54. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ITZA

Ordenantza fiskala, Ordezko betearazpenen tasak, betearazteko aginduenak eta partikularrek eragindako zerbitzuenak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Itzako Udalak, 2022ko abenduaren 15ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen udal ordenantza fiskala, Ordezko betearazpenen tasak, betearazteko aginduenak eta partikularrek eragindako zerbitzuenak arautzen dituena.

Hasierako onespenaren erabakia 2023ko 2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 3an, bai eta Itzako Udalaren ediktu-taulan eta egoitza elektronikoan ere, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Jendaurreko epean ez denez aurkeztu alegaziorik, kexarik edo oharrik, hasierako onespenaren erabakia behin betiko bihurtu da, eta, beraz, erabakiaren testu osoa argitaratzen da, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluarekin bat:

Argitara ematen da, eta ohartarazten, ezen erabaki honen aurka honako errekurtso hauek aurkez daitezkeela:

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Itzan, 2023ko otsailaren 21ean.–Alkatea, Floria Pistono Favero.

ORDENANTZA FISKALA, ORDEZKO BETEARAZPENEN TASAK, BETEARAZTEKO AGINDUENAK ETA PARTIKULARREK ERAGINDAKO ZERBITZUENAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da bat etorriz martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalarekin (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legea), eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenaren arabera.

Zerga-egitatea

2. artikulua.

1. Zerga-egitatea honako kasu hauetan zerbitzu egitea edo laguntza ematea da:

a) Ibilgailuak, zaborrak eta obra-hondakinak kentzea, baldin eta lur edo lokalen jabeek, okupatzaileek –edo pilaketaren arduradunek– kentzeko agindua bete nahi ez edo horren aurka egiten badute.

b) Betearazpen aginduak, eraispenak, konponketak, urbanizazio pribatuen exekuzioak, kolektoreen garbiketa eta, oro har, Udalaren ordenantzak nahiz erabakiak betetzeko ordezko betearazpen eginbideak.

c) Udal-langileen zerbitzu bereziak edo kontratatutako enpresa baten bidez gauzatutakoak, baldin partikularrek eragiten badituzte.

2. Interesdunek berek eragiten dituzten zerbitzuek, edo bereziki haien mesederako diren horiek, baita ondasunak berreskuratzeko presagatik edo ordena publikoa, segurtasuna, osasungarritasuna edo higienea direla medio eman beharrekoak direnek ere, ordainarazpena sortzea ekarriko dute, nahiz eta zerbitzua ez izan interesdunek eskatua.

3. artikulua. Udalak zilegi izanen du, nolanahi ere, enpresa pribatu bat kontratatzea ordenantza honek aipatzen dituen zerbitzuak emateko. Presako kasuetan, eta kontratazio araudian xedaturikoarekin bat, udal zerbitzuek zilegi izanen dute zuzenean kontratatzea enpresen, teknikari fakultatiboen eta beste bitarteko partikular batzuen zerbitzuak. Gero horren berri eman beharko diote Alkatetzari edo, hala badagokio, Udalbatzari.

Tasaren sortzapena

4. artikulua. Ordaindu beharra sortzen da zerbitzua egiten den momentu berean, eta zilegi da konturako nahiz zatikako likidazioak ordaintzeko eskatzea.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. Modu solidarioan ordaintzera behartuta daude legez erantzule diren pertsona natural nahiz juridikoak; hurrengook, alegia:

a) Ondasunen jabeak edo zerbitzua eragin duten egitateen erantzuleak, bai eta zerbitzua ematearekin onura partikularrak jasotzen dituzten horiek ere.

b) Halakorik bada, errentariak edo erabiltzaileak, edozein titulu dela bide.

c) Espresuki egindako betearazteko erabaki edo agindu baten ondorioz erantzule direnak, bai eta betearazpena edo emandako zerbitzua eragin duten edo haien onura edo eragina hartu duten pertsonak ere.

Zerga-oinarria

6. artikulua. Honako hauek dira ordainarazpen honen zerga-oinarriak:

a) Betearazpen aginduak: eginkizun dagoen obrari egin behar zaion baloraziotik helduko dena.

b) Ordezko betearazpena: egin behar izandakoaren kostu osoa, honako hauen arabera zehaztua:

1. Zerbitzu egitean parte hartzen duten pertsonen lanaren kostua, zuzendaritza, zaindaritza eta kontrol zerbitzuak barne.

Arkitekto, aparejadore edo kasuan kasuko teknikarien elkargoak tarifatutako ordainsariak dituzten bestelako teknikarien esku-hartzea beharrezkoa baldin bada, kasuan kasuko lanbide-elkargoaren tarifa ofizialen arabera zehaztuko da zerga-oinarria.

Gainerakoetan, langileek zenbat denbora egin eta zer kategoriatakoak izan, halakoxea izanen da haien kostua, zerbitzu egiteko unean indarra duten soldaten arabera baloratua.

2. Baliabide material suntsikorren kostua, Udalak erosi dituen kostuan baloraturik, hornitzaileen fakturetan oinarrituta.

3. Udalak laguntza edo zerbitzua enpresa pribatu batekin kontratatu badu, enpresa pribatuak aurkezten duen faktura edo likidazioa egotziko da, aldez aurretik Udaleko teknikari eskudunak aztertu eta txostena egin ondoren.

c) Udal langileen zerbitzu bereziak edo kontratutako enpresa baten bidez gauzatuak, baldin partikularrek eragiten badituzte: langileen esku-hartzearen kostua (ordua pertsona bakoitzeko) edo kontratatutako kanpoko enpresaren kostua.

Kudeaketa arauak

7. artikulua. Obren kasuan, Udalak zilegi izanen du kautelazko likidazioak aldez aurretik egitea, tasen zenbateko zenbatetsien adinakoak, eta ordainarazpena eta bilketa eginen ditu. Obrak eta/edo jarduketak burututakoan, tasak likidatuko dira eta soberakinik bada, eskatu edo bihurtuko dira. Zilegi izanen da kautelazko likidazio horiek erantzuleen artean zatitu edo banatzea edo, erabiltzaile nahiz errentari gisa, borondatez kostuaren zati proportzional bat beren gain hartu nahi dutenen artean.

Arau-hausteak eta zehapenak

8. artikulua. Tasa honen aplikaziotik ateratzen den likidazioaren zenbatekoa gorabehera, subjektu pasiboak erantzun beharko du irekitzen ahal den espediente zehatzailetik sor daitezkeen zehapenen aitzinean; hori guztia, jarraikiz xedatutakoari Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENA

Ordezko araubidea

Ordenantza honetan ezartzen ez den orotan aplikagarri izanen dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta udal erabakiak baino goragoko xedapen guztiak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Ordenantza indarrean jartzea

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 13. artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoaren arabera, ordenantza hau indarrean jarriko da testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean.

TARIFEN ERANSKINA

I. epigrafea.–Betearazpen aginduak.

Karga-tasa izanen da hirigintzako lizentzien tasendako ezarritakoa.

–Gaur egun ez dago tasarik ezarrita hirigintza lizentzia emateagatik.

II. epigrafea.–Ordezko betearazpenak.

Tasa izanen da zerga-oinarriaren %125.

III. epigrafea.–Zerbitzu bereziak, partikularrek eragindakoak.

Udal langileen ordu edo zati bakoitzeko: 30 euro.

Enpresa kontratatuaren bidez egindako lanak: zerga-oinarriaren %110.

Iragarkiaren kodea: L2302959