60. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

19/2023 FORU DEKRETUA, martxoaren 8koa, zeinaren bidez Iñaki Perurena Gartziarena jaunari ematen baitzaio Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea.

Iñaki Perurena Gartziarena jauna (Leitza, 1957) inoizko harri-jasotzailerik onena da. Kultura arloan ere aritu da, poeta, eskultore, aktore eta bertsolari gisa.

Herri kirola izan da bere bizitzako pasioa. Gaztea zela aizkolari txapelketa irabazi zuen, baina harrietan oinarritu da bere kirol ibilbidea, herri kiroletara iraultza ere ekarri baitzuen harriak jasotzeko teknika berri batekin, egiazko I+G+b garatuta. 1973an egin zuen debuta. 1994an pisuaren marka hautsi zuen 320 kiloko harria altxatuta. 1999an mila aldiz jaso zuen 100 kiloko harria, etenik gabe 5 ordu eta 4 minutuan, eta 2003an beste marka bat ezarri zuen pisu hori 1.700 aldiz jasotzean 9 orduan. Esku bakar batekin 250 kiloko harria hiru aldiz jasotzeko gai zen, eta 200 kilokoa lau aldiz. Perurenak beti defendatu du harria jasotzea kirola dela. Eta beti egin du harri-jasotzailearen irudia garbitzearen alde, indar erakustaldi hutsaren iruditik urrun dagoen kirolaria izan dadin.

Bere ibilbide profesionalari aitortza egiteko, 1999an Nafarroako Kirol Merezimenduaren Urrezko Domina eman zioten.

Iñaki Perurena Gartziarena jauna ez da kirolari handia bakarrik izan. Bere jaioterrian abeltzain eta harakina izateaz gain, giro horretatik oso urruti dauden beste arlo batzuetan ere aritu da. Izan ere, arrakasta handiko aktorea izan zen Goenkale telesailean, Europan gehien iraun duten telesailetako batean, eta telebistako saio aunitzetan parte hartu du. Ez da hain ezaguna bertsolari, idazle edo eskultore gisa egin duen lana, baina besteak bezain garrantzitsua izan da bere ibilbidean.

Nafarroako kultura eta kirolaren erreferente, alderdi horiek denak daude islaturik Peru-Harrin, perurenatarrek Leitzan, Nafarroan, duten museoan. Espazio horretan omen egiten zaie harriari eta herri kirolei, Iñaki Perurenak berak sortutako hainbat artelanen bidez.

Herri kirolak eta euskal kultura tradizionalaren agerbideak babesten egin duen ibilbide nabarmenagatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jotzen du Iñaki Perurena Gartziarena jauna saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatzen, ezagutarazten eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko martxoaren zortzian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Iñaki Perurena Gartziarena jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2023ko martxoaren 8an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2304075