54. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

62/2023 FORU AGINDUA, otsailaren 16koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana; honen bidez aldatu egiten da Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 12ko 159/2020 Foru Agindua, familiaren esparrurako zenbait laguntza emateko oinarri arautzaileak onesten dituena 2020tik 2023ra bitarteko urteetarako; aldizka ordainduko diren zuzeneko laguntza ekonomikoen deialdia onesten da 2023rako, langileen laneko eta familiako bizitza bateratzeko neurri osagarri gisa, eszedentzian daudenean, lehen graduko ahaideak, adingabeak eta helduak zuzenean, jarraituan eta etengabe zaintzeko; eta gastua onesten da. DDBN identifikazioa: 677120.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 12ko 159/2020 Foru Aginduaren bidez oinarri arautzaileak onetsi ziren, besteak beste, aldizka ordainduko diren dirulaguntzak zuzenean emateko 2020tik 2023ra bitarteko urteetarako, langileen laneko eta familiako bizitza bateratzeko neurri osagarri gisa, langile horiek eszedentzian daudenean lehen graduko ahaideak, adingabeak eta helduak zuzenean, jarraituan eta etengabe zaintzeko, eritasunagatik edo istripuagatik.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak, besteak beste, honako eginkizun eta helburu hauek ditu: Familiari, Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko II. Planean aipatzen diren jarduketak koordinatu, bultzatu eta ebaluatzea, bai eta familiarentzako programak sustatu, koordinatu eta kudeatzea, eta horien jarraipena egitea ere.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako.

Gobernuaren 2020ko apirilaren 1eko erabaki baten bidez baimendu zen laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez ematea; hau da, eskaerak aurkezten diren ordenari jarraituz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuetan horretarako kreditua dagoen bitartean. Deialdi bakoitzerako erabilgarri dagoen aurrekontu-dirua agortzen denean, eskaerak ezetsi eginen dira.

Bestalde, Nafarroako Ogasun Publikoak etengabeko finantza-kontrola egin die aurretiazko kontu-hartzetik salbuetsita dauden betebeharrak eta ordainketak aitortzeko eta dirulaguntzak justifikatzeko espedienteei, eta, salbuetsitako eta mugatutako dirulaguntzei buruzko behin-behineko txostena jaso ondoren, beharrezkotzat jotzen da oinarrietako baldintzen I. eranskinaren testua puntu batzuetan egokitzea, xedatuta dagoena dirulaguntzen helburura egokitzeko.

Espedienteko txosten teknikoek eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek egokiak eta gizarte interesekoak direla eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez esleitu dizkidaten eskudantzien arabera, eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuari dagokionez, honako hau

AGINTZEN DUT:

1. Aldizka ordaintzen diren laguntza ekonomikoak zuzenean emateko deialdia onestea, 2023. urterako, langileen laneko eta familiako bizitza batera eramateko neurri osagarri gisa, langile horiek eszedentzian daudenean lehen graduko ahaideak, adingabeak eta helduak zuzenean, jarraituan eta etengabe zaintzeko, eritasunagatik eta/edo istripuagatik, Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 12ko 159/2020 Foru Aginduaren bidez onetsitako oinarri arautzaileei jarraituz.

2. 575.000 euroko gastua baimentzea 2023ko gastu-aurrekontuko "Kontziliaziorako laguntzak" izeneko 920006 93300 4809 231507 partidaren kargura.

3. Dirulaguntza bakoitzari dagozkion zenbatekoak ezartzea. Honako hauek izanen dira 2023. urterako:

a) 645,30 euro hilean, Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 12ko 159/2020 Foru Aginduaren 1. eranskineko 2.1 oinarriko a) eta b) letretan jasotako kasuetan. Foru agindu horren bidez familiaren eremuko zenbait laguntza emateko oinarri arautzaileak onetsi dira 2020tik 2023ra bitarteko urteetarako.

b) 450 euro hilean, Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 12ko 159/2020 Foru Aginduaren 1. eranskineko 2.1 oinarriko c) ,d), e) eta f) letretan jasotako kasuetan. Foru agindu horren bidez familiaren eremuko zenbait laguntza emateko oinarri arautzaileak onetsi dira 2020tik 2023ra bitarteko urteetarako.

4. Eskaera guztiendako aurrekontu nahikorik ez badago, baimendutako gastua handitzen ahalko da, 300.000 euro gehituz, gehienez, dagokion aurrekontu gehikuntzaren bidez. Zenbateko hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan adierazten diren gorabeheretako bat gertatzen delako. Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskabideak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

5. 2020tik 2023ra bitarteko urteetarako, Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 12ko 159/2020 Foru Aginduaren 1. eranskina aldatzea. Foru agindu horren bidez oinarri arautzaileak onetsi ziren, aldizka ordainduko diren dirulaguntzak zuzenean emateko 2020tik 2023ra bitarteko urteetarako, langileen laneko eta familiako bizitza bateratzeko neurri osagarri gisa, langile horiek eszedentzian daudenean lehen graduko ahaideak, adingabeak eta helduak zuzenean, jarraituan eta etengabe zaintzeko, eritasunagatik edo istripuagatik. Eranskinaren puntu hauek aldatuko dira:

a) 159/2020 Foru Aginduaren 1. eranskineko lehendabiziko oinarriko 1.2.3 puntua aldatzea. Honela idatzita geratuko da:

"1.2.3. Gastua onesten den ekitaldiaren aurreko aurrekontu-ekitaldiko azaroaren 2tik abenduaren 31 bitartean eszedentzian dauden laguntza-onuradunak".

b) 159/2020 Foru Aginduaren 1. eranskineko bigarren oinarriko –Ekintza diruz lagungarriak– 2. puntuko b) kasua aldatzea. Honela geratuko da idatzita:

"Eritasun larria edo istripu larria izan duten lehen graduko ahaide helduak zaintzeko, (odol bidezkoak, ezkontidea edo bikotekide egonkorra), betiere ospitaleratuak baldin badaude eta eritasuna eta/edo istripua bitartean eta/edo ondoren zuzenean, jarraian eta etengabe zaindu beharra baldin badute".

c) 159/2020 Foru Aginduaren 1. eranskineko bigarren oinarriko –Ekintza diruz lagungarriak– 2.2. puntua aldatzea. Honela geratuko da idatzita:

"Odol bidezko lehen graduko ahaide heldua eritasunagatik edo istripu larriarengatik ospitaleratuta dagoela edo egon dela eta zuzenean, jarraian eta etengabe zaintzea behar duela edo behar izan duela egiaztatzeko, langile soziosanitario batek egindako ziurtagiria aurkeztu beharko da."

d) 159/2020 Foru Aginduaren 1. eranskineko laugarren oinarriko –Betebeharrak– 4.1 puntuko e) letra aldatzea: 1.2.2 oinarria dioen lekuan 1.2.3 oinarria esan behar du.

e) 159/2020 Foru Aginduaren 1. eranskineko laugarren oinarriko –Betebeharrak– 4.2 puntua aldatzea, f) letra gehituz. Honela geratuko da idatzita:

"Deialdi honen ondorioetarako, honako hau hartuko da familia-unitatetzat (...): f) Eskatzaileak eta zaintza jasoko duen lehen mailako ahaide helduak (odol bidezkoak) edo ezkontideak nahiz bikotekide egonkorrak soilik osatzen dutena".

f) 159/2020 Foru Aginduaren 1. eranskineko hamalaugarren oinarriko –Laguntzen bateraezintasuna– 14.2 puntua aldatzea. Honela geratuko da idatzita:

"14.2. Laguntza hauek eta mendekotasunaren laguntzak bateragarriak izanen dira beti. Hala ere, "Familia barruko laguntzak" izeneko laguntzen kasuan edo horien antzeko beste edozein laguntzaren kasuan, bi laguntzengatik jaso beharreko zenbatekoa ez da gehienekoa baino handiagoa izaten ahalko, eta, ondorio horietarako, eszedentziagatiko laguntzaren zenbatekoa gutxitu eginen da".

6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitara dadila agintzea.

7. Foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

8. Foru agindu hau igortzea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzara, Eskubide Sozialetako Departamentuko Kontabilitate Zentrora eta Idazkaritza Tekniko Nagusira, baita Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko otsailaren 16an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2302867