55. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ITZA

Ordenantza fiskala, tokiko jabari publikoko lurzoruaren, lurgainaren eta lurpearen erabilpen pribatiboa edo aprobetxamendu berezia egiteko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Itzako Udalak, 2022ko abenduaren 15ean egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza fiskal bat, arautzen dituena tokiko jabari publikoko lurzoru, lurgain eta lurpeko erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia egiteko tasak.

Hasierako onespenaren erabakia 2023ko 2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 3an, bai eta Itzako Udalaren ediktu-taulan eta egoitza elektronikoan ere, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Jendaurreko epean ez denez aurkeztu alegaziorik, kexarik edo oharrik, hasierako onespenaren erabakia behin betiko bihurtu da, eta, beraz, erabakiaren testu osoa argitaratzen da, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluarekin bat:

Argitara ematen da, eta ohartarazten, ezen erabaki honen aurka honako errekurtso hauek aurkez daitezkeela:

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Itzan, 2023ko otsailaren 21ean.–Alkatea, Floria Pistono Favero.

ORDENANTZA FISKALA, TASAK ARAUTZEN DITUENA ERABILERA PRIBATIBOA EDO APROBETXAMENDU BEREZIA EGITEKO TOKIKO JABARI PUBLIKOKO LURZORUAN, LURGAINEAN ETA LURPEAN

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da bat etorriz martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatuarekin (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legea), eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraikiz.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitateak dira tokiko jabari publikoko lurzoruaren, lurgainaren eta lurpearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, hala nola honako hauek:

a) Tokiko jabari publikoko lurretan harea eta eraikuntzako beste material batzuk ateratzea.

b) Tokiko erabilera publikoko lurretan elur-putzuak, zisternak edo ur-tangak eraikitzea, euri-urak biltzeko.

c) Bainuetxeak eta bestelako ur-gozamenak, baldin eta ez badira publikoen ohiko erabilerak.

d) Erretenak eta antzeko beste instalazio batzuk isurtzea eta hustea tokiko erabilera publikoko lurretan.

e) Tokiko erabilera publikoko lurretako lurpea okupatzea.

f) Erabilera publikoko tokiko lurretan, barnean direla tokiko errepide, bide eta gainontzeko eremu publikoak, zangak, laginketak eta zuloak irekitzea, tutueria, hodiak eta bestelako instalazioak jarri eta konpontzeko, bai eta eremu publikoko zoruan edo espaloietan edozein berrikuntza egitea ere.

g) Tokiko erabilera publikoko lurrak okupatzea salgaiekin, eraikuntza-materialekin, obra-hondakinekin, puntako hesiekin, astoekin, aldamioekin eta antzeko beste instalazio batzuekin.

h) Ibilgailuak espaloietan barna sartzeko eta eremu publikoa aparkaleku esklusiborako, ibilgailuak gelditzeko nahiz edozein motatako salgaien zamalanetarako erreserbatzea.

i) Instalatzea solairuetako burdin sareak, argi-zuloak, arnasbideak, sarrerako ateak, karga-ahoak edo tokiko bide publikoetako lurzorua edo lurpea okupatzen duten antzeko elementuak, sotoetara edo erdisotoetara sartzeko argia, aireztapena, pertsonak edo artikuluak.

j) Herriko edozein bide publikotako lurgaina okupatzea eraikuntza-elementu itxiekin, terrazekin, begiratokiekin, balkoiekin, markesinekin, eguzki-oihalekin, haize-babesekin eta antzeko beste instalazio batzuekin, bide publikoaren gainean edo fatxada-lerrotik ateratzen diren hegalekin.

k) Energia elektrikoaren, uraren, gasaren edo beste edozein fluidoren eroanbideetarako lineak, kableak, horma-besoak, amarratze-, banaketa- edo erregistro-kutxak, transformadoreak, erreiak, baskulak, salmenta automatikorako aparatuak eta antzekoak, bide publikoetan edo tokiko jabari publikoko beste lursail batzuetan ezartzen direnak edo horietara itzultzen direnak.

l) Tokiko erabilera publikoko lurrak irabazteko asmoz okupatzea, mahaiak, aulkiak, oholtzak eta antzeko beste elementu batzuk jarriz.

m) Bide publikoan kioskoak jartzea.

n) Erabilera publikoko lurretan kokatutako postu, barraka, saltoki, ikuskizun, atrakzio edo jolaskizunak jartzea, bai eta kalez kaleko industriak eta zinema filmaketa ere.

ñ) Portaleak, erakusleihoak eta beira-arasak.

o) Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergak kargatuta ez dauden ibilgailuak ibiltzea eta herrestan eramatea.

p) Azienda igarotzea tokiko bide publiko edo jabari publikoko lurretan barna.

q) Lur, eraikin edo hesiei eusteko hormak, behin betikoak zein behin-behinekoak, tokiko bide publikoetan.

r) Erregaien biltontziak eta hornigailuak eta, oro har, tokiko erabilera publikoko lurretan kokatutako edozein artikulu edo salgai.

s) Iragarkiak jartzea tokiko jabari publikoko lurretan edo errepideetatik, auzo-bideetatik eta tokiko gainerako bide publikoetatik ikus daitezkeenetan.

t) Errepideetan, bideetan eta gainerako bide publikoetan, pasaguneak eta pasabideak eraikitzea areken gainetik eta lubetetan, edozein motatako ibilgailuentzat, bai eta ganadua igarotzeko ere.

u) Trakzio mekanikoko ibilgailuak aparkatzea udalerriko bideetan, horretarako ezartzen diren guneetan eta ezar daitezkeen mugekin.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Ordaindu beharra sortzen da erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia hastean, eta aurretik behar den baimena eskatu behar da.

Udalaren nahitaezko lizentzia izan gabe hasten bada erabilera edo aprobetxamendua, ordenantza fiskal honetan ezarritako tasa pagatzeak ez du izandako erabilera edo aprobetxamendua legeztatuko, eta kalte-ordainik eman gabe instalazioak kentzeko agindu daiteke.

Ordenantza honen xedeko erabilerak edo aprobetxamenduak tasaren aldizkako sortzapena agintzen duenean, hura urtarrilaren 1ean sortuko da, urtero, eta zergaldia urte naturala izanen da, salbu eta erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia urte hartan hasi edo bukatu egin den kasuetan, orduan zergaldia horren arabera moldatuko baita eta, berdin, kuota hainbanatuko.

Ordaintzera behartuak

4. artikulua. Tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, pertsona fisiko zein juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen duten erakundeak, baldin eta, tokiko jabari publikoko lurzoru, lurgain edo lurpearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezia egiten badute, edo hari onura ateratzen badiote.

Bide publikoan paratzen diren edukiontzien kasuan, lizentziaren titularrez edo aprobetxamenduaz baliatzen direnez gain, zaborrontzien jabeek eta etxegileek ere ordaindu beharko dute.

5. artikulua. Hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek lurzoruan, lurgainean eta lurpean egindako erabileraren edo aprobetxamenduaren tasak loturik egonen dira dagokien ordenantza fiskalari edo aplikagarri diren udal erabakiei.

Oinarriak, tasak eta tarifak

6. artikulua. Tarifak aplikatzeko oinarria zehaztuko da aprobetxamenduaren iraupenaren eta okupatutako bide publikoaren azaleraren arabera.

7. artikulua. Tarifak ordenantza honen eranskinean zehazten dira.

Kudeaketa arauak

8. artikulua. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean herriko jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna beharturik dago aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostua ordaintzera, bai eta aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

Gordailu hori finkatuko da ukituta gerta daitezkeen ondasun eta instalazio guztien balioaren arabera, hura zenbakietara ekartzeko Udalaren txosten teknikoa aurretik eginda.

Bide publikoa edukiontziekin okupatzen bada, gordailua eginen da bide publikoan edukiontziak paratzeari buruzko ordenantzan ezarritako zenbatekoei jarraikiz.

Gordailua lotu daiteke indarreko araudia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin. Fidantza berreskuratu ahal izateko aldeko txostena beharko da, indarreko araudia eta lizentzia lortzeko baldintzak hertsiki bete direla eta zoladura behar bezala konpondu dela egiaztatuko duena.

9. artikulua. Erabilera dela-eta sortutako kalteak konponezinak badira, onuradunak, suntsitutako gauzek zenbat balio duten edo kaltetutakoen balio galera norainokoa den, horrenbeste emanen dio ordainetan Udalari. Bereziki, konponezintzat hartuko dira kalteak, baldin eta interes artistiko edo historikoa duten monumentuetan egin badira edo hogei urte baino gehiagoko zuhaitzak hondatzen badira.

Fidantzek kalte-ordain horiek estaliko dituzte lehenik eta behin.

10. artikulua. 1) Ordenantza honetan araututako tasei lotutako erabilerek edo aprobetxamenduek behar den errolda edo zentsua izanen dute ohikoak eta etengabeak badira. Tasa sei hilabetetik behin ordaindu beharko da, ordenantza fiskal orokorrean ezarritako epe eta baldintzetan.

2) Erabilerak edo aprobetxamenduak lizentziarik behar ez badute, aurretik dagokien kuota ordaindu beharko da. Horrela izanez gero, txartela jaso beharko da, behar bezala datatua, horretarako izendatzen diren langileen eskutik.

3) Gainerako kasuetan, likidazioa dagokion udalean eginen da. Tasa lizentzia edo baimena eman dela jakinarazi baino lehenago ordainduko da, erabilera edo aprobetxamenduaren epea zehazki finkaturik dagoenean. Hala ez bada, ordainketa eginen da erabilera edo aprobetxamendua amaitutakoan, hau da, partikularrak Udalari bukatu dela jakinarazten dionean.

Erabilera edo aprobetxamendua sasoi osorako ematen bada, tasa ordain daiteke mugaeguneratutako hiruhilekoka. Ez da eginen hiruhilekoaren likidazioa, baldin eta erabilerari edo aprobetxamenduari uko egiten bazaio hiruhileko hori hasi baino hilabete lehenago gutxienez.

4) Ezartzen ahal den "Mahaiak, aulkiak eta beladoreak" izeneko epigrafeari dagokionez, Udalak baimena osorik balio gabe utzi edo aldi baterako ken dezake, arrazoi justifikaturik badago, obra, konponketa eta abarren bat badago, eta kobratutako tasaren zati proportzionala soilik itzultzera behartuta dago.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENA

Ordezko araubidea

Ordenantza honetan ezartzen ez den orotan aplikagarri izanen dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta udal erabakiak baino goragoko xedapen guztiak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Ordenantza indarrean jartzea

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 13. artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoaren arabera, ordenantza hau indarrean jarriko da testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean.

TARIFEN ERANSKINA

I. epigrafea.–Lurzoruko aprobetxamendu bereziak.

I.I. Bestelako aprobetxamenduak.

–Edukiontziak, aldamioak, hesiak eta jarduera ekonomikoa ez den beste edozein okupazio egunean, metro koadro edo frakzio bakoitzeko: 0,11 euro.

–Edukiontziak, aldamioak, hesiak eta jarduera ekonomikoa ez den beste edozein okupazio hilabetean, metro koadro edo frakzio bakoitzeko: 3,02 euro.

–Edukiontziak, aldamioak, hesiak eta jarduera ekonomikoa ez den beste edozein okupazio urtean, metro koadro edo frakzio bakoitzeko: 35,25 euro.

I.2. Jarduera ekonomikoetarako beste erabilera eta aprobetxamendu batzuk, aurreko apartatuetan sartuta ez daudenak:

–m² edo frakzio bakoitzeko, egunean: 0,45 euro.

–m² edo frakzio bakoitzeko, hilabetean: 12,08 euro.

–m² edo frakzio bakoitzeko, urtean: 120,84 euro.

II. epigrafea.–Lurgaineko aprobetxamendu bereziak.

–m² edo frakzio bakoitzeko, egunean: 0,62 euro.

–m² edo frakzio bakoitzeko, hilabetean: 17,12 euro.

–m² edo frakzio bakoitzeko, urtean: 201,40 euro.

III. epigrafea.–Lurpeko aprobetxamendu bereziak.

III.1. Beste tasa baten zerga-egitate ez diren zerbitzuak banatzeko sare orokorrak instalatzeko eta aprobetxatzeko gutxieneko kuota, metro lineal bakoitzeko, urtean: 6,15 euro.

III.2. Gainerako aprobetxamenduak:

–m² edo frakzio bakoitzeko, egunean: 0,62 euro.

–m² edo frakzio bakoitzeko, hilabetean: 17,12 euro.

–m² edo frakzio bakoitzeko, urtean: 201,40 euro.

IV. epigrafea.–Gutxieneko eskubideak.

IV.1. Aurreko epigrafeengatik likidatu beharreko kopuruak ez badira iristen jarraian azaltzen diren gutxienekoetara, honako kopuru hauek ordaindu beharko dira:

– IV.1. epigrafea. Gutxieneko eskubideak.

35,95 euro.

Iragarkiaren kodea: L2302957