko da, haiek kontratatzeari loturiko soldata-kostuak muga bat izan ez daitezen enpresa mantentzeko, mantentze hori ezinbestean ekoizpen modu berriei loturik baitago, bereziki COVID-19aren krisiak ekonomian izandako eragin negatiboaren ondoren. Horrela, lagundu eginen da Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan populazioa finkatzen.

Gainera, egin beharreko jarduketek eragina izanen dute autonomia erkidegoko langile autonomoen eta mikroenpresen negozioetan, haien ekoizpen prozesua digitalizaziorantz edo ingurumen-jasangarritasunerantz eraldatuz, era horretan berritu ahal izan daitezen, aukera berriak topa ditzaten, produktibitatea handitu dezaten, modernizatu egin daitezen eta abar. Horrela, lagunduko dute biztanleak lurraldean geldi daitezen eta etorkizunean aukera gehiago izan ditzaten, hori guztia modu jasangarri batean. Langile autonomo eta mikroenpresentzako deialdi honen bitartez, bakoitzak aztertzen ahalko du zein den bere abiapuntua negozioaren digitalizazioari eta ingurumen-jasangarritasunari dagokionez, eta horrela, gero, behar den inbertsioa egiten ahalko du, aholkularitza emateko eta lagun egiteko ekintzetan, ekintza planetan, prestakuntza jardueretan eta abarretan bermaturik, eta betiere ekintza horietan adierazten bada inbertsioa egin beharra dagoela.

Beraz, ebazpen honek lagundu egiten du Kontseiluaren Betearazpen Erabakiaren 346. helburua betetzen (Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onesteari buruzko Erabakia, Council Implementing Decision-CID), hau da, gutxienez 64.000 enpresak betetzea "Berrorekatzeko eta ekitaterako lurralde programa mikroenpresentzat eta ekintzaileentzat". Horren arabera, Nafarroari 1.095 ekimeni erantzutea dagokio 2021-2023 aldian, abuztuaren 19ko TES/897/2021 Aginduaren II. eranskinari jarraikiz.

Martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuak onesten ditu Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak. Estatutu horien 2.2.j artikuluan adierazten da ezen Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eskumenen artean dagoela entitate pribatu eta publikoen ekimena sustatzea enplegua errazteko neurriak har ditzaten. Gainera, aipatutako foru dekretuaren 6. atalak dio Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuaren eginkizuna dela lanpostuak sortu eta mantentzea eta enpleguaren egonkortasuna bultzatzea errazten duten programak prestatzea eta kudeatzea, bai eta, orobat, aukera-berdintasunaren arloko eta enplegua bultzatu eta sustatzearen arloko enplegu politika aktiboak aurrera eramatea eta, hala badagokio, diseinatzea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak dirulaguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du, non, besteak beste, eskatzen baita deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak ezartzea.

Foru lege horrek xedatzen duenez, dirulaguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokakoa izanen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioaren araubidea baimentzen duenean.

Nafarroako Gobernuak, 2021eko abenduaren 29an egindako bilkuran, erabaki zuen banakako ebaluazioko araubidea baimentzea enplegua mantentzeko eta langile autonomoek eta mikroenpresek beren ekoizpena ekonomia berde eta digitalerantz eraldatzea errazteko jarduketak egiteko dirulaguntzetarako.

Azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan-merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko; horien oinarri arautzaileak 2022. urtea baino lehen onetsi dira.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 31ko 5628E/2021 Ebazpenaren bidez, langile autonomoek eta mikroenpresek beren ekoizpena ekonomia berde eta digitalerantz eraldatzeko dirulaguntzen deialdiko oinarriak onetsi ziren.

Azaldutakoarekin bat, proposamen-txostena ikusirik, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onetsi zituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 777.654,00 euroko gastua baimentzea, 2023ko Gastuen Aurrekontuko "SEM, Langile autonomoentzako eta mikroenpresentzako lurralde proiektuak" izena duen 950001 96100 4709 241119 partidaren kargura, dirulaguntzak emateko (DDBN 674111 zenbakia), langile autonomoek eta mikroenpresek enpleguari eutsi ahal izateko harik eta beren negozioak digitalizaziorantz edo jasangarritasunerantz eta ekonomia berderantz eraldatzen dituzten bitartean. Dirulaguntza horien oinarri arautzaileak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 31ko 5628E/2021 Ebazpenaren bidez onetsi ziren. Gastua honela banatuko da:

  • 388.827 euro langile autonomoek ekoizpena ekonomia berderantz eraldatzea errazteko jarduketak egin ditzaten, deialdiaren 3. oinarrian aurreikusitakoari jarraituz.
  • 388.827 euro mikroenpresek ekoizpena ekonomia berderantz eraldatzea errazteko jarduketak egin ditzaten, deialdiaren 3. oinarrian aurreikusitakoari jarraituz.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzura igortzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko otsailaren 22an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2303575