50. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERIAIN

Udal ordenantza, arautzen dituena eguzki-energia berriztagarriko instalazioak. Behin betiko onespena

Beriaingo Udalak, 2022ko martxoaren 3an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Eguzki-energia berriztagarriko instalazioak arautzen dituen udal ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2022ko 220. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 8an, eta Beriaingo Udalaren ediktu-taulan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Jendaurrean egoteko aldia iragan denez inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatutako foru legearen 325.c) artikuluko manuak betez, aipatutako ordenantza behin betiko onetsitzat jo, eta argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan, jarraikiz Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari.

Beriainen, 2023ko otsailaren 8an.–Alkatea, José Manuel Menéndez González.

UDAL ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA EGUZKI-ENERGIA BERRIZTAGARRIKO INSTALAZIOAK

Zioen azalpena

Beriaingo Udalak konpromisoa hartu du honako hauen alde: ingurumena, jasangarritasuna, ekonomiaren deskarbonizazioa, tokiko garapena, herritarren parte-hartzea eta pobrezia energetikoaren kontrako borroka. Hala, ezinbestekotzat jotzen du energia berriztagarriek aurrera egitea Beriainen.

Horren frogagarri, bat egin du Klimaren eta Energiaren gaineko Alkateen Itunarekin. Itun hori Nafarroako Gobernuak koordinatzen du Nafarroan, eta helburu du berotegi efektuko gasak murriztea, ikuspegi komuna erabiltzea klima aldaketara egokitzeko, eta pobrezia energetikoari aurre egitea. Horrela, tokiko ekintza gehitzen zaio munduko ekimen horri.

Klimaren eta Energiaren gaineko Alkateen Ituna sinatu duten udalek konpromiso hauek hartu dituzte beren gain: lehenik, gutxienez %40 murriztea 2030rako CO2-aren isurketak eta berotegi efektuko beste gas batzuen (BEG) isurketak. Bigarrenik, erresilientzia handitzea, eta horretarako, klima aldaketak eragindako inpaktuetara egokitzea. Hirugarrenik, konpromiso politikoa eramatea tokiko ekintzetara, eta horretarako, tokiko ekintza planak lantzea eta ekintza horien ezarpenari buruzko txostenak aurkeztea.

Zehazki, Ituna sinatu duten toki-erakundeek konpromisoa hartu dute osoko bilkuran erabakia hartu eta bi urteko epean aurkezteko Klima eta Energia Jasangarrirako Ekintza Plan bat, eta plan horretan bildu beharko dituzte gauzatu nahi dituzten funtsezko ekintzak. Halako planek jaso behar dituzte erreferentziazko emisioen inbentario bat (2005ari dagokiona) eta arrisku eta ahultasun klimatikoen ebaluazio bat.

Erabaki horrekin, tokiko gobernua izanen da helburu horien ardurakide, eta bete beharko du KLINA-Nafarroako Klima Aldaketaren Ibilbide Orria. Ekimena, orobat, proiektu honen esparrukoa da: Life IP-NADAPTA Proiektua "Helburua: eskualde batean, hots, Nafarroan, klima aldaketara moldatzeko politika inplementatzea modu integratuan, koherentean eta inklusiboan".

Klima aldaketari eta COVID-19aren egungo krisiari emandako erantzunak eskatzen digu gure planetan modu jasangarriagoan bizitzea. Gizadiaren premiazko erronketako bat da klima aldaketari aurre egitea, eta horrek eragiten die era guztietako sektoreei, ekosistemei, biodibertsitateei, azpiegiturei, ekoizpen sistemei eta osasun eta elikadura sistemei.

Gainera, erronka soziala da, konpromiso kolektiboa eskatzen duena. Horretarako behar dira ahalegina, baliabideak, lankidetza eta adostasuna, eta, gainera, behar da eskualdeetako administrazioek eta toki-erakundeek gauzak erraztea, bestela zaila izanen baita erronka honetan arrakasta bermatzea.

Udalak bere gain hartutako konpromiso horiez gain, Beriaingo biztanleak ere konprometiturik daude, interesatzen zaie energia berriztagarria sortzea eta autokontsumitzea. Horrek zuzenean nahiz zeharka eragiten dio gizarte osoari.

2016aren amaieran, Europako Batzordeak, "Neguko paketea"ren esparruaren barnean, proposatu zuen herritarrak trantsizio energetikoaren erdigunean jartzea. Zehazki, Energia Berriztagarriak Sustatzeko Zuzentarauak Europar Batasuneko estatuei eskatzen die kontsumitzaileei berma diezaieten daukaten eskubidea nork bere energia berriztagarria ekoizteko, kontsumitzeko, biltegiratzeko eta saltzeko.

Herritarrek eta tokiko agintariek energia berriztagarrien proiektuetan parte hartzeak, tokiko komunitate energetikoen bidez, balio erantsi handia sor dezake energia berriztagarrien tokiko onarpenari dagokionez, bai eta kapital pribatu gehigarria eskuratzeari dagokionez ere. Horrek ekarriko du tokiko inbertsioak egitea, energiaren erabiltzaileek aukera askatasun handiagoa izatea, eta herritarrek neurri handiagoan hartzea parte trantsizio energetikoan.

Horrez gain, herritarrek bultzatu dezakete politikak ezartzea eta sustatu dezakete enpresen gizarte eta ingurumen erantzukizun handiagoa, eta, gainera, parte har dezakete sortutako enpleguan. Lehen mailako erronka teknologikoa eta soziala da karbonorik gabeko energia sistema baterako trantsizioa, eta, orobat, herritarrei energia sektorean rol zentrala emateko aukera ere bada.

Eguzki-energia termiko eta fotovoltaikoa energia berriztagarria da, eta gure udalerrian sustatu nahi dugu, egiazko alternatiba baita, etorkizuna izan dezakeena, ingurumen-inpaktu txikia izateagatik, ingurumenerako hondakin kaltegarririk ez sortzeagatik, behin ezarririk mantentze-kostu handirik ez izateagatik, eta benetan laguntzeagatik berotegi-efektuko gasak murrizten.

2002/91/EE Zuzentaraua indarrean sartu zen, eta eraikuntzaren gaineko araudira ekarri zen hiru errege dekreturen bidez: Eraikingintzaren Kode Teknikoa (EKT), onetsi zena martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuaren bidez eta aldatu zena urriaren 19ko 1371/2007 Errege Dekretuaren bidez; Eraikingintzako Instalazio Termikoen Erregelamenduaren (EITE) berrikuspena; eta Eraikingintzako Ziurtagiri Energetikoa. Horiek denak bere barnean hartzen dituen esparrua da Energia aurrezteko eta efizientziaz erabiltzeko estrategiaren Ekintza plana, zeina garatu baitu azaroaren 5eko 38/1999 Legeak (eraikuntzaren antolamenduari buruzkoak), helburua izanik bermatzea pertsonen segurtasuna, eraikingintzaren jasangarritasuna eta ingurumenaren babesa. Horrek denak berekin dakar Espainiako eraikingintzaren araudi-esparrua modernizatzea, eta, orobat, herrialdea homologatzea herrialde aurreratuagoekin, aintzat hartuz Europar Batasunak arlo honetan dituen helburuak.

Planteatutako helburu horietako batzuk lortzeko beharrezkoa da udalen esku hartzea. Udalek, beren eskumenak baliatuz, eta herritarren errealitatea hobeki ezagutzen dutenez, eguzki-energiaren erabilera sustatu behar dute udal ordenantzen eta hirigintza planen bidez, aldi berean beste behar bat zaintzen dutelarik, alegia, eraikinek ingurunearekin bat egitea eta albait inpakturik txikiena eragiten duten forma eta materialak baliatzea.

Horregatik, Beriaingo Udalaren borondate politikoa da konpromisoa hartzea estrategia bat garatzeko, xedea izanik Agenda 21ean zehaztutako jasangarritasun helburuak lortzea; helburu horiek xede dute etxeko berotze instalazioen efizientzia hobetzea eta eraikin bioklimatikoen eraikuntza sustatzea, eguzki-energiaren bidez (eguzki-energia termikoa eta elektrikoa); eta ahal den neurrian, zerga-onurak bultzatzea jada eraikita dauden eraikinak ezaugarri horietara egokitzeko eta baliabide bioenergetikoen aprobetxamendua sustatzeko.

Eguzki-energia garatzearen aldeko apustua bateratu behar da bi premia hauekin: batetik, lurraldean modu antolatuan ezarri behar da; eta, bestetik, bermatu behar da natura balioak eta balio urbano garrantzitsuenak kontserbatzea, bai eta horien irudia eta paisaia ere, maila guztietan.

Udalerri honek, beraz, konpromiso hau hartu du, eta, horrenbestez, borondate irmoa duelarik eguzki-energiaren erabilera sustatzeko eta berotegi efektuko gasen isuriak murrizteko, eguzki-energiako instalazioei buruzko ordenantza hau egin du. Arau berri honek hirigintzako udal planeamendua garatzen du, eta haren osagarri da.

I. KAPITULUA

Xedea, esparrua eta definizioak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea instalazioak ezartzeko, eguzki-energia jasotzeko eta aprobetxatzeko, teknologia fotovoltaikoaren eta termikoaren bitartez, Beriaingo udal-mugartean.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza honetako manuek arautzen dituzte Beriaingo udal-mugarte guztiko eguzki-instalazioak (termikoak eta fotovoltaikoak).

3. artikulua. Definizioak.

1. Ordenantza honetan, panelak edo plakak deituko zaie, informalki, eguzki-energia biltzeko elementuei. Bi panel mota sartzen dira, egiten duten bihurketa energetikoaren arabera: energia termikoa edo energia elektrikoa:

a) Eguzki-instalazio termikoak: fluido bat berotzeko eguzki-erradiaziotik datorren energia baliatzen dutenak. Erabiliko dira etxeko ur beroa lortzeko eta espazioak girotzeko.

b) Eguzki-instalazio fotovoltaikoak: eguzki-erradiaziotik datorren energia baliatzen dute energia elektrikoa sortzeko; horretarako, zenbait material erdieroaleren propietateez baliatzen dira, elektrizitatea sortzen baitute eguzki-erradiazioaren eraginpean jartzen direnean.

2. Ordenantza honek berdin arautzen ditu panel fotovoltaikoz zein termikoz osatutako eguzki-instalazioak, kontuan hartuta haiek kokaturik dauden lurzoruaren hirigintzako sailkapena.

II. KAPITULUA

Hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian kokatutako instalazioak

4. artikulua. Bizitegi erabilerako hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian kokatutako instalazioak.

1. Baimenduko dira inguruko eraikinen energia premiak partzialki edo osorik betetzeko eguzki-instalazioak, dela etxeko ur berorako (eguzki-instalazio termikoak), dela autokontsumorako elektrizitatea sortzeko, indarrean dagoen araudiari jarraikiz.

2. Baimenduko da eguzki-panelak jartzea eraikinen estalki inklinatuetan, honako baldintza hauek betez gero:

a) Plakak estalkiaren isurkietan integratu behar dira, isurkien inklinazio berarekin eta isurkien planoa eta orientazioa mantenduta, eta estalkiaren puntu batean ere ezin dira isurkien planotik 20 zentimetro baino gehiago irten. Oinplanoan jarriz gero, forma erregularreko eremu bat edo gehiago sortu behar dituzte.

b) Horiek guztiak gutxienez 3 metro bereiziko dira fatxadetako planoetatik, eta metro 1, mehelin, ertz eta goihabeetatik. Distantzia horiek proiekzio horizontalean neurtuko dira.

c) Kalera ematen duten fatxadetan eta/edo estalkiaren gainean ezin izanen da instalatu inolako elementu osagarririk, ezta horietan ikusgai egon ere, hala nola biltegiak, metagailuak, kontagailuak, inbertsoreak, panel elektrikoak, kanalizazioak eta abar. Horiek guztiak bide publikotik ez ikusteko moduan jarri beharko dira, dela eraikinaren barnean dela barnealdeko fatxadan.

Behar bezala justifikatzen baldin bada kokapen horien ezintasun teknikoa, salbuespenez baimentzen ahalko dira, baldin eta bista horien inpaktua minimizatzeko neurriak hartzen badira eta Udalak bere oniritzia ematen badu.

3. Eguzki-panelak instalatzen ahal dira eraikinetako estalki lauetan, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Espazio publikotik ez ikusteko moduan jarri beharko dira; karelen bidez ezkutatuta egon beharko dute, eta karelen goreneko altueratik behera betiere. Estalki laua –eta, ondorioz, instalazioa– osorik edo zati batean ikusteko aukera ematen duten beste elementu batzuk baldin badaude (barandak, beirak, etab.), ezin izanen da instalatu aipatutako kokalekuan, salbu eta instalazioarekin batera proiektatzen badira bista horiek eragozteko neurriak eta Udalak bere oniritzia ematen badu.

b) Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten gainditzen karelen garaiera eta/edo ordenantzei jarraikiz panelak ezkutatzeko baimenduriko eraikuntza elementuen garaiera.

4. Hiri-lurzoru finkatuan dauden eraikinetan, ezin da eguzki-panelik instalatu fatxada, balkoi, begiratoki edo antzekoetan.

5. Hiri-lurzoru finkatugabean edo urbanizagarrian, antolamendu edo eraikuntza baliabide egokien bidez egindako obra berriko eraikinetan, baimenduta egonen da eguzki-panelak instalatzea fatxada, balkoi, begiratoki edo antzekoetan, baldin eta txertatzen badira fatxadako planoan eta/edo fatxadaren eraikuntza elementuetan (leihoak, barandak, karelak, etab.) eta ez badira dagokion altxaeraren azaleraren %30 baino handiagoak.

6. Eguzki-panelak jar daitezke lurzoru libre pribatuan, honako baldintza hauek betez gero:

a) Instalazioa soilik baimenduko da baldin eraikin kontsumitzaileak lehendik badaude edo aldi berean obra-lizentzia ematen bada horietarako.

b) Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzki-energia hobeki aprobetxatzeko.

c) Panelak lurzoruaren gainean bermaturik paratuko dira. Instalazioak –euskarriak eta beste elementu batzuk barne– ezin izanen dira 1,20 metro baino altuagoak izan, lurretik neurtuta.

d) Okupatutako gehieneko azalera %40koa izanen da, eta gehienez ere 40,0 m²-koa. Azterlan bat aurkeztuko da eraikin mugakideen gaineko balizko eraginei buruz, batez ere balizko islei dagokienez eta eraikin horien gaineko balizko ispilu efektuari dagokienez, eta, hala badagokio, azterlan horretan jasotakoa bete beharko dute.

5. artikulua. Instalazioak, ezarrita daudenak zuzkidura, industria edo hirugarren sektoreko erabileretarako hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian.

1. Baimenduko dira inguruko eraikinen energia premiak partzialki edo osorik betetzeko eguzki-instalazioak, dela etxeko ur berorako (eguzki-instalazio termikoak), dela autokontsumorako edo salmentarako elektrizitatea sortzeko, indarrean dagoen araudiari jarraikiz.

2. Udalak uste badu ikusmen edo ingurumen inpaktua izan daitekeela, inpaktu hori minimizatzeko neurriak eskatzen ahalko ditu, bai eta proiektuaren infografiak ere.

III. KAPITULUA

Lurzoru urbanizaezinean kokatutako instalazioak

6. artikulua. Lurzoru urbanizaezinean kokatutako instalazioak.

1. Eguzki-energia erabiliz energia elektrikoa lortzeko instalazioak ezartzea lurzoru urbanizaezineko lurzoru librean (eguzki-parkeak) berariaz arautua dago indarreko araudi sektorial autonomikoan (64/2006 Foru Agindua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak emana), eta bete behar ditu, halaber, Udal Plan Orokorrean lurzoru urbanizaezinaren kategoria eta azpikategoria bakoitzerako ezarritako erabilera baimenduak edo baimengarriak.

1.1. Ezin dira eguzki-instalazioak ezarri honako toki hauetan:

–Babestu beharreko lurzoru urbanizaezina, azpikategoria hauek: ingurumen eta paisaiaren aldetik balioa duen lurzorua. Hala deklaratu behar ditu hirigintzako planeamenduak, jarraikiz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuari (dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

–Naturagune babestuak, parke naturalak izan ezik. Azken horietan ezar daitezke baldin Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak erabakitzen badu nahikoak direla ingurumen-balioak babesteko aurreikusitako neurriak.

–Laborantzarako balio natural handia duten lurzoruak.

–Abelbideak, Donejakue bidea, aztarnategi arkeologikoak eta balio kulturala duten gainerako lurrak eta interes orokorreko azpiegiturak, jada badirenak edo aurreikusirik daudenak.

–Europar Batasunaren Intereseko Lekuetan ezar daitezke (92/43/EEE Zuzentarauak halakotzat izendatutakoak), baldin bermeak hartzen badira, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak nahikotzat jotzen dituenak ingurumen-balioak babesteko.

–Instalazioak ezin dira ezarri eremu batean baldin bertan dagoen landarediak biltzen baditu lehentasunezko eta intereseko habitatak, jarraikiz 92/43/EEE Zuzentarauari, kontserbaziorako balio handikoak, eta babestutako florako lekuneak, jasota daudenak Nafarroako Landare Espezie Mehatxatuen Katalogoan, edo babeserako antzeko agirietan.

2. Eraikin berriei lotutako instalazioen kasuan, beharrezkoa izanen da arauzko baimena lortzea ezartzekoa den jarduera berriak, Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunak emana, hala dagokionean, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.

3. Bere garaian indarrean zegoen legeriaren arabera ezarritako eraikinetako instalazioen kasuan, baimendutzat joko da eguzki-panelen instalazioa, eta ez da beharrezkoa izanen aldez aurretik baimenik izapidetzea, baldintza hauekin:

a) Eguzki-panelak eraikinetako estalki inklinatuetan jartzen ahal dira, horietako planoen gainean bermatuta. Panelen orientazioak aldatzea baimenduko da eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten 0,60 metroko garaiera gainditzen edozein puntutan, isurialdeko planoarekiko zut neurtuta. Okupatutako azalera gutxienez metro 1 bereiziko da isurkiaren perimetrotik, eta fatxada, mehelin, ertz edo gailurretatik. Estalkiaren azaleraren %80 okupa daiteke gehienez, proiekzio horizontalean neurtuta.

b) Ezin da eguzki-panelik instalatu fatxada, balkoi, begiratoki edo antzekoetan.

c) Baimenduta dago estalki lauen edo zabaltzen gainean paratzea, azalera edo orientazio mugarik gabe.

IV. KAPITULUA

Beste xedapen orokor batzuk

7. artikulua. Instalazio bereziak.

Ezohiko neurri gisa, proposatzen ahalko da eraikinetan konfigurazio edo kokapen bereziak dituzten eguzki-panelak jartzeko aukera; betiere beharrezkoa izanen da horiek multzoaren arkitekturan behar bezala integratuta gelditzea. Proposamen horiek, baloratu ondoren, Udaleko Osoko Bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.

8. artikulua. Ondare historikoa babestea.

Udal Hirigintzako Udal Plangintzako Katalogoan sarturiko eraikinetan edo tokietan, edo babestutako beste elementu batzuetan instalazioak paratzeko eskaerak bidaliko dira Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusira, aurretiko txostena egiteko. Txosten horren edukia loteslea izanen da.

9. artikulua. Izapidetzea.

Instalazio-eskaerak eginen dira aplikatzekoa zaion sektore eta/edo hirigintza araudiaren arabera.

10. artikulua. Ikuskapena.

Beriaingo Udalak bere udalerriko eguzki-instalazioen funtzionamendu ona zainduko du, eta ikuskapenak egin edo dokumentuak eskatzen ahalko ditu, bermatzeko instalazioak egoera onean daudela eta ongi funtzionatzen dutela.

11. artikulua. Diziplina eta ikuskapen araubidea.

Beriaingo Udalak ikuskapenak egin eta zehapenak ezartzen ahalko ditu ordenantza hau betetzen ez bada, jarraikiz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuari eta aplikatzekoa den araudi sektorialari (1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legea).

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa: Udalak hobari lerro bat onar dezake urtero, ordenantza honen aplikazioa sustatzeko.

Bigarrena: Baldin ordenantza honetan araututako gaiei eragiten dieten maila handiagoko arauak egiten badira eta indarrean jartzen badira etorkizunean, automatikoki aplikatuko dira arau horiek, galarazi gabe ondoren ordenantza egokitzea, beharrezkoa den horretan. Aldaketaren bat egiten bada Eraikingintzaren Kode Teknikoan (EKT) eta haren oinarrizko dokumentuetan, Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamenduan (RITE) edo nahitaez bete beharreko beste edozein arauditan –hala Espainiakoan nola Nafarroako Foru Komunitatekoan–, ukitutako artikuluak eguneratu eginen dira, araudi horretara egokitu daitezen.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.

Iragarkiaren kodea: L2302096