57. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

442E/2023 EBAZPENA, otsailaren 21ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez 2023rako gastua baimentzen baita desgaitasuna duten pertsonak lan-merkatu arruntean sartzen laguntzeko dirulaguntzetarako, eta maiatzaren 16ko 795/2013 Ebazpenaren bidez onetsitako oinarri arautzaile batzuk aldatzen baitira. DDBN identifikazioa: 674016.

Azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan-merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko; horien oinarri arautzaileak 2023. urtea baino lehen onetsi dira.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horregatik, bidezkoa da 2023. urterako gastua baimentzea dirulaguntza hauetarako: desgaitasuna duten pertsonak lan-merkatu arruntean sartzen laguntzeko dirulaguntzak.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak maiatzaren 16an emandako 795/2013 Ebazpenaren bidez, aipatu deialdiaren oinarriak onetsi ziren. Ondoren, deialdiari zenbait aldaketa egin zaizkio, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 27ko 208/2018 Ebazpenean, apirilaren 2ko 500E/2019 Ebazpenean, maiatzaren 28ko 1951E/2021 Ebazpenean eta otsailaren 23ko 477E/2022 Ebazpenean jaso direnak.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 500.000,00 euroko gastua baimentzea, 2023ko Gastuen Aurrekontuaren "Enplegurako zailtasunak dituzten kolektiboen kontrataziorako laguntzak. Konferentzia sektoriala" izeneko 950001 96100 4709 241118 (PEP: E-22-000530-01) partidaren kargura, dirulaguntza hauetarako: desgaitasuna duten pertsonak lan-merkatu arruntean sartzen laguntzeko dirulaguntzak, zeinen oinarriak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 16ko 795/2013 Ebazpenaren bidez arautu baitziren, eta ondoren aldatu, otsailaren 27ko 208/2018 Ebazpenaren, apirilaren 2ko 500E/2019 Ebazpenaren, maiatzaren 28ko 1951E/2021 Ebazpenaren eta otsailaren 23ko 477E/2022 Ebazpenaren bidez. 674016 zenbakia dute Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean.

Era berean, 100.000,00 euro gehiago baimentzen ahalko dira gehienez, baina, eraginkortasuna izateko, legez aurreikusitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epe berri bat hastea ere.

2. 2022ko ekitaldian ebatzi gabe gelditu ziren eskaerei 2023ko ekitaldiko aurrekontuaren kargura erantzutea.

3. Maiatzaren16ko 795/2013 Ebazpenaren bidez onetsi ziren oinarri arautzaile hauek aldatzea:

3.1. 13. oinarria honela geldituko da idatzirik:

"1. Onuradunak deialdi honen babesean kontratatutako langilea enpleguan mantendu behar du gutxienez urtebetez, kontratazio egunetik aurrera, edo kontratua mugagabe bihurtu zen egunetik aurrera, desgaitasuna duten langileen hasierako kontrataziorako dirulaguntzen kasuan edo haien kontratuak mugagabe bihurtzeko dirulaguntzen kasuan.

2. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak behar diren egiaztapenak eginen ditu".

3.2. Deialdiaren 16.1 eta 16.2 oinarriak honela idatzita geldituko dira:

"1. Dirulaguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ebazpena emanen du dirulaguntza osoa itzuli behar dela erabakitzeko, berandutze-interesak barne.

Aldi baterako kontratua garaia baino lehen bukatzen bada eta entitateak ez badu kontratatutako pertsona ordezten, edo ordezten badu oinarrietan ezarritako baldintzak bete gabe, bidezkoa izanen da egindako ordainketaren hein bateko itzulketa eskatzea, oinarri hauetan kontratuari eskatzen zaion hilabete kopurua betetzeko falta den denboraren proportzioan.

Ezinbesteko kasuetan, borondatezko bajen kasuetan edo bidezko kaleratzeen kasuetan, dirulaguntzaren parte bat baizik ez da itzuli beharko, hau da, diruz lagundutako kontratazio mugagabean edo mugagabe bihurtzeko kontratazioan eskatutako urteko epea betetzeko falta den denboraren araberakoa, berandutze-interesak barne, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.2.i) artikuluan xedatutakoa aplikatuta, non eta enplegu-emaileak ez duen pertsona hori ordezten, gehienez ere hilabeteko epean, desgaitasuna duen beste pertsona batekin. Ordezkatzaileari dagokion edozein inguruabarren ondorioz, legokiokeen dirulaguntza emandakoa baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa berriz kalkulatuko da eta zati bat itzultzea eskatuko da, kasuan kasuko diferentziaren eta urteko epea betetzeko falta denaren arabera, berandutze-interesak barne. Ordezkapena Nafarroako Enplegu Zerbitzuari komunikatuko zaio, kontratu berriaren datatik hilabeteko epean gehienez ere.

Ondorio horietarako, ezinbesteko kasuak izanen dira Langileen Estatutuaren 49.1 artikuluko e), f), g), h) eta i) ataletan ezarritakoak.

Bidegabeko kaleratzearen ondorioz uzten bada lana, ez da ordezkapenik eginen. Onuradunak itzuli beharko ditu emandako dirulaguntza eta berandutze-interesak.

2. Kontratazio mugagabearen kasuan, lanaldiaren ehunekoa gutxitzen bada urteko epea bete aurretik, dirulaguntzaren zenbatekoa berriz kalkulatuko da eta zati bat itzultzea eskatuko da, kasuan kasuko diferentziaren eta urteko epea betetzeko falta denaren arabera, berandutze-interesak barne.

Halaber, aldi baterako kontratazioaren kasuan, lanaldiaren ehunekoa gutxitzen bada diruz lagundutako epea bete aurretik, dirulaguntzaren zenbatekoa berriz kalkulatuko da eta zati bat itzultzea eskatuko da, kasuan kasuko diferentziaren eta epea betetzeko falta denaren arabera, berandutze-interesak barne".

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2023ko otsailaren 21ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2303086