54. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

12E/2023 FORU AGINDUA, otsailaren 20koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, Nafarroako toki erakundeei dirulaguntzak emateko deialdi bat onesten duena, artxiboetako ondare dokumentala hedatzeko eta hari balioa emateko ekimenak abia ditzaten 2023an. DDBN identifikazioa: 677266.

Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legeak 28. artikuluan ezartzen duenez, Nafarroako Artxibo Sistemaren parte izateagatik, toki erakundeak behartuak daude tratamendu egokia bermatuko duten arau eta prozedurak aplikatzera, beren jardunean sortu edo jasotzen dituzten dokumentuak ekoitzi, kudeatu, antolatu, kontserbatu eta zabaltzean. Betebehar hori zuzenekoa da 15.000 biztanletik gorako udalerrientzat, hau da, foru legearen arabera beren udal artxiboaren zerbitzua antolatzeko gauza direnentzat, eta horregatik ematen zaie antolaketa arloko berariazko eginkizun eta ezaugarri multzo bat (29. artikulua); biztanle gutxiagoko toki erakundeen kasuan, berriz, laguntza handiagoa jasoko dute artxibo arloan eskuduna den departamentuaren partetik (30. artikulua).

Nafarroako Artxibo Sistemako kide diren aldetik, toki erakundeek eskubidea dute, aurrekontuko posibilitateen arabera, eta hitzarmen eta laguntza publikoen bidez (11. artikulua), Foru Komunitateko Administraziotik lankidetza jasotzeko honako hauetarako: agiriak kontserbatzea eta zaharberritzea, artxiboko langileen prestakuntza, artxiboen instalazio materialen hobekuntza, dokumentazioa tratatzea fase guztietan, eta teknologia berriak ezartzeko informazioa eta aholkularitza.

2016. urtean, artxibo arloan eskuduna zen departamentuak urrats handiak egin zituen Nafarroako toki erakundeek artxibo sistema sendo eta eraginkorrak izan ditzaten, hartara, bermatu dadin haietako bakoitzak ondare dokumentalaren gainean duen erantzukizuna behar bezala gauzatzen duela. Hori izan zen, hain zuzen, ekainaren 10eko 50/2016 Foru Aginduaren xedea, haren bidez onetsi baitziren 15.000 biztanle baino gutxiago dituzten Nafarroako toki erakundeen artxiboak antolatzeko eta kudeatzeko jarraibideak.

Arau horrekin bat, 2017an Nafarroako toki erakundeei dirulaguntzak emateko urtez urteko deialdien sorta bati ekin zitzaion, artxibo sistema propioa martxan jarri eta/edo finkatzeko; deialdi horiek garatuz joan dira, eta haiei esker, toki erakunde frankok artxibo sistema operatibo eta eraginkorrak dituzte gaur egun.

Nafarroako toki erakundeen artxibo sistemen finkapenean ikusi den bilakaerak bide ematen du kultur sustapenaren oinarrizko alderdietan aurrera egiteko. Gaur, egun, artxiboen testuinguruan, alderdi horietatik garrantzitsuena da artxiboen hedadura sozial eta kulturalari bultzada ematea, hau da, udal artxiboetan gordetako ondare dokumentala hedatzeko eta hari balioa emateko ekimenak sustatzea, aparteko interes historikoa baitu. Bestetik, gaur egungo gizarte inguruneak informazioaren teknologien erabileran oinarritutako komunikazio bideak lehenesten ditu: askotariko gailuak, informazio formatu eta euskarri berriak, eta Internet.

Hori dela eta, ikusi da komenigarria dela Nafarroako toki erakundeen ondare dokumentala hedatzeko eta hari balioa emateko neurriak sustatzea, egungo komunikazio errealitateekin bat etorriz, betiere.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea Nafarroako toki erakundeei dirulaguntzak emateko deialdi bat, artxiboetako ondare dokumentala hedatzeko eta hari balioa emateko ekimenak abia ditzaten 2023an.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A21002-A2200-7609-332102: toki erakundeen artxiboak hedatzeko dirulaguntzak

2023

20.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko otsailaren 20an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA

Nafarroako toki erakundeei dirulaguntzak emateko deialdia, artxiboetako ondare dokumentala hedatzeko eta hari balioa emateko ekimenak abia ditzaten 2023an. Oinarriak

1. Xedea.

1.1. Deialdiaren xedea da dirulaguntza batzuk emateko araubidea ezartzea, Nafarroako toki erakundeen artxiboetako ondare dokumentala hedatzeko eta hari balioa emateko ekimenetan inbertitzeko.

1.2. Deialdi honen barruan sartzen ahalko dira toki erakundeen artxiboetako ondare dokumentala hedatzeko eta balioan jartzeko jarduerak biltzen dituzten proiektuak, baldin eta artxibo horiek Kultur, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren ekainaren 10eko 50/2016 Foru Aginduaren arabera kudeatu eta zaintzen badira. Foru agindu horren bidez 15.000 biztanle baino gutxiago dituzten Nafarroako toki erakundeen artxiboak antolatzeko eta kudeatzeko jarraibideak onetsi ziren.

Dirulaguntzaren xedeko jarduerak esparru hauetako bati edo bati baino gehiagori lotuko zaizkio:

–Toki erakundearen artxiboa deskribatzeko tresnen prestaketa eta argitalpena, hura hedatzeko.

–Toki erakundearen artxiboan dohaintza edo erabilera-lagapenaren bidez sartu diren artxibo pribatuak deskribatzeko tresnen lanketa (inbentarioak eta katalogoak).

–Web-orrien diseinua eta prestaketa, haien xede nagusia toki erakundearen ondare dokumentala hedatzea izanik.

–Toki erakundearen artxiboko agirien ikerketa historikoa eta/edo transkripzioa, ondare dokumentala hedatzeko.

–Toki erakundearen artxiboko agirien digitalizazioa eta metadatuak sartzea, web bidez hedatzeko. Digitalizatzekoak diren agirien antzinatasuna 40 urtetik gorakoa izanen da; berriagoak diren agirien digitalizazioa ere diruz laguntzen ahalko da, baldin eta Nafarroako Gobernuaren Ebaluazio Dokumentalaren Batzordeak haien gaineko ebaluazio egin badu eta kontserbazio iraunkorreko sailen parte badira. Digitalizazioak men eginen die Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko web-orrian argitaratuta dauden zehaztapen teknikoei.

–Interes historikoa duten ikus-entzunezko euskarrien eta argazkien digitalizazioa eta formatu digitalen arteko bihurketa, zaharkitzeari aurre egiteko.

1.3. Proiektuek ez badituzte erreferentzia gisa hartzen 50/2016 Foru Aginduan oro har ezarritako jarraibideak, eskaerak ezin izanen dira deialdi honetan sartu.

2. Erakunde onuradunak eta betebeharrak.

2.1. Oinarri hauetan ezarritako dirulaguntzen onuradun izan daitezke Nafarroako Foru Komunitateko toki erakundeak, halakotzat harturik Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetan deskribatutakoak.

2.2. Erakunde eskatzaile guztiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.1. Dirulaguntzaren zenbatekoa aurkezten den proiektuaren gastuen %40 finantzatzeko behar dena izanen da (BEZa barne). Aplikatu beharreko BEZa deialdia argitaratzen den egunean indarra duena izanen da. Onuradun bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko laguntza 3.000 eurokoa izanen da.

3.2. Toki erakunde onuradunen batek laguntzari uko egiten badio edo, edozein arrazoirengatik, hasiera batean emandako diru kopuruak askatzen badira, askatutako kopuru hori dirulaguntzarik lortu ez duten toki erakundeei ematen ahalko zaie, deialdi honen 7. oinarrian adierazitako balorazio irizpideen arabera lortutako puntuazioaren hurrenkeran, aurrekontu guztia banatu arte, betiere 3.1 oinarrian onuradun bakoitzeko ezarritako diru-muga gainditu gabe. Kopuru hori askatzen bada, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak interesdunei jakinaraziko die, eta dirulaguntza proposamena onartzeko aukera eman; hamar egun balioduneko epe luzaezina izanen dute horretarako. Eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartu ondoren, Vianako Printzea-Kulturako zuzendari nagusiak dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du eta jakinarazi eginen da.

3.3. Eskaera baten baino gehiagoren azken puntuazioan berdinketarik gertatzen bada, berdinketa biztanle kopuruaren arabera ebatziko da, lehentasuna emanez biztanle kopuru txikiena daukaten toki erakundeei.

4. Aurrekontuko zuzkidura.

2023ko ekitaldirako aurrekontuko "Toki erakundeen artxiboak hedatzeko dirulaguntzak" izeneko A21002 A2200 7609 332102 partidaren kargura finantzatuko dira deialdi honen bidez ematen diren dirulaguntzak, 20.000 euroko muga gainditu gabe.

5. Eskaerak aurkeztea, eskatzen diren agiriak eta betekizunak frogatzea.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa), edo Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez. Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak laguntza hauei loturik egiten dituen jakinarazpen eta komunikazio guztiak telematikoki eginen dira, eta, horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digital bat eta gaitutako helbide elektroniko (DEH) bat izatea.

5.3. Deialdi honetara aurkezten diren toki erakundeek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Memoria xehatua, honako hauek biltzen dituena: helburuak, jarduerak, epeak, aurrekontu zehatzak (BEZarekin), aurkezten den proiektuaren justifikazioa eta erdietsi gogo diren emaitzak. Memorian abiapuntuko egoera zein den azalduko da, zehaztasunez azaldu ere, bereziki oinarri honen 7.2 atalean adierazitako irizpideen arabera baloratu behar bada.

Memoria hori aurkeztean, egileen jabetza intelektualaren eskubidea errespetatuko da beti. Bi artxibo-zerbitzu edo gehiago lankidetzan aritu behar badira, memorian zehaztu beharko da zer lan eginen diren lankide den erakunde bakoitzean.

Digitalizazio proiektuen kasuan, argi eta garbi identifikatu beharko da digitalizatuko den liburu edo espediente bakoitza, izenburuak eta hasiera- eta bukaera-datak zehaztuz; aurreikusten den guztizko irudi-kopurua adierazi beharko da.

b) Eskaeraren xede diren proiektuak zer lantalderi edo enpresari esleitu behar zaizkion, bertako langileek horiek gauzatzeko prestakuntza teknikoa edo profesionala dutela frogatzea.

c) Beste edozein informazio osagarri, baita argazkiak ere, baldin eskatzailearen ustez eskaera justifikatzeko balio badu.

d) Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Erakunde eskatzaileak eskaeran horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

e) Toki erakundearen Idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena eskatu edo/eta jaso den deialdi honen xedeko lanetarako beste laguntza publiko eta/edo pribaturik, horren bitartez ziurta dadin aurreikusitako dirulaguntza guztien zenbatekoak ez duela gainditzen aurkeztutako proiektuaren kostu osoa.

5.4. Dirulaguntza-eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo erakunde eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

6. Gastu diruz lagungarriak.

6.1. Deialdi honen ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren ezaugarriekin bat datozenak eta 2023an egiten direnak, 10. oinarrian diruz lagundutako lanak amaitzeko ezartzen den datara bitarte. Gastu diruz lagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

6.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Artxiborako lokalak egokitzeko edo hobetzeko obrak edo azpiegitura (apalategiak) eskuratzea.

b) Irudiak hartzeko edo agiriak erreproduzitzeko ekipamendu informatikoa, aplikazio informatikoa edo ekipoak eskuratzea.

c) Kutxak, karpetatxoak, etiketa itsasgarriak, USB memoriak/disko gogorrak, argazkietarako gutun-azalak eta antzeko materiala erostea.

d) Artxibo sistema propio bat martxan jartzeko edo finkatzeko programa edo proiektu baten berezko ekintzak.

7. Laguntzak emateko prozedura eta adjudikazio irizpideak.

7.1. Dirulaguntzak norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira, oinarri honetan azaltzen diren balorazio irizpideak aplikatuz lortzen den puntuazioaren ondoriozko lehentasun hurrenkerari jarraikiz, 3. oinarrian ezarritako mugekin.

7.2. Eskaerak 60 puntuz baloratuko dira, gehienez ere, jarraian aipatzen diren irizpideekin bat, eta horren arabera, puntuazio handienetik txikienera arteko lehentasun hurrenkera bat ezarriko da:

7.2.1. Proposamenaren kalitatea. Artxiboko ondare dokumentala hedatzeko eta hari balioa emateko proiektuak 20 puntu lortzen ahalko ditu gehienez ere irizpide honetan. Proiektuak azaldu beharko ditu oinarri hauetako 1.2 ataleko zehaztapenak (helburuak, jarduerak, epeak, aurrekontu zehatzak eta aurkeztutako proiektuaren justifikazioa. Balio hauen arabera puntuatuko da:

–Proiektu proposamenaren argitasuna eta zehaztasuna, abiapuntuko egoeraz, helburuez eta garatu beharreko jarduerez bezainbatean (10 puntu gehienez).

–Argitasuna eta zehaztasuna, batetik, proiektuarekin erdietsi nahi diren emaitzak identifikatzean, eta, bestetik, emaitza horiek ebaluatzeko erabiliko den metodologian (5 puntu gehienez).

–Argitasuna eta zehaztasuna, proiektuaren ondorioz herritarrengan espero den eragina azaltzean (5 puntu gehienez).

7.2.2. Toki erakundean artxiboen gaineko erregelamendu bat, formalki onetsia, izatea. Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahalko dira.

7.2.3. Toki erakundean artxiboa kudeatzeko eta ikertzaile edo erabiltzaileei arreta emateko ohiko zerbitzua egotea, ordutegi jakin bat edo hitzordu sistema duena, artxibozaintzan kualifikazio teknikoa duten langileen kargura, beste toki erakundeekin partekatua edo partekatu gabea. Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahalko dira.

7.2.4. Toki erakundearen artxiboko antolamendua egunean izatea, 50/2016 Foru Aginduaren jarraibideekin bat, 10 urtetik gora duten agirien kasuan gutxienez. Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahalko dira.

7.2.5. Artxiboaren inbentario automatizatua edukitzea, 50/2016 Foru Aginduaren jarraibideekin bat, 10 urtetik gora duten agirien kasuan gutxienez. Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahalko dira.

Dirulaguntza eskuratu ahal izateko proiektuek 30 puntu lortu beharko dituzte gutxienez.

8. Deialdiaren ebazpena.

8.1. Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak txosten justifikatua emanen du eskaera bakoitzari emandako puntuazioen gainean.

8.2. Zazpigarren oinarrian ezarritako irizpideen araberako ebaluazioa egin ondoren, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen du eta, horrekin batera, txosten bat, non adieraziko baitu onuradunek dirulaguntzak hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela. Horrez gainera, zerrenda bat ere prestatuko du, baldintza guztiak bete arren aurrekontuetako diru-mugak direla kausa deialditik kanpora gelditzen direnekin.

8.3. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko.

Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

8.4. Dirulaguntza hau emateko prozeduran ematen diren ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira:

http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/

Halaber, horren berri emanen zaio eskatzaile bakoitzari, hark emandako gaitutako helbide elektronikoaren (DEH) bidez.

Deialdiaren ebazpena Kultura eta Kirol Departamentuko iragarki-taulan ere argitaratuko da (Navarrería kalea 39, Iruña).

8.5. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita; presuntziozko ezespenaren aurka, berriz, interesdunek zilegi izanen dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, noiznahi ere isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita, administrazio prozedurari buruzko legediari jarraikiz. Horrek ez du alde batera uzten, kasua bada, Nafarroako Gobernuan aurretik errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

9. Onuradunek bete beharrekoak.

Dirulaguntzen onuradun diren toki erakundeek betebehar hauek izanen dituzte:

9.1. Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuari idatziz jakinaraztea dirulaguntza onartu dela. Hala, baldin dirulaguntza eman dela jakinarazten den egunetik hamabost eguneko epean onuraduna den toki erakundeak ez badu berariaz hura onartzen, ulertuko da ezetsi egin dela.

9.2. Dirulaguntzaren xede diren proiektuak egiteko bakarrik erabiltzea laguntza.

Ondorio horietarako, erakunde onuradunak Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuari jakinarazi beharko dio proiektua garatzean gertatzen den gorabehera oro, gertatzen den unean berean, baldin zerbait aldatzea ekartzen badute. Dirulaguntza jasotzen duten jardueretan edo haien kostuan edozein aldaketa egiteko, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren adostasuna beharko da, eta horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak ez baditu funtsean aldatzen diruz lagundutako jarduerak.

9.3. Jarduerak Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin direla aipatzea egiten diren edozein eratako proiektuetan, agirietan edo iragarkietan.

9.4. Noiznahi ere onartzea Kultura eta Kirol Departamentuko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak jarduerak gauzatzen ari direla ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

9.5. Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

9.6. Organo emaileak egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, baita kontrol organo eskudunek finantzak egiaztatu eta kontrolatzeko egiten ahal dituztenak ere.

9.7. Onuradunek, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete behar dituzte.

10. Ordainketa egiteko modua eta epea.

Laguntzak ordainketa bakarrean pagatuko dira. Horretarako, diruz lagundutako lanak amaitutakoan –2023ko abenduaren 12rako amaitu behar dira, egun hori barne– ordaintzeko eskaera igorri beharko da telematikoki, justifikazio kontuarekin batera, zeinak honako dokumentazioa bilduko baitu:

a) Diruz lagundutako proiektuaren xedea bete dela frogatzen duen justifikazio memoria xehatua. Digitalizazio memorien kasuan, tratamenduaren xede izan diren liburuak edo espedienteak xehetasunez azalduko dira, haien izenburuak eta hasiera- eta bukaera-datak, bai eta haietako bakoitzean lortutako irudi kopuru osoa ere. Halaber, dirulaguntza eskatzeko aurkeztutako memorian azaldutako helburuak noraino bete diren adieraziko da, eta gertatu diren gorabeherak, halakorik izan bada.

b) Diruz lagundutako proiektua gauzatzean sortu diren material zientifikoak eta teknikoak (datu baseen kopiak, irudi fitxategien kopiak, memoriak eta abar). Haien formatuak Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren mendeko informazio sistemetan txertatzeko modukoak izanen dira, eta, horretarako, harekin harremanetan jarri beharko da.

Irudi fitxategietan, digitalizatutako dokumentuak behar bezala identifikatuko dira, izenburua eta hasiera- eta bukaera-datak adierazita.

c) Egindako gastuaren fakturak edo horien kopia konpultsatuak.

d) Faktura horiek ordaindu izanaren frogagiriak.

11. Diruz lagundutako programen jarraipena.

Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak zilegi du ikuskatzea nola gauzatzen diren diruz lagundutako proiektuak, bai zuzenean, bai berari atxikitako teknikarien bidez, eta, ondorio horietarako, lanak egiten diren tokietara sartzen ahalko dira, eta komenigarritzat jotzen duen informazio guztia eskatzen ahalko du.

12. Diruz laguntzen diren proiektuen edo jardueren interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

12.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak edo jarduerak interes sozialekotzat hartuko dira foru lege horretan aurreikusitako zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako.

12.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean ezarritako baldintza eta betebeharrak bete beharko dituzte, baita Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22. artikuluan ezarritakoak ere, foru agindu horren bidez onetsi baitzen kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua.

13. Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna eta konkurrentzia.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek emandako beste laguntza batzuekin, eta aplikatzekoa izanen da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 artikulua.

14. Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.

Onuradunak behar bezala justifikatu ezean onartutako programa gauzatu dela, eta, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako kasuetan, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasunaren irizpideari jarraikiz, aipatutako 35. artikuluarekin bat.

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

15. Arau-hausteak eta zehapenak.

15.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa (42. artikulua eta hurrengoak) aplikatuko da.

15.2. Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean.

16. Administrazio errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauek aplikatzeko ematen diren egintzen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

17. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

Iragarkiaren kodea: F2302941