56. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

11E/2023 EBAZPENA, otsailaren 27koa, Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, ezagutzaren transferentziarako SINAI bonuen 2023ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 678598.

Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legeak helburu du, besteak beste, lankidetza sustatzea eta ikerketaren ezagutzaren transferentzia egiten laguntzea Nafarroako I+G+b Sistematik (SINAI) sare produktibora, sare sozialera eta gizartera, oro har.

Gainera, lege horrek Nafarroako I+G+b sistema antolatzen du ezagutzaren sorrera, garapena eta aprobetxamendu partekatua sustatzeko, kalitatearen eta berdintasunaren parametroetan. Horretarako, Nafarroako I+G+b Sistemako exekuzioko eragileen erregistroa sortzen du 13. artikuluan. Artikulu horretan, honako hau hartzen da enpresaren arloko I+G+b unitatetzat (EIU): ikerketa entitatea, funtsean garapen esperimentalean aritzen dena, eta bere enpresa titularren I+G+b arloko beharrak betetzera bideratua. Haren betebeharra da, besteak beste, teknologia sortu eta garatzea eta emaitzen merkataritza ustiapena egitea, patenteak sortuz, oinarri teknologikoko enpresa berritzaileak sortuz edo produktu eta prozesu berriak garatuz. Hori lortzeko, teknologia zentroen, ikerketa zentroen eta unibertsitateen laguntza behar du, jakintzaren sortzaileak baitira Sistemaren barnean.

Bestalde, Nafarroako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak (2021-2025), 4. erronkarekin (SINAI eragileen eta enpresa-sarearen arteko lotura handitzea) lotutako neurrien artean, neurri bat jasotzen du helburua duena lehen zegoen bonu teknologikoen eskemari berriz heltzea, ETEak SINAI eragileetara errazago hurbiltzeko. "Ezagutza transferitzeko SINAI bonuak" izeneko neurri hori 2022an jarri zen abian, eta aurrez ezarritako zenbatekoa zuten laguntzak banatzen zituen, ETEek ezagutzaren eta teknologiaren transferentziarako zerbitzuak kontratatu ahal zitzaten SINAIko eragile gisa egiaztatutako unibertsitate, teknologia zentro eta ikerketa zentroekin.

2023ko deialdi honetan asmoa da enpresaren arloko I+G+b unitateak (EIU) ere laguntzaren onuradun izatea, produktu eta prozesu berriak garatu, patenteak sortu eta horrelako lanak egiteko legezko betebeharra baitute, lehen esan den bezala. Hala, laguntza-tresna honen bidez sustatu nahi da enpresa-sarera transferitu daitezela Nafarroako ikerketa zentro, teknologia zentro eta unibertsitateetan sortutako ezagutza eta teknologia. Nafarroako I+G+b Sistemaren eta enpresen arteko harremana sustatu nahi da, eta bultzada horri esker bilatzen da ETEek eta EIUek beren barne-berrikuntza prozesuak sistematizatzea eta kanpoko zerbitzu espezializatuetara jotzea, I+G proiektu erradikalagoei ekiteko erraztasunak emanez, bai eta beren proiektuen bideragarritasuna goiz ebaluatzea ere.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ezagutzaren transferentziarako SINAI bonuen 2023ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntza arautuko duten oinarriak onestea. Ebazpen honen 1. eranskinean jasotzen dira.

3. 175.000 euroko gastua baimentzea "Ezagutza transferitzeko SINAI bonuak" izeneko G20001 G2100 7701 467302 partidaren kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

"Ezagutza transferitzeko SINAI bonuak" izeneko G20001 G2100 7701 467302 partida

2023

175.000

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Iruñean, 2023ko otsailaren 27an.–Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Laguntza hauen helburua da Nafarroako I+G+b Sistema indartzea, ETEen eta enpresaren arloko I+G+b unitateen (EIU) jarduera berritzailea areagotzeko motor gisa, jakintza zientifikoa, teknologikoa edo berritzailea transferitzeko jarduketak kontratatuz unibertsitateekin, teknologia zentroekin eta ikerketa zentroekin.

Gero, ezagutza hori entitateek erabiltzen ahalko dute berrikuntzak egiteko, produktuan, prozesuan edo zerbitzuan, edo etorkizuneko I+G+b proiektu bateko aurretiazko fase gisa.

2. oinarria. Onuradunak.

1. Honako baldintza hauek betetzen dituzten enpresak eta enpresaren arloko I+G+b unitateak (EIU) izaten ahal dira entitate onuradun:

a) Nafarroan lantoki bat izatea eta zentro horretan egitea diruz lagundutako jarduerak.

b) Enpresen kasuan, ETEa izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako definizioaren arabera.

c) EIUen kasuan, hala akreditatuta egotea Nafarroako I+G+b Sistemako exekuzioko eragileen erregistroan, zeina araututa baitago otsailaren 28ko 2E/2020 Foru Aginduan. Baldintza hori eskabidea aurkezten den egunean beharko da bete.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

e) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea, sexu edo genero diskriminaziotzat jotzen diren lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

f) Ez egotea jarduketa egiten duen zentro teknologikoarekin, unibertsitatearekin edo ikerketa zentroarekin elkartuak edo hari atxikiak, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean termino horiei buruz ezarritako definizioaren arabera.

2. Dirulaguntza eskatzen duenean, entitate eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean eskura ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, entitate eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzeko. Eskabidean eskatzaileak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

3. Laguntzen eskabidean sartuko den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da baldintza guztiak betetzen direla.

3. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak eta horiek gauzatzeko epea.

1. Gastu diruz lagungarriak izanen dira SINAIren Erregistroan halakotzat akreditatutako zentro teknologiko, unibertsitate edo ikerketa zentro batek egiten dituen jarduketei dagozkienak, haien asmoa baldin bada entitateari ezagutza zientifikoa, teknologikoa edo berritzailea transferitzea; besteak beste, honako jarduketa hauek:

a) Zaintza teknologikoa.

b) Bideragarritasun azterlanak.

c) I+G+b-ari laguntzeko zerbitzuak.

d) Aholkularitza teknologikoa.

e) I+G proiektuen edo konponbideen diagnostikoa eta orientazioa.

f) Eragile horien I+G azpiegiturak edo ekipamenduak erabiltzea, zeinak SIESS sistemaren parte baitira (Scientific Infrastructure and Equipment Sharing System of Navarra-https://www.siessnavarra.com).

Jarduketa horiek jarduera osoak izaten ahalko dira, edo irismen handiagoko jarduketa batzuen fase partzialak.

2. Ez dira inoiz ere diruz lagungarriak izanen entitateen ohiko jarduketak, produktuen kalitatea hobetzeko direnak edo jadanik badiren produktuak nahiz produkzio prozesuak aldatzeko edo egokitzekoak, baldin eta funtsezko berrikuntzarik ez badakarte. Zehazki, honako jarduketa hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Nahitaezko arauak betetzea.

b) Kalitateko, ingurumeneko, jardunbide egokietako eta antzeko arloetako ziurtapenak eta EE marka ezartzea.

c) Ohiko analisi, entsegu edo karakterizazioak.

d) Prestakuntza orokorra.

e) Softwarea eskuratzea edo garatzea.

f) Negozio planak eta balorazio ekonomikoak.

g) Web orriak garatzea.

h) Merkatu azterketak.

i) Lege, patente, zerga eta prestakuntza arloen gaineko aholkularitza eta laguntza.

3. Eskaeraren egunetik hasi eta 2023ko azaroaren 30era bitarte egin beharko dira diruz lagundutako jarduketak.

4. oinarria. Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta mugaegunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.

2. Jarduketa egiten hasi baino lehen aurkeztu beharko da laguntzaren eskaera.

3. Eskabideak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, laguntzen fitxaren bidez.

5. oinarria. Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak.

1. Entitate guztiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskabide telematikoa, 2. eta 12. oinarrietan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpena barne duela.

b) Entitatearen aurkezpen agiria, honako hauek izanen dituena:

–Deskribapen laburra: egiten duen jarduera, produktuak, erabilitako teknologiak, instalazioak, etab.

–Hautatutako eragilearekin egin beharreko jarduketaren beharra, abiapuntua edo ebatzi beharreko problema, eta jarduketak entitateari dakarkion berrikuntza maila.

–Behar bezala justifikatu beharko da zergatik aukeratu den eragilea, dituen baliabideei (materialak edo giza baliabideak), lanen irismen teknologikoari eta abarri dagokienez.

–Zentro teknologiko, unibertsitate edo ikerketa zentro batekin ohikotasunez lan egiten bada, azaldu beharko da zein den eta zertarako eta zenbateko maiztasunez egiten diren lan horiek.

–Eskatzailea oinarri teknologikoko enpresa berritzaile (OTEB) bat bada, justifikatu beharko da eskatzaileak enpresa berritzaile eta/edo teknologikotzat jotzeko 2. eranskineko 5. irizpidean zehaztutako baldintzak betetzen dituela.

c) Hautatutako zentro teknologikoak, unibertsitateak edo ikerketa zentroak egindako eskaintza teknikoaren kopia, non behar bezain zehatz azalduko baita egin beharreko jarduketa, ezagutza enpresara edo EIUra transferitzeko. Honako hau sartu behar da:

–Zerbitzua kontratatuz zer ziurgabetasun tekniko ebatziko den.

–Egin beharreko jarduerak eta erabili beharreko teknologia.

–Aurreikusitako kronograma, hasierako eta bukaerako datak eta, behar izanez gero, jarduera xehakatuak.

–Egin beharreko lanen aurrekontu xehakatua.

d) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko neurriak frogatzen dituen dokumentazioa, dagokion ebaluazio irizpidea baloratzearren.

e) Alta egoeran dauden langileen txostena (ITA), Gizarte Segurantzako Diruzaintzak emana laguntza eskatzen den egunaren aurreko hilabetean zehar, desgaitasunaren irizpidea baloratzearren.

2. Aurreko puntuan adierazitako agiriez gain, enpresek hauek ere aurkeztu beharko dituzte:

a) Enpresaren tamaina kalkulatzeko inprimakia eta azken 2 ekitaldietako kontuak (itxiak eta Merkataritza Erregistroan gordailutuak), bai eskatzailearenak, bai haren enpresa elkartu eta lotutakoenak.

b) Entitateak, laguntzaren xedeko jarduera egin behar den lantokian, 2022. urtean izan duen batez besteko langile kopurua frogatzen duen agiria.

3. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, laguntzak kudeatzen dituen organoak interesdunari eskatuko dio zuzen ditzala 10 egun balioduneko epean gehienez, errekerimendua jakinarazten denetik hasita, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

6. oinarria. Laguntzak emateko prozedura.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkezten diren eskaerak elkarren artean konparatuko dira lehentasun hurrenkera bat ezartzeko, 2. eranskinean ezarritako ebaluazio irizpideen arabera, eskatzailea ETEa bada, eta 3. eranskinean ezarritako irizpideen arabera, eskatzailea enpresaren arloko I+G+b unitatea (EIUa) bada.

Proposamenak ebaluatu ondoren, lehentasunaren araberako zerrenda bat eginen da entitate eskatzaile mota bakoitzeko: ETEen zerrenda eta enpresaren arloko I+G+b unitateen zerrenda.

2. Laguntzak emateari dagokionez, honela banatuko da deialdiko kreditua:

a) 120.000 euroko hasierako kreditua ezarri da ETEek aurkezten dituzten eskaerei erantzuteko.

b) 55.000 euroko hasierako kreditua ezarri da enpresaren arloko I+G+b unitateen eskaerei erantzuteko.

3. Entitate motaren arabera eskatzaile bakoitzari dagokion zerrendako lehentasun hurrenkerari jarraituz emanen dira laguntzak. Berdinketarik bada, 1. irizpidean lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da, eta hala ere berdinketak jarraitzen badu, 2. irizpidea hartuko da kontuan, eta horrela hurrenez hurren.

4. Erakunde bakoitzak gehienez ere jarduketa baterako dirulaguntza jasoko du. Nolanahi ere, eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarririk badago, diruz lagundu daitezkeen jarduketen kopurua handitzen ahalko da: gehienez ere hiru jarduketa entitate onuradun bakoitzeko.

5. Entitate mota bati dagozkion eskaera guztiei erantzun ondotik gerakinik badago hartarako baimendutako kredituan, beste motako entitate eskatzaileen jarduketak diruz laguntzeko erabiltzen ahalko da.

6. Laguntzak kudeatzen dituen organoak (Automozioaren, Mekatronikaren, Sorkuntza Industrien eta Industria Digitalen arloetako I+G+b Atala) eskaerak ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio edo informazio osagarri guztia eskatzen ahalko die entitate eskatzaileei.

7. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Dirulaguntzaren zenbatekoa honako hau izanen da:

a) Enpresentzat, gastu diruz lagungarriaren %60 (BEZa kanpo); muga 10.000 euro izanen da jarduketa bakoitzeko.

b) EIUentzat, gastu diruz lagungarriaren %70 (BEZa kanpo); muga 20.000 euro izanen da jarduketa bakoitzeko.

2. Laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei aurreko puntuan ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, eskatzaile mota horrentzat aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

8. oinarria. Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela. Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Bi kategorietako bakoitzean dauden entitate onuradunen zerrenda, lortutako balorazioen hurrenkeran, eta eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

b) Ezetsi beharreko eskabideen zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

2. Berrikuntzako zuzendari nagusia da dirulaguntzak emateari buruz ebazteko organo eskuduna. Ebazpena gehienez bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, telematika bidez, eskatzaileen helbide elektroniko gaituan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Baldin eta dirulaguntza esleitu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko.

9. oinarria. Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

1. Onuradunek egindako jarduketa justifikatu beharko dute, baita dagozkion gastuak eta ordainketak ere, 2023ko azaroaren 30a baino lehenago, hori barne.

2. Honako hau da telematika bidez eta laguntzen fitxaren bidez aurkeztu beharreko justifikazio dokumentazioa, fitxa horretan eskura dauden ereduak erabiliz:

a) Jarduketa laburbiltzen duen fitxa.

b) Zerbitzu teknologikoak egin dituen zentro teknologikoaren, unibertsitatearen edo ikerketa zentroaren fakturaren fotokopia.

c) Ordainketaren frogagiriaren fotokopia.

d) "Jarduketaren bukaerako txostena" dokumentua, kontratatutako zentro teknologikoak, unibertsitateak edo ikerketa zentroak emana. Bertan jarduketaren norainokoa, helburuak noraino bete diren edo izandako zailtasunak zehaztuko dira.

3. Frogagiriak aztertuta, laguntzak kudeatzen dituen organoak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan, adierazi beharko da onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena hilabete bateko epean emanen da, frogagiriak aurkezten direnetik hasita. Epe hori etenda geldituko da aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko eskatuz gero.

4. Dirulaguntza ordaindu baino lehen, organo kudeatzaileak entitate onuradunaren instalazioak bisitatzen ahalko ditu, dirulaguntza jaso duen jarduketa egin dela egiaztatzeko.

5. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, betiere onuradunek frogatzen badute funtsak jaso behar dituztela dirulaguntzaren helburuak betetzeko eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33. artikuluan aurreikusitako bermeak aurkezten badituzte.

Aurreratutako dirulaguntzaren justifikazioa oinarri honetan adierazitako moduan eginen da.

10. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Entitate pribatuen kasuan, dirulaguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, laguntzen fitxaren bidez telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, fitxa horretan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatutako informazioa emateko betebeharra betetzen ez bada, ez da emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.

b) Oinarri arautzaile hauetan ezarritako moduan egin eta justifikatzea dirulaguntzaren xedeko jarduerak.

c) Onartutako laguntzei uko eginez gero, horren berri ematea organo kudeatzaileari.

d) Jasotako dirulaguntzaren kontabilitatea bereiz eramatea.

e) Nafarroako Gobernuak jarduketa gauzatzeko dirulaguntza eman duela aipatzea onuradunaren web orrian eta, idatzizko edo irudi bidezko zabalkundea eginez gero, horretarako sortutako dokumentazio guztian.

f) Diruz lagundutako jardueraz sortzen den dokumentazio guztian hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero-rolei lotu gabekoa eta aniztasun-irudia ematen duena, bai emakumeei bai gizonei dagokienez, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatuarekin bat.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarririko betebehar orokorrak betetzea.

2. Dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, arestiko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriro zehazten ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, kasuaren arabera, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

11. oinarria. Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduketa beretarako emandako beste laguntza batzuekin.

12. oinarria. "De minimis" laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2013ko L 352 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 24koa). Erregelamendu horren aplikazio aldia 2023ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa).

1407/2013 Erregelamenduarekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Ondorio horietarako, entitate onuradunek aitortu beharko dituzte, laguntzen eskaerarekin batera aurkeztuko den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, zerga ekitaldi horretan eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak.

13. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Organo kudeatzaileak ikusgai paratuko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.infosubvenciones.es), honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egozten zaizkion, entitate onuraduna eta emandako diru kopuruak.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntzen fitxan ere jakinaraziko ditu, honako hauek adierazita: laguntzak zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaizkien, entitate onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.

14. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, oinarriak argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

2. ERANSKINA

ETE eskatzaileen proposamenak ebaluatzeko irizpideak

IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

1. Lantokiko batez besteko plantilla

15

2. Lurralde kohesioa

15

3. Berdintasun neurriak

15

4. Desgaitasuna duten langileak

15

5. Oinarri teknologikoko enpresa berritzaile gazteak

15

6. SINAIko eragileen spin-offak

15

7. Lehen lankidetza 5 urtean

10

GUZTIRA

100

1. Lantokiaren batez besteko langile kopurua 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31 bitarte. 15 puntu gehienez.

–Langile batetik 9ra bitarte: 15 puntu.

–10 langiletik 49ra bitarte: 10 puntu.

–50 langiletik 249ra bitarte: 5 puntu.

2. Lurralde kohesioa. 15 puntu gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

–Entitatea Iruñerrikoa ez den udalerri batean egotea: 8 puntu.

–Entitatea 1.500 bizilagun baino gutxiagoko biztanlegune batean egotea: 7 puntu.

Irizpide hau Nafarroako Estatistika Institutuaren (Nastat) webgunean eskuragarri dagoen informazioaren arabera baloratuko da, eskaerak aurkezteko epea ixten den eguneko datuak kontuan harturik.

3. Berdintasun neurriak. 15 puntu emanen dira baldin eta emakumeen eta gizonen artean lan arloko edozein diskriminazio galarazteko neurri hauetako bat aplikatzen bada:

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat prestatzea eta aplikatzea, non ez dauden hartara behartuak Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45. artikuluaren arabera, hau da, 50 langile baino gutxiago badituzte.

–Beren langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politiken aplikazioan nabarmentzeagatik aitortza edo bereizgarriren bat izatea (esate baterako, Berdintasuneko Ministerioaren "Berdintasuna enpresan" deituriko bereizgarri ofiziala edo Amedna-ren "Reconcilia zigilua", eta abar).

4. Desgaitasuna duten langileak. Honako kasu hauetan, 15 puntu emanen dira:

–Baldin eta entitate onuradunaren guztizko plantillan 50 langile edo gehiago badaude eta horietatik %4k baino gehiagok desgaitasunen bat baldin badute.

–Gainerako entitateetan, plantillan desgaitasuna duen pertsona bat badago gutxienez.

5. Entitatea oinarri teknologikoko enpresa berritzaile (OTEB) bat bada, eta 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera sortu bada: 15 puntu.

Horren ondorioetarako, oinarri teknologikoko enpresa berritzailetzat hartuko dira honako baldintza hauek betetzen dituztenak:

–Teknologia sortzeko gauza izan behar dira.

–Enpresaren jarduera ezagutza zientifikoan eta teknologikoan oinarritu behar da.

–Enpresaren jarduera kualifikazio handiko zientzialarien eta ikerlarien lanean oinarritu behar da.

–Enpresaren jardueraren bidez produktu, zerbitzu edo prozesu berriak sortu behar dira, gero merkaturatzeko, eta beren ikerkuntza-lanetan edo ikerkuntza-entitateen jardunean sortzen den ezagutza enpresan txertatu behar da.

–Negozio estrategiaren eta garapen lerroen oinarriak teknologien garapena eta teknologien erabilera intentsiboa izan behar dira.

–Jardueraren funtsa izan behar da enpresak berak sortutako teknologiak edo unibertsitate edo ikerketa zentro publikoek zein pribatuek edota enpresek garatutakoak ustiatzea.

6. Entitatea SINAIko eragile baten (unibertsitatea, zentro teknologikoa edo ikerketa zentroa) spin-off bat bada: 15 puntu.

7. Enpresak SINAIko eragile jakin horrekin azken 5 urteetan izan duen lehen lankidetza bada: 10 puntu.

Berdinketarik bada, 1. irizpidean lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da, eta hala ere berdinketak jarraitzen badu, 2. irizpidea hartuko da kontuan, eta horrela hurrenez hurren 7. irizpidera arte, beharrezkoa bada.

3. ERANSKINA

EIU eskatzaileen proposamenak ebaluatzeko irizpideak

IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

1. Bonuen 2021eko deialdian parte hartu izana

20

2. Proiektu kolaboratiboen 2022ko deialdian parte hartu izana

20

3. Lurralde kohesioa

15

4. Berdintasun neurriak

15

5. Desgaitasuna duten langileak

15

GUZTIRA

85

1. Parte hartu izana EIU+SINAI I+G+b jarduerak egiteko bonuak emateko 2021eko deialdian. Deialdi hori Berrikuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 2ko 19E/2021 Ebazpenaren bidez onetsi zen, eta 2021eko 65. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 23koan.

–Entitatea ezein laguntzaren onuradun izan ez bazen: 20 puntu.

–Entitatea onuradun izan bazen eta ebaluatzen ari den eskabideko SINAI eragileari ez beste bati kontratatu bazion jarduketa: 10 puntu.

–Entitatea onuradun izan bazen eta ebaluatzen ari den eskabideko SINAI eragileari berari kontratatu bazion jarduketa: 0 puntu.

2. Parte hartu izana SINAIko eragileei I+G proiektu kolaboratiboak egin ditzaten laguntzak emateko 2022ko deialdian. Deialdi hori Berrikuntzako zuzendari nagusiaren otsailaren 11ko 10E/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen, eta 2022ko 52. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 14an:

–Entitatea onuradun izan ez bazen: 20 puntu.

–Entitatea onuradun izan bazen: 0 puntu.

3. Lurralde kohesioa. 15 puntu gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

–Entitatea Iruñerrikoa ez den udalerri batean egotea: 8 puntu.

–Entitatea 1.500 bizilagun baino gutxiagoko biztanlegune batean egotea: 7 puntu.

Irizpide hau Nafarroako Estatistika Institutuaren (Nastat) webgunean eskuragarri dagoen informazioaren arabera baloratuko da, eskaerak aurkezteko epea ixten den eguneko datuak kontuan harturik.

4. Berdintasun neurriak. 15 puntu emanen dira baldin eta emakumeen eta gizonen artean lan arloko edozein diskriminazio galarazteko neurri hauetako bat aplikatzen bada:

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat prestatzea eta aplikatzea, non ez dauden hartara behartuak Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45. artikuluaren arabera, hau da, 50 langile baino gutxiago badituzte.

–Beren langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politiken aplikazioan nabarmentzeagatik aitortza edo bereizgarriren bat izatea (esate baterako, Berdintasuneko Ministerioaren "Berdintasuna enpresan" deituriko bereizgarri ofiziala edo Amedna-ren "Reconcilia zigilua", eta abar).

5. Desgaitasuna duten langileak. 15 puntu emanen dira, plantillan desgaitasuna duen pertsona bat badago gutxienez.

Berdinketarik bada, 1. irizpidean lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da, eta hala ere berdinketak jarraitzen badu, 2. irizpidea hartuko da kontuan, eta horrela hurrenez hurren 5. irizpidera arte, beharrezkoa bada.

Iragarkiaren kodea: F2303409